Iragarkia
113. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 6a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MENDAZA
Ordenantza, espazio eta ondasun publikoekiko gizalegezko jokabideak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Mendazako Udalak, 2024ko abuztuaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Espazio eta ondasun publikoekiko gizalegezko jokabideak arautzen dituen ordenantza.
Iragarkia 2024ko 249. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 10ean, eta jendaurreko aldian inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, behin betiko onetsitzat jotzen da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Erabaki honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, egoitza Iruñean baitu, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) eta 46. artikuluekin bat.
Aditzera ematen da, orok jakin dezan.
Mendazan, 2025eko maiatzaren 7an.–Alkatea, Javier Senosiáin Paternáin.
UDAL ORDENANTZA, ESPAZIO ETA ONDASUN PUBLIKOEKIKO GIZALEGEZKO JOKABIDEAK ARAUTZEN DITUENA
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
1. Erregelamendu honen xedea da gizalegezko kontzientzia eta jokabideak sustatzea, herritarren bizikidetza eragozten duten jarduketak prebenitzeko udalerrian, ondasun eta espazio publikoak babestea, bai eta udal ondareko instalazio eta elementu guztiak ere, haien aurkako erasoetatik, nahasmenduetatik eta zilegi ez diren beste erabilera batzuetatik, eta, orobat, gizalegezko balioen kontrako jarduerak zuzentzea, zehatzeko ahalaren bidez.
2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.
Ordenantza honetan jasotzen diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeen eskubideak, ahalmenak eta betebeharrak, ez eta beste administrazio publiko batzuen eskumenak ere.
Ordenantza honek arautzen ditu gizalegezko balioekin zerikusia duten herritarren jarduketak eta ez-egiteak; ez die eragiten, beraz, zerbitzu publikoen jarduerei, baldin egiten badira egungo antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko.
Ordenantza hau aplikatuko da Mendazako Barrutiko udal-mugarte guztian (Acedoko, Asartako, Mendazako eta Ubagoko kontzejuak).
II. TITULUA.–GIZALEGEA SUSTATZEA
3. artikulua. Xedapen orokorra.
Mendazako Barrutiko Udalak gizalegezko balioak sustatuko ditu; gizalegezko baliotzat joko dira gizarte demokratiko bateko herritarren bizikidetza egokia ahalbidetzen dutenak. Gizarte horren ezaugarri nagusia da eskubide pertsonalak izatea, eta eskubide horien errespetuak berekin dakar betebeharrak egotea eta herritar bakoitzak horiek bete behar izatea.
Era berean eta berariaz, Udalak legez dituen eskumenak erabiliko ditu herritarren kontzientzia guztiz pizteko, barrutia osatzen duten kontzejuetako espazio komunak zuzen erabili dezaten eta hiri ingurunea zaindu.
4. artikulua. Komunikazio publikoa.
Udalak gizalegezko balioak eta jokabideak zabalduko ditu, horretarako erabiliz herritar guztiei edo biztanle talde zehatz batzuei zuzendutako zabalkunde komunikazioak.
III. TITULUA.–HERRITARREN PORTAERA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
5. artikulua. Bizikidetzarako printzipioak.
–Herritarrek beren arteko bizikidetza errespetatu behar dute, eta ondasunak eta zerbitzu publikoak erabili berezkoa duten helburuaren arabera, betiere begiratuta gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu eta pertsonei errespetua galtzen dieten jokabideak, ordenantza honen arabera.
–Herritarrek eskubidea dute udal-mugarteko bide eta espazio publikoak libreki erabiltzeko, eta beren askatasuna errespetatu behar zaie. Eskubide hori gizalegez erabiliko da, eta eskubide horren mugak izanen dira, batetik, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenak eta, bestetik, gainerako pertsonak eta ondasun pribatuak errespetatu beharra.
–Debeku da bizilagunen atsedena eragozten duten zaratak egitea, bai eta gaueko iskanbiletan parte hartzea ere, edo gaueko aisiarako lokaletatik zalapartaka ateratzea.
–Herritarrek ez dute bide publikoan eginen abusuzko ekintzarik, edo diskriminatzailerik, edo larderiazkorik, ez eta indarkeria fisikoa edo morala dakarrenik ere.
II. KAPITULUA.–ONDASUNAK HONDATZEA
6. artikulua. Hondatzea eta kalteak eragitea.
Ezin izanen da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunetan, baldin haien helburuaren kontrakoa bada, haiek hondatzen baditu edo kalteak eragiten badizkie, edo haien estetika desitxuratzen badu, 1. artikuluan ezarritakoaren arabera.
7. artikulua. Pintadak eta grafitiak.
1. Debeku da pintadak, idazkiak, inskripzioak eta grafismoak egitea ordenantza honek babesten dituen ondasun publikoetako edozeinetan.
2. Aurreko apartatuan jasotako debekutik kanpo geldituko da horma-irudi artistikoak egitea, Udalaren baimena izanda, orubeetako hesi, obretako itxitura, mehelin edo antzekoetan. Udalak aukerakoa du baimena ematea; hura ematen duenean, erantsiko da zer baldintza eta beharkizun bete behar diren.
3. Baldin pintadak egiten badira, edo paperak ezarri, kristalak marratu edo hautsi, kartelak itsatsi, edo kaltea dakarren beste edozer egiten bada eraikin publiko batean edo hiri altzarietako elementu batean, Udalak enpresa, erakunde edo pertsona erantzuleari egozten ahal dizkio bidezko kalte-ordainak eta garbitzearen, berria jartzearen edo lehengoratzeko lanen fakturen kostua. Horrez gain, dagokion zehapena ezarriko dio.
8. artikulua. Zuhaitzak.
Zuhaitzak babesteko, debeku dira honako hauek:
a) Kalte egitea edo tratu txarrak ematea.
b) Haietan edozein elementu itsastea edo lotzea, Udalaren baimenik gabe.
c) Inguruan zaborrak eta hondakinak botatzea.
9. artikulua. Berdegune publikoak.
1. Herritarren betebeharra da jabetza publikoko berdeguneak errespetatzea.
2. Ongi zaintzeko eta mantentzeko berdeguneetan, jardineretan eta bide edo espazio publikoetan landatutako landare-espezieak eta zuhaitzak, debeku dira honako ekintza hauek:
–Loreak edo landareak ebatsi, errotik atera edo hondatzea eta, oro har, behar ez bezala erabiltzea belardi edo landaketak.
–Soropila hondatzea edo haren gainean kanpatzea.
–Zuhaitzak moztu, inausi edo apurtzea, haien azaletan grabatu edo pintatzea, iltzeak itsastea, haiei edozein elementu lotzea edo kartelak paratzea.
–Zuhaitzetan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo haietan isurtzea edozein motatako produktu toxikoak.
–Berdeguneetan zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo haiek hondatu edo haien estetikari eta gustu onari eraso diezaiekeen beste edozein produktu botatzea.
–Gorozkiak uztea edozein berdegune publikotan.
–Sua egitea parke eta lorategietan.
9. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.
Debeku da erabiltzea bide edo espazio publikoetako paperontziak edo edukiontziak, halako moduz non kalteak eragiten diren, edo haien estetika desitxuratzen den edo erabilera oztopatzen den. Bereziki debeku da haiek mugitzea, erauztea, erretzea, iraultzea edo haien edukia lurrera botatzea, inskripzioak egitea eta paperak edo eranskailuak itsastea.
III. KAPITULUA.–KARTELAK, PANKARTAK ETA ANTZEKOAK
10. artikulua. Publizitatea.
Debeku da, Udalak baimena eman ezean, iragarki mota oro paratzea eraikin publikoen fatxadetan, markesinetan, hiri altzarietan, zuhaitzetan eta hormetan. Orobat, debeku da halako tokietan paratzea denetariko eranskailu, kartel, afixa, pankarta edo banderolak. Erantzuleei egotziko zaie halakoak kentzeko kostua, horrek ezertan eragotzi gabe behar diren zehapenak ezartzea.
IV. KAPITULUA.–HERRITARREN JARDUKETAK
1. ATALA.–ONDASUN EDO ZERBITZUEN ERABILERA ARRUNTAREN KONTRAKO JARDUERAK
11. artikulua. Bide edo espazio publikoen erabilera arruntaren kontrako jarduerak.
1. Bide edo espazio publikoek zer xede duten, horretarako erabiliko dituzte herritarrek, eta ezin izanen dute eragotzi oinezkoen edo ibilgailuen ohiko joan-etorria horretarako prestatutako tokietan, salbu legez ezarritako kasuetan eta horiei dagozkien baldintzetan.
Debeku da bide edo espazio publikoetan jarduerak egitea baldin berekin ekartzen ahal badizkiete kalteak pertsona edo ondasunei, edo eragozpen nabariak eragiten ahal badizkiete herritarrei, kontuan harturik kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak.
Debeku hori ez da aplikatuko aurretik baimena lortu denean edo aipatutako jarduerak egiten direnean berariaz prestaturiko tokietan edo berez haiek egiteko diren tokietan, ezarritako baldintzak betez.
2. Espazio publikoetan ezin da inolako elementurik instalatu edo jarri, Udalaren baimena izan ezean.
2. ATALA.–JARDUERA BERARIAZKOAK
12. artikulua. Elementu piroteknikoak.
1. Debeku da, baimenik izan ezean, erabilera publikoko espazioetan petardoak, suziriak eta bengalak edo bestelako artikulu piroteknikoak erabiltzea.
2. Jai edo gertaera jakin batzuk direla eta, Udalak baimen orokorra ematen ahalko du, eta hartan finkatuko ditu baimendutako jarduketek zer baldintza bete beharko dituzten.
13. artikulua. Zaratak.
Herritar guztiek errespetatu behar dituzte bizilagunen lasaitasuna eta atsedena. Halaber, saihestuko dituzte bizikidetza normala trabatzen duten zaratak, jarraikiz azaroaren 17ko 37/2003 Legeari (Zaratari buruzko Legea) eta 1367/2007 Errege Dekretuari. Orobat, jarraikiko zaie gizalegezko jokabideak sustatzeko ordenantza honen zehaztapenei:
–Oro har, ez dira baimenduko bizilagunei eragozten dieten jarduerak, batez ere gauez (23:59 - 7:00). Besteak beste, espazio publikoetan egotea musika igortzen duten musika-ekipoekin, kantatzea, eta abar.
–Era berean, ez da onartuko gaueko jokorik edo jostetarik, baldin auzokoei eragiten badie zaratarik edo eragozpenik, hala nola pilota edo saskibaloi edo futbol jokoak, berekin ekartzen badute fatxadak edo hiri-altzariak kolpatzea eta/edo jokoaren ondorioz oihuak eta garrasiak egitea.
–Debeku da saihestu daitekeen edozein zarata egitea etxebizitzetan, aisialdiko lokaletan edo etxabeetan, baldin eta urratzen badu auzokoen atsedena, edo hura larriki oztopatzen badu, eta gainditzen baditu legez ezarritako mugak.
–Motorrek, ihes-hodiek, pneumatikoek eta klaxonek modu desegokian sortutako zaratak, edo zakar edo irregularki gidatzearen ondoriozkoak, bai eta ibilgailuetan musika-ekipoak bolumen handiz erabiltzea ere, edo beste zarata batzuk egitea, baldin larriki urratzen ahal badute bide publikoaren gainerako erabiltzaileen lasaitasuna edo bizilagunen atsedena.
–Ezin izanen da erabili edo paratu bozgorailurik bide publikoan edo bide publikoari begira, baimenik lortu ezean.
–Obrak egunez eginen dira.
14. artikulua. Kea eta usainak.
1. Herritarrek ez dute eginen jarduerarik espazio publikoetan, edo haiei eragiten dieten baimendu gabeko beste espazio batzuetan, lasaitasuna galarazten duten edo osasungarritasunaren eta apaindura publikoaren kontrakoak diren keak, usainak edo hautsa sortzen dituenik, indarreko legedian eta ordenantzetan ezarri mugak edozein direla ere.
Debeku horretatik salbu dira aldez aurreko baimenik gabe etxeetan egin daitezkeen lan batzuk, hala nola zola bernizatzea, hormak pintatzea eta abar.
2. Sorgailu elektrikoak, pneumatikoak edo gisakoak, baldin errekuntza-motorrez badabiltza, instalatu beharko dira eraikinen fatxadetatik 10 metrora edo gehiagora.
15. artikulua. Hondakinak eta zaborrak.
1. Debeku dira erabilera publikoko bide eta espazioak zikin ditzaketen baimendu gabeko jarduera edo eragiketa guztiak, espazio horien artean daudela orubeak, itxi gabeko finkak, mendiak, ur-ertzak eta ibai-ibilguak. Aipagarri gisa, debeku da autoak garbitzea konpontzea edo koipeztatzea aipatu bide eta espazioetan, zigarrokinak eta bilgarriak botatzea, botilak haustea, zaborra edukiontzien ondoan uztea, eta antzeko ekintzak egitea.
2. Herritarrak behartuta daude hiri hondakinak paperontzi eta edukiontzi egokietan botatzera.
3. Espresuki debeku da uztea edo abandonatzea beirazko edozein objektu, osorik nahiz hautsirik, erabilera publikoko edozein espaziotan.
4. Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatako hondakinak atera eta barreiatzea.
5. Debeku da ibilgailuetatik hondakin mota oro botatzea, abian nahiz geldirik egon.
16. artikulua. Hondakin organikoak.
Debeku da kaka, pixa edo tu egitea bide publikoetan eta erabilera publikoko espazioetan.
17. artikulua. Animaliak.
1. Araudi honen ondorioetarako, aplikatzekoak izanen dira bai apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzkoa, bai Kontzejuetako ordenantzak, halakorik bada.
2. Herritarrek behar bezala zaindu beharko dituzte etxeko animaliak, eta bereziki debeku da horiek abandonatzea.
3. Animaliek ezin izanen dute edan bide publikoan gizakiek edateko dauden iturrietatik.
4. Ezin izanen zaie tratu txarrik edo eraso fisikorik egin animaliei.
5. Animalien jabeak behartuta daude etxeko animalien gorozkiak biltzera eta dagokien edukiontzira botatzera.
18. artikulua. Kanpaldiak eta aisia.
1. Ezin izanen da kanpatu edo kanpadenda edo horretarako prestatutako ibilgailurik ezarri 226/1993 Foru Dekretuan aurreikusi gabeko lur publiko edo pribatuetan, horretarako baimenik izan ezean.
Agintaritzaren agenteek kanpin-denden, ibilgailuen edo bestelakoen erabiltzaile eta jabeei eskatuko diete bertan behera uzteko kanpatzea, baldin bide publikoa bidegabeki okupatzen badute, horrek ezertan galarazi gabe dagokien salaketa jartzea.
4. ATALA.–BETEBEHAR BEREZIAK
19. artikulua. Merkataritza jarduerak.
1. Merkataritza, industria edo zerbitzu jarduera batek maiz zikinkeria sortzen duenean inguruetan edo baimendutako lekuetan, establezimenduko titularrak garbi utzi beharko du bide publikoan hartutako zatia, horrek ezertan ukatu gabe neurri zuzentzaileak eta izan beharreko lizentzien araubideak sortutako gainerako betebeharrak.
2. Terrazak eta bide publikoko beste instalazio batzuk dituzten establezimenduen titularrek garbi utzi beharko dituzte okupatzen duten lekua zein ingurua, bai eta instalazioak berak ere. Espazio eta ingurune horiek etengabe garbitu beharko dira eta, betiere, establezimendua ixten denean.
20. artikulua. Ekitaldi publikoak.
1. Ekitaldi publikoen ondorioz zikinkeria sortzen bada edo kalte egiten bazaie hiri edo arkitektura elementuei, erantzuleak izanen dira antolatzaileak, eta administrazioak behartzen ahalko ditu erabili edo hondatzen diren ondasunak lehengoratzera.
2. Udalak fidantza eratzeko eskatzen ahalko die antolatzaileei, eta hala bermatuko da behar den erantzukizuna, garbiketa eta ingurumen lanengatik nahiz ekitaldiak ekar ditzakeen bestelako kalte-galerengatik. Kasuan kasuko espazio publikoa behar bezala geldituz gero, fidantza itzuliko zaie. Hala ez bada, hartatik kenduko da aparteko lanen zenbatekoa.
3. Betiere, ekitaldi publikoen antolatzaileek egin beharko dute kalteak bermatzeko erantzukizun zibileko aseguru-kontratu bat, ekitaldiaren izaera kontuan hartuta.
IV. TITULUA.–ZEHAPEN ARAUBIDEA
21. artikulua. Xedapen orokorrak.
1. Zehapenak ezartzeko, bete beharko da legez eta erregelamenduz arlo horretan ezarrita dagoen prozedura, zehatzeko ahala gauzatzeko.
2. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak baldin badaki egitateak izan daitezkeela ez bakarrik arau-hauste administratibo, baizik eta zigor-zuzenbideko arau-hauste ere, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio, eta geldirik utziko du zehapen prozedura –hasita badago–, harik eta agintaritza judizialak erabakia hartu arte.
Zehapen prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.
22. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.
Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, izan egiteak nahiz ez-egiteak, joko dira oso astuntzat, astuntzat edo arintzat.
23. artikulua. Arau-hauste oso astunak.
Oso astunak dira honako hauek eragiten dituzten arau-hausteak:
a) Herritarren bizikidetza modu larrian trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez; betiere, Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Legearen IV. kapituluan aurreikusitako motetan sailkatu ezin diren jokabideak badira.
b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei galaraztea hartaz baliatzea.
c) Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea, edo horretarako oztopo larriak jartzea.
d) Larriki eta nabarmen hondatzea zerbitzu publiko baten ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak.
e) Espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei galaraztea hartaz baliatzea. Betiere, arau-haustea izanen da oinezkoei edo ibilgailuei nahita eta modu larrian galaraztea haientzat prestatutako tokian zirkulatzea, baimenik izan gabe.
f) Larriki eta nabarmen hondatzea bide publikoak, edo haietako edozein instalazio eta elementu, izan higigarri nahiz higiezin, ez baldin badira herritarren segurtasuna asaldatzeak eragindakoak. Betiere, honako jokabide hauek izanen dira arau-hauste:
–Seinale publikoak apurtu edo erauztea, edo haietan pintadak egin edo kalteak eragitea.
–Zerbitzu publikoaren elementuak, zaborrak edo hondakinak erretzea, nahita edo erru astuna izanda.
–Bide publikoan eta berdeguneetan dauden zuhaitzak haustea, edo deusetarako ez direla uztea.
g) Animaliekin ankerkeria, tratu txarrak eta eraso fisikoak erabiltzea, bai eta haiek abandonatzea ere.
h) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak edo ez-egiteak, baldin arriskuan jartzen badute pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala.
i) Nahita itzaltzea argiteria publikoaren edozein sistema.
j) Urtebetean hiru arau-hauste astun edo gehiago egitea.
24. artikulua. Arau-hauste astunak.
Arau-hauste astunak honako hauek dira:
a) Bizikidetza nabarmen trabatzea, halako moduz non eragozten den beste batzuen lasaitasuna, beren eskubide legitimoak erabiltzea edo era guztietako jarduerak normal egitea, jarraikiz aplikatzekoa den araudiari edo osasungarritasun eta apaintasun publikoari, baldin eta jokabide horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasuna babesteari buruzko araudian.
b) Larriki trabatzea zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta.
c) Larriki hondatzea zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak.
–Edozein ondasun edo espazio publikotan pintadak, grafismoak edo horma-irudiak egitea Udalaren baimenik gabe.
–Kalteak eragitea zuhaitz, landare eta lorategi publikoetan.
–Bide publikoan pixa, kaka edo tu egitea.
–Bide publikoan zaborra edo beste edozein elementu botatzea edo bertan uztea.
d) Larriki trabatzea osasungarritasun edo apaintasun publikoa. Betiere, arau-haustea izanen da:
–Estolderia-sarera edo bide edo espazio publikoetara zaborrak edo hondakinak botatzea, ibiltzea eragozten dutenak edo osasungarritasunerako edo segurtasunerako arriskua sortzen dutenak.
e) Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.
f) Agintaritzari (Foruzaingoa eta Guardia Zibila) ez obeditzea edo jarkitzea bere eginkizunak betetzen ari denean, delitu ez badira, bai eta, agintaritzak edo haren agenteek eskatu ondoren, identifikatzeari uko egitea edo datu faltsuak edo okerrak ematea identifikatzean.
25. artikulua. Arau-hauste arinak.
Honako hauek dira arau-hauste arinak:
a) Herritarren bizikidetza arinki trabatzea, halako moduz non eragozten den beste batzuen lasaitasuna, beren legezko eskubideak erabiltzea edo era guztietako jarduerak normal egitea, jarraikiz aplikatzekoa den araudiari edo osasungarritasun eta apaintasun publikoari, baldin eta jokabide horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasuna babesteari buruzko araudian. Betiere, arau-haustea izanen da:
–Gauez zaratak egitea behin eta berriz, herritarren lasaitasuna trabatzen dutenak.
–Lagun egiteko animaliaren gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.
–Eremu publikoan su egitea.
b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea arinki trabatzea beste pertsona batzuei. Betiere, arau-haustea izanen da:
–Gailu piroteknikoak, petardoak, suziriak edo antzekoak jaurtitzea, baimenik gabe.
–Baimenik gabe kanpatzea.
26. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste arinek 150 euro arteko isuna ezarriko zaie.
Arau-hauste astunei 151 eta 800 euro arteko isuna ezarriko zaie.
Arau-hauste oso astunei 801 eurotik 1.200 eurora bitarteko isuna ezarriko zaie.
27. artikulua. Kalteak konpontzea.
Ordenantza honetan adierazten diren zehapenak ezartzean, beti eskatuko zaio arau-hausleari hondatutako egoera lehengora dezala. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konponduko edo ordainduko dituzte beti.
Lehengoratzeko eta kalteak ordaintzeko eskaera Udalak izapidetuko du, antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera, eta kontuan hartuta hondatutako ondasuna nolakoa den.
Udalak egin beharrekoak eginen ditu betebeharpekoaren kontura, gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko, non eta ez dituen arau-hausleak ordurako egin. Betebeharpekoari kostua eskatzeko, jarraikiko zaio antolamendu juridikoan ezarritakoari.
28. artikulua. Erantzuleak.
1. Ekitaldi publikoetan erantzule solidario izanen dira antolatzaile edo sustatzaile dena eta baimena eskatzen duena.
2. Animaliak daramatzaten pertsonak eta, modu subsidiarioan, animalien jabeak izanen dira erantzule, animaliek gauzei edo pertsonei sortutako kalte edo eraginengatik, eta zikinkeriarengatik.
3. Kanpoko publizitateari buruzko arau-hausteen erantzule izanen dira iragarlea eta zuzeneko egilea, modu solidarioan.
4. Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzule izanen dira arau-hausteen zuzeneko egileak.
5. Oro har, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen arau-hauste administratiboak prebenitzeko. Erantzulea adingabea izanez gero, edo lege-arrazoiren bat izanez gero hari ez egozteko, erantzule izanen dira gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak.
6. Arau-haustea dakarten jarduketak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.
29. artikulua. Zehapenen mailaketa.
Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren, ezarri beharreko zehapena mailakatzeko, honako inguruabar hauek hartuko dira kontuan:
a) Berrerortzea: baldin urtebetean larritasun bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.
b) Errepikatzea: urtebetean arau-hauste larriago bat egin bada, edo larritasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egin badira, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.
c) Intentzionalitatea.
d) Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.
e) Eragindako kalteen izaera eta larritasuna.
f) Eragindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek indarra hartuko du 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritako epea iragan ondoren (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Iragarkiaren kodea: L2506595
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
