115. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERA

Berako mugikortasun eta trafikoari buruzko udal ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena

Berako Udalak, 2025eko martxoaren 18an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Berako mugikortasun eta trafikoari buruzko udal ordenantzaren aldaketa.

Espedientea jendaurrean ikusgai egon zen hogeita hamar egun baliodunean, dagozkion iragarkiak 2025eko 65. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 1ean, eta Udalaren iragarki-taulan argitaratu ondotik. Ez zen alegaziorik aurkeztu, eta, beraz, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsia geratu da, eta haren testua argitaratzen da, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Beran, 2025eko maiatzaren 22an.–Alkatea, Aitor Elexpuru Egaña.

BERAKO MUGIKORTASUN ETA TRAFIKOARI BURUZKO UDAL ORDENANTZAREN ALDAKETA

19. artikuluko (aparkatzeko debekuak) 13. puntuaren idazketa berria:

13. Garraio publiko, eskola-garraio, taxi, zamalan, ibilgailu elektrikoak kargatzeko eremu, ibi eta, oro har, erreserbako leku izateko seinaleztatu eta mugatutako geralekuetan.

21. artikuluaren (aparkaleku eremuak) idazketa berria:

21. artikulua. Aparkaleku eremuak.

Ondoko aparkaleku eremu bereiztuak ezartzen dira:

1. gunea: aparkaleku librea.

–Edonork aparka dezake. Gehienez ere 3.500 kiloko pisua duten ibilgailuentzat.

2. gunea: bertakoentzat gordetako aparkalekuak.

–Herrian bizi diren pertsonentzat gordetako eremuak dira. Gune honek Kanttonberri karrikako eta Eztegara aldera dauden Toki Onako aparkalekuak hartuko ditu bere baitan. Udalak bertze gune batzuk ere gorde ahal izanen ditu, Udalbatzak onartu eta herritarrei jakinarazi ondoren.

–Aparkaleku horiek egoiliarrentzat erreserbatuta egonen dira astelehenetik ostiralera, lanegunetan, 08:00etatik 20:00etara, eta gainerako denbora librea izanen da. Gehienez ere 3.500 kiloko pisua duten ibilgailuak aparkatu ahalko dira soilik. Aparkalekuak bertikalean eta horizontalean seinaleztatuko dira.

3. gunea: ordutegi mugatuko gunea.

–Udalak ezarri ahalko ditu ordutegi mugatuko aparkatzeko guneak, aurretik Osoko Bilkuran onartu eta herritarrei jakinarazita. Aparkatzeko muga hori astelehenetik ostiralera, lanegunetan, 08:00etatik 20:00etara, egonen da indarrean, eta gainerako denbora librea izanen da. Ordutegi mugatuko aparkalekuak bertikalean eta horizontalean kolore urdinez seinaleztatuko dira.

Ordutegi mugatuko aparkalekuak zehaztapen hauen menpe egonen dira:

1.–Oro har, dagozkion seinaleetan ezarritako muga errespetatu beharko du erabiltzaileak.

2.–Denboraren kontrola udal-administrazioak ezarriko dituen forma eta ezaugarriak izanen dituen ordutegi-egiaztagiriaren bidez egiten bada, ibilgailuaren erabiltzaileak egiaztagiria jarri beharko du kanpoaldetik erabat ikusgai dagoen haizetakoaren barruko aldearen alde batean.

3.–Denboraren kontrola totem automatiko bidez egiten bada, erabiltzaileak plaza utzi beharko du totemaren seinaleztapenean ezarritako mugaren barruan.

4.–Nolanahi ere, plaza utzi ondoren, ezin izanen da leku berean aparkatu 2 ordu pasa arte.

4. gunea: zamalanak.

–Merkataritza-jardueretarako ibilgailuentzat gordetako lekua. Oro har, gainerako ibilgailuek ezin izanen dute eremu horietan aparkatu inolako ordutegitan.

–Mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako aparkalekuak.

–Desgaitasuna duten pertsonentzako Europako Aparkatzeko Txartela duten ibilgailuek bakarrik aparka dezakete leku hauetan. Plazak bertikalean eta horizontalean seinaleztatuko dira.

–Arau orokor gisa, desgaitasuna mugikortasun murriztuarekin duten pertsonentzako gordetako plaza berean ezin izanen dira 24 ordu baino gehiago egon, plaza pertsonalizatuen kasuan izan ezik, aldez aurretik eskaera egin eta beharra justifikatuta.

25. Artikuluaren idazketa berria:

25. artikulua. Arau-hausteak ordutegi mugatutako aparkamendu gunean.

Hauek izanen dira ordutegi mugatutako aparkamendu gunearen kontrako arau-hausteak:

1.–Seinaletan edo egiaztagirian adierazitako ordutegiaren muga gainditzea.

2.–Denboraren kontrola kontrol automatikoko totem bidez egiten den kasuetan, plaza utzi ondoren, berriz aparkatzea, 2 orduko epea pasa baino lehen.

3.–Denboraren kontrola ordutegiaren egiaztagiriaren bidez egiten den kasuetan, egiaztagiririk eza, eta aldatutako edo erabiltzen ez diren egiaztagiriak erabiltzea.

27. Artikuluaren idazketa berria:

27. artikulua. Desgaitasuna mugikortasun murriztuarekin duten pertsonentzako erreserba.

1. Eskubide Sozialetako kontseilariaren 52/2022 Foru Aginduak, martxoaren 7koa, arautzen duen aparkatzeko txartelaren titularrek eskubide hauek izanen dituzte, baldin eta txartela ibilgailuaren barnealdean ikusteko moduan jartzen badute:

a) Aparkatzeko tokia erreserbatzea etxetik edo lantokitik hurbil, kasuan kasuko administrazioari eskaera egin eta beharra justifikatu ondoren, autonomia erkidegoko edo tokiko administrazioek ezartzen dituzten baldintzen arabera. Aparkatzeko tokia mugikortasun murriztuko sinboloarekin seinaleztatuko da.

b) Desgaitasuna duten pertsonendako gaitutako lekuetan aparkatzea.

c) Denbora mugatuan aparkatzeko eremuetan beharrezkoa duten denboran aparkatzeko eskubidea.

d) Bidearen edozein tokitan gelditzea, arrazoi justifikatuak tarteko eta behar den denboraz, oinezkoei edo trafikoari kalterik egiten ez zaien bitartean eta agintaritzako agenteek emandako jarraibideak bete ondoren.

e) Bertako bizilagunendako zirkulazioa mugaturik duten bide, eremu nahiz guneetan sartzea, baldin eta aipatutako eremu horren barnean dagoen toki batera badoaz.

2. Aparkatzeko txartela izateak ez du inolaz ere aparkatzeko baimenik ematen oinezkoendako gune edo pasabideetan, gelditzea debeku den toki eta kasuetan, ibiak edo larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten tokietan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan eta zirkulazio-erreiak murrizten dituzten espazioetan ("bigarren ilarak").

Iragarkiaren kodea: L2507528