115. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

423E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duena "Murillo el Cuenden (Nafarroa) biometanoa ekoizteko hondakinen balorizazioko instalazioa" izeneko proiekturako. Sustatzailea Biorig Energy Rada-Navarra SLU da.

2024ko abenduaren 13an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipaturiko espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. multzoko b) apartatuan sartzen da proiektua. Beraz, lege horretan ezarritakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Biometanoa produzituz hondakin organikoen 169.000 t/urte balorizatzeko eta sortutako digestatoetan oinarrituta UE CFP3 ongarria fabrikatzeko instalazio bat proiektatzen da, Murillo el Cuendeko 10 poligonoko 106 lurzatian, Arradan.

Instalazioak, bulego, eremu zolatu eta bideez gainera, elementu hauek izanen ditu: hondakinak biltegiratzeko eta aurretratamendua egiteko plataformak, nabeak eta biltegiak, tamaina handiko 9 digestore anaerobio, ekoitzitako biogasa arazteko eta hobetzeko elementu eta instalazioak, digestato solidoak gordetzeko estalpe bat, digestato likidoak gordetzeko idoi hondeatu inpermeabilizatu bat eta ongarria fabrikatzeko beste estalpe bat.

Txosten honen II. eranskinean laburbildu dira proiektuaren datu esanguratsuak, eta III. eranskinean, aurkeztutako dokumentaziotik ateratako planoak erakusten dira.

–Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa:

Dokumentazioaren ingurumen-atala bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin. Proposamena eta ingurune hartzailea deskribatzen ditu, espero daitezkeen inpaktuen balorazio bat jasotzen du eta inpaktuen ingurumen-kontrola egiteko zenbait neurri biltzen ditu. Alternatiben azterketa bat barne hartzen du; han adierazten denez, jardueraren xedeari dagokionez, abereen ustiategietan animaliek sortutako hondakinen inpaktuak saihesteko, ingurumenaren aldetik egokia da energia sortzeko biogasa ekoizteko eta laboreak ongarritzeko ongarriak ekoizteko instalazioan kudeatzea. Azterketan barne hartzen da, halaber, irizpide anitzeko azterketa bat, zeinak alde batera uzten baitu 0 alternatiba irizpide ekonomikoengatik, bai eta Murillo el Cuendeko 1 poligonoko 243 partzelako kokapen alternatiboa ere, ingurumen-arrazoiengatik.

Abanduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoaren arabera, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta egin die eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei. Txosten honen I. eranskinean, izapide horren laburpen bat dago.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenez, ingurumen-organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duen ala txosten honetan ezartzen denaren araberako ingurumen-inpaktuaren txostena dagokion.

–Analisia, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak aintzat hartuta:

Instalazioa proiektatzen den lurzatia Arradako eta Traibuenasko grabitate bidezko ureztalurren parte da, zeina Bardeako Ubideko III zenbakiko 1 eta 2 eremuei (Zarrakaztelu) baitagokie. Zehazki, Azkoien eta Zarrakaztelu arteko NA-128 errepidearen ondoan eta hegoaldean dago eta Arradatik eta Mélidatik nahiko gertu dago. Proiektuaren inguruan zenbait abere-ustiategi (zerrienak, hegaztienak, behi-aziendenak eta ardi-aziendenak) eta beste jarduera batzuk daude –besteak beste, Mélidako hiltegia–, eta ingurumenean dituzten eraginak proposamenetik eratorriko direnen antzekoak dira edo haiei lotuta daude.

Proiektuan jasotzen diren jardueren (biometanizazio-instalazioa eta ongarriak ekoizteko instalazioa) garapenak zuzeneko eragina izanen du ingurumen-kalitatean (airearen kalitatea, hondakinak, lurzoruaren eta uren kutsadura, baliabideen kontsumoa, energia, etab.); jardueraren ingurumen-baimen integratuan baloratzen eta kontrolatzen dira. Inguruko abere-ustiategietako deiekzioen kudeaketa, zeina instalazioan eginen baita, hobekuntza bat da gaur egun hondakin horiek kudeatzeko erabiltzen diren neurrien aldean (zuzenean landan botatzea).

Ebro - Aragoi 2 eremua (lurpeko 049. ur-masa, Ebro-Aragoiren alubioi-eremua, Lodosa-Tutera eta lurpeko 052. ur-masa, Ebro Tutera-Aragoiren alubioi-eremua) eremu kaltebera deklaratu da, nekazaritzako nitratoen kutsadura izan baitezake (Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 15eko 147E/2020 Foru Agindua), eta proiektuko lurzatitik 2,5 km baino gehiagora dago, ekialderantz.

Proiektuaren eremuak ez du ingurumen-balio esanguratsurik. Izan ere, lurzati nahiko zabala da (10 hektarea inguru), grabitate bidez ureztatzeko berdindua; laborantzako taula batzuk mugatzen zituzten barneko zenbait balate kendu dira duela gutxi eta laborantzarako erabiltzen da gehiena. 106 B eta C azpilurzatiek hartzen dutena, 2.300 m², eraitsitako arbendolondo-sail bat da, eta E azpilurzatia, 2000 m²-koa, belardi bat, arbendolondo berez erneak dituena. Sasi-kimuak eta arbendolondoen (oso gazteak, oro har) ilara urri batzuk ere badaude lurzatia inguratzen duten ubideen eta finka zeharkatzen duen ubide baten ertzetan.

Instalazioa jarriko den ureztalurrak (El Saso, Valebanzos eta La Recuejako barrutiak) laborantza-lur zabalek osatzen dituzte eta haien arteko balate, areka eta ubideen ertzetan bakarrik daude landareak; ez dago ingurumenaren aldetik balioa duen elementurik, hala nola bazkaleku, baltsa, heskai edo zuhaiztirik. Hala ere, ureztalur horietan ureztatzearen hustubideak, sakanak eta hegalak daude, zeinetan landare-estalki heldu bat baitago, Europar Batasunaren intereseko habitat eta lehentasunezko intereseko habitatek osatua; intereseko fauna katalogatua dute eta flora eta fauna lotzeko funtzioa dute. Zehazki, Celadillako eta La Torreko (Aragoi ibairen adarrak dira biak) sakanen artean dago proiektuko eremua: belazeak eta han-hemenka zuhaitzak dituen hegal batek zeharkatzen du Valdebanzos eta La Recueja terrazen artean, eta iparraldera zuhaitzez betetako beste hegal batek mugatzen du, zeinak La Recueja terraza eta Aragoi ibaiaren ibarrak (Valporres) banatzen baititu. Aragoi ibaiaren ibarren gaineko hegal zuhaiztuna eta adierazitako bi sakanak "Aragoi eta Arga ibaien beheko tarteak" kontserbazio bereziko eremuan (KBE) daude.

Edozein kasutan, kontuan harturik proiektuan barne hartzen den urbanizatze-proposamena, instalazioaren ingurumen-baimen integratua lortzeko hartzen diren neurriak eta proiektuko lurzatitik adierazitako ingurumen-balioko elementuak dauden tokirako distantzia (0,8 eta 2 km bitarte), ez da aurreikusten "Aragoi eta Arga ibaien beheko tarteak" kontserbazio bereziko eremuan (KBE) zuzeneko afekziorik. Ez zaio eragiten, halaber, "Errege Bardea" KBEari, proiektuko lurzatia Natura 2000 Sareko gune horretatik 4 km-ra baino gehiagora baitago.

Hegaztiek instalazioa argindarrez hornituko duen linea elektriko berriarekin talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskuari dagokionez, kontuan hartu behar da jardueraren inguruko laborantza-lurretan ohikoak direla tokiko hegazti basatiak (bazkatze-, elikatze- eta sakabanatze-jardueretan) eta proiektuko eremua lehen adierazitako bi KBEen artean dagoela, zeinak garrantzitsuak baitira intereseko abifauna katalogaturako. Aurkeztutako dokumentazioan ez da zehazten zer neurri zuzentzaile eta babesle ezarriko den arrisku horiek saihesteko. Izan ere, ez da zehazten linea elektriko berri horren deskribapen zehatzik, ez bada urrunetik kontrolatutako maniobra-azpiestazio bat edukiko duela (3025 m²-koa) 66 kV-eko airetiko linea-zatiaren sendogarrietako baten alboan eta proiektuko lurzatiaren barnealdean (deribazioari buruzko xehetasunak, linearen elementuak eta, hala badagokio, sendogarri berriei buruzkoak).

60 cm-ko altuerako hormigoizko gida-horma baten gainean jarriko denez itxitura, ezinezkoa edo zaila izanen da lehorreko ornodun txikiak eta ertainak sartzea; hala, fauna basatia erakartzeko aukera murriztuko da, eta espezie horietako animaliak digestatoak gordetzeko putzura erortzea eta hiltzea eragotziko da.

Proposamenaren tamainari dagokionez, instalazioen okupazioa eta tamaina nahiko handiak dira, eta haren funtzionamenduak egunero 80-120 zisterna-kamioiren fluxua ekarriko du, lehengaiak ekartzera sartuko baitira instalazioan eta ekoitzitako ongarria banatzera aterako.

Bestalde, instalazioaren funtzionamenduak berekin ekarriko du udalerria gainditzen duen eremu batetik hondakinak jasotzea (lurralde-eremukoak); bestalde, aurreikuspenen arabera, produktuak eskualdez gaindiko eremu batean banatuko dira. Gainera, proposatutako bi jarduerak (biometanoa sortzea eta ongarriak ekoiztea) ez badira aldi berean ezartzen edo bigarren jarduera ez badago erabilgarri, baliteke ekoitzitako digestatoak banatzeko plan bat behar izatea; kasu horretan, jardueren lurralde-irismena proiektuaren gertuko eremua baino askoz handiagoa izanen litzateke.

Kontsulten emaitzatik abiatuta, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bitartez zehazten du jarduerak ez duela inpaktu kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, baldin eta jarduera berriaren ingurumen-baimen integratuan eta ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezartzen dena betetzen bada; gainera indarreko legeriaren arabera beharrezkoak diren gainerako beste baimen guztiak lortu beharko dira.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura ongi bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat etorriz eta dauzkadan eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 10/2023 Foru Dekretua, abuztuaren 17koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena; eta 255/2023 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duena), honako hau

EBAZTEN DUT:

1.a Ez da aurreikusten "Murillo el Cuenden (Nafarroa) biometanoa ekoizteko hondakinen balorizazioko instalazioa" izeneko proiektuak (sustatzailea Biorig Energy Rada-Navarra SLU da) eragin nabarmenik izatea ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoaren arabera.

2.a Aurrekoari jarraikiz, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:

–Txosten honetaz gainera, aplikatu beharreko araudi espezifikoetan xedatzen diren baimenak lortuko ditu sustatzaileak; bereziki, instalazioaren ingurumen-baimen integratua, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak arautzen duen administrazio-prozedurarekin bat etorriz. Hura izapidetzeko garaian, instalazioaren ingurumen-alderdi esanguratsuenak ebaluatuko dira, teknika erabilgarri onenak (TEO) aplikatzearen, baliabideen kontsumoaren, isuri atmosferikoen eta akustikoen, isurien eta hondakinen sorkuntzaren ondorioetarako.

–Instalazioen ingurumen-integraziorako proposatutako birlandatzea indartuko da, hosto iraunkorreko espezie autoktonoak (adibidez, Alepo pinua eta isatsa –Retama sphaerocarpa–) sartuz perimetro-pantailan. Ahal denean eta perimetro-pantaila arriskuan jartzen ez bada, perimetro-itxituran atzeraeramangune bat eginen da, pantaila haren kanpoaldean geldi dadin.

–Helburu horrekin berarekin, jarduerarekin bateragarria izanez gero,

  • 50-60 m-ko zerrenda bat basoberrituko da, zuhaizti bat osatuz, lurzatiaren ipar-mendebaldeko mugan (linearen zortasunean izan ezik); horretarako, hazkunde bizkorreko espezie autoktonoak (makala eta lizarra) eta gorputz eta hosto iraunkorreko espezieak (Alepo pinua, artea eta karraska) erabiliko dira, instalazioekin integratzeko;
  • Edo lurzatiaren ipar-ekialdeko eta hego-mendebaldeko mugen ondoan, urbanizaziorik eta lorategirik gabe gelditzen diren eremuetan, beste landare batzuk jarriko dira heskai edo zuhaixka gisa, adierazitako espezie horiek erabiliz.

Nolanahi ere, egiten diren landaketek ureztapena izanen dute landarearen balio-bizitza osoan.

Hondeaketetatik sobratzen diren lurrak eta eraikuntzatik eta eraispenetik sortzen diren bestelako hondakinak indarrean den araudia betez kudeatuko dira eta kudeatzaile baimenduari emanen zaizkio.

–Instalazioa argindarrez hornituko duen linea elektriko berriari dagokionez, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuan izapidetuko da haren baimena; horretarako, dagokion dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko da, bai eta ingurumen-ukipenen ebaluaziorako ingurumen-ukipenen azterlanarekin batera. Proiektuan barne hartuko dira tokiko abifauna basatiak linea elektriko berriarekin talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskua prebenitzeko diseinu-neurri zuzentzaileak eta babesleak.

–Kanpoko argia saihesteko eta faunak ukipenik ez jasateko, instalazioen kanpoaldeko argiteriak kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-eraginkortasunari buruzko erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuaren araberakoa izan beharko du; gainera, gomendatzen da lan-orduetan edo beharrezkoa den lanetan bakarrik erabiltzea argiteria hori, eta gainerako denboran itzalita edukitzea.

–Ebaluatutako dokumentazioan aurkezten diren horniduren diseinuaren edo ibilbidearen aldaketa esanguratsu oro Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari aurkeztu behar zaio, ingurumen-izapide berriak behar diren zehazteko (zehazki, eta, hala badagokio, ingurumen-ukipenen ebaluazioa).

–Beharrezkoa bada jardueran ekoitzitako digestatoak zuzenean landan aplikatzea, prestatzen den kudeaketa-planak, ingurumen-inpaktuaren txosten honen IV. eranskinean jasotako jarraibideak bete beharko ditu, baldin eta ukitzen badu estepako hegazti katalogatuak edo bestelako espezie mehatxatuak daudela egiaztatuta dagoen lurzatiren bat (esaterako, ibaien ibilguak, Natura 2000 sarearen barruko lekuak eta Nafarroako Foru Komunitatean estepako hegaztiak zaintzeko eremu kritikoak).

3.a Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.

4.a Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5.a Ebazpen hau helaraztea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Basozaintzari (10. barrutia, "Tafalla-Zangoza") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko maiatzaren 20an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAK UKITZEN DITUEN ADMINISTRAZIOEI ETA INTERESDUNEI EGINDAKO KONTSULTA-IZAPIDEAREN LABURPENA

2025eko otsailaren 14an, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea hasi du, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluarekin bat etorriz: kontsulta egin die Murillo el Cuendeko Udalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari (Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari) eta ingurumenaren babesaren aldeko 5 elkarteri: Iruñeko Ekologistak Martxan, Gurelur-Ingurune naturala babesteko Nafarroako funtsa, Lurraren defentsarako Lurra elkartea, Sustrai Erakuntza Fundazioa eta Erriberako Ekologistak Martxan-Landazuria.

Lege horretan xedatutako epea igarota, eta kontsulten izapidean erantzuteko, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalaren erantzuna dago, 2025eko martxoaren 7an jasoa, zeinean hau jasotzen baita:

–"Proiektuaren kokapena dela eta (lurzoru urbanizaezineko baimen egokiaren mende dago eta han xedatuko dira dagozkion baldintza urbanistikoak) eta sustatzaileak proiektua teknika erabilgarri onenetara (Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 Betearazpen Erabakian (EB) ezarri ziren hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera) egokitzeko duen betebeharra kontuan hartuta, planteatutako proiektuan ez da aurreikusten inguruko ingurumen-kalitatearekin bateragarria ez den ukipenik. Horregatik guztiagatik, isuri atmosferikoen eta akustikoen, isurien eta hondakinen sorkuntza ingurumen-baimen integratuan ebaluatuko dira; izapide hori kontsulta eragin duen ingurumen-ebaluazioaren izapidearekin batera egiten ari dira".

Atal horrek igorri du, halaber, Sustrai Erakuntza Fundaziotik jasotako alegazioa. Proiektuaren ingurumen-baimen integratuaren izapideetako informazio publikoaren tramitean aurkeztu zen alegazio hori, proiektuaren ingurumen-baimenari zuzenean lotzen ez zaizkion puntu batzuei dagokienez, jardueraren alderdi teknikoekin eta haren bideragarritasunarekin baitu zerikusia.

II. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN LABURPENA

Biometanoa eta ongarriak ekoizteko hondakinen balorizazio-instalazioan –Murillo el Cuendeko 10 poligonoko 106 lurzatian proiektatua, Arradan– hondakin organikoen 169.000 t/u inguru (198.000 t/u gehienez) tratatuko dira eta digestio anaerobiko bidez balorizatuko dira; hala, urtean 90 GWh biometano ekoitziko dira eta, jarduera sekundario gisa, sortutako digestatoekin, UE CFP3 ongarriaren 213.113 t/u ekoitziko dira. Hondakin organiko hauek erabiliko dira: zurikina, oilo-zirina, ardi eta behi-aziendaren simaurra eta zerri- eta behi-aziendaren minda.

Instalazioak zenbait eremu izanen ditu: sarrerako eta irteerako kontrola, lastategia, harrera eta tratamendua, digestatoaren digestioa, balorizazioa eta biltegiratzea, bero-eremua eta gasaren tratamendua; han, instalazio nagusi hauek banatuko dira, funtzioaren arabera: zurikina eta substratu solidoak edukitzeko eta aurretratamendua egiteko zolatak; digeritu beharreko substratua homogeneizatzeko nabea (errektangularra, 1.107 m²koa eta 11 m-ko altuera gailurrera); likidoak jasotzeko tanga zilindrikoa (diametroa: 6 m; altuera: 5 m); 3 tanga buffer/termofilo (zilindrikoak; diametroa: 12 m; altuera: 10 m); 9 digestore anaerobio, 35 m-ko diametrokoak eta 8 m-ko altuerakoak (haien gainean mintz bikoitzeko gasometro erdiesferikoak izanen dira, 16 metro bitartekoak); gai solidoa eta likidoa bereizteko boxa, 292 m²-koa eta 4 m-ko altuerakoa; zolata estalia (2000 m²-koa eta 4 m-ko altuerakoa), digestatoen frakzio solidoa gordetzeko; digestatoen frakzio likidoa gordetzeko putzu errektangularra, erdilurperatua (7.614 m²-koa, 4 m lurzoruaren kotaren azpitik, 32.310 m³-ko bolumen eraginkorrekoa), inpermebeabilizatua, olanarekin estalia eta estalki flotagarriduna, NH3-emisioak murrizteko; eta nahasketa-eremua zolarri estalian (2.000 m² eta 4 m-ko altuera).

Gainera, beste instalazio osagarri batzuk ere izanen ditu instalazioak; besteak beste, baskula bat instalazioaren sarreran; aparkalekuak; bulego eta aldagelen eraikina (217 m² eta 4 m-ko altuera gailurrera); CO2-a biltegiratzeko zolata; kondentsatuen tanga (2,8 m-ko diametroa eta 1 m-ko altuera); suteetatik babesteko tanga (bertikalean 314 m² eta 5 m-ko altuera); hormigoizko tanga, euri-urak biltegiratzeko (lurpean; 5,5 m-ko sakonera eta 26 m-ko diametroa) eta hondakin-urak biltegiratzeko hormigoizko tanga (lurpean; 5,5 m-ko sakonera eta 26 m-ko diametroa).

Instalaziorako sarbidea, 12 m-ko zabalerakoa, duela gutxi egindako eta NA-128 errepidearekiko paralelo eta haren ondoan dagoen landabide batetik egitea proiektatzen da. Ate lerragarria, baskula eta desinfekziorako bi osasun-ibi izanen ditu. Instalazioaren barnean, zirkuitu bat izanen da, ibilgailuak igarotzeko eta maniobrak egiteko zamalanetarako eremuetan. Lurzatiaren mugarekin bat etorriz, sare metalikozko perimetro-itxitura bat izanen da (2 m-ko altuerakoa): metalezko posteetan ezarriko da 3 m-tik behin, lurzoruarekiko 60 cm-ko altuerako hormigoizko gida-horma baten gainean, zeinak jariatze-urak sartzea saihestuko baitu. Proposatzen da, halaber, zuhaitzak landatzea itxitura horren barnealdearen ondoan, Leylandeko altzifreen pantaila bat osatzeko: 1,5-2 metroko altuerako aleak landatuko dira, metro bakoitzeko 2, bizkor hazten baita espezie hori eta 25 metrorik gora har baititzake.

Honela banatuko dira lurzatiaren 104.082 m²-ak: 31.191 m²-ko azalera eraiki totala, 10.525 m² inguruko azalera ez-eraiki zolatua (sarbidea eta instalaziorako bideak –lehengaien sarrera-irteerak eta bidaltzen diren produktuak–) eta 62.336 m² eraiki gabe eta zolatu gabe.

Industria-saneamenduko sareak jasoko ditu harrera-, eta bereizte-eremuetako eta digeritua tratatzeko eremuko isuriak edo lixibiatuak, bai eta ondoko nabekoak ere. Ur beltzak 7 m³-ko tanga batean biltegiratuko dira, kudeatzaile baimendu bati entregatu arte. Euri-uren sareak jasoko du zolatu gabeko eremu garbietan jasotako ur guztiaren %20,6, eta euri-urak biltegiratzeko tangara eramanen ditu; soberakinak perimetro-arekan isurtzen ahalko dira, ingurunera husteko. Eraikinen estalkietan jasotako euri-urak ere euri-urak gordetzeko tangara bideratuko dira, ekoizpen-prozesuan edo instalazioaren barneko beste erabilera batzuetan erabiltzeko.

Proiektuak 8"-ko gasbidearen zati bat ere badu, sortutako biometanoa gas-sarearekin (Calahorra-Iruña gasbidea) konektatzeko proiektuko lurzatian. Argindar-hornidurarako, urrunetik kontrolatutako maniobra-azpiestazio bat edukiko du (3025 m²-koa) proiektuko lurzatitik igarotzen den Tafalla-Tutera 3 66 kV-eko airetiko linea-zatiaren sendogarrietako baten alboan. Aurreikusten da 131,25 m³ edateko ur beharko direla bulego eta aldageletarako eta edateko. Baina industria-prozesurako urak saneamendu-sarean jasotako 26.765 m³/u-etatik eta euri-uren saretik jasotako ur garbietatik (%20,6) eratorriko dira.

Jasotako azpiproduktu organikoak eta hondakinak pisatu eta lurzoru mugikorreko edukiontzietan, biltegiratze-eremuetan, likidoetarako tangetan, etab. deskargatzen dira, motaren arabera. Horren ondotik, instalazioaren funtzionamendu-premien arabera, digestoreetara ponpatzen dira digestio anaerobikorako; modu horretan, digeritua eta biogasa sortzen dira. Digeritua tratatu egiten da indarreko legediari jarraikiz; gero, baltsan biltegiratzen da edo balorizatu egiten da ongarriak sortzeko.

Sortutako digestato guztia balorizatuko da, bai frakzio solidoa, bai frakzio likidoa (CMC 5 osagaia); hala, CFP3 ongarria (medeagarri organikoa) ekoitziko da, %20 materia lehorra duena. Bi frakzioen nahasteak indarreko legedian xedatutako konposizio- eta hezetasun-kondizioak bete ditzan, landareen hondakinak, beste produktu organiko batzuk (CMC 2) eta instalazioko biomasa-galdarako errautsak (CMC 13) gaineratuko dira. Lehenik eta behin, digestatoaren frakzio solidoa CMC 2-arekin eta CMC 13-arekin nahasiko da, hezetasuna eta beste parametro batzuk kontrolatuz, eta gero nahaste hori digestato likidoarekin nahasiko da, tanga zirkular birakari batean. Aurreikusten da produktu horretatik 583,87 t/egun (213.113 t/urte) ekoiztea.

Sortutako biogasa digestoreen gasometroen bidez jasotzen da eta upgrading-sistemara bidaltzen da, balorizatzeko; han, biometano bilakatzen da, inguruko gas-sarean sartzeko. Prozesu horretan, biogaseko ura kondentsatzen da; horren ondorioz, urteko 650 tonako ur-korronte bat sortzen da. Ur hori hondakin-uren andelera bideratzen da eta, geroago, ekoizpen-sisteman sartzen. Aberaste-prozesuan sortutako off gas korrontea tratatu eginen da, CO2-a atzitzeko, likuefakzioa egiteko, biltegiratzeko eta merkaturatzeko.

III. ERANSKINA.–INSTALAZIOEN KOKAPENA ETA PLANOA

IV. ERANSKINA.–MINDAK, DIGESTATOA ETA/EDO SIMAURRAK BEHAR BEZALA KUDEATZEKO NATURA 2000 SAREAN ETA FAUNARENTZAKO EREMU KRITIKOETAN

Ustiategi edo jarduera bateko minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa planak ukitzen badu estepako hegazti katalogatuak edo bestelako espezie mehatxatuak daudela egiaztatua dagoen lurzatiren bat (esaterako, ibaien ibilguak, Natura 2000 sarearen barruko lekuak eta Nafarroako Foru Komunitatean estepako hegaztiak zaintzeko eremu kritikoak), nekazaritza-jarduerak eta lehorreko laborantza txandakatzeak faunaren kontserbazioari mesede egiten diola bermatu beharko da, eta ingurumen-baldintza hauek bete beharko dira:

–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte.

–Lehorreko zereal-alorretan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, ugaltze-garaian estepako hegaztien babesa bermatzearren.

–Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta eratorririk ere. Gainera, estepako hegaztien bizi-zikloa osatzeko lugorriek duten garrantzia ikusirik, simaurren planaren ondorioz ez da laborantza areagotu behar eta lehendik zegoen lugorri-sistema eraldatu.

–Ez da onartzen presio baxuko aspertsiozko ureztatze kokatuko banaketa-sistema (fertirrigazioa). Onartzen da tutu esekiak dituzten zisternen bidezko banaketa kokatua espazio horietan, lehenago aipatutako oharrekin: aplikazioak errespetatu egin beharko du estepako hegaztiak babesteko egutegia, eta bermatu beharko du ez dela sortzen intereseko habitatei kalte egiten ahal dieten istiltze edo jariatzerik.

–Ez dira kutsatu behar ur-ibilguak eta hezeguneak, urte-sasoi bateko ibilguak izan edo etengabeak. Erreka-zuloak eta haien adarrak ur ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatzagak, larreak, landare higrofiloak edo mehatxatutako flora-taxoiak), habitat horiek Natura 2000 Sarean sartuak egon edo ez. Nolanahi ere, ez da azaleko ur-jariatzerik bideratu behar hustubide edo drainatzeetara.

–Ez da onartzen mindak, digestatoa eta/edo simaur likidoa erabiltzea ur-masa iraunkorretatik 50 metro baino gutxiagoko distantziara, izan ibilgu nagusiak edo bigarren mailako sarea.

Iragarkiaren kodea: F2507557