113. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MADOZKO KONTZEJUA

Ordenantza, mendiko pisten eta bideen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Madozko (Larraun) Kontzejuko Batzarrak, 2024ko abenduaren 26an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Madozko (Larraun) Kontzejuko mendiko pisten eta bideen erabilera arautzen duen ordenantza.

2025eko 43. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 4an, eta Kontzejuaren iragarki-taulan argitaratu ondoren, bukatu da jendaurrean egon beharreko epea, inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe.

Beraz, behin betikoa bihurtu da hasierako onespena, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean ematen dira argitara aldatutako artikuluak; hori dena, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin.

Madotzen (Larraun), 2025eko maiatzaren 5ean.–Kontzejuko burua, Arantzazu Aldanondo Otamendi.

ORDENANTZA, MADOZKO (LARRAUN) KONTZEJUKO MENDIKO PISTEN ETA BIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

Madozko (Larraun) landabide publikoen sarea ibarreko bizilagun guztien ondarearen parte da, eta funtsezko elementua da udal-mugarteko mendi eta landen aberastasuna zaintzeko eta haietarako sarbidea izateko.

Aipatutako sarea, gainera, funtsezkoa da herritarren arteko komunikaziorako eta harat-honatak errazteko bisitariei nahiz bidezkoei.

Hitz batez, ongi zaindurik egoteak bizilagun guztiei egiten die on.

Gero eta gehiago erabiltzen baitira Madozko herri-basoko pista eta bide publikoak, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedeak lau dira: Madozko natura ondarea zaintzea; erabiltzaile guztiek eta bereziki bizilagunek orekaz erabiltzea; erabiltzeko egoera onean mantentzea; eta paseatzaileen eta, oro har, erabiltzaileen segurtasuna bermatzea.

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek arautzen du, indarrean dagoen araudiarekin bat, Madozko mugarteko landabide publikoen sarearen erabilera.

2. artikulua. Landabideen kategoriak.

Erabilera nagusiaren arabera, Madozko landabide publikoak kategoria hauetan sailkatzen dira:

1.–Bi metro zabal edo zabalagoak diren bideak.

a) Auzo-bideak: gehienbat bizilagun talde batek erabiltzen ditu, beren etxeetara joateko edo beren nekazaritzako, abeltzaintzako eta/edo basogintzako ustiategietara joateko.

b) Baserri-bideak: gehienetan aurreko horien adar izaten dira, eta bizilagun batek edo gutxi batzuek erabiltzen dituzte, baserrietara eta haien inguruko ustiategietara joateko.

c) Pista nagusiak: batez ere herri-basoko mugarrien lerrotik kanpora egoten dira, eta erabiltzen dira mendiko eremu zabaletara iristeko eta inguruko herriekin komunikatzeko. Erabilera asko izaten dituzte, hala nola basogintza, abeltzaintza, turismoa, ehiza eta abar.

d) Bigarren mailako pistak: herri-basoetan egoten dira, sare nagusiaren osagarri, eta aukera ematen dute iristeko mendietara, basoberritze-eremuetara, belardietara eta bertzetara.

e) Egurra ateratzeko bideak eta bide-adarrak: sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute: oro har, baso-erabilera edo norbanakoen lurzatietan sartzea.

2.–Bi metro zabal baino meharragoak diren bideak: orgabide zaharrak eta bidexkak, era askotako erabilerak dituztenak, barnean direla lasterbideak eta/edo turismorako bidexkak.

3. artikulua. Kontserbazioa.

Madozko Kontzejuak zainduko du erabilgarri egon daitezen beti 2.1.a), b), c) eta d) apartatuetako landabide publikoak. Orobat, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren interes publikoko bertzelako bideak (bertzeen adar direnak, bidexkak).

4. artikulua. Ibilgailu motordunez zirkulatzeko debeku orokorra.

Debeku da pistetatik kanpora mendian barna ibilgailu motordunetan ibiltzea, baita bi metro zabal baino estuago diren pistetan barna ere, salbu ibilgailuek zerikusirik badute nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin edo behar bezala baimendutako bertzelako jarduera batzuekin.

Debeku da, baita ere, ibilgailua aparkatzea pistetatik kanpo eta behar bezala seinalatutako tokietatik kanpo.

5. artikulua. Baimen orokorra, zirkulatzeko auzo-bideetan eta baserrietarako sarbideetan edo nekazaritzako eta abeltzaintzako instalazioetarako sarbideetan.

Aipatutako lehen bi pista motetan –2.1 artikuluko a) eta b) letrak–, baimentzen da libre ibiltzea motozikletak eta 3,5 tonatik beherako ibilgailu motordunak.

Kontzejuaren baimenarekin ibil daitezke 3,5 tonatik gorako ibilgailuak, salbu espresuki debekatuta badago behar den seinalearen bidez, tokiaren ezaugarri bereziengatik (zubiak, estuguneak, etab.).

6. artikulua. Gainerako pistetan ibiltzeko debekua.

Madozko gainerako pistetan debeku da ibilgailu motordunak baimenik gabe ibiltzea, salbu ibilgailuek zerikusirik badute nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin edo baimendutako bertzelako jarduera batzuekin.

7. artikulua. Baimena, motozikletendako eta 3,5 tonatik beherako ibilgailu motordunendako, pista jakin batzuetan barna ibiltzeko.

Aurreko 2.1 kapituluko c), d) eta e) letretan aipatutako bideei dagokienez, Kontzejuak onets dezake zerrenda bat, jasoko duena zer pista nagusitan ibil daitezkeen libre motozikletak eta 3,5 tonatik beherako ibilgailu motordunak.

Kontzejuak berak aldatzen ahalko du zerrenda hori, kontuan hartuz une bakoitzeko inguruabarrak, pisten egoera edo berak ikusten duen bertze arrazoiren bat, eta, horretarako, ez da beharrezkoa izanen ordenantza hau aldatzea.

8. artikulua. Ibilgailu motordunak salbuespenez pistetan ibiltzea baimentzeko eskumena.

Kontzejuko buruak emanen du baimena Madozko pistetan barna aurreikusitako kasuetatik kanpo ibiltzeko.

Baimena eskatzen ahalko dute Madozko bizilagunek, baldin eta ibilgailuren bat badute udalerrian erregistraturik, bai eta bertze pertsona batzuek ere, baldin eta beren ibilgailuekin ibiltzeko beharra arrazoitzen badute.

Baimenak izaten ahal dira orokorrak eta urtebeterako, edo denbora-tarte baterako eta bide-tarte jakin batzuetarako.

9. artikulua. 3,5 tonatik goragoko ibilgailuendako baimena.

3,5 tonatik gorako ibilgailu guztiek baimena beharko dute Madozko landabide publiko guztietan barna zirkulatzeko.

Kontzejuko buruak emanen du baimen hori.

Baimen puntualak edo koiunturalak eskatzen direnean (erraterako, basoko jardueretarako, obrak egiteko lurzoru urbanizaezinean, etab.), eta ikusirik aurreikusitako erabileraren intentsitatea eta iraupena, Kontzejuak erabiltzaileari eskatzen ahalko dio abal bat aurkez dezala, bermatuko duena erabili ondoren pista ongi geldituko dela.

10. artikulua. Egur-aprobetxamendu pribatuen garraioa.

Aurreko klausulan xedaturikoa gorabehera, mendi pribatuetako egur-aprobetxamenduen kasuan, Kontzejuak kanon bat ezartzen ahalko du ateratzen den egur tona bakoitzeko, pistak egoera onean mantentzeko.

Kanon hori ordaintzearekin ez dira kitatuko egurra ateratzean eragiten diren neurriz kanpoko kalteak. Kalte horiek aparteko espediente batean exijitu daitezke, indarreko legeen arabera.

11. artikulua. Zerbitzu publikoak.

Erakunde eta entitate publikoen ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren eginkizunetan ari direnean.

12. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Madozko mendiko pista guztietan gehieneko abiadura izanen da 15 kilometro orduko.

13. artikulua. Abiadura egokia, pisten egoeraren eta inguruabarren arabera.

Aurreko artikuluan xedaturikoa gorabehera, istripu arriskuak apaltzeko, eta ez eragozteko oinezkoei, txirrindulariei eta animaliei, gidariek beren abiadura egokitu beharko dute, behar adina mantsotuz maldetan eta toki arriskutsuetan, bai eta libre dabiltzan azienden inguruan eta oinezkoak daudenean ere, edo idorteetan, pistetan hautsa pilatzen baita.

14. artikulua. Jarduera debekatuak.

Espresuki debekaturik gelditzen dira lehiaketak eta lasterketak, bai eta gidatzeko muturreko modu guztiak ere, arriskugarri gerta daitezkeenak paseoan dabiltzanendako, txirrindulariendako, etxeko animaliendako eta basa-faunarendako.

Salbuespenezko kasuetan soilik eta beti espresuki adierazita, Kontzejuak baimendu ahalko ditu.

15. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileek beren gain izanen dute pistetan egiten dituzten gehiegizko kalteen erantzukizuna, ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik.

16. artikulua. Pisten inbentarioa.

Madozko Kontzejuak pista guztien eta dagozkien kategorien inbentarioa eta planoa eginen ditu; nolanahi ere, oraindik ere egin gabe badago, arau-hausleak ezin izanen du hori erabili ordenantza honetatik salbuesteko arrazoitzat.

17. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-haustetzat joko da ordenantza honetan ezarritako edozein betebehar edo debeku ez betetzea.

18. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honen arau-hausteek isuna ekarriko dute zehapen, 100 eta 300 euro artekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluari jarraikiz.

Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.

Iragarkiaren kodea: L2506857