113. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

176E/2025 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita aluminio-aleaziozko hagunak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan eskatutako aldaketa, ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokiena. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Orkoiengo udal mugartean dago eta haren titularra Manufacturas del Aluminio Pamplona Sector Automoción da.

Instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren abuztuaren 8ko 0422/2007 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 282E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua, eta ebazpen hauen bidez aldatua: Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 25eko 336E/2018 Ebazpena eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 2ko 58E/2022 Ebazpena.

2025eko otsailaren 5ean, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aldatzeko, zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, 160213* EHZ, 200121*-31* EHZ, 200136-32 EHZ eta 160214-32 EHZ hondakinak sartzeko sortzen diren hondakinen zerrendan, eta, orobat, (*) ikurra eransteko jada sortzen den eta baimendua dagoen 200121 EHZ hondakinari.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak berrikusi du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin:

EHZ KODEA

DESKRIBAPENA

BALORAZIOA

16 02 13 *

Osagai arriskutsuak dituzten ekipo baztertuak [4], ez direnak 16 02 09tik 16 02 12ra arteko kodeetan zehaztutakoak (Material elektriko elektronikoa)

Onartzen da

16 02 14-32

Baztertutako ekipoak, ez direnak 16 02 09tik 16 02 13ra arteko kodeetan zehaztutakoak (LED lanpara profesionalak)

Onartzen da

20 01 21*-31*

LEDak ez diren deskarga-lanparak. Lanpara fluoreszenteak, etxekoak eta profesionalak

Onartzen da

20 01 36-32

Baztertutako ekipo elektriko eta elektronikoak, ez direnak 20 01 21, 20 01 23 eta 20 01 35 kodeetan zehaztutakoak (Etxeko LED lanparak)

Ez da onartzen, hondakin hori 16 02 14 -32 EHZ kodeari dagokiolako

Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia ingurumenari dagokionez, eta bat datoz ingurumen baimen integratuan ezarritako gehieneko isurketa-balioekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onartzea aluminio-aleaziozko hagunak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan eskatutako aldaketa, ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokiena. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Orkoiengo udal mugartean dago eta haren titularra Manufacturas del Aluminio Pamplona Sector Automoción da.

Bigarrena.–Suteen aurkako segurtasuna dela eta (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua), instalazioan biltegiratutako hondakin kopuruak ez du handitu behar ingurumen baimen integratua emateko espedientearen dokumentazio teknikoan kalkulatutako arrisku intrintsekoaren maila.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez baldin badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Seigarrena.–Ebazpen hau Manufacturas del Aluminio Pamplona Sector Automoción enpresari eta Orkoiengo Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko maiatzaren 7an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2506812