118. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

296/2025 EBAZPENA, maiatzaren 8koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, oinezko transhumantziarako "de minimis" araubideko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena eta 2025eko laguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 831487.

Nafarroako Foru Komunitatearen barnean larreak urtaroaren arabera aprobetxatzeko asmoz azienda lekualdatzeko, komunikazioen sare bat garatzen da, gaur egun oraindik erabiltzen dena. Sare horrek "igarobide ekologiko" batzuk ditu, honako alderdi hauek babesten laguntzen dutenak: bertako arrazak, migrazioa, banaketa geografikoa, eta basa espezieen truke genetikoa. Hala ere, transhumantziak dakartzan gastuek, azienda transhumantearen errentagarritasunaren murrizketak (higaduraren ondorioz haragiaren bihurketa-indizea txikiagoa delako) eta, ondorioz, abereek joan-etorrietan galtzen duten pisuak oinezko transhumantziaren praktika pixkanaka gainbehera etortzea eragin dute, halako moldez non Erriberatik edo Nafarroako beste eskualde batzuetatik udako transhumantzia abeltzain gutxi batzuen ustiategiek baizik ez baitute egiten.

Abelbideak transhumantzia-bideak dira, usadiozko larratze tokiak lotzen dituztenak, abeltzainek aukera izan dezaten azienda larrerik hoberenetara eramateko, urtaroaren arabera: udan, mendi-gainetako larreetara, eta neguan, berriz, klima epelagoa duten tokietara.

Altxonbideak dira sareko bide nagusiak; ibilbide luzea dute, eta oro har iparraldetik hegoalderantz doaz, lotzen dituztela iparraldeko goi-mendiko larreak, udan erabiltzen direnak, eta hegoaldeko tokiak (hau da, Ebroko Erriberakoak eta Errege Bardeakoak), negua pasatzeko erabiltzen direnak. Azienda transhumanteek jarraitzen dute altxonbide ezagunenak erabiltzen haien ibilbidearen zati batean.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak beharrezkotzat jotzen du diru konpentsazio bat ematea Nafarroako Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatuak dauden nekazaritzako ustiategien titular diren eta transhumantzia oinez egiten duten abeltzainei, altxonbideei eusten laguntzen baitute.

Ebazpen honetan araututako laguntzak "de minimis" araubidearen menpean daude. Araubide hori ezarri zen Batzordeak 2024ko abenduaren 10ean emandako 2024/3118 (EB) Erregelamenduan, zeinaren bidez aldatzen baita 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei nekazaritzaren sektorean aplikatzeari buruzkoa.

Laguntza lerro hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2024-2026 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren berrikuspen eta eguneraketan sartzen da, zeina Nafarroako Gobernuaren 2024ko ekainaren 19ko Erabakiaren bidez onetsi zen.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea oinezko transhumantziarako "de minimis" araubideko laguntzak emateko oinarri arautzaileak, ebazpen honen I. eranskinean jasota daudenak, bai eta ebazpen honen II. eta III. eranskinak ere.

2. Onuradunak ebazpen honen bederatzigarren oinarrian xedatutako gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du, esteka honen bitartez: https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/GestorInstancia.aspx?idInstancia=2010565.

3. Oinezko transhumantziarako laguntzak emateko 2025eko deialdia onestea. Laguntza hauek "de minimis" araubidearen menpe daude.

4. Laguntza hauetarako 90.000 euroko gastua baimentzea, 2025erako Aurrekontu Orokorretako "Transhumantziarako laguntza" izeneko 710004-71300-4700-412207 partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoei aurre egiteko.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Dirulaguntzen deialdi hau eta oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2025eko maiatzaren 8an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, 2025EAN OINEZKO TRANSHUMANTZIARAKO "DE MINIMIS" ARAUBIDEKO LAGUNTZAK EMATEKO

Lehena.–Xedea eta helburua.

1. Ebazpen honen xedea da oinezko transhumantziarako laguntzak emateko 2025eko deialdia onestea eta haren oinarri arautzaileak ezartzea. Laguntzak "de minimis" araubidekoak dira, zeina Batzordeak 2024ko abenduaren 10ean emandako 2024/3118 (EB) Erregelamenduan ezarri baitzen. Erregelamendu horren bidez aldatzen da 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei nekazaritzaren sektorean aplikatzeari buruzkoa (2024ko abenduaren 13ko L EBAO).

2. Laguntza honen helburua da aziendaren transhumantzia oinez egiten duten abeltzainek erabiltzen duten komunikazio sarea mantentzea; izan ere, transhumantzia horrek laguntzen du bertako arrazak, migrazioa eta banaketa geografikoa babesten, eta igarobide ekologikoen sare batez osatutako altxonbideak mantentzen.

3. "De minimis" araubide horren arabera ezarritako laguntzak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2024-2026 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota daude.

Bigarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, laugarren oinarri arautzaileari jarraikiz aurkeztu beharreko dokumentazioan azaltzen diren datuak hartuko dira oinarri, eta, horren arabera, prima hauek emanen dira:

  • 1,50 euro, umetarako ardi edo ahuntz bakoitzeko, 40 eta 80 kilometro bitarteko ibilbideetarako.
  • 2,50 euro, umetarako ardi edo ahuntz bakoitzeko, 80 kilometrotik gorako ibilbideetarako.
  • 6 euro, 24 hilabetetik gorako behi aziendako buru bakoitzeko eta 36 hilabetetik gorako zaldi aziendako buru bakoitzeko, 40 eta 80 kilometro bitarteko ibilbideetarako.
  • 9 euro, 24 hilabetetik gorako behi aziendako buru bakoitzeko eta 36 hilabetetik gorako zaldi aziendako buru bakoitzeko, 80 kilometrotik gorako ibilbideetarako.

2. Ibilbide diruz lagungarriak gehienez bi izanen dira ustiategiko: joatekoa eta itzultzekoa.

Ez dira diruz lagunduko ustiategiek Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldetik kanpo egiten dituzten ibilbideak.

3. Gehienez ere 5.000 euroko laguntza emanen da transhumantzia oinez egiten duen ustiategi bakoitzeko.

4. Prima jaso dezaketen abelburuen gehieneko kopurua zehazteko, bi kopuru hauetan txikiena hartuko da: eskatutako abelburuen kopurua edo, deialdia argitaratzen den egunean, Nafarroako Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan erregistratutakoen kopurua.

5. Dirulaguntzen deialdi hau "de minimis" araubidearen menpean dago, zeina Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2024/3118 (EB) Erregelamenduaren bidez ezarri baitzen. Erregelamendu horrek 1408/2013 (EB) Erregelamendua aldatzen du, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei nekazaritzaren sektorean aplikatzeari buruzkoa (2024ko abenduaren 13ko L EBAO).

6. Enpresa bakar bati emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoa ez da 50.000 eurotik gorakoa izanen hiru urteko edozein alditan, Batzordearen 2024ko abenduaren 10eko 2024/3118 (EB) Erregelamenduaren 1. artikuluko 3. puntuko 2. apartatuan ezarritakoaren arabera. Erregelamendu horrek 1408/2013 (EB) Erregelamendua aldatzen du, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei nekazaritzaren sektorean aplikatzeari buruzkoa.

Hirugarrena.–Onuradunak eta laguntza jasotzeko baldintzak.

1. Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izaten ahalko dira Nafarroako Foru Komunitatean abeltzaintzako ustiategi baten titular diren pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta laguntza ematen denean baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroako Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribaturik dagoen abeltzaintzako ustiategi baten titularra izatea 2025eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik.

b) Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak zehazten dituen osasun eskakizunak betetzea.

2. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

3. Ezin izanen dute laguntzarik eskuratu sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, administrazio ebazpen irmo edo epai irmo baten bidez, zehapena edo zigorra jaso duten entitate eskatzaileek.

4. Aurreko puntuan aipatutako egoeran dauden entitateak eta enpresak laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

Laugarrena.–Laguntza eskaerak aurkeztea.

1. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2. Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko Legearen 14.2.a) artikuluarekin, eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura zuzenduko dira, eta pertsona juridikoek telematika bidez aurkeztu behar dituzte, Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko tramiteen katalogoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak) dagokion fitxaren bitartez. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Eskaera horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori eskuratzen ahal da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoan.

Hala ere, eskatzailea pertsona fisiko bat bada, eskaera aurrez aurre ere aurkezten ahalko da urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako edozein lekutan.

3. Eskaerarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Deskripzio-memoria, II. eranskinaren araberakoa, honako hauek adieraziko dituena:

–Egin beharreko ibilbidea, adierazita egunak, datak, udal-mugarte edo herriak, alderdiak eta egunero eta guztira egiten diren kilometroak.

–Berariaz adieraztea transhumantzia igotzekoa edo jaistekoa den. Bi memoria aurkeztuko dira, bata joanerako eta bestea itzulerarako, kasua bada.

–Oinezko transhumantzia eginen duten abelburuen kopurua eta azienda mota.

b) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten eskatzaileen kasuan.

c) Idatzizko edo bitarteko elektronikoen bidezko adierazpen bat, hiru urteko edozein alditan jasotako beste edozein "de minimis" laguntzei buruzkoa, betiere erregelamendu honi edo beste "de minimis" erregelamendu batzuei lotuta badaude.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku-egoeratan ez dagoela dioena.

e) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, .......................................................(izen-deiturak), nire izenean / ........................................ ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, Nafarroako ................................................. laguntzen deialdia tramitatzeko prozeduraren barruan, .............(e)ko ekitaldian, egiazta dezan nik / ordezkatzen dudan entitateak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ditudan / dituen".

f) e) atalean ezarritakoarekin ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko datuak.

g) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak agiri horietakoren bat baldin badu jadanik, interesdunak hala azaldu beharko du eskaeran, adieraziz zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datu horiek ikusteko.

h) Onuraduna pertsona juridiko bat bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, zehazten duena ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala badagokio, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan praktikak izateagatik edo toleratzeagatik.

Bosgarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Onartzen diren eskaerek, guztira, aurrekontuetan ezarritako diru-muga gainditzen badute, laguntzak eskatzaileen puntuazioaren arabera banatuko dira, honako baremo honi jarraikiz:

2.1. GPS motako geolokalizazio-gailuak dituzten abereen taldearen titularrek egindako eskaerak, Administrazioak taldearen oinezko transhumantziako mugimenduen berri izan badezake gailu horien bidez: 20 puntu.

2.2. 2025eko urtarrilaren 1ean gutxienez ere umetarako 700 eme dituzten abeltzaintza-ustiategien eskaerak: 20 puntu.

2.3. Ogibide nagusia nekazaritza duten titularren izenean dauden ustiategien eskaerak, titularra pertsona fisiko bat denean; eta lehentasunezko ustiategienak, titularra pertsona juridiko bat denean: 10 puntu.

3. Aurrekontua ez bada aski puntuazioaren araberako lehentasunezko talderen baten eskaera guztiak finantzatzeko, talde horren barrenean jaso beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera jaso ondoren, egiaztatuko da hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen eta laugarren oinarrian adierazitako agiriak erantsi dituen. Exijitutako agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean zuzendu dezala errekerituko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela. Horrelakoetan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta jakinaraziko zaio.

Halaber, eskatzen diren betebeharrak betetzen diren egiaztatuko du Animalien Ekoizpenaren Atalak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez.

2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen proposamena eginen du.

3. Laguntza eman aurretik, ebaluazio organoak adierazpen bat jasoko du, idatzizkoa edo baliabide elektronikoen bitartez, dagokion enpresatik. Adierazpen horretan aipatuko da erregelamendu honen eraginpeko edo "de minimis" motako beste erregelamendu batzuen eraginpeko "de minimis" motako beste laguntzarik jaso den hiru urteko edozein alditan.

4. Laguntzak araubide horren arabera ematen ahalko dira baldin eta egiaztatzen bada onuradun berari emandako "de minimis" laguntzen guztizko zenbatekoak ez duela gainditzen Batzordearen 2024ko abenduaren 10eko 2024/3118 (EB) Erregelamenduaren 1. artikuluko 3. puntuko 2. apartatuan ezarritako muga. Erregelamendu horrek 1408/2013 (EB) Erregelamendua aldatzen du, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei nekazaritzaren sektorean aplikatzeari buruzkoa.

5. Dirulaguntzen gaineko ebazpena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, arrazoiak emanda.

6. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

1. Aurkeztu den memorian ezarri bezala egitea transhumantzia.

2. Laguntza emateko kontuan hartu diren betebeharrak eta baldintzak betetzen direla justifikatzea organo emailearen aurrean, larreetara egindako mugimenduei buruzko osasun gidak aurkeztuz eta oinezko transhumantzia dela adieraziz.

3. Administrazioko teknikariei ustiategi transhumantera jotzeko erraztasunak ematea, hartutako konpromisoak betetzen diren egiazta dezaten.

4. Ibilbidea eguneko kokapenen bidez justifikatzea, zeinak adieraziko baitira egunez eguneko ibilbidearen deskribapenean (II. eranskina): deskripzio-memoria, oinez eginen den transhumantziarena.

5. Onuradunak idatziz jakinarazi beharko dizkio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, gehienez 10 eguneko epean, laguntza eskaerako egunez eguneko ibilbidean gertatzen diren aldaketak, hots, laguntza eskaerarekin batera aurkeztutako oinezko transhumantziaren deskripzio-memorian adierazitako ibilbidearen deskribapenari eragiten diotenak.

6. Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntza jasotzen dutenen gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:

https://www.navarra.es/documents/48192/17624852/GARDENTASUN+BETEBEHARRARI+BURUZKO+ADIERAZPENA.pdf/f3f571bb-9a88-f772-8a9d-12672ad10a93?t=1657027044702

Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onetsitako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion–cas–eus.pdf/a4040dbc-5f38-6419-de18-be7af29f4cca?t=1651059276963

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas–eus.pdf/476d1d82-9ef4-7d25-7668-36cf9ae8c191?t=1651059275713

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, adierazitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark bete ahal ditzan Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Hamargarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

1. Abeltzainei abere taldearen transhumantziaren gastuen zati bat estaltzeko ematen zaien laguntza ordainketa bakar batean pagatuko da, transhumantzia egin dela frogatu ondoren. Hori justifikatzeko, larreetara egindako mugimenduei buruzko osasun gidak egiaztatuko dira, non transhumantzia oinez egin dela zehaztuko baita. Egiaztatuko da laguntza emateko baldintzak betetzen diren pagatu baino lehen.

2. Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa jasotzeko, onuradunek, eskaeraren urteko urriaren 15ean beranduenez, ordainketa-eskaera (III. eranskina) aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta.

3. Dirulaguntza ordainketa bakarrean emanen da; aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak bete dituela dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra.

Hamaikagarrena.–Noiz eta nola frogatu dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla.

Laguntzen helburua (hau da, transhumantzia) bete dela justifikatzeko, administrazio kontrolak eginen dira, oinezko ibilbidea zehazten duten transhumantzia gidak egiaztatuz eta ikuskapenak eginez bertatik bertara.

Hamabigarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira Foru Administrazioak berak edo beste administrazio publiko batzuek helburu bererako ematen dituztenekin, betiere errespetatzen badira Batzordearen 2024ko abenduaren 10eko 2024/3118 (EB) Erregelamenduak ezarritako mugak. Erregelamendu horrek 1408/2013 (EB) Erregelamendua aldatzen du, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei nekazaritza sektorean aplikatzeari buruzkoa.

Hamahirugarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzulketei, arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

3. Inguruabar bereziren bat edo ezinbesteko egoeraren bat gertatu dela dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, organo kudeatzaileak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamalaugarrena.–Emandako dirulaguntzen kontrola eta publizitatea.

1. Organo kudeatzaileak Batzordearen 2024ko abenduaren 10eko 2024/3118 (EB) Erregelamenduaren aplikazioari buruzko informazio guztia erregistratu eta bilduko du. Erregistro horietan, aipatutako erregelamenduaren baldintzak bete direla frogatzeko behar den informazio guztia jaso beharko da. Banakako "de minimis" laguntzei buruzko erregistroak hamar ekitaldi fiskaletan gorde beharko dira, laguntza ematen den egunetik aurrera. "De minimis" araubideko laguntzei dagozkien erregistroak hamar ekitaldi fiskaletan gorde beharko dira, kasuan kasuko araubidearen esparruan banakako azken laguntza ematen den egunetik aurrera.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat, Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean argitaratuko dira emandako dirulaguntzak, artikulu horretan bertan adierazitako baldintzetan.

3. Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda argitara emanen da Nafarroako Gobernuaren web-orriko zerbitzuen katalogoko fitxa garatzen duen araudian ezartzen denaren arabera.

II. ERANSKINA.–DESKRIPZIO-MEMORIA, EGINEN DEN TRANSHUMANTZIARI BURUZKOA

Deiturak eta izena:

IFZa:

Honako hau ordezkatuz:

IFZa:

Posta helbidea:

Posta kodea:

Herria:

Udalerria:

Telefonoa:

Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean duen zenbakia:

Adierazten du azienda honela lekualdatzeko asmoa duela, oinez betiere:

Transhumantzia mota: ................................................... Adierazi igotzeko edo jaisteko den

AZIENDA MOTA:

Arraza:

Abelburu kopurua:

Egunez eguneko ibilbidearen deskripzioa:

DATA

HERRI honetatik:

HERRI honetara:

ALDERDIAK

Oinez egindako kilometroak

1. EGUNA

2. EGUNA

3. EGUNA

4. EGUNA

5. EGUNA

6. EGUNA

7. EGUNA

8. EGUNA

9. EGUNA

10. EGUNA

11. EGUNA

EGINDAKO KILOMETROAK GUZTIRA

................................(e)n, 2025eko .............................aren ........(e)(a)n

Sinatua:

III. ERANSKINA.–JARDUERA BUKATU IZANAREN KOMUNIKAZIOA

ORDAINKETA ESKAERA.

ZENBAKI HAU DUEN USTIATEGIAREN TITULARRAREN DATUAK: .........................

Deiturak eta izena:

IFZa:

Honako hau ordezkatuz:

IFZa:

Posta helbidea:

Posta kodea:

Herria:

Udalerria:

Telefonoa:

AZIENDA.

  • Mota:
  • Abelburu kopurua:
  • Atxikitzen den dokumentazioa:
    • Animalia bizien lekualdatzearen agiri ofiziala, dagokion osasun baimenarekin bai joateko bai itzultzeko.

GIDA ZK.:

TRANSHUMANTZIAREN EGUNAK

Besterik: ......................................

................................(e)n, 2025eko .............................aren ........(e)(a)n

Sinatua:

Iragarkiaren kodea: F2506828