1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
DEIALDIA, Biofach 2026 azokan parte hartzeko, nekazaritzako elikagaien sektorera zuzenduta.
Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Nazioarteko Planaren bidez (http://www.planinternacionaldenavarra.es/), lan egiten du Nafarroako Komunitateko eta haren enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzeko. Plan horren arabera, Alemania lehentasunezko herrialdeetako bat da nekazaritzako elikagaien sektorea nazioartekotzeko ekintzak egiteko, arreta berezia jarriz ekoizpen ekologikoan. Arlo hori hazkunde esponentziala izaten ari da Alemaniako merkatuan, eta, hala, gaur egun Alemania da Europa osoko lehen bio-kontsumitzailea.
Testuinguru horretan, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak 2026ra begira dituen ekintzen artean sartu du Nafarroako Gobernuak eta ekoizpen ekologikoaren arloko Nafarroako enpresa eta entitateek parte hartzea Biofach 2026 nazioarteko azokan (https://www.biofach.de/en). Azoka hori Nurembergen eginen da, otsailaren 10etik 13ra bitarte.
Biofach azoka munduan elikagai organikoen eta nekazaritza ekologikoaren merkataritza-azokarik handiena da. Urtero egiten da otsailean, Nurembergen, Alemanian. 2025eko otsaileko edizioan 2.300 erakusketari eta gutxi gorabehera 35.000 bisitari profesional bildu ziren, 134 herrialde ingurutakoak. Azoka hau puntu estrategiko bat da Nafarroako enpresak Alemaniako merkatura zein Europako beste merkatu batzuetara iritsi ahal izateko.
Ekintzaren xedeak.
–"Nafarroa" marka ezagutaraztea eta Nafarroako bio elikadura-sektorearen irudi bateratu, profesional eta erakargarria eskaintzea Alemanian, kalitatezko produktuekin lotu dadin.
–Parte hartzen duten Nafarroako enpresei Alemaniako bio merkatuaren prospekzioa egiten laguntzea.
–Nafarroako bio elikadura-sektoreari laguntza instituzionala ematea nazioartean garatzeko prozesuan.
–Negozio-aukerak identifikatzea eta bide ematea Nafarroako enpresei harremanetan jar daitezen bai egungo bezeroekin bai etorkizunean bezero izan daitezkeenekin ere.
Sektorea/segmentua.
–Elikadura ekologikoa.
–Kosmetika ekologikoa.
Ekintzaren edukia.
1. "Nafarroa Bio" erakustokia Nafarroako enpresen eskura jartzea, Elikagaien eta Edarien Industrien Espainiako Federazioaren eremuaren barruan.
Hauxe eskaintzen da:
–Enpresa bakoitzeko: 1 modulu.
–2-3 enpresa biltzen dituzten enpresa-taldeak: 1 modulu.
–4-6 enpresa biltzen dituzten enpresa-taldeak: 2 modulu.
–7 enpresa edo gehiago biltzen dituzten enpresa-taldeak: 3 modulu.
2. Azokara joan aurretik, esportazioaren gaineko diagnostikoa egitea (https://www.planinternacionaldenavarra.es/es/diagnostico-de-exportacion), parte hartzen duen enpresa bakoitzak nazioartekotzeko duen prestakuntza baloratzeko.
3. Parte hartzen duten erakundeen sustapena eta zabalkundea, "Nafarroa Bio" erakustokiaren barruan.
4. Azokan sartzeko txartelak ematea (1. puntuan ezarritako irizpideen arabera).
Enpresa bakoitzak bere gain hartuko ditu azokako koerakusketariaren tasa, bidaia-gastuak, otorduak, ostatua eta beste gastu batzuk.
Parte hartzeko baldintzak (parte hartzea eskatzeko unean bete beharrekoak).
1. Elikadura edo kosmetika ekologikoaren sektoreko enpresa, enpresa-elkarte edo enpresa-talde bat izatea. Horren ondorioetarako, enpresa-elkartetzat edo enpresa-taldetzat hartuko dira haien artean elkartzeko akordio baten bidez lotuta daudenak.
Lehentasuna izanen dute enpresa txiki eta ertainek, eta, tokirik geratzen bada, halakoak ez direnak sartzen ahalko dira.
2. Nafarroan egoitza bat, egoitza sozial bat edo ekoizpen zentro bat izatea, edo bertan egitea garapen eta/edo ekoizpen lanak.
3. Ekoizpen ekologikoaren zigilua izatea.
4. Inskripzioa egiteko unean, web-orria eta katalogoak ingelesez izatea.
5. Kontakturako komertzial bat izatea, ingelesez dakiena, Biofach azokaren aurretik, azoka bitartean eta bukatu ondoren arreta emanen duena (curriculuma erantsi).
6. Erakusgai jarriko diren produktu guztien indarreko ziurtagiri ekologikoa eta inskripzioa bidaltzea.
Azoka honetan elkarte edo talde baten bitartez parte hartu behar duten enpresek 2.etik 6.era bitarteko baldintzak bete behar dituzte, eta ezin izanen dute aldi berean eskaera indibidualik aurkeztu. Taldeak eskaera bakarra aurkeztuko du, ekintza komertzial honetan parte hartzen duten enpresa guztien datuekin.
Eskaera aurkezteko epea.
Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 09:00etatik aurrera, eta 2026ko ekainaren 25eko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta, bertan identifikatzeko, ziurtagiri digital bat edo Cl@ve erabili beharko da.
Jakingarriak.
Biofach azokan gehienez ere 10 eta gutxienez ere 8 parte-hartzaile izanen dira. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira parte-hartzaileak, ezarritako gehieneko kopurura iritsi arte.
Biofach azokara erakusketari gisa beren kasa (Nafarroako erakustokitik kanpo) doazen enpresek, Nafarroako erakustokian ere parte hartzen ahalko dute, baldin eta lekurik geratzen bada.
Taldean, produktu-tipologia bereko bi enpresa izanen dira, gehienez ere. Baldin eta gehieneko enpresa kopurua betetzen ez bada, tipologia bereko enpresa gehiago onartzen ahalko dira, eskaera-ordenaren arabera, onartutako enpresen gehieneko kopurura iritsi arte.
Lehentasuna emanen zaie azoka honi loturiko sektorearentzat Nafarroako Nazioarteko Planak 2026an antolatutako beste azoka edo merkataritza-misio batean parte hartu ez duten enpresei.
Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko du inskripzio fitxan adierazten den helbide elektronikora, eta parte-hartzaileei dei eginen zaie azokan izanen duten baterako jarduna prestatzeko bilera batera.
Eskaera onartuz gero, entitate parte-hartzailea behartuta egonen da ekintza egitera, idatziz justifikatu beharreko ezinbesteko kasuetan izan ezik. Ezinbesteko arrazoirik ez badago, eta enpresak erabakitzen badu ez parte hartzea, azoka hasi baino gutxienez hilabete bat lehenago aurkeztu beharko du uko-egitea. Bestela, hurrengo paragrafoan ezarritako penalizazioa aplikatuko zaio.
Aurreko paragrafoan adierazitako kasuetan izan ezik, enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, eta hurrengo bi urteetan misioetako batean parte hartzea eskatzen badu, misio horietarako itxarote-zerrendako azken postuan egonen da.
Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak.
–Ekintzan parte hartzeko eskabidean agertzen diren datuak ematea.
–Erakustokian arreta ematen egotea azokako egun guztietan eta azoka irekita dagoen ordutegian.
–Ekintza egiten denetik hasita hamabost eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.
–Misioaren ondoren, bilera bat egitea Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuarekin.
–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultari erantzutea misioa izan eta 6 hilabetera, jakiteko zer aurrerapen izan den egindako harremanetan eta jasotako informazioetan.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 20an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.
Iragarkiaren kodea: F2507249