2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARGUEDAS
Udal ordenantza, industrialdean instalatzen diren industrietan inbertsioak egiteko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Arguedasko Udalak, 2025eko apirilaren 1ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal ordenantza bat, industrialdean instalatzen diren industrietan inbertsioak egiteko laguntzak arautzen dituena.
Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2025eko 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 15ean, eta legearen araberako jendaurreko aldia iragan da inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da ordenantza, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarriari jarraikiz, eta jarraian ageri den bezala gelditu da idatzirik.
Arguedasen, 2025eko ekainaren 4an.–Alkatea, José Luis Sanz Zubieta.
UDAL ORDENANTZA, INDUSTRIALDEAN INSTALATZEN DIREN INDUSTRIETAN INBERTSIOAK EGITEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA
Zioen azalpena.
Espainiako Konstituzioaren 35. artikuluak aldarrikatzen du espainiar guztiek eskubidea dutela lan egin, lan horren bidez hobetu eta beren nahiz familiakoen beharrei erantzuteko adinako lansaria jasotzeko.
Administrazio publiko guzti-guztiek egin behar dute lan herritarren ongizatearekin hain lotura estua duen eskubide hori gauzatzen laguntzeko. Toki entitateek eta bereziki Arguedasko Udalak, beren eskumen eta baliabideek bide ematen dieten heinean, eskubide hori gauzatzen lagun dezakete eta laguntza eman behar dute, herritarren behar eta nahi guztiak asetzeko garrantzizko eskubidea baita, dudarik gabe.
Ordenantza honen helburua da oro har sustatzea Arguedasen enpresak instala daitezen edo egun daudenak handi daitezen. Horretarako, dirulaguntzak emanen zaizkie Arguedasko udal-mugartean –eta, bereziki, industrialdean– instalatzen diren enpresei, bai eta herrian bizi direnei enplegu-aukera gehiago eskaintzen dizkietenei ere.
Xedea.
1. artikulua.
Ordenantza honen xedea da arautzea zer baldintzatan emanen diren dirulaguntzak inbertsioetarako, enpresak instalatzeko eta handitzeko, aberastasuna sortu eta enplegua sustatu beharrez.
Betebeharrak.
2. artikulua.
Araubide honetako laguntzez baliatu ahal izateko, ondoko beharkizun eta baldintzak beharko dira bete:
a) Diruz laguntzekoak diren inbertsioak Arguedasen egin behar dira.
b) Inbertsioa zein ondasunetan eginen den, enpresa onuraduna haien jabe izatea eta ondasun horien kudeaketa ekonomikoaz zuzenean arduratzea.
c) Enpresa onuradunak zorrik ez izatea tributu arloko betebeharretan ezta Gizarte Segurantzarekin ere.
d) Enpresa onuraduna kaudimenduna izatea alderdi ekonomiko, finantzario eta teknikoei dagokienez.
e) Inbertsioaren xede den enpresa-jarduerak 15 urte iraun behar du.
Udalaren laguntzak.
3. artikulua.
3.1. Laguntza motak.
3.1.1. Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergaren %15ari dagokion dirulaguntza emanen da enpresak instalatzeko edo handitzeko lanetarako edo inbertsio-proiektuetarako, baldin eta egiten badira ordenantza hau behin betikoz onesten denetik aurrera eta beren aurrekontua bada 200.000 eurotik 500.000 eurora bitartean (BEZa barne).
3.1.2. Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergaren %20ari dagokion dirulaguntza emanen da enpresak instalatzeko edo handitzeko lanetarako edo inbertsio-proiektuetarako, baldin eta egiten badira ordenantza hau behin betikoz onesten denetik aurrera eta beren aurrekontua bada 500.001,00 eurotik 1.000.000,00 eurora bitartean (BEZa barne).
3.1.3. Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergaren %25ari dagokion dirulaguntza emanen da enpresak instalatzeko edo handitzeko lanetarako edo inbertsio-proiektuetarako, baldin eta egiten badira ordenantza hau behin betikoz onesten denetik aurrera eta beren aurrekontua bada 1.000.001,00 eurotik 5.000.000,00 eurora bitartean (BEZa barne).
3.1.4. Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergaren %31ri dagokion dirulaguntza emanen da enpresak instalatzeko edo handitzeko lanetarako edo inbertsio-proiektuetarako, baldin eta egiten badira ordenantza hau behin betikoz onesten denetik aurrera eta beren aurrekontua bada 5.000.001,00 eurotik 10.000.000,00 eurora bitartean (BEZa barne).
3.1.5. Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergaren %38ari dagokion dirulaguntza emanen da enpresak instalatzeko edo handitzeko lanetarako edo inbertsio-proiektuetarako, baldin eta egiten badira ordenantza hau behin betikoz onesten denetik aurrera eta beren aurrekontua bada 10.000.001,00 eurotik gorakoa (BEZa barne).
3.2. Diruz bestelako laguntzak.
Ordenantza honetan jasotako laguntzak lortzeko behar den hirigintzako aholkularitza.
Laguntza ekonomikoak ezartzeko, diruz laguntzen diren obrak gauzatzeko aurrekontua hartuko da babespeko aurrekontutzat.
Onuradunak.
4. artikulua.
Ordenantza honetako onuradun izaten ahalko dira soil-soilik Arguedasko udal-mugartean –eta, bereziki eta, ahal dela, industrialdean– berritik ezartzen diren enpresak, enpresaren instalazioak berreraikitzen dituztenak edo bertako instalazioak handitzen dituztenak, eta ez dira onuradunak izanen besterik gabe enpresaren helbidea aldatzen duten enpresak, Arguedasko udal-mugartean inolako presentziarik, jarduerarik edo ekoizpen errealik izan gabe.
Orobat, laguntzak eskuratzen ahalko dituzte beren egungo instalazioak beste udal-mugarte batetik Arguedaskora aldatzen dituzten enpresek, modu progresiboan egiten badute ere. Dena den, kasu horretan, baldintza hau bete beharko dute: 7 langile finko izatea industrialdean hiru urteko epean.
Mugak.
5. artikulua.
5.1. Jasotzen ahalko diren gehieneko laguntzak mugatuta egonen dira kontzeptu guztietan.
5.2. Gehieneko laguntza jasota, bost urtean ez da berriz ere ordenantza honetako laguntzarik eskatzen ahalko, obra bererako.
Laguntzak emanen dira, ordea, eraikin berean obra ezberdinak egiteko, adibidez: teilatu eta fatxaden konponketa, barne berrikuntzak.
Laguntza ekonomikoak emateko irizpideak.
6. artikulua.
Udalak lehentasun ordena ezartzen ahalko du obrei udal baliabideak esleitzeko, ondotik zehazten diren irizpideen arabera:
a) Udalaren erregistroan laguntza eskabidea zer datatan sartzen den.
b) Aurrekontuko partidarik baden. Ordenantza honetan aurreikusita dauden laguntza guztiei aplikatzen ahal zaizkien baliabide ekonomikoak ekitaldi bakoitzean indarrean dauden udal aurrekontuetan agertzen direnak izanen dira. Dena dela, aparteko baliabide batzuk gaitzen ahalko dira, komenigarritzat jotzen bada.
Espedienteak izapidetzea.
7. artikulua.
Onuradunek ordenantza honetako laguntzak eskatu beharko dituzte obrak bukatutakoan eta obra bukaerako ziurtagiria aurkeztu ondotik. Hura teknikari kualifikatuak sinatua egonen da eta bertan baieztatu beharko da obrak emandako lizentziaren arabera egin direla eta, kasua bada, aurkeztutako proiektuaren arabera.
Arguedasko Gobernu Batzarrak eskaera onetsiko du, Udaleko arkitekto teknikoaren txostena jaso ondotik.
Espediente bakoitzari dagozkion laguntzen egiazko likidazioa obrak bukatzen direnean eginen da, betiere Arguedasko Gobernu Batzarrak onetsi ondotik.
Laguntzen likidazio horren berri emanen zaio Ogasuneko Batzordeari, bai eta Udalbatzari ere, egiten duen hurrengo ohiko osoko bilkuran.
Laguntzak galtzea.
8. artikulua.
8.1. Ordenantza honetako baldintzak eta beharkizunak betetzen ez badira eta aurkeztutako dokumentazioan edozein datu faltsutuz gero, Udalak emandako laguntza guztiak deuseztatuko dira eta espedientean izan daitezkeen onurak bertan behera geldituko; gainera, jasotakoa itzuli beharko da, legezko interesak barne, jaso ziren unetik. Indarra duen legean diru-bilketarako ezarritako premiamendu bidez ordainaraz daitezke.
Orobat, aplikatzekoak izanen dira laguntza eta dirulaguntza publikoen onuradunei ezartzen zaizkien betekizun eta erantzukizunak, Aurrekontuei buruzko Lege Orokorraren 81. eta 82. artikuluetan (1091/1988 Legegintzako Errege Dekretua, irailaren 23koa) orokorrean jasotzen direnak, baita dirulaguntza eta laguntza publikoei aplikatzen ahal zaizkien gainerako xedapenak ere.
Eskumena.
9. artikulua.
Ordenantza honen aplikazioari dagokion orotan, Tokiko Gobernu Batzarrak zainduko du araua behar bezala betetzen dela bidezko helburuak lor daitezen.
AZKEN XEDAPENA
10. artikulua.
Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Iragarkiaren kodea: L2507977