2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TUTERA
Ordenantza, Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinen hornidura elektrikoa arautzen duena. Behin betiko onespena
Tuterako Udalak, 2025eko martxoaren 31n egin osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batez onestea Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinen hornidura elektrikoa arautzen duen ordenantza.
Espedientea jendaurrean egon zen hogeita hamar egunean, behin argitaratuta 2025eko 77. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 22an, eta Tuterako Udalaren iragarki-taulan. Jendaurreko aldian inork ez du erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu.
Beraz, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), behin betiko onesten da Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinen hornidura elektrikoa arautzen duen ordenantza.
Eta argitaratu egiten da.
Tuteran, 2025eko ekainaren 6an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.
ORDENANTZA, IBILGAILU ELEKTRIKOAK KARGATZEKO ZUTOINEN HORNIDURA ELEKTRIKOA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Oinarria eta araubidea.
Tuterako Udalak ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzu ematearen arauketa ezartzen du Tuterako udal-mugartean, bai eta horri dagozkion prezio publikoak ere, zerbitzuaren erabiltzaileek ordaindu beharrekoak. Hori guztia, bat etorriz honako hauetan jasotakoarekin: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea (IX. tituluko I. kapituluko III. atala) eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea (I. tituluko II. kapituluko I. eta II. atalak).
2. artikulua. Xedea eta izaera.
Ordenantza honen xedea da arautzea, antolatzea eta kontrolatzea aldi baterako erabilera pribatiboa ibilgailuak kargatzeko udal titulartasuneko zutoinei dagokienez.
Ibilgailu elektrikoak kargatzeko Tuterako Udalaren karga-puntuak jabari publikoko ondasun bat dira, ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzu publikoa ematekoa.
3. artikulua. Zerbitzu ematea.
Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua emanen da horretarako prestatutako instalazioaren bidez. Instalazioak honako aparkaleku publiko hauetan egonen dira:
- Pamplona pasealekuko aparkaleku publikoa (Ribotas ingurua): 5 kargagailu bikoitz, X=615.733 Y=4.657.777 koordenatuetan.
- Terraplén-go aparkaleku publikoa (5. poligonoko 806. lurzatia): 1 kargagailu bikoitz, X=615.595 Y=4.657.776 koordenatuetan.
Tuterako Udalak ahalmena izanen du etorkizunean beste instalazio batzuk prestatzeko udalerrian, edo daudenak kentzeko.
4. artikulua. Definizioak.
–Ibilgailu elektriko hutsa (IEB), ibiltzeko motor elektrikoak baino ez dituena; energia –guztia zein zati bat– baterietako elektrizitatetik ateratzen du eta bateriok kargatzeko ibilgailuaz kanpoko iturri bat erabiltzen du (sare elektrikoa, kasurako).
–Autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoa (AHIE), ibiltzeko motor elektrikoak baino erabiltzen ez dituena; energia –guztia zein zati bat– baterietako elektrizitatetik ateratzen du eta bateriok kargatzeko erabiltzen ditu ibilgailuaz kanpoko iturri bat eta, orobat, gasolinaz edo gasolioz dabilen barne-errekuntzako motor bat.
–Ibilgailu hibrido entxufagarria (IEHE), ibiltzeko gasolinazko edo gasoliozko barne-errekuntzako motorrak eta motor elektrikoak erabiltzen dituena; motor elektrikoaren energia –guztia zein zati bat– baterietatik ateratzen du eta bateriok kargatzeko ibilgailuaz kanpoko iturri bat erabiltzen da (sare elektrikoa, kasurako). Motor elektrikoa kanpoko iturri bati esker kargatzen diren bateriek elikatu behar dute.
Karga-puntuen instalazio finkoa erabiltzen ahalko dute honako kategoria hauetako ibilgailuek: bizikletak, patineteak, motozikletak, 6.500 kg-tik beherako gehieneko masa baimendua duten ibilgailu komertzialak, eta mikrobusak. Hori, baldin badituzte aurreko teknologia horiek.
–Karga-puntuaren edo kargagunearen instalazioa: ibilgailu elektrikoei korrontea emateko ekipo guztiak, inguratzaile bat(zu)etan instalatutakoak, kontrol funtzio bereziekin, ibilgailutik kanpo, UNE EN-61851-1 arauan definitzen den bezala. Karga-puntuek karga-hargune bat edo gehiago izaten ahalko dituzte.
–Karga-azpiegitura: kasu bakoitzerako aurreikusitako segurtasun eta erabilgarritasun baldintzak betetzen dituzten ibilgailu elektrikoak kargatzeko gailu fisiko eta logiko guztien multzoa, kargatzeko zerbitzu guztia osorik emateko gaitasuna duena. Karga-azpiegiturak barne hartzen ditu kargaguneak, kontrol-sistema, kanalizazio elektrikoak, aginte- eta babes-koadro elektrikoak eta neurketa-ekipoak, horiek ibilgailu elektrikoak kargatzeko bakarrik direnean. Ez dira karga-azpiegitura honen barnean sartzen telelaguntza sistema informatiko zentralizatuak.
5. artikulua. Ordaintzeko beharra sortzea eta ordaintzera behartua dena.
Baldin pertsona fisiko eta/edo juridikoek ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua erabiltzen badute, dagokion prezio publikoa ordaindu beharko diote Tuterako Udalari.
Prezio publikoa ordaintzeko beharra sortzen da zerbitzua ematen edo jarduera egiten hasten denean; Tuterako Udalak, ordea, eska dezake aldez aurretik ordaintzea haren zenbateko osoa edo zati bat, jarraikiz martxoaren 20ko 2/1995 Foru Legearen 34. artikuluko 1. apartatuari (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).
Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua emateagatik prezio publikoa ordaintzera behartuak daude pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta zerbitzuaren onura jasotzen badute edo hura erabiltzen badute ezartzen diren moduetako edozeinetan. Zerbitzua ematen hasten den une berean sortzen da prezio publikoa ordaindu beharra.
Zerbitzua ematen ez bada prezio publikoa ordaintzera behartuta dagoen pertsona fisiko edo juridikoari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, ordaindutako zenbatekoa itzuli eginen da.
Prezio publikoa dela-eta zorrik baldin bada, eskatuko da premiamendu-prozeduraren bidez.
6. artikulua. Zenbatekoa.
Tuterako Udalak zerbitzu honengatik jasoko dituen eskubideak, bai eta zerbitzuari lotutako gainerako prezio publikoak eta tasak ere, jasota daude ordenantza honi atxikitako tarifen eranskinean.
Tuterako Udalak eranskin hori eguneratzen ahalko du, gainerako prezio publiko eta tasekin batera edo modu partikularrean, horretarako legezko prozedura betez.
Ordenantza honetan araututako prezio publikoen zenbatekoek kargatua dute aplikatu beharreko BEZa.
7. artikulua. Kobratzeko prozedura.
Udalak kobratzeko sistema bat ezarriko du, berariazko aplikazio informatiko baten edo batzuen bidez, eraginkortzat jotzen baditu; aplikazioak izaten ahalko dira Udalarenak berarenak edo hirugarren agente batzuek emandakoak.
Sistema horiek erabiltzeak kostu gehigarria izan dezake erabiltzaileentzat; kostu hori, gehienez ere, kargaren zenbatekoaren %5 izanen da, eta 0,25 euroko kostu finkoa karga bakoitzeko.
8. artikulua. Karga-puntuen erabilera-arauak.
1. Puntu bakoitzean, gehienez, 6 orduz kargatzen ahalko da ibilgailua. Denbora hori mugatzen ahalko da, hala behar bada edo eskariaren intentsitateak hala eskatzen badu.
2. Kargatzeko aparkatzea. Kargatu beharreko ibilgailua espazio mugatuaren barruan aparkatu beharko da, kargaren norabidean, eta balazta edo antzekoa aktibatu.
Ibilgailuak kargatzeko mugatutako espazioan ezin da aparkatu. Espazio horrek oztoporik gabe eta erabiltzaileen esku egon behar du bere xederako erabiltzen ez den bitartean.
3. Segurtasun arauak. Kargaren erabiltzaileak bete beharko ditu kargatu beharreko ibilgailuaren fabrikatzaileak xedatutako segurtasun arau guztiak, bai eta Udalaren karga-puntuko ekipo edo instalazioen fabrikatzailearenak ere.
4. Erabilera arduratsua. Udalaren karga-puntuaren erabiltzaileak arduraz erabili beharko du, behar bezala zainduz, zerbitzu publikoa egokia izan dadin. Ekipoari edo azpiegitura osatzen duten elementuei dagokienez, ez dira aldatzen edo manipulatzen ahalko. Halaber, kableak ez dira behartzen, tolesten edo zimikatzen ahalko, ez eta horiek aldatu edo kaltetzeko ekintzarik egiten ahalko ere. Halaber, ekipo edo azpiegitura horiek ez dira erabiltzen ahalko ibilgailu elektrikoak kargatzeaz bestelako helburuetarako.
5. Jarraibideak. Karga-puntuaren erabiltzaileek bete egin beharko dituzte Udalak instalazioen zaintza eta errespetuaren gainean ematen dituen jarraibideak, betiere Udalaren karga-puntua egoera onean zaintzeko.
Udalak ez du bere gain hartuko kalte eta galeren gaineko erantzukizunik (ondasun edo pertsonei, ibilgailua kargatzeko ezintasuna, etab.), baldin eta Udalarenak ez diren arrazoiengatik sortu badira.
6. Karga amaitu eta ibilgailua erretiratzea. Karga amaitutakoan, erabiltzaileak berehala erretiratu beharko du ibilgailua.
7. Ibilgailua erretiratzea. Ibilgailuak erreserbatutako gehieneko kargaldia gainditzen badu hogeita hamar minututik gora, zilegi izanen da ibilgailuen gordailura eramatea, mekanikoki ibilgetzea edo langile baimendunek salatzea. Ibilgailuaren titularrak edo hark legez baimendutako pertsonak ordaindu beharko ditu ibilgailua gordailura eraman eta han edukitzearen gastuak edo ibilgetzeak eragindako gastuak, gaia arautzen duen ordenantzan azaldutako baldintzetan.
9. artikulua. Ikuskapena.
Udalak ahalmena dauka ordenantza honetan eta indarrean dagoen gainerako araudian xedatutakoa betetzen dela ikuskatzeko.
Udaltzainak arduratuko dira ordenantza hau betetzen dela zaintzeaz.
Arau-haustetzat joko da urratzea edo ez betetzea ordenantza honetan ezarririko betebeharrak, debekuak edo mugapenak, edo Alkatetzak hura garatzeko ematen dituen xedapenak.
Zehapen-prozedura hasteko eta ebazteko organo eskuduna izanen da Tuterako Udaleko Alkatetza edo eskumen hori eskuordeturik daukan zinegotzitza, betiere dagokion espedientea zabaldu ondoren.
Zehapen-prozedura bideratuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.
10. artikulua. Arau-hausteak.
Ordenantza honen arau-hausteak dira honako jokabide hauek:
1. Falta arinak.
–Ibilgailu elektrikoak kargatzeko erreserbatutako plaza okupatzea, erreserba eduki gabe.
–Ibilgailu elektrikoak kargatzeko erreserbatutako plaza bat baino gehiago okupatuz aparkatzea.
–Ez erretiratzea ibilgailua, ibilgailua kargatzeko denbora amaitu eta hogeita hamar minutu igarotakoan.
–Kablea ez batzea edo konektorea behar bezala ez jasotzea.
–Ez betetzea karga-puntuko arduradunek emaniko jarraibideak aparkatzeari buruz, ibilgailua erretiratzeari buruz edo karga-puntuko ekipoa edo azpiegitura erabiltzeari buruz, baldin eta beste erabiltzaile batzuen eskubideak kaltetzen ez badira edo karga-puntuko ekipoa edo azpiegitura kaltetzen edo hondatzen ez bada.
–Ordenantza honetan ezarritako arauak eta hura garatuz ezartzen diren xedapenak urratzen dituztenak, baldin eta berariaz astuntzat jotzen ez badira.
2. Falta astunak.
–Ibilgailua ez erretiratzea karga amaitu eta hiru ordu baino gehiago igarotakoan, erreserbatutako plaza okupatuz, erreserba duen beste erabiltzaile bat ez badago ere.
–Zabarkeriaz kaltetzea karga-puntuko ekipo edo instalazioen elementuetako edozein.
–Ez errespetatzea ibilgailuaren fabrikatzaileak edo Udalaren karga-puntuko ekipo eta instalazioen fabrikatzaileek xedatutako segurtasun arauak, baldin eta horrek badakartza zerbitzu publikoen gaineko kalteak, Udalaren jabetzako ondasunen gaineko kalteak edo hirugarren erabiltzaileen eskubideen gainerako urraketak.
–Urtebetean bi falta arin egiteagatik zehapena jaso izana.
3. Falta oso astunak.
–Lapurtzea karga-puntuaren, ekipoaren, instalazioaren edo seinaleztapenaren elementuetako edozein.
–Nahita kaltetzea karga-puntuko ekipo edo instalazioaren elementuetako edozein.
–Ez errespetatzea ibilgailuaren fabrikatzaileak edo Udalaren karga-puntuko ekipo eta instalazioen fabrikatzaileek xedatutako segurtasun arauak, baldin eta horrek istripua eragiten badu.
–Ez betetzea Udalak ezarririko jarraibideak ingurua zaintzeko eta bizilagunekiko errespetua eta bizikidetza egokia mantentzeko.
–Iruzurrezko erabilera ematea karga-puntuaren zerbitzuari.
–Ez identifikatzea arau-haustearen ustezko erantzulea, nahiz eta horretarako errekerimendua egin agintaritzaren agenteek.
–Urtebetean bi falta astun egiteagatik zehapena jaso izana.
11. artikulua. Zehapenak.
1. Ordenantza honen arau-hausteek zehapen hauek ezartzea ekarriko dute:
–Arau-hauste arinek 100 euroko isuna izanen dute zehapen.
–Arau-hauste astunek 200 euroko isuna izanen dute zehapen.
–Arau-hauste oso astunek 500 euroko isuna izanen dute zehapen, bai eta karga-puntua hiru hilabetez erabiltzeko debekuaren zehapen osagarria ere.
Ordenantza honen arau-hausteak direla-eta ezartzen diren diruzko zehapenetarako indarreko legedian aurreikusitako murrizketak lor daitezke.
12. artikulua. Kautelazko neurriak.
Arau haustea egin duen ibilgailua bide publikotik kendu edo ibilgetu eginen da, ordenantza honetan eta indarreko legedian aurreikusitako kasuetan. Udalaren garabi zerbitzuari edo gordailuari eskatzen ahalko zaio ibilgailua erretiratu eta horretarako baimendutako lekura eramateko, arau hausleari dagozkion xedapenak aplikatuta, garabi zerbitzua arautzen duen udal ordenantzaren arabera.
13. artikulua. Erantzuleak.
Arau-haustea eragin duen jokabidearen egilea izanen da horren gaineko erantzulea, eta, hala badagokio, ibilgailuaren titularra edo alokatzailea; horien betebeharra izanen da, gainera, arau-haustearen erantzulea behar bezala identifikatzea.
Arau-haustea dakarten jarduerak hainbat pertsonaren artean egiten direnean, eta ezinezkoa denean zehaztea bakoitzak noraino hartu duen parte, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan, prozedura erkideari buruzko legedian ezarritakoari jarraikiz.
Era berean, kalteen erantzule solidarioak izanen dira pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aurre hartzeko.
14. artikulua. Lehengoratzea eta kalte-ordaina.
Ordenantza honetan ezarritako jokabideengatik ezar daitezkeen zehapenak gorabehera, arau-hauslea behartuta egonen da, hala dagokionean, ondasunak lehen zuten egoerara itzultzera eta ordeztera, eragindako kalte eta galeren ordaina emanez.
Horretarako, Udalak, zerbitzu tekniko eskudunen tasazioaren ondotik, konponketaren zenbatekoa erabakiko du, eta horren berri emanen dio arau-hausleari edo haren ordezkoari, ezarritako epean ordainketa egin dezan.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honen indarraldia hasiko da behin betiko onetsitakoan eta testu osoa argitaratutakoan Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta indarrean segituko du harik eta Tuterako Udalak indargabetzea edo berariaz aldatzea erabaki arte.
TARIFEN ERANSKINA.–BIDE PUBLIKOKO IBILGAILUEN KARGA ERDILASTERRAREN ZERBITZUAREN PREZIO PUBLIKOAK (BEZ-A BARNE)
Ibilgailu elektrikoen karga lasterraren zerbitzuaren zenbatekoa ezartzen da oinarri harturik karga-puntutik zerbitzua jasotzen duen ibilgailu elektrikora benetan igarotako energiaren unitateko prezioa.
–Karga-zerbitzua: 0,40 euro/kWh.
Iragarkiaren kodea: L2508175