115. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UTERGA

Udal ordenantza, gimnasioa erabiltzeko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Utergako Udalak, 2025eko martxoaren 6an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Utergako gimnasioa erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Hasierako onespenaren erabakia 2025eko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 25ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Utergan, 2025eko maiatzaren 14an.–Alkate udalburua, Pablo Lizarrondo Beriain.

GIMNASIOA ERABILTZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

OINARRIA

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezartzen da bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuarekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legea), eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenaren arabera.

ZERGA-EGITATEA

2. artikulua. Zerga-egitatea gimnasioa erabiltzea da.

SUBJEKTU PASIBOA

3. artikulua. Ordenantza honetan araututako tasen subjektu pasiboak izanen dira, Udalak baimendurik, gimnasioa erabiltzen duten pertsona fisikoak.

4. artikulua. Gimnasioa erabiltzeko gutxieneko adina 15 urte da. 18 urtetik beherako adingabeen izen-ematea egiteko beharrezkoa izanen da aitak, amak edo tutoreak alta eta tasaren ordainketa baimentzea.

IZEN-EMATEA ETA BETEBEHARRAK

5. artikulua. Tasa ordaintzeko betebeharra sortzen da eskaera egin eta ondoriozko izen-ematearekin.

6. artikulua. Udal gimnasioan izena emateko, erabiltzaileek honako hauek egin beharko dute:

a) Udalean web-orri ofizialean eskuragarri dagoen izena emateko inprimakia bete.

b) Balioa duen identifikatzeko dokumentu bat aurkeztu.

c) Dagokion izen-emate tarifa ordaindu.

7. artikulua. Izen-ematea egin eta gero, gimnasioan sartzeko erabiltzaile bakoitzari emanen zaio pertsonala eta bertzerenezina den giltza magnetikoa.

8. artikulua. Giltza magnetikoaren gordailua 10 euro da. Gordailu hori itzuliko zaio giltza egoera onean bueltatzerakoan.

9. artikulua. Giltza magnetikoaren bidez sartu ahal izanen da gimnasiora, Udalak ezarritako orduetan.

KUDEAKETARAKO ETA DIRU-BILKETARAKO ARAUAK

10. artikulua. Dagokion tasa izena ematerakoan kobratuko da, soilik urtekoa izanen da, urtarrilaren 1etik aurrera.

Ondotik inskribatutako erabiltzaileei dagokien tasa hainbanatua kobratuko zaie.

11. artikulua. Gimnasioko instalazioak erabili ahal izateko abonuak espresuki zehazten den maneran emanen dira.

12. artikulua. Erabiltzaileek berekin atxiki beharko dute instalazioak erabiltzeko giltza magnetikoa barrenean dauden bitartean, instalazioen ardura duten langileek eskatuz gero erakutsi ahal izateko.

13. artikulua. Arau-hauste soila izanen da instalazioen zaintzaileek giltza magnetikoa eskatu eta horri uko egitea.

14. artikulua. Arau-haustetzat hartuko da gimnasiora sartzea dagokion giltza magnetikorik gabe.

15. artikulua. Arau-haustetzat hartuko da instalazioak eta makinak gaizki erabiltzea. Kalterik sortuz gero, konponketak dakarkion kostua ordaindu beharko da.

16. artikulua. Arauak hautsiz gero, erabilera eskubidea galtzea lekarke eta abonuaren baliogabetzea, itzulketarako eskubiderik gabe.

TARIFAK

17. artikulua. Aplikatzeko tarifak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

18. artikulua. Udalak tarifak urtero berrikusi ahal izanen ditu, zerbitzuaren beharretara egokitzeko, osoko bilkuran onartuta.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan aplikatuko da Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua.

Honako ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean, eta indarrean egonen da berariaz aldatu edo ezeztatu arte.

TARIFEN ERANSKINA

Gimnasioa erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalaren tarifak

–Urteko abonua.

  • 50 euro, Utergan erroldatuak.

Iragarkiaren kodea: L2507090