2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
VIANA
Udal ordenantza, 0-2 urteko haurrei pixoihalak erosteko familiendako laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Vianako Udalak, 2024ko azaroaren 21ean egin osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Vianako Udalaren 0-2 urteko haurrei pixoihalak erosteko familiendako laguntzak arautzen dituen udal ordenantza.
Erabaki hura jendaurrean paratu zen, iragarkia argitaraturik 2024ko 249. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 10ean, bai eta Vianako Udalaren iragarki-taulan ere. Orduan, bada, alegazio bat aurkeztu zen.
Hura azterturik, Udalak, 2025eko otsailaren 20an egin osoko bilkuran, gehiengo osoz erabaki zuen ezestea, eta 2025eko maiatzaren 15ean egin osoko bilkuran, gehiengo osoz erabaki zuen ordenantza behin betiko onestea.
Behin betiko onespenaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, edo, bestela, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.1 artikuluan ezarritako kasuetan, bi hilabeteko epean, argitalpen honen biharamunetik hasita, edo, aldez aurretik eta aukeran, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.
Vianan, 2025eko maiatzaren 20an.–Alkatea, B. Yolanda González García.
ORDENANTZAREN XEDEA
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da familiendako laguntza ekonomikoak arautzea, 0-2 urteko haurrei pixoihalak eros diezazkieten.
BALDINTZA OROKORRAK ETA APLIKAZIO EREMUA
2. artikulua. Laguntzak 0tik 2 urtera bitarteko haurrak dituzten familiei emanen zaizkie, bakar-bakarrik gurasoak Vianan erroldaturik badaude eta egiazki eta modu jarraituan bertan bizi badira, salbu eta banandurik edo dibortziaturik badaude; gurasoetako batek bederen erroldaturik egon beharko du gutxienez urtebete lehenagotik, haurra sortu zenetik zenbatzen hasita. Orobat, per capita errenta 9.000 eurotik beherakoa izan behar dute.
UDALAREN LAGUNTZA MOTAK
3. artikulua. Laguntzak izanen dira Vianako Udalak onuradunei emaniko dirulaguntzak edo ekarpenak, ordenantza honek arautzen dituen baldintzetan; hala, hilabeteroko dirulaguntzak emanen dira, 20 eurokoak, pixoihalak erosteko, hitzartutako establezimenduetan trukatzen ahalko direnak.
UDALAREN BALIABIDE EKONOMIKOAK
4. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako laguntza ekonomiko guztiei aplikatzeko baliabideen guztizkoak udal aurrekontuan zehaztutakoak izanen dira. Espresuki xede horretara bideratutako partidak agortuko balira, beste batzuk ere erabiltzen ahalko dira.
LAGUNTZA EKONOMIKOEN ONURADUNAK
5. artikulua. Udal laguntza hauek eskuratzen ahalko dituzte, eskaturiko baldintzak betetzen badituzte, honako hauek:
a) 0tik 2 urtera bitarteko haurrak, haien gurasoak Vianan erroldaturik badaude eta egiazki eta modu jarraituan bertan bizi badira, salbu eta banandurik edo dibortziaturik badaude; gurasoetako batek bederen erroldaturik egon beharko du gutxienez urtebete lehenagotik, haurra sortu zenetik zenbatzen hasita. Orobat, per capita errenta 9.000 eurotik beherakoa izan behar dute.
Laguntzak haur bakoitzeko emanen dira.
Ordenantzan kontuan hartuko den per capita errenta izanen da justifikatzen dena eskaera egin aurreko urteko errenta aitorpenarekin.
Banandurik edo dibortziaturik egonez gero, zaintza eta jagoletza gurasoetako bati bakarrik esleitu zaionean, eskaeraren urteko per capita errentarako kontuan hartuko da honako hauen batura: batetik, zaintza eta jagoletza duen gurasoaren diru-sarrerak (nominak, prestazioak...) eta, bestetik, banantzearen epaian ezarririko mantenu-pentsioa.
LAGUNTZA EKONOMIKOEN ZENBATEKOA
6. artikulua. Dirulaguntza izanen da 20 euro hilean haur bakoitzeko.
LAGUNTZAK IZAPIDETZEA ETA ORDAINTZEA
7. artikulua. Ordenantza honetan jasotzen diren pixoihalak erosteko laguntzen eskaerak Udalari aurkeztuko zaizkio, zehazki, Udalaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari; honako agiri hauek beharko dira:
a) Laguntzaren eskabidea.
b) Bi gurasoen NANaren fotokopia edo identifikazio zedula.
c) Familia-liburuaren fotokopia.
d) Bi gurasoen erroldatze-ziurtagiria.
e) Azken errenta-aitorpenaren fotokopia, edo aurkeztu beharrik ez izatearen ziurtagiria, kasua bada; eskaera egiten denean aurkeztu beharko da, bai eta urte bakoitzeko ekainean ere, dirulaguntza jasotzeko eskubidea izaten den bitartean.
Hitzartutako establezimenduetan trukatzen ahal diren txartelen bidez eskuratuko da laguntza. Horiek hiruhileko guztietan banatuko dira.
Hiruhilekoaren 1etik 5a bitarte hartuko dira txartelak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan.
Ez da iragandako edo etortzeko den hilabeterako txartelik emanen.
Eskaera egin eta hurrengo hilabeterako izanen da laguntza; betiere, haurra sortu eta hurrengo hilabeterako, eta bi urte egin eta hurrengo hilabetean bukatuko da.
Iragarkiaren kodea: L2507227