12. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1097E/2024 FORU AGINDUA, azaroaren 20koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita "Gizarte erantzukizuna sustatzeko dirulaguntzak" 2025ean emateko deialdia. DDBN identifikazioa: 799511.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategia (S4) onetsi du. S4 estrategia eskualdeko ekonomia eraldatzeko agenda bat da, Nafarroa hazkunde jasangarriaren erreferente izan dadin Europan. Hazkunde jasangarri horren alde egin dezaketen ekintzetako bat da Nafarroako enpresetan gizarte erantzukizuna ezartzea.

Nafarroako Gobernua 2008. urtetik garatzen ari den kudeaketa sisteman, Nafarroako enpresen kudeaketan gizarte-erantzukizuna ezartzeko metodologia bat aplikatzen da (InnovaRSE), beste ekintza batzuen artean. Ondoren beste metodologia batzuk garatu dira: TAMIRSE (mikroenpresa eta langile autonomoentzat) eta GOBERNARSE (sektore publikorako).

Era berean, Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planean identifikatu diren helburu estrategiko eta jarduketa-arlo nagusi askok lotura zuzena edo zeharkakoa dute InnovaRSE metodologiako enpresek eta entitate publikoek lortu beharreko helburu eta ekintzekin (suspertze ekonomikoa, trantsizio energetikoa, lurralde garapen jasangarria...). Hori horrela izanik, metodologia hori enpresetan aplikatzeak hain beharrezkoa den suspertzea ekartzen lagun dezake.

"InnovaRSE" metodologiak etapa hauek dauzka: diagnostikoaren eta jarduketa-planaren diseinua (aurrerantzean, GE plangintza), jarduketa-plana gauzatzea, jasangarritasun memoria, eta azkenik, hobekuntza-zikloa. Aipatutako etapez gain, aurtengo berrikuntza da zeharkako modulu bat txertatzen duela sistemak: inpaktua neurtzea. Modulu hori borondatezkoa da, eta plangintzan eta hobekuntza-zikloan sartuta lantzen da, hurrenez hurren.

Aurten, InnovaRSE eta TAMIRSE metodologiekin GE plangintza etapak eta hobekuntza-zikloa egiteko erabiliko da dirulaguntza, bai eta, hala badagokio, inpaktua neurtzeko ere.

Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak gizarte erantzukizuna sustatzen eta bultzatzen du, eta, horretarako, enpresentzako laguntzen deialdiak onesten ditu haien enpresa estrategietan gizarte erantzukizuna sar dezaten errazteko.

Nafarroako Gobernuaren 2024ko azaroaren 6ko Erabakiaren bidez, baimena eman zen laguntza hauek banakako ebaluazioko araubidean tramitatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Gizarte erantzukizuna sustatzeko dirulaguntzen 2025eko deialdia onestea.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko, 120.000,00 euroko gastua baimentzea, 2025eko gastuen aurrekontuko "Gizarte erantzukizuna sustatzeko programa" izeneko 970000 97000 4709 494112 partidaren kargura.

Honela banatuko da baimendutako gastu hori:

JARDUKETA

INPAKTUAREN BORONDATEZKO
NEURKETARIK GABE

INPAKTUAREN BORONDATEZKO
NEURKETAREKIN

ETAPAREN KOSTUA, GUZTIRA (eurotan)

TXOSTEN KOPURUA

ETAPAREN KOSTUA, GUZTIRA (eurotan)

TXOSTEN KOPURUA

1.1. INNOVARSE GE PLANGINTZA

(Batez ere kontratatutako 5 pertsona edo gehiagoko enpresak)

53.550

17

30.960

8

1.2. TAMIRSE GE PLANGINTZA

(Lan autonomoa eta mikroenpresak, batez ere 5 langile baino gutxiagokoak)

5.445

11

3.780

4

1.3. INNOVARSE HOBEKUNTZA-ZIKLOA

(Batez ere kontratatutako 5 pertsona edo gehiagoko enpresak)

10.125

5

7.695

3

1.4. TAMIRSE HOBEKUNTZA-ZIKLOA

(Lan autonomoa eta mikroenpresak, batez ere 5 langile baino gutxiagokoak)

2.628

6

5.432

7

Jarduketa baten eskaera guztiei erantzun ondoren, dirua soberan gelditzen bada, beste jarduketetako bat finantzatzeko erabiltzen ahalko da, horiek aurkeztu diren ordenan.

Horren guztiaren baldintza izanen da 2025eko gastuen partidan aurrekontu-kreditu egokia eta nahikoa egotea.

4. Foru agindu hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea.

6. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2024ko azaroaren 20an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko kontseilaria, Carmen Maeztu Villafranca.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako enpresetan gizarte erantzukizuna (GE) ezartzea sustatzea.

Enpresaren estrategian kezka sozialak, lanekoak, ingurumenekoak eta giza eskubideekiko errespetuzkoak beren interes-taldeekin nahita txertatzeari esaten zaio gizarte erantzukizuna; horrela, enpresak beren ekintzek sortzen dituzten ondorio eta inpaktuez arduratzen dira. Legeria aplikagarria eta hitzarmen kolektiboak errespetatzea aldez aurreko baldintza da erantzukizun hori betetzeko.

Kudeaketa sistemarako InnovaRSE metodologiek (InnovaRSE eta TAMIRSE) gizarte erantzukizunaren oinarrizko printzipioak adierazpen edo esaldi gisa aurkezten dituzte, gai horretan kontuan hartu behar diren alderdi nagusiei buruz gogoeta egiteko.

Metodologiak lau etapa ditu: GE plangintza bat diseinatzea, hau da, diagnostiko bat eta jarduketa-plan bat egitea; jarduketa-plan hori gauzatzea; hobekuntza-ziklo bat aplikatzea, aplikatutako GE neurrietan sakontzeko; eta jasangarritasun memoria bat, egindako jarduketen berri emateko zeharkako etapa gisa. Horrez gain, 2025ean, berrikuntza gisa, borondatezko modulu bat aplikatuko da inpaktua neurtzeko, eta hasierako plangintzan eta hobekuntza-zikloaren etapan sartuko da.

Aurten, GE plangintza (lehen etapa) eta hobekuntza-zikloa (hirugarren etapa) finantzatzeko erabiliko da dirulaguntza. Bi etapa horietako bati ekin behar dioten enpresek aukera dute, beren borondatez, inpaktua neurtzeko modulua ere aplikatzeko. Modulu hori ere diruz lagungarria da, 4. oinarrian adierazitako moduan.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako beharkizunak betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira dirulaguntzen onuradunak:

a) Nafarroan lantoki bat izatea eta, langile autonomoen kasuan, alta emanik egotea LAABen edo dagokion mutualitatean eta Nafarroan alta emanik egotea EJZan.

b) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun-plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

c) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan arau-hauste oso astun bat edo bi arau-hauste astun baino gehiago egiteagatik, deialdi hau argitaratu aurreko bi urteetan.

d) Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita. Zehapena izan bada, zehapen organoaren txosten baten bidez egiaztatu behar da neurri horiek abian jarri direla eta bete dela neurriak aplikatzeko egutegia.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debekuetako bat bakarra ere ez urratzea.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

2. Eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpena bete beharko du, baina horrek ez du eragotziko ofizioz egiaztatu ahal izatea arestian aipatutako baldintza guztiak betetzen direla.

3. Ezin izanen dira laguntza hauen onuradun izan Espainiako Gobernuko Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren "Erakunde Publikoen Inbentarioan" ageri diren sektore publiko instituzionalaren parte diren entitateak, ez eta metodologia erakundearen beraren langile akreditatuekin ezartzea erabakitzen duten aholkularitza-enpresak ere. Enpresa horiek dirulaguntza jaso ahal izanen dute, beste erakunde bateko pertsona akreditatu batek aplikatzen badu metodologia, eta deialdi honetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen badira.

3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Honako jarduketa hauek dira diruz lagungarriak:

1.1. Gizarte erantzukizunaren plangintza: barnean hartzen du diagnostiko bat egitea eta jarduketa-plan bat diseinatzea. Diagnostiko bat prestatzeak aukera ematen die enpresei identifikatzeko zein den beren gaur egungo egoera gizarte erantzukizunari dagokionez, "InnovaRSE" metodologiaren hiru dimentsioetako bakoitza aztertuta (ingurumena, ekonomia eta gizartea), edo kasua bada, TAMIRSE metodologiarenak. Aurretiazko diagnostikoa oinarri harturik, jarduketa-planak aukera emanen du jarduketa-ildo batzuk planteatzeko, jarraitu beharreko ekintza zehatzekin, enpresaren politikan gizarte erantzukizunaren printzipioak ezartzeko.

Plangintzarekin batera, hala nahi izanez gero, inpaktua neurtzeko modulua ere aplikatzen ahalko da, Nafarroako enpresek eta erakundeek beren jardueran sortzen dituzten inpaktu eta lotutako adierazle nagusiak aztertzeko eta neurtzeko.

Emakumezkoen eta gizonezkoen artean lan arloko edozein diskriminazio galaraztera zuzendutako jarduketak baloratze aldera, SI-07 adierazpenean ("InnovaRSE" diagnostikoaren kasuan), eta diagnostikoaren berdintasunaren eta kontziliazioaren atalean (TAMIRSE metodologiaren kasuan), aztertuko da genero berdintasunarekin eta kontziliazioarekin lotutako alderdietako bakoitza; gainera, enpresa aplikatzen ari den eta adierazpenean ageri ez den beste edozein gehitzen ahalko da.

1.2. Hobekuntza-zikloak: beste diagnostiko bat egiten da, lortutako helburuak eta egiteko dauden zereginak berrikusten dituena, bai eta beste jarduketa-plan bat ere, non proposatzen baitira hobetu beharreko beste arlo batzuk, helburuak eta hartu beharreko neurriak.

GE plangintzarekin gertatzen den bezala, hobekuntza-zikloekin batera, inpaktua neurtzeko modulua ezartzen ahalko da, Nafarroako enpresek eta erakundeek beren jarduerarekin sortzen dituzten inpaktu nagusiak eta lotutako adierazle nagusiak aztertu eta neurtzeko.

2. Jarduketa diruz lagungarriek honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Gobernuaren "InnovaRSE" edo TAMIRSE metodologiaren araberakoak izan behar dute.

b) Nafarroako Gobernuak 2025erako akreditatutako aholkulariekin eginen dira. Aholkulari horien zerrenda laguntza hauen tramiteen fitxan eta Nafarroako Gizarte Erantzukizuna web orrian ageri da (https://innovarsenavarra.es/).

c) Laguntza eskatzen den egunetik 2025eko irailaren 31ra bitarte egin beharko dira. Ondorio horietarako, egindako gastutzat joko da egun hori baino lehen fakturatu eta ordaindu dena.

d) Enpresa bakoitzeko, jarduketa bakarrerako emanen da dirulaguntza.

e) Aholkularitza-enpresak, sinadura-orriaren bidez, egiaztatu beharko du gutxienez 70 orduko lan-denbora eman duela InnovaRSE GE plangintza egiten (86 ordu, hasierako inpaktua ere neurtzen bada), eta gutxienez 11 ordukoa TAMIRSEkoa egiten (21 ordu, hasierako inpaktua ere neurtzen bada); hobekuntza-zikloaren kasuan, gutxienez 60 orduko lan-denbora egiaztatu beharko du InnovaRSErako (76 ordu, hasierako inpaktua ere neurtzen bada), eta 13 ordukoa TAMIRSErako (23 ordu, hasierako inpaktua ere neurtzen bada).

f) Enpresa bakoitzari honako hauek soilik diruz lagunduko zaizkio: gizarte erantzukizunaren lehen plangintza, lehen hobekuntza-zikloa eta hasierako inpaktuaren lehen neurketa, plangintzarekin edo hobekuntza-zikloarekin eskatzen dutenentzat.

4. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzek honako zenbateko hauek izanen dituzte:

JARDUKETA

INPAKTUAREN BORONDATEZKO NEURKETARIK GABE

INPAKTUAREN BORONDATEZKO NEURKETAREKIN

GUTXIENEKO ORDU KOPURUA

FASEAREN
KOSTUA (eurotan)

DIRULAGUNTZAREN
ZENBATEKOA (eurotan)

GUTXIENEKO ORDU KOPURUA

FASEAREN
KOSTUA (eurotan)

DIRULAGUNTZAREN
ZENBATEKOA (eurotan)

1.1. INNOVARSE PLANGINTZA

70

3.150

3.150

86

3.870

3.870

1.2. TAMIRSE PLANGINTZA

11

495

495

21

945

945

1.3. INNOVARSE HOBEKUNTZA-ZIKLOA

60

2,70

2.025

76

3.420

2.565

1.4. TAMIRSE HOBEKUNTZA-ZIKLOA

13

585

438

23

1.035

776

2. Eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik deialdiaren aurrekontua agortzen bada, horren kreditua handitzen ahalko da, gehienez ere 120.000 euro gehituz. Gehikuntza hori eraginkorra izateko, kreditu gehigarria baimendu eta argitaratu beharko da, beste deialdi batzuetan izandako gastua hasiera batean aurreikusitakoa baino txikiagoa izan delako.

5. oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. 2025eko martxoaren 3an hasiko da eskaerak aurkezteko epea, 08:00etan, eta martxoaren 12an bukatuko da.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, horretarako Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Eskaerarekin batera, aurkeztu beharko da enpresako zuzendaritzaren konpromisoa, jarduketa diruz lagungarriak abian jartzekoa, laguntzaren fitxan eskura daitekeen ereduaren araberakoa.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

6. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Dirulaguntza hauek banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen dira. Hori dela eta, eskaerak 3. eta 4. oinarrietan ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira, eta dirulaguntzaren intentsitatea ebaluazio horren emaitzaren arabera zehaztuko da.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Lan Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu, eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari; bertan adieraziko da onuradunek laguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusia izanen da dirulaguntza ematea ebatziko duen organo eskuduna. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, gehienez ere 3 hilabeteko epean ebazpena emanen da eta jakinaraziko zaie eskatzaileei, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira.

7. oinarria.–Justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

1. Diruz lagundutako jarduketa gauzaturik, onuradunek 2024ko irailaren 31ra arte izanen dute epea, egun hori barne, 5. oinarrian adierazitako moduan dokumentazio hau bide telematikoan aurkezteko:

a) Justifikazioko formularioa, laguntzen fitxan eskuratzen ahal dena. Formulario horrek bisita bakoitzaren sinadura-atala behar bezala beteta eduki beharko du (dagokion sinadura digitala edo zigilua).

b) Diruz lagundutako GE plangintzaren edo hobekuntza-zikloaren ale bana, euskarri digitalean. Dokumentu horiek hizkera inklusibo edo ez-sexista erabiliz idatzi beharko dira.

c) GE plangintza egin duten enpresek aurkeztu beharko dute InnovaRSE zigiluen erabilerari buruzko dokumentua, behar bezala beteta.

d) Aholkularitza-enpresaren faktura eta ordainketa frogatzen duen dokumentua. Bi dokumentuak dirulaguntzaren eskatzailearen izenean egonen dira.

Onartutako dirulaguntzaren %100 kobratzeko, zenbateko hau izanen du, gutxienez, fakturak: 4 oinarrian adierazitako "Fasearen kostuaren" guztirako zenbatekoa gehi egoki den BEZa. Fakturaren zenbatekoa "Fasearen kostua" baino txikiagoa baldin bada, proportzioan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

2. Lan Zerbitzuak frogagiriak aztertuko ditu eta, behin egiaztaturik diruz lagundutako jarduerak bat datozela kasuan kasuko metodologiarekin, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta txosten bat erantsiko dio, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela frogatzeko, besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu izana.

3. Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik.

8. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasunari buruzko adierazpena, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako jarduerak "InnovaRSE" edo "TAMIRSE" metodologiaren arabera egitea, dagokionaren arabera, eta aurreko oinarrian adierazitako moduan justifikatzea.

c) Jasotako laguntzaren publizitatea egitea enpresaren web orrian, iragarki-taulan edo antzeko toki batean, gutxienez ere urtebetez, laguntza ordaintzeko ebazpena ematen denetik hasita, esaldi honekin: "Gizarte erantzukizuna sustatzeko 2025eko dirulaguntzaren enpresa onuraduna". Ondoan Nafarroako Gobernuaren logotipoa jarriko da, zeina esteka honen bidez jaisten ahal baita, eta erabiltzeko arauen berri izan: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.

d) Behar izatera, Lan Zerbitzuari komunikatzea dirulaguntzari uko egiten diotela eta uko egitearen arrazoiak azaltzea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak betetzea, eta laguntza ematen duen organoak edo horretarako eskumena duen edozein organok egin beharreko egiaztapen eta kontrol jarduketak onartzea. Horretarako, jarduketa horien ondorioz eskatzen zaien dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, emandako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

9. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEb) bidez eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskabidean jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

10. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

11. oinarria.–"De minimis" laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua zehaztea (2023ko L 2831. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 15ekoa).

Erregelamendu horren arabera, enpresa bakar bati emandako "de minimis" laguntza ezin izanen da 300.000 eurotik gorakoa izan (edo 2025ean aplikatzekoa den araudian adierazitako zenbatekotik gorakoa) hiru ekitaldi fiskaleko edozein alditan. Enpresa bakarraren definizioa erregelamendu horren 2.2 artikuluan ezarritakoa izanen da.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskabidean.

12. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak argitaratuko dira, orobat, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxan.

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2417989