2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LESAKA
Ordenantza fiskala, hirigintzako izapideak egiteagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Lesakako Udalak, 2025eko otsailaren 27an egindako ohiko Osoko Bilkuran, hasiera batez onetsi zuen hirigintzako tramitazioen tasak arautzen dituen Ordenantza fiskala.
Erabaki hori jendaurrean jarri da hogeita hamar eguneko epean. Aurrez, Udalaren iragarki taulan eta 2025eko martxoaren 18ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (54. zk.) ediktuak argitaratu ziren, eta ez zen alegaziorik aurkeztu jendaurreko epean.
Ondorioz, ordenantza behin betiko onetsi da, eta dagozkion ondoreetarako osorik argitaratzeko agintzen da, hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.
Behin betiko onespen honen kontra errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahal da:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo auzi-jartzaileari zuzendua, hots, Udaleko Osoko Bilkurari, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Salari edo Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
Lesakan, 2025eko maiatzaren 14an.–Alkatea, Ladis Satrustegui Alzugaray.
ORDENANTZA FISKALA, HIRIGINTZAKO TRAMITAZIOAK EGITEAGATIK ORDAINDU BEHARREKO TASAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria.
1. artikulua.
Ordainarazpen hau ezartzen da bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoarekin, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenaren arabera.
Zerga-egitatea.
2. artikulua.
Zerga-egitatea da Lesakako Udalak honako zerbitzu edo jarduketa hauetakoren bat ematea edo egitea:
1. Eraikitzeko eta lurzorua erabiltzeko egintzak indarrean dauden hirigintzako eta eraikuntzako arauetara egokitzeko hirigintzako jarduketei buruzko zerbitzu teknikoak edo administratiboak. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 190. eta 192. artikuluetan adierazitako hirigintzako jarduketak dira horiek.
2. Argibide gisa jarraian aipatzen diren hirigintzako dokumentuak tramitatzeko eta onartzeko zerbitzu tekniko edo administratiboak: aldaketak Lesakako hirigintzako udal planeamenduan (UP), hiri-jarduketarako plan bereziak, plan berezi independenteak, plan partzialak, xehetasun-azterketak, exekuzio unitateen aldaketak, urbanizazio-proiektuak, birpartzelazio-proiektuak, konpentsazio batzordeen estatutuen onespena, hirigintza-hitzarmenen onespena eta abar.
3. Hirigintzako kontsultak ebaztea.
4. Hirigintza-egokitzapenaren ziurtagiriak.
5. Hirigintza-balorazioak (aprobetxamenduaren %10 eta beste batzuk).
Ordaintzeko betebeharra.
3. artikulua.
Tasa sortuko da lizentzia eskatzen denean edo, hala badagokio, erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezten denean, bai eta kasu hauetan ere: hirigintzako kontsulta egiten denean, hirigintzako dokumentu bat onesteko eskaera egiten denean, eta egokitzapenaren ziurtagiria eskatzen denean.
Subjektu pasiboa.
4. artikulua.
Ordenantza honetan ezarritako tasen subjektu pasiboak dira pertsona fisikoak eta juridikoak eta, nortasun juridikorik izan ez, baina unitate ekonomiko edo ondare bereizia diren entitateak, baldin egindako hirigintzako jarduketak edo zerbitzuak eskatu badituzte edo haien eragina edo onura hartzen badute.
Eraikitzaileak eta obra kontratistak zergadunaren ordezkoak izanen dira, lurzoruari eta hiri antolamenduari buruzko araudian jasotako hirigintzako lizentziak emateko ezarri diren tasetan.
Tarifak eta karga-tasak
5. artikulua.
Aplikatu beharreko tarifa, tasa eta karga-oinarriak ordenantza honen tarifen eranskinean ageri dira.
Kudeaketa arauak.
6. artikulua.
Planeamenduari eta obrei buruzko espedienteak tramitatzeaz arduratzen diren udal zerbitzuek, udal teknikariek (plantillakoek zein kanpokoek, hala badagokio) txostena egin ondoren, espedienteak igorriko dizkiote likidatzeko bulegoari, likidatzeari ekin diezaion.
7. artikulua.
Lizentziak emateagatik ordaindu beharreko tasak behin-behinekoz likidatuko dira obraren kostuaren arabera. Obraren kostua zehaztuko da exekuzio materialaren aurrekontuaren arabera, salbu ordainsariak eta industria mozkina.
Nahitaezko lizentzia ematen denean eginen da behin-behineko likidazioa, eta interesdunek dokumentazio teknikoan aurkeztutako aurrekontuaren arabera zehaztuko da zerga-oinarria.
Proiektuaren ikus-onespena nahitaezkoa ez denean, udal teknikariek zehazten ahalko dute zerga-oinarria, obraren kostu zenbatetsiaren arabera.
Behar den lizentzia emanda, hasierako proiektua aldatzen bada, likidazio osagarria eginen da aurrekontu aldatuaren arabera, jatorrizkotik zenbat egiten duen goiti, horrenbeste.
Ikusirik egiazki egin diren obrak, baita horien benetako kostu erreala ikusirik ere, Udalak, hala behar denean, behin-behineko zerga-oinarria aldatuko du eta behin betiko likidazioa eginen; hori egin ondoren, subjektu pasiboari eskatuko dio paga diezaion edo, hala behar denean, sobera jarritakoa itzuliko dio.
Aurreko apartatuan xedatuari dagokionez, obra burutu edo hura behin-behinean hartu eta hurrengo hilabetean, egoera horren berri ematen duen adierazpena aurkeztuko da eta horrekin batera, eraikuntza, instalazio edo obraren kostu erreal eta benetakoaren deklarazioa, baita obraren zuzendari fakultatiboak emandako ziurtagiria ere, dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsia, edo, bestela, aipatu kostua frogatzen duten fakturak edo bestelako agiriak.
8. artikulua.
Erantzukizunpeko adierazpena edo komunikazioa behar duten jarduketei dagokienez, tasak likidatuko dira jarduketaren kostuaren arabera, eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga (EIOZ) likidatzearekin batera.
Zerga-oinarria kalkulatuko da interesdunek aurkezturiko aurrekontuaren arabera. Udal teknikariek uste badute aurkeztutako aurrekontua ez datorrela bat errealitatearekin, aipatutako langileek zehazten ahalko dute zerga-oinarri hori, obraren kostu zenbatetsiaren arabera.
Obrak egindakoan, haien kostua ez bada hasieran aurreikusitakoa, jokatuko da aurreko artikuluko azken bi paragrafoetan ezarritakoari jarraikiz.
9. artikulua.
Likidazioetan, subjektu pasiboaren izena, tasaren likidazio-kontzeptua, tarifa eta tasaren zenbatekoa jasoko dira.
10. artikulua.
Tasaren likidazioa onetsi eta gero, interesdunari jakinaraziko zaio, eta hark erregelamenduzko epean ordaindu beharko du.
Salbuespenak eta hobariak.
11. artikulua.
Tasak %25 murriztuko dira baldin eta eskatzaileek tramitazioari uko egiten badiote txosten teknikoak eman baino lehen; ukoa berariazkoa izan beharko da, Alkatetzari idatziz zuzendua.
Arau-hausteak eta zehapenak.
12. artikulua.
Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Ordenantza Fiskal Orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki entitate honek onetsitako Ordenantza Fiskal Orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta horrekin bat datozen arauak aplikatuko dira.
Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondore juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.
TARIFEN ERANSKINA
KONTZEPTUA | ZENBATEKOA (eurotan) |
1. Etxegintzaren eta lurzoruaren erabileraren arloko egintzak (lizentzia edo erantzukizunpeko adierazpena) |
1.1. 10.000 eurora arteko exekuzio materialaren aurrekontua (EMA) | 30,00 |
1.2. 10.000 euro baino gehiagoko EMA, proiekturik gabe | 90,00 |
1.3. Oinarrizko proiektua edo exekuzio-proiektua duten birgaitzeak |
1.3.1. 10.000 eta 50.000 euro arteko EMA | 130,00 |
1.3.2. 50.000 eta 150.000 euro arteko EMA | 180,00 |
1.3.3. 150.000 eurotik gorako EMA | 260,00 |
1.4. Oinarrizko proiektua edo exekuzio-proiektua duten obra berriak |
1.4.1. 10.000 eta 50.000 euro arteko EMA | 180,00 |
1.4.2. 50.000 eta 150.000 euro arteko EMA | 220,00 |
1.4.3. 150.000 eurotik gorako EMA | 300,00 |
1.5. 1.1 ataletik 1.4 atalera bitartekoei eta horien azpiatalei aplikatu beharreko gehigarriak |
1.5.1. Bigarren txostena eta hurrengoak | 90,00 |
1.5.2. Lurzoru urbanizaezinean jardutea | 65,00 |
1.6. Hirigintzarekiko bateragarritasunari buruzko txostenak (lurzoru urbanizaezina) |
1.6.1. Proiekturik gabeko jarduketak | 130,00 |
1.6.2. Oinarrizko proiektua edo exekuzio-proiektua duten jarduketak | 170,00 |
1.7. Lehenbiziko erabilera |
1.7.1. Lehenengo txostena | 160,00 |
1.7.2. Bigarren txostena eta hurrengoak | 65,00 |
1.8. Urbanizazio-obrak hartzea |
1.8.1. Lehenengo txostena | 160,00 |
1.8.2. Bigarren txostena eta hurrengoak | 65,00 |
1.9. Irekitzeko lizentzia |
1.9.1. Lehenengo txostena | 200,00 |
1.9.2. Bigarren txostena eta hurrengoak | 65,00 |
1.10. Aktak (zuinketak, obra-hasierak, etab.) | 160,00 |
1.11. Obrak ikuskatzea legezkotasuna berrezartzeko espedienteetan | 130,00 |
1.12. Exekuzio-aginduak | 240,00 |
1.13. Aurri-adierazpena | 320,00 |
1.14. Bereizteko lizentzia eta horren beharrik eza eskatzea | 130,00 |
1.15. Zatiketa horizontala eta horretarako lizentziarik behar ez izatea eskatzea | 130,00 |
2. Hirigintza-dokumentuak |
2.1. Plan partziala | 410,00 |
2.2. Aldaketa egituratzailea | 290,00 |
2.3. Aldaketa xehatua | 250,00 |
2.4. Plan berezia | 250,00 |
2.5. Urbanizazio-proiektua | 170,00 |
2.6. Birpartzelazio-proiektua | 170,00 |
2.7. Hirigintza-hitzarmena | 170,00 |
2.8. Xehetasun-azterketa | 170,00 |
2.9. Konpentsazio batzordeen estatutuak | 170,00 |
2.10. Aurreko ataletan sartu ez diren beste hirigintza-dokumentu batzuk | 170,00 |
2.11. 2.1 ataletik 2.10 atalera bitartekoei aplika dakizkiekeen gehigarriak |
2.11.1. Bigarren txostena eta hurrengoak (hurrengo azpiatalean ezarritakoa izan ezik) | 130,00 |
2.11.2. Jendaurrean jartzeko fasean izan diren alegazioen txostena | 170,00 |
2.11.3. Iragarkiak argitaratzea Nafarroan editatutako egunkarietan (kontzeptu honengatik guztira) | 650,00 |
3. Hirigintza-kontsulta |
3.1. Katastroko partzela bakar bati dagokio | 90,00 |
3.2. Eremuak katastroko 2 eta 5 partzela artean hartzen baditu | 170,00 |
3.3. Eremuak katastroko 5 partzela baino gehiago hartzen baditu | 250,00 |
4. Hirigintza-egokitzapenaren ziurtagiria |
4.1. Bisitarik gabe | 90,00 |
4.2. Bisitarekin | 120,00 |
5. Hirigintza-balorazioak (aprobetxamenduaren %10 eta beste batzuk) | 170,00 |
Iragarkiaren kodea: L2507093