113. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

10E/2025 FORU AGINDUA, maiatzaren 19koa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak emana, partzialki aldatzen duena Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Agindua, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrei ikus-entzunezko edukiak ekoizteko laguntzak emateko prozedura ezartzen duten oinarriak.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren bidez, duela lau urte onartu ziren Nafarroako lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrei ikus-entzunezko edukiak ekoizteko laguntzak emateko aplikatu beharreko prozedura ezartzen duten oinarriak.

Urte hauetan laguntzen urteroko deialdiak kudeatzen izandako esperientziak oinarri iraunkor horiek hainbat alderditan eguneratzeko beharra ekarri du.

Aldatu beharreko lehenbiziko alderdia langile gastu diruz lagungarriei buruzko eskakizunei buruzkoa da: uste dugu beharrezkoa dela adieraztea diruz lagundu daitezkeen gastuak Nafarroan dauden telebisten emisio-estudioetan lan egiten duten langileei dagozkiela.

Era berean, azpikontratazioaren arloan berme handiagoak eskatu behar dira, eta uste dugu egokia dela beste klausula bat sartzea gastu publikoaren eraginkortasuna eta efizientzia bermatzeko, eta telebista-operadoreei eskatzea diruz lagundutako proiektuak gauzatzeko kanpoko hornitzaileak aukeratzeko hartutako erabakiak justifikatzeko.

Hobetu daitekeen hirugarren alderdia, laguntza publikoen ordainketa aurreratuarekin lotuta, zera da, konturako ordainketaren aukera sartzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluari jarraikiz, laguntza horiek emateko erabilgarri dauden aurrekontuak hobeki gauzatzeko berme gisa.

Azkenik, eta kontuan hartuta 2025eko ekitaldi honetatik aurrera telebistei laguntza-lerro berri bat emanen zaiela haurren eta gazteen edukiak euskarara bikoiztea sustatzeko, hizkuntza hori sustatzeko tresna gisa, beharrezkoa da laguntza publiko berri horiek Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren 124E/2021 Foru Aginduan jasotako oinarriak aplikatzetik salbuestea, oinarri arautzaile espezifikoak izanen baitituzte.

Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusiaren txosten-proposamena ikusita, eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, honako hau,

AGINTZEN DUT:

1. Idazketa berria ematea Nafarroako lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrei ikus-entzunezko edukiak ekoizteko laguntzak emateko prozedura ezartzen duten oinarriak onesten dituen Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren eranskin gisa agertzen diren oinarri arautzaileen 1. oinarriari. Honako hau da idazketa berria:

–"1. Oinarri hauen xedea da aplikatu beharreko prozedura ezartzea laguntzak ematean Foru Komunitatean ikus-entzunezko edukiak ekoizteko jarduerei, gero Nafarroako lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrek emititzeko. Ikus-entzunezko edukiak Nafarroako hizkuntza ofizialetako zeinahitan egiten ahalko dira eta haien helburua izanen da Foru Komunitateko ikus-entzunezko kulturaren eskaintza areagotzea.

Oinarri hauek ez zaizkie aplikatuko ikus-entzunezko edukiak euskarara bikoizteko telebistei laguntzak emateko Nafarroako Gobernuak hizkuntza hori sustatzeko onesten dituen deialdiei".

2. Idazketa berria ematea Nafarroako lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrei ikus-entzunezko edukiak ekoizteko laguntzak emateko prozedura ezartzen duten oinarriak onesten dituen Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren eranskin gisa agertzen diren oinarri arautzaileen 4.3. oinarriari. Honako hau da idazketa berria:

–"4.3. Zuzeneko gastuak dira ikus-entzunezko ekoizpena ematearekin lotutakoak, telebista-operadorearen langileenak barne, diruz lagundutako jarduerari zuzenean lotutako lanpostua badute eta operadoreak lizentzia lortzeko aurkeztu zuen Nafarroako ekoizpen-estudioan lan egiten dutela zehazten duen lan-kontratua badute. Zuzeneko gastuen kasuan (langileenak barne, apartatu honetan deskribatutako baldintzekin), onuradunak gastu hori erabiltzen badu dirulaguntzaren xede den programazioa ez ezik beste programazio bat ere ekoizteko, diruz laguntzen den proiektuan benetan erabilitako denbora zati proportzionalari dagozkion gastuak baino ez dira egotziko".

3. Idazketa berria ematea Nafarroako lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrei ikus-entzunezko edukiak ekoizteko laguntzak emateko prozedura ezartzen duten oinarriak onesten dituen Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren eranskin gisa agertzen diren oinarri arautzaileen 4.4. oinarriari. Honako hau da idazketa berria:

–"4.4. Ikus-entzunezko ekoizpenerako laguntzetan azpikontratazioa erabil daiteke, betiere gastu horiek oinarri arautzaile hauen babesean onartutako deialdietara aurkeztutako eskaeretan zehazten badira. Azpikontratatzen ahalko dira ikus-entzunezkoak ekoizteko jarduerak eta ikus-entzunezko edukiak ekoizteko beharrezkoak diren bestelako lan osagarriak. Urtean 12.000 euro baino gehiagoko azpikontratazioetarako, eskaintza abantailatsuena hautatzeko jarraitutako kontratazio prozedura egiaztatu beharko da, eta gutxienez erakunde desberdinen hiru eskaintza jaso beharko dira. Gainera, azpikontratazioa ez da egiten ahalko telebista-operadorearekin lotutako pertsonekin edo entitateekin, salbu eta organo emailearen aldez aurreko baimena lortzen bada, agerikoa bada zerbitzu horiek operadorearekin lotuta ez dauden beste erakunde batzuekin kontratatu ezin direla. Kasu horietan, diruz lagundu daitezkeen gastuak, gainerako gaietarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira".

4. Idazketa berria ematea Nafarroako lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrei ikus-entzunezko edukiak ekoizteko laguntzak emateko prozedura ezartzen duten oinarriak onesten dituen Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren eranskin gisa agertzen diren oinarri arautzaileen 4.6. oinarriari. Honako hau da idazketa berria:

–"4.6. Zeharkako gastuen barrenean daude bai gastu orokorrak, onuradunak betetzen dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak, baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko, telebista-seinalearen difusio eta garraioari dagozkion gastuak barne. Ez dira diruz lagunduko telebista-operadorearekin lotutako pertsonek edo erakundeek fakturatutako zeharkako gastuak. Urtean 12.000 euro baino gehiagoko zeharkako gastuetarako, beharrezkoa izanen da, gainera, eskaintza onuragarriena aukeratzeko jarraitutako kontratazio prozedura egiaztatzea. Proiektu bakoitzean diruz lagun daitezkeen zeharkako kostuek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira proiektuaren kostu osoaren %12tik gorakoak izanen; betiere, frogatu egin beharko da zergatik egozten zaizkion dirulaguntzaren xedeko programari".

5. Idazketa berria ematea Nafarroako lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrei ikus-entzunezko edukiak ekoizteko laguntzak emateko prozedura ezartzen duten oinarriak onesten dituen Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren eranskin gisa agertzen diren oinarri arautzaileen 10.2. oinarriari. Honako hau da idazketa berria:

–"10.2. Aurrerakinak aurreikusten ahalko dira oinarri arautzaile hauen babesean onesten diren deialdietan. Kasu horretan, eskaerari dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsen beharra frogatzen duen dokumentazioa erantsi beharko zaio, finantzaketa baliabide egokien gabezia frogatzen duten kontabilitateko egoera-orriak ere aurkeztuta. Deialdi honetako onuradunei legozkiekeen aurrerakinak 60.000 euro baino gehiagokoak diren kasuetan, diru hori ordaintzeko baldintza izanen da banku-abal bat erregistratzea, jasotako laguntzari dagokion aurrerakinak zenbat jo eta horren adinakoa, Diruzaintza Atalean.

Gainera, telebista-operadoreak ez baditu eskatu deialdietan ezartzen diren aurrerakinak, konturako ordainketak onartzen ahalko dira. Horiek ere aurrerakintzat hartuko dira, baldin eta oraindik justifikatu gabe dauden gastu arruntetarako edo langileria gastuetarako badira eta diruz lagundutako jardueratik burutu den zatiari badagozkio. Horrelako kasuetan, ez da beharrezkoa izanen justifikatzea diru-funtsen hornidura egitea beharrezkoa dela dirulaguntzaren helburuak betetzeko, eta bermerik ere ez da eskatuko".

6. Foru agindu hau Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusiari helaraztea.

7. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

8. Foru agindu honek ez du administrazio bidea akitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2025eko maiatzaren 19an.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2507237