Iragarkia
113. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 6a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MADOZKO KONTZEJUA
Ordenantza, herri-lurren erabilera eta aprobetxamendua arautzen dituena. Behin betiko onespena
Madozko (Larraun) Kontzejuko Batzarrak, 2024ko abenduaren 26an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Madozko Kontzejuaren herri-lurren erabilera eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantza.
2025eko 43. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 4an, eta Kontzejuaren iragarki-taulan argitaratu ondoren, bukatu da jendaurrean egon beharreko epea, inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe.
Beraz, behin betikoa bihurtu da hasierako onespena, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean ematen dira argitara aldatutako artikuluak; hori dena, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin.
Madotzen (Larraun), 2025eko maiatzaren 5ean.–Kontzejuko burua, Arantzazu Aldanondo Otamendi.
ORDENANTZA, MADOZKO KONTZEJUKO (LARRAUN) HERRI-ONDASUNEN ERABILERA ETA APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DITUENA
Herri-ondasunen aprobetxamendua da izaera hori duten ondasunak erabiltzea, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen laugarren tituluko II. kapituluan ezartzen den moduan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Erabilerak arautu behar dira behar den ordenantzaren bidez, horrek ezertan galarazi gabe herri-ondasunen aprobetxamenduak ekarritako diru-sarreren ordainarazpenek bat etorri behar izatea lehen aipatu diren xedapenetako arauekin.
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, Madozko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzeko.
2. artikulua. Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.
Haien izaeran eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.
4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Toki Administrazioari buruzkoa, eta haren erregelamenduzko xedapenak; 11/2000 Foru Legea, Abereen Osasunari buruzkoa, eta hura garatzen duten erregelamenduak; Nafarroako Zuzenbide Administratiboko gainerako arauak; herri-ondasunen ordenantza hau, eta, bestela, Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatua; galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa.
II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK
5. artikulua. Madozko Kontzejuari dagokio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmena, ordenantza honetan ezartzen den moduan.
Herri-ondasunen arloan Madozko Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
6. artikulua. Herri-lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak onura publikoa edo soziala deklaratu beharko du, eta, hori egin baino lehen, Madozko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuk baliatuz, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.
Horretarako, jarraikiko zaio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari.
III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA
7. artikulua. Madozko Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiori, edo herri-ondasunetarako kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.
8. artikulua. Madozko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusita eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.
9. artikulua. Madozko Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa dela-eta edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela-eta. Madozko Kontzejuaren Batzarrak hartuko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.
10. artikulua. Madozko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du, transakziorik egin nahi izanez gero ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren.
11. artikulua. Madozko Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du beti, azkendu nahi baditu baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.
12. artikulua. Madozko Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren akzioak sustatzen ez dituenean, posible izanen da auzotarren akzioa, horretarako ezartzen den eran.
Ekimen horrek aurrera eginez gero, Madozko Kontzejuak sortutako gastuak itzuli beharko dizkie auzotarrei.
IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
13. artikulua. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:
a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.
b) Herri-larreen aprobetxamendua.
c) Iralekuen aprobetxamendua.
d) Etxerako egurraren aprobetxamendua.
e) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.
14. artikulua. Orokorrean, Madozko Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateetako titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.
b) Biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 3 urte lehenagotik.
c) Madotzen bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen, egiazki eta jarraian.
d) Zerga-betebeharrak egunean izatea Madozko Kontzejuarekin.
15. artikulua. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat.
Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, baldin, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.
II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA
16. artikulua. Ordenantza honen 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako bizilagun titularrei zuzenean adjudikatuko zaie herri-lurren aprobetxamendua.
17. artikulua. Aprobetxamendu mota honetarako, Madozko Kontzejuak urteko kanon bat ezarriko du azalera unitate bakoitzeko, eta hura urtero zehaztuko da aurrekontu arruntean.
18. artikulua. Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioari dagokionez, kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino txikiagoa.
19. artikulua. Aprobetxamenduaren epea ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreen kasuan, epe hori luzatzen ahalko da laborearen bizitza baliagarriaren arabera.
Oro har, herri-lurretako aprobetxamendua erabiltzeko epea 10 urtekoa izanen da.
20. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landuko dituzte herri-lurzatiak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.
21. artikulua. Onuradunak behartuta daude, eta adjudikazioa egin aurretik hala onartzen dute, herri-lurren aprobetxamendu eta laborantza egokia egitera, baldintza hauen arabera:
a) Adjudikatutako lurzatiaren jatorrizko mugak bere horretan atxikitzea.
b) Herri-lurra hondatzen edo kaltetzen ez duten laborantzako teknika eta lanak egitea. Gainera, ez dituzte aldatuko lurzatietan edo haien ondoan diren erreken ibilguak.
c) Mugakide diren onuradunek edo jabeek dituzten bide-zorrak errespetatu eta mantentzea.
d) Herri-lurra behar besteko maiztasunez mantentzea eta garbitzea, sastraka eta zuhaixkaz bete ez dadin.
e) Abeltzaintzako azpiegiturak instalatu baino lehen (uraskak, jateko askak, etab.) edo aldi baterako bestelako instalazioak egin baino lehen, adjudikaziodunak eskaera egin beharko dio Madozko Kontzejuari, eta haren onespen espresua eduki beharko du.
Baldintza horiek betetzen ez badituzte, Madozko Kontzejuak herri-lurraren adjudikazioa kenduko die berehala.
22. artikulua. Onuradunek ezin izanen dituzte herri-lurrak erabili adjudikazioaren xedekoak ez diren beste aprobetxamendu batzuetarako, Madozko Kontzejuak aldez aurretik baimenik eman gabe.
23. artikulua. Adjudikazioduna beharturik dago adjudikaturiko herri-lurra ixtera hesi txarrantxadunekin edo dagokion udal ordenantzan lurzoru urbanizaezineko finkak ixteko ezarritako beste edozein sistema erabilita.
24. artikulua. Ezin izanen dira batera itxi herri-lurrak eta jabetza pribatukoak.
25. artikulua. Madozko Kontzejuak, hiru hilabete aurretik onuradunei jakinarazita, baliorik gabe utz ditzake aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin sustatzen badu herri-lur horietan zuhaitzak landatzea eta beste hobekuntza batzuk egitea.
Laborantzako lurren aprobetxamendua bertan behera uzteak ez du ekarriko kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik onuradunarentzat.
Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.
III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA
26. artikulua. Ordenantza honen 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako bizilagun titularrei zuzenean adjudikatuko zaie herri-larreen aprobetxamendua, horretarako eskaera egiten badute.
27. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta debeku da hirugarren batzuei azpierrentamenduan ematea edo lagatzea.
Horren ondorioetarako, Madozko Kontzejuak uste izanen du ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen, baldin familia-unitateko bizilagun titularrak baja ematen badio bere aziendari Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan (Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua).
Halaber, ulertzen da ezen herri-larreen aprobetxamendua baliatu behar dela onuradunaren jabetzakoa den azienda zuzenean elikatzeko, eta ez da baimentzen hirugarren batzuei saltzea herri-lurretako aprobetxamenduko bazka (berdea, lehorra nahiz siloratua).
28. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legean ezarritako baldintzak (Herri-larreetan bazkatzen diren azienden osasun babesari buruzko Foru Legea), eta bete beharko dira foru lege horretan nahiz haren erregelamenduetan ezarritako gainerako baldintza guztiak.
29. artikulua. Debeku da ahuntz-azienda bazkatzea. Modu estentsiboan hazten den zerri-aziendari dagokionez, aldez aurretik administrazio-baimena beharko da, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako Departamentuak emana, bat etorriz 11/2000 Foru Legearen 2 artikuluan xedaturikoarekin (Abereen Osasunari buruzko Foru Legea).
30. artikulua. Madozko Kontzejuak ahalmena izanen du herri-larreen erabileran esku hartzeko, batzarrean hala erabakita, herri-lurra defendatzeko eta behar bezala erabil dadin, honako hauekin lotuta: artzaintza-aldia, azienda-karga edo herri-lurretan eragina duen beste edozein alderdi.
31. artikulua. Madozko Kontzejuak urtero ezarriko du zenbateko kanona ordaindu behar duten herri-lurren adjudikaziodunek azalera-unitate bakoitzeko.
Kanon hori izanen da herri-lurren balio errealaren %80tik %90era bitartekoa, eta haren adjudikazio prezioa urtero berrikusiko da, bizi-kostuak izandako aldakuntzara egokitzeko, Nafarroako nekazaritzako kontsumo-prezioen indizearen arabera (Nafarroako nekazaritzako KPIa).
32. artikulua. Madozko Kontzejuak, hiru hilabete aurretik onuradunei jakinarazita, baliorik gabe utz ditzake aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin sustatzen badu herri-lur horietan zuhaitzak landatzea edo beste hobekuntza batzuk egitea. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.
IV. KAPITULUA.–IRALEKUEN APROBETXAMENDUA
33. artikulua. Madozko Kontzejuak, hemendik aurrera, ez du iralekuen aprobetxamendurik emanen herritarrentzat, bete beharrez uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 173. artikuluan xedatutakoa (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
34. artikulua. Gaur egun iralekuen emakida duten bizilagunen aprobetxamendua errespetatuko da, zuzenean aprobetxatzen badute eta beren abeltzaintzako ustiategirako bada, eta onuradunek ezin izanen dute hesirik jarri iralekuaren inguruan, ez eta ira aprobetxatzea ez den bestelako erabilerarik egin ere.
V. KAPITULUA.–ETXERAKO EGURRAREN APROBETXAMENDUA
35. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu ondoren, Madozko Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.
36. artikulua. Madozko Kontzejuak urtero ezarriko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.
37. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea. Onuradunen batek epaitza osorik edo partez saldu duela egiaztatzen bada, Kontzejuak behar diren zehapen neurriak hartuko ditu.
38. artikulua. Egurra aprobetxatzeagatik ordaindu beharreko kanona, kasua bada, etxerako epaitza markatzerakoan ezarriko du Madozko Kontzejuko Batzarrak, kontuan hartuta epaitzak markatzearen eta bideak konpontzearen kostuak, bai eta lanak sortutako beste kostu batzuk ere, betiere behar bezala justifikatuta eta zuzenean epaitzeei egoztekoak diren aldetik.
39. artikulua. Epaitzak adjudikatzen ahalko dira zuzenean edo zozketa publiko baten bidez, eskatzaileen kopuruaren arabera eta Basogintzako Administrazioak ezarritako egur erabilgarriaren arabera. Eskaerek gainditzen badute baimenduriko baso-ondarea, eta Kontzejuak zozketa erabiltzea aukeratzen badu, horren berri emanen da ediktuak paratuta iragarki-taulan.
Aurretik, azken urteko epaitzen aprobetxamendua berrikusiko da, eta behar diren neurriak hartuko dira araudi hau hautsi dela ikusiz gero.
40. artikulua. Onuradunak behartuta daude ezarritako epeak betetzera, egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen zaie Kontzejuak ematen dituen jarraibideei. Jarraibideak betetzen ez badira, Kontzejuak behar diren zehapen neurriak hartzen ahalko ditu.
41. artikulua. Guztiz debekatua dago zaborra, bidoiak eta edozein hondakin mendian uztea. Arau hau hautsiz gero, Kontzejuak edo bestelako entitate eskudunek behar diren zehapenak edo ekintza judizialak bideratuko dituzte.
VI. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTE APROBETXAMENDU BATZUK
42. artikulua. Ehiza barrutiak herri-lurrak barne hartuz eratu badira, gai honen gainean 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei jarraikiz eginen da hango ehizaren aprobetxamendua.
43. artikulua. Madozko Kontzejuak kasu bakoitzerako onesten dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren emakida, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste aprobetxamendu edo hobekuntza oro.
Gainera, aprobetxamenduak jendaurreko informazioaren izapidea bete beharko du 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.
VII. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN
44. artikulua. Madozko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:
a) Herri-lurrak hobetzea.
b) Proiektu sozialak egitea, lagundu ahal izateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.
45. artikulua. Kasu horietan, prozedura honi jarraikiko zaio:
a) Madozko Kontzejuaren erabakia. Horren bidez onetsiko da delako proiektua eta herri-lurretako aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.
b) Jendaurrean jartzea hilabetez, eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioen gainekoa.
c) Nafarroako Gobernuaren behin betiko onespena.
d) Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta aurreko adjudikaziodunei ordainduko zaizkie sorrarazten zaizkien kalte-galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere.
VIII. KAPITULUA.–BIZILAGUNEK HERRI-LURRAK LUBERRITZEA
46. artikulua. Bizilagunek debeku dute herri-lurrak luberritzea, Madozko Kontzejuak aldez aurretik baimendu ezean.
47. artikulua. Kasu horietan, interesa duten bizilagunek prozedura hau bete beharko dute:
a) Interesdunaren eskaera Madozko Kontzejuari zuzendua, herri-lurrak luberritzeko eta lur horiek nahi dituen helburuetarako erabiltzeko baimen eske, 65. artikuluan zehaztutako agiriekin batera.
b) Kontzejuaren erabakia, eskatutako luberritzea onestekoa edo ukatzekoa.
c) Erabakia Nafarroako Gobernura igortzea eta behin betiko onestea.
V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
48. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:
a) Aprobetxamendua ez egitea zuzenean eta pertsonalki, edo hirugarren batzuei saltzea herri-lurretako aprobetxamendutik datorren bazka, berdea, lehorra zein siloratua izan.
b) Ez ordaintzea aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak ezartzen dituen epeetan.
c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrendako aprobetxamendua, modalitatea edozein delarik ere.
d) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.
e) Herri-lurrak lantzea udal adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak izan.
f) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak eta gisakoak) udal baimenik gabe landatzea.
g) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.
h) Ez betetzea Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatzen dena, herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruz.
i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.
j) Larratze-eremuak ez errespetatzea.
k) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.
49. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:
–a), b), c), d), f), h) eta i) arau-hausteengatik, emakida azkenduko da, horrek galarazi gabe Nafarroako Gobernuko organo eskudunek ezar ditzaketen zehapenak, abenduaren 9ko 369/97 Foru Dekretuari jarraikiz, zeinak administrazio prozedura ezartzen baitu nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloetako zehapenak jartzeko.
–Bestalde, g) arau-haustearengatik, desgaikuntza ezarriko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko.
–Gainerako arau-hausteengatik, ordainduko da egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez, eta halako hamar, gehienez, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, ezarriko da 60 euro eta 6.000 euro bitarteko zehapena.
Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.
Iragarkiaren kodea: L2506856
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
