118. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

55/2025 FORU DEKRETUA, maiatzaren 28koa, zeinaren bidez Amaia Remírezi eta Raúl de la Fuenteri (Kanaki Films) ematen baitzaie 2025. urteko "Vianako Printzea" Kulturaren Saria.

"Vianako Printzea" Kulturaren Saria Nafarroako Gobernuak sortu zuen 1990. urtean, aintzat hartzeko asmoz kulturaren edozein arlotan nabarmentzen diren pertsona edo erakundeek egindako lana, dela sorkuntzan, ikaskuntzan edo ikerkuntzan, dela kulturaren bultzatzaile eta sustatzaile gisa.

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak erabaki du Nafarroako Gobernuari proposatzea Amaia Remírezi eta Raúl de la Fuenteri (Kanaki Films) eman dakien 2025. urteko "Vianako Printzea" Kulturaren Saria, dokumentalen bidez istorioak azaltzen eta kontatzen dituztenean erakusten duten begirada berdingabe, humano eta enpatikoagatik.

Raúl de la Fuentek eta Amaia Remírezek, eta Kanaki Films ekoiztetxearen bitartez egiten duten lanak, beren baitan biltzen eta ordezkatzen dituzte sari honek berezkoak dituen balioak; izan ere, saria gizartearen eraikuntzan eta garapenean funtsezkoak diren kultur arloko ibilbide pertsonal edo kolektiboak nabarmentzeko sortu zen 1990. urtean.

Hogei urteko ibilbidean, Raúl de la Fuente eta Amaia Remírez nabarmendu dira haien dokumentaletan begirada humano eta enpatikoarekin erakutsi dituztelako munduan gertatzen diren eskubide urraketak, ikusten eta kontatzen deserosoenak diren errealitateak beste inork ez bezala azaltzen dituztelako irudien bidez, eta ausardiaz aurkezten dituztelako beren dokumentalen proiektuak nazioarteko merkatu eta jaialdietan.

Gainera, zinemagintzako ibilbide arrakastatsua izan dute, sariak eta izendapenak jaso baitituzte mundu guztiko jaialdi ospetsuenetan.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren proposamena ikusita, bidezkotzat jo du haiei ematea 2025. urteko "Vianako Printzea" Kulturaren Saria.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2025eko maiatzaren 28an egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Amaia Remírezi eta Raúl de la Fuenteri (Kanaki Films) ematea 2025. urteko "Vianako Printzea" Kulturaren Saria.

2. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Amaia Remírezi eta Raúl de la Fuenteri jakinaraztea.

Iruñean, 2025eko maiatzaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2507738