1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko maiatzaren 28an hartua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitatean baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko 2025. urteko plana.
2022ko udan jazo ziren baso-suteak aztertu eta gero, Espainiako Gobernuak abuztuaren 1eko 15/2022 Errege Lege-dekretua onetsi zuen (baso-suteen arloan presako neurriak hartzekoa). Gero, irailaren 20ko 17/2022 Errege Lege-dekretuko azken xedapenetako lehenak aldatu zuen.
Arau horrek, hain zuzen, Mendiei buruzko azaroaren 21eko 43/2003 Legea aldatu zuen, eta haren helburua zen lehenbailehen aplikatzeko neurri batzuk ezartzea, ahalik eta lasterren aurre egiteko larrialdi klimatikoko egungo egoerari.
Errege lege-dekretuak, zehazki, aldaketak sartzen ditu Mendiei buruzko Legean baso-suteei aurre egiteko hiru eremuetan: prebentzioan, itzalketan eta ukitutako baso-lurrak mantentzeko eta berroneratzeko lanetan. Hala, esparru horretan, ezartzen du autonomia-erkidegoek, baso-suteen arrisku orokorraren aurrean, urtero egin eta onetsi behar dituztela baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko planak.
Plan horiek garatu beharreko jarduera guztiak bildu behar dituzte, eta dagokion autonomia-erkidegoaren lurralde osoa hartu behar dute.
Nafarroako Gobernuak 2022ko azaroaren 30ean hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Berezia (INFONA 2022) onetsi zen.
Nafarroako Gobernuak 2023ko maiatzaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko 2023. urteko plana onetsi zen.
Nafarroako Gobernuak 2024ko ekainaren 12an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko 2024. urteko plana onetsi zen.
2025. urteko planean jasota daude Mendiei buruzko azaroaren 21eko 43/2003 Legearen 48. artikuluan eskatzen diren edukiak, eta eranskin gisa ageri dira honako hauek: Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Berezia (INFONA 2022); Nafarroako Foru Komunitatean baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko 2025. urteko plana; lurzoru urbanizaezinean suaren erabilera arautzen duen araudia, baso-suteak prebenitze aldera; eta, orobat, administrazio honen eskumenekoak diren baimenak, jarraikiz aipatutako artikuluaren d) letrako 6. puntuan adierazitakoari.
Baimen horiek 2024. urteko planean jasotako berberak dira. Baimenok 2023. urteko planean finkatu ziren, Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu guztiei galdetu ondotik, eta gero, 2024. urtean, moldaketa txiki batzuk egin zitzaizkien sektoreko eragileek egindako ekarpenen ondorioz.
Ondorioz, Nafarroako Gobernuak, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposatuta,
ERABAKITZEN DU:
1. Onestea Nafarroako Foru Komunitatean baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko 2025. urteko plana, erabaki honen eranskin gisa atxiki dena.
2. Erabaki honetan xedatutakoa aplikatuko da galarazi gabe babes zibilaren arloko eskumena duen organoak Nafarroako babes zibilaren eta larrialdien arretaren arloko araudia aplikatuta hartzen dituen gainerako esku-hartze eta/edo oneratze neurri guztiak.
3. Aurreko puntuan xedatutakoa gorabehera, Nafarroako Gobernuaren erabaki bidez, 2025. urteko planaren 4. eranskinean jasoak dauden 4., 5. eta 6. taldeei buruzko baimenak aldatzen ahalko dira edo, are, bertan behera uzten ahalko dira, baldin eta baldintza meteorologikoek edo interes orokorreko beste inguruabar batzuek hala eskatzen badute.
4. Ingurumeneko zuzendari nagusiak, basoen arloko administrazioa den aldetik, 2025. urteko planaren 4. eranskinean jasoak dauden 1., 2. eta 3. taldeei buruzko baimenak (nekazaritza eta basogintza arloko lanbide jarduerari buruzkoak) aldatzen ahalko ditu edo, are, bertan behera uzten ahalko ditu, baldin eta baldintza meteorologikoek edo interes orokorreko beste inguruabar batzuek hala eskatzen badute.
5. Erabaki hau igortzea Nafarroako Gobernuko departamentu guztietako idazkaritza tekniko nagusietara, behar diren ondorioak izan ditzan.
6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Gobernu Irekiaren Atarirako esteka jarrita, han argitaratuko baita Nafarroako Foru Komunitatean baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko 2025. urteko plana, haren eranskinekin batera.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 28an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
Nafarroako Foru Komunitatean baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko 2025. urteko plana.
Iragarkiaren kodea: F2507729