1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
320/2025 EBAZPENA, maiatzaren 27koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, jarraibideak onesten dituena 2025-2026 ikasturtean Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetan eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean emanen diren hizkuntza irakaskuntzei dagokien eskola egutegia prestatzeko.
Ikusirik Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman duela behar diren jarraibideak onets daitezen 2025-2026 ikasturtean Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetan eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean emanen diren hizkuntza irakaskuntzei dagokien eskola egutegia prestatzeko.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Behar diren jarraibideak onestea Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetan eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean emanen diren hizkuntza irakaskuntzek 2025-2026 ikasturtean izanen duten eskola egutegia prestatzeko. Jarraibide horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Langileriaren Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalera, Ikasketak Antolatzeko Atalera eta Nafarroako hizkuntza eskola ofizialetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 27an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
ERANSKINA.–JARRAIBIDEAK, IRUÑEKO ETA TUTERAKO HIZKUNTZA ESKOLA OFIZIALETAN ETA NAFARROAKO URRUTIKO HIZKUNTZA ESKOLA OFIZIALEAN EMANEN DIREN HIZKUNTZA IRAKASKUNTZEK 2025-2026 IKASTURTEAN IZANEN DUTEN ESKOLA EGUTEGIA PRESTATZEKO
1. Egutegia.
Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetako eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko eskola egutegiak baldintza hauek bete beharko ditu:
1. 2025-2026 ikasturtea 2025eko irailaren 1ean hasi eta 2026ko ekainaren 30ean bukatuko da.
2. a) Ikastaro presentzialetako, erdipresentzialetako eta "That's English!" urrutiko ikastaroko eskolak ez dira 2025eko irailaren 17a baino lehen hasiko, eta beranduenez 2026ko maiatzaren 20an bukatuko dira.
b) Irailaren 1etik eskolak hasi bitarteko egunetan azterketak, programazio lanak, departamentuko bilerak, klaustroak eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duten bestelako jarduerak eginen dira.
c) Eskolak bukatzen direnetik ekainaren 30era arte, azterketak, ikasturtearen berrikusketa eta ebaluazio lan berariazkoak, departamentu didaktikoen memoriak, amaierako memoria eta beharrezko diren administrazio egintza guztiak eginen dira.
3. a) Egutegiak bermatu beharko du talde bakoitzak 130 ordu izanen dituela gutxienez. 2025-2026 ikasturteari dagozkion jarraibideetan ezarritakoarekin bat, eskolek erabakiko dute zenbat ostiraletan emanen den zuzeneko irakaskuntza, ikastaro presentzialetako eta erdipresentzialetako talde bakoitzak behar adina eskola-ordu izan ditzan, eta egutegian adieraziko dituzte. Zuzeneko eskola-saiorik gabeko gainerako ostiraletan, eskola-egunak izanez gero, irakasleak nahitaez joan beharko dira ikastetxera, eta zeregin hauetan arituko dira: koordinazio lanak egitea, ziurtapen probak prestatzea eta berrikustea, programazioak eta zehaztapenak berrikustea, eta kurtsoaren garapenarekin zerikusia duten gainerako jarduerak.
b) Ezinezkoa izanen da eskolak etetea azterketa edo ebaluazio aldiak ezartzeko, ez eta klaustroak egiteko ere.
c) Ikasleren batek edo denek eskolaren batera huts egiteak ez du galaraziko ikastetxeak programaturiko ordutegi ofizialen araberako eskolak eskaintzen segitzea.
4. a) Honako egun hauek jaiegun izanen dira, Nafarroako lan egutegi arruntaren arabera: abenduaren 3a, abenduaren 8a eta maiatzaren 1a. Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak beharrezko jarraibideak emanen ditu erabakitzen bada beste jaiegunen bat ezartzea eta, horrenbestez, eskola egutegia aldatzea.
b) Herriko jaieguna. Herriko jaieguna eskolarik gabeko eguna ez den batean egokitzen bada, horren ordez beste egun bat jartzen ahalko da.
c) Ikastetxeek zilegi dute hezkuntza-mailari dagokion jaiegun bat ezartzea.
d) Eskola gabeko laneguntzat joko dira ikastetxeak bere egutegian markatuko dituen hiru egun.
e) Eguberrietako oporrak abenduaren 20an hasiko dira, eta urtarrilaren 7an bukatuko, biak barne.
f) Aste Santuko oporrak apirilaren 2tik 12ra arte izanen dira, biak barne.
g) Eguberrietako eta Aste Santuko oporraldiak ezin dira inola ere luzatu.
h) Urriaren 17a, azaroaren 2a eta abenduaren 12a Nafarroako hizkuntza eskola ofizialetako ebaluazio-mailak eta -irizpideak estandarizatzeko eta haiekin ohitzeko erabiliko dira. Gainera, NUHEOk bere egutegian ezarriko ditu Bigarren Hezkuntzako eta That 's English programetako irakasleekin ebaluazio-mailak eta -irizpideak estandarizatzeko eta haiekin ohitzeko egunak.
5. Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, hark onets ditzan.
2.–Tramitazioa.
Tramitazioa egiteko, honela jokatuko da:
1. Zuzendariek, Eskola Kontseiluari entzun ondoren, egutegi eta ordutegi proposamenak bidaliko dituzte Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, EDUCA kudeaketa programaren bidez. Horretarako azkeneko eguna 2025eko ekainaren 13a izanen da.
2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egutegiak eta ordutegiak onetsi edo ukatuko ditu, aztertu ondoren. EDUCA kudeaketa programak ematen duen informatikako euskarriaren bidez iritsiko zaie ikastetxeei Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren jakinarazpena. 2025eko ekainaren 23rako inolako jakinarazpenik jasotzen ez duten ikastetxeen egutegiak eta ordutegiak onetsitzat joko dira.
3. Ikastetxeren batek bere egutegi proposamena aipatu epean bidaltzen ez badu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio 1. puntuan ezarritako baldintzak betetzen dituen egutegi bat. Eranskin honetako egutegia, hain zuzen.
4. Egutegiak onetsi ondoren, nahitaez bete beharko dituzte ikastetxe guztiek. Egutegia betearaztea ikastetxeko zuzendariaren erantzukizuna da, eta egutegien aplikazioa gainbegiratzea eta kontrolatzea, berriz, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuarena.
5. Ikastetxe bakoitzaren eskola egutegia ikastetxeko iragarki-taulan eta ikastetxearen web-orrian ikusgai jarri beharko da, eta aldaezina izanen da, non eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ez duen horretarako baimen idatzia ematen.
6. 2025-2026 ikasturteko eskola egutegia.

Iragarkiaren kodea: F2507856