120. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

381E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ebazten baita Faltzesko 2. poligonoko 1321. lurzatian ureztatze sistema modernizatzeko Agropecuaria Izaik sustatu duen proiektuak, uholde bidezko ureztapenetik tantakako sistema batera igarotzekoak, ez duela ondorio nabarmenik ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzak betez gero.

Honen bidez ingurumen inpaktuaren txostena ematen da Faltzesko 2. poligonoko 1321. lurzatian ureztatze sistema modernizatzeko proiektuari buruz. Uholde bidezko ureztapenetik tantakako sistema batera igarotzean datza, eta Agropecuaria Izaik sustatu du.

2025eko otsailaren 25ean, goian aipatutako proiektuaren espedientea Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuan sartu zen. Bere ezaugarriak direla-eta, proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 1.c) taldean sartzen da; horregatik, legean ezarritakoarekin bat, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Zehazki, Faltzesko Udalari, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari eta Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalari egin zaizkie kontsultak, eta orain arte ez da erantzunik jaso.

2025eko apirilaren 7an, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak dokumentazio osagarria eskatu zion sustatzaileari, zehazki, ureztatze instalazioaren plano bat, dauden baso-azpilurzatiak (B, C eta D) identifikatuta, egiaztatzeko ureztapenetik kanpo gelditzen direla eta hodi nagusiaren trazadurak haietan ukipenik ez duela. Sustatzaileak apirilaren 11n aurkeztu zuen agiri hori.

–Proiektuaren deskribapena:

Proiektuaren xedea da Faltzesko 2. poligonoko 1321. lurzatian ureztatze sistema modernizatzea, uholde bidezko ureztapenetik tantakako sistema batera igarotzeko. Katastroko datuen arabera, lurzatiak 12,77 ha ditu, eta horietatik 11,57 ha lirateke ureztalurrak. Diseinatu dira hodi nagusi bat, ura ponpaketa ekipo batetik ureztatze sektore bakoitzera eramanen duena, eta bigarren mailako hiru hodi.

–Ingurumen ebaluazioa:

Jarduketa balio ekologikoa duten bi eremuren artean dago: "Aragoi eta Arga ibaien beheko tarteak" izeneko kontserbazio bereziko eremua (lurzatitik ekialdera) eta ibilgu bat (mendebaldera). Bestetik, lurzatiaren barnean B, C eta D baso-azpilurzatiak daude (zehazki, B azpilurzatia larrea izan zen, baina orain luberritua dago ibilguaren ondoko zatia).

Garrantzitsua da aurrea hartzea proiektuak, nekazaritzatik datozen kutsatzaileak direla-eta (nagusiki, nitratoak eta herbizidak), aipatu ibilguan eragin ditzakeen efektuei eta, halaber, konektagarritasun ekologikoa mantentzea –KBEaren eta terrazaren ertzeko labarren artean– larre-azpilurzatien bitartez. Horretarako ingurumen baldintza bat sartu da ebazpen honetan.

Ureztatze instalazioaren planoa ikusita (2025eko apirilean aurkeztua), egiaztatu da hodi nagusiaren trazadura laborantzako lurretatik igarotzen dela eta, beraz, ez dituela ukituko baso-azpilurzatiak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ingurumen inpaktuaren txostena emanen duela, arrazoiturik ebazteko proiektuari ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion edo proiektuak ez duen ondorio nabarmenik txostenean adierazten diren baldintzak betez gero.

Egindako kontsulten emaitzatik abiatuta, eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jakinarazi du proiektuak ez duela izanen ondorio kaltegarri nabarmenik ingurumenean; nolanahi, horrek ez du galarazten indarreko legeriaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk lortu beharra.

Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Faltzesko 2. poligonoko 1321. lurzatian ureztatze sistema modernizatzeko Agropecuaria Izaik sustatu duen proiektuak, uholde bidezko ureztapenetik tantakako sistema batera igarotzekoak, ez du ondorio nabarmenik ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzak betez gero.

Nolanahi ere, ingurumen baldintza hauek bete beharko ditu:

–Proiektuak adierazten duen bezala, ureztapenetik kanpo utziko dira B, C eta D baso-azpilurzatiak.

–Azpilurzati horiek larre izaten jarraitu behar dute. Horretarako, ustiapen-fasean nekazaritzako makinak igarotzea eta herbizidak aplikatzea saihestuko da, batez ere ibilguarekin muga egiten duen B azpilurzatian.

2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik jarri, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalari, Faltzesko Udalari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tafalla-Zangozako barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko maiatzaren 15ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2507120