Iragarkia
112. ALDIZKARIA - 2025eko ekainaren 5a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ABLITAS
Deialdia, bete dadin administrari-ofizialaren lanpostu bat, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez
Ablitasko Udaleko alkateak, maiatzaren 9ko 2025-0132 Ebazpenaren bidez, honako erabaki hau hartu zuen:
1. Deialdi bat onestea, bete dadin administrari-ofizialaren lanpostu bat, C mailakoa, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez, destinoa duena Ablitasko Udalean.
2. Agintzea oinarri horiek eta eranskinak argitara daitezela Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Ablitasen, 2025eko maiatzaren 9an.–Alkatea, Carlos Bonel Soto.
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da betetzea administrari-ofizialaren lanpostu bat, C mailakoa, plantilla organikoan 33 zenbakia duena, oposizio-lehiaketaren bidez, zeina murrizturik baitago Ablitasko Udalaren plantillako langileetara.
1.2. Prozedura eginen da bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluarekin, zeinak ezartzen baitu hautaproben deialdia egiten ahalko dela beren funtzionarioetara murrizturik (betiere deialdiko lanpostu hutsak ez badakar plantillako lanpostuen kopurua handitzea), ikusten bada komeni dela lanpostu zehatz batzuk barne-igoeraren bidez betetzea, administrazio unitateen antolaketarengatik eta haien gain utzitako lanengatik.
1.3. Hautaprobak gainditu ondoan lanposturako izendatzen den izangaia sailkatuko da C mailan, eta jasoko ditu maila horretako ordainsariak, jarraikiz Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduari (erregelamendua onetsi zen uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez), eta jasoko ditu, orobat, Ablitasko Udalaren plantilla organikoan lanpostu bakoitzerako ezarritako ordainsari osagarriak.
1.4. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko izangaiak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa. Hala, eutsiko dio Gizarte Segurantzako eta osasun laguntzarko araubide berari.
1.5. Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.
1.6. Ordura arte egiten zituen lan eta eginkizunetan jardunen du izendatuak, bai eta haren gain uzten diren beste edozeinetan ere, lanpostuaren maila edo taldearekin bat etorririk.
1.7. Bete beharreko eginkizunak izanen dira ordura arteko berberak, deusetan ukatu gabe agindu ahal izatea mailakatze berritik eratorritako beste batzuk ere, eta, horrekin batera, lehengo eginkizunak eta funtzio publikora sartzeko deialditik eratortzen diren berezko eginkizunak.
2. oinarria.–Izangaien k bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa murriztu honetan onartuak izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Ablitasko Udalaren zerbitzuko funtzionarioa izatea, edo lan-kontratudun finkoa, D mailakoa.
b) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, barne-igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.
c) Nafarroako Administrazio Publikoetan 5 urteko zerbitzuak benetan egin izana frogatzea.
d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean edukitzea Batxilergoko titulua, bigarren mailako lanbide heziketako titulua edo baliokidea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
Titulazioaren baldintza betetzen ez denean, horren ordez frogatu daiteke 8 urteko zerbitzuak benetan egin izana Nafarroako Administrazio Publikoetan.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez izatea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
f) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
Baldintza horiek frogatu beharko dira eskabideak aurkeztean, eta bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako; era berean, hautapen prozesu osoan zehar eutsi beharko zaie, izendatzeko unera arte.
3. oinarria.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu behar dira Ablitasko Udaleko Erregistro Orokorrean, hogeita hamar egun naturalean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina, eta I. eranskineko ereduari lotu behar zaizkio; haietan adierazi behar da betetzen direla eskatutako baldintza guzti-guztiak.
3.2. Behar bezala betetako eskabide horrekin batera, behar diren agiriak aurkeztu beharko dira, frogatzeko betetzen direla deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak (2. oinarria), bai eta honako hauek ere:
3.2.1. NANaren kopia.
3.2.2. Honako hauen kopia, egokia dena: Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea.
3.2.3. Izangaiak eskabideari gehitu behar dizkio lehiaketaldian baliatu nahi dituen merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak edo kopia autentifikatuak.
3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, eskatzen ahalko dituzte, eskabidean bertan, denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
4. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, iragarki-taulan eta web-orrian.
Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, alkateak ebazpen bat emanen du, deklaratzen duena oposizio-lehiaketa bete gabe gelditu dela.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, deialdian onartuak izateko baldintzen inguruan, horiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta, kasua bada, erreklamazioak edo zuzenketak ebatzitakoan, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du zerrenda hori argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, iragarki-taulan eta web-orrian. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren.
Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda gisa.
5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Carlos Bonel Soto, Ablitasko Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Ramiro Arrollo Saballs, Ablitasko Udaleko alkateordea.
1. epaimahaikidea: María Pilar Sandúa Serrano, Ablitasko Udaleko administrari-ofiziala.
Ordezkoa: Belén Torres Fernández, Moncayoko Ur Mankomunitateko administrari-ofiziala.
2. epaimahaikidea: Susana Cornago Jarauta, Monteagudoko Udaleko administrari-ofiziala.
Ordezkoa: Alicia Rodriguez Alegría, Ablitasko eta Ribaforadako udaletako berdintasun teknikaria.
3. epaimahaikidea: Laura Lorente Mesa, Ribaforadako Udaleko administrari laguntzailea.
Ordezkoa: Marisa Jiménez Tarazona, Moncayoko Ur Mankomunitateko administrari-ofiziala.
Idazkaria: Sonia Mateo Ortega, Ablitasko Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Juan Pérez Rodriguez, Buñuelgo Udaleko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, jarraikiz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).
5.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, bildu beharko da kide guztien gehiengo osoa gutxienez.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioaz eta aplikazioaz sortzen diren auzi guztiak.
Halaber, ahalmena izanen du beharrezkotzat jotzen dituen barneko jardun-arauak emateko, zuzen egin daitezen oposizio-lehiaketaren proba guztiak edo horietako batzuk, betiere deialdiaren oinarriei egokituz.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.2. Oposizioaldia: izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da probak non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren.
7. oinarria.–Lehiaketaldia.
7.1. Epaimahaiak baloratuko ditu lehiatzaileek alegatu eta behar bezala frogatutako merezimenduak, III. eranskineko baremoari jarraikiz. Merezimenduak agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agirien kopiak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira aurkeztutzat hartuko. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
Epaimahaiak izangaien merezimenduak baloratuko ditu baremoaren atal bakoitzean. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretiaz azaldu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik.
8. oinarria.–Oposizioaldia.
8.1. Oposizioaldian honako proba hauek izanen dira:
a) Lehen ariketa: teorikoa. 20 galderari erantzun beharko zaie idatziz (test motakoak edo galdera laburrak), II. eranskineko programako gaiei buruz.
Ariketa honengatik gehienez 40 puntu emanen dira, eta gutxienez 20 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko.
20 puntu lortzen ez dituztenek ezin izanen dute hurrengo proba egin.
b) Bigarren ariketa: praktikoa. Kasu praktiko bat edo batzuk ebatzi beharko dira, lanpostuaren zeregin, eginkizun eta nondik norakoei buruzkoak. II. eranskineko gai-zerrenda hartuko da oinarritzat.
Ariketa honengatik gehienez 30 puntu emanen dira, eta gutxienez 15 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko.
Proba bakoitzaren gehieneko iraupena epaimahaiak zehaztuko du, haiek hasi aurretik.
8.2. Oposizioaldian 70 puntu emanen dira gehienez.
8.3. Oposizioaldiko ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo, bestela, epaimahaiaren iritziz onargarria den beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak.
8.4. Pliken sistema erabiliko da ariketan. Plikak jendaurrean irekiko dira, eta ekitaldi hori Ablitasko Udalaren iragarki-taulan iragarriko da, gutxienez ere 24 ordu lehenagotik.
9. oinarria.–Izangaien zerrenda eta izendapen proposamena.
9.1. Ariketaren kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak ikusgai jarriko du, Ablitasko Udalaren iragarki-taulan, probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lorturiko puntuazioaren araberako hurrenkeran, eta, horretarako, batuko dira izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian atera dituen kalifikazioak.
9.2. Betiere gutxieneko puntuazioa gainditurik, puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio epaimahaiak Ablitasko alkateari. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar eguneko epean, proposatutako izangaiak zinpeko deklarazioa aurkeztu beharko du Udaleko erregistro orokorrean, non adieraziko baitu ez dagoela desgaitua edo gabetua funtzio publikoetan aritzeko eta ez dela zerbitzutik kendua izan inongo administrazio publikotan.
9.4. Izangaiak ez badu aipatutako deklarazioa aurkezten ezarritako epean, salbu behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan, ez da izendatuko, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna.
9.5. Aurreko 9.4 apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, hutsunea beteko da probak gainditu dituztenen zerrendan (9.1 apartatukoa) hurrengoa den izangaiarekin, eta harekin ere erabiliko da aurreko apartatuetako prozedura bera.
10. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
10.1. Aurreko oinarrian aipatutako hautapen prozesua buruturik, Ablitasko alkateak, ebazpen baten bidez, Ablitasko Udaleko administrari-ofizial izendatuko du hautapen prozesua gainditu eta puntu gehien lortu duen izangaia.
10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
10.3. Izendapena jakinarazi eta hilabeteko epean jabetu beharko da lanpostuaz izangaia. Ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako epean lanpostuaz jabetzen ez bada, galduko ditu Ablitasko Udaleko C mailako administrari-ofizial bilakatzeko eskubide guztiak, eta jokatuko da aurreko oinarrian aurreikusi bezala. Halakoetan, lanpostua beteko da 9.1 oinarriko zerrendan ondotik heldu den izangaiarekin.
11. oinarria.–Datuen babesa.
Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:
Ablitasko Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
Oinarri juridikoa honako hau da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua: tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko, eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua: tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko.
Datuak behar den denboran gordeko dira, zer xedetarako bildu diren, xedea lortzeko beharrezkoa den denboran, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko behar den denboran ere. Aplikatuko da artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudia (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela argitaratzea, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.
Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, haien tratamendua mugatzeko, tratamendu horren aurka egiteko eta datuok eramateko. Horretarako, udal bulegoetara jo dezakete, han informazio gehiago eskuratzen ahalko dute-eta, edo, bestela, balia dezakete www.ablitas.es webguneko gardentasun ataria.
Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es), edo, besteka, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari. Ordezkariak gehienez ere bi hilabeteko epean helaraziko die bere erabakia.
12. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdiaren, oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat jartzen ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Gainera, kalifikazio-epaimahaiaren egintza eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Ablitasko Udaleko alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA
1. gaia.–Nafarroako Toki Administrazioa. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. tituluaren I. kapitulua: Udalak. III. titulua. Nafarroako toki erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarren partaidetza eta informazioa.
2. gaia.–Nafarroako Toki Administrazioa. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. V. titulua. Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. I. kapitulua. Administrazioaren esku-hartzea jarduera pribatuan. IX. titulua. I. kapitulua. Prozedura eta araubide juridikoa.
3. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. II. tituluko I., II. eta III. kapituluak (Udal zergak): xedapen orokorrak, lurraren kontribuzioa eta ekonomia-jardueren gaineko zerga.
4. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. II. tituluaren IV. eta V. kapituluak (Udal zergak): trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga eta eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga.
5. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea. II. titulua. II. kapitulua. Epemugak eta epeak. III. titulua. II. kapitulua. Egintzen eraginkortasuna.
6. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua. III. kapitulua (Zehatzeko ahalaren printzipioak) eta V. kapitulua (Funtzionamendu elektronikoa sektore publikoan).
7. gaia–1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, zeinaren bidez onesten baita Toki Erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua. II. titulua. Biztanleria eta errolda.
8. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, onesten duena Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. Atariko titulua: foru legearen xedea eta helburua. V. titulua. I. kapitulua. Esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileran.
9. gaia.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, arautzen dituena Ingurumenean Eragina duten Jarduerak. I. titulua. V. kapitulua. Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak.
10. gaia.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, onesten duena Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina. V. titulua. IV. kapitulua. Zehapen prozedura.
11. gaia.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, hizpide dituena Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroa eta katastroak. I. titulua. IV. kapitulua. Lur-ondasunen Erregistroko oinarrizko datuak aldatzeko prozedurak.
Oharra:
Deialdia zein egunetan argitaratzen den Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean den legediaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
III. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA
a) Nafarroako administrazio publikoetako administrazio lanetan benetan egindako zerbitzuengatik: 2 puntu urte bakoitzeko. Laneko eskarmentuagatik, gehienez: 25 puntu.
Zerbitzu-urtea osoa ez bada, kontuan hartuko da zerbitzuak zenbat egunetan egin diren, eta horren arabera esleituko zaie puntuazioa izangaiei.
b) Prestakuntza eta hobekuntza ikastaroengatik, eman dituztenean zentro ofizial publikoek, funtzionarioentzako prestakuntza zentroek eta titulu ofizial aitortua duten unibertsitateek, edo eman dituztenean etengabeko prestakuntzarako planetan sartuta dauden entitateek, sindikatuek nahiz prestakuntza zentroek, betiere lanpostuari dagozkion gaien inguruko ikastaroak direnean, honako baremoaren arabera: 5 eta 15 ordu bitarteko iraupena badute, 0,5 puntu ikastaroko; eta 10 ordutik gorako iraupena badute, puntu bat ikastaroko, gehienez ere 5 puntu eskuratu arte. Ez dira kontuan hartuko 5 ordutik beherako ikastaroak.
Iragarkiaren kodea: L2506851
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
