1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1120/2025 EBAZPENA, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordearena. Haren bidez, deialdi bat onesten da bost sari emateko "Navarra Cyber Talent 25: 3. fasea" izeneko hacking/CTD lehiaketaren I. edizioaren esparruan. Sariak Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta masterreko tituluetako ikasleei zuzenduak daude, bai eta Nafarroako Lanbide Heziketako ikasleei eta zibersegurtasuneko amateurraurreko txapelketetan –hala nola Guardia Zibilaren National Cyber League delakoan– parte hartu duten DBHko ikasleei ere.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Zibersegurtasunaren Katedraren helburua Navarra Cybersecurity Centerren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko elkarlana gorpuztea da. Zibersegurtasunaren arloko ezagutza sortzea du helburu nagusi, baina baliteke eragina izatea Katedraren oraingo jarduerekin loturiko beste esparru batzuk sortzean ere.
Ikusirik Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Zibersegurtasunaren Katedraren Segimendu Batzorde Mistoaren akta, zeinak deialdia eta haren aurrekontua onesten baititu.
Ikusirik Zerbitzu Juridikoaren txostena.
Ikusirik kreditu erreserbaren ziurtagiria eta Ekonomia Gaietarako Zerbitzuak egin duen txostena.
Ikusirik Kontu-hartzailetzak egindako txostena.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz.
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Deialdi bat onestea zenbait sari emateko, ebazpen honen eranskinean adierazitako oinarriei jarraikiz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zibersegurtasunaren Katedrak antolaturiko "Navarra Cyber Talent 25: 3. fasea" izeneko hacking/CTD lehiaketaren I. edizioaren esparruan.
Bigarrena.–Deialdi honek sortutako gastua baimentzea, 1.500 eurokoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Zibersegurtasunaren Katedrak finantzatua.
Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2025eko ekitaldirako duen Gastuen Aurrekontuetako partida honen kargura ordainduko da:
30.30.00.557A.0761.480.25. Katedren sariak 1.500 euro. Espediente zk. 2025/0000907.
Deialdia Europar Batasuneko Next Generation funtsekin finantzatu da.
Hirugarrena.–Honako sari hauen deialdia egiten da:
–A kategoria: 300 euro-ko 1 sari Nafarroako Unibertsitate Publikoko masterreko ikasleen kategorian puntuaziorik altuena lortu duen parte-hartzailearentzat.
–B kategoria: 300 euro-ko 1 sari Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasleen kategorian puntuaziorik altuena lortu duen parte-hartzailearentzat.
–C kategoria: 300 euro-ko 1 sari Nafarroako Lanbide Heziketako informazioaren teknologien inguruneetako zibersegurtasunaren arloko espezializazio ikastaroetako ikasleen kategorian puntuaziorik altuena lortu duen parte-hartzailearentzat.
–D kategoria: 300euro-ko 1 sari Nafarroako Lanbide Heziketako operazio teknologien inguruneetako zibersegurtasunaren arloko espezializazio ikastaroetako ikasleen kategorian puntuaziorik altuena lortu duen parte-hartzailearentzat.
–E kategoria: 300 euro-ko 1 sari Nafarroako DBHko ikasleen kategorian puntuaziorik altuena lortu duen parte-hartzailearentzat.
Halako sariak Nafarroan ondare-irabazpentzat hartzen dira, eta ez dute atxikipenik, ez baitira joko, lehiaketa edo zozketetan parte hartzearen ondoriozko sariak.
Laugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Zibersegurtasunaren Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari eta Kontu-hartzailetzari.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitara dadila agintzea.
Halaber, ebazpena argitaratzeaz gainera, ziurtatuko da deialdiak ahalik eta hedapen handiena izan dezala Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zibersegurtasunaren Katedraren webgunearen bidez.
Seigarrena.–Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren eta haren oinarrien aurka zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, betiere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2025eko ekainaren 5ean.–Ikerketako errektoreordea, Martín Larraza Quintana.
I. ERANSKINA.–OINARRIAK
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Zibersegurtasunaren Katedrak antolaturiko "Navarra Cyber Talent 25: 3. Fasea" izeneko hacking/CTD lehiaketaren I. edizioa
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Zibersegurtasunaren Katedraren helburua Navarra Cybersecurity Centerren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko elkarlana bultzatzea da, eta, horrela, ezagutza berriaren sorrera eta interes komuneko kontu guztien zabalpena sustatzea bi erakundeen artean. Halaber, ekarpena egin nahi dio unibertsitateko ikasleen eta sektoreko profesionalen prestakuntza praktikoari, zibersegurtasunaren arloko talentu oso espezializatua sortzen laguntzeko.
2025. urterako jarduera-programaren barrenean, Katedraren Segimendu Batzorde Mistoak bost sari deitzea erabaki du. Gastua 1.500 eurokoa izanen da osotara.
Hona hemen sariketan lehiatzeko ezarri diren oinarriak:
1.–Xedea.
Deialdi honen helburua da prozedura bat arautzea zibersegurtasunaren eta hackingaren arloko lehiaketetako sari batzuk emateko, publizitate, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioei jarraikiz. Lehiaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta masterreko titulu ofizialetako ikasleei zuzendua dago, bai eta Nafarroako Lanbide Heziketako ikasleei eta zibersegurtasuneko amateurraurreko txapelketetan –hala nola Guardia Zibilaren National Cyber League delakoan– parte hartu duten DBHko ikasleei ere.
2.–Finantzaketa.
Gastua, 1.500 eurokoa, 2025eko aurrekontuaren kargura eginen da, zehazki "30.30.00.557A.0761.480.25 Katedren sariak" partidaren edo ekitaldi horretan horretarako gaitzen den partidaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.
Zibersegurtasunaren Katedrak jarriko du zenbateko hori.
3.–Deialdiko sariak.
–A kategoria: 300 euro-ko 1 sari Nafarroako Unibertsitate Publikoko masterreko ikasleen kategorian puntuaziorik altuena lortu duen parte-hartzailearentzat.
–B kategoria: 300 euro-ko 1 sari Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasleen kategorian puntuaziorik altuena lortu duen parte-hartzailearentzat.
–C kategoria: 300 euro-ko 1 sari Nafarroako Lanbide Heziketako informazioaren teknologien inguruneetako zibersegurtasunaren arloko espezializazio ikastaroetako ikasleen kategorian puntuaziorik altuena lortu duen parte-hartzailearentzat.
–D kategoria: 300euro-ko 1 sari Nafarroako Lanbide Heziketako operazio teknologien inguruneetako zibersegurtasunaren arloko espezializazio ikastaroetako ikasleen kategorian puntuaziorik altuena lortu duen parte-hartzailearentzat.
–E kategoria: 300 euro-ko 1 sari Nafarroako DBHko ikasleen kategorian puntuaziorik altuena lortu duen parte-hartzailearentzat.
Halako sariak Nafarroan ondare-irabazpentzat hartzen dira, eta ez dute atxikipenik, ez baitira joko, lehiaketa edo zozketetan parte hartzearen ondoriozko sariak.
4.–Lehiatzeko betebeharrak.
Puntu hauetakoren bat betetzen duten ikasleek izanen dute aukera lehiaketa honetan indibidualki hartzeko:
–2025-2026 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko edo unibertsitate masterreko titulazio ofizialetako batean matrikulatuak dauden ikasleak.
–Lanbide Heziketako ikasleak, baldin eta 2025-2026 ikasturtean Nafarroako ikastetxe batean izena emanda badaude informazioaren teknologietako edo operazio teknologietako espezializazio ikastaro batean.
–DBHko ikasleak, betiere zibersegurtasuneko amateurraurreko txapelketetan parte hartu badute, hala nola Guardia Zibilaren National Cyber League delakoan.
Honako kategoria hauetako batean sartu behar du parte-hartzaile bakoitzak:
–A kategoria, masterreko ikasleei dagokiena.
–B kategoria, graduko ikasleei dagokiena.
–C kategoria, Lanbide Heziketako informazioaren teknologien inguruneetako zibersegurtasunaren espezializazio ikastaroetako ikasleei dagokiena.
–D kategoria, Lanbide Heziketako operazio teknologien inguruneetako zibersegurtasunaren espezializazio ikastaroetako ikasleei dagokiena.
–E kategoria, DBHko ikasleei dagokiena.
Lehiaketan parte hartzeak hemen azaldutako oinarri guztiak onartzea dakar.
5.–Hautagaitzak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea ondoren jakinaraziko da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean deialdia argitaratu eta gutxienez 6 egun baliodun igaro ondoren. Iragarkia 2025eko abuztuaren 15etik aurrera argitaratuko da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan eta Zibersegurtasunaren Katedraren webgunean.
https://www.unavarra.es/catedra-ciberseguridad
Interesdunek esteka honetako web formularioaren bidez formalizatu behar dute beren eskaera:
https://www.thehackerconclave.es/navarracybertalent25/
Sarietara aurkezteak deialdiaren oinarriak onartzea dakar berekin.
6.–Saridunen betebeharrak.
Saridunak nahieran erabiltzen ahalko du jasoko duen diru kopurua.
Deialdiaren oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izanen da saria kentzea. Hala gertatzen denean, dirua itzuli beharko du interesdunak.
Deialdi honetan parte hartzeak deialdiko oinarri guztiak onartzea dakar berekin. Horien aplikazioan sortzen den edozein gorabehera Zibersegurtasunaren Katedraren Segimendu Batzorde Mistoak ebatziko du.
7.–Sariaren epaimahaia.
Honako hiru kide hauek osatuko dute saria emateaz arduratuko den epaimahaia:
–Mikel Izal Azcárate, Zibersegurtasunaren Katedraren zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona.
–Santiago García Jiménez, Ingeniaritza Telematikoaren arloko Zibersegurtasuneko ikasgaien irakaslea, edo hark eskuordetzen duen pertsona.
–Juan Ramon Aramendia, Navarra Cibesecurity Centerren zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona.
Katedraren zuzendaritzak eskatuta eratuko da epaimahaia. Horretarako, bere kideei dei egin, eta epaimahaiaren jarduna errazteko beharrezkoak diren kudeaketak eginen ditu.
8.–Saria ematea.
2025eko irailean itxiko da izena emateko epea, eta ondoren eginen da lehiaketa. Lehiaketa zer lekutan, egunetan eta ordutan eginen den aldez aurretik jakinaraziko da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan eta Hacker’s Conclaveren webgunean (https://www.thehackerconclave.es/navarracybertalent25/), eta posta elektronikoz ere jakinaraziko zaie Hacker’s Conclaveren ekitaldien berri izateko izena emanda dauden guztiei.
Behin lehiaketa hasita, epaimahaikideek lehiaketaren helburuak eta parte hartzeko beharrezkoak diren alderdi tekniko guztien berri emanen dute. Lehiaketak iraun bitartean, lehiaketa horretarako sortuko den online plataformaren bidez bidaltzen ahalko dituzte parte-hartzaileek beren soluzioak (flag direlakoak). Lehiaketa hastean emanen da plataformaren berri.
Epaimahaiak Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio sariak emateko proposamena, eta hark dagokion ebazpena emanen du. Ebazpen horretan, saritutako hautagaiak besterik ez dira agertuko, eta gainerako hautagaitzak baztertu direla ulertuko da.
Ebazpenaren aurka, interesdunek zilegi dute aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren maila bereko epaitegiei zuzendua, bi hilabeteko epean, biak ere ebazpen hau iragarki ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Edonola ere, ebazpena Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zibersegurtasunaren Katedrak berak ere zabalduko du.
Sarien banaketa ekitaldi publiko batean eginen da, lehiaketa bukatu ondoren.
9.–Datuen babesa.
Lehiaketan parte hartzen dutenen datuak deialdiko sariaren esleipena ebaluatzeko erabiliko dira. Datuen tratamendua araudi hauen araberakoa izan behar da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 EB Erregelamendua –2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduaren eta datu horien zirkulazio askearen gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (DBEO)–; eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa –2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide digitalak Bermatzeari buruzkoa (DBEDBLO)–.
Datu hauek tratatuko dira: hautagaien nortasuna (izen-deiturak eta NANa), harremanetarako datuak, datu akademikoak, aurkeztutako dokumentazioa eta, saria kobratu behar izanez gero, bankuaren datuak edo ordaindu ahal izateko bestelako datuak.
DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Zibersegurtasunaren Katedrak antolaturiko sariak antolatzea eta ematea da datuen tratamenduaren helburua.
Interes publikoko xedea da hori, eta honako hauek ditu oinarri juridikoak, besteak beste: Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa.
Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da. Interesdunek zilegi izanen dute beren datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haiei buruzko informazioa izateko eskubidea erabiltzea, baita dagozkien beste eskubide batzuk erabiltzea ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Datuak Babesteko delegatuaren aurrean (delegado.protecciondatos@unavarra.es).
10.–Argitaratzea eta zabaltzea.
Deialdi hau arautzen duten oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira.
Halaber, oinarri horiek aplikatuz ematen diren gainerako egintzak Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira, eta, horrez gain, ahalik eta zabalkunderik handiena emanen zaie Zibersegurtasunaren Katedraren webgunearen bidez:
https://www.unavarra.es/catedra-ciberseguridad
11.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta haren oinarrien aurka, interesdunek zilegi dute aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, hilabeteko epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iragarkiaren kodea: F2508349