112. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ABLITAS

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatuaren (ehorzlea) lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko

Ablitasko Udaleko alkateak, 2025eko maiatzaren 9ko 2025-0133 Ebazpenaren bidez, honako erabaki hau hartu zuen:

ERABAKIA:

1. Deialdi bat onestea, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez bete dadin zerbitzu anitzetako enplegatuaren (ehorzlea) lanpostu bat, D mailakoa, destinoa duena Ablitasko Udalean.

2. Agintzea oinarri horiek eta eranskinak argitara daitezela Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Ablitasen, 2025eko maiatzaren 9an.–Alkatea, Carlos Bonel Soto.

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzea zerbitzu anitzetako enplegatuaren (atezaina) lanpostu bat Ablitasko Udalean, D mailakoa eta plantilla organikoan 32 zenbakia duena, zeina murrizturik baitago Ablitasko Udalaren plantillako langileetara.

1.2. Prozedura eginen da bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluarekin, zeinak ezartzen baitu hautaproben deialdia egiten ahalko dela beren funtzionarioetara murrizturik (betiere deialdiko lanpostu hutsak ez badakar plantillako lanpostuen kopurua handitzea), ikusten bada komeni dela lanpostu zehatz batzuk barne-igoeraren bidez betetzea, administrazio unitateen antolaketarengatik eta haien gain utzitako lanengatik.

1.3. Hautaprobak gainditu ondoan lanposturako izendatzen den izangaia sailkatuko da D mailan, eta jasoko ditu maila horretako ordainsariak, jarraikiz Behin-behineko Erregelamenduari (erregelamendua onetsi zen uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez), eta jasoko ditu, orobat, Ablitasko Udalaren plantilla organikoan lanpostu bakoitzerako ezarritako ordainsari osagarriak.

1.4. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko izangaiak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa. Hala, eutsiko dio Gizarte Segurantzako eta osasun laguntzarko araubide berari.

1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.6. Ordura arte egiten zituen lan eta eginkizunetan jardunen du izendatuak, bai eta haren gain uzten diren bertze edozeinetan ere, lanpostuaren maila edo taldearekin bat etorririk.

1.7. Lanpostua betetzen duenak ehorzketa-lanez arduratu beharko du (lurretik ateratzea eta lurperatzea, gorpuak edo gorpuzkiak toki batetik bestera eramatea...), bai eta udal hilerriko mantentze-lanez ere. Orobat, udaleko zerbitzu anitzei dagozkien zereginak beteko ditu: eraikuntza, igeltserotza eta obrak, oro har.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ablitasko Udaleko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, E mailakoa.

b) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea, gutxienez.

c) Eskaerak aurkezteko epea burutzen den egunean Eskola Graduatuaren titulua, Lehen Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea izatea, edo eskuratzeko baldintzetan egotea. Baldintza hori bete ezean, administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasun aitortua duela frogatu beharko da.

d) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, barne-igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez izatea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

f) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

2.2. Aurreko baldintzak deialdi honetan jasotako epean eta moduan frogatu beharko dituzte gainditu ondoren lanpostua eskuratzen duten izangaiek. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean bete beharko dira, baita hautaprobek dirauten bitartean eta izendatu arte ere.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu behar dira Ablitasko Udaleko Erregistro Orokorrean, hogeita hamar egun naturalean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina, eta I. eranskineko ereduari lotu behar zaizkio; haietan adierazi behar da eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen direla.

3.2. Behar bezala betetako eskabide horrekin batera, behar diren agiriak aurkeztu beharko dira, frogatzeko betetzen direla deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak (2. oinarria), bai eta honako hauek ere:

3.2.1. NANaren kopia.

3.2.2. Eskola Graduatuaren titulua, lehen graduko Lanbide Heziketarena edo baliokidea izatea.

3.2.3. Izangaiak eskabideari gehitu behar dizkio lehiaketaldian baliatu nahi dituen merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak edo kopia autentifikatuak.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, eskatzen ahalko dituzte, eskabidean bertan, denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

4.–Izangaiak onartzea.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, iragarki-taulan eta web-orrian.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, alkateak ebazpen bat emanen du, deklaratzen duena oposizio-lehiaketa bete gabe gelditu dela.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, deialdian onartuak izateko baldintzen inguruan, horiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta, kasua bada, erreklamazioak edo zuzenketak ebatzitakoan, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du zerrenda hori argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, iragarki-taulan eta web-orrian. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda gisa.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Carlos Bonel Soto, Ablitasko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Ramiro Arroyo Saballs, Ablitasko Udaleko alkateordea.

Lehen epaimahaikidea: Jesús Fernández López, Ablitasko Udaleko udal-zerbitzuetako arduraduna.

Ordezkoa: Maite Ayensa Ullate, Tulebrasko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

Bigarren epaimahaikidea: Jesús Mari Domínguez Baigorri, Ablitasko Udaleko udal-zerbitzuetako arduraduna.

Ordezkoa: Cristian Martínez Esteban, Ablitasko Udaleko udal-zerbitzuetako arduraduna.

Hirugarren epaimahaikidea: María Pilar Sandúa Serrano, Ablitasko Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Ana Serrano Arriazu, Ablitasko Udaleko administrari laguntzailea.

Laugarren epaimahaikidea, idazkaria: Sonia Mateo Ortega, Ablitasko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Juan Antonio Pérez Rodríguez, Buñuelgo Udaleko idazkaria.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, jarraikiz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

5.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, bildu beharko da kide guztien gehiengo osoa gutxienez.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

Halaber, ahalmena izanen du beharrezkotzat jotzen dituen barneko jardun-arauak emateko, zuzen egin daitezen oposizio-lehiaketaren proba guztiak edo horietako batzuk, betiere deialdiaren oinarriei egokituz.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Oposizioaldia: izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da probak non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren.

7.–Lehiaketaldia.

Lehiaketaldia ez da baztertzailea. Hartan izangai bakoitzaren merezimenduak baloratuko dira. Betiere deialdiko lanpostuetako eginkizunekin zuzenean ikusteko dutenak hartuko dira kontuan. 30 puntu emanen dira, gehienez.

Epaimahaiak III. eranskineko baremoarekin bat baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, horretarako erabiliz jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatu merezimenduen gaineko azalpen eta datu osagarriak.

Epaimahaiak izangaien merezimenduak baloratuko ditu baremoaren atal bakoitzean. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretiaz azaldu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik.

Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du lorturiko puntuazioa Ablitasko Udalaren iragarki-taulan, bakoitzak lehiaketaldian eskuratu dituen puntuak zehazturik.

8.–Oposizioaldia.

8.1. Probak izaera teorikoa eta praktikoa izanen du, eta II. Eranskineko gaiei lotutako ariketak ebatzi beharko dira. Probaren gehieneko balioa, osotara, 70 puntu da, eta bazterturik geldituko dira gutxienez ere puntuazio horren erdia eskuratzen ez dutenak.

Oposizioan 70 puntu emanen dira gehienez ere, eta ariketa bakarra eginen da:

Proba teoriko-praktiko bat egin beharko da, eta idatziz erantzun test motako galdera sorta bati; galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera emanen dira. Galderok izanen dira bete nahi den lanpostuko zereginei buruzkoak (ehorzketa-zerbitzuak) eta honako arlo hauei buruzkoak: eraikuntza, igeltserotza eta obrak, oro har.

Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, haren gehieneko iraupena finkatuko du.

Gehieneko puntuazioa 70 puntukoa izanen da, eta gainditzeko, gutxienez 35 puntu lortu beharko dituzte izangaiek.

8.2. Ariketarako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.

8.3. Pliken sistema erabiliko da ariketan. Plikak jendaurrean irekiko dira, eta ekitaldi hori Ablitasko Udalaren iragarki-taulan iragarriko da, gutxienez ere 24 ordu lehenagotik.

9.–Probak gainditu dituztenen zerrenda.

9.1. Oposizioaldia bukatutakoan, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda argitara emanen du Udalaren iragarki-taulan, erdietsitako puntuazioaren hurrenkeran, oposizioaldian eta lehiaketaldian izangai bakoitzak lorturiko kalifikazioak batuta.

9.2. Epaimahaiak Alkatetzari igorriko dio oposizio-lehiaketan puntuazio handiena lortu duten izangaiak izendatzeko proposamena. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.3. Proposatutako izangaiak espresuki uko egiten badio izendapenari, oposizioa gainditzen duen zerrendako hurrengoarentzat izanen da izendapen proposamena.

9.4. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egunean, proposatutako izangaiek deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituztela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte Udalaren Erregistro Orokorrean, baita beste agiri gehigarri batzuk ere, Udalak eskatzen badizkie.

Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa frogatzeko, epaimahaiak proposatu den izangaiaren osasun azterketa aginduko du.

9.5. Proposatutako izangaiak aipatu epearen barrenean agiriak aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan salbu, ezin izanen da kontratua formalizatu, eta haren egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, ukatu gabe ere eskabidean egin faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna.

Arestiko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 9.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

10.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Aitzineko oinarriak aipatzen duen hautapen prozedura burututa, ebazpen baten bidez, alkateak proposatutako izangaiak izendatzeko aginduko du; ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Aipatu epean eta ezinbestekoak salbu, jabetza hartzen ez badu, lanpostu berrirako eskubide guztiak galduko ditu. Halakoetan, 9.1 oinarriko zerrendan ondotik heldu den izangaiarekin beteko da lanpostua.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

11.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:

Ablitasko Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

Oinarri juridikoa honako hau da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua: tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko, eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua: tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko.

Datuak behar den denboran gordeko dira, zer xedetarako bildu diren, xedea lortzeko beharrezkoa den denboran, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko behar den denboran ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela argitaratzea, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.

Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, haien tratamendua mugatzeko, tratamendu horren aurka egiteko eta datuok eramateko. Horretarako, udal bulegoetara jo dezakete, han informazio gehiago eskuratzen ahalko dute-eta, edo, bertzela, balia dezakete www.ablitas.es webguneko gardentasun ataria.

Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es), edo, bertzela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari. Ordezkariak gehienez ere bi hilabeteko epean helaraziko die bere erabakia.

12.–Errekurtsoak.

12.1. Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Legeria orokorrean ezarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, arlo horretako bereko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, organo egileari aldez aurretik errekurritzeko asmoa dagoela adierazita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

12.2. Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aurrera.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005_Local_solicitud_proceso_selecc_E.pdf

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Ablitas: herria eta geografia. Udalerriko kale, auzo eta bideak. Zerbitzu publikoak. Instalazio eta ekipamendu publikoak. Lorategi eta parke publikoak.

2.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa; Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea; toki-erakundeen ondasunak; kontratazioa.

3.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. langile motak. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina araubidea.

4.–297/2001 Foru Dekretua, Hileta-osasunari buruzko erregelamendua. 2021-11-26ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 772/2011 Foru Agindua, Hilotzak Lurpetik Ateratzeko Protokoloa onesten duena. (2011-11-18ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

5.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak.

6.–Ureztaketa sarea mantentzeko lanak: ureztaketa instalazioaren prebentziozko mantentze-lanak. Aspertsoreak, difusoreak, tantakako sistema eta uholdeak. Ukondoak, t-ak, paso-giltza eta mozteko giltza. Elektrobalbulak. Iragazkiak. Euri sentsoreak.

7.–Belardietako eta belar-soroetako zainketa lanak (ureztaketak eta ureztaketa motak; belardia segatzea; eskarifikatzea; aireztatzea; profilatzea; berrereitea. Zohien bidez berritzea). Zuhaitzak eta zuhaixkak zaintzeko lanak (ureztaketak eta ureztaketa motak. Zuloak egitea eta jorratzea; kimaketak; zurkaitza paratzea). Landare loredunak eta landare erraboildunak zaintzeko lanak (ureztaketak eta ureztaketa motak; substratua ematea; lurra prestatzea; garbitzea eta kentzea).

8.–Sortze eta berriztatze lanak lorezaintzan. Belardiak berriztatzea eta ereitea (helburua, berrereintza motak, horiek egiteko sasoia, drainatzeak eta drainatze motak). Zuhaitzak, zuhaixkak eta landare loredunak berriztatzea (zuhaitzak, urteroko landareak, biurteko landareak, landare erraboildunak, landare bizikorrak). Lurra prestatzea. Drainatzeak. Drainatze motak. Landaketa motak. Landaketa esparrua eta espezieak hautatzea. Lorezaintza, lorezaintzaren printzipioak, plangintza eta diseinua, landareen hautaketa, ureztatze efizientea, lurzoruaren estaldurak, mantentze-lan egokiak.

9.–Arbolak kimatzea. Kimatu beharra espezie bakoitzean. Kimatzearen oinarriak (helburuak, motak, sasoia eta maiztasuna, mozketak egiteko manera). Zuhaixkak, muluak eta heskaiak kimatzea (kimatzeko beharrak espezie bakoitzean, kontuan hartu beharreko faktoreak, motak).

10.–Zurgintzako oinarrizko lanabesak ezagutu, erabili eta mantentzea (mailuak, zerrak, trintxak, daratulu elektrikoa eta beste batzuk, hala nola lixak, kolak...). Zurgintzako oinarrizko lanak: doitzea ate-leihoak, sarrailak eta sarraila-zilindroak. Pertsianak: motak, mantentze-lanak eta konponketa. Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak. Matxura eta konponketa ohikoenak.

11.–Igeltserotza: kontzeptu orokorrak; materialak; erremintak; zolatzeak; alikatatzeak; kofratzeak; murruak eta hormak egitea; egiturak konpontzea; hiri-altzariak eta eraikinak pintatzea; hiri-altzarien eta eraikinen mantentze-lanak. Matxura eta konponketa ohikoenak.

12.–Oinarrizko elektrizitatea: elektrikariaren oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea (bihurkinak, guraizeak, aliketak eta abar). Eraikinetako banaketa koadroak (potentzia kontrolatzeko etengailuak, magnetotermikoak, diferentzialak). Hots egiteko zirkuituak (sakagailuak, txirrinak). Oinarrizko argi-zirkuituak (etengailuak, kommutadoreak, entxufe oinak, lur-konexiodunak nahiz gabekoak, lanparak). Argi fluoreszenteko zirkuituak (pitzarazgailuak, erreaktantziak, lanpara fluoreszenteak). Zirkuitu bereziak (alarmak, larrialdiko argiak). Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak. Matxura eta konponketa ohikoenak. Argiteria publikoa: araudi orokorra eta oinarrizko arauak.

13.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze-lanak: sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien berezko elementuak. Hornidura eta saneamendua: sailkapena, materialak eta sareen elementuak. Matxura eta konponketa ohikoenak.

14.–Soldadura: kontzeptu orokorrak eta oinarrizko lanak: ezaugarriak, tipologiak, ekipoak, teknikak, prozesuak.

15.–Mekanika: udal makineria, ibilgailuak, lanabesak eta tresnak maneiatzea, mantentzea eta konpontzea. Biltegia kontrolatzea.

16.–Laneko arriskuen prebentzioa, arau-esparrua: 31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. Eskubideak eta betebeharrak. Segurtasun-baldintzekin eta laneko ingurumenarekin lotzen diren arriskuak. Arriskuak kontrolatzeko oinarrizko sistemak: babes kolektiboak eta norbera babesteko ekipamenduak.

17.–Bide-segurtasuna: lehen sorospenak. Modu seguruan erabiltzea metalezko hodi-aldamioak, eskailerak eta plataforma jasotzaileak. Obren seinaleak eta balizak.

18.–Udal-igerilekuak: ontzi bakoitzeko uraren tratamendua. Uren kontrola. Igerilekuaren mantentze lanak. Garbiketa eta desinfekzioa. Produktu kimikoak erabiltzeko segurtasuna. Aplikatu beharreko araudia.

19.–487/1997 Errege Dekretua, apirilaren 14koa, langileen segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak ematen dituena zamak eskuz jasotzeari buruz, langileen bizkarrerako eta gerrialderako arriskutsua izan daitekeen aldetik.

Oharra: gai guztiak bat etorriko dira deialdiaren iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoen legediarekin.

III. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA

1.–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

Administrazio publikoetan egindako zerbitzuen balorazioa egiteko, bi puntu emanen dira deialdia argitaratzen den egunean aitortutako antzinatasun urte bakoitzeko; gehienez ere 25 puntu.

Titulazio bat izatea Laneko Arriskuen Prebentzioko oinarrizko ikastaroa gainditzeagatik, erakunde ofizialek edo gaituek behar bezala homologatutakoa eta emandakoa, gutxienez 50 ordukoa, 39/97 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. 4 puntu emanen da.

Goi-mailako heziketa zikloko edo batxilergoko titulazioa edukitzea. 1 puntu emanen da.

Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak administrazio kontratatzailearen ziurtagiriaren bidez frogatuko dira. Agiri horretan honako hauek agertuko dira: lanpostua, maila profesionala, lanaldi mota (lanaldi partziala izanez gero, portzentajea edo ordu kopurua adierazi beharko da) eta lan egindako denboraren hasiera eta amaiera datak.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

Iragarkiaren kodea: L2506852