1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
424E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita Mendabiako udalerrian dagoen barazki- eta arrain-kontserbak fabrikatzeko jarduerari buruz. Sustatzailea MCA Spain SL da.
2024ko maiatzaren 28an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.
Jarduera hori, dauzkan ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren barnean dago (2 taldea, b) letra). Beraz, lege horren 7. artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua jardueraren ingurumen-baimen bateratuaren aldaketa izapidetzen ari da, urteko isurpenak bolumen baimenduaren %25etik gora handitu direlako; hala, jardueraren ingurumen-baldintzak aldatu nahi dira, jardueraren benetako egoerara egokitzeko.
Proposamenak ez du ekarriko instalazio berriak egitea edo eraikitzea, ez eta prozesu berriak gehitzea edo lehendik funtzionatzen dutenak aldatzea ere. Bereziki, ez du planteatzen lantegiko egungo arazte-sistema aldatzea, baina isuriaren bolumena handituko da. Txosten honen I. eranskinean, proiektua laburbiltzen da, eta II. eranskinean, berriz, haren planoak jasotzen dira.
–Aurrekariak:
Etxebizitzako eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak irailaren 21ean emandako 254E/2011 Ebazpenaren bidez, industria-nabe baterako baimena eman zen Calabazas alderdian, 1. poligonoko 1319., 1320. eta 1342. lurzatietan, Mendabiako udal mugartean. 2014ko urtarrilaren 15ean, nabe horretan kontserba-produktuak biltegiratzeko eta banatzeko irekitze-lizentzia lortu zen.
Horren ondotik, barazki- eta arrain-kontserbak eta ardoa fabrikatzeko, merkaturatzeko eta banatzeko jarduera sailkatu bat izapidetu zuen MCA Spain SLk instalazio horietarako. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak maiatzaren 29an emandako 231E/2015 Ebazpenaren bidez, proposamenari buruzko aurretiko txostena igorri zen, jarduera sailkatuaren udal ebazpena eta Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatu aurretik, eta 2015eko ekainaren 24an, jarduera-lizentzia eman zion Mendabiako Udalak.
–Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren izapidetzea:
Aurkeztutako dokumentazioa bat dator, bidezkoak diren gaietan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denarekin. Jasotzen ditu, zehazki, egungo instalazioen, haietan egiten diren prozesuen eta lehengaien, uraren eta energiaren kontsumoen deskribapenak eta instalazioetan hartutako kontrol-neurri nagusiak, ingurumen-kalitatearen gaineko inpaktua (kutsadura, isuriak, hondakinak, etab.) ezabatzeko xedea dutenak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, 2024ko ekainaren 13an, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapideak hasi ditu, eta, zehazki, kontsulta egin die Mendabiako Udalari, Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalari (Lurralde eta Paisaia Zerbitzua, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia) eta Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari (Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua).
Izapide horretan, Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalak adierazi du kontsultaren xede diren instalazioei baimena emateko baldintza dela 84/1990 Foru Dekretuan ezarritako baldintzekin bat etortzea; izan ere, foru dekretu horretan arautzen da industria-jarduerak ezartzea lurzoru urbanizaezinean. Jakinarazi du ezen, halaber, aurkeztutako dokumentazioa ikusita, eraikin, instalazio edo handitutako eremu batzuk daudela, zuzendaritza nagusi horrek hasierako ebazpenean baimendu ez zituenak, ezta gerora ere; adierazi du, gainera, ez dela justifikatu aipatutako 84/1990 Foru Dekretua bete izana (zehazki, 9. eta 11. artikuluak).
Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak adierazi du ingurumen-baimena lortzeko izapideetan dagoela proiektua eta azterketa-fasean dagoela; eta adierazi du, halaber, izapide hori ingurumen-inpaktuaren ebaluazioarekin batera eginen dela.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrari buruz edo ingurumen-inpaktuaren txostena egin beharrari buruz, ezartzen diren baldintzekin.
–Azterketa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak aintzat hartuta:
Ebaluazio honen xede den barazki- eta arrain-kontserbak fabrikatzeko jarduera industria-jardueretarako lurzati urbanizatu eta mugatu batean dago; hain zuzen, garai batean Ebro ibaiaren ezkerreko ur-ertzean, Mendabian, agregakin naturalak erauzteko erabili zen gune baten gainean.
Lurzatiaren mendebaldean, erauzte-puntu leheneratuak edo naturalizatuak daude: topografiaren aldetik sakonune batean daudenez terrazaren ertzean, maila freatiko altua dute, bai eta ingurumen-balioa ere, landare-formazio higrofiloek estaltzen baitituzte; putzu naturalizatuak eratzen dira bertan, inguruko fauna basatiak erabiltzeko egokiak. Iparraldean, drainatze-zangaren alboan, bertikalean erauzitako lur-eremu bat dago, presio bidez ureztatutako lurretako jarduera eta proiektuaren ingurua bereizten dituena. Hegoaldean, Mendabiako Ubidearen ezkerreko muga dago, ezponda garai bat osatzen duena berezko larreetan. Proposamenak ez dakarrenez lehendik dauden instalazioak handitzea, ez du eragin zuzenik izanen proiektuaren ondoan edo lurzatitik gertu dauden balio naturaleko eremuetan.
Ebaluatzen den proposamenaren izaera kontuan harturik, bereziki garrantzitsua da bermatzea fabrikaren arazte-sistemak eta infiltrazio bidezko isurtze-sistemak ez dutela inpakturik sortuko lurzoruan, lurpeko eta lurrazaleko uretan eta proiektuaren inguruko biodibertsitatean (bereziki, drainatze-zangatik mendebaldean eta ipar-mendebaldean dauden ingurumen-balioko lurzoruetan).
Oro har, jardueraren ingurumen-baimen bateratuan baloratzen eta kontrolatzen dira jarduerak zuzenean ingurumen-kalitatean sor ditzakeen eraginak (airearen kalitatea, hondakinak, lurzoruaren eta uren kutsadura, baliabideen eta energiaren kontsumoa, besteak beste). Zehazki, lantegiaren egungo arazketari eta arazi beharreko isurien bolumenetik eratortzen diren inpaktuei dagokienez, jarduerak isurtzeko baimena du, arroko organo horretako buruaren ebazpen batek emana (2022ko martxoaren 3ko ebazpena, 2019-S-514 espedientea); baimen horren baldintza da arazte-sistemaren inguruko alderdi batzuk justifikatzea.
–Ondorioa:
MCA Spain SL enpresak Mendabiako udalerrian sustatutako barazki- eta arrain-kontserbak fabrikatzeko proiektuaren ingurumen-baimen bateratua aldatzeko proposamenari dagokionez, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak jakinarazi du behar bezala bete dela ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, aurkeztutako agiriak ikusirik eta proiektuaren exekuzioak, ustiapenak eta hura bertan behera uzteak izan dezaketen ingurumen-inpaktua azterturik, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak aditzera ematen du ezen, kontuan harturik kontsulten emaitzak, eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri buruz bildutako irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik eraginen ingurumenean, baldin eta betetzen badira ingurumen-inpaktuaren txosten honetako baldintzak eta ingurumen-baimen bateratuan jasotzen diren jarraibideak, kutsadura prebenitzeari eta kontrolatzeari, hondakinen kudeaketari eta baliabideen kontsumoari dagokienez. Hori guztia, gainera, ukatu gabe indarrean dagoen legeriaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk lortzea, batez ere proposamenaren ingurumen-baimen bateratua eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren isurketa-baimena.
Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Mendabiako udalerrian dagoen barazki- eta arrain-kontserbak fabrikatzeko jardueraren aldaketak, MCA Spain SLk sustatzen duenak, ez du ingurumenean eragin nabarmenik, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan xedatutako baldintzekin eta ingurumen-baimen bateratuan jasotako jarraibideak betez gero.
2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hau bete beharra:
–Proiektuko lurzatiaren ondoko habitat naturalen gaineko ukipenak saihesteko, bereziki, drainatze-zangaren mendebaldeko eremua, toki horietan putzuak eratzea saihestuko da, hondakin-urak behar bezala kudeatuz.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Mendabiako Udalari, Basozaintzari (9. barrutia, "Lizarra Hegoa") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 20an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA
Instalazioak Mendabiako 1. poligonoko 144. lurzatian daude, zeinak 10 hektarea inguru baititu, eta mugakide hauek: hego-ekialdean, NA-1120 errepidea, eta bertatik sarbidea ematen duena; hego-mendebaldean, Mendabiako Ubidearen ezkerreko ur-ertzaren gaineko ezponda; ipar-mendebaldean, berezko landaretza eta hezeguneak; eta, iparraldean, bertikalean erauzitako lur-eremu bat, gainean tokiko laboreak dituena. Azalera horretatik, 7 hektarea inguru urbanizatuta daude, eta han daude instalazioak (3,4 hektareako zelaigune zolatua, aparkalekuak eta biltegia; 3 hektareako industria-nabe nagusia, beste eraikin txiki batzuk eta araztegia, lurzatiaren ipar-ekialdeko mugatik gertu). Urbanizatu gabeko beste 3 hektareak honela banatzen dira: lantegirako sarbidearen ondoko lorategia (0,3 ha), zelaigune elkor bat nabearen mendebaldean (1,5 ha), perimetroko ezpondak eta eremuak eta drainatze-zanga (17 m inguruko zabalera eta 130 m-ko luzera), non industria-urak isurtzen baitira araztegian tratatu ondotik.
Urtean 1.900 tona ekoizten dira: 700.000 kg zainzuri, 225.000 kg orburu, 475.000 kg piper, 325.000 kg lekale, 125.000 kg arrain eta 50.000 kg janari prestatu.
Hona zein den barazki-kontserben prozesua: lehengaiak jasotzea, garbitzea, zatitzea/zuritzea/ebakitzea, galdarraztatzea, hoztea, ontziratzea, kontserbatzeko likidoa gaineratzea, ixtea, tratamendu termikoa, hoztea, paletizazioa eta azken biltegiratzea/banatzea. Hau da produktu izoztuen prozesua: lehengai izoztua edo hoztua jasotzea, desizoztea (hala badagokio), erraiak ateratzea/xerratzea/zuritzea, galdarraztatzea, ontziratzea, kontserbatzeko likidoa gaineratzea, ixtea, tratamendu termikoa, hoztea, paletizazioa eta azken biltegiratzea/banatzea.
Lantegiak 5 isurtze-foku ditu: 2 lurrun-galdara eta piperrak erretzeko 3 labe. Sortutako hondakinak kudeatzaile baimendu bati entregatzen zaizkio.
Egungo arazte-sistemari dagokionez, eguneko 175 m³-ko emarirako dimentsionatuta dagoela adierazten da. Lurzatiaren iparraldeko mugaren ondoko araztegiak (erdialdean dago) elementu hauek ditu: aire disolbatu bidezko flotazio-ekipamendu bat (DAF) lohiak kontzentratzeko eta koipeak, olioak, etab. bereizteko, eta erreaktore biologiko sekuentzial bat (SBR); han, mikroorganismoak digeritzen direnean, materia organiko biodegradagarria kentzen da tratatu beharreko uretatik, eta uretako nitrogeno- eta fosforo-konposatuak baztertzen dira. Tratamendu hori egin ondotik, 2.280 m²-ko iragazte-zanga batera isurtzen dira urak; zanga hori lurzatiaren iparraldeko mugarekiko paralelo dago.
II. ERANSKINA.–PROPOSAMENAREN EREMUA

Iragarkiaren kodea: F2507561