Iragarkia
118. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 13a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
448E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 26koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita Catalana de Biogás 1 SLUk sustatzen duen "Artaxoako udal-mugartean digestio anaerobioko unitate baten bitartez hondakinak tratatzeko eta biometanoa ekoizteko instalazioa" proiekturako.
2024ko urriaren 4an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipaturiko espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.
Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. multzoko b) apartatuan sartzen da proiektua. Beraz, lege horretan ezarritakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.
Txerri-ustiategietako mindak tratatzeko instalazio bat proiektatu da (urtean, 100.000 eta 160.000 t bitartean) Artaxoako 11. poligonoko 823. partzelan. Instalazioak hauek izanen ditu: jasotako mindak gordetzeko eremua, digestore anaerobioa, postdigestorea, gasometroa, biogasa arazteko eta hobetzeko gunea, digestato solidoak eta likidoak bereizteko eta ekoiztutako digestato solidoak gordetzeko nabea, eta digestato likidoak gordetzeko putzu itxia (horretarako, erabiltzeari utzi zitzaion mindetarako putzu zahar bat erabiltzea proposatzen da, proiektuaren partzelan kokatua).
Biogas hobetua instalazioaren autokontsumora bideratuko da, baita biometanoaren ekoizpenera ere, inguruko gas naturaleko sarean injektatzeko. Digestatoen frakzio solidoa kudeatzaileari entregatuko zaio, eta frakzio likidoa, berriz, gorde eginen da, nekazaritzako ongarri gisa banatzeko, instalazioari mindak emanen dizkioten ustiategien lurralde-oinarriari jarraikiz.
Prozesurako urez hornitzeko proposamen bat egiten da: erdi-tentsioko lurpeko linea bat, instalaziorako transformazio-zentro bat eta ekoiztutako biometanoa ateratzeko hodia.
Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren izapidea.
2024ko irailaren 25ean, proposamenean integratutako ingurumen-baimena eskatu zion sustatzaileak Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari.
2024ko urriaren 4an, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, organo eskudunak ingurumen-ebaluazioa hasteko eskaera helarazi zion ingurumen-organoari. 2024ko abenduaren 26an, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak hala eskatu ondotik, sustatzaileak ingurumen-dokumentazioa aurkeztu zuen, aurretik aurkeztutakoaren osagarri gisa, eta, hala, 21/2013 Legearen 45.1 artikuluan zehaztutakoari lotu zitzaion.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoaren arabera, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta egin die eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei. Txosten honen I. eranskinean, izapide funtsezkoan egindako jendaurreko informazio-aldian jaso ziren ingurumenari buruzko kontsulta eta erantzunen izapidea laburbiltzen da.
Txosten honen II. eranskinean, proiektuaren eta ingurumen-agiriaren laburpena dago, eta III.ean, berriz, proiektuaren kartografiatik ateratako informazio grafikoa erakusten da.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenez, ingurumen-organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duen ala txosten honetan ezartzen denaren araberako ingurumen-inpaktuaren txostena dagokion.
Analisia, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Proiektuak ingurumenaren kalitatean dituen ondorioak (airearen kalitatea, hondakinak, lurzoruaren eta uren kutsadura, baliabideen kontsumoa, energia, etab.) jardueran integratutako ingurumen-baimenaren espedientean baloratzen eta kontrolatzen dira. Proiektuak dioenez, ahalik eta lur gutxien geldituko dira sobera indusketa-lanen ondorioz.
Proiektuaren partzela Nafarroako Ubidearen lehenengo faseko III. sektoreko laborantza-lur ureztatuaren barruan dago, eta Natura 2000 Saretik kanpo dago, baita Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak irailaren 15ean emandako 147E/2020 Foru Aginduan deklaratu zen "Nekazaritza-iturrietatik datozen nitratoengatiko zona kalteberatik" kanpo ere.
6 ha-ko azalera du partzelak, 2na ha inguruko hiru esparrutan banatuta: lehorreko laborantza-lurrak, erabiltzeari utzi zitzaion eta sortutako digestato likidoak gordetzera bideratuko den minda-putzu zahar bat, eta larreak (partzelaren iparraldean dagoen landa-bidearen ezponda, putzuaren ezponda perimetralak, eta partzelaren hegoaldean kokatutako mazela bat). Partzelaren inguruan, zenbait laborantza-lur ureztatu, beste jarduera batzuen instalazioak eta larreak daude.
Duela 30 bat urte gauzatu zen erabiltzeari utzi zitzaion minda-putzua, eta, erabiltzeari utzi ondotik, belar-landarediaz estali dira haren ezpondak, eta, eskuarki hondoa lehorra egoten bada ere, urez estalita gelditzen da aldi batez, euria egiten duenean. Hala, belardiak eta lezkadiak agertzen dira oinarrian, baita zenbait animalia-espezie ere; hain zuzen ere, anfibioak –haietako batzuk interesekoak– eta hegazti urtarrak –han habiarik egiten ez badute ere–.
Proiektuaren partzelako eta inguruko lur ez-landuetan, eremu higatuak daude, edo ingurumen-balio txikiagoko landaredi nitrofiloz estalitako eremuak, eta, zenbait lekutan, lurrak, harriak eta material geldoak isuri dira. Hala ere, kalitate oneko landaredi naturala dago batez ere, zeinak Batasunaren intereseko edo lehentasunezko intereseko habitatak osatzen baititu (larreak eta sastrakadiak, mediterraneoak, Lygeum spartum edo Artemisia herba-alba espezieetako landarez betetako eremuak, etab.).
Proiektuari dagokion eremuan, estalki naturaleko eremu horien zati bat (Artaxoako 11. poligonoko 823 B azpipartzelaren eta 845. partzelaren hegoaldea; eta Artaxoako 11. poligonoko 823 B azpipartzelaren eta 819. eta 820. partzelen iparraldea) nahitaez kontserbatu beharreko balio natural gisa katalogatu zen Nafarroako Ubidearen lehenengo faseko III. sektoreko nekazaritza-jardunean.
Estalki naturala duten eta/edo faunak erabiltzen dituen eremu horiek Artaxoako hegoaldeko laborantza-lur ureztatuen barruan duten antolamenduak lurraldearen ingurumen-aniztasuna sustatzen du, eta flora- eta fauna-espezie basatientzako konektagarritasuna hobetzen du.
Proiektuko zenbait azpiegiturak (sarbidea eta urbanizazioa, minda solidoak gordetzeko nabearen antolamendua, itxituraren instalazioa, ur-zuzkiduraren iritsiera, eta desbideratzeko eta lurperatzeko erabiliko den sendogarriaren aldaketa) ingurumen-balioko larre horien zati bat desagerraraziko dute, edo ukitu eginen dute. Ukipen horiek minimizatzen ahalko dira instalazioko elementu, zabaldegi eta bideen antolamendua apur bat aldatuta, eta, ezin bada, proiektuaren partzelan konpentsatzen ahalko dira. Bestalde, erabiltzeari utzi zitzaion putzua egokitzeko eta iragazgaizteko hasierako faseetan, zaintza- eta segimendu-neurriak ezartzen ahalko dira putzuan dauden anfibioetan (baldin badaude) ahalik eta ukipen txikiena izateko.
Instalazioa elektrizitatez hornituko duen linea berria hasteko proposatzen den sendogarria babestuta dago gaur egun, hegazti basatiek elektrokutatzeko arrisku txikiagoa izateko. Ez da aipatu zer neurri gehitu behar diren arrisku hori saihesteko linea desbideratzean eta lurperatzean, tentsiopeko elementuetan, konektoreetan eta abarretan.
Artaxoan, badira ingurumenean eragina duten eta proposamenarekin erlazionatuta dauden beste jarduera batzuk (konposta egiteko instalazioak, abeltzaintzako gorozkietatik biogasa batera sortzeko eta ekoizteko instalazioak), baita abelazkuntzako ustiategiak ere (txerriak, hegaztiak, behiak eta ardiak); haiek kudeatzaileari entregatzen dizkiote mindak eta gorozkiak, nekazaritzako ongarri gisa banatzen dituzte, edo biogasa sortzeko erabiltzen dituzte.
Instalazioak inguruko ustiategi jakin batzuetako txerrien mindak kudeatuko ditu, eta digestatoaren frakzio likidoa banatuko, ustiategi horiek guztiek hartzen dutenaren antzeko lurralde-oinarriari jarraikiz. Horiek horrela, ez da espero banaketa-plan horrek beste eraginik izatea. Edonola ere, berrikusitako dokumentazioak adierazten du etorkizuneko banaketa-planeko ezein partzela ez dela sartuko Natura 2000 sarean edo Nafarroako estepako hegaztien kontserbaziorako funtsezko areetan.
Kontsulten emaitzatik abiatuta, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bitartez zehazten du jarduerak ez duela inpaktu kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, jarduera berriaren ingurumen-baimen integratuan eta ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezartzen denari jarraikiz; gainera, indarreko legeriaren arabera beharrezkoak diren gainerako beste baimen guztiak lortu beharko dira.
Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1.a Ez da espero Catalana de Biogás 1 SLUk sustatzen duen "Artaxoako udal-mugartean digestio anaerobioko unitate baten bitartez hondakinak tratatzeko eta biometanoa ekoizteko instalazioa" proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izatea ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoaren arabera.
2.a Aurrekoari jarraikiz, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:
–Txosten hau egin da kontuan izan gabe sustatzaileak aplikatu beharreko araudi espezifikoan ezartzen diren baimen guztiak lortzen dituen ala ez, eta, bereziki, instalazioaren ingurumen-baimen integratua, bat etorriz Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren Legearen testu bateginak arautzen duen administrazio-prozedurarekin (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina). Izapide horretan, instalazioaren ingurumen-alderdi garrantzitsuenak ebaluatuko dira: teknika erabilgarri onenen (TEO) aplikazioa, baliabideen kontsumoa, eta emisio atmosferikoen eta akustikoen, isurketen eta hondakinen sorreraren arloko ukipenak.
–Instalazioen azken diseinuak proiektuaren eremuko balio handieneko larreak desagertzea saihestu beharko du:
- Ahal dela, instalazioak kokatzeko orduan, kontuan izanen da ez okupatzea edo ukitzea putzuaren mendebaldeko muga zeharkatzen duen drainatze-lerroko larreak, ezta partzelaren hegoaldeko mazelaren goialdeko larreak ere, han dagoen lubakiaren goialdea barne;
- Gainera, instalazioaren itxiturak mazela horretako lur eta larreak uki ez ditzan (mazela nekez leheneratzen ahal baita), itxituraren hegoaldeko zatiak mazelaren goiburuari jarraituko dio, putzuaren eta proiektatutako instalazioen ondotik.
–823 A azpipartzelan urbanizatu gabe gelditzen diren zatiei (adibidez, erdialdea eta hego-ekialdeko ertza) bilakaera naturala izaten utziko zaie, larre natural gisa, eta eremu horietan landaketak jartzen ahalko dira heskai perimetralaren ordez zuhaixka eta zuhaitz autoktonoen zuhaiztiak osatzeko (artea, elorri zuria, ipar-purua, etab.). Egiten diren landaketetan ureztaketa jarriko da, zeina landarearen bizitza baliagarrian zehar ibiliko baita.
–Lanen aurreko erabilera naturala berreskuratu, lurra higaduratik babestu eta proiektua ingurumenaren aldetik integratzeko, aldi batez lanen ukipena jasaten duten larreak eta sortzen diren lur-erauzketako eta betelaneko ezpondak deskonpaktatu, berriz profilatu, lur emankorrekin estali eta hazia bota edo hazia hidraulikoki bota behar da, eremuko bertako espezie belarkara eta zuhaixka-formako espezie autoktonoen nahasketa batekin.
–Lur-erauzketatik sobera gelditzen diren kalitate handiagoko lurrak narriatutako eremuak berreskuratzeko eta lur eta harrien isurketa-fokuak leheneratzeko erabiliko dira proiektuaren partzelan bertan, eta, horretaz gain, poligono bereko aldameneko partzela (819) erabiltzea gomendatzen da. Gainerakoak, nagusiki, instalazioa urbanizatzean erabiliko dira, edo putzuaren barruko ezpondak berriz profilatzean. Hala ere lurrak sobera gelditzen badira, indarreko legeriaren arabera kudeatuko dira, eta kudeatzaile baimenduari entregatuko zaizkio, nagusiki leheneratze-proiektu baimendu batean edo beste eraikuntza-proiektu baimendu batean erabiltzeko.
–Fauna basatia babesteari dagokionez:
- Lanen hasieran, abisu emanen zaio Basozainen 10. mugapeari (Tafalla-Zangoza, 948 70 36 71, 609 90 70 84, gmatafalla@navarra.es), putzua iragazgaizteko prozesua programatzeko, inguruko anfibioen ugaltze-garaia eta negu-pasa saihestuz, edo, hala badagokio, han dauden intereseko aleak lekuz aldatzeko;
- Putzuaren perimetroan itxitura bat egonen da, behealdetik ornodun ertain eta txikiak barrura ez sartzeko (ugaztunak, narrastiak eta anfibioak); hala, ez dira harrapatuta geldituko putzuaren estalkiko xaflaren gainean, horrek ondorio hilgarriak baititu tenperatura altuko garaietan (itxigailua lurpean sartzea gomendatzen da, gutxienez 30 cm);
- Instalazioa hornituko duen linea elektriko berriaren sendogarri eta gurutzetetan (desbideratzea, lurperatzea) hegazti-fauna ez elektrokutatzeko, haren tentsiopeko elementuek (konektoreak, lotura-grapak, autobalbulak, ebakigailuak, etab.) behar bezala isolatuta egon behar dute estalkiak, karpeta aurreformatuak eta beste erabiliz, eta, horrez gain, lotura-isolatzaileek gutxienez 1 m-ko luzera isolatua izan beharko dute gurutzetatik hodiarekiko konexioraino;
- Kanpoko argia saihesteko, eta hegaztiengan ukipenik ez izateko, instalazioen kanpoko argiztapenak zorrotz beteko du 1890/2008 Errege Dekretua, azaroaren 14koa, kanpoko argien instalazioetan energia-efizientziari buruzko erregelamendua onesten duena; horretaz gain, argiztapen hori lanorduetan edo beharrezko lanak egitean soilik erabiltzea gomendatzen da, eta, bestela, itzalita uztea.
–Zuzkiduren eta ebakuazioko gasbidearen diseinua eta/edo ibilbidea modu esanguratsuan aldatzen bada ebaluatutako dokumentazioan jasotako proposamenari dagokionez, berriro ebaluatu beharko da, aplikagarri zaion ingurumen-araudiaren arabera.
3.a Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen-txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jartzen ahal direnak, hala badagokio.
4.a Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5.a Ebazpen hau helaraztea Kutsaduraren Aurkako Prebentzio Atalari, Basozaintzari (10. mugapea, "Tafalla-Zangoza") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 26an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–FUNTSEZKO IZAPIDEAREN JENDAURREKO INFORMAZIO-ALDIAN EGINDAKO INGURUMEN-ARLOKO KONTSULTEN ETA ALEGAZIOEN LABURPENA
2024ko abenduaren 26an, dokumentazio teknikoa eta ingurumenekoa jaso zen espedientean, hasieran ekarritakoa osatzeko. Ondotik, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoarekin bat, eta hauei egin zitzaien kontsulta: Artaxoako Udala, Kutsaduraren Aurkako Prebentzio Atala (Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua), Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala (Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundea) eta ingurumena zaintzeko sei elkarte (Ekologistak Martxan Iruñea-Ecologistas en Acción, Gurelur-Fondo navarro para la protección del medio natural, Asociación en defensa de La Tierra-Lurra, Sustrai Erakuntza Fundazioa eta Ekologistak Martxan La Ribera-Landazuria).
Kontsulten izapideari erantzuteko lege horretan ezarritako epea igarotakoan, hau erantzun zuen Kutsaduraren Aurkako Prebentzio Atalak:
"Proiektuaren kokapena dela eta, lurzoru urbanizaezinean jarduteko dagokion baimena eskatu beharko da, eta, han, kasuan kasuko hirigintzako baldintzak zehaztuko dira. Bestalde, sustatzaileak nahitaez egokitu behar du proiektua hondakinen tratamendua teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dituen 2018ko abuztuaren 10eko Batzordearen 2018/1147 (EB) Gauzatze Erabakian ezarritako teknika erabilgarri onenetara, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera. Horiek direla eta, ez dugu espero proposatutako proiektuari lotutako inguruneko ingurumenaren kalitatearekin bateraezina den ukipenik. Ingurumen-baimen integratuari dagokion izapidean ebaluatuko dira baliabideen kontsumoa eta emisio atmosferiko eta akustikoen, isurketen eta hondakinen sorreraren arloko ukipenak. Izapide hori kontsulta egiteko baliatu den ingurumen-ebaluazioaren izapidearekin batera egiten ari da".
Izapide horri ekin aurretik, Kutsaduraren Aurkako Prebentzio Atalak bi alegazioren berri eman zuen, proiektuaren ingurumen-baimen integratua izapidetzean jendaurrean jartzearen ondorioz eginak biak. Alegazioetako bat Sustrai Erakuntza Fundazioak egin zuen, eta aipatu zuen aztertutako dokumentazioak zenbait huts zituela abenduaren 9ko 21/2013 Legean eskatutakoari dagokionez (ingurumen-dokumentazioaren edukia, alternatiben analisia, ingurunearen deskribapena, inpaktuen balorazioa, etab.). Beste alegazioa proiektuaren partzelatik hurbil dagoen abelazkuntzako ustiategi batek egin zuen, baina haren edukia ez dago proiektuaren ingurumen-ebaluazioarekin zuzenean erlazionatuta. 2024ko abenduaren 26an ekarritako dokumentazioak konpondu zituen, oro har, lehenengo alegazioan aipatutako hutsak.
II. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN ETA AURKEZTUTAKO INGURUMEN-AGIRIAREN LABURPENA
Instalazioak hainbat elementu izanen ditu jasoko dituen minda likido eta solidoak gordetzeko, eta partzelaren hegoaldean egonen dira, animalien osasunari buruzko indarreko araudia betetzeko; beraz, hurbil dagoen hegazti-ustiategi batetik 400 metro urrunduko da gutxienez. Minda likidoak gordetzeko, hormigoi armatuzko tanga zilindriko bat egonen da lurpean, irabiagailu paladun eta guzti (16 m-ko diametrokoa eta 1.200 m³ inguruko bolumenekoa), eta, minda solidoak gordetzeko, berriz, nabe laukizuzen bat eginen da (380 m²-koa, 2,5 m-ko altuera erabilgarriko 4 konpartimentukoa, horman bermatua), zeinak 7 egunez baino gehiagoz lan egiteko aukera ematen baitu (950 m³ inguru, 700-800 t). Nabe horren albo batean, bioiragazkia egonen da, minda solidoek sortzen dituzten KOLak ezabatzekoa, eta beste alboan, berriz, biltegi bat eta galdara-gela.
Digestorera ponpatuko dira hondakin likidoak. Digestorea lurpeko instalazioan proiektatzen da. Forma zilindrikoa izanen du (10.053 m³, 50 m-ko diametroa eta 8 m-ko altuera), eta, barruan, postdigestorea izanen du (5.064 m³, 30 m-ko diametroa eta altuera bera); haren gainean, sortutako biogasa gordetzeko gasometroa kokatuko da (8,6 m-ko altuera eta 2.160 m³-ko edukiera). Guztira, 57 egunez edukiko da. Larrialdietarako zuzi automatiko bat egonen da, eta, digestorearen aldameneko lurretan, biogasa arazteko eta hobetzeko eremua (Upgrading) eta digestatoaren frakzio solidoa eta likidoa bereizteko eraikina. Digerituak gainezka egitean igaroko da digestoretik postdigestorera, eta azken produktua zuzenean ponpatuko da postdigestoretik frakzio solidoa eta likidoa bereizteko unitatera.
Digestatoaren frakzio solidoa eta likidoa bereiziko dituen eraikin horrek 1.000 m²-ko hormigoizko plataforma eta 20 cm-ko altuerako zintarria izanen ditu, lixibiatua atxikitzeko; frakzio solidoa 15 bat egunez gordetzen ahalko du, kanpo-kudeatzaile bati entregatzen zaion arte. Sortutako digestatoen frakzio likidoa gorde eginen da erabiltzeari utzi zitzaion minda-putzu zaharrean, nekazaritzako ongarri gisa edo medeapen gisa banatzeko jasotzen den arte; horretarako, putzua iragazgaiztu eginen da, laminarekin, eta, estali eginen da, kutsadura lausoa saihesteko. Putzu hori proiektuaren partzelaren ekialdean dago, eta 70.000 m³-ko edukiera du.
Aurreikuspenen arabera, egunean 12.252 m³ biogas ekoiztuko dira; hau da, egunean 354 l kondentsatu sortuko dira. Sortutako kondentsatua digestatoaren frakzio likidoa gordetzeko putzuan gehituko da. Gero, biogasa tratatu eginen da, H2S eta NH3 hondarrak ezabatzeko. Arazketa horren ondotik, zati bat ur beroko galdararako erregai gisa erabiltzen da, bai digestorearen, bai postdigestorearen baldintza mesolifikoei eusteko.
Instalazioen iparraldean dagoen landa-bidetik iritsiko da. Instalazioaren barruan, zirkuitu bat egonen da ibilgailuetarako, baita zabaldegiak ere zamalanetarako eremuetan ibilgailuek maniobrak egin ahal izateko. Desinfekzio-ibi bat egonen da instalazioaren sarreran, baita itxitura perimetrala eta landare-pantaila bat ere, instalazioa ingurunean integratzeko; pantaila egiteko, hosto iraunkorreko landare-espezie autoktonoak erabiliko dira.
Artaxoatik hornituko da urez instalazioa, landa-bideei jarraikiz; aldiz, lurpetik hornituko da argindarrez, lehendik dagoen airetiko linea baten sendogarritik (proiektuaren partzelaren aldameneko Artaxoako 11. poligonoko 819. partzelan kokatua), eta, azkenik, sortutako gasa upgrading-eremuaren bitartez kanporatuko da, digestatoen putzua zeharkatuz eta, gero, landa-bidearen ertzari jarraituz, Econergíako instalazioen ondoan (Artaxoako 11. poligonoko 843. partzela) dagoen gasbide batekin elkartu arte.
Aurkeztutako ingurumen-agiriak alternatiben azterketa biltzen du, proposamena eta ingurune hartzailea deskribatzen ditu, espero diren inpaktuen balorazioa egiten du, eta zenbait neurri hartzen ditu inpaktuen ingurumen-kontrola egiteko. Alternatiben azterketak dioenez, prozesua dela-eta, ingurumenaren aldetik egokiagoa da txerri-mindak digestio anaerobioaren bitartez kudeatzea biogasa ekoizteko, beste teknologia batzuk erabiltzea baino; esaterako, konposta egitea, zuzenean ongarri gisa banatzea edo erraustea.
Kokapenari dagokionez, Artaxoa aukeratu da, hondakinen eskuragarritasunari buruzko azterlanetan oinarrituta, eta digestatoa landa-lurretan aplikatzeko dauden aukerez baliatuta. Hiru eremu aztertu dira udalerrian: 1. alternatiba, herriaren hego-hego-mendebaldean; 2. alternatiba, herriaren iparraldean; eta 3. alternatiba, hego-ekialdean. Azterlanean, 1. alternatiba aukeratu da. Izan ere, 2.ean, laborantza-lur ureztatuen inbentario txikiagoa dago, eta eremu horretako abeltzaintzako ustiategiak nagusiki ekidoenak eta behienak dira; eta 3.ak lur nahiko gorabeheratsua du, irisgarritasuna kaskarragoa da, eta elektrizitate- eta ur-harguneek eta gasa kanporatzeko bideek (biometanoa) distantzia handiagoa izan beharko dute. Partzelak aldeko hirigintza-txostena du, eta erliebe egokia instalazio berria kokatzeko; dagoeneko gauzatuta dagoen putzu bat du (zeina instalazioan erabiliko baita), eta hurbil daude ur- eta elektrizitate-zuzkiduretarako eta gasa ateratzeko loturak.
Alternatiben azterketak agerian jartzen du prozesuaren sinpletasuna: jasotako substratua eraldatzeko oinarrizko eragiketa bakarra egin behar da (digestio anaerobioa), eta ez da tratatu behar, ez aurretik, ez ondotik, sortzen diren digestatoak ongarri gisa erabiliko baitira edo hirugarrenei entregatuko baitzaizkie, konposta egiteko edo tratatzeko.
III. ERANSKINA.–PROPOSAMENAREN PLANOAK

Iragarkiaren kodea: F2507730
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
