Iragarkia
112. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 5a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
169/2025 EBAZPENA, maiatzaren 8koa, Justiziako zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onesten dituena irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateei laguntzak emateko, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan eliz inguruneetan gertatutako abusuen biktimekin lotutako laguntza, sentsibilizazio eta errekonozimendu programak egin ditzaten, 2025. urterako. DDBN identifikazioa: 829390.
Laguntzak ematea sustatuko du, halaber, irabazi-asmorik gabeko elkarte, fundazio, entitate eta erakundeen jardueraren garapenerako, baldin eta haien xede nagusia bada foru lege horren aplikazio eremuko biktimen interesak ordezkatu eta defendatzea, eta biktimen zaurgarritasun bereziko egoera pertsonal edo kolektiboak gainditzen laguntzeko programak garatzen badituzte. Bereziki, dirulaguntzak emanen dira arreta programetarako, oroimen eta sentsibilizazio sozialeko programetarako eta biktimei eta haien eskubideei buruzko ikerketa proiektuetarako.
Foru lege horrek babesten dituen biktimek, sexu-abusuez gain, errekonozimendu eza jasan dute, zor zaien duintasunaren, egiarako eskubidearen, memoriaren eta justiziaren aldetik, abusu horiek gertatu ziren ingurunearen opakutasunaren ondorioz, bere garaian ez zutelako erantzunik aurkitu sistema penalean.
Jokabide horien aurrean izandako isiltasunak eta egin zituztenen zigorgabetasunak garrantzi eta eragin sozial berezia hartzen dute, gertakari horiek erlijioaren esparruan jazo zirelako eta, are, bereziki kalteberak ziren pertsonengan, kasu honetan, adingabeengan, garapen-, heziketa- eta sozializazio-prozesu bete-betean zeudela.
Nafarroako gizartea, oro har, biktima horiekin zorretan da eta, nahiz eta eman diren urrats batzuk biktima horien memoria berreskuratzeko, sufrimendua aitortzeko eta erreparazioa emateko, oraindik ere bide luzea dago egiteko.
Garai hartan Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentua zenak aurkeztu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoaren txostenean (2022ko otsailean plazaratutakoa), 52 biktima eta 31 ustezko biktimagile identifikatu ziren, eta agerian jarri zen arazoa bazegoela, larria zela, eta erakundeek esku hartu behar zutela, hots, berariaz eratutako batzorde independente baten bidez biktima horien errekonozimendurako eskubidea arautuko zuen foru legea onetsi behar zela. Hain zuzen ere, horren emaitza da aipatu 24/2022 Foru Legea, uztailaren 5ekoa.
Errealitate horiek agerian uzten dute ahaleginak egin behar direla eragindako kalteak gainditzeko eta gatazka- eta indarkeria-agertoki berriak agertzea prebenitzeko, eta, horretarako, beharrezkoa da gertatuarekiko memoria bizia eta kritikoa finkatzea, begirada biktima izan direnengan jarrita, egia, justizia eta erreparazioa merezi baitute.
Nafarroako Gobernuak, Justiziako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Nafarroako elkarte sarearen ahalik eta inplikazio handiena sustatu nahi du gai honekin loturiko ekimenak bultzatu eta gara ditzaten, memoria gordetzeko eta gaindi daitezen biktimei eragiten dieten egoera pertsonal edo kolektibo bereziki lazgarriak, pertsonen oinarrizko eskubideak urratzen dituztenak.
Legez eraturik dauden irabazi-asmorik gabeko hainbat entitate pribatuk, zeinek bere herrian, lan baliotsua egin dute eta egiten ari dira memoriari, biktimen arretari, gertatutakoa gainditzeari eta bakearen eta bizikidetzaren sustapenari loturiko ekimenen aitzindari gisa. Erakunde multzo horren bete-beteko sostengu irmoa funtsezkoa da bake iraunkorreko eta errespetuzko bizikidetzako agertoki berria sendotuko bada.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak horien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.
Deialdi honen xedea da irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateei laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea, eliz inguruneetan gertatutako abusuen biktimekin lotutako laguntza, memoria eta sentsibilizazio programak eta ikerketa proiektuak egin ditzaten 2025eko ekitaldian.
Deialdiak bide ematen die entitate interesdun guztiei baldintza berberetan parte hartzeko, eta bermatzen du, aldi berean, dirulaguntza irizpide objektiboei jarraikiz emanen dela.
Espedientean Justiziako Gizarte Zerbitzuaren proposamen-txostena jasoa dago, Justiziako zuzendari nagusia ados egonik.
Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat etorriz,
EBAZTEN DUT:
1. Irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateei laguntzak emateko deialdi bat onestea, eliz inguruneetan gertatutako abusuen biktimekin lotutako laguntza, sentsibilizazio eta errekonozimendu programak egin ditzaten 2025eko ekitaldian.
2. 30.000,00 euroko gastua baimentzea, 2025eko Gastuen Aurrekontuko partida honen kontura:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
F20001-F2100-4819-112105, "Abusuen biktimak: laguntza, memoria eta sentsibilizazio programak eta ikerketa proiektuak" | 2025 | 30.000 euro |
3. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.
5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Justizia Zuzendaritza Nagusira, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, haren Kontabilitate Zentrora eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak aipatu departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura.
6. Ebazpen honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 8an.–Justiziako zuzendari nagusia, Maite Arenaza Sarasola.
IRABAZI-ASMORIK GABEKO ELKARTE ETA ENTITATEENDAKO LAGUNTZAK, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAREN EREMUAN ELIZ INGURUNEETAN GERTATUTAKO ABUSUEN BIKTIMEKIN LOTUTAKO LAGUNTZA, SENTSIBILIZAZIO ETA ERREKONOZIMENDU PROGRAMAK EGIN DITZATEN 2025EKO EKITALDIAN. OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehenbizikoa.–Xedea eta modalitateak.
1.1. Xedea.
Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatearen eremuko irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateei laguntzak emateko araubidea ezartzea, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan eliz inguruneetan gertatutako abusuen biktimekin lotutako laguntza programak eta memoria, sentsibilizazioa eta errekonozimendua bultzatzeko jarduerak egin ditzaten.
1.2. Modalitateak.
Deialdi honen ondorioetarako, proiektutzat hartuko da entitate bakoitzak dirulaguntza eskatzen duen modalitate-multzoa, eta bi laguntza-modalitate ezarriko dira, elkarren osagarriak eta bateragarriak:
a) Zuzeneko biktimendako programa terapeutikoak, psikologiaren edo osasun mentalaren profesionalek zuzenduak.
b) Eliz inguruneetan gertatutako abusuen biktimekiko errekonozimendu eta elkartasun ekitaldiak, eta biktimei zor zaien egia, justizia eta erreparazioa lortzen laguntzen dutenak.
Bigarrena.–Aurrekontu-baliabideak.
Helburu horietara 30.000 euroko zenbatekoa bideratuko da, 2025eko Gastuen Aurrekontuko partida honen kontura: F20001-F2100-4819-112105, "Abusuen biktimak: laguntza, memoria eta sentsibilizazio programak eta ikerketa proiektuak".
Entitateetako batek bi modalitateetako dirulaguntzak jaso nahi baditu, gehienez 12.000 euro eskatzen ahalko du programa terapeutikoetarako, eta 3.000 euro eliz inguruneetan gertatutako abusuen biktimekiko errekonozimendu eta elkartasun ekitaldietarako.
Baldin eta ez bada dirulaguntzarik eskatzen eliz inguruneetan gertatutako abusuen biktimekiko errekonozimendu eta elkartasun ekitaldietarako, edo modalitate horretarako guztira erreserbatutako dirua baino gutxiago eskatzen bada, eskatu ez den zenbatekoa zuzeneko biktimendako programa terapeutikoen modalitateari gehituko zaio, betiere, 15.000 euroko muga gainditu gabe.
Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.
Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradun izateko, entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Legez eratutako pertsona juridikoak izatea, bakoitzaren izaera juridikoaren arabera, eta, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, erregelamenduz dagokien administrazio erregistroan inskribatuta egotea.
b) Irabazi-asmorik ez edukitzea.
c) Bere estatutuetan jasota izatea, berariazko helburuen artean, esku-hartze sozialeko lana egitea, proiektua zer modalitaterako eskatzen den, modalitate horrekin lotura duen esparruan.
d) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.
e) Dirulaguntzen onuraduna izateko gainerako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jasotzen baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean.
Laugarrena.–Proiektuek bete beharreko baldintzak.
Dirulaguntza jasotzeko, proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Deialdi honen 1. oinarrian jasotako xede eta helburuetarako egokiak izatea.
b) Jarduerak 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egitea, ordainketa aurreratua behar ez duten entitateen kasuan izan ezik; kasu horretan, epea urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartekoa izanen da.
c) Bigarren oinarriak ezartzen dituen eskaeraren gehieneko mugak ez gainditzea.
d) 6. oinarrian aipatzen diren zeharkako kostuak, dirulaguntzaren kargura aplikatu eta aurrekontuan sartzen direnak, ezin izanen dira haren %15etik gorakoak izan.
Bosgarrena.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.
1. Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz aparte beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, nazionalek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.
2. Ematen diren dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo instituzio pribatu zein publiko batzuen laguntzekin edo dirulaguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua. Horretarako, entitate onuradunak III. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena bete beharko du.
Seigarrena.–Gastu diruz lagungarriak.
1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak, behar-beharrezkoak izanik, oinarriotan ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
2. Gastu horiek 2025eko abenduaren 31ra arte egin eta 2026ko otsailaren 10era arte ordaindu diren ondasun-entregenak eta zerbitzu-emateenak izanen dira, ordainketa aurreratua eskatzen baldin bada. Aurrerakinik eskatzen ez bada, ondasun-entregak eta zerbitzu-emateak 2025eko azaroaren 30a baino lehen egin beharko dira.
3. Honako kontzeptu hauek jasotzen ahal dute dirulaguntza:
A) Proiektuko jarduerak egiteko beharrezkoak diren zuzeneko gastuak:
a.1) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak. Entitateaz kanpoko profesionalen kontratazioari dagozkion gastuak dira, diruz lagundutako proiektuan jasotzen den jarduera jakin bat egiteko. Bankuko transferentziaren bidez justifikatuko dira. Nolanahi, a) modalitatean saio terapeutikoen kostua ezin da 82 euro baino gehiago izan.
a.2) Higiezinen alokairuak eta haiek erabiltzeak ekartzen dituen gastu arruntak. Entitatearen egoitzan egiten diren jardueren kasuan, hura alokatuta badago, entitatearen jarduera guztien aldean jarduera horrek betetzen duen zati proportzionala besterik ezin izanen da egotzi zuzeneko kostu gisa. Aipatutako gastu arruntak zuzeneko gastu gisa diruz lagundu ahal izateko, jarduera horretarako bakar-bakarrik erabiltzen den lokal batean egin beharko da.
a.3) Jarduera egiteko zuzenean behar diren materialak eta hornidurak.
a.4) Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa ez da sartuko jasanarazten ahal bada, hau da, berreskuratu edo konpentsatzen ahal denean.
B) Zeharkako gastuak:
Dirulaguntzaren %15eko edo hortik beherako zenbatekoa egotz dakieke zeharkako kostuei. Zeharkako kostu horiek entitate onuradunaren funtzionamendu gastu orokorrak izanen dira, alegia: bestelako langileria gastuak, lokalenak, bulegoko materialenak, kudeaketakoak eta bestelako gastu arruntak. Zeharkako gastuen %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.
4. Inola ere ez dira diruz lagunduko ekipamendu eta ondasun inbentariagarrien erosketak, ezta eraikuntzako materialak eta amortizazioak ere.
Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.
1. Entitate eskatzaile bakoitzak eskaera bakar bat aurkezten ahalko du modalitate bakoitzeko.
2. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
3. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.
4. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.
Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.
1. Entitate eskatzaileek Nafarroako Gobernuaren eskabide orokor baten bidez eginen dute eskaera, jarraian zerrendatzen diren agiriak erantsita. Jatorrizkoak edo, hala badagokio, fotokopiak izan beharko dira, eta aurreko oinarrian azaldutako eran aurkeztuko dira.
A) Entitate eskatzailearen dokumentazioa:
a.1) Entitatearen estatutuak.
a.2) Entitatea erregelamenduz dagokion erregistroan inskribatuta dagoela frogatzen duen ziurtagiria edo beste frogagiri bat.
a.3) Identifikazio fiskaleko txartela.
a.4) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, erakusten duena entitateak, haren administratzaileek eta ordezkariek ez dutela inolako debekurik urratzen dirulaguntzen onuradun izateko (debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasota daude) eta, orobat, ez direla zehatuak izan ez emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, ezta zerga arloan ere.
a.5) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria, gehienez hilabete lehenago egina, frogatzen duena egunean dituela indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzaren aurrean ezartzen dizkion eginbeharrak. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko, baldin eta baimena ematen bada Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egiteko (IV. eranskina).
a.6) Nafarroako Gobernuak edo Espainiako Zerga Agentziak emandako ziurtagiria, gehienez hilabete lehenago egina, frogatzen duena zerga arloko betebeharrak egunean dituela. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko, baldin eta baimena ematen bada Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egiteko (IV. eranskina).
a.7) Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada; Nafarroako Gobernuaren webgunean egiten ahal da izapidea:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta
a.8) Hala behar izanez gero, eta 14. oinarrian xedatutakoari dagokionez, dirulaguntzaren helburuak betetzeko diru-funtsak aurretiaz behar direla frogatzeko txostena.
a.9) Entitate eskatzaileek, nahi izanez gero, dirulaguntza eskaerarekin batera aurkezten ahal dute deialdi honen hemezortzigarren oinarrian araututa dagoen gardentasun betebeharra betetzeko behar den informazioa. Informazio hori eskaerarekin batera aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzen duten entitateek 10 eguneko epea izanen dute informazio hori aurkezteko, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.
B) Balorazioa egiteko dokumentazioa:
b.1) Proiektuaren memoria eta aurreikusitako aurrekontua inprimaki ofizialean, euskarri informatikoan aurkeztuta. Eredua interesdunen eskura egonen da Nafarroako Gobernuaren webguneko zerbitzuen katalogoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak) eta helbide elektroniko honetan: dirección.general.justicia@navarra.es. Memoria horrek 50 orrialde hartuko ditu gehienez ere, 11 neurriko Arial letra motan idatzia.
b.2) Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak eta abar), eta proiektua behar bezala ulertzeko beharrezkotzat jotzen diren bestelako agiriak. Agiri horiek guztiak memoriaren eranskintzat hartuko dira.
2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari jarraituz, ez da beharrezkoa izanen oinarri honen lehen ataleko a.1), a.2) eta a.3) letretan eskatutako dokumentuak aurkeztea horiek dagoeneko administrazioaren esku badaude edo beste edozein administraziok egindako dokumentuak badira, baldin eta interesdunak adierazi badu haiek kontsultatu edo eskuratzeko adostasuna (V. eranskina).
Aurreko paragrafoan ezarritakoari begira, dokumentazioaren bost urteko antzinatasuna errespetatuko da, kasuan kasuko espedientea bukatzen denetik. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariak adierazpen bat aurkezten ahal du inguruabar hori azaltzeko; entitateek pertsonifikatzeko formula juridikoa baizik ez badute aldatu, alderdi horrek entitatearen estatutuetan frogatuta egon beharko du.
Bederatzigarrena.–Dirulaguntza emateko prozedura eta instrukzioa.
1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.
2. Justizia Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta, instrukzio organo gisa, Justiziako Gizarte Zerbitzua arituko da. Horrexek egiaztatuko du dirulaguntzak hartzeko betebeharrak betetzen diren, eta eskaerak baloratuko ditu ofizioz, II. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, ondotik aipatzen diren kasuetan interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusita dagoenari jarraikiz:
a) Eskabidean identifikazio daturik ez dagoenean, dela eskatutako dirulaguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.
b) 8. oinarriaren A ataleko dokumentazioan akatsak edo hutsak daudenean.
c) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak daudenean (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.
d) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako kasuetako edozeinetan.
Bestelako kasuetan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagokionez, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.
Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.
1. Eskaerak banan-banan eta zein bere aldetik baloratuko dira modalitate bakoitzerako, 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.
2. Dirulaguntza jaso ahal izateko, modalitate bakoitzean 60 puntu lortu behar dira gutxienez.
3. Dirulaguntzaren zenbatekoa eskatu eta onartzen den aurrekontuaren %100 adinakoa izanen da.
Hamaikagarrena.–Berregitea.
Baldin dirulaguntzaren proposamenaren zenbatekoa txikiagoa bada aurkeztutako eskaeran ageri dena baino, instrukzio organoak eskatzen ahal du eskaera berregiteko, konpromisoak eta baldintzak egokitu daitezen ematen ahal den dirulaguntzaren arabera, betiere hasierako xedea eta ezaugarriak errespetaturik. Berregindako eskaeraren aurrekontua ez da txikiagoa izanen bi hauen arteko batura baino: proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eta, halakorik badago, hasieran aurreikusitako kofinantzaketaren zenbatekoa, modu homogeneoan (eskaeran ageri den kofinantzaketaren ehuneko bera mantenduko da).
Hamabigarrena.–Prozedura ebaztea.
1. Prozeduraren instrukzioa eginda, eta aurkeztutako eskaerak ebazteko proposamena egin ondoren, Justiziako zuzendari nagusiari dagokio ebazpena ematea, honako hauen bidez esleitutako ahalmenak erabiliz: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuaren bidez.
2. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.
3. Ebazpen horretan honako hauek agertuko dira: dirulaguntzak zer eskatzaileri esleitu zaizkien, laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea; horrez gainera, gainerako eskaerak ezetsi direla aipatuko da, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.
Hamahirugarrena.–Jakinarazpena eta publizitatea.
Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duen legedian ezarri bezala jakinaraziko zaie entitate interesdunei.
Hamalaugarrena.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da dirulaguntza, hau da, ordainketa aurreratu bakar batean, emate-ebazpenarekin batera, irabazi-asmorik gabeko entitateek edo horien federazio, konfederazio edo taldeek aski baliabiderik ez dutenean diruz lagundutako jarduera behin-behinekoz finantzatzeko, baldin eta hori behar bezala frogatzen badute.
Horretarako, eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkeztean, entitateak funtsen beharra frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du, honako hauek erantsita: behar hori frogatzen duen txostena; ordezkariaren ziurtagiri bat, agertzen dituena entitatearen izenean dauden banku kontuak; bankuko kontuetako uneko saldoak agertzen dituen bankuko ziurtagiri bat –banku elektroniko bidez lortutakoak ere onartuko dira–, eta diruzaintzako fluxuen hileroko aurreikuspen bat, kobrantzak, ordainketak, maileguak eta abar zehazten dituena, edo dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar direla frogatzen duen beste edozein ziurtagiri.
2. Dirulaguntzaren ordainketa aurreratua egitea zilegi ez den kasuetan, dirulaguntza ordainduko da jarduera egin dela justifikatu ondoren, 15. oinarrian adierazitakoari jarraikiz.
Hamabosgarrena.–Justifikazioa.
1. Dirulaguntzaren a) modalitaterako, entitate onuradunek, eskabidearekin batera, diruz lagundutako jardueraren gauzatzeari buruzko azken txosten tekniko eta ekonomikoa aurkeztu beharko dute (azken memoria), inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan. Eredua Nafarroako Gobernuaren webgunearen zerbitzuen katalogoan eskura daiteke, baita helbide elektroniko honetan ere: direccion.general.justicia@navarra.es.
2. Dirulaguntzaren b) modalitaterako, entitate onuradunek, eskabidearekin batera, diruz lagundutako jardueraren gauzatzeari buruzko azken txosten tekniko eta ekonomikoa aurkeztu beharko dute (azken memoria), inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan. Eredua Nafarroako Gobernuaren webgunearen zerbitzuen katalogoan eskura daiteke, baita helbide elektroniko honetan ere: direccion.general.justicia@navarra.es.
3. Bi modalitateetarako azken txostenak justifikazio kontuaren itxura izanen du, eta gastua justifikatzen duten agiriekin batera aurkeztuko da. Hurrengo alderdi hauek jasoko ditu, kasua zein den:
3.1) Proiektuaren gauzatzeari buruzko txosten teknikoa, eredu ofizialaren arabera prestatua, gutxienez honako atal hauek jasoko dituena, aurkeztutako proiektuan adierazitakoarekin bat:
- Lortutako helburuen zehaztapena.
- Lortutako emaitzak.
- Egindako jarduerak.
- Egindako jarduerak egiaztatzeko iturriak.
3.2) Proiektuaren emaitzen kontua (diru-sarrerak eta gastuak), kontzeptuen arabera xehakatuta.
3.3) Diruz lagundutako proiektuaren justifikazio ekonomikoa, oinarri honen 2.a) atalean hurrengo ordainketak egiteko ezarritako baldintza beretan.
3.4) Onetsitako aurrekontua eta gauzatutakoa erkatzen dituen taula, izan diren desbideratzeak adierazita.
3.5) Entitateko arduradunak sinatutako ziurtagiria, non frogatuko baita justifikazioko kontuan zeharkako gastuei egotzitako portzentajea eta jarduera garatzeko diru-sarrerek ez dituztela gastuak gainditu.
3.6) Entitateko arduradunak sinatutako ziurtagiria, non frogatuko baita finantzatutako programetan proiektuko langileek egin dituzten lanaldien egozpena, eta langileria gastua benetan erabili dela proiektuan aritu diren langileei ordaintzeko.
3.7) Proiektuari atxikita dauden entitateko langileen hileko nominen laburpenak.
3.8) Urteko 190 eredua (lan atxikipenak, zenbait enpresa eta lanbide jarduerarenak eta sarienak), eta urteko 180 eredua (errentamenduengatiko atxikipenak).
3.9) Justifikatzen den gastua ez bada iristen aurreratutako guztizko zenbatekora, frogagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren alde, aurreratutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe dirulaguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera hori egiteak berekin ekarriko du entitateak berariaz uko egitea itzulitako zenbatekoari.
Entitate onuradunak organo kudeatzaileari eskatuko dion ordainketa-gutunaren bidez eginen da diru-sarrera hori.
3.10) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzi, borondatez eman nahi dena, finantzatutako proiektuaren gauzatzearen edo bilakaera onaren berri emateko.
3.11) Aurreko puntuetan aipatutako agiri guztiak telematika bidez aurkeztuko dira.
4. Jarduerak, dirulaguntzaz gain, funts berekiekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatu direnean, azken justifikazioan dirulaguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela. Hala ez bada, ordaindutakoaren zati proportzionala itzuli beharko da.
5. Dirulaguntza aurretiaz ordaintzea aukeratzen duten entitateen kasuan izan ezik, dirulaguntzaren azken zatia kobratzeko eskubidea ematen duen azken txosten partziala 2025eko abenduaren 10ean aurkeztuko da beranduenez.
6. Azken txostena 2026ko otsailaren 10ean aurkeztuko da beranduenez, baita ordainketa aurreratua aukeratu bada ere.
7. Ondoko taulan, "egoerak, epeak eta aurkeztu beharreko agiriak" laburbiltzen dira:
EGOERA / AGIRIAK AURKEZTEKO EPEAK | JUSTIFIKAZIO OSOA | JUSTIFIKAZIOA / AZKEN MEMORIA | ||
Aurkezteko epea | Aurkeztu beharreko agiriak | Muga-eguna | Aurkeztu beharreko agiriak | |
DIRULAGUNTZA AURRERAKINAREKIN | 2026/02/10 | –Azken memoria teknikoa –Azken justifikazio ekonomikoa | ||
AURRERATU GABEKO DIRULAGUNTZA ETA AZKEN JUSTIFIKAZIO BAKARRAREN AUKERA | 2025/12/10 | –Azken txosten teknikoa –Azken justifikazio ekonomikoa | ||
Hamaseigarrena.–Hornitzaileak hautatzea eta azpikontratatzea.
1. Entitate onuradunak hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko du dirulaguntzaren xede den jardueraren zati baten gauzatzea, diruz lagundutako aurrekontuaren %100era arte gehienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Dirulaguntzaren xede den jarduera onuradunak berak egin ahal izateko egin behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.
2. Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 36. artikuluan ezarritako portzentajeekin eta zehaztapenekin bat, azpikontratazioa egitean, gehienbat desgaitasuna duten langileek edo gizarte-bazterketa egoeran daudenek osatutako enpresei edo entitateei emanen diete lehentasuna entitate onuradunek, baldin eta entitate horiek egiten ahal dituzten prestazio edo jarduerak badira, nolakoak diren ikusita. Entitate onuradunak ez badu lehentasun hori aplikatzen, arrazoibidez justifikatu beharko du dirulaguntza kudeatzen duen zerbitzuan.
3. Hala xedatzen baitu bere 28.3 artikuluan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak, diruz lagundutako gastuak aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzu emateko baldin badira eta 12.000,00 euro baino handiagoak badira, organo emaileari frogatu beharko dio enpresa edo entitate hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela. Horretarako, helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak kontsulta-tramite horren gaineko agiriak eta dagozkion eskaintzak gorde beharko ditu, eta kontu horiek guztiak agiri bidez frogatu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratuak indarra hartu bezain laster. Agiri horiekin batera, egindako hautapena arrazoitzeko txosten labur bat aurkeztuko da.
4. Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea baldin eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, behar adina ez badira merkatuan hornidura edo zerbitzu hori egiten duten enpresak.
Hamazazpigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.
Proiektu baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaileen eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea. Gauzatze horretan sartzen da, betiere, proiektua osatzen duten jarduerak kudeatzea eta zuzentzea, baita beharrezkoak diren baliabideak eta bitartekoak jartzea ere.
b) Oinarri hauetan adierazitako azken frogagiriak aurkeztea, baita proiektuaren gauzatzeari buruz Justiziako Gizarte Zerbitzuak eskatzen dion beste edozein txosten ere, diruz lagundutako programan parte hartu duten pertsonei buruz.
Nolanahi ere, pertsonei buruzko datuak (programen azken onuradunenak eta esku hartzen duten profesionalenak, etab.) sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.
c) Justiziako Gizarte Zerbitzuari jakinaraztea proiektuari esleitutako langile taldean egiten diren aldaketa guztiak, eta, bereziki, laneko bajak. Baja kasuetan, langileak gehienez ere hilabeteko epean ordeztu beharko dira, dirulaguntza ematean aintzat hartutako langileria gastuak osatzeko behar den lanaldi portzentajerako kontratatuz.
d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.
e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta betiere jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.
g) Justifikazio kontuak aurkeztea ezarritako ereduaren arabera.
h) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.
i) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.
j) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.
k) Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren baimena eskatu eta eskuratzea diruz lagundutako proiektuan funtsezko aldaketak egiteko, baldin proiektua gauzatzea nabarmen aldarazten edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen badira. Funtsezko aldaketatzat jotzeko, helburuetan, emaitzetan, onura hartzen duen populazioan edo lurralde kokapenean eragina izan beharko du, edo, hasierako aurrekontuarekin alderaturik, partida multzo bakoitzaren %10eko desbideratze ekonomikoa gertatu beharko da. Aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala azaldu, betiere aurtengo azaroaren 30a baino lehen. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekartzen ahalko du, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da. Proiektua gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabeherak eta aldaketa ez-funtsezkoak arrazoituta adieraziko dira justifikazioko txosten partzialean edo amaierakoan, barnean dela Nafarroako Gobernuarenak ez diren finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.
l) Datu pertsonalen babesari eta informazioaren segurtasunari buruzko arauak betetzea, hauek bereziki: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Hemezortzigarrena.–Gardentasun betebeharra.
1. Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude arau honetan ezartzen diren gardentasun betebeharrak betetzera, baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.
2. Foru lege horren 12.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute 10 eguneko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Kargudunen zerrenda eta haien dedikazio araubidea.
c) Entitateak kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu.
d) Entitate onuradunaren urteko kontuak.
3. Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, telematikoki, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du. Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.
4. Aurrekoa galarazi gabe, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark bete ahal ditzan Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan ezarritako gardentasun betebeharrak.
5. Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.
6. Galarazi gabe entitate onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak, entitateak azkenean ez badu betebehar hau betetzen, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, jarraikiz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari.
Hemeretzigarrena.–Ez-betetzeak.
1. Oinarri hauetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako gainerako kausak gertatzen badira, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa osorik edo zati batean itzuli beharko da, 35. artikulu horretan ezarritakoaren arabera.
2. Gardentasunari buruzko betebeharrak betetzen direla frogatzeko informazioa eman beharra bete ezean, ez zaie emandako dirulaguntza ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
3. Ez-betetzeak mailakatzeko irizpide hauek hartuko dira kontuan bereziki, eman beharreko dirulaguntza edo, hala badagokio, itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko:
–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.
–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.
–Azken justifikazioan ez-betetze formal hutsak eginez gero, epemugatik zenbat egun pasa diren kasuan kasuko agiriak aurkeztu arte.
4. Aurreko ataletan xedatutakoa gorabehera, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan araututakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoari.
Hogeigarrena.–Administrazio errekurtsoak.
1. Oinarri arautzaile hauen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.
Hogeita batgarrena.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.
II. ERANSKINA.–BALORAZIO IRIZPIDEAK
A.–Oinarri soziala Nafarroan (%40) (40,00 puntu).
a.1. | Bazkide kopurua, eskala honen arabera: | (30,00 puntu gehienez) |
> 10 bazkide | 30,00 puntu | |
5-10 bazkide | 20,00 puntu | |
< 5 bazkide | 10,00 puntu | |
a.2. | Entitateko zuzendaritza edo ardura karguetan dagoen emakume kopurua, eskala honen arabera: | (10,00 puntu gehienez) |
%50 eta hortik gora | 10,00 puntu | |
%20 edo gehiago baina %50etik behera | 8,00 puntu | |
< %20 | 5,00 puntu |
B.–Proiektu-memoria (%60) (60,00 puntu).
b.1. | Proiektuaren azalpena: jarduerak-helburuak-emaitzak | (50,00 puntu gehienez) |
b.2. | Jardueretan parte hartzen duten emakumezkoak, batez beste | 10,00 puntu |
%75 eta gehiago | 10,00 puntu | |
%50 eta %75 artean | 8 puntu | |
< %50 | 5,00 puntu |
III. ERANSKINA.–BESTE DIRULAGUNTZA BATZUK ESKATU ETA/EDO JASO IZANARI BURUZKO ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
Izen-deiturak: …………………………………………………………………… NANa ................................................... Honen legezko ordezkaria: IFKa: .......................................... Jakinarazpenetarako helbide elektronikoa: ............................................................................
Nire erantzukizunpean honako hau ADIERAZTEN DUT (X batez adierazi bidezko dena):
Entitateak ez d(it)u eskatu, edo ukatu za(izki)o, deialdi honetan aurkeztutako proiektu bererako beste dirulaguntza bat(zuk).
Entitateak beste dirulaguntza bat(zuk) eskatu d(it)u deialdi honetan aurkeztutako proiektu bererako, eta laguntza hori(ek) emateko ebazpena eman gabe dago.
Adierazi zer departamentu eta erakundetan egin diren eskaera horiek.
* ......................................................................................................................................................
* ......................................................................................................................................................
* ......................................................................................................................................................
Entitateak beste dirulaguntza bat(zuk) eskatu d(it)u deialdi honetan aurkeztutako proiektu bererako, eta guztira eman zaio .............................. euro, eta hori egiaztatzen duten dokumentuak aurkezten ditu.
Adierazi zer departamentu eta erakundetan egin diren eskaera horiek.
* ......................................................................................................................................................
* ......................................................................................................................................................
* ......................................................................................................................................................
Honako hau jakinarazten zait: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikuluari jarraikiz, eta egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko eskumenak alde batera utzi gabe, adierazpen honi eransten zaion edozein datu edo adierazpenetan funtsezko zehaztasunik eza, faltsutasuna edo omisioa gertatuz gero, ezin izanen da jarraitu eraginpeko eskubidea edo jarduera gauzatzen gertaera horien berri jakiten denetik aurrera, nolanahi ere, sor litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak galarazi gabe.
Data eta sinadura
IV. ERANSKINA.–BAIMENA
Izen-deiturak: ................................................................................. NANa/AIZa: ............................. Entitate honen legezko ordezkaria: .......................................................................... IFZa: ..............................
Baimena ematen diot Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuari egiazta dezan ordezkatzen dudan entitateak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Egiaztapen-lan horiek dirulaguntzak emateko prozedura izapidetzen ari denean egiten ahalko ditu, edozein unetan, baita prozedura gauzatzen ari den bitartean ere (laguntza horiek irabazi-asmorik gabeko entitateendako dira, eliz inguruneetan gertatutako abusuen biktimekin lotutako laguntza, memoria eta sentsibilizazio programak egin ditzaten 2025ean).
Ez diot Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuari baimenik ematen egiazta dezan ordezkatzen dudan erakundeak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, ez dirulaguntzak emateko prozedura izapidetzen ari denean, ezta prozedura gauzatzen ari den bitartean ere (laguntza horiek irabazi-asmorik gabeko entitateendako dira, eliz inguruneetan gertatutako abusuen biktimekin lotutako laguntza, memoria eta sentsibilizazio programak egin ditzaten 2025ean). Horrenbestez, hori guztia justifikatzeko agiriak aurkezten ditut.
V. ERANSKINA.–BAIMENA
Izen-deiturak: ........................................................................................ NANa/AIZa: ............................. Entitate honen legezko ordezkaria: ...................................................................... IFZa: ..............................
Baimena ematen diot Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuari egiazta dezan ordezkatzen dudan entitateari buruzko dokumentazioa, dirulaguntzak emateko prozedura izapidetzen ari denean, edozein unetan, baita prozedura gauzatzen ari den bitartean ere (laguntza horiek irabazi-asmorik gabeko entitateendako dira, eliz inguruneetako abusuen biktimekin lotutako laguntza-, memoria- eta sentsibilizazio-programak egin ditzaten 2025ean). Hau da aipatu dokumentazioa:
a) Entitatearen estatutuak.
b) Entitatea erregelamenduz dagokion erregistroan inskribatuta dagoela frogatzen duten ziurtagiriak edo beste frogagiriak.
c) Identifikazio fiskaleko txartela.
Ez diot Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuari baimenik ematen egiazta dezan ordezkatzen dudan erakundeak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, ez dirulaguntzak emateko prozedura izapidetzen ari denean, ezta prozedura gauzatzen ari den bitartean ere (laguntza horiek irabazi-asmorik gabeko entitateendako dira, eliz inguruneetan gertatutako abusuen biktimekin lotutako laguntza, memoria eta sentsibilizazio programak egin ditzaten 2025ean). Horrenbestez, hori guztia justifikatzeko agiriak aurkezten ditut.
Iragarkiaren kodea: F2506934
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
