1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
22/2025 FORU AGINDUA, maiatzaren 8koa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak emana, Nafarroako boluntarioaren sarirako deia egiten duena 2025. urterako.
Nafarroako Boluntariotzari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearen 15. artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluaren iritzian oinarrituta, urtero emanen du Nafarroako boluntarioaren saria.
Azaroaren 28ko 279/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako boluntarioaren saria arautu zen, eta sari deialdirako arauak ezarri ziren.
4. artikuluak ezartzen duenez, sariaren deialdia urtero eginen da, boluntariotza koordinatzeko arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu bidez; deialdian zehaztuko dira hautagaitzak aurkezteko epea eta saria emateko prozedura.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuari loturik,
AGINTZEN DUT:
1. Nafarroako boluntarioaren sarirako deia egitea 2025. urterako.
2. Onestea Nafarroako boluntarioaren 2025eko saria nola eman arautzeko oinarriak, zeinak foru agindu honi erantsi baitzaizkio.
3. Foru agindu hau eta oinarriak igortzea Nafarroako boluntarioaren 2025eko sariko batzorde teknikoko eta aholku batzordeko kideei igortzea, horien berri izan ditzaten.
4. Foru agindu hau eta oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 8an.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.
NAFARROAKO BOLUNTARIOAREN 2025EKO SARIA EMATEKO OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea eta helburua.
1.1. Deialdi honen xedea da oinarriak ezartzea Nafarroako boluntarioaren 2025eko saria emateko.
1.2. Sari horren helburua da jendaurreko aintzatespena egitea boluntariotzaren arloan gailendu den pertsona fisiko edo juridiko bati, boluntariotzan arduraz aritzeagatik edo boluntario jardunean gizartearentzako eredu izateagatik, edo boluntariotzako jarduketek garrantzi berezia izateagatik.
2. Hautagaitzak aurkeztea.
2.1. Nafarroako boluntarioaren 2025eko sarirako hautagaitzak oinarri hauen I. eranskineko formularioaren bidez eginen dira.
Edozein pertsona fisiko edo juridikok aurkezten ahalko ditu hautagaitzak, eta jasota utzi beharko da zer pertsona fisiko edo juridikoren hautagaitza aurkezten den.
Pertsona fisikoek hautagaitzak nola aurkeztu aukeratu dezakete: aurrez aurre, Nafarroako Gobernuaren herritarren arretarako bulegoetan –Iruñean (Orreaga etorbidea 11) edo Tuteran (Foruen plaza 5 eta 6)–, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, Estatuko Administrazio Orokorraren, autonomia erkidegoen eta Toki Administrazioa eratzen duten erakundeen gainerako erregistroetan; edo modu elektronikoan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluaren arabera, Nafarroako zerbitzuen atarian argitaratutako fitxaren bidez, esteka honetan:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/boluntarioaren-saria
Pertsona juridikoek, aldiz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.a) artikuluan jasotakoaren arabera, modu elektronikoa erabili behar dute nahitaez, Nafarroako zerbitzuen atarian argitaratutako fitxaren bidez, esteka honetan:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/boluntarioaren-saria
2.2. Hautagaitzak aurkezteko epea hogei egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.
3. Memoria eta agiriak.
3.1. Hautagaitzarekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) I. eranskina: hautagaitza aurkezteko formularioa, non adierazi beharko baitira hautagai izateko aurkezten den pertsona fisiko edo juridikoaren izen-abizenak eta harremanetarako datuak.
b) II. eranskina: merezimenduak azaltzeko memoria (1.000 hitz gehienez), delako pertsonaren edo entitatearen hautagaitza aurkezteko oinarri diren merezimendu aipagarriak jasotzen dituena, baita egokitzat jotzen den gainontzeko informazioa ere, saria eskuratzeko kontuan hartuko diren merezimenduen frogagarri.
c) III. eranskina: atxikimenduaren adierazpena. Nahi izanez gero, hautagaitzaren aldeko gutunak aurkezten ahalko dira.
d) Beste edozein dokumentazio osagarri, alegatutako merezimenduak indartu eta egiaztatzeko.
3.2. Merezimenduen memorian adierazten ez diren datuak ezin izanen dira baloraziorako kontuan hartu.
4. Hautagaitzaren akatsak zuzentzea.
Hautagaitzak erabat osatu gabe aurkezten badira, edo behar den agiri guztiak eransten ez badira, Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak interesdunei errekerimendua eginen die bost egun balioduneko epean akatsa zuzen dezaten edo falta diren nahitaezko agiriak gehitu ditzaten, eta adieraziko die ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten dutela ondorioztatuko dela, aurretik behar den ebazpena emanik.
5. Laguntzak emateko irizpideak.
Kontuan hartuko da boluntario jardunak zein neurritan diren gizartearentzako eredugarriak edo zein neurritan gailendu diren, eta horri erreparatuta, honako irizpide hauei jarraituko zaie saria emateko:
5.1. Gizarte konpromisoaren ikuspegitik garrantzi handiko ekintza puntualak egitea.
5.2. Boluntariotzaren zenbait arlotan egindako ibilbidea.
5.3. Saria jasotzeko hautagai den boluntarioa gizarte-bazterketa arriskuan edo egoera sozial zaurgarrian dagoen sektore batekoa izatea, orain arte boluntario jarduketen hartzaile izandakoa, eta orain jarduketen eragile bihurtu izana.
5.4. Boluntariotza bultzatzen duten jarduketak egin izana.
5.5. Boluntariotzaren arloan, bestelakoetan edo arlo atipikoetan garatutako ekimenak, jarduketak edo praktika berritzaileak, edo bidea ematen dutenak desgaitasuna duten pertsonek jarduera boluntarioak gara ditzaten.
5.6. Ekimen eta ekintza eredugarriak dituzten ibilbideak, aitortza publikoa merezi dutenak, bai izan duten garrantzi eta oihartzunagatik, bai eta Nafarroaren irudia nazioartean proiektatzeagatik ere, boluntariotzaren arloan.
5.7. Hautagaiaren boluntario jardunaren eragina eta oihartzuna, hartzaileen bizi-baldintzak hobetzeari dagokionez. Bereziki baloratuko da boluntario jardunak Nafarroako Foru Komunitatean izatea eragina eta oihartzuna.
5.8. Honako hauei laguntzeko boluntariotza ekintzak garatu izana: emakumeen eta gizonen berdintasunaren sustapena; emakume eta neskatoen ahalduntzea; emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa; maskulinitate berdinzaleak, diskriminaziorik eza, gizarte-inklusioa eta elkartasuna bultzatzeko ekintzen sustapena, eta giza eskubideen eta oinarrizko eskubideen sustapena eta sendotzea.
5.9. Pertsona juridikoen kasuan, kontuan hartuko da programatu dituzten boluntario jarduerak garatzean kolektibo eta pertsona boluntarioak inplikatu diren.
5.10. Boluntario jardunean sortutako aliantzak.
6. Laguntzak emateko prozedura.
6.1. Oinarri hauen 6.2 oinarrian xedatutakoaren arabera osatutako batzorde teknikoak jasotako proposamenen egokitasuna berrikusiko du, oinarri hauen eta aurreko oinarrian adierazitako irizpideen arabera, eta gehienez 10 proposamen hautatuko ditu, eta aholku batzordeari helaraziko dizkio, azter eta balora ditzan.
6.2. Honako hauek osatuko dute batzorde teknikoa:
–Itziar Ayerdi Fernández de Barrena andrea, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuko zuzendaria.
–Nerea Arza López andrea, Herritarren Partaidetzarako eta Boluntariotzarako Atala.
–María Teresa López Morentin andrea, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuari esleitutako berdintasuneko teknikaria.
–Andoni Majo Cacho jauna, Boluntariotzaren Mahai Teknikoko idazkaria.
–Alfonso del Val Agustín jauna, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Mahai Teknikoko kidea.
–Antonio Escrich Roldan jauna, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Boluntariotzaren Mahai Teknikoko kidea.
6.3. Nafarroako boluntarioaren sarirako aholku batzordearen osaera honelakoa izanen da: batzordeburu bat, bederatzi batzordekide eta idazkari bat.
6.4. Nafarroako boluntarioaren sarirako aholku batzordeko burua izanen da Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusia. Batzordeburuak honako eginkizun hauek izanen ditu: batzordeari ohiko bilkurarako edo bilkura berezirako deia egitea, bilkurak modu egokian garatzen direla eta foru agindu honetako xedapenak zuzen aplikatzen direla zaintzea, eta batzordearen osoko bilkuretan izaten diren eztabaidak moderatzea eta adostasunerako bide ematea.
6.5. Nafarroako boluntarioen sariko aholku batzordeak kide hauek izanen ditu:
–María José Caudevilla Pérez andrea, Eskubide Sozialetako, Boluntariotzaren Mahai Teknikoko kidea Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentutik.
–Juan Antonio Iriarte Zancajo jauna, Mahai Teknikoko kidea Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentutik.
–Ana Isabel Munguira Elizondo andrea, Mahai Teknikoko kidea Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentutik.
–María Camino Barcenilla Tirapu andrea, Boluntariotzaren Mahai Teknikoaren kidea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentutik.
–Ibai Fernández Lacabe jauna, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziokoa.
–David Pérez de Ciriza Eslava jauna, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikokoa (CPEN).
–Alberto Jáuregui Virto jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikokoa.
–Alfredo Casares Corrales jauna, Periodismo Constructivo institutuko zuzendaria.
–María José Leoz Tellería andrea, urteko boluntario gisa aitortua izan zen lehen pertsona 2024. urtean.
6.6. Ana Isabel Etxaleku Castaño andreak, Herritarren Partaidetzarako eta Boluntariotzarako Ataleko buruak, eginen ditu Nafarroako boluntarioaren sariko aholku batzordeko idazkari lanak, eta haren ordezkoa izanen da Raquel Ezquerra Sales andrea, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Herritarren Partaidetzarako eta Boluntariotzarako Ataleko teknikaria. Idazkariak hitza eta botoa izanen ditu, eta batzordeko kideei beren eginkizunak eta betebeharrak behar bezala betetzen lagunduko die.
6.7. Aholku batzordeak batzorde teknikoak proposatutako hautagaitzak aztertuko ditu, eta horietako bakoitza baloratuko du alegatutako merezimenduen eta 5. oinarrian ezarritako esleipen irizpideen arabera. Batzordeak finalista izan diren hamar hautagaitzak puntuatuko ditu, eta gehienez 50 puntu emanen ditu hautagaitza bakoitzeko, aintzat hartutako merezimenduen eta oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera.
6.8. Hautagaitza bakoitzari puntuak emateko, honako prozedura hau erabiliko da:
1. Aholku batzordeko kide bakoitzak bi boto ematen ahalko dizkio lehenbiziko posturako aukeratzen duen hautagaitzari, eta boto bat, bigarren posturakorako.
2. Hautagaitza batek gehienez ere lortzen ahal duen boto kopurua honela kalkulatuko da: aholku batzordeko kideak, balorazioa egiteko bilkurara bertaratu direnak, bider kide bakoitzak hautagaitza bakoitzari esleitzen ahal dion gehieneko boto kopurua (2 boto).
3. Hautagaitza bakoitzak lortutako boto kopurua batuko da, eta kalkulatuko da kopuru hori zer ehuneko den, aurreko apartuan azaldutakoaren arabera kalkulatu den gehieneko boto kopuruari dagokionez.
4. Azkenik, hautagaitza batek lor dezakeen gehieneko puntu kopurua (50 puntu) banatuko da, aurreko apartatuan hautagaitza bakoitzak lortutako botoen ehunekoaren arabera, proportzioan. Banaketa horren ondoriozko puntuak bi dezimalekin adieraziko dira.
Lortutako puntuazio handienak kontuan harturik, aholku batzordeak Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluari igorriko dio saria emateko proposamena, non gehienez ere hiru hautagaitza proposatuko baitira.
6.9. Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluak, aholku batzordeak saria emateko egindako proposamena ikusirik, txosten bat prestatuko du, eta Nafarroako boluntarioaren saria proposameneko hautagaitzetako bati ematea proposatuko du, edo saria eman gabe geldituko dela deklaratuko. Aholku batzordearen irizpidea alde batera utziz gero, Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluak erabaki horren gaineko arrazoiak eman beharko ditu.
6.10. Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak foru dekretu bidez emanen du Nafarroako boluntarioaren 2025eko saria.
7. Saria.
Saria gizartearen aitortza egiaztatzen duen diploma bat izanen da.
Gainera, Nafarroako Gobernuak esker ona adieraziko dio saridunari jendaurreko ekitaldi batean.
8. Datuen babesa.
Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta 2016ko apirilaren 27ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzko 2016/679 Erregelamenduak (EB) ezartzen dutena betez, parte-hartzaileek emandako datuak Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean sartzen ahalko dira, programarekin zerikusia duten eskumenak eta eginkizunak dituzten pertsona eta entitate guztiekin komunikazioak eta informazio trukeak errazteko asmoz. Edozein pertsonak eskubidea du datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko eta hari dagozkion erabaki automatizatuen aurka egiteko. Horretarako, idatzizko eskaera egin behar dio Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiari.
9. Antolaketaren ardura.
Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak ebatziko ditu deialdi honen garapenean gertatzen ahal diren gorabeherak eta oinarriotan aurreikusi gabekoak, aplikatzekoak diren arauekin bat. Halaber, ahalmena izanen du oinarri hauen interpretazioari eta aplikazioari dagokienez sortzen diren gorabeheren gainean ebaztezko.
10. Errekurtsoak.
Nafarroako boluntarioaren sariaren deialdi honen oinarrien kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK
I. eranskina.–Nafarroako boluntarioaren 2025eko sarirako hautagaitza aurkezteko formularioa.
II. eranskina.–Merezimenduak azaltzen dituen memoria.
III. eranskina.–Atxikimendua adierazteko eredua. Nafarroako boluntarioaren 2025eko saria.
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/boluntarioaren-saria
Iragarkiaren kodea: F2506751