Iragarkia
118. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 13a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
SARTAGUDA
"Las Viñas" eguneko zentroaren estatutuak. Behin betiko onespena
Sartagudako Udalak, 2025eko martxoaren 27an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen Sartagudako "Las Viñas" eguneko zentroaren patronatua deritzon tokiko erakunde autonomoa eratzea eta haren estatutuak hasiera batez onestea.
Erabakia 2025eko 74. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 14an, eta, alegaziorik aurkeztu ez denez, estatutuak behin betiko onetsitzat eman dira eta estatutuen testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da.
Sartagudan, 2025eko ekainaren 3an.–Alkatea, José Ignacio Eguizábal Martínez.
SARTAGUDAKO "LAS VIÑAS" EGUNEKO ZENTROAREN ESTATUTUAK
I. TITULUA.–HELBURUA, IZAERA ETA XEDEAK
1. artikulua. Patronatuaren izaera.
1. Patronatua erakunde autonomoa da, administrazio izaerakoa, Sartagudako Udalaren mendekoa, berezko nortasun juridikoa duena estatutu hauetan zehazten diren egitekoak garatzeko, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 85. artikuluari jarraikiz, Tokiko Gobernua Modernizatzeko Neurriei buruzko abenduaren 16ko 57/2003 Legeak eman zion idazketa berrian, baita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 192. eta 196. artikuluei ere.
2. Ulertzen da Udalak zerbitzu publikoa egiteko duen eskumenak eta erakunde autonomoaren eraketak ez dietela kalterik egiten Udalak Sartagudako eguneko zentroaren funtzionamenduan parte har dezaten bertze administrazio, pertsona edo entitateekin, izan publikoak ala pribatuak, sinatzen dituen lankidetza hitzarmenei.
3. Bere autonomiagatik ere, Udalaren babespean arituko da, horrek baititu zuzendaritzako, eta fiskalizazioko eginkizunak, baita jardueren eraginkortasuna kontrolatzekoa ere.
2. artikulua. Patronatuaren xedeak eta helburuak.
Patronatuaren xedea Sartagudako eguneko zentroaren kudeaketa integrala da, bai eta adinekoen autonomia eta mendekotasun egoeretarako zainketak sustatzeko etorkizunean zehazten diren jarduera guztiak ere, zehazki:
–Eguneko zentro gisa: adinekoei mantentze eta errehabilitazio zaintza ematea, eta, kasua bada, mantenuaren zerbitzua eskaintzea eta biltzeko eta laguntzeko gunea izatea hirugarren adineko pertsonentzat, beren ingurune familiarrean eta sozialean jarrai dezaten.
–Adinekoei arreta emateko zerbitzu gisa: autonomia sustatzeko eta mendekotasuna atzeratzeko zerbitzu bat eskaintzea. Sormenarekin, kulturarekin edo alderdi sozialekin lotutako jardueren eskaintza zabala ematea.
Autonomia sustatzea eta mendekotasuna atzeratzea helburu duten edozein motatako jarduerak egitea, udalerriko adineko guztientzat.
3. artikulua. Patronatuaren ahalmenak.
Bere jarduera atxikitako helburuetara egokitzeko, patronatuak, estatutu hauetan arautzen denari jarraikiz, halakoak egin ahalko ditu:
a) Edonolako ondasunak erosi eta eduki, eta horiek besterendu eta kargatu.
b) Bere ondarea administratu, baita bestelako pertsona fisiko edo juridikoek lagatako ondasunak ere.
c) Tasak edo prezio publikoak hartu.
d) Jaraunspenak, legatuak eta dohaintzak onartu, eta dirulaguntzak, sorospenak eta bestelako laguntzak eskuratu edozein erakunde publiko nahiz pribatutatik, are pertsona fisikoengandik ere.
e) Edonolako kontratuak, hitzarmenak eta lankidetza itunak sinatu.
f) Zerbitzua emateko behar diren langileak kontratatu, indarreko araudiaren eta Sartagudako Udalaren erabakien arabera.
g) Aurrekontua eta urteko kontuak prestatu eta onetsi, Udalak, osoko bilkuran, behin betiko onetsiko dituenak.
h) Ekintza judizial eta administratiboak erabili.
i) Erregelamendu ahalmena, kudeatzen dituen zerbitzu publikoei dagokienez, Udalak ezartzen duen oinarrizko erregulazioan ezarri bezala.
j) Esleiturik dituen zuzenbide publikoko diru-sarrerak biltzeko ahalmena.
4. artikulua. Helbidea.
Patronatuaren egoitza Sartagudako udaletxean dago, helbide honetan: Foruen plaza 1, 31589 Sartaguda (Nafarroa).
5. artikulua. Iraupena.
Patronatua denbora mugagaberako eratu da, eta desegiten ahalko da eta iraungirik gelditu estatutu hauetan aurreikusten den moduan.
II. TITULUA.–GOBERNU ETA ADMINISTRAZIO ORGANOAK
6. artikulua. Gobernu organoak.
1. Patronatuak honako gobernu organo hauek ditu:
a) Patronatuko burua.
b) Patronatuko buruordea.
c) Zuzendaritza Batzordea.
d) Zuzendaria.
2. Zuzendaritza Batzordearen mende eta kontrolpean, komenigarri ikusten diren adina lan batzorde eratzen ahalko dira. Haien lana izanen da gaiak aztertzea eta Batzordeari txostenak eta erabakiak hartzeko proposamenak igortzea. Lan batzorde horietan parte hartzen ahalko dute bai Zuzendaritza Batzordeko kideek, bai horretarako egokiak juzgatzen diren pertsonek.
3. Sartagudako eguneko zentroak, gizarte zerbitzuen arloan indarra duen araudiarekin bat, Jarraipen Batzorde bat eta Parte-hartze Kontseilu bat izanen ditu.
I. KAPITULUA.–PATRONATUKO BURUA
7. artikulua. Patronatuko burua Sartagudako Udaleko alkate udalburua izanen da, edo hark eskuordetzen duen zinegotzia; honako eskudantzia hauek izanen ditu:
a) Eguneko zentroko patronatuaren eta haren gobernu organoen ordezkari izatea ekitaldi eta kontratu guztietan, edozein agintari edo erakunderen aurrean, ezertan ukatu gabe ahalak eman edo eskuordetzeak egiteko aukera.
b) Presazko kasuetan, Batzordeari esleitutako eskumenak baliatzea, eta hari kontu ematea berrespen ondorioetarako.
c) Batzordearen bilkuren deia egitea, horietan buru izatea eta eztabaidak zuzentzea, eta berdinketa izanez gero, erabakitzea bere kalitatezko botoarekin.
d) Patronatuaren gobernua eta administrazioa zuzentzea.
e) Kudeaketa ekonomikoa egitea, onetsitako aurrekontuaren arabera, gastuak xedatzea bere eskumenaren mugen barrenean, kontu ematea, kreditu-eragiketak hitzartzea, betiere, aurrekontuan aurreikusitakoak badira eta ekitaldi ekonomiko bakoitzean egiten duten zenbateko metatua ez bada baliabide arrunten %10 baino handiagoa, berari dagozkion diruzaintzako kreditu-eragiketak izan ezik, baldin eta eragiketa bizien zenbateko metatua ez bada ekitaldian agertzen diren diru-sarrera arrunten %15 baino handiagoa, betiere Sartagudako Udalak osoko bilkuran baimena eman ondoren.
f) Lan publikoaren eskaintza Udalaren osoko bilkuran onetsitako aurrekontuaren eta plantillaren arabera onestea eta langileak hautatzeko proben oinarriak onestea.
g) Ekintza judizial eta administratiboak erabiltzea eta patronatua defenditzea bere eskumeneko gaietan; eta presakoa denean, Zuzendaritza Batzordearen eskumenekoak diren gaietan; azken kasu horretan horri eman beharko dio egindakoaren berri, haiek berresteko egiten den lehenbiziko bilkuran.
h) Mota guztietako kontratazio eta kontzesioak, haien zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez bada; horien artean urte anitzetakoak ere sartzen dira, lau urte baino gehiago iraun behar ez badute, betiere urteko guztien zenbateko metatuak aipatu portzentajea gainditzen ez badu lehen ekitaldiko aurrekontuko baliabide arrunten gainean.
i) Zerbitzu eta obra proiektuak onestea, kontratazioa bere eskumena bada, eta aurrekontuan aurreikusirik badaude.
j) Ondasunak eta eskubideak erostea, baita haien besterentzea ere, haien balioa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez bada, eta besterentzea, aipatutako portzentajean.
k) Patronatuaren erabakiak argitaratzeko eta betetzeko agintzea eta betearaztea.
l) Patronatuaren aurrekontua prestatzea.
m) Patronatuaren zerbitzuko langileen burutza.
n) Legeek espresuki bere esku uzten dituzten gainerakoak.
II. KAPITULUA.–PATRONATUKO BURUORDEA
8. artikulua. Patronatuko buruordea Sartagudako Udaleko zinegotzi bat izanen da, Osoko Bilkurak bere kideen artetik izendatzen duena.
Hauek izanen dira eguneko zentroko patronatuko buruordearen eginkizunak:
a) Patronatuko burua ordeztea, izendapen hurrenkeraren arabera, hura falta denean edo kanpoan, eri edo ezinean dagoenean.
b) Buruak esleitzen dizkion eginkizunak eta eskumenak.
III. KAPITULUA.–ZUZENDARITZA BATZORDEA
9. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen osaera eta izendapena.
1. Zuzendaritza Batzordea patronatuaren gobernu organo gorena da. Batzorde honek haren gobernua eta kudeaketa gorena izanen ditu bere gain, eta kide hauek osatuko dute:
a) Patronatuko burua.
b) Patronatuko buruordea.
c) Udaleko ordezkariak. Udalaren errealitate politikoa islatu beharko dute, eta, gutxienez, udal talde bakoitzeko zinegotzi batek parte hartuko du.
d) Sartagudako eguneko zentroko zuzendaria, hizpidea duela baina botorik ez.
2. Udalaren ordezkariak Osoko Bilkurak izendatuko ditu eta haien agintaldia udal legegintzaldikoa izanen da. Hiru hilabeteko epean berrituko dira hauteskundeak egiten direnetik aurrera. Lau eta sei kide bitarte izanen dira, gehienez ere, Sartagudako Udaleko talde politikoen kopuruaren arabera.
3. Udaleko idazkaria izanen da Zuzendaritza Batzordeko idazkaria. Bestela, batzordeko kideen artean lagun bat hautatutako da, idazkari gisa jardun dadin.
10. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen eginkizunak.
Batzordeak, patronatuaren gobernu organo gorena den aldetik, haren helburuak betetzen direla zainduko du eta, horretarako, eginkizun hauek beteko ditu:
a) Gobernu organoak kontrolatu eta fiskalizatzea.
b) Udal zergak ezarri, aldatu eta kentzeko proposamena egitea eta horiek arautzen dituzten ordenantza fiskalak onestea, deusetan ukatu gabe Osoko Bilkurari igortzea hark behin betiko onesteko.
c) Lanpostuen zerrenda onestea.
d) Hasiera batean proposatzea kreditu bereziak egiteko espedientea, deusetan galarazi gabe Osoko Bilkurari igortzea, bidezkoa denean.
e) Kreditu transferentziak onestea funtzio taldeen artean.
f) Beste administrazio publiko batzuek egindako eskumen eskuordetzea onartzea.
g) Ekintza judizial eta administratiboak erabili eta patronatua defendatzea, Zuzendaritza Kontseiluaren eskumeneko gaietan.
h) Patronatuaren egintzen gaineko kaltegarritasunari buruzko deklarazioa.
i) Kreditu-eragiketak egitea, Sartagudako Udalak baimendu ondoren.
j) Bere xedeak betetzeko, gastu eta diru-sarreren urteroko aurrekontua eta langileen plantilla organikoa onestea eta Udalari igortzea, hark onets ditzan.
k) Urtean egindako gastuak ikuskatzea, behar diren txosten, kontu eta balantzeak idazteko. Hura Kontu Hartzailetzaren gainbegiradapean eginen da eta Udalari igorriko zaio, behin betikoz onets dezan.
l) Erakunde publikoetan kudeatzea bilatzen den xederako laguntzak.
m) Mota guztietako ondasunak salerostea, kredituak hartzea eta doan emateak, legatuak eta jaraunspenak onartzea.
n) Gastuak baimendu eta xedatzea, ekitaldi bakoitzeko aurrekontua betearazteko oinarrietan erabakitzen denaren arabera.
o) Patronatuak jaso beharreko tasa eta prezio publikoak prestatzea, baita urteko diru-sarrerak banatzeko arauak ere, eta Udalari igorriko zaizkio, behin betikoz onets dezan.
p) Ekintza zibil, penal, administratibo, kontentzioso eta laneko orotan jardutea, edo auzitaratu gisa agertzea Patronatuak bereak dituen eginkizunak betetzeko.
q) Erregelamendu ahalmena, kudeatzen dituen zerbitzu publikoei dagokienez.
r) Azken batean, patronatuaren helburuak betetzeko behar diren eginkizun guztiak eta barne araubideko erregelamenduan aurreikusten direnak betetzea, baita patronatuko buruaren eskumenekoak ez direnak ere.
IV. KAPITULUA.–ZUZENDARIA
11. artikulua. Izendapena.
Zuzendaria, eguneko zentroko patronatuko kide bakarreko organo betearazlea, patronatuko batzordeak izendatu eta kargutik kenduko du, zentrora esleitutako langileen artean.
Hona hemen zuzendariaren eginkizunak:
a) Patronatuko batzordearen erabakiak eta buruaren aginduak eta dekretuak aplikatu eta betearaztea.
b) Zerbitzuak zuzendu eta ikuskatzea eta langileak egunero zuzentzeko ardura bere gain hartzea.
c) Uneko baliabideen lan harremanak koordinatu eta administratzea.
d) Zuzendaritza Batzordeak onetsitako aurrekontuetatik eratorritako baliabide ekonomikoak administratzea.
e) Egiten diren ikuskapenetan laguntzea.
f) Zerbitzuen erabiltzaileen eta horien senideen erreklamazioak jaso eta izapidetzea.
g) Gertatzen diren gatazka jardueretan bitartekari izatea. Kexa, iradokizun eta erreklamazioak izapidetu eta koordinatzea.
h) Batzordearen bilkuretara joatea, hizpidea duela baina botorik ez.
i) Baliabideetan sortzen diren jardueretako urteko plangintza proposatzea.
j) Beste erakunde ofizial batzuekin komunikazio kanala sortzea, hala nola Nafarroako Gobernua, oinarrizko gizarte zerbitzuak, osasun zentroak, etab.
k) Garraio zerbitzua koordinatzea.
l) Zuzendaritza Batzordeak eman edo patronatuko buruak eskuordetzen dizkion guztiak.
V. KAPITULUA.–FUNTZIONAMENDU ARAUBIDEA
12. artikulua. Bilkuren araubidea.
1. Zuzendaritza Batzordeak aurrez finkatutako egunetan eginen ditu bilkura arruntak eta, gutxienez, lau hilabetetik behin.
2. Halaber, Zuzendaritza Batzordeak bilkura bereziak egiten ahalko ditu, buruak horrela erabakitzen duenean berez nahiz batzordekideen heren batek hala eskatuta.
3. Bilkuretarako deia eginen da astebete lehenagotik bederen, non ez duen gaiaren presak besterik eskatzen, orduan 48 ordu lehenagotik egin bailiteke. Halakoetan, gai zerrendaren lehen puntuan bileraren presa onetsi beharko da gehiengoz.
4. Lehen deialdian bilkura baliozkoa izateko, batzordekideen erdiek eta bat gehiagok agertu beharko dute. Bigarren deialdia lehenbizikorako finkatu baino ordu erdi geroago eginen da, hala behar bada, eta horretarako aski izanen da batzordekideen herenak agertzea.
5. Bilkurak ez dira ez hasten ahal ez egiten ahal, bertan ez badira burua eta idazkaria, edo legez haien ordezko direnak. Burua ez badago, buruordeak hartuko du haren lekua.
6. Gai zerrendan sartu gabeko kontuak presako deklaratu direnean baizik ez dira eztabaidatuko. Deklarazio horrek bertan direnen gehiengoa beharko du.
7. Toki araubidearen legeriak Udalaren osoko bilkuretarako eskatzen duenetan nahitaezkoak izanen dira Udaleko Idazkaritzaren eta Kontu Hartzailetzaren txostenak.
8. Batzordearen erabakiak baliozkoak izanen dira baldin eta agertzen direnen gehiengoaz hartzen badira. Batzordeburuak kalitatezko botoa izanen du berdinketarik izanez gero.
9. Zuzendaritza Batzordearen bozketak arruntak, izendunak edo isilpekoak izan daitezke, edozein kidek eskatuta.
10. Batzordekideek ezin izanen dute parte hartu eztabaida edo erabakietan, interes zuzena baldin badute gaietan edo, halaberean, beren ahaideei eragiten badiete, hirugarren gradukoak barne. Halakoetan, interesdunak lekutu beharko du, gaia eztabaidatu eta bozkatzen den bitartean.
11. Buruak gai zerrendako puntu zehatzen batera deitzen dituenak etortzen ahalko dira batzordearen bilkuretara, hizpidea dutela baina botorik gabe, patronatuaren zerbitzuko langileak izan ala ez.
12. Sartagudako Udalaren osoko bilkurak zer arau dituen, horiexek zuzenduko dute bilkuren funtzionamendua.
13. artikulua. Bilkuren akta.
1. Akten liburua eramanen da eta hartan Zuzendaritza Batzordearen erabakiak jasoko dira. Honako hauek paratuko dira: bilkuren tokia, eguna eta ordua, buruaren eta bertan diren batzordekideen izen-deiturak, eztabaidagai izan diren kontuak, emandako iritzien laburpena eta hartu diren erabakiak.
2. Zuzendaritza Batzordeko buruaren eta idazkariaren sinadurek baimenduko dituzte aktak.
14. artikulua. Zuzendaritza Batzordeko idazkariaren eginkizunak.
a) Zuzendaritza Batzordearen bilkuretan parte hartzea, hitzarekin baina botorik gabe. Dena den, gerta liteke Zuzendaritza Batzordeko kide bat aritzea idazkari gisa. Halakoetan, hitza eta botoa izanen ditu.
b) Buruak bilkura bakoitzeko deialdiko gaien zerrendan sartuko dituen gaiak prestatzea.
c) Bilkuretarako deialdia egitea, buruak hala aginduta, eta Zuzendaritza Kontseiluko kideentzako jakinarazpenak egitea.
d) Bilkuretako aktak idatzi eta zaintzea.
e) Onetsitako egintza eta erabakien ziurtagiriak egitea.
f) Patronatuko organoei laguntza juridiko-administratiboa ematea.
g) Idazkari postuaren gainerako berezko eginkizunak, toki araubidearen legeriaren arabera dagozkionak.
15. artikulua. Kontu-hartzailearen eginkizunak.
Erakundearen kontu-hartzailea Sartagudako Udaleko kontu-hartzailea izanen da, edo haren legezko ordezkoa. Ekonomia eta finantza kudeaketaren eta aurrekontuaren kontrol eta fiskalizazioaz arduratuko da, eta Zuzendaritza Kontseiluaren bilkuretan parte hartuko du, hizpidearekin baina botorik gabe.
VI. TITULUA.–PARTE-HARTZE KONTSEILUA
16. artikulua. Eginkizunak.
Honako hauek dira Parte-hartze Kontseiluaren helburuak:
a) Aholkularitza ematea eguneko zentroaren eta haren kudeaketaren gainean.
b) Eguneko zentroa osatzen duten edo harten zuzeneko interesak dituzten lagunen eta erakundeen parte-hartzea artikulatzea, lankidetzan oinarrituta.
c) Zentroaren jarduera-programaren gaineko txostenak egitea eta programa ebaluatzea.
d) Zentroaren funtzionamendurako mesedegarri diren proposamenak egitea.
e) Egoiliarren eta langileen partetik informazioa jasotzea zentroaren funtzionamenduari buruz.
f) Lankidetzarako harremanak ezartzea.
17. artikulua. Osaera.
Honako hauek osatuko dute Parte-hartze Kontseilua:
a) Zentroko 10 erabiltzaileko, erabiltzaileen eta senideen ordezkari bat.
b) Talde politiko bakoitzeko zinegotzi bat (Zuzendaritza Batzordeko kide direnak).
c) Zuzendaria.
d) Langileen ordezkari bat.
e) Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko arduraduna, Sartagudako udalerriari atxikia.
f) Sartagudako erretiratuen klubeko ordezkari bat.
18. artikulua. Funtzionamendua.
1. Parte-hartze Kontseiluak lau bilkura arrunt, gutxienez, eginen ditu urtean. Orobat, bildu beharko da hala eskatzen duenean kideen heren batek.
2. Parte-hartze Kontseiluan jorratzen diren gaiak Zuzendaritza Batzordeari igorriko zaizkio. Hain zuzen, azken hori izanen da gaiei buruzko erabakiak hartuko dituena.
III. TITULUA.–ONDASUNAK, BALIABIDE EKONOMIKOAK, AURREKONTUAK ETA KONTUAK
19. artikulua. Patronatuaren ondarea.
1. Honako hauek osatuko dute patronatuaren ondarea:
a) Udalak atxikitzen dizkion ondasunak, jatorrizko kalifikazio juridikoa gordeko badute ere. Sartagudako eguneko zentroaren eraikina eta altzariak organo autonomoaren sorrerari atxikiko zaizkio.
b) Patronatuak beste edozein titulu bidezko erabiliz erosten dituenak.
2. Horretarako, patronatuak ondare hori osatzen duten ondasunen zerrenda eginen du bere inbentarioan.
20. artikulua. Baliabide ekonomikoak.
Hona hemen patronatuaren baliabideak:
a) Udalak urtero bere aurrekontuetan atxikitzen dion diru ekarpena.
b) Bere ondarean produktu, aprobetxamendu, fruitu eta errendimenduak.
c) Edozein entitate publiko nahiz pribaturen dirulaguntza eta laguntzak, eta partikularrenak.
d) Zentroko eta klubeko erabiltzaileengandik datozen diru sarrerak (tasak, prezio publikoak), beste erakunde batzuekin izenpetutako hitzarmenak, etab.
e) Beren ardurapean dituzten erakundeetako kide edo lankideen kuotak.
f) Bere jarduera berariazkoek edo zerbitzuak emateak ekartzen ahal dizkioten diru-sarrerak.
I. KAPITULUA.–AURREKONTU ARAUBIDEA
21. artikulua. Aurrekontu, ekonomia eta finantza, kontabilitate, kontu-hartzailetza, finantzen kontrol eta eraginkortasun kontrolerako araubidea toki ogasunei buruzko legeriaren araberakoa izanen da, arau hauek kontuan hartuta:
a) Organo autonomoaren aurrekontuari dagokionez, buruak osatuko du, kontu-hartzaileak haren gaineko txostena emanen du eta Zuzendaritza Kontseiluak proposatutako du hasiera batez. Urteroko irailaren 15a baino lehen igorriko zaio Sartagudako Udalari, aurrekontu orokorrean txerta dezan.
b) Aurrekontuaren aldaketak aurrekontu orokorra egikaritzeko oinarrietan ezarritakoaren arabera izapidetuko dira.
c) Aurrekontuan baimendutako kredituen zenbatekoaren barnean, burua edo Zuzendaritza Kontseilua arduratuko da gastuak baimendu eta xedatzeaz, estatutu hauetan ezarritakoaren arabera.
d) Legezko moduan hartutako gastu konpromisoetatik eratorritako obligazioak aitortu eta likidatzea, eta baita ordainketak agintzea ere, udal aurrekontua egikaritzeko oinarrietan xedatzen den organoari dagokio.
e) Patronatuaren diruzaintza eta diru bilketa eginkizunak, kontu-hartzailetza eta kontabilitate publikoko araubidearen mende egonen direnak, zuzendariari eskuordetuko zaizkio, eta hark izenpetuko ditu gordailu kontuetako funtsen xedapenak, ordainketa agintzailearekin eta kontu-hartzailearekin batera.
f) Organo autonomoaren egoera orriak eta kontuak buruak jakinaraziko ditu eta Zuzendaritza Kontseiluak proposatuko dizkio Sartagudako Udalari, dagokion ekitaldia bukatu eta hurrengo maiatzaren 15a baino lehen.
g) Sartagudako Udaleko Kontu Hartzailetzari dagokio patronatuaren kontabilitatea ikuskatzea, Udaleko Osoko Bilkurak ezartzen dituen prozedurei jarraituta.
22. artikulua. Merkataritza kontratazioa.
1. Kontratu publikoei buruzko foru legeetan ezartzen dena izanen da patronatuaren kontratazio araubidea.
2. Kontratatzeko eskumena organo hauei dagokie:
a) Buruari:
–Urteko kontratazioak, haien zenbatekoak gainditzen ez badu aurrekontuko diru-sarrera arrunten %20.
–Urte anitzetarako kontratazioak, baldin eta gastua aplikatzen den ekitaldien kopurua lautik gorakoa ez bada, eta urte guztietako zenbatekoak, baturik, arestian aipatu portzentajea gainditzen ez badu.
b) Zuzendaritza Batzordeari, gainerako kasu guztietan, betiere baliabide arrunten %30eko muga duela. Zenbateko hori gainditzen badu Sartagudako Udalak baimendu beharko du beti.
23. artikulua. Finantza-eragiketak.
Udalak aitzinetik baimena emanda, organoak klase orotako finantza eragiketak egiten ahalko ditu; bereziki, kreditu edo mailegu eragiketa aktibo nahiz pasiboak hitzartzen ahalko ditu, toki ogasunen gaineko araudian ezarriari jarraikiz eta urteko aurrekontuetan aurreikusitako mugekin bat.
II. KAPITULUA.–ONDARE ERANTZUKIZUNA
24. artikulua. Ondare erantzukizuna.
a) Patronatuaren eta beren zerbitzuak bertan ematen dituztenen agintari eta langileen ondare erantzukizunaren araubideak Udalari eskatzen zaizkion baldintza eta kasu berak izanen ditu, arloko xedapen orokorrei jarraikiz.
b) Zuzendari/kudeatzaileari dagokio organoaren eskumeneko zerbitzuen ohiko edo ezohiko funtzionamenduagatik aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.
IV. TITULUA.–LANGILEAK
25. artikulua. Patronatuko langileak.
1. Patronatuak bere xedeak betetzeko behar adina langile izanen ditu, eta haien kopuru, kategoria eta eginkizunak Batzordeak onesten duen plantillan zehaztuko dira. Plantilla hori, dagokion lan eskaintzarekin batean, urtero prestatuko da aurrekontuekin batean, eta Udalari igorriko zaio, osoko bilkuran onets dadin.
2. Patronatuko langileak lan kontratudunak izanen dira eta sektoreko langileei aplikatzekoa zaien hitzarmen kolektiboa aplikatuko zaie, eta, kasua bada, langileen lan baldintzak hobetzen dituen itun edo hitzarmen pribatu bat aplikatzen ahalko zaie. Langileen ordainsarien baldintzak zehaztu eta aldatzeko, bete beharko dira osoko bilkuran hartarako onesten diren arauak, betiere bat etorriz aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboarekin, eta, kasua bada, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileriari buruzko araudiarekin.
26. artikulua. Langileen burutza.
Patronatuko burua izanen da langileen burua.
V. TITULUA.–SARTAGUDAKO UDALAREN AHALMENAK KONTU-HARTZAILETZAN, FISKALIZAZIOAN ETA KONTROLEAN
27. artikulua. Udalaren esku hartzea.
Sartagudako Udalak, patronatuari dagokionez, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Aurrekontua behin betiko onestea.
b) Urteko kontuak behin betiko onestea.
c) Plantilla organikoa eta lan publikoko eskaintza behin betiko onestea.
d) Erabiltzaileek ordaindu beharreko tasak eta prezio publikoak onestea.
e) Ondasun higiezinak erosi, besterendu edo kargatzeko aldez aurreko baimena.
f) Aldez aurreko baimena, kredituak eta maileguak hartzeko.
g) Pertsona fisiko edo juridikoekiko hitzarmenak onestea, kasuan kasuko Udalbatzaren agintaldia baino denbora luzeagoan izan behar badute indarra.
28. artikulua. Tutoretza eginkizuna.
Organo autonomoaren zuzendaritza eta tutoretza eginkizuna Udalari dagokio, eta bere organo eskudunen bitartez gauzatuko du, estatutu hauetan eta estatuko zein erkidegoko araudietan zein gainerako xedapen aplikagarrietan xedatutakoaren arabera.
29. artikulua. Egintzak baliatzea.
a) Organo autonomoak zuzenbideak esleitzen dizkion egintzak baliatzeko erabateko gaitasuna izanen du, estatutu hauen arabera.
b) Nolanahi ere, Udalari jakinarazi beharko dizkio berehala, laguntzailekide moduan ager dadin, beharrezkoa bada, edo egintzak aurrera jarrai dezan beharrezkotzat jotzen dituen elementuak eskura jar ditzan. Atzera egin edo amore emateko, egintzak baliatzeko baldintza berak bete beharko ditu.
VI. TITULUA.–ESTATUTUAK ALDATZEA ETA PATRONATUA DESEGITEA
30. artikulua. Estatutuen aldaketa.
Udalak ofizioz edo Zuzendaritza Batzordeak proposatuta eginen du estatutu hauen aldaketa. Horiek prestatzeko zer bide erabili zen, horrexeri segituko zaio.
31. artikulua. Patronatuaren desegitea.
1. Sartagudako Udalak ofizioz edo Zuzendaritza Batzordeak proposatuta erabaki dezake patronatua desegitea, betiere Udalbatza osatzen dutenen legezko kopuruaren gehiengo osoa alde badago.
2. Patronatua deseginda, hari atxikitako ondasunek beren lotespena galduko dute, eta Sartagudako Udalak eskuragarritasun osoa izanen du haien gain. Orobat, patronatuarenak baizik ez diren ondasunak Sartagudako Udalaren jabetzakoak bilakatuko dira.
VII. TITULUA.–ARAUBIDE JURIDIKOA
32. artikulua. Patronatuaren araubide juridikoa.
1. Patronatuko Zuzendaritza Batzordearen eta buruaren egintzek amaiera ematen diote administrazio bideari.
2. Patronatuko organoen ebazpenen kontra paratzen ahalko dira Nafarroako toki entitateen egintzen kontra une bakoitzean bidezko diren errekurtsoak.
33. artikulua. Aplikatuko beharreko araudia.
Estatutu hauetan jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeari, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeari eta aplikatzen ahal diren gainerako lege xedapenei jarraikiko zaie.
Iragarkiaren kodea: L2507957
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
