115. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

420E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, kanalak zatikatzeko jarduera aldatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duena, Irunberrin orduko 550 zerri hiltzeko ahalmena duen hiltegi bat instalatzeko. Hiltegia Cárnicas Iruña SAk sustatzen du, Venta de Judas industrialdean.

2024ko urriaren 2an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipaturiko espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari. Espediente hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 2. multzoaren f) letran sartuta dago.

Cárnicas Iruña SAren jarduera da, "Haragia prozesatzea eta kontserbatzea" sektorean, Aragoiko erkidegoan dauden hiltegietatik datozen zerri-kanalak zatikatzea eta Espainian eta Frantzian banatzea.

Proiektatzen da orduko 550 zerri hiltzeko ahalmena duen hiltegi bat instalatzea, urtean 1.480.000 zerri hiltzeko. Lehendik dagoen zatikatze-aretoan eginen da jarduera, Irunberriko Venta de Judas industrialdeko 3 poligonoko 255 partzelan. Jarduera nagusia zatikatze-aretoan kanal propioak ustiatzea izanen da, baina hirugarrenei zerri-hilketako zerbitzuak eskaintzeko ahalmena ere izanen du.

Proiektatutako jarduera Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 2. multzoko f) apartatuan sartuta daudenetakoa da, eta, horrenbestez, lege han xedatutakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Halaber, jarduerak ingurumen-baimen integratua du, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskineko 9.1b.i eta 9.1a epigrafeetan xedatutako ahalmen-atalaseak gainditzen baititu, animalia-lehengaia tratatzeari eta eraldatzeari eta hiltegiko jarduerari dagokienez.

I. eranskinean jaso dira, laburtuta, proiektuaren oinarrizko datuak.

–Ingurumen-ebaluazioaren prozedura.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren txostena eman aurretik, 2024ko irailaren 2an Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Irunberriko Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari.

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak jakinarazi duenez, ez du aurreikusten planteatutako aldaketak inguruneko ingurumenaren kalitatearekin bateraezinak diren ukipenik sortuko duenik, titularrak betebeharra baitu hiltegien, animalia-azpiproduktuen eta koproduktu jangarrien sektorean eskura dauden teknika onenetara egokitzeko, Europako Parlamentuaren 2010/75/EB Direktibari jarraikiz. Gainera, diotenez, isuri atmosferikoen eta akustikoen, isurien eta hondakinen sorkuntza ere ebaluatuko dira ingurumen-baimen integratuan.

Kontsulten izapideari dagokionez, arroko organoaren txostenean jasotzen da sistema hidrikoarekiko eraginak bateragarriak direla. Hala ere, zehazten denez, proiektua ezartzearen ondorioz jarduera hornitzen duen udal-emakidan industria-uretarako esleitutako emaria gainditzen bada, Udalak (emakidaren titularra) haren aldaketa izapidetu beharko du. Halaber, adierazten denez, arazte-sistemaren baimena eta Irati ibaiko emari publikorako aurreikusitako isurtze-puntua isurtzea onartzeko espedientean erabakiko da, zeina izapidetzen ari baitira Konfederazioan.

2025eko martxoaren 13an, sustatzaileak, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak eskatuta eta Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak igorrita 2025eko urtarrilaren 15ean, ingurumen-dokumentua osatu zuen; argitu zuen zer neurri aplikatuko diren zerri-hilketatik eratorritako hondakinak gordetzean eta kudeatzean, jarduerak fauna oportunista eta nekrofagoan izan ditzakeen eraginei dagokienez; halaber, IHUAko urak Irati ibaian, Natura 2.000 Sareko gune batena, isurtzeko aurreikusitako kolektorearen obren ingurumen-ebaluazioa aurkeztu zuen.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenez, ingurumen-organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta igaro behar duen edo ingurumenaren gaineko eragin kaltegarri adierazgarririk ez duen, ingurumen-inpaktuaren txostenean ezarritako moduan.

–Ingurumen-txostena.

Lurzoru urbanizagarriaren gaineko jarduketak direnez, jardueratik eratortzea espero den ingurumen-eraginak alderdi hauetan zentratzen dira: balio berezirik gabeko lurzoruaren okupazioa, usainak, eta prozesuko urak Irati ibaira isurtzea, arazi ondotik. Arazte-sistema propio bat ezartzea aurreikusten da proiektuan; haren diseinua eta sektorean aplikatu beharreko teknika erabilgarri onenak ingurumen-baimenaren izapidean ebaluatuko dira.

Hiri-eremu industrialetik kanpo, proiektuan aurreikusi da neurriak hartzea hustubide bat egiteko landa-lurzoruan, IHUAtik Irati ibaira, landa-bideetan eta nekazaritzako lurzoruetan zehar; isurtze-puntua kontserbazio bereziko "ES2200025 Irati, Urrobi eta Erro ibaien sistema" eremuan dago. Txosten horretan, azpimarratzen da ibai-habitatetako okupazioa murrizteko, uretako fauna babesteko eta lurzoru naturalean lehengo erabilerak berrezartzeko neurriak aplikatzearen garrantzia.

Kontsulten emaitzaren ondorioz eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasoak dauden irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bitartez, jakinarazi du ezen, proiektua aztertu ondotik, eta kontuan izanik instalazioa lurzoru urbanizagarri batean dagoela, ur araztuen kolektorearen landa-lurzoruaren eta Irati ibaiaren gaineko ukipena kontrolatua dagoela, ez dela ingurumenaren eta Natura 2000 Sarearen gaineko ondorio kaltegarri nabarmenik aurreikusten, baldin eta betetzen badira ingurumen-agirian proposatutako neurri zuzentzaileak eta, orobat, ingurumen-baimen integratuan sartzen direnak (jardueraren diseinuari, emisioen kontrolari, isurketei, hondakinei eta funtzionamendutik etor daitezkeen ustekabeko arriskuei dagokienez).

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.a Kanalak zatikatzeko jarduera aldatzeko proiektuak, Irunberrin orduko 550 zerri hiltzeko ahalmena duen hiltegi bat instalatzekoak, ez du eragin esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txostenean xedatutakoari jarraikiz. Proiektua Cárnicas Iruña SAk sustatzen du eta Venta de Judas industrialdean eginen da.

2.a Proiektuaren baimenean, baldintza hauek bete beharra sartuko da:

–Bete beharko dira inpaktuak prebenitzeko proiektuan ezarritako determinazioak eta, halaber, ingurumen-ebaluazioaren ondoriozkoak –baliabideen kontsumoari eta emisio atmosferikoen eta akustikoen, isurketen eta hondakinen sorreraren arloko ukipenei dagokienez–, zeinak ingurumen-baimen integratuan jasoko baitira.

–2025eko martxoaren 3ko eranskinean jasotzen denez, animalia hilak edo animalien hondakinak dituzten edukiontziak gela edo eraikin itxi eta hozte-sistemadunetan edukiko dira, ez daitezen bistan egon, ahalik eta usain gutxien ateratzeko eta ez dadin sartu lehorreko fauna oportunistarik eta hegazti-fauna nekrofagorik. Halaber, ura eta lohiak arbastatu ondoren gelditzen diren ehunen hondarrak gordeko dira halako moldez non usainak sortzea minimizatuko baita eta kudeatzailek proiektatutako maiztasunarekin hustuko baitira egunero,

–IHUAko urak Irati ibaira isurtzeko aurreikusitako kolektorea San Bartolomeko bidearen ezkerreko ertzean edo plataforman eginen da, eta ez dio eraginen hegoaldeko landarediari. Kontuan hartu beharko da apoarmatu istilzalea (Emys orbicularis) egoten ahal dela Arana ibaiaren ibilguan eta ahoan. Horregatik, haren ibilguan esku hartzea saihestuko da eta gutxienez 10 metroko tarte bat ezarriko da, non ez baita jarduketarik eginen.

–Ibaiko sastrakadian (KBE sailkapena du) kontuan hartuko dira ibaiko landaredia, bisoi europarra (Mustela lutreola) eta igaraba arrunta (Lutra lutra) babesteko jarduketa hauek.

  • Kolektorearen hustubideak egiteko obretarako beharko den tartea birlandatu eta balizatu beharko da Irati ibaiaren ertzean, bai sarbidean, bai babes-eremuan. Exekuzioan, ibilguaren kanpoaldetik eginen da lan, neurri egokiko makineria erabiliko da eta landaredian eta ezpondetan egiten diren jarduketetan ahalik eta eragin txikiena egin behar zaio ibai-ertzen morfologiari.
  • Bisoi europarraren habitatetan, espezie horren ugalketa-garaian (apirilaren 1etik abuztuaren 30era), ez da egin behar habitat horietatik makineria astuna igarotzea, lurrak mugitzea eta beste ekarriko duen jarduketarik.
  • Salbuespen gisa, eta faunaren alorrean eskumena duen teknikari batek egindako justifikazio-txosten bat entregatu ondotik, lanak baimentzen ahalko dira, ingurunea eskuz soiltzen bada apirilaren 1aren aurretik; kasu horretan, obrak ez badira berehala hasten, aldian behin soildu beharko da eremua, ez dadin landare-estalkirik garatu obrak hasi aurretik.

Belar sastrakak ez badira garbitu apirilaren 1a baino lehen, espezie babestuetan eskumena duen unitatearen baimena beharko da. Kasu horretan, belar-sastrakak eskuz garbitzea bakarrik izanen da bideragarria. Landare-estalkia kendu eta 48 ordura hasten ahalko dira lanak (zuhaitzak eskuz moztu beharko dira).

–Materiala biltzeko lanak, kolektorearen hustubidean izan ezik, landaredia naturalik gabeko bideetan eta lurzoruetan eginen dira, eta makineriak ere hortik igaro beharko du, KBEtik kanpo betiere, eta eremu mugatuetan. Obrak bukatu ondotik, berreskuratu egin beharko dira eremu horiek. Soberako lurrak eta obretako hondakinak zabortegi baimendu batera eraman beharko dira, eta ez da baimentzen ahalko haiek obren ingurunean uztea.

–Proiektuan aurreikusitako baldintzak eta ingurumen-baimen integratuaren ebazpenean horretarako jasotzen direnak betetzeaz gain, jarduerarako beharrezko diren baimen guztiak ere izan beharko dira, eta, bereziki, hornidurari eta isurketa-baimenei buruz arroko erakundeari dagokiona.

–Lanak planifikatuta eta obrak birplanteatuta daudela, sustatzaileak harremanetan jarri beharko du Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldearekin (Agoitz barrutia), gutxienez 48 ordu lehenago, ingurumen-inpaktuaren txostenean jasotako baldintzak betetzen diren egiaztatzeko.

3.a Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen-txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio-bidean jartzen ahal direnak.

4.a Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5.a Ebazpen hau igortzea Ekonomia Zirkularraren Zerbitzuari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Agoitz barrutia), Irunberriko Udalari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko maiatzaren 20an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA

Proiektatzen da orduko 550 zerri hiltzeko ahalmena duen hiltegi bat instalatzea, urtean 120 kg-ko 1.480.000 zerri hiltzeko.

Instalazio berria Venta de Judas industrialdean dagoen zatikatze-aretoaren ondoan jarriko da, eta 15.747,35 m² gehituko dizkie (Irunberriko 3 poligonoko 257, 258 eta 259 lurzatietan) jarduerak gaur egun 255 lurzatian dituen 23.410,42 m²-ei.

Instalazio berriak eremu funtzional hauek izanen ditu: eskorta-areto bat, zerriak hiltzeko, erraiak ateratzeko eta erraiak tratatzeko eremu bat eta kanalak egurasteko eta hozteko eremu bat, zeinak zerriak hiltzeko instalazioa eta zatikatzeko instalazioa lotzen baititu. Eraikinaren kanpoaldean, kamioiak garbitzeko eremu bat eta industriako hondakin-uren araztegi bat (IHUA) jarriko dira; IHUA horrek bi instalazioetako urak tratatuko ditu.

Urak banatzeko sare bat dute instalazioek, zeinak euri-urak San Bartolome sakanera isurtzen baititu, saneamendua udalaren ur beltzen HUAko kolektorera lotzen baitu eta industria-urak industria-uren araztegi propiora eramaten baititu. IHUAk hustubide bat instalatuko du, arazitako efluentea Irati ibaiaren emarira isurtzeko, Zaraitzu ibaiarekin bat egiten duen puntutik gertu; Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimenean ezarriko diren parametroen arabera tratatu beharko da. Transformazio elektrikoko azpiestazio bat izanen du, bai eta ur beroaren eta lurrunaren galdararako gas-tangak eta CO2-tanga bat ere.

Hilketa-jardueratik lortuko dira, azken produktu gisa, zerri-kanalak, eta, azpiproduktu gisa, odola, erraiak (errai gorriak eta zuriak, barea, pankrea, giltzurrunak eta gantza) hankak eta burua. Giza kontsumorako osasun-arriskurik gabe aprobetxatu ezin diren hilketaren eta zatikatzearen ondoriozko materialak giza kontsumorako ez diren animalia-azpiproduktu gisa merkaturatuko dira, 2 eta 3 kategorietan.

Ura eta hornidura elektrikoa Irunberriko industria-poligonoko saretik lortuko dira. Transformazio-zentro berri bat jarriko da jardueran, zeina lurpeko linea baten bidez lotuko baitzaio poligonoko ebakitze-zentroari.

KBEra isurtzen den hustubidearen trazadura ZEC (Iturria: ingurumen-azterketa).

Iragarkiaren kodea: F2507551