118. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRURTZUN

Aldaketa, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Irurtzungo Udalak, 2025eko apirilaren 2an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzen duen udal ordenantzan. 2025eko 77. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 22an, iragarkia argitaratu zenetik jendaurrean egoteko 30 eguneko epea iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi da. Haren testu osoa ondotik ematen da.

UDAL ORDENANTZA, ANIMALIA ARRISKUTSUAK ETA BESTELAKOAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Irurtzungo udalerrian egokitu eta aplikatzea abenduaren 23ko 50/1999 Legea eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak eta bestelakoak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa.

2. artikulua. Definizioa.

Arriskutsuak izan daitezken animaliatzat hartuko dira, 50/1999 Legean eta 287/2002 Errege Dekretuan aipatzen direnez gain, ondotik zehazten diren hauek:

1.–Izatez basa direnetakoak izanik, etxeko edo lagun egiteko erabiliz, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaieketen espezie edo arrazatakoak direnak, eta ondasunei kalte egiten ahal dietenak, erasokorrak izan ala ez.

2.–Honako arraza hauetako zakurrak: american stanffordshire terrier, pitbull terrier, Mallorcako ausiki zakurra, Kanarietako ausiki zakurra, artzanor napolitarra, bullmastiff, dobermann, tosa japoniarra eta rottweiler. Horietaz gain, oro har, arraza horien ondorengoak izanik, beren ezaugarri etnikoak dituztenak eta beren gurutzatzeak.

3.–Edozein espezietakoak izanik, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo heziak izan diren animaliak.

4.–Edozein espezietakoak izanik, behin bederen pertsonaren bati eraso egin diotenak.

Animaliak dituztenek haiek identifikatzeko dokumentazioa izan beharko dute, osasun egoera nahiz immunizazioak ere bertan aipatzen direla, eta Udalaren zerbitzuei erakutsi beharko diete, eskatzen baldin bazaie.

3. artikulua. Lizentzia.

1.–Ordenantza honetan oinarriturik arriskugarri gerta daitezkeenen artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berariazkoa izan beharko du. Animalia eskuratu baino lehen eskatu beharko da lizentzia, aurreko artikuluaren 1., 2. eta 3. apartatuetako kasuetan, eta 4. apartatuko kasuan, berriz, 5 eguneko epearen barrenean, animaliak pertsonaren bati eraso egin dionetik hasita.

2.–Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenagatik. Aurrekari penalen ziurtagiriaren bidez frogatuko da.

c) Animalia arriskutsuak edukitzearen inguruko arau-hauste astunengatik edo oso astunengatik zehatua ez izana, lizentzia aldi baterako eteteko zehapena izan ezik, hura osorik bete bada.

d) Ahalmen fisikoaren eta gaitasun psikologikoaren ziurtagiriak, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko.

e) Erantzukizun zibileko aseguru baten egiaztagiria, animaliek hirugarrenei egin diezazkieketen kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutxienez ehun eta hogei mila (120.000) euroko zenbatekoa duena.

f) Udal tasa ordaintzea. Udal tasa urtero eguneratuko da, Nafarroako KPIaren arabera.

3.–Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Irurtzungo udalerrian bizi badira edo haiek salerosi nahiz trebatzeko jarduera bertan egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabe edo edukitzaileek, animaliak bi hilabetez bederen Irurtzungo udalerrian egon behar badu.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek komunikatzen ahalko dio IrurtzungoUdalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.

4.–Lizentziak 5 urteko iraupena izanen du, eta indarrik ez galtzeko beharrezkoa izanen da hura eskuratzeko eskatu ziren betebeharrei eustea denbora horretan guztian.

Hala ere, Udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzaren bat, kontsideratuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.

4. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileen betebeharrak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileek honako betebehar hauek dituzte:

a) Arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan zehazten den epean.

b) Ordenantza honen 3. artikuluaren 2. atalean aipatzen diren lizentzia eskuratzeko baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.

c) Erregistroan sartzea arriskutsuak izan daitezkeen beren animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.

d) Udalari jakinaraztea animaliaren lapurreta edo galera, gertatzen denetik bost eguneko epean, baita hura beste inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabost eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.

e) Animalia eskuratzeko unean, beste jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aitzinetik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari komunikatu beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bost eguneko epean gehienez, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.

f) Erregistroko datuetan gertatzen den beste edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere hamabost eguneko epean.

g) Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko du, hala jabeak eskaturik gertatzen bada nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.

h) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea amaitu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko primaren kopia konpultsatuak.

i) Arriskutsu izan daitekeen animalia bat Irurtzunera ekartzen bada, mugarik gabe edo bi hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskutsu izan daitezkeen animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak frogatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsuak izan daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasunerako eta hiritarren segurtasunerako neurriak hartu beharko ditu.

j) Oro har, animaliak edukitzeari buruz zerikusia duten beharkizun guztiak bete beharko ditu.

Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabost egun izanen da.

5. artikulua. Erregistroa.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek, erregistroan sartu nahi badituzte, Irurtzungo Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek:

a) Animalia espeziea.

b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa baldin bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

d) Sexua.

e) Jaioteguna.

f) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bestela biziko den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako beste xede baterako den.

g) Jabearen izena, helbidea eta NANa.

h) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

i) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan frogatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki ez duela arriskutsu bihurtuko duen eritasun edo nahasterik, ez eta borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

j) Hezi duten zentroaren datuak, halakorik bada.

k) Eraso kasuak.

l) Mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria.

Datu horiek denak Erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak haren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabost eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala komunikatu behar baita.

6. artikulua. Segurtasun neurriak.

1.–Eremu publikoetan, higiezin kolektiboetako eremu komunetan, garraio publikoetan eta, oro har, erabilera publikorako diren toki eta eremuetan, ordenantza honetan aipatzen diren zakurrak eramanen dira gehienez ere bi metroko luzera duen katearekin edo uhal luzaezinarekin lotuta eta muturrekoa jantzia dutela (homologatua eta zakurraren arrazari egokitua). Inoiz ere ezin izanen dira eraman pertsona bakoitzeko zakur hauetako bat baino gehiago eta adin txikikoek ezin izanen dituzte inola ere eraman.

2.–Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak dituzten instalazioek ezaugarri hauek izan beharko dituzte, animaliak handik atera eta hirugarrenei kalterik egin ez diezaieten:

a) Hormek eta hesiek behar adinako altuera eta sendotasuna izan beharko dute. Orobat, tinko egon beharko dute, animaliaren pisuari eta presioari eusteko.

b) Instalazioetako ateek inguruaren gainerakoa bezain sendoak eta eraginkorrak izan beharko dute, eta haien diseinuaren bidez saihestu beharko da animaliek berek segurtasun mekanismoak erauzi edo ireki ahal izatea.

c) Barrutiak behar bezala seinaleztatua egon beharko du, mota horretako zakurrak daudela ohartaraziz.

Irurtzungo Udalak egokiak iruditzen zaizkion neurriak hartuko ditu herritarrek edozein salaketa jarritakoan, animaliek eremu publikoan nola pribatuetan beldurra, estresa, jazarpena eta abar eraginez gero.

Bildutako zakurra berreskuratzeko, jabeak 24 orduko epea izanen du jakinarazten zaionetik. Behar baldin bada, txertoaren egutegia eguneratzera beharturik dago eta udal txakurtegian sortutako gastuak ordaintzera, baita gerta daitezkeenak ere. Bestela, Nafarroako Gobernuaren txakurtegira eramanen da, eta bertan eduki legeak agintzen duen epea bete arte.

4.–Udalaren osasun zerbitzuek eraman eta konfiskatuko dituzte behin eta berriz arau-hausteak egin eta eragozpenak sortzen dituzten animaliak. Agintaritza eskudunak eman beharko du animalia etxetik ateratzeko eta konfiskatzeko agindua, eta animaliok Udalaren esku geldituko dira. Zakurra zuzen identifikatua badago, jabeari gaztigatuko zaio eta hark, biltzeko, 24 orduko epea izanen du jakinarazten zaionetik. Behar baldin bada, txertoaren egutegia eguneratzera beharturik dago eta udal txakurtegian sortutako gastuak ordaintzera, baita gerta daitezkeenak ere. Bestela, Nafarroako Gobernuaren txakurtegira eramanen da, eta bertan eduki legeak agintzen duen epea bete arte.

5.–Abandonatuak dauden zakurrak bildu eginen ditu Udalaren bilketa zerbitzuak eta hogeita lau orduz zainduko Epe hori iragan eta jabeek ez badituzte animaliok berreskuratu edo, haien baimena izanik, ez bazaizkie hirugarrenei ematen, animaliak biltzeko Nafarroako Gobernuaren zerbitzuaren esku geldituko dira.

Nafarroako Gobernuaren txakurtegiak egungo legeriari jarraituko dio, animaliak hil, esleitu edo gordetzeari dagozkion afera guztietan.

Nafarroako Gobernuaren txakurtegian sartzen diren zakurren elikadura eta zainketa gastuak jabeen edo hartzaile berrien kontura izanen dira. Dagokiena ordaindu gabe ezin izanen dute animalia eskuratu.

7. artikulua. Arau-hausteak.

Abenduaren 24ko 50/1999 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere arau-hauste administratibo astuntzat jotzen dira:

1.–Arriskutsua izan daitekeen animalia lotu gabe, edota muturrekorik gabe edo adin txikiko batek daramala erabilera publikoko eremuetan edo toki publikoetan barna ibiltzea.

2.–Eginez edo ez eginez, arriskutsua izan daitekeen animaliari bide ematea eraso egiteko pertsonei edo bertze animalia batzuei, edota kalte egiteko, bertzenaz, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean eta/edo aitzinetik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

3.–Irurtzungo Udalaren errekerimenduren bat betetzea zehazten den epetik kanpo.

4.–Ordenantza honetan ezartzen diren betebeharrak epetik kanpo betetzea, non eta ez-betetze hori ez den hartzen 50/1999 Legearen aurkako arau-haustetzat.

Arau-hauste administratibo arintzat hartzen da ordenantza honen 7. artikuluko edozein apartatutan xedatzen dena ez betetzea.

8. artikulua. Zehapenak.

50/1999 Legean eta ordenantza honetan ezarritako arau-hausteak zehatuko dira 50/1999 Legean edota horren ordez indarrean legokeen arauan ezarritako isunekin.

Erantzulea izanen da arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea, hau da, esku hartzeagatik edo ez hartzeagatik arau-haustean parte hartu duena.

Zehapenak ezartzerakoan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

–Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.

–Irabazi asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

–Arau-hausteak errepikatu diren edo haietan berrerori den.

Berriz ere araua hautsi dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.

Zehapena mailarik gorenean ezarriko da urtebete natural berean arau-haustea berriz gertatzen bada.

9. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Datu pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:

Ordenantza hau indarrean jartzen denean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeak erregistratzeko.

Fitxategiaren xedea da Irurtzungo Udalak bete ditzala 50/1999 Legeak udalen esku uzten dituen obligazioak. Fitxategia Irurtzungo Udalak bakarrik erabiliko du. Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentziaren espedientea.

Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek badute eskubidea datuetan sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko.

Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskutsua edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.–Arriskutsua izan daitekeen animalia bat lehendik dutenek hiru hilabeteko epea izanen dute, ordenantza hau indarrean jartzen denetik, aipatzen diren baldintzak bete eta dagokien lizentzia eskuratzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Bigarrena.–Ordenantza honetan aurreikusi gabeko orotan aplikatuko da Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuan xedatua, edo haien ordez ematen direnak, baita arautzen diren gaietan aplikatzen ahal diren xedapen guztiak ere, Udalaren erabakiak baino maila handiagokoak badira.

ERANSKINA

Tasa hauek ezarri dira:

1. Zakur abandonatuak jasotzea: 18 euro.

2. Egonaldia udal biltegian: 6 euro egunean (3 ordutik goiti, egun osotzat hartuko da).

3. Lizentzia tramitatzea. 20 euro.

Irurtzunen, 2025eko ekainaren 3an.–Alkatea, Unai Razkin Iriarte.

Iragarkiaren kodea: L2507943