1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
30/2025 FORU AGINDUA, maiatzaren 28koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, "Memoria duten paisaiak" VIII. argazkilaritza-lehiaketaren deialdia eta haren oinarriak onesten dituena eta 1.750 euroko gastua baimentzen duena.
Nafarroako Artxibo Garaikidearen Atalak, txosten batean, proposatu du "Memoria duten paisaiak" VIII. argazkilaritza-lehiaketaren deialdia egitea, Nafarroako kirol paisaiei buruz. Lanak aurkezteko epea 2025eko irailaren 5ean amaituko da. Hori helburu, eskatu du onets daitezela argazkilaritza-lehiaketaren oinarriak, zeinak argitaratuko baitira Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Kultura eta Kirol Departamentuaren web-orrian: www.culturanavarra.es/eu.
Guztira, 1.750 euroko gastua ezartzen da: deialdiaren oinarrien arabera, kopuru horretatik 1.500 euro (BEZa barne) lau sari ordaintzeko dira, eta 250 euro (BEZa barne) epaimahaikide bati ordaintzeko. Epaimahaikide horiek dira lanak ebaluatzeko izendatutakoak, deialdiaren oinarrietako 6. puntuan jasotakoarekin bat.
Sarituei ordaindu beharreko 1.500 euroko zenbateko hori (zenbateko horren ordainketak %19ko atxikipena izanen du, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 42. xedapen gehigarrian xedatutakoa betez, sariak ordaintzeko) Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorretako "Memoria duten paisaiak argazkilaritza-lehiaketako sariak" izeneko A21002 A2200 4809 332100 partidaren kargura ordainduko da.
Epaimahaiari ordaintzeko 250 euroko zenbatekoa (%15eko atxikipena izanen du) Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorretako "Denetariko gastuak" izeneko A21002 A2200 2269 332100 partidaren kargura ordainduko da.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea deialdi hau eta haren oinarriak: "Memoria duten paisaiak" VIII. argazkilaritza-lehiaketa, Nafarroako kirol paisaiei buruzkoa. Oinarriak foru agindu honen eranskinean daude.
2. Guztira, 1.750 euroko gastua baimentzea: 1.500 euro sariak ordaintzeko eta 250 euro epaimahaikide bati pagatzeko. Diru kopuru horiek honela banatuko dira: 1.500 euro, "Memoria duten paisaiak argazkilaritza-lehiaketaren sariak" izeneko A21002 A2200 4809 332100 partidaren kargura, eta 250 euro, epaimahaikide bati ordaintzeko, "Denetariko gastuak" izeneko A21002 A2200 2269 332100 partidaren kargura. 2025eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretakoak dira bi partida horiek.
3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Agiri horiek guztiak Kultura Zuzendaritza Nagusiaren webgunean (www.kulturanafarroa.eus) ere egonen dira eskuragai.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 28an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
ERANSKINA.–MEMORIA DUTEN PAISAIAK VIII. ARGAZKILARITZA-LEHIAKETA
"Nafarroako kirol paisaiak"
Antolatzailea: Nafarroako Artxibo Garaikidea.
Paisaiaren Hitzarmenaren arabera, paisaia "lurraldearen zati bat da, jendeak hautematen duen moduan, eta sortzen dena faktore naturalen eta/edo giza faktoreen ekintzen ondorioz eta horien arteko erlazioen ondorioz". Ikuspegi horretatik, paisaia ez da soilik elementu estetiko edo natural bat, baizik eta errealitate konplexu bat, lurraldearen nortasuna, memoria kolektiboa eta biztanleen bizi-kalitatea integratzen dituena.
Kirol instalazioek, lurraldean kirola egitea egituratzen duten elementu fisiko gisa, funtzio soziala eta osasun publikokoa betetzeaz gain, inpaktu zuzena dute paisaian. Inpaktu hori ikuspegi zabal batetik aztertu behar da, paisaia ondasun komuntzat eta eraikuntza kulturaltzat hartuta, Espainiako Estatuak berretsitako Paisaiaren Europako Hitzarmenak (Florentzia, 2000) planteatzen duen bezala.
Nafarroako Artxibo Garaikideak "Memoria duten paisaiak" izeneko proiektua berritu du, eta VIII. argazkilaritza-lehiaketa antolatu du, aurten "Nafarroako kirol paisaiei" buruzkoa. Lehiaketa horren asmoa da herritarrak sentsibilizatzea, irudiaren bidez, XX. mendean zehar gaur egun arte eraikitako kiroletarako eraikin, instalazio edo zentroek paisaian eragindako aldaketez eta eraldaketez. Era berean, agerian jarri nahi da paisaia ongizate indibidual eta sozialerako funtsezko elementua dela, eta paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeak guztiontzako eskubideak eta erantzukizunak dakartzala.
OINARRIAK
1. Gaia.
Aurkezten diren argazkiek lotura izan behar dute kiroletarako eraikin, instalazioekin edo zentroekin, zehazki Nafarroako paisaiaren aldaketan parte hartzen edo hartu badute XX. mendetik gaur egun arte.
2. Parte-hartzaileak.
18 urtetik gorakoek hartzen ahal dute parte.
Antolakuntzarekin zerikusia duten pertsonek ezin izanen dute parte hartu, ezta haien ahaideek ere.
Lehiakide bakoitzak gehienez ere hiru irudi aurkezten ahalko ditu: irudi original eta argitaragabeak.
3. Aurkezpena.
Dokumentazioa gutun-azal itxian aurkeztuko da; gutun-azal bat lehiaketara aurkezten den argazki bakoitzeko. Hartan adieraziko da lehiaketara aurkezten den argazkiaren izenburua eta, gainera, bi gutun-azal izanen ditu barruan:
–1. gutun-azala:
Kanpoko aldean, argazkiaren izenburua agertuko da bakar-bakarrik.
Barruan DIN A4 neurriko orri bat sartuko da, datu pertsonalak izanen dituena (izen-deiturak, NANa, jaioteguna, helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa); gainera, han adieraziko da lehiaketara aurkezten den irudia zer tokitan egina den (helbidea, herria...).
–2. gutun-azala:
Kanpoko aldean, argazkiaren izenburua agertuko da bakar-bakarrik.
Gutun-azalaren barruan, aurkezten den argazkia egonen da. Argazkiaren euskarriaren atzealdean, aukeratutako izenburua agertuko da, ez besterik.
Argazkia izengabea izanen da, eta ez da egonen gutun-azalaren barruan ez kanpoan argazkiaren egilea identifikatzen ahal duen inolako daturik, salbu eta izenburua bera.
Argazkiak honelakoak izanen dira: argazki-paperaren gainean dauden originalak; zuri-beltzekoak edo koloretakoak; 30 x 40 cm-ko neurria dutenak eta markorik gabeak.
Argazki bakoitza kartoi mehez egindako 30 x 40 cm-ko euskarri baten gainean muntatuta egonen da.
4. Epea.
Lanak aurkezteko epea 2025eko uztailaren 1etik irailaren 5eko 14:30 artekoa izanen da.
5. Aurkezteko tokia.
Lanak behar bezala babestuko dira, materialak kalterik izan ez dezan, eta aurrez aurre edo posta ziurtatuaren bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Artxibo Garaikideari zuzenduta (Superser eraikina; Zaragozako errep. 3. km, 3. solairua; 31191 Cordovilla, Galar). Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30 arte.
Antolakuntzak emanen du hartu izanaren agiri bat.
6. Epaimahaia.
Entitate deitzaileak izendatuko du epaimahaia, eta hura osatuko dute argazkilaritzako bi profesionalek eta Nafarroako Gobernuko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko bi kidek. Aurkezten diren argazkiak baloratzean, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
–Lehiaketaren helburuak betetzen diren.
–Argazkigintzako teknika.
–Konposizioaren originaltasuna.
–Paisaiaren ikuskera integrala (Paisaiaren Europako Hitzarmenean ezarritakoaren arabera).
7. Sariak.
Epaimahaiak egindako balorazioaren arabera emanen dira sariak, eta haren erabakia apelaezina izanen da.
Lehenbizikoa: 700 euro.
Bigarrena: 400 euro.
Hirugarrena: 200 euro.
Paisaiaren ikuskera integrala hobekien islatzen duen argazkiarentzako akzesita: 200 euro.
Epaimahaiak eman gabe utz ditzake sari batzuk, edo guztiak, hala iruditzen bazaio.
Saritutako argazkiekin eta lehiaketara aurkeztutako argazki hautatu batzuekin erakusketa bat eginen da.
Epaimahaiaren erabakia Nafarroako Gobernuaren Kultura atarian (https://www.culturanavarra.es/eu) jakinaraziko dira, 2025eko irailaren 19an, sariak noiz eta non emanen diren adierazita eta erakusketaren inaugurazioaren berri emanda.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren berrogeita bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, sariei dagokien zenbatekoak %19ko atxikipena izanen du pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan.
8. Obrak eta egile-eskubideak.
Parte-hartzaileen ardurapekoak izanen dira aurkezten diren obren egiletza eta originaltasuna; halaber, haien ardura izanen da ez egotea hirugarren pertsonen eskubiderik argazkien gainean.
Lehiaketa honetan esku hartzen dutelarik, parte-hartzaileek atxiki eginen dituzte aurkeztutako obren gaineko beren eskubideak. Sustapen ekintza guztietan adierazi eginen da nortzuk diren erabilitako argazkien egileak.
Nafarroako Artxibo Garaikideari baimena ematen zaio hautatutako argazkiak eta haien egileak argitaratzeko bere webguneetan, sare sozialetan eta proiektu hau zabaltzeko erabiltzen dituen bide guztietan.
Finalera iristen diren argazki guztiak sartuko dira Nafarroako Artxibo Garaikidearen funtsetan. Hautatzen ez diren argazkiak jasotzen ahalko dira Nafarroako Artxibo Garaikidearen egoitzan (Zaragozako errepidea 3. km, 31191 Cordovilla, Nafarroa) astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era.
9. Datu pertsonalak babestea.
Nafarroako Artxibo Garaikideak konpromisoa hartzen du bere eginkizunetan betetzeko datu pertsonalen babesari buruz indarra duen araudia; bereziki, apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta gainerako xedapen osagarriak.
Abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 11. artikuluan eta Datuak Babesteko Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin bat, honako hau jakinarazten zaie lizitatzaileei:
–Lehiaketan parte hartzean eman dituzten datuak Nafarroako Artxibo Garaikideak hartuko dituela tratatzeko, haien parte-hartzea kudeatzeko eta etorkizunean ere parte-hartzailearekin komunikatzeko.
–Haien datu pertsonalak ez zaizkiela hirugarrenei lagako aldez aurretik horretarako berariazko baimenik eman gabe.
–Harremanetan jar daitezkeela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko datuak babesteko ordezkariarekin, Nafarroako Gobernuko Datuak Babesteko Ordezkaritzaren bidez, zeina Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiari atxikia baitago.
–Datu pertsonalak jakinaraztea legezko baldintza dela lehiaketan onartua izateko; egin ezean, kanpo geldituko direla.
–Tratatzeko bildu diren datu pertsonalei dagokienez, eskubidea dutela datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko; eta, horretarako, idatzizko eskaera zuzendu behar zaiola datuak tratatzeko arduradunari, arestian esandako helbidera, legeria indardunak ezarritako moduan.
–Datuak indarreko araudi administratiboak eskatzen duen arte gordeko direla.
–Datuak babesteari dagokionez, eskubidea dutela datuen babesari buruzko erreklamazioa egiteko Datuak Babesteko Bulegoan.
10. Oharrak.
Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek osorik onartzea.
Informazio gehiago, hemen:
Nafarroako Artxibo Garaikidea.
Zaragozako errepidea 3. km. 31191 Cordovilla (Nafarroa).
Telefonoa: 848429721.
Helbide elektronikoa: archivo.contemporaneo@navarra.es.
Web-orria: acn.navarra.es.
Iragarkiaren kodea: F2507849