Iragarkia
112. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 5a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Deialdia, ofizial administrariaren eta ofizial administrari osagarridunaren 42 lanpostu oposizio bidez betetzeko, iruñeko udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko
Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2025eko maiatzaren 22an, deialdia onestea erabaki zuen, honako oinarri hauekin bat:
OINARRIAK
1. Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da ofizial administrariaren eta ofizial administrari osagarridunaren 42 lanpostu oposizio bidez betetzea, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko, funtzionario araubidekoak eta C mailakoak. Lanpostu horiek izanen dira Giza Baliabideetako zuzendariak 2025eko maiatzaren 19an deitutako lekualdatze-lehiaketaren ondorioz hutsik geratzen direnak, eta horien plaza-zenbakia, betekizunak eta destinoak lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldia egin baino lehen zehaztuko dira. II. eranskinean zehazten dira lekualdatze-lehiaketan deitutako lanpostuak.
Deialdia honako hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 1/2025 Foru Lege Dekretua, 2025eko maiatzaren 7koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak onesten dituena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.
Lanpostuak honako txanda hauetan banatuko dira:
–18 lanpostu igoera-txandan.
–17 lanpostu txanda irekian.
–7 lanpostu desgaitasun bat duten pertsonendako erreserbatutako txandan.
1.2. Igoera-txandan bete gabe gelditzen diren lanpostuak, izangaiek hautapen-probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako, txanda irekikoei gehituko zaizkie.
Orobat, desgaitasunen bat dutenendako erreserba-txandako izangaiek hautapen probak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen ez badute, hutsik geratzen ahal diren lanpostuak dagokien txandako lanpostuei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarrita dagoen banaketa-ordenari jarraikiz.
Bestalde, igoera-txandan probak gainditzen dituzten izangaien kopurua lanpostu hutsen kopurua baino handiagoa baldin bada, txanda horretako probak gainditu eta plazarik gabe gelditzen diren izangai guztiek txanda irekiko lanpostu hutsak betetzeko aukera izanen dute, txanda horretako izangaiekin batera, lortutako azken puntuazioaren arabera.
Halaber, txanda irekiko lanpostu hutsetarako lehiatzen ahalko dira, aurreko paragrafoan zehaztutako eran, deialdiaren 8.2 oinarrian aipatutako agiriak aurkezteko epea amaitutakoan deialdi honetako 2.1.2 oinarrian berariaz ezarritako betekizunak betetzen ez dituzten igoera-txandako izangaiak.
1.3. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dituzte izendatuak, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarrean dauden xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu, eta bertan alta emanen zaie, aipatu araubide horretan aurreikusitako babesaren pean.
Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Bederatzigarren Xedapen Gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badaude, aukeratzen ahalko dute Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.
2. Betekizunak.
2.1. Izangaiek betekizun hauek bete beharko dituzte oposizioan onartuak izateko:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estatu batekoa, edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikatzen ahal den eremuko estatu batekoa.
Halaber, parte hartzen ahalko dute Espainiako nazionalitatea, Europar Batasuneko estatu batekoa edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako nazionalitatea duten herritarren ezkontideek ere, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, eta, orobat, beren ondorengoek eta ezkontideenek –zuzenbidez bereizita ez badaude–, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda independizatu ez badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.
c) Batxilergoko, bigarren mailako Lanbide Heziketako edo horietako baten baliokidetzat jotzen den titulu bat edukitzea, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.
Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.
d) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaiturik edo gabeturik ez egotea, ezta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizita ere.
2.1.2. Berariazko betekizunak igoera-txandako izangaiendako.
Txanda honetako izangaiek, aurreko apartatuan adierazitakoez gain, honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finko izatea, eta borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea, non eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona ez den lanean ari Iruñeko Udalaren zerbitzura beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.
b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoak edo beheragokoak izatea.
c) Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako Polizia Kidegoetako kideak salbu: horiek zortzi urtez kidego horietan benetan zerbitzu ematen arituak izanen dira.
2.1.3. Berariazko betekizunak desgaitasuna duten pertsonei erreserbatutako txandako izangaiendako.
Desgaitasuna duten pertsonendako erreserba-txandako izangaiek, 2.1.1 apartatuan adierazitako betekizunez gain, ofizialki aitortua izan beharko dute %33ko desgaitasuna edo handiagoa.
2.1.4. Euskarako C1 maila betekizun gisa duen lanpostu batera sartu nahi izanez gero, lanposturako eskatutako maila egiaztatzen duen titulu edo egiaztagirietako bat eduki beharko da, Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailekin bat, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari-kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean jasota daudenetako bat, edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulazioa.
2.1.5. Haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearekin bat, adingabeekin ohiko harremana edukitzea eskatzen duten lanpostuetara sartzeko ezinbestekoa da epai irmo baten bidez kondenarik jaso ez izana sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik edo gizakien salerosketagatik.
Betekizun hori egiaztatzeko kudeatzaileari baimena eman beharko zaio ziurtagiri hori eska diezaion Sexu-delitugileen Erregistro Zentralari, edo bestela, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuak araututako Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da.
2.2. Betekizun horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta lanpostuaren jabetza hartu arte mantendu beharko dituzte.
2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte aurreko betekizun horiek.
3. Eskabideak.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu beharko dute eskabidea, Internet bidez, www.pamplona.es/eu webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraikiz: "Izapideak eta lizitazioak", "Lan-eskaintzak", "Enplegu publikoa", "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honi dagokion aipamena.
Desgaitasunen bat duten izangaiek denboraren nahiz bitartekoen egokitzapenak eskatuz gero horiek beharrezkoak diren probetarako, hala jakinarazi beharko dute eskabidean, eta zehaztu, horretarako prestatutako tokian, zein den eskatutako egokitzapena edo zein diren eskatutako denboraren edo bitartekoen doikuntzak. Horretarako, izangaiak egoki jotzen dituen agiriak aurkezten ahalko ditu eskabidea aurkezteko unean, 3.4 apartatuan ezarritakoarekin bat.
3.3. Tasak.
Azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa 15,30 eurokoa da. Tasa modu telematikoan ordainduko da, eskabidea formalizatzeko unean, modu telematikoan ordaintzeko sistema seguru baten bidez.
3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
–Batxilergoko, bigarren mailako Lanbide Heziketako edo horietako baten baliokidea den titulua, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.
Hala nahi duenak, eskabidea aurkezteko unean, baimena ematen ahalko dio kudeatzaileari Hezkuntza Ministerioaren Datuak Ziurtatzeko zerbitzuan titulazioa egiaztatzeko, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztapena, batzuetan titulua ez baitago Ministerio horretan jasota.
Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
–Deialdian igoera-txandan parte hartu nahi duten izangaiak Iruñeko Udala ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira, deialdi honen 2.1.2 apartatuan jasotzen diren betekizunak betetzen dituztela frogatzeko egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera.
–Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria –organo eskudunak emana– aurkeztu beharko dute.
–Euskararen C1 hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetako izangaiek hori dutela egiaztatzen duen titulu edo egiaztagiria aurkeztu beharko dute deialdi honetako 2.1.4. apartatuan xedatutakoarekin bat.
–Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuak araututako Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa, Pertsonen Kudeaketako Idazkari Teknikoari hura eskatzeko baimenik eman ezean.
3.5. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta baliorik gabe geldituko dira haiek gauzatutako egintza guztiak, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.
3.6. Aski izanen da agirien kopia sinpleak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du horrelako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.
4. Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Udalaren webgunean deialdiaren fitxan argitara dadin aginduko du.
4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda deialdiaren web-fitxan argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina zenbatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta eta haien gainean ebatzi ondoren, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta deialdiaren web-fitxan argitara dadin aginduko.
4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko baldin eta baztertuak izan badira beraiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako betekizunak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela betekizunen bat betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak, ezertan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5. Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Iñigo Anaut Peña, Iruñeko Udaleko gerentea.
Epaimahaiburu ordezkoa: Aitor Navarro Aristorena, Iruñeko Udaleko Ogasuneko eta Kontratazio Publiko Arduratsuko Alorreko zuzendaria.
Epaimahaikidea: Mónica Lana Elola, Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorreko idazkari teknikoa.
Epaimahaikide ordezkoa: Eva Echarri Osinaga, Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorreko idazkari teknikoa.
Epaimahaikidea: Paula Unanua Albéniz, Iruñeko Udaleko legelaria.
Epaimahaikide ordezkoa: Paloma Sanchez Ruiz, Iruñeko Udaleko legelaria.
Epaimahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.
Epaimahaikide ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.
Idazkaria: Beatriz Martínez Buldain, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako eta Antolaketako goi-mailako teknikaria.
Idazkari ordezkoa: Raquel Pérez García, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako eta Antolaketako goi-mailako teknikaria.
5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izaten ahal direla, baita ere, epaimahaikide ordezko gisa izendatutakoak, bigarren ordezkapen bat egitea beharrezkoa izanez gero.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako ezarriak dauden arrazoiak suertatzen badira.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6. Oposizioaren garapena.
6.1. Oposizioa 2025eko azaroan hasiko da.
6.2. Oposizioak 2 proba izanen ditu: Oposizioko proben balorazioa 100 puntukoa izanen da, gehienez ere.
Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko lehen proba egiteko tokia, eguna eta ordua.
6.3. Probak.
6.3.1. Lehen proba (gehienez ere 60 puntu):
Lehen probak bi ariketa izanen ditu, eta bata bestearen segidan eginen dira:
Lehen ariketa: Test erako galderak dituen galdetegi bat idatziz erantzun beharko dute hizketa-, zenbaki- eta ortografia-gaitasunei eta pertzepzio-gaitasunei buruz. Galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Probaren balorazio-irizpideak eta akatsak nola zigortuko diren hura hasi aurretik zehaztuko dira.
Ariketa honetan gehienez ere 30 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 15 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.
Bigarren ariketa: Test erako galderak dituen galdetegi bat idatziz erantzun beharko dute, deialdiaren I. eranskinean jasotako gai-zerrendako gaiei buruz. Galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa.
Ariketa honetan gehienez ere 30 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 15 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.
Bi ariketetako bakoitzaren gehieneko iraupena kalifikazio-epaimahaiak zehaztuko du, horiek hasi aurretik.
Izangaiak kanporatzeko irizpideei dagokienez ezarritakoa kontuan hartu gabe, eta txanda irekiaz bezainbatean, 2. proba 600 izangaiek egiten ahalko dute gehienez ere. Beraz, txanda irekian izangai gehiagok lortuz gero proba teorikoan eskatutako gutxieneko puntuazioa, kalifikaziorik onenak lortzen dituztenek eginen dute aurrera. 600. postuan kalifikazio bera duten izangai bat baino gehiago baleude, toki horretan berdinduta dauden guztiek eginen dute aurrera.
Gainerako izangaiak oposizioko hautapen-prozesutik kanpo geratuko dira.
6.3.2. Bigarren proba (gehienez ere 40 puntu):
Izangaiek kalifikazio-epaimahaiak proposatutako kasu bat edo batzuk ebatzi beharko dituzte ordenagailuan. Horretarako, I. eranskineko gai-zerrendaren III. zatian jasota datozen aplikazioak eta sistema eragileak erabiliko beharko dituzte. Izangaiek ariketa egiteko izanen duten gehieneko denbora kalifikazio-epaimahaiak zehaztuko du, hura hasi aurretik.
Bigarren proba egiteko, izangaiei behar dituzten baliabide teknikoak emanen zaizkie.
Proba egiteko egoki jotzen duen laguntza teknikoa eskatzen ahalko du kalifikazio-epaimahaiak.
Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 20 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.
6.4. Antolaketa-arrazoiak tarteko eta izangai-kopurua aintzat hartuta, probetarako deialdia egun eta ordu desberdinetan egiten ahalko da. Horretarako, probak egitera deituta dauden izangaien zerrenda webgunean –deialdiko fitxan– argitaratuko da, gutxienez horiek egin baino 48 ordu lehenago. Horrekin batera, tokia, data eta ordua ere zehaztuko dira. Halakoetan, kalifikazio-epaimahaiak zailtasun maila antzekoa duten ariketa desberdinak prestatuko ditu.
Izangaiak nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela azalduko dira. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunean, orduan eta tokian agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.5. Proba bakoitzaren kalifikazioa amaituta, epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu), deialdiaren fitxan, argitaratuko du izangaiek lortutako puntuazioa, eta 5 egun balioduneko epea emanen du interesdunek balorazioei buruz eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten.
6.6. Hautaproba egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko zaizkie, probak egiteko denboraren eta bitartekoen aldetik, desgaitasunen bat aitortua eduki eta eskabidean hala eskatu duten izangaiei.
7. Gainditu dutenen zerrenda.
7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, txanden arabera banatuta eta eskuratutako puntuazio-hurrenkerarekin bat, eta zerrenda hori Giza Baliabideetako zuzendariari helaraziko dio, lanpostu hutsak aukeratzeko izapideak egin ditzan.
7.2. Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, bigarren proban puntuazio handiagoa lortu dutenen alde ebatziko da.
Halere berdinketa ez bada hausten, zozketa bakar batez ebatziko da, horretarako deituko den ekitaldi publikoan.
8. Lanpostu hutsak hautatzea.
8.1. Giza Baliabideetako zuzendariak lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deia eginen du, eta horretarako, argitara emanen ditu hautatu beharreko lanpostu hutsak, izangaien zerrenda –lanpostu hutsak hautatzeko puntuazio-ordenaren arabera daukaten lehentasun-hurrenkerarekin bat eta txandetan banatuak– eta lanpostu hutsak hautatzeko izangaiei ematen zaien epea.
Informazio hori Udalaren webgunean argitaratuko da.
Ondoren, izangaiek adierazi beharko dute, horretarako zehaztutako epean, deitutako lanpostu hutsetatik zein nahiago duten.
8.2. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, % 33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.
Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak banatzen hasi aurretik desgaitasunera hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balioespen eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.
8.3. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, edozein txandatan eta izaera hori frogatzen badute, gainerako izangaiekiko lehentasuna izanen dute lanpostu hutsak hautatzeko orduan, hargatik eragotzi gabe desgaitasuna duten pertsonendako ezarritako lehentasun-hurrenkera.
8.4. Probak igoera-txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aurretik deialdi honetako lanpostu hutsak aukeratzeko, desgaitasunen bat duten izangaiendako eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeendako kontuan hartutako salbuespen-kasuan izan ezik.
9. Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Epaimahaiak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio izendapen-proposamena, espediente osoarekin batera, probak gainditu dituzten izangaiak izendatze aldera, deialdian eskainitako lanpostu kopuruaren arabera.
Aipatutako izendapen-proposamena Udalaren webgunean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.
9.2. Proposatzen diren izangaiek agiri hauek aurkeztuko dituzte Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Udalaren webguneko fitxan argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean:
9.2.1. Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.
b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun edo arazo fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatuta.
c) Zinpeko edo zinezko adierazpena, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazita.
d) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.
9.2.2. Deialdi hau egin duenaz besteko Nafarroako administrazio publiko bateko langile finkoak izanda igoera-txandan parte hartzen duten izangaiek, aurreko apartatuko dokumentazioaz gain, haien jatorrizko Administrazioan jardunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboei eta abarri buruzko espediente pertsonalean dauden inguruabar eta aurrekari guztiei buruzko informazioa.
9.2.3. Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiak. Desgaitasun hori deialdi honen xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria ofizioz eginen dute balioespen- eta orientazio-talde eskudunek, eta espedienteari erantsiko zaio.
9.3. Agiri horiek aipatu epean –behar bezala justifikatuta egon behar duten ezinbesteko kasuetan salbu– aurkezten ez dituztenak eta deialdiaren 2. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzea egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsukeriagatik legokiekeen erantzukizuna.
9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak hutsunea beteko du oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta betekizunak betetzen dituen izangaiarekin, aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera baliatuta.
9.5. Deialdiaren xedezko lanposturako betekizunak eta baldintzak egiaztatzekoa ez den baina Iruñeko Udalak bere eskumenak gauzatuz eskatzen ahal duen beste edozein agiri eskatuko zaio proposatutako izangaiari, eta hark aurkeztuko du, deialdiaren 8.2. apartatuan ezarritakoarekin bat.
10. Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.
10.1. Tokiko Gobernu Batzarrak, erabaki bidez, Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko ditu, lanpostuetan aritzeko, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiei.
10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutakoek izendapen-ebazpenean horretarako ezartzen den egunean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza.
Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez dutenek Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.
10.3. Izangaia funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio lanpostuaren jabetza hartzen duen egunetik beretik –indarreko araudian ezarritako kasuetan–, kasuan kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.
10.4. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua, eta funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie zuzenean.
10.5. Euskaraz jakin beharra duten deialdi honetako lanpostuetako batean sartzen direnek, aurrerantzean, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostu hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.
Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen-prozesuko emaitzak aukera eman balio interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.
11. Jarduketen publikotasuna.
Ezertan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, www.pamplona.es/eu udal-webgunean argitaratuko dira, deialdiaren fitxan, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa eta interesdunendako jakingarriak izaten ahal diren argibide orokor guztiak.
12. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak.
12.1. Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019 aldirako Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin –non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa–, Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek, hautapen-prozesuan parte hartu eta lanposturik eskuratu ez duten izangaiekin:
a) Lanposturik lortu ez, baina proba gainditu duten izangaien zerrenda.
b) Lanposturik lortu gabe oposizioa gainditu ez, baina hautapen-prozesuko lehen proba gainditu duten izangaien zerrenda.
c) Hautapen-prozesuko lehendabiziko proban ezarritako gehieneko puntuazioaren % 30 gutxienez lortu dutenen zerrenda.
Aldi baterako kontratazio-zerrendak Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira.
Kontrataziorako deitutako izangaiek egiaztatu beharko dute deialdian eskatutako betekizunak betetzen dituztela kontratua egiteko unean.
12.2. Deialdian eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bertan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.
12.3. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko dira.
12.4. Probak gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazio altuenaren araberakoa izanen da izangaien hurrenkera.
Halaber, lanposturik eskuratu ez eta proba gainditu ez dutenen zerrendetan izangaien hurrenkera lehen proban lortutako puntuaziorik handienaren arabera zehaztuko da.
Berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.
12.5. Aurreko apartatuan ezarritako hurrenkerari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan, hiru lanpostutik bat (lehena) gordeko da % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten zerrendako pertsonendako, baldin eta dagozkien hautaprobak gainditu eta dagozkien zeregin eta funtzioekin bateragarri direla egiaztatzen badute, betiere lortutako puntuazioa kontuan hartuta.
12.6. Halaber, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko hogeita zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan hamar lanpostutik bigarrena gordeko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek beteak izateko, betiere haiek kasuko hautaketa-probak gaindituz gero eta beren izaera frogatuz gero.
13. Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.
Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta dei egiteko.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 22an.–Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, Garbiñe Bueno Zabalza.
I. ERANSKINA.–GAITEGIA
I. zatia.–Jarduera administratiboa.
1. gaia.–Pertsonen eskubideak Foru Administrazio Publikoarekiko harremanetan. Informazio-eskubidea. Informazio-motak. Herritarren parte-hartzea administrazioan. Kexak eta iradokizunak.
2. gaia.–Datuak babesteko printzipioak eta informazio-segurtasuna. Ahozko komunikazioa eta telefono bidezkoa: arauak, bitartekoak eta konfidentzialtasuna; helburua, erabilera eta mugak. Idatzizko komunikazioa: arauak, bitartekoak eta motak. Gutuna: edukia, egitura eta ereduak.
3. gaia.–Erregistroak, informazioa artxibatzea eta dokumentazioa. Agiriak ordenatzeko eta sailkatzeko sistemak. Informazioa eta agiriak kontserbatzea, horietara sartzea, segurtasuna eta konfidentzialtasuna. Artxiboak: kontzeptuak, motak eta erabiltzeko arau praktikoak. Artxiboen kontrola.
4. gaia.–Administrazio-agiriak. Ofizioa, eskabidea, ziurtagiria, akta, administrazio-ebazpenak. Administrazio-espedientea. Administrazio Publikoek egindako kopien baliozkotasuna.
5. gaia.–Administrazio elektronikoa. Herritarrek zerbitzu publikoetara jotzeko sarbide elektronikoa. Egoitza elektronikoa. Identifikazioa eta autentifikatzea. Erregistroak, komunikazioak eta jakinarazpen elektronikoak. Prozeduren kudeaketa elektronikoa.
II. zatia.–Oinarrizko araudia.
1. gaia.–1978ko Espainiako Konstituzioa. Printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere Judiziala. Konstituzio Auzitegia: Osaera, izaera eta eskumenak.
2. gaia.– Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: Atariko titulua eta II. titulua. Nafarroaren ahalmenak eta eskumenak.
3. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Gobernuaren lege-mailako xedapenak. Legegintza-ekimena eta lege-mailako arauak emateko ahalmena. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamenduak egiteko ahala.
4. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua: Udalerria, antolakuntza eta eskumenak. X. titulua: Biztanle-kopuru handiko udalerrien araubide berezia: Beharrezko udal-organoen antolakuntza eta jarduera.
5. gaia.– 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. titulua: udalerria Nafarroako entitate lokal gisara. III. Titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamendua.
6. gaia.–2/1995 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Nafarroako toki-erakundeen baliabideak. Motak. Nafarroako toki-ogasunen tributu bidezko diru-sarrerak: kontzeptua eta motak. Zergak: kontzeptua eta motak. Tasak.
7. gaia.– 2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako toki-ogasunen tributuz besteko diru-sarrerak: kontzeptua eta motak.
8. gaia.– 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena: Atariko titulua. Xedapen orokorrak, sektore publikoaren jarduketa-printzipioak eta funtzionamendua. III. titulua. Administrazioarteko harremanak. I. kapitulua: Administrazioen arteko harremanen printzipio orokorrak. II. kapitulua: Laguntzeko eginbeharra. IV. kapitulua: Administrazioen arteko harreman elektronikoak.
9. gaia.–Administrazio-egintzak. Administrazio-egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio-bidetik berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio-errekurtsoak.
10. gaia.–Administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak: Prozeduran interesdun direnak. Administrazio publikoen jarduera: jarduketa-arau orokorrak; epe-mugak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betetzea.
11. gaia.– Iruñeko Udaleko Administrazio prozedura erkidea eta araubide juridiko elektronikoa arautzen dituen Ordenantza.
12. gaia.–Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen-esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.
13. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: Legearen xedea, printzipioak, aplikazio-esparrua, kontratuen tipologia eta araubide juridikoa.
14. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Administrazio-klausula partikularren eta baldintza tekniko partikularren agiriak. Adjudikazio-prozedurak. Lizitazioen publikotasuna. Plataforma elektronikoa.
15. gaia.– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa: Dirulaguntza publikoetarako xedapen komunak. Dirulaguntzak eman eta kudeatzeko prozedurak (Atariko tituluaren II. kapitulua eta I. titulua).
16. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa: xedapen orokorrak eta dirulaguntzak emateko eta kontrolatzeko prozedura. Dirulaguntzak itzultzea.
17. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena. Langile-motak. Funtzionario publikoen hautaketa. Funtzionario izaera hartzea eta galtzea. Administrazio-karrera. Egoera administratiboak. Lanpostu-hornikuntza. Eskubideak eta betebeharrak.
18. gaia.–Nafarroako toki-erakundeen aurrekontua, xedea eta esparrua. Egitura, sailkapena. Aplikazioa eta kontabilitate-erregistroa. Aurrekontua betearazteko oinarriak.
19. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa: xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratze-araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.
20. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestu eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Datuak babesteko printzipioak. Pertsonen eskubideak.
21. gaia.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: berdintasunaren printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, emakumeen eta gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
22. gaia.–Iruñeko Udalaren Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategia. Laburpen exekutiboa.
III. zatia-Informatika.
1. gaia.–Windows 10: oinarrizko kontzeptuak: Mahaigaina antolatzea, Hasierako menua eta leihoak; Fitxategi-arakatzailea (karpetak eta fitxategiak kudeatzea); Sistemaren konfigurazioa (pertsonalizazioa, gailuak, hizkuntza, aplikazioak, erabiltzaile-kontuak, pribatutasun-aukerak, etab.); Zakarrontzia; Jakinarazpenen zentroa (jakinarazpenak eta sistemaren mezuak); Bilatzailea (aplikazioak, fitxategiak eta ezarpenak); Mahaigain anitzak; Aplikazioak ainguratzea; Eguneraketak kontrolatzea.
2. gaia.–Word 2021 testu-prozesadorea: Word 2021eko oinarrizko kontzeptuak. Lan-eremua (titulu-barra, hasiera azkarreko barra, aukeren zinta, egoera-barra, bista-fitxak eta Zooma). Paragrafoaren eta letra-tipoaren formatua, arbela, estiloak eta edizioa. Agiriaren diseinua. Txertatu (irudiak, orrialdeak, jauziak, taulak, ilustrazioak, estekak, goiburuak eta orri-oinak, eremuak eta ikurrak). Konfiguratu orrialdea, paragrafoa eta antolatzea. Erreferentziak. Posta-konbinazioa. Txantiloiak. Fitxategiak kudeatzea, gordetzea eta inprimatzea.
3. gaia.–Excel 2021 kalkulu-orriak: Excel 2021eko oinarrizko kontzeptuak; Lan-eremua (titulu-barra, hasiera azkarreko barra, aukeren zinta, egoera-barra, bista-fitxak eta Zooma). Letra-tipoaren formatua, arbela, lerrokatzea, gelaxken formatua, estiloak. Gelaxkekin lan egitea. Formulak eta funtzioak. Taulak eta grafiko dinamikoak. Txertatu taulak, grafikoak, estekak, ikurrak, testu-aukerak eta ilustrazioak. Konfiguratu orrialdea eta orrialdearen aukerak. Datuekin lan egiteko tresnak. Liburuak eta kalkulu-orriak kudeatzea, gordetzea eta inprimatzea.
4. gaia.–Oinarrizko kontzeptuak Interneti eta posta elektronikoari buruz: Outlook eta Webmail. Outlook: posta elektronikoa, egutegia, kontaktuak. Webmail: intranet eta extranet; webmail zerbitzaria, posta elektronikoko erabiltzailea.
II. ERANSKINA.–DEITUTAKO LANPOSTUAK
PLAZA | ARAUBIDEA | ALORRA | NAHITAEZKO HIZKUNTZA: EUSKARA | OHARRAK |
1-300100-4 | Funtzionarioa | Gerentzia | ||
1-300100-12 | Funtzionarioa | Sustapen Ekonomikoa, Berrikuntza, Europar Proiekzioa, Garapenerako Lankidetza | ||
1-300100-31 | Funtzionarioa | Berdintasuna, Ekintza Komunitarioa, Auzoak, Herritarren Partaidetza eta Euskara | C1 | |
1-300100-37 | Funtzionarioa | Gobernu Estrategikoa, Hirigintza, Etxebizitza eta 2030 Agenda | ||
1-300100-43 | Funtzionarioa | Sustapen Ekonomikoa, Berrikuntza, Europar Proiekzioa, Garapenerako Lankidetza | ||
1-300100-48 | Funtzionarioa | Gobernu Estrategikoa, Hirigintza, Etxebizitza eta 2030 Agenda | ||
1-300100-53 | Funtzionarioa | Gobernu Estrategikoa, Hirigintza, Etxebizitza eta 2030 Agenda | C1 | |
1-300100-62 | Funtzionarioa | Herritarren Segurtasuna eta Bizikidetza | ||
1-300100-64 | Funtzionarioa | Giza baliabideak | ||
1-300100-66 | Funtzionarioa | Ogasuna eta kontratazio publiko arduratsua | ||
1-300100-69 | Funtzionarioa | Gobernu Estrategikoa, Hirigintza, Etxebizitza eta 2030 Agenda | C1 | |
1-300100-82 | Funtzionarioa | Ogasuna eta kontratazio publiko arduratsua | ||
1-300100-86 | Funtzionarioa | Ogasuna eta kontratazio publiko arduratsua | ||
1-300100-88 | Funtzionarioa | Ogasuna eta kontratazio publiko arduratsua | ||
1-300100-96 | Funtzionarioa | Hiri Kontserbazioa eta Osasuna | ||
1-300100-134 | Funtzionarioa | Gerentzia | ||
1-300100-158 | Funtzionarioa | Gobernu Estrategikoa, Hirigintza, Etxebizitza eta 2030 Agenda | C1 | |
1-300100-164 | Funtzionarioa | Hiri Kontserbazioa eta Osasuna | ||
1-300100-177 | Funtzionarioa | Kultura, Jaiak, Hezkuntza eta Kirola | ||
1-300100-186 | Funtzionarioa | Giza baliabideak | ||
1-300100-188 | Funtzionarioa | Gerentzia | C1 | |
1-300100-189 | Funtzionarioa | Herritarren Segurtasuna eta Bizikidetza | ||
1-300100-191 | Funtzionarioa | Kultura, Jaiak, Hezkuntza eta Kirola | ||
1-300100-193 | Funtzionarioa | Herritarren Segurtasuna eta Bizikidetza | 1-400000-89 plaza birmoldatzea | |
1-300100-195 | Funtzionarioa | Herritarren Segurtasuna eta Bizikidetza | 2-400000-80 plaza birmoldatzea | |
1-300100-196 | Funtzionarioa | Berdintasuna, Ekintza Komunitarioa, Auzoak, Herritarren Partaidetza eta Euskara | 1-400000-41 plaza birmoldatzea | |
1-300100-197 | Funtzionarioa | Gerentzia | C1 | 1-400000-249 plaza birmoldatzea |
1-300100-198 | Funtzionarioa | Giza baliabideak | C1 | 1-400000-286 plaza birmoldatzea |
1-300100-199 | Funtzionarioa | Hiri Kontserbazioa eta Osasuna | 1-400000-201 plaza birmoldatzea | |
1-300100-201 | Funtzionarioa | Herritarren Segurtasuna eta Bizikidetza | 1-400000-62 plaza birmoldatzea | |
1-300300-2 | Funtzionarioa | Gizarte Ekintza | ||
1-300300-28 | Funtzionarioa | Gizarte Ekintza | ||
1-300300-39 | Funtzionarioa | Gizarte Ekintza | 1-404800-81 plaza birmoldatzea | |
1-300300-41 | Funtzionarioa | Gizarte Ekintza | 2-404800-8 plaza birmoldatzea | |
1-300300-42 | Funtzionarioa | Gizarte Ekintza | 1-404800-31 plaza birmoldatzea | |
1-300300-43 | Funtzionarioa | Gizarte Ekintza | 1-404800-89 plaza birmoldatzea | |
1-300300-44 | Funtzionarioa | Gizarte Ekintza | 1-404800-90 plaza birmoldatzea | |
1-300300-45 | Funtzionarioa | Gizarte Ekintza | 1-404800-91 plaza birmoldatzea | |
109 | Funtzionarioa | Haur Eskolak | ||
110 | Funtzionarioa | Haur Eskolak | ||
118 | Funtzionarioa | Haur Eskolak | ||
123 | Funtzionarioa | Haur Eskolak | C1 |
Iragarkiaren kodea: L2507564
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
