11. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

AZKOIEN

Deialdia, bete dadin, behin betiko eta oposizio-lehiaketa bidez, C mailako toki garapeneko teknikariaren lanpostu bat (turismoa -merkataritza-industria)

Azkoiengo Udaleko Gobernu Batzarrak, 2024ko abenduaren 13an egin bilkuran, honako deialdi honen oinarriak onestea erabaki zuen: deialdia, bete dadin, behin betiko eta oposizio-lehiaketa bidez, C mailako toki garapeneko teknikariaren lanpostu bat (turismoa -merkataritza-industria ), Azkoiengo Udalean.

Erabaki honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Azkoienen, 2024ko abenduaren 17an.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.

OINARRIAK, HONAKO DEIALDI HAU ARAUTUKO DUTENAK: DEIALDIA, BETE DADIN, BEHIN BETIKO ETA OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ, C MAILAKO TOKI GARAPENEKO TEKNIKARIAREN LANPOSTU BAT (TURISMOA-MERKATARITZA -INDUSTRIA ), AZKOIENGO UDALEAN

DEIALDIAREN OINARRIAK

1. oinarria. Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da toki garapeneko teknikariaren lanpostu bat (turismoa-merkataritza-industria) betetzea, behin betiko eta oposizio-lehiaketaren bidez, Azkoiengo Udalean aritzeko. Lanpostu hori C mailakoa da, eta 1-14 zenbakia du plantilla organikoan.

1.2. Era berean, deialdi honen xedea da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat eratzea, toki garapeneko teknikariaren lanpostuan (turismoa-merkataritza-industria ) aritzeko, Azkoiengo Udalean sortzen ahal diren beharrei erantzuteko.

1.3. Prozesu hau gauzatuko da honako araudian xedatutakoaren arabera: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua (Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena), ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua (Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena), apirilaren 2ko 7/1985 Legea (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena), aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

1.4. Lanpostuak izanen ditu Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien C mailako ordainsariak, bai eta plantilla organikoan ezarritako lansari osagarriak ere.

1.5. Urteko lanaldia izanen da bulego orokorretako gainerako langileek duten bera, eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.6. Oinarri hauen III. eranskinean adierazi dira lanpostuaren eginkizunak, aipatze hutsez, eta bertzelakoak baztertu gabe.

1.7. Izendapenaren ondorioz hautatzen dena Azkoiengo Udaleko funtzionarioa izanen da, ondorio guztietarako, lanpostuaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da, eta hartan alta emanen zaio.

1.8. Oinarri hauetan araututako oposizioa egin eta gero eratzen den zerrenda kudeatzeko, oinarriotan xedatuta ez dagoen orotan, jarraikiko zaio Nafarroako Gobernuaren kontratazio-zerrendei aplikagarri zaion araudiari (Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua).

2. oinarria. Betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartua izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko bertze estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa (Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio); orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean Batxilergoko titulua, Bigarren Graduko Lanbide Heziketakoa edo titulu baliokide bat izatea edo eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.

f) 27,95 euroko tasa ordaintzea, Oposizio eta lehiaketa prozeduretan parte hartzeko tasak arautzen dituen ordenantzan ezarri bezala.

2.2. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dute aipatutako baldintza horiek betetzen dituztela, deialdi honetako 3. eta 7. oinarrian ezartzen diren epean eta moduan. Baldintzak bete beharko dituzte, hain zuzen ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta horien jabe beharko dute izan oposizioaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.

3. oinarria. Eskabideak nola eta noiz aurkeztu.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Azkoiengo Udaleko alkate udalburuari zuzenduko zaizkio, eta hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Azkoiengo Udalaren erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ortziralera, 9:30etik 14:30era, edo Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (http://peralta.sedelectronica.es), horretarako sortutako izapidea baliatuta.

Orobat, eskabideak aurkezteko erabiltzen ahalko dira urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak (39/2015 Legea, Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, ORVE delakoa baliatuz bidaliko da (Erregistro Birtual Eletronikoaren Bulegoa), helmugako kode digital honetara igorriz: L01312021.

Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, epea luzatuko da hurrengo lehen egun baliodunera arte.

3.2. Eskabide horiek I. eranskinean argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, horretarako sortutako izapidean jasota dagoenari.

3.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek aurkeztu beharko dute beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia, eta, hala badagokio, bigarren oinarriko 2.1.a) apartatuan nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Gainera, parte hartzeko eskabidean, zinpean adierazi beharko da, edo hitzeman, ez daudela beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena baten mende.

–Deialdira aurkezten diren merezimenduen kopia, 6. oinarriaren arabera baloratzeko.

–2.1 oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren fotokopia.

–27,95 euroko tasa Azkoiengo Udalaren kontuan ordaindu izanaren frogagiria: ES54 2100 5001 132100148894, izen-deiturak eta NANa adierazita (ez badira datu horiek ematen diru-sarreran, ezin izanen da ordaindutzat hartu).

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.5. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.

3.6. %33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera.

Desgaitasuna duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute probak egiteko, denboran edo baliabideetan, hala eskatu beharko dute eskabidean, eta zehaztu beharko dute, horretarako ezarritako tokian, zer egokitzapen eskatzen duten eta/edo zer moldaketa behar duten denboretan eta baliabideetan. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskabidea aurkeztean.

3.7. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4. oinarria. Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Azkoiengo Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren ediktu-taula fisikoan eta Azkoiengo Udalaren egoitza elektroniko gardentasun alorrean, Enplegu Publikoaren atalean (https://peralta.sedelectronica.es/).

4.2. Izangai baztertuek hamar egun naturaleko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, alkate udalburuak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taula fisikoan, bai eta Azkoiengo Udalaren egoitza elektroniko gardentasun atarian ere, Enplegu Publikoaren alorrean (https://peralta.sedelectronica.es).

4.4. Baldin onartuen behin-behineko zerrendarako bazterturik ez badago, onartuen behin betiko zerrenda eratuko da.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du erran nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak.

Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.6. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioko lehen ariketa eta epaimahaiaren behin betiko osaera. Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Azkoiengo Udalaren iragarki-taula fisikoan eta egoitza elektroniko gardentasun alorrean, Enplegu Publikoaren atalean (https://peralta.sedelectronica.es).

5. oinarria. Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Juan Carlos Castillo Ezpeleta, Azkoiengo alkatea.

Ordezkoa: María Pilar Orduña Osés, Turismoko zinegotzia.

–Epaimahaikidea: Mercedes Boneta Fernández, Martzillako Udaleko Kultura, bestetarako eta turismoko teknikaria.

Ordezkoa: turismoko edo toki garapeneko udal teknikaria, zehazteke.

–Epaimahaikidea: Micaela García Etxeberria, NASUVINSAko lurralde garapen jasangarriko teknikaria.

Ordezkoa: Laura Senosiain Esain, Nafarroako Gobernuko Turismoaren lurralde garapen jasangarriko zerbitzuko turismo bulegoetako koordinatzailea.

–Epaimahaikidea: langileen ordezkariek izendatutako epaimahaikidea eta ordezkoa.

Ordezkoa: hark izendatutakoa.

–Idazkaria. Eva María López Soto, Azkoiengo Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Jose María Gainza Ordoqui, Azkoiengo Udaleko kontu-hartzailea

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, horren berri emanen da izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

6. oinarria. Oposizioaren garapena eta balorazioa.

6.1. Hautapen prozesua bi alditan gauzatuko da: lehiaketaldia eta oposizioaldia.

6.2. Lehiaketaldian 30 puntu eskuratuko dira, gehienez ere.

Oposizioaldia baino lehen izanen da, ez da baztertzailea, eta ezin izanen da aintzat hartu aipatu oposizioaldiko ariketak gainditzeko. Atal honetan gehienez ere 30 puntu ematen ahal dira merezimendu hauengatik:

a) Esperientzia:

–12 puntu emanen dira, gehienez, bertze edozein administrazio publikotan, turismo-merkataritza-industria arloko edo antzeko ofizial edo teknikari gisa eginiko zerbitzuengatik, deialdiko lanpostuak dituen eginkizunetan. 4 puntu, zerbitzu eginiko urte oso bakoitzeko.

–4 puntu emanen dira, gehienez, bertze edozein entitate pribatutan, toki- edo turismo-garapenerako agente gisa edo antzeko gisa eginiko zerbitzuengatik. 2 puntu, osorik lan eginiko urte bakoitzeko.

Urtebetetik beheitiko zerbitzualdiak hainbanatuko dira.

Puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

Atal honetako puntuazioa 15 puntu artekoa izanen da.

b) Prestakuntza:

–5 puntu emanen dira honako titulu hauetakoren bat izateagatik, deialdian onartzeko baldintza gisa aurkezturiko tituluaz aparte:

Turismoko Enpresa eta Jardueretako teknikaria, Turismoko Enpresa eta Jardueretako diploma, Turismo diploma, Turismo gradua edo turismoko arloarekin lotutako graduko titulua, edo horren baliokidea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu horiek eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinak.

–2 puntu emanen dira honako titulu hauetakoren bat izateagatik: garapen jasangarriko teknikaria, jasangarritasunerako teknikaria edo antzekoa.

–Gehienez 10 puntu emanen da lanpostuaren eginkizunekin lotutako prestakuntzagatik (turismoaren, industriaren eta/edo merkataritzaren plangintza, kudeaketa, kalitatea, legeria, programazioa, antolaketa edo ebaluazioa). Tituluak erakunde ofizialek, administrazio publikoek edo unibertsitateek emandakoak edo homologatuak izan beharko dira. 0,05 puntu, prestakuntzako 10 orduko. Ez da baloratuko 20 ordu baino gutxiagoko ikastarorik.

c) Hizkuntzak: erakunde ofizialek emandako ziurtagiriaren bidez frogatutako frantseseko, ingeleseko, alemaneko edo italierako jakintzagatik, honako puntu hauek emanen dira aipatu hizkuntza bakoitzeko goi mailako titulu bakoitzeko:

–B1 maila, 1 puntu.

–B2 maila, 1,25 puntu.

–C1 edo goragoko maila, 1,5 puntu.

Lehiaketaldian baloratu beharreko merezimenduak eduki beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean. Soilik baloratuko da deialdia argitaratzen den egunera arteko laneko eskarmentua.

Aipatu merezimenduak frogatuko dira honako agirien bidez:

–Titulazioak, masterrak eta graduondokoak, dagokion tituluaren kopia bidez.

–Administrazio publikoaren erakundeetan emandako zerbitzuen denbora, eman ziren erankundearen ziurtagiriaren bidez; bertan jaso beharko dira bete den lanbide-kategoria, lanpostuari dagokion maila, esleiturik balu, eta esleituriko eginkizunak.

–Prestakuntza edo hobekuntza ikastaroak, gainditu direla egiaztatzen duen agiriaren fotokopiaren bidez, edo hala badagokio, ikastaroa eman zuen akademiaren edo zentroaren aprobetxamendu-ziurtagiriaren bidez. Zehaztu beharko ditu ordu edo kreditu kopurua (eta kreditu kopuruaren baliokide den ordu kopurua) eta ikastaroaren programa.

–Hizkuntzak frogatuko dira hizkuntza eskola ofizialaren ziurtagirien bidez edo Hezkuntza Ministerioak ofizialki onartutako erakundearen ziurtagirien bidez, lortutako maila zehazturik.

6.3. Oposizioaldian 70 puntu eskuratuko dira, gehienez ere.

Oposizioak hiru proba izanen ditu; haien bidez, baloratuko dira izangaiek lanpostuaz dituzten ezagutza teoriko-praktikoak. Lehen bi ariketatik bakoitza gainditzen ez duten izangaiak kanporatuak geratuko dira, eta ezin izanen dute hurrengo ariketa egin.

6.3.1. Lehen ariketa:

Test motako galde-sorta bat izanen da: ezagutza orokorrei buruzko 50 galdera izanen dira, eta eskaintzen diren erantzunetako bakarra izanen da zuzena. Galderak II. eranskinean, Gai-zerrenda Orokorra delakoan, azaltzen diren gaiei buruzkoak izanen dira.

Proban 0 puntutik 25 puntura bitarte lortzen ahalko dira (gainditzeko gutxienez 15 puntu eskuratu beharko dira). Galdera guztiek balio bera izanen dute (0,5 puntu) eta 0,15 puntu kenduko dira oker emandako erantzunengatik.

Proba plika bidezko gutun-azal itxien bidez eginen da.

6.3.2. Bigarren ariketa:

Epaimahaiak zehaztutako kasu praktiko bat edo zenbait ebaztea, hala nola, txostena, proiektua edo programazioa, oinarritzat hartuko dituena eduki espezifikoak, jasota daudenak deialdi honetako II. eranskinean agertzen den gai zerrendako zati berezian. Betiere, txostenaren, proiektuaren edo programazioaren edukiak izanen dira deialdiaren xede den lanpostuan ohikoak diren lanei eta egitekoei buruzkoak.

Proba hau aurreko proban bederen gutxieneko puntuazioa jaso dutenek eginen dute.

0 eta 35 puntu bitarteko kalifikazioa emango zaio, eta beharrezkoa izanen da gutxienez ere 20 puntu lortzea ariketa gainditzeko.

6.3.3. Hirugarren ariketa:

Bigarren kasu praktikoaren ahozko defentsa egin beharko da.

Proba hau aurreko bi probetan bederen gutxieneko puntuazioa jaso dutenek eginen dute.

Edukiaz gain, honako hauek ere baloratuko dira: ahozko adierazpen gaitasuna, inportanteak diren alderdien sintesia egiteko gaitasuna, argitasuna eta ideien ordena, eta izangaiaren ekarpen pertsonala.

Irakurketaren ondoren, epaimahaiko kideek izangaiari aipatu kasuari buruzko azalpenak eskatzen ahalko dizkiote.

Epaimahaiak iragarriko du irakurketaren hasiera bigarren ariketa egin den aretoan, deialdiaren 4.6 oinarrian adierazita dagoen bezala, gutxienez hogeita lau ordu lehenagotik.

0 eta 10 puntu bitarteko kalifikazioa emanen zaio, eta ez da baztertzailea izanen.

6.3.4. Probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek proba egitera agertu beharko dute aldean dutela Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen bertze nortasun agiri bat. Baztertuta geldituko dira agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak.

6.3.5. Hautaprobak egiteko, bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, eskabidean azaldutakoaren arabera.

6.4. Oposizioaldiko ariketak akiturik, epaimahaiak argitara emanen du oposizioaldia gainditu duten izangaien zerrenda, bakoitzak lortutako puntuazioarekin, deialdiaren 4.6 oinarrian adierazita dagoen bezala. Halaber, bide berak erabiliz, lehiaketaldiko merezimenduen balorazioa jasotzen duen zerrenda argitaratuko du, adierazita merezimendu bakoitzean lortutako puntuazioa eta lortutako guztizko puntuazioa.

7. oinarria. Emaitzak.

7.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, Azkoiengo Udalaren iragarki-taula fisikoan eta egoitza elektronikoko gardentasun alorrean, Enplegu Publikoaren atalean (https://peralta.sedelectronica.es/); halaber, puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen-proposamena igorriko dio alkate udalburuari. Proposamen hori loteslea izanen da, eta argitara emanen da Udalaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak batuko dira.

Berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiagoa lortu dutenen alde. Berdinketak bere horretan jarraituz gero, lehen ariketan puntuazio handiagoa erdietsi dutenen alde jokatuko da. Hala eta guztiz ere, berdinketak bere horretan jarraituz gero, hirugarren ariketan puntuazio handiagoa lortu dutenen alde eginen da; eta, hala ere berdinketa izanez gero, izangai zaharrenaren alde.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak aurkeztu beharko ditu deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak, baldin lehenago aurkeztu ez badira, Azkoiengo Udalaren erregistro orokorrean; zehazki, honako hauek:

a) Osasun ziurtagiria, erakusten duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea, jarraikiz deialdiko lanpostuan gauzatu beharreko jardueretarako ezarritako osasun protokoloei. Ezin izanen dira kontratatu aipatutako osasun azterketan "gai" kalifikazioa ez duten izangaiak. Udalak bere osasun arloko prebentzio eta zaintza zerbitzuari eskatuko dio ziurtagiri hori.

Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

b) Zinpeko adierazpen edo adierazpen solemne bat, aditzera emateko pertsona ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiri bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko funtzio publikoan.

c) Zin egin edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko duela, Konstituzioari eta Legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

7.3. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean, behar bezala arrazoituriko ezinbertzeko kasuetan izan ezik, edo lanposturako gai ez bada, ez da izendatuko, eta jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, horrek galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna.

7.4. Arestiko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aitzineko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

8. oinarria. Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

8.1. Hautapen-prozesua bukatu ondoren, eta prozesua gainditu eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiak 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Azkoiengo Udaleko alkate udalburuak izendatuko du Azkoiengo Udaleko funtzionario, jardun dezan toki garapeneko (turismoa-merkataritza-industria) C mailako teknikari lanpostuan.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9. oinarria. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari jarraikiz, honako zerrenda hauek sortuko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen-prozesuan parte hartu ondotik lanpostua lortu ez duten izangaiekin:

a) Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez duten izangaien zerrenda.

b) Lehen ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.

9.2. Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta Azkoiengo Udalean kontratatzeko izangaien zerrenda.

Epaimahaiak espedientea igorri ondoren, Azkoiengo Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, eta horren bidez onetsiko dira probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta lehen ariketa gainditu dutenena; hori guztia, une oro indarrean dauden kudeaketa arauei jarraikiz. Zerrenda horiek argitara emanen dira Azkoiengo Udalaren iragarki-taulan eta gardentasun-atarian.

Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik gertatzen bada, hura ebazteko, aplikatuko dira deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du erran nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela 2. oinarrian ezarritako baldintzak; izan ere, horiek frogatu beharko dituzte oinarri honetan adierazten den bezala.

Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, honako hauek beteko dira: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), Udalaren indarreko akordioa edo hitzarmena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko 2. oinarrian eskatzen den titulazioaren gaineko baldintzak betetzen direlako frogagiriak, kontratua formalizatzerakoan ekarri ere, horretarako aurkeztuz jatorrizko agiriak edo kopia behar bezala konpultsatuak.

Aski justifikatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik legozkiekeen eskubide guztiak, deusetan ukatu gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.

Probak gainditu baina lanposturik ez dutenen zerrendetan, hurrenkera hautapen-prozesuan ateratako puntuazio handienaren arabera erabakiko da.

Zerrenden indarraldia: zerrenda agortu arte. Hala ere, lehentasuna izanen dute probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrendek, halakorik eratzen eta onesten bada zerrenda honen ondoren, kasuan kasuko lanpostuan funtzionario edo lan-kontratudun langile finko gisa sartzeko prozeduretan.

9.3. Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

9.4. Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

Hautaprobak gainditzen dituztenak sartuko dira izangaien zerrendetan, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, aldi baterako betetzeko Azkoiengo Udalean hutsik gelditzen diren lanpostuak, edo izan daitezkeen bertze behar batzuei erantzuteko.

Aldi baterako kontratatzeko prozesua arau hauen arabera kudeatuko da:

9.4.1. Izangaien zerrendak onesteko irizpide orokorrak.

9.4.1.1. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da zer dagoen ezarrita desgaitasuna dutenek enplegu publikoa eskuratzeaz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan, zeina onetsi baitzen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez. Aldi baterako kontratazioa eginen duen erakunde eskatzaileari dagokio egiaztatzea kasuan kasuko zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak.

9.4.2. Dei egiteko sistema.

Oinarri hauetan araututako oposizioa egin eta gero eratzen den zerrenda kudeatzeko, oinarriotan xedatuta ez dagoen orotan, jarraikiko zaio Nafarroako Gobernuaren kontratazio-zerrendei aplikagarri zaion araudiari (Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 10ean emandako 814/2010 Foru Agindua).

10. oinarria. Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

–Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Azkoiengo Udala da.

Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua: tratamendua beharrezkoa da kontratu bat gauzatzeko, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta, beharrezkoa izateagatik kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, eta DBEOren 6.1.c) artikulua: tratamendua beharrezkoa da bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikatzekoa zaion legezko betebehar bat.

Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), gardentasunaren atarian argitaratzea barne, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deusezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (dpd@aytoperalta.com).

Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bertzela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

11. araua. Errekurtsoak.

11.1. Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

11.2. Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA. PARTE HARTZEKO ESKABIDEA

(Horretarako sortutako tramitean sartuta dago, eta ez da beharrezkoa deskargatzea)

Izen-deiturak

NANa edo agiri baliokidea

Nazionalitatea

Jaioteguna

Helbidea (udalerria eta PK), probintzia eta herrialdea

Telefonoa

Helbide elektronikoa

AZALTZEN DUT:

–Betetzen ditudala honako deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak, behar den epean eta denboran: deialdia, bete dadin garapeneko teknikariaren lanpostu bat (turismoa -merkataritza-industria), C mailakoa, Azkoiengo Udalean. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (zenbakia: .................... ; data: ............. / .................. /.....................).

–Eransten dudala deialdian parte hartzeko eskatutako dokumentazioa.

  • NANa edo agiri baliokidea.
  • Eskatutako titulazioaren kopia.
  • Tasa ordaindu izanaren agiria.

Markatu hala badagokio bakarrik:

Merezimenduak baloratzeko ezarritako dokumentazioa erantsi dudala.

–Aurkeztu dudala minusbaliotasuna dudala frogatzen duen agiria, erakunde eskudun batek emana.

Jarraian adierazten diren egokitzapenak eskatzen ditudala: ..................................................

Horrenbertzez, ESKATZEN DUT onar nazatela aipatutako hautapen prozesuan.

(sinadura)

Azkoienen, 202_(e)ko ………………………(a)ren ……………(e)(a)n.

Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.Tratamenduaren arduraduna: Azkoiengo Udala. Helburua: deialdi bat kudeatzea, bete dadin toki garapeneko C mailako teknikariaren lanpostua (turismoa -merkataritza-industria) lehiaketa-oposizio bidez. Eskubideak: datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko eta informazio gehigarrian adierazitako bestelako eskubideak. Informazio gehigarria: eskuragarri dago deialdiaren 10. oinarrian eta Udalaren web-orriko pribatutasun politikaren atalean eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian. Era berean, datu pertsonalak babesteko ordezkariarengana jo dezakezu helbide honetan: dpd@aytoperalta.com.

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda orokorra.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atariko titulua, VIII. titulua. Estatuaren antolakuntza lurraldeen arabera: Lehenengo kapitulua. Printzipio orokorrak eta Bigarren kapitulua. Toki administrazioa.

2. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: II. titulua. Nafarroaren ahalmen eta eskumenak.

3. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Atariko titulua. Xedapen orokorrak; I. titulua Toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa: I. kapitulua. Udalerriak; II. titulua: Administrazioen arteko harremanak; III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea; IV. titulua: Nafarroako toki-erakundeen ondasunak: I. kapitulua. Ondasunak, oro har: 1. atala: Xedapen orokorrak; 2. atala: Kalifikazio juridikoa. Aldaketa. Atxikipena. Eta 3. atala: Eskurapena; IV. titulua: Jarduerak, zerbitzuak eta obrak: I. kapitulua. Administrazioaren esku-hartzea jarduera pribatuan. II. kapitulua. Zerbitzu publikoak; VI. kapitulua. Sustapena; VI. Titulua. Kontratazioa.

4. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Udalerria; V. titulua, Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak.

5. gaia.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, onesten duena Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua: II. titulua. Toki erakundeen beharrezko antolaketa. I. kapitulua. Udalerriak; III. titulua. Lurralde mailako toki entitateen beharrezko organoen funtzionamendua; IV. Titulua. Lurralde mailako toki-erakundeen antolaketa osagarria.

6. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

7. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa: Atariko titulua. Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua.

8. gaia.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

9. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: I. titulua. Xedapen orokorrak: III. kapitulua. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. IV. kapitulua. Kontratu publikoen kontratu kudeaketaren printzipioak eta arauak, V. kapitulua. Publizitate-arauak eta esleipen-prozedurak: 1. atala. Xedapen orokorrak, 2. atala. Kontratazioaren plegu arautzaileak. Eta 3. atala. Adjudikazio-prozedurak; II. titulua. Administrazio Publikoek egiten dituzten kontratuen arau berariazkoak: I. kapitulua. Kontratazio organoak, II. kapitulua. Kontratua prestatzeko jarduketa administratiboak.

10. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: I. titulua.–Xedapen orokorrak; II. titulua. Funtzionario publikoak: VII. kapitulua. Eskubideak eta betebeharrak.

11. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: I. titulua. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak: I. kapitulua. Baliabide motak.; III. titulua. Aurrekontua eta gastu publikoa: I. kapitulua. Aurrekontu orokorrak eta II. kapitulua. Exekuzioa eta likidazioa.

12. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: II. titulua. Datu babesaren printzipioak eta III. titulua. Pertsonen eskubideak.

13. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: I. titulua. Xedapen orokorrak; II. titulua. Gardentasuna: III. kapitulua. Publizitate aktiboa; III. titulua. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: I. kapitulua. Arau orokorrak eta II. kapitulua. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabiltzeko prozedura.

Gai-zerrenda espezifikoa.

1.–7/2003 Foru Legea, otsailaren 14koa, Nafarroako Turismoari buruzkoa.

2.–19/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legea aldatzekoa.

3.–22/2024 Foru Dekretua, martxoaren 6koa, arautzen dituena Turismo ibiltarian dabiltzan autokarabana, karabana eta antzekoendako gaua igarotzeko lekuak Nafarroako Foru Komunitatean.

4.–Nafarroako Turismoaren Plan Estrategikoa (2018-2025).

https://gobiernoabierto.navarra.es/sites/default/files/3211_plan_estrategico_de_turismo_de_navarra_2018-2025.pdf

5.–Nafarroako Foru Komunitatearen turismo arloko baliabideak. https://www.visitnavarra.es/eu/home.

6.–Nafarroako Foru Komunitateko azpiegitura turistikoa: establezimendu motak, kategoriak eta jarduera enpresak.

7.–Nafarroako Foru Komunitateko sektore turistikoa. Sektore publikoa. Sektore pribatua.

8.–Herriko turismo eta merkataritza eskaintza: leku eta produktuak, feriak, ekitaldiak.

9.–36/2024 Foru Dekretua, apirilaren 17koa, ekitaldi publikoei eta jasangarritasunari buruzkoa.

10.–14/2017 Foru Dekretua, martxoaren 8koa, "Arga eta Aragoi ibaien beheko tarteak" izeneko Batasunaren Garrantzizko Lekua Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu, Kontserbazio Bereziko Eremuaren eta "Soto López" (EN--6), "Sotos de la Recueja" (EN--7), "Soto de Campo Llano" (EN-14), "Soto de la Biona" (EN--15), "Soto de Escueral" (EN--16), "Soto Sequero" (EN--17), "Soto Ártica" (EN--18), "Soto Arenales" (EN--19), "Soto Valporres-Soto Bajo" (EN--20), "Sotos de Rada" (EN--21), "Soto de la Muga" (EN--22) eta "Soto de Santa Eulalia" (EN--23) lekune naturalen kudeaketa plana onetsi, eta "Sotos del Arquillo y Barbaraces" (RN--28), "Sotos de la Lobera y Sotillo" (RN--29) eta "Sotos Gil y Ramal Hondo" (RN--30) natura-erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak eguneratzen dituena.

11.–Merkataritza ez-egonkorra arautzen duen udal ordenantza.

12.–Azkoiengo ekonomiaren sustapeneko eragile eta elkarteak.

III. ERANSKINA.–EGINKIZUNAK

Aipatze hutsez, eta bertzelakoak baztertu gabe, hona lanpostuaren eginkizunak:

–Turismoa, merkataritza eta industria sustatzeko gaiei buruz Udalak onetsitako plan estrategikoak gauzatzea eta emaitzak ebaluatzea (dagokion zinegotzitzarekin batera).

–Udal agenda turistikoaren ekitaldiak antolatzea eta behar denetan bertaratzea.

–Azkoiengo Turismo Bulegoan arreta ematea eta herrian barrena bisita gidatuak egitea.

–B mailako teknikariekin batera, (Nafarroako, Espainiako edo Europako) bertze administrazio publiko batzuek ematen dituzten dirulaguntzak izapidetzea eta kudeatzea, Udalak eskatzen ahal baditu, dauzkan toki garapeneko proiektuen arabera.

–Azkoiengo Udalak turismo, merkataritza eta industria gaietan ematen dituen dirulaguntza izendunak izapidetzea, eta tokiko turismoa eta merkataritza sustatzeko kanpainen dirulaguntzak izapidetzea.

–Dagokion Batzordearen arabera, Udalaren izenean hitz eginen du bertze erakunde eta entitate batzuekin, bere arloko gaiak kudeatzeko.

–Turismo, merkataritza eta industria Batzordeetako idazkaria izanen da, gai-zerrenda eta batzordeetan landu beharreko espedienteak prestatzearen ardura izanen du (idazkariaren aholkularitzarekin, behar izanez gero), aktak idaztea, etab.

–Arloek antolaturiko jarduera eta programak iragarriko eta ezagutaraziko ditu, eta komunikabideak proposatuko eta kontratatuko ditu Azkoien helmuga turistiko gisa sustatzeko.

–Azkoiengo turismoko sare sozialak kudeatzea: Facebook eta Instagram, bai eta komunikazio arloko langileekin lankidetzan aritzea ere, Udaleko webgunea kudeatzeko eta eguneratzeko, turismo, merkataritza eta industria zinegotzitzetako atalean.

–WhatsApp bidezko Merkataritza eta Industriako hedapen-zerrendak kudeatzea.

–Lanpostuaren eginkizunei eta mailari egokia zaien bertze edozein.

Iragarkiaren kodea: L2418378