119. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UITZIKO KONTZEJUA

Ordenantza, lan pertsonala edo auzolana arautzen duena. Behin betiko onespena

Uitziko Kontzejuko Batzarrak, 2024ko abenduaren 11n bilkuran, legez ezarritako quoruma izanik, erabaki zuen hasiera batez onestea Lan pertsonala edo auzolana arautzen duen ordenantza.

2025eko 23. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 4an, eta Kontzejuaren iragarki-taulan argitaratu ondoren, bukatu da jendaurrean egon beharreko epea, inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe.

Beraz, behin betikoa bihurtu da hasierako onespena, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean ematen dira argitara aldatutako artikuluak; hori dena, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin.

Uitzin, 2025eko apirilaren 22an.–Kontzejuko burua, Salvador García Belmonte.

UITZIN AUZOLANA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea "auzolana" deritzon lan pertsonala, mantentze-lanei eta garbiketari lotutako obrak eta zerbitzuak egiteko udalerriaren alde, Uitziko Kontzejuaren eskumenekoak diren toki publiko eta komunetan. Auzolana nahitaezkoa da eta haren truke ez da ordainsaririk jasotzen.

2. artikulua. Auzolana zer legedik arautzen duen.

Ordenantza honek arautzen du Uitziko auzolana. Ordenantza honetan xedatu ez den orotan, jarraikiko zaio xedaturik dagoenari uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean (Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa) eta martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 53., 54. eta 55. artikuluetan (Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa).

3. artikulua. Auzolana.

1. Auzolantzat hartuko da Uitziko garapen sozial, ekonomiko eta kulturalari mesede egiten dion prestazio pertsonal oro.

2. Auzolana erabiltzen ahalko da herriko azpiegiturak eta auzo-bideak eta landa-bideak eraikitzeko, zaintzeko eta hobetzeko eta, oro har, haren eskumeneko obrak egiteko.

3. Era berean, auzolana erabiltzen ahalko da udalerriari onura ekarriko dioten lan eta zerbitzu pertsonaletarako; lan horiek prestazio pertsonal berezitzat hartuko dira.

4. artikulua. Nahitaezkotasuna eta salbuespenak.

Uitziko udal katastroan bildutako higiezinen jabe diren guztiak daude behartuta zaintzera eta garbitzera herriarekiko mugak (hesiak, paretak, sastrakak eta abar).

A) Auzolana egitera beharturik daude:

1. Uitzin erroldatuta daudenak, bertan bizi direnak eta/edo bertako zentsuan daudenak, hemezortzi (18) eta hirurogeita bost (65) urte bitartekoak, biak barne.

2. Orobat, auzolana egitera beharturik daude Uitzin etxebizitza bat edo higiezin bat dutenak, nahiz eta herrian ez bizi.

3. Irabazi asmorik gabeko fundazio edo entitate bat administratzeaz, gainbegiratzeaz eta zuzentzeaz arduratzen den kide anitzeko edozein organo; administrazio- eta lege-jarduerak kudeatzeaz eta izapidetzeaz arduratzen diren entitate profesionalak (gestoriak) eta Uitziko udal katastroan erregistratutako higiezinen jabe diren bankuak.

4. Bizilagunen batek bere burua udal erroldatik kentzen badu auzolana ez egiteko eta herrian bizi dela frogatzen bada, sartuko da auzolanaren ordenantza bete behar dutenen zerrendan.

B) Auzolana egitetik salbuetsita daude:

Auzolana nahitaez egiteko adin tartean egon arren:

1. Gaixorik daudenak.

2. Frogatzen dutenak %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa dutela.

3. Heldu bakar batek osatutako familia-unitateen arduradun direnak, eta zaindu beharreko senitartekoekin bizi direnak (haurrak, adinekoak, mendekotasuna dutenak...).

4. Familia-unitate baten ardura partekatzen dutenak, eta unitate horretan zaindu beharreko senitartekoak badaude (haurrak, adinekoak, mendekotasuna dutenak...) eta horiek zaindu behar baditu beste arduraduna auzolana egitera joaten denean.

5. Haren lanegun batean egin behar denean auzolana.

6. Preso daudenak.

C) Auzolanean borondatez aritzea edo norbaiten ordez:

1. Salbuetsitakoek borondatez egin dezakete auzolana.

2. Auzolana egitera behartuta dagoenaren ordez beste batek egiten ahal du auzolana, betiere horretarako egokia baldin bada eta bere borondatez aritzeko prest badago.

4. artikulua. Asegurua.

Toki-erakunde honek bere gain hartuko du istripuen arriskuaren estaldura, lan honetan aritzera behartuta daudenentzat.

5. artikulua. Kudeaketa.

1. Uitziko Kontzejuko Batzarrak auzolanak iragarriko ditu 30 egun natural lehenago (larrialdietan izan ezik, horiek unean bertan iragarriko dira-eta), eta horretarako dagokion idazkia paratuko du iragarki-taulan. Orobat, auzolanaren berri emanen du oharrak utzita postontzietan eta herriko Whatsapp taldean, eta mezu elektronikoak bidali eta telefono mugikorretara deituko du (baldin eta datu horiek baldin baditu).

2. Urtean hiru auzolan gutxienez eginen dira, eta nahitaez parte hartu beharko da horietako bietan, bat etorriz ordenantza honetan jasotako baldintzekin.

3. Oro har, larunbat eta igandeetan eginen da.

Baldin auzolanean parte hartzera beharturik dagoen batek ezin badu parte hartu, horren berri emanen dio Kontzejuko Batzarrari, jakinarazpena egin eta 24 orduko epean eta auzolana hasi baino 24 ordu lehenago. Auzolanean parte ez hartzekoa arrazoiak justifikatu behar dira.

4. Norberaren ordez egokia den beste pertsona batek egin behar badu auzolana, aldez aurretik jakinarazi beharko zaio ordezkapen hori Kontzejuko Batzarrari. Hala, parte-hartzaileen zerrendan sartuko du, aseguru-etxearekin egin beharreko komunikazioei begira.

5. Ordezkorik ez badu, auzolana diruz konpentsatzen ahalko du, dagokion urteko nahitaezko auzolan bakoitzeko 50 euro ordainduta. Herritarrek aldez aurretik komunikatu beharko diote Kontzejuko Batzarrari auzolanaren ordez 50 euro ordainduko dituztela.

6. Kontsumoko prezioen indizearen arabera eguneratu daiteke zenbateko hori, eta, borondatezko epean ordaintzen ez bada, betearazpen-bidetik erreklamatu daiteke; hori guztia uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera (Nafarroako Foru Komunitatearen Diru-bilketari buruzko Erregelamendua onestekoa).

7. Urte bateko auzolanak ez dira kontuan hartuko hurrengo urteetarako.

8. Lan pertsonal bereziaren ordez, negoziatzen ahalko da beste lan batzuk egiteko aukera; lanok auzolanean egiten direnen parekoak izan behar dute. Horiek egiteko, aldez aurretik egin beharko da eskaera, eta herritarrak eta Kontzejuak ados egon behar dute.

9. Auzolana egiten den egunean erakutsiko da zer lan egin behar diren biltzen dituen zerrenda. Herritarrek honako bide hauen bitartez bidaltzen ahalko dizkiote Uitziko Kontzejuari interes komunitariokotzat jotzen dituzten lanei buruzko iradokizunak eta proposamenak: herriko postontzia, Whatsapp taldea edo posta elektronikoa.

10. Auzolanaren ordez beste lan batzuk egiteko nahitaez beharko da Kontzejuko Batzarraren oniritzia.

11. Kontzejuko kideek edo berariaz aukeratutako beste lagun batzuek zuzenduko dute auzolana.

12. Zeregin batzuk sartuta badaude auzolanean eta horiek egiterik ez badago, benetan egindako lantzat joko dira.

13. Auzolanera beren tresnak eramaten dituztenei, erregaia eta materialak ordainduko zaizkie.

6. artikulua. Makinen egoeraren edo erabileraren gaineko ardura.

Beren tresnak eta/edo makinak ekarri eta haiekin lan egiten dutenak izanen dira halakoen egoeraren eta erabileraren arduradunak, eta une oro bermatu beharko da tresna eta/edo makina horiek ongi erabiltzen ari direla.

Hala ere, Kontzejuak bere gain hartuko ditu auzolana egitean makinek edo tresnek izandako matxurak eta kalteak, baldin eta ez badira makinaren berezko higaduraren ondorioz gertatu.

7. artikulua. Bertaratzea.

Auzolanetara joaten direnen izan-abizenak zerrenda batean jasoko ditu Kontzejuak, nahitaezko bertaratzearen jarraipena egiteko eta aseguruaren estaldura formalizatzeko.

8. artikulua. Zehapenak.

Indarrean dagoen legeriaren arabera, behartuta egonik eta salbuetsita egon gabe nahitaezko auzolanen batera joaten ez direnek prestazioaren zenbatekoa ordaindu beharko dute: 50 euro, auzolan bakoitzeko.

Urtero berrikusiko eta zenbatetsiko dira zenbatekoak eta zehapenak, eta bizilagun guztiei emanen zaie horien berri, 5. artikuluan ezarritako bideen bitartez.

9. artikulua. Parte-hartzea.

Asmoa da auzolanaren kudeaketa irekia eta malgua izatea eta parte-hartzean oinarritzea. Auzolana egokitzen joanen da sortzen diren premien arabera eta eskuratutako eskarmentua kontuan hartuta. Hortaz, berrikusi eginen da herrian urtean behin egiten den bileran, herritarren batek eskatuta edo berrikusteko premia dagoenean.

Iragarkiaren kodea: L2507825