1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
195E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez berrikusten baita irinak eta olo malutak egiten dituen instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioa Elortzibarko udal mugartean dago eta haren titularra Harinera del Mar Siglo XXI SL da.
Instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 23ko 2369/2007 Ebazpenaren bidez emana, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 20ko 68E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua, eta, geroago, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 8ko 163E/2024 Ebazpenaren bidez aldatua.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, 26. artikuluan ezartzen du baimenaren baldintzak berrikusi egin behar direla teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean. Instalazio honetan egiten den jardueraren sektore industrialari dagokionez, aipatu ondorioak argitara eman ziren Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 Betearazpen Erabakiaren bidez; erabaki horretan elikagaien, edarien eta esnearen industrietarako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria emisioei buruz emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat.
Aplikatuz uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoa (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen lege horren testu bategina), 2023ko maiatzaren 23an Harinera del Mar Siglo XXI SLri eskatu zitzaion 2023ko abuztuaren 4a baino lehen dokumentazio teknikoa aurkez zezala, bere ingurumen baimen integratua berrikusteko prozedura tramitatzeko beharrezkoa zena, horrela, instalazioa Batzordearen 2014/687/EB Betearazpen Erabakian eskatzen diren baldintzetara egokitzeko. Titularrak 2024ko maiatzaren 13an aurkeztu zuen dokumentazioa.
Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak egiaztatu du instalazioa egokituta dagoela Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 Betearazpen Erabakira, zeinaren bidez ezarri baitziren elikadura-, edari- eta esne-industrietako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, salbu eta balio batzuen eguneratzea –isuri atmosferikoen gainean ikuskapen entitate akreditatu batek egin beharreko kanpoko kontrolen maiztasuna eta partikulen gehieneko isurketa-balioak–, eta baldintza horiek ebazpen honetan ezarri dira.
Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.
Espedientea tramitatu da bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatzen duen industria isurien Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori urriaren 16ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Berrikustea irinak eta olo malutak egiten dituen instalazio baten ingurumen baimen integratua, egiaztatu baita instalazioa egokitzen zaiola Batzordearen azaroaren 12ko 2019/2031 (EB) Betearazpen Erabakiari, non teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri baitziren; hori guztia bat etorriz TEOen ebaluazioarekin, zeina jasotzen baita ebazpen honen eranskinean. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak bertan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Elortzibarko udal mugartean dago eta haren titularra Harinera del Mar Siglo XXI SL da.
Bigarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena eguneratzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Atmosferara egiten diren isurietan gertatzen den edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari.
Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.
Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Harinera del Mar Siglo XXI SLri eta Elortzibarko Udalari.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 15ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2507098