11. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CÁRCAR

Ordenantza, laguntzak arautzen dituena lehentasunez birgaitu beharreko arean dauden eraikinak birgaitzeko. Behin betiko onespena

Carcarko Udalak, 2024ko azaroaren 7an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen honako ordenantza hau: Ordenantza, laguntzak arautzen dituena Carcarko udalerrian lehentasunez birgaitu beharreko arean sartuta dauden eraikinak birgaitzeko.

Espedientea jendaurrean egon da, iragarkia 2024ko 231. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, azaroaren 14an, baita udal honetako iragarki-taulan ere. Arauzko epea inork erreklamaziorik aurkeztu gabe iragan denez gero, behin betiko onetsitzat jo da. Ondotik, testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea betez.

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

Ordenantza honen xedea da Udalak ezarri dituen laguntzak arautzea Carcarko udalerrrian lehentasunez birgaitu beharreko arean sartuta dauden eraikinak birgaitzeko, betiere ordenantza honetan ezartzen diren baldintzen eta ezaugarrien arabera.

2. artikulua. Printzipio orokorrak eta araubide juridiko aplikagarria.

Honako printzipio gidari hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honek aipatzen dituen laguntzak:

–Publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibitatea, tratuaren berdintasuna eta diskriminazio eza.

–Eraginkortasuna finkatutako helburuak betetzean.

–Efizientzia, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.

–Bitartekoen eta helburuen arteko batasuna, laguntzak emateko arrazoia izan dadin.

Ordenantza honen laguntzek honako hauetan jasotakoari jarraituko diote: ordenantza bera, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duena) eta aplikatzekoak diren administrazio zuzenbideko gainerako arauak.

3. artikulua. Laguntzak instruitu eta emateko organo eskudunak.

Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Carcarko Udaleko Hirigintza Alorrari dagokio.

Alkatetzak izanen du eskumena ordenantza honetan araututako laguntzak emateko, egun dauden eskuordetzak edo etorkizunean izaten ahal direnak ukatu gabe; kasu horretan, eskuordetza horietan erabakitzen diren organoek izanen dute eskumena, zehaztuko den ahalmenarekin.

4. artikulua. Babespeko obrak.

Udal laguntzen xede izanen dira Carcarko udalerrian lehentasunez birgaitu beharreko arean sartuta dauden eraikinak birgaitzeko obrak, baldin eta eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko laguntzak lortu badituzte. Horretarako, aurretiaz Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Departamentuak birgaitzea babestutzat kalifikatu beharko du.

5. artikulua. Aurrekontu babesgarri kontzeptua.

Dirulaguntzak kalkulatzeko, birgaitze babestuko behin betiko espedientean Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Departamentuak ezartzen duen babespeko aurrekontuaren ehunekoa aintzat hartu beharko da.

6. artikulua. Aurrekontuko zuzkidura.

Urtero, Carcarko Udalak bere aurrekontuetan sartuko du lehentasunez birgaitu beharreko areako biztanle bakoitzari urteko aplikatzen ahal zaion modulu ponderatuaren %1 baino gutxiago izanen ez den zenbatekoa.

7. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Departamentuak birgaitze babestuko behin betiko espedientean ezarritako aurrekontua abiapuntutzat hartuta, birgaitze babestuko behin betiko kalifikazioa ematean %10eko dirulaguntza emanen da.

Birgaitze babestuko behin betiko kalifikazioa ordenantza hau indarrean jarri eta gerokoaizanen da.

Diruz lagun daitekeen banakako jarduketa bakoitzeko gehienez 1.500 euro emanen dira, jarduketa kolektibo bakoitzeko, ordea, 3.000 euro.

8. artikulua. Diruz lagundutako obren finantzaketa eta beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1. Ordenantza honetan aurreikusitako irizpideak aplikatuta ezarriko da Udalaren laguntza ekonomikoen muga.

2. Udalaren laguntzak Nafarroako Gobernuak eta beste administrazio eta entitate batzuek ezarrita dituztenen osagarri izanen dira.

3. Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inoiz diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa izanen, ez bakarrik ez gehituta beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk, edozein administrazio, entitate edo pertsonarengandik datozela ere. Kasu horretan, eskuratutako soberakina itzuliko da eta dagokion berandutze-interesa eskatuko.

4. Proiektu edo jardueraren kostuaren aldean, entitate publikoetatik hartutako dirulaguntza bateragarriak gehiegizkoak direnean, eta gainera laguntza horiek bateraezinak badira, onuradun fisiko edo juridikoak gehiegizko zenbatekoa eta berandutze-interesak itzuli beharko ditu, ordainketa-gutunak gehituta dagokion justifikazioari. Laguntza ematen duten erakundeei itzuliko zaie gehiegizko zenbatekoa; zenbat eman duen bakoitzak, haren proportzioan.

5. Hala ere, Administrazioa ohartzen bada gehiegizko finantzaketa horretaz, gehiegizko zenbatekoa osorik itzultzeko exijituko du, hark emandako dirulaguntzaren mugaraino.

9. artikulua. Onuradunak.

Onuradun izanen dira Carcarko udalerrian lehentasunez birgaitu beharreko arean dauden eraikinen jabe diren pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta Nafarroako Gobernuko birgaitze babestuko laguntzak jaso badituzte.

10. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.

a) Helburua bete, proiektua gauzatu, jarduera egin edo laguntzak emateko arrazoia den portaera izan eta haien zenbateko osoa laguntzaren xederako erabiltzea, ordenantza honetan araututako laguntzen izaeraren arabera.

b) Organo emailearen egiaztapenak onartzea, baita kontrol organo eskudunek egin dezaketen beste edozein egiaztapen ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

c) Organo emaileari komunikatzea diruz lagundutako obrak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

d) Gordetzea jasotako funtsen erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol jarduketen xede izan daitezkeen bitartean.

e) Hartutako dirua itzultzea, ordenantza honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean aurreikusitako kasuetan.

f) Toki entitate honekiko zerga arloko betebeharrak eguneratuta izatea.

11. artikulua. Eskaerak.

1. Eskaera aurkezteko, interesdunek Carcarko Udaleko eskabide-eredu orokorra erabiliko dute, sinaturik eta ordenantza honek zehazten dituen agiriak erantsirik.

2. Eskaerak ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio gutxienez hamar eguneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

3. Ordenantza honen bidez diruz laguntzen diren jarduketa guztiek hirigintzako lizentzia izan beharko dute aldez aurretik.

4. Ordenantza honetako baldintzak eta beharkizunak ez betetzeak, baita aurkeztutako dokumentazioko edozein datu faltsutzeak ere, dagokion espedientean udal laguntzak deuseztatzea eta kentzea ekarriko dute, eta jasotako laguntza, halakorik balitz, Udalari itzultzea.

12. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

a) Eskatzailearen nortasunaren egiaztagiriak eta, haren izenean ordezkariren batek badihardu, hari dagozkionak:

–Pertsona fisikoa bada, NANaren fotokopia indarrean.

–Jabeen erkidegoa bada, erkidegoari dagokion identifikazio fiskaleko zenbakiaren fotokopia.

–Pertsona juridikoa bada, eratze-eskrituraren eta, bidezkoa bada, aldaketaren kopia, dagokion erregistroan behar bezala inskribatua, eta erakundeko ordezkariaren NANa.

b) Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Departamentuak birgaitzearen behin betiko kalifikazioa eman duelako dagokion dirulaguntzaren ebazpena.

c) Dirulaguntza zein kontutan jaso nahi duen, bankuak kontu horren titulartasunari buruz egindako ziurtagiria.

13. artikulua. Instrukzioa eta ebazpena.

1. Carcarko Udaleko Hirigintza Alorrari dagokio dirulaguntza emateko prozedura instruitzea. Hark ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, ordenantza honetan xedatutako irizpideekin bat etorriz, eta txosten bat emanen du, non idatziz jasoak utziko diren dirulaguntzak lortzeko baldintza guztiak betetzen dituzten onuradunak.

2. Espedienteak eskaeraren ordena kronologikoari jarraikiz izapidetu eta ebatziko dira. Espediente guztiak banan-banan aztertuko dira, eta dirulaguntza emanen da izendatutako aurrekontu-kreditua amaitu arte. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak erreserban geldituko dira hurrengo ekitaldirako.

3. Espedienteak baloratu eta gero, laguntzak eman eta ordainketa onetsiko da hamar egun naturalean, emakida jakinarazten denetik zenbatzen hasita.

4. Ebazpenean, berariaz adieraziko dira eskatzailearen datuak eta zenbateko dirulaguntza emanen zaion.

5. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa da, gehienez. Prozedura ebazteko gehieneko epea iragaten bada berariazko ebazpenik eman gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

14. artikulua. Jakinarazpena eta publizitatea.

Ebazpena eskatzaileei jakinaraziko zaie Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, eta amaiera emanen dio administrazio bideari. Haren kontra zein errekurtso diren bidezko, zein organo administratibori eta judiziali aurkeztu eta zein duten epea adierazi beharko da; haatik, interesdunek bertze bat egokitzat joz gero, hura erabiltzen ahalko dute.

15. artikulua. Laguntza ekonomikoak jasotzea.

1. Espediente bakoitzari dagozkion laguntzak obrak amaitutakoan likidatuko dira, betiere Nafarroako Gobernu Etxebizitza Departamentuak emaniko birgaitzeko espedientearen behin betiko kalifikazioa lortu ondoren.

2. Ezin izanen da dirulaguntza ordaindu, pertsona fisiko edo juridiko onuradunak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzako betebeharrak eguneratuak ez baditu.

3. Dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko da behar bezala justifikatzen ez bada, edo gertatzen bada Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako arrazoietako bat.

16. artikulua. Laguntzak itzuli beharra.

Hartutako dirua itzultzeari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. artikuluan eta hurrengoetan eta hura garatzen duen araudian ezarritakoari jarraituko zaio.

17. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean tipifikaturiko egiteak eta ez egiteak, eta horiek zehatuko dira aipatu legean eta hori garatzeko araudian ezarritako prozedurari jarraikiz.

Xedapen gehigarria.–Hurrengo ekitaldietako aurrekontuetan eragina izanen duten dirulaguntza-gastuak onesteko aukerari dagokionez, aurrekontuei buruzko araudi aplikagarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

Azken xedapenetako lehena.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuarekin bat etorriz, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

Carcarren, 2025eko urtarrilaren 2an.–Alkatea, Teresa Insausti Sola.

Iragarkiaren kodea: L2500015