118. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

29/2025 FORU AGINDUA, maiatzaren 28koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, "Talentu Artistikoa Sustatzeko 2025eko Saria" Ane Sagüés Abadi ematea xedatzen duena.

Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariaren otsailaren 11ko 8/2025 Foru Aginduaren bidez, Talentu Artistikoa Sustatzeko Sariaren 2025eko deialdia egin zen. Sari horrek helburu du artearen eta kulturaren arloan gazte ekintzaileen ekimena bultzatzea eta babestea, gazteentzako erreferentea izatea, eta laguntzea Nafarroan sortzen ari den talentua ikusarazten eta profesionalizatzen.

Aurkeztu diren hautagaitzak aztertu eta horiek deialdiko oinarrien arabera baloratu ondoren, epaimahaiak erabaki du Ane Sagüés Abad proposatzea "Talentu Artistikoa Sustatzeko 2025eko Saria" eman dakion.

Ane Sagüés Abad (Etxauri, 1998) arte eszenikoetako sortzaile nafarrak 14 urterekin hasi zuen bere aktore ibilbidea, Atikus konpainian, "Maravillas en el País de las miserias" (Mirariak miserien Herrialdean) izeneko ikuskizunean. 2016tik 2020ra ikasketak egin zituen Madrilen, William Layton Antzerki Ikerketaren Laborategian, Nafarroako Gobernuak arte ikasketak zabaltzeko eman zion beka bati esker. 2022an, Las Nenas Theatre konpainia sortu zuen: Nafarroatik lan egiten duen kolektibo bat da, hizkera eszeniko berrien ikerketan oinarritutako ikuspegitik. Bere aurreneko lanak, "Ramos y Gramos" izenekoak, lehen saria irabazi zuen Arte Gaztearen Topaketetan.

Bere lan berriena, Torcidxs izenekoa, sona handiko deialdietan hautatu dute, hala nola Madrileko La Casa Encendida zentroaren arte egonaldian, Bilboko Udalaren BAD jaialdian, Uharte Zentroaren Ekoiztu programan eta Antartika Kultur Containerren BOR-BOR deialdian. Lan hori jaialdi eta gune garrantzitsuetan programatu da, esate baterako BLV-Arten eta Domingo en La Casa Encendida delakoan, eta eztabaida publikoak sortu ditu identitateaz, gorputzaz eta memoriaz.

Bere ibilbidean aurkezpenak egin ditu hainbat tokitan, Iruñean, Bilbon, Madrilen, Albaceten, besteak beste, bai eta nazioartean ere, Belgikan, adibidez, horrek Nafarroaz haragoko bere proiekzioa ere sendotzen duela. Parte hartu du Feten jaialdian, Erriberriko Antzerki Jaialdian, Donostiako Zinemaldiko Zinemiran, Feministaldian eta hizkera eszeniko berrien arloan erreferentzia diren beste topagune batzuetan.

Ane Sagüés Abaden hautagaitza aukeratzeko, epaimahaiak honako hauek hartu ditu kontuan:

–Arte eszenikoetan duen formakuntza espezializatutik, apustu egitea hizkera abangoardista eta garaikideen alde, beren jardun artistikoan gai konprometituak jorratzea sustatzen duen gazte belaunaldi bateko kide den aldetik.

–Gure lurraldean arte komunitateak eratzeko bultzada eta inplikazio etengabeak izatea eta tokiko testuinguruarekin elkarlanean aritzea.

–Bere hizkera alternatiboa sortzea eta eduki garrantzitsuak, bere belaunaldiarekin zeharo lotzen dutenak.

–Bere progresio profesionala, Nafarroan nahiz Nafarroatik kanpo aitortua.

Horregatik guztiagatik, epaimahaiaren proposamena ikusirik, bidezko da "Talentu Artistikoa Sustatzeko 2025eko Saria" Ane Sagüés Abadi ematea.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. "Talentu Artistikoa Sustatzeko 2025eko Saria" Ane Sagüés Abadi ematea.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Ane Sagüés Abadi jakinaraztea.

Iruñean, 2025eko maiatzaren 28an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2507752