2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ERRONKARI
Auzolana arautzen duen Udal Ordenantza. Behin betiko onespena
Erronkariko Udalak, 2025eko martxoaren 24an egindako Osoko Bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Erronkariko (Nafarroa) auzolana arautzen duen Udal Ordenantza.
Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onesten da, eta agintzen da osorik argitara dadila testua, behin betikoa, behar diren ondoreak izan ditzan; hori dena, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.
Erronkarin, 2025eko maiatzaren 27an.–Alkatea, Amparo Viñuales Galé.
ERRONKARIKO AUZOLANA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
Zioen azalpena.
Ordenantza hau, lehenik, arautzen da Erronkariko auzolanaren ohitura historikoaren bidez; orobat, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 53, 54 eta 55. artikuluetan xedatutakoaren bidez.
2024an, Erronkariko Udalak, Pirinioetako toki-erakundeei Pirinioetako Planari lotutako ekintzak finantzatzeko emandako dirulaguntzaren bidez, parte hartzeko prozesu bat egin zuen irailetik azarora bitartean. Prozesu horren helburua izan zen auzolanari buruzko ordenantza bat izatea, eta hura erabakiak hartzeko parte-hartze prozesu lotesle baten bidez egitea.
Udalean auzolanaren figura arautzeko beharra planteatu genuen, arrazoi ugari zirela tarteko. Jende gutxiago bizi gara herrian, eta ez dago behar den guztia egiteko langile nahikoa. Udalak baliabide ekonomiko eta langile kopuru mugatuak ditu. Auzolana aldatu egin da: aseguruak eta antolaketa handiagoa behar ditugu hura gauzatzeko. Ekitate kontua da, eta herriari ekarpenak egitea beti berdinak ez daitezen jardun. Komunitatea zabaldu nahi dugu, auzolan askotarikoago eta antolatuago baten bidez.
Eginiko jarduketei dagokienez, herritar guztientzat irekitako parte hartzeko hiru batzar egin ziren, eta, aurrez, beste batzar bat Udalarekin, non, zenbait ordenantza eredu aztertu ondoren, proposamen bat hartu baitzen oinarritzat, eta konpromiso bat hartu ere: prozesuaren emaitzetan oinarrituta egitea ordenantza.
Parte hartzeko prozesuak denbora mugak ditu, batetik, dirulaguntzen epeengatik, eta, bestetik, jendeak erregulartasunez bertaratzeko dituen mugengatik. Parte hartzeko prozesu hori egiteak ez ditu baztertzen herritarrek aurkez ditzaketen alegazioak, eta Udalak horiek baloratzeko konpromisoa hartzen du.
Nolanahi ere, herrian badaude zeregin ugari, herria mantentzen laguntzekoak, herriko biztanleek egiten dituztenak baina ez direnak ordenantza honetan sartzen. Zeregin horiek gaur egunera arte iritsi den auzolanaren espiritu horri erantzuten diote, halaber.
Erronkariko Udalean, herritarrek parte hartzeko tresna hori proposatzen dugu, eta horren xedea da herritarren konpromiso eta ekintza indibiduala baliatzea gure udalerriko azpiegiturak hobetzeko eta mantentzeko. Horrez gain, parte hartzeko ekintzak eta jarduerak aktibatzen jarraituko dugu arlo ugaritan, hala nola kulturan, kirolean eta elkarrekiko laguntzan, horiek guztiona denaren defentsaren adierazletzat hartuta.
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da auzolana arautzea, Erronkariko herriaren mesederako egiten diren lan eta zerbitzuei dagokienez.
2. artikulua. Oinarria.
Erronkariko auzolana ordenantza honen arabera arautzen da, baita Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoaren arabera ere.
3. artikulua. Auzolantzat zer hartzen den ordenantzan.
1. Ordenantza honen ondoreetarako, auzolantzat hartuko da Erronkariko garapen sozial, ekonomiko eta kulturalaren alde egiten den edozein prestazio pertsonal, baldin eta auzolaneko zeregina dela erabaki bada eta Udalak auzolan gisa definitu badu egindako deialdian.
Onartzen da herrian eta borondatez egiten diren beste zeregin batzuek hemen jasota daudenen ildo berean egiten dutela ekarpena eta auzolanaren espirituari erantzuten diotela, baina ez direla 1. apartatuan deskribatutakoak eta, horregatik, ez daudela erregulazio honen mende.
2. Auzolana erabiltzen ahalko da udalerriko azpiegiturak eraikitzeko, zaintzeko eta hobetzeko, bai eta bere eskumeneko obrak egiteko ere.
4. artikulua. Egin beharreko lanak.
Auzolan mota hauek daude:
a) Urteko lan finkoak: urtero errepikatzen diren ohiko zereginak. Udalak urtea amaitu baino lehen identifikatu eta planifikatuko ditu lan horiek.
b) Noizik behingo lanak: beharrezkoa denean egiten diren lanak.
c) Aguazilari laguntzea: dagozkion lanetan laguntzea aguazilari, behar duenean.
d) Proposaturiko lanak: Erronkarin bizi diren eta erroldatuta dauden herritarrek proposatzen dituzten lanak, ordenantza honen 17. artikuluan jasota dagoenez.
Ahal den neurrian, lanak askotarikoak izanen dira, adin (bereziki, gazteek eta adinekoek), genero eta trebetasun desberdinetako pertsonek parte hartzeko aukera izan dezaten. Otamena prestatzea auzolaneko zeregintzat hartzen eta baloratzen da.
5. artikulua. Iraupena.
Ordenantza honetan aipatzen den prestazio pertsonala edo auzolana ez da urtean zortzi ordutik gorakoa izanen, eta horrek esan nahi du, oro har, deitzen diren auzolanetako bitan parte hartzea.
6. artikulua. Deialdia.
Auzolana egiteko deialdia aldez aurretik, aski tartez, jakinaraziko zaie herrian bizi direnei, banaka edo modu kolektiboan. Zereginak eta jarduera bakoitzerako materiala zehaztuko dira deialdian.
Deialdia indibiduala edo irekia izan daiteke:
–Indibiduala: jakinarazpena egiteko edozein bide erabil daiteke, betiere interesdunak edo bere ordezkariak jaso duela idatzirik uzten bada eta jakinarazpena zein den, noizkoa den eta zer dioen ere idatzirik uzten bada.
–Irekia: epe bat irekiko da, herritarrek izena eman dezaten beren borondatez, lan jakin bat egiteko. Udalak egin beharreko jarduerarekin bat datozen jarraibideak finkatuko ditu.
7. artikulua. Subjektu pasiboak.
1. Auzolana egitera beharturik daude:
a) Kide bat etxebizitza bakoitzeko, hemezortzi (18) urtetik berrogeita hamabost (55) urtera bitartekoa. Etxebizitzatzat hartzen da egitura aldetik bereizia eta independentea den esparrua, pertsonak bizitzeko sortua, edo errolda egiten den unean norbaiten ohiko bizilekua dena.
b) Etxebizitzaren ordezkaria ordezkatzen ahalko da prestaziorako egokia den beste pertsona batekin, betiere horrek borondatez egiten badu eta hemezortzi (18) urte baino gutxiago ez baditu eta berrogeita hamabost (55) urte baino gehiago ez baditu. Ordezkapen hori aldez aurretik jakinarazi behar zaio Udalari, parte-hartzaileen zerrendan sar dezan, aseguruarekin egin behar diren komunikazioetarako.
c) Etxebizitza batean adin-tarte horretako inor ez badago edo salbuesteko arrazoi justifikaturen bat badago (7. artikulua, 2. apartatua), desagertu eginen da deialdi horretan etxebizitza horrek parte hartzeko betebeharra.
d) Nahitaezko adinera iristen ez direnek eta gainditu egiten dutenek auzolanera beren borondatez joateko aukera izanen dute, eta horren berri ere eman beharko dute, aseguruak estalita egoteko. Pertsona horien kasuan, parte hartu dutela eta zer etxebizitzatakoak diren adieraziko da, baita betebeharrik ez badute ere.
2. Auzolanak egitetik salbuetsita egonen dira nahitaez sartu beharreko adin-tartekoak izan arren lanerako ezintasun iraunkorreko egoeran dauden pertsonak, espetxeratuak, eta desgaitasun fisiko, intelektual edo sentsoriala dutenak.
3. Deitutako auzolanetara joanen diren pertsona guztiek 15 egun lehenago berretsi beharko dute bertaratuko direla edo beren onespena, aseguruan sartzeko haiek.
8. artikulua. Justifikazioa, absentzia eta ordezkapenak.
1. Bertaratzeko betebeharra duten pertsonek beren absentzia justifikatu eta Udalari jakinarazten ahalko diote deialdia egin eta 72 orduko epean, eta behin aldatzen ahalko dute dagokien betebeharra betetzeko data.
2. Ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin da absentzia justifikatu ondoz ondoko bi deialditan.
3. Auzolaneko deialdira ez bertaratzea justifikatzen duten arrazoiak baloratzeko edo aintzat hartzeko, hauteskunde-mahaietako presidenteentzat eta kideentzat adierazitako berberak hartuko dira kontuan.
4. Etxebizitzen ordezkarien ordez beste pertsona egoki bat jartzen ahalko da, borondatez, eta berariaz adierazi beharko du hori egin nahi duela, 6. artikuluko b) apartatuan jasota dagoenez.
5. Lan egitera ez etortzeak, aitzinetik librantza lortu gabe eta ezinbesteko kasuetan salbu, berekin ekarriko du ordaindu beharra lanari dagokion diru zenbatekoa.
6. Borondatezko epea igaro ondoren ordainketa egin ez bada, premiamendu-bidetik kobratuko da, Nafarroako Foru Komunitateko Diru Bilketaren Erregelamendua onesten duen uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.
9. artikulua. Librantza (auzolanera ez joateagatiko kontraprestazioa).
1. Edozein inguruabar dela-eta, pertsona batek uste badu ezin duela auzolana egin, hura egitera behartuta dagoenean, eskakizuna aurkeztuko dio Udalari, eta hark, inguruabarrak aztertu ondoren, eginbehar horretatik hein batean edo erabat salbuets dezake.
2. Prestazio pertsonaletik libratzeko, 60 euroko kuota finkoa ordaindu beharko da.
10. artikulua. Diru bilketa.
Auzolanetik libratzen direnek ordaindutako diruaren bidez Udalak biltzen duen diru kopurua auzolanen inguruko beharretan inbertituko da (istripu asegurua ordaintzea, materialak, makineria, erregaia, tresnak, eta abar).
11. artikulua. Ordu metagarriak eta besterengarriak.
1. Auzolanean emandako orduak metagarriak izanen dira urte natural berean edo hurrengoan egiten diren ondorengo deialdietarako.
2. Subjektu pasibo batek auzolanean emandako orduak prestazio pertsonalerako betebeharra duen beste pertsona bati emateko aukera izanen du, betiere lan horiek egin diren urte naturalaren barruan izanez gero.
12. artikulua. Asegurua.
Erronkariko Udalak auzolanean ari direnek izan ditzaketen istripuen arriskuak estaliko ditu.
13. artikulua. Kontrola eta jarraipena.
Auzolan bakoitzak Udaleko kide bat, auzo-batzorde bat edo Udalak izendatutako pertsona bat izanen du, zereginak koordinatu eta zuzentzeko. Era berean, arduradun bat izendatuko da, lanen segurtasuna zaintzeko.
14. artikulua. Prestazio pertsonala, makinekin.
Auzolana makinekin egiteko prestazio pertsonalean bi kasu bereizten dira: garraio elementu bat izatea edo erreminta mailegu bat izatea (sasi-garbitzeko makina, zulatzeko makina, motozerra...).
Lehenengo kasuan, garraio-makineria haren ekarpena egiten duen pertsonak maneiatu beharko du. Beste erreminta batzuen kasuan (sasi-garbitzeko makina, zulatzeko makina, motozerra...), auzolana egiteko erabiltzen ahalko dira, eta erabiltzeko gaitasuna duten beste pertsona batzuek ere erabiltzen ahalko dituzte.
15. artikulua. Erregai gastuak.
Ibilgailuek edo makinek kontsumitzen duten erregaia edo gisakoak Udalak ordainduko ditu.
16. artikulua. Garraioaren edo makinen egoeraren edo erabileraren arduradunak.
Edonola ere, beraienak diren tresnak eta/edo makinak jarri eta erabiltzen dituztenak haien egoeraren eta erabileraren arduradunak izanen dira, eta bermatu egin beharko da, une oro, tresna eta/edo makina horiek ongi erabiltzen ari direla. Jabeak auzolanean egon behar du, eta ibilgailuen eta makinen erabileraren ardura hartu behar du.
Bestalde, Udalak bere gain hartuko ditu auzolana egitean makinak izandako matxurak eta kalteak, baldin eta ez badira makinaren berezko higaduraren ondorioz gertatu.
17. artikulua. Herritarren parte-hartzea.
Baliabideak edo mekanismoak jarriko dira herritarrek ideiak, proposamenak edo zereginak adieraz ditzaten. Urria amaitu baino lehen aurkeztuko dira proposamenak, eta Udalak onetsi beharko ditu. Postontzi baten bidez edo pertsonek edo kuadrillek zuzenean egindako proposamenen bidez helaraz daitezke.
Asmoa da auzolanaren kudeaketa irekia eta malgua izatea. Erronkariko auzolana beharren eta lortutako esperientziaren arabera egokitu beharko da, eta, horregatik, herritarrekin berrikusiko da, beharrezkoa denean.
Iragarkiaren kodea: L2507711