Iragarkia
119. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 16a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LEATXE
Aldaketa, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena
Leatxeko Udalak, 2025eko martxoaren 14an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza aldatzea.
Onespenaren erabakia argitaratu zen 2025eko 77. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 22an, eta inork ez du alegaziorik aurkeztu jendaurreko epean. Beraz, behin betiko onetsi da aipatutako ordenantza, eta xedatu da osorik argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, aintzat hartuz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoa (maiatzaren 31ko 15/2002 Legeak aldatua).
Leatxen, 2025eko ekainaren 6an.–Alkatea, José Javier Iribarren Pérez.
LEATXEKO UDALAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, Leatxeko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzeko.
2. artikulua. Definizioa.
Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Izaera.
Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen.
Haien izaeran eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.
4. artikulua. Araubide juridikoa.
Hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; Herri-lurren ordenantza hau eta, besterik ezean, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluaren hirugarren apartatuan xedatutakoa.
II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK
5. artikulua. Ahalmenak.
Leatxeko Udalari dagozkio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den eran.
Leatxeko Udalak herri-ondasunei buruz hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Desafektazioa.
Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzin, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Leatxeko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek baitira lehentasunezko aukerak.
Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.
Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Leatxeko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-ondasun gisa.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan eta Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 143. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio.
III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA
ETA BERRESKURATZEA
7. artikulua. Betebehar orokorrak.
Leatxeko Udala ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen dio pribatizazio saio orori nahiz kalte eragiten dien bestelako ekintza orori.
8. artikulua. Jabetza berreskuratzea.
Leatxeko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusita eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.
9. artikulua. Jabetza Erregistroaren ediktuak.
Leatxeko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emango dio Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa dela-eta edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela-eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horiei buruzko erabakia.
10. artikulua. Transakzioak. Nafarroako Gobernuak onestea.
Leatxeko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du, transakziorik egin nahi izanez gero ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren.
11. artikulua. Eskubideak azkentzea.
Leatxeko Udalak administrazio-bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak azkentzeko, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.
12. artikulua. Kontratuen interpretazioa.
Leatxeko Udalak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.
Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaziko dira, galarazi gabe kontratisten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.
13. artikulua. Ofizioz berreskuratzea eta herritarren ekintza.
Leatxeko Udalak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izango da; betiere, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako eran.
Udalak berez berreskuratzen ahalko du, noiznahi, herri-lurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik dagokion prozedura abiarazita, ofizioz edo salaketa bidez, interesdunari entzunaldia emanda eta legelariak txostena idatzita, non agertuko baitira usurpatu den ondasuna egiaztatzeko behar adina agiri eta froga. Hori guztia eginen da toki administrazioari buruzko foru legedian ezarritako prozedurari jarraikiz.
Halaber, Udalak akzio zibilak sustatuko ditu, horiek beharrezkoak direnean herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.
IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
14. artikulua. Onuradunak.
1. Oro har, herri-lurren aprobetxamenduen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte familia-unitateen titularrek:
a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.
b) Leatxeko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatuta egotea 6 urteko antzinatasunez.
c) Benetan eta jarraian bizitzea Leatxen, urtean bederatzi hilabetez gutxienez.
d) Leacheko Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.
2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.
II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA
15. artikulua. Aprobetxamendu moduak.
Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak bi modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:
Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak. Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.
Leatxeko Udalak bi modu horiek baliatuko ditu laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko, emandako ordenaren arabera.
Herri-lurzati baten aprobetxamenduaren adjudikazioak, aurreko artikuluan jasotako moduetako edozeinetan, inola ere ez dakar berekin Nekazaritzako Politika Bateratuarekin (NPB) loturiko eskubiderik adjudikaziodunarendako, eskubide horiek arautzen dituzten xedapenek zuzenean adjudikatu baitizkiete laborariei. Horregatik, herri-lurzatiak adjudikatu ondoren, adjudikaziodunek berek lotu beharko dizkiote NPB eskubideak beren laborantzari.
1. ATALA.–LEHENTASUNA DUTEN HERRITARRENTZAKO APROBETXAMENDUAK
16. artikulua. Onuradunak.
1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitatearen titular diren herritarrek 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru-sarrerek, guztira, soldata eta erdiaren azpitik egon.
2. Familia-unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.
3. Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamendurako eskubidea dutela uste duten familia-unitateek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Familia-unitateko kideen PFEZ aitorpenen egiaztagiriak edo kopiak.
b) Familia-unitateko kideek jasotako soldaten edo beste edozein eratako diru-sarreren egiaztagiriak edo kopiak.
c) Familia-unitateko kide bakoitzaren landako zein hiriko jabegoen katastroko egiaztagiriak edo ziurtagiriak, familiaren etxebizitzarenak izan ezik.
d) Familia-unitateak errentamenduan edo beste edozer tituluren bidez lantzen dituen lurren zinpeko deklarazioa.
e) Familia-unitateak jabegoan dituen ibilgailu motordunen eta nekazaritza-tresnen zinpeko deklarazioa.
f) Familia-unitatearen jabegoko abere kopuruaren egiaztagiria, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Abeltzaintza Erroldaren Erregistrokoa.
g) Ezintasunak alegatzen dituzten familia-unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak direla egiaztatzeko eskatzen diren dokumentu guztiak.
h) Familia-unitateek azaltzen dituzten egoerak egiaztatzeko Leatxeko Udalaren ustez aurkeztu beharreko beste edozein dokumentu.
i) Ondare balioei ezarri beharreko errendimenduak Nafarroako Gobernuak ezarriko ditu.
17. artikulua. Eredu-lotea: azalerak eta koefizienteak.
1. Eredu-lotearen azalera: honako azalera hau ezarri da aprobetxamendu modalitate bakoitzerako:
–Hektarea kopurua zati eskatzaile kopurua egitetik ateratzen dena.
2. Koefizienteak: zehazteko zenbat lote emanen zaizkien 16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:
a) 3 kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea; hots, lote bat.
b) 4 kidetik 6ra bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea; hots, 2 lote.
c) 7 kidetik 9ra bitarteko familia-unitateak, 3 koefizientea; hots, 3 lote.
d) 9 kide baino gehiagoko familia-unitateak, 5 koefizientea; hots, 5 lote.
Kontuan hartuz herri-lurren ezaugarriak eta herriko baldintza sozialak, Leatxeko Udalak, aldez aurretik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren baimena jasota, ordenantza honen 16. eta 17. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratu ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo.
18. artikulua. Kanona eta adjudikazio epea.
Aprobetxamendu moten edo loteen kanona eta adjudikazio epeak honako hauek izanen dira:
–Lehorreko lotea:
Kanona: lehorreko loteen onuradunak ordaindu beharreko batez besteko kanona, 8,35 euro/erregu/urtea izanen da.
Epea: lote edo aprobetxamendu mota honen erabilera epea zortzi urtekoa izanen da. Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren onuradunek ezin izanen dituzte herri-lurrak baliatu, lurrak adjudikatu diren helburuez bestelako erabilera, aprobetxamendu edo laborantzetarako, salbu eta Leatxeko Udalak berariaz baimentzen badu. Kasu horretan, Udalak aldez aurretik erabakia hartuko du, ordenantzak onesteko izapideak betez, eta laborantza berrien loteak ezarriko ditu, bai ofizioz edo balizko onuradunen eskaerei jarraikiz, adibidez, mahastiak, olibondoak edo intereseko beste labore batzuk landatzeko, betiere herri-lurrak denondako baldintzarik onenean aprobetxatzeko.
Zenbateko horiek dagozkio 2025. urterako proposatutako kanonari, eta 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera eguneratuko dira, KPIaren aldaketaren arabera.
19. artikulua. Laborantzaren intentsitatea.
Laborantzaren gehieneko intentsitatea %80an ezarri da. Kopuru hori aldatzen ahalko da, Udalak osoko bilkuran hala erabakiz gero. Erabaki hori hartuko da laborantzaren gehieneko intentsitate berria finkatzen den urtearen aurreko urteko irailaren 1a baino lehen.
20. artikulua. Zuzeneko laborantza pertsonala.
Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste era batez ustiatu.
Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan elkartzen badira eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.
Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko dira adjudikaziodunak edo bere familia-unitateko kideek (ordenantza honen 16. artikulu ezaugarriak betetzen dituztenek) egindako laborantza lanak; soldatako langilerik ez da hartuko, salbu urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen badute. Alabaina, zuzeneko laborantzaren izaera ez da galduko soldatapekoak hartzen badira, gerora erasandako eritasun bat edo aldi baterako beste arrazoi bat gertatzeagatik, Udal honen iritziz laborantza pertsonalki egitea eragozten duena. Halakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Leatxeko Udalari, behar den baimena eman dezan.
Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 23. artikuluan xedatua aplikatuko da.
21. artikulua. Laborantzarako ezintasuna.
Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik titularrak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu adjudikazioaren momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Leatxeko Udalak adjudikatu eginen ditu herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamendu moduaren bidez. Udalak lurzatien titularrei ordainduko dizkie adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak, kanona kendu ondoren.
Leatxeko Udalak eskumena du erabakitzeko ea noiz dagoen ezintasun fisikorik edo besteren bat, eta eskatuko ditu egokiak iruditzen zaizkion agiriak.
22. artikulua. Egiaztapenak.
Leatxeko Udalak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.
Erabakiko da ez duela norberak zuzenean lantzen lurra honako kasu hauetan:
a) Nekazaritzako makineria edukita ere, ez dituenean haiek erabiltzen ez adjudikatu zaizkion herri-lurretako lurrak ez haren familia-unitateko kideen laborantzako lurrak lantzeko.
b) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez dituenak: erregaiak erostea, lehengaiak (haziak...) erostea eta produktuak saltzea, bestelako lanak egitea.
c) Familia-unitatean laborantzako lurrak edukita ere, horiek hirugarrenei lagatzen zaizkienean, edo errentamenduan dituztenean, edo apartzerian, etab.
d) Beren kasa egiten ez dituztenek beren herri-lurretako lurzatietan eta familia-unitatearen laborantzako lurretan egin beharreko laborantzako lan guztiak, uzta biltzeko lana izan ezik, 22. artikuluan xedatua salbu.
e) Pertsona fisikoen gaineko errenta aitorpenean nekazaritzako etekinak aitortzen ez dituztenean.
f) Adjudikatutako lurzatiaren %80, gutxienez, lantzen ez denean.
Laborantza apartzerian ematen duten edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte. Lurra kentzeko, aurretik Leatxeko Udalak espedientea irekiko du eta interesdunei entzutea emanen zaie. Herri-lurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.
2. ATALA.–HERRITARREI ZUZENEAN ADJUDIKATZEKO
APROBETXAMENDUAK
23. artikulua. Onuradunak.
Lurzatiak Lehen Atalean ezarritakoaren arabera banatu ondotik, soberan geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateko titularrak diren herritarren artean.
24. artikulua. Eredu-lotea: azalerak.
Eredu-lotearen azalera: honako azalera hau ezarri da aprobetxamendu modalitate bakoitzerako:
–Lehorreko lotea: guztizko hektareak zati onuradunen kopurua egitetik ateratzen den emaitza. (Eredu-lotea: 7,38 hektarea).
25. artikulua. Kanona eta adjudikazio epea.
Aprobetxamendu moten edo loteen kanona eta adjudikazio epeak honako hauek izanen dira:
–Lehorreko lotea:
Kanona: lehorreko loteen onuradunak ordaindu beharreko batez besteko kanona 8,35 euro/erregu/urtea izanen da.
Epea: lote edo aprobetxamendu mota honen erabilera epea zortzi urtekoa izanen da. Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren onuradunek ezin izanen dituzte herri-lurrak baliatu, lurrak adjudikatu diren helburuez bestelako erabilera, aprobetxamendu edo laborantzetarako, salbu eta Leatxeko Udalak berariaz baimentzen badu. Kasu horretan, Udalak aldez aurretik erabakia hartuko du, ordenantzak onesteko izapideak betez, eta laborantza berrien loteak ezarriko ditu, bai ofizioz edo balizko onuradunen eskaerei jarraikiz, adibidez, mahastiak, olibondoak edo intereseko beste labore batzuk landatzeko, betiere herri-lurrak denondako baldintzarik onenean aprobetxatzeko.
26. artikulua. Zuzeneko laborantza pertsonala. Erreserbak.
Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, ordenantza honen 20., 21. eta 22. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.
3. ATALA.–LURZATIAK ADJUDIKATZEKO PROZEDURA
27. artikulua. Prozedura.
Herri-lurzatien aprobetxamendua adjudikatzeko, prozedura honi jarraikiko zaio:
1. Leatxeko Udalak erabakia emanen du eta haren bidez hamabost egun balioduneko epealdia egonen da (ediktua Udalaren iragarki-taulan argitaratu ondoren) eskubidea dutela uste duten pertsonek herri-lurrak adjudikatzeko eskatzeko.
2. Eskabideak aurkeztea: eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:
a) Errolda-ziurtagiria.
b) Leatxen urtean gutxienez bederatzi hilabetean jarraian eta egiazki bizi dela egiaztatzen duten agiriak (telefono, gas, argi eta abarren fakturak).
c) Ziurtagiria, Leatxeko Udalarekin ordainketak egunean dituela erakusten duena.
d) Katastroko ziurtagiria, jabetzan dituzten laborantzako lurren azalera, eta laborantza motak jasotzen dituena.
e) Bizikidetzako ziurtagiria, familia-unitatea osatzen duten kideak eta, lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak eskatzen dituztenen kasuan, ezintasun fisikoa edo mentala duten kideak jasotzen dituena.
f) Zinpeko deklarazioa, errentan edo jabetza ez den beste titulu baten bidez lantzen dituzten lurrak, eta laborantza motak adierazten dituena.
g) Katastroko ziurtagiria, hiri-lurreko zerga-kapitalei buruzkoa, norbere etxebizitzari dagokiona salbu.
h) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Errolda Ziurtagiria, familia-unitateko kide bakoitzak jabegoan duen abere kopuruarena.
i) Familia-unitateko kide guztien PFEZaren aitorpena, non diru-sarrera guztiak ageri diren, nekazaritzaren, abeltzaintzaren, industriaren edo zerbitzuen sektoreetakoak eta abarretakoak, bai eta Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak ere.
j) Nekazaritza Politika Erkideari (NPE) dagokion aitorpenaren egiaztagiria, halakorik izanez gero, edo horren ordezko aitorpena.
k) Adierazpena, egin nahi den laborantza motarena, laborearen aldean ezberdina bada.
3. Leatxeko Udalak adjudikazio modalitate bakoitzeko onartuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Leatxeko Udalaren iragarki-taulan iragarriko da eta interesdunei jakinaraziko zaie. Hamar eguneko epea izanen da erreklamazioak paratzeko.
4. Erreklamazioetarako epean halakorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da.
5. Erreklamazioak aurkezten badira, Leatxeko Udalak horiek ebatziko ditu, eta behin betiko zerrendak onetsi eta argitaratuko ditu erakundearen iragarki-taulan.
III. KAPITULUA.–ZURAREN ETA EGURRAREN APROBETXAMENDUAK
28. artikulua. Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak.
Atal hau Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 205.-213. artikulu artekoetan eta Leatxeko Udalak onets ditzakeen ordenantzetan ezarritakoari lotuko zaio.
IV. KAPITULUA.–BESTELAKO APROBETXAMENDUAK
29. artikulua. Ehizarako aprobetxamendua.
Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua eginen da gai horri buruzko foru araudian ezarritakoari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 171. artikulua).
30. artikulua. Harrobien ustiaketa.
Herri-lurrak okupatzeko, herri-lurretan harrobiak ustiatzeko eta herri-lurretan ezarri gogo den beste edozein aprobetxamendutarako edo hobekuntzatarako, jarraitu beharko zaie kasu bakoitzerako Leatxeko Udalak prestatzen dituen baldintza-agiriei.
Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak onespena eman beharko du.
V. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA
31. artikulua. Herri-larreak.
Herri-larreen aprobetxamendua Leatxeko Udalak onetsitako ordenantzan xedatuaren arabera dago araututa, eta haren eduki osoa ordenantza honetan berresten da, salbu eta hemen xedatuari kontra egiten dion horretan.
V. TITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN
32. artikulua. Indarrik gabeko adjudikazioak.
1.–Leatxeko Udalak indarrik gabe uzten ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:
a) Haien gaineko kargak kentzea.
b) Herri-lurrak hobetzea.
c) Proiektu sozialak egitea, lagundu ahal izateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.
d) Basoberritze proiektuak egiteko aukera.
e) Parke eolikoak.
f) NPEaren jarraibide berriak.
2.–Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izanen dute.
3.–Une horietan, prozedura honi jarraituko zaio:
–Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesteko.
–Jendaurrean edukitzea, hilabetez, eta Udalaren-Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.
–Nafarroako Gobernuak onestea.
4.–Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordaindu eginen zaizkie sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.
33. artikulua. Proiektuak.
Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak onetsiko ditu toki entitateak; aldez aurretik, 15 egunean egongo dira jendaurrean eta, alegazioak aurkezten badira, Udalak ebatzi beharko ditu gero.
34. artikulua. Luberritzea.
Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena beharko da herri-lurrak laborantzarako luberritzeko.
VI. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
35. artikulua. Eskumenak.
Leatxeko Udalak bere esku dauka udal ordenantzan ezarritakoaren aurka jotzen dutenak zehatzeko ahalmena.
Nafarroako Gobernua arduratuko da aztertu eta zehatzeaz herri-lurrei eragiten dieten eta indarra duen baso-legeria hausten duten gertakariak.
36. artikulua. Arau-hausteak.
Arau-hauste administratibotzat hartzen dira herri-lurretan laboreekin zerikusia duten gertakari hauek:
–Arau-hauste arinak:
1. Adjudikaturiko lurzatien ehuneko laurogei gutxienez ez lantzea, ezinbesteko kasua ez bada.
2. Erregelamendu bidez finkatutako kanona edo bestelako tasak ez ordaintzea ezarritako epeetan.
3. Lurrak goldatzean bide ertzean ildoa irekia uztea, bidea bera edo areka hondatuz.
4. Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.
5. Ubide edo erreten eta abarretako irteerak bideetan isurtzea.
6. Ordenantza honetan xedatuaren aurkako beste edozein egintza, arau-hauste astun edo oso astun gisa sailkatu ez dena.
–Arau-hauste astunak:
1. Adjudikazio batean hiru arau-hauste arin egitea.
2. Adjudikazioa eskuratzeko, gezurrezko datuak ematea.
3. Leatxeko Udalari ez komunikatzea adjudikazio baldintzetan gerora izandako aldaketak, fede gaiztoz.
4. Nekazaritzako lanak egitea ordenantza honek baimentzen ez dituen sasoietan, larreen ustiapenaren kaltetan.
5. Labore iraunkorren landaketak egitea (zainzuri-landareak, fruta-arbolak, etab.), Leatxeko Udalaren baimenik izan gabe.
6. Ezponda, harri-txintxar, altxonbide, bide eta erreka-zuloetako lurrak lantzea.
7. Harriak edo bestelako gaiak isurtzea bideetan, altxonbideetan edo herri-lurretan Leatxeko Udalaren baimenik gabe.
8. Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.
–Arau-hauste oso astunak:
1. Adjudikazio batean hiru arau-hauste larri egitea.
2. Norberak ez laboratzea edo hirugarren batzuei lagatzea adjudikatutako loteak.
3. Herri-lurren loteak laboratzea haien adjudikaziorik izan gabe.
4. Udalak adjudikatu edo baimendu gabe, herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.
5. Azienden idoietatik ura hartzea eta horretarako tratamendu fitosanitarioetako makineria erabiltzea.
6. Landatuak ez diren arbolen mozketa edo eraispena, dagokion baimenik gabe.
7. Ordenantza honetan jasotzen ez den beste edozein arau-hauste interpretatu, tipifikatu eta zehatuko du tokiko gobernu batzarrak, Hirigintza eta Landa Batzordeak proposaturik.
37. artikulua. Zehapenak.
Ezertan ukatu gabe ondasun publikoei eta hirugarrenei egin ahal izan zaizkien kalteen ordainketa, ordeztea eta konponketa –kalteen egileek dagokion moduan ordainduko baitituzte– eta bidegabeki eskuratutako produktuen eta arau-haustean erabilitako baliabide eta tresnen konfiskazioa, aipatutako arau-hausteak honela zehatuko dira:
Arau-hauste arinak 60,10 eurotik 300,50 eurora bitarteko isunarekin.
Arau-hauste astunak 300,51 eurotik 601,01 eurora bitarteko isunarekin, eta indarreko adjudikazioaren iraungipenarekin.
Arau-hauste oso astunak 601,02 eurotik 1.202,02 eurora bitarteko isunarekin, eta herri-lurren aprobetxamenduaren adjudikazioduna izateko desgaikuntzarekin.
38. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.
Egintza gertatzen denetik bi hilabeteren buruan preskribituko dute arau-hausteek.
VII. TITULUA
39. artikulua. Norberaren borondatez uko egitea.
Egokitu zaion herri-lurretako lotean laborantza zuzenean eta pertsonalki egiteari borondatez uko egiten bazaio, hura erabiltzeko aukera galduko da aprobetxamenduaren epe osorako, ordenantza honen 33. artikuluan ezarritakoarekin bat.
40. artikulua. Aprobetxamenduaren galera.
Laborantzako herri-lurretako loteak erabiltzeko aukera, edonola ere, hurrengo arrazoiengatik galduko da: herriko biztanle izateari uzteagatik, Leatxen urtean bederatzi hilabetez egiazki ez bizitzeagatik, edo Leatxeko Udalarekin zerga-betebeharrak egunean ez izateagatik, ordenantza honetan agintzen den moduan.
41. artikulua. Adjudikaziodunen gainerako betebeharrak.
Herri-lurzatien adjudikaziodunek, besteak beste, honako betebehar hauek izanen dituzte: lehorreko eta ureztalurreko lurzatien laborantzarako betebehar orokorrak:
–Ez lantzea ezponda, ertz, altxonbide, bide eta erroitzetako lurrak.
–Ez botatzea harririk edo beste gairik bide, altxonbide edo herri-lurretan.
–Azienden idoietatik urik ez hartzea, eta ez erabiltzea tratamendu fitosanitarioak egiteko makineriarik horretarako.
–Ez moztea lurzatian dagoen zuhaitzik.
–Adjudikaturiko lurzatien ehuneko laurogei gutxienez lantzea, ezinbesteko kasua ez bada.
–Ez landatzea labore iraunkorrik (zainzuri-landareak, fruta-arbolak, etab.), Leatxeko Udalaren baimenik izan gabe.
–Lurrak goldatzean ez uztea ildoa irekia bide ertzean, bidea bera edo areka hondatuz.
–Kanona edo erregelamendu bidez finkatutako bestelako tasak ezarritako epeetan ordaintzea.
–Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, horretarako erabiltzea. Lehorreko lurren adjudikaziodunen betebehar berariazkoak:
–Lurzatiak ez goldatzea ez lantzea irailaren bata baino lehen, uzta udako zerealena izan bada, ez eta otsailaren 28a baino lehen ere, laborea negukoa izan bada.
–Ez erretzea herri-lurzatietako uztondoak. 42. artikulua. Aprobetxamenduak bukatzeko datak.
Adjudikazioaren azken urtean, lehorreko lurzatiek libre behar dute egon uztailaren 30erako eta ureztalurreko lurzatiek, berriz, abenduaren 31rako.
43. artikulua. Lurzatiak itzultzeko baldintzak.
Laborantza bakoitza bukatzean, plastiko-sistemaren bidezko landaketarik egin bada edo ureztatzeko hodiak edo bestelako instalazioak edo arbolak paratu badira, adjudikaziodunak lurzatiak behar bezala utzi beharko ditu, haien erabilera arruntarekin jarraitzeko; horretarako, plastikoak, hodiak, alanbreak, arbolak eta erabilitako bestelako materialak hondakindegi baimendu batera eramanen ditu aurreko artikuluan jasotako datetan. Aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzen ez duen adjudikaziodunak hurrengo banaketan lurzatiak eskuratzeko eskubidea galduko du, zuzeneko adjudikazioan zein enkantean, eta kontzetsioa kendu ahalko zaio, zehapen gisa.
44. artikulua. Herri-lurren itxiturak.
Herri-lurrak itxi ahal izateko ezinbestekoa izanen da aldez aurretik tokiko gobernu batzarrak idatzizko baimena ematea. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inola ere elkarrekin itxi.
45. artikulua. Aprobetxamenduak trukatzea.
Aprobetxamenduak ezin izanen dira onuradunen artean trukatu interesdun ukituek aldez aurretik eskabide bateratua egin eta euren adostasuna erakutsi eta Udalaren baimena izan ezean.
VIII. TITULUA.–HERRI-LURREN APROBETXAMENDUAREN
ETA BELARREN APROBETXAMENDUAREN ADJUDIKAZIODUNEN
ARTEKO HARREMANA
46. artikulua. Elkarrenganako errespetua.
Laborantzako herri-lurretako loteen adjudikaziodun orok errespetatu egin beharko ditu bazkalekuen adjudikaziodunak bertako belar eta uren gainean dituen eskubideak eta aprobetxamendua eta, era berean, bazkalekuen adjudikaziodun orok errespetatu egin beharko ditu laborantzako herri-lurretako loteen adjudikaziodunak lote horien gainean dituen eskubideak eta aprobetxamendua.
47. artikulua. Herri-larreen ordenantzaren araubide juridikoa.
Belarren aprobetxamenduaren ordenantza sartzen da Leatxeko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioari, erabilerari, defentsari, berreskuratzeari eta aprobetxamenduari buruzko ordenantza honetan, eta nahitaez bete beharko dute Leatxeko udal-mugartean herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun diren guztiek, dagokien neurrian.
48. artikulua. Belarren aprobetxamendua herri-lurzatietan.
Abeltzainak edo ureztalurreko loteen eta herri-lurzatien belarren eta larreen onuradunak egoki aprobetxa ditzan belarrak eta gainerako uztak, lurzatiaren edo lotearen adjudikaziodunak ezin izanen ditu lurzatiak goldatu edo landu (ez ureztalurrak ez lehorreko lurrak) irailaren bata baino lehen, uzta udako zerealena izan bada, ez eta otsailaren 28a baino lehen ere, laborea negukoa izan bada (artoa eta abar), salbu eta abeltzainarekin ados jarrita lurzatiko belarrak aprobetxatu baditu data horien aurretik.
49. artikulua. Errekurtsoak.
Ordenantzaren interpretazioa dela-eta, edo Leatxeko Udalak, osoko bilkuran, hura aplikatzearekin ikusteko duten egintza edo erabaki guztiak direla-eta sortzen diren afera guztiak errekurtso hauetakoren bat paratuz argituko dira:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, Udalaren osoko bilkurari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe geldituko dira ordenantza honetako xedapenei kontra egiten dieten maila bereko nahiz apalagoko xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENAK
Ordenantza hau aldatzeko edo deus gehitzeko, ordenantza onesteko erabili den tramitazio bera erabiliko da.
Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako izapideak bete ondoan.
Iragarkiaren kodea: L2508255
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
