11. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

AZKOIEN

Deialdia, bete dadin, behin betiko eta oposizio-lehiaketa bidez, kulturako eta jaietako teknikariaren lanpostu bat

Azkoiengo Udaleko Gobernu Batzarrak, 2024ko abenduaren 13an egin bilkuran, honako deialdi honen oinarriak onestea erabaki zuen: deialdia, bete dadin, behin betiko eta oposizio-lehiaketa bidez, kulturako eta jaietako teknikariaren lanpostu bat Azkoiengo Udalean.

Erabaki honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Azkoienen, 2024ko abenduaren 17an.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.

OINARRIAK, HONAKO DEIALDI HAU ARAUTUKO DUTENAK: DEIALDIA, BETE DADIN, BEHIN BETIKO ETA OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ, KULTURAKO ETA JAIETAKO TEKNIKARIAREN LANPOSTU BAT AZKOIENGO UDALEAN

DEIALDIAREN OINARRIAK

1. oinarria. Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da kulturako eta jaietako teknikariaren lanpostu bat betetzea, behin betiko eta oposizio-lehiaketaren bidez, Azkoiengo Udalean aritzeko. Lanpostu hori B mailakoa da eta 2-01 zenbakia du plantilla organikoan.

1.2. Era berean, deialdi honen xedea ere bada aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat eratzea, kulturako eta jaietako teknikariaren lanpostuan aritzeko, Azkoiengo Udalean sortzen ahal diren beharrei erantzuteko.

1.3. Prozesu hau gauzatuko da honako araudian xedatutakoaren arabera: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

1.4. Lanpostuak izanen ditu Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien B mailako ordainsariak, bai eta plantilla organikoan ezarritako lansari osagarriak ere.

1.5. Urteko lanaldia izanen da bulego orokorretako gainerako langileek duten bera, eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.6. Oinarri hauen III. eranskinean adierazi dira lanpostuaren eginkizunak, aipatze hutsez, eta bestelakoak baztertu gabe.

1.7. Izendapenaren ondorioz hautatzen dena Azkoiengo Udaleko funtzionarioa izanen da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da, eta hartan alta emanen zaio.

1.8. Oinarri hauetan araututako oposizioa egin eta gero eratzen den zerrenda kudeatzeko, oinarriotan xedatuta ez dagoen orotan, jarraikiko zaio Nafarroako Gobernuaren kontratazio-zerrendei aplikagarri zaion araudiari (Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 10ean emandako 814/2010 Foru Agindua).

2. oinarria. Betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartua izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa (Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio); orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Erdi mailako titulua edo unibertsitateko diplomadunaren, ingeniari teknikoaren edo arkitekto teknikoaren titulua edo baliokidetza aitortua duen titulua izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.

f) 42,95 euroko tasa ordaintzea, Oposizio eta lehiaketa prozeduretan parte hartzeko tasak arautzen dituen ordenantzan ezarri bezala.

2.2. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dute aipatutako baldintza horiek betetzen dituztela, deialdi honetako 3. eta 7. oinarrietan ezarritako epean eta moduan. Baldintzak bete beharko dituzte, hain zuzen ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta horien jabe beharko dute izan oposizioaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.

3. oinarria. Eskabideak nola eta noiz aurkeztu.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Azkoiengo Udaleko alkate udalburuari zuzenduko zaizkio, eta hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Azkoiengo Udalaren erregistro orokorrean, bertara joanda 9:30etik 14:30era, edo Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (http://peralta.sedelectronica.es), horretarako sortutako izapidea baliatuta.

Orobat, eskabideak aurkezteko erabiltzen ahalko dira urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak (39/2015 Legea, Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

Eskaera postetxe batean aurkeztea erabakitzen bada, bide telematikoz bidaliko da, Erregistro Birtualeko Bulegoaren bidez, destinoko Kode Digital honetara: L01312021.

Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, epea luzatuko da hurrengo lehen egun baliodunera arte.

3.2. Eskabide horiek I. eranskin gisa argitaratutako ereduaren araberakoak izanen dira (eredu hori horretarako sortutako tramitean jasota dago).

3.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek aurkeztu beharko dute beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia, eta, hala badagokio, bigarren oinarriko 2.1.a) apartatuan nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Gainera, parte hartzeko eskabidean, zinpeko adierazpena egin beharko da, edo hitzeman, ez daudela beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena baten mende.

–Deialdira aurkezten diren merezimenduen kopia, 6. oinarriaren arabera baloratzeko.

–2.1 oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren fotokopia.

–42,95 euroko tasa Azkoiengo Udalaren kontuan ordaindu izanaren frogagiria: ES54 2100 5001 132100148894, izen-deiturak eta NANa adierazita (ez badira datu horiek ematen diru-sarreran, ezin izanen da ordaindutzat hartu).

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.5. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.

3.6. %33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera.

Desgaitasuna duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute probak egiteko, denboran edo baliabideetan, hala eskatu beharko dute eskabidean, eta zehaztu beharko dute, horretarako ezarritako tokian, zer egokitzapen eskatzen duten eta/edo zer moldaketa behar duten denboretan eta baliabideetan. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskabidea aurkeztean.

3.7. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4. oinarria. Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Azkoiengo Udaleko alkateak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun alorrean, Enplegu Publikoaren atalean (https://peralta.sedelectronica.es/).

4.2. Izangai baztertuek hamar egun naturaleko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan, bai eta Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun alorrean ere, Enplegu Publikoaren atalean (https://peralta.sedelectronica.es).

4.4. Baldin onartuen behin-behineko zerrendarako bazterturik ez badago, onartuen behin betiko zerrenda onetsiko da.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak.

Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.6. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioko lehen ariketa eta epaimahaiaren behin betiko osaera. Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Udalaren iragarki-taulan eta Azkoiengo Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun alorrean, Enplegu Publikoaren atalean (https://peralta.sedelectronica.es).

5. oinarria. Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Juan Carlos Castillo Ezpeleta, Azkoiengo alkatea.

Ordezkoa: Pilar Orduña Osés, Kultura Batzordeko burua.

–Epaimahaikidea: María Camino Barcenilla Tirapu, Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko burua.

Ordezkoa: kulturako eta jaietako tokiko koordinatzailea (izendatu gabe).

–Epaimahaikidea: Mercedes Boneta Fernández, Martzillako Udaleko kulturako, jaietako eta turismoko teknikaria eta KUNA-Nafarroako Kultur Kudeaketa elkarteko ordezkaria.

Ordezkoa: Javier Paz Jiménez, Azagrako kultura- eta kirol-kudeatzailea eta KUNA-Nafarroako Kultur Kudeaketa elkarteko ordezkaria.

–Epaimahaikidea: langileen ordezkariek izendatutako pertsona bat.

Ordezkoa: haiek izendatutakoa.

–Idazkaria: Eva María López Soto, Azkoiengo Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Jose María Gainza Ordoqui, Azkoiengo Udaleko kontu-hartzailea.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza, hitzarekin baina botorik gabe.

6. oinarria. Oposizioaren garapena eta balorazioa.

6.1. Hautapen prozedura bi alditan gauzatuko da, lehiaketaldia eta oposizioaldia.

6.2. Lehiaketaldia: 30 puntu eskuratuko dira, gehienez ere.

Oposizioaldia baino lehen izanen da; ez da baztertzailea izanen, eta ez da kontuan hartuko aldi horretako ariketak gainditzeko. Lehiaketaldian gehienez ere 30 puntu ematen ahal dira merezimendu hauengatik:

a) Masterra, kultur kudeaketaren edo kultur politiken arloan (200 ordu gutxienez): 8 puntu.

b) Unibertsitate tituluak: lizentziadun edo gradudun titulua izatea lanpostuaren eginkizunekin ikusteko duten espezialitateetan (onartua izateko baldintza gisa aurkeztutakoaren desberdina). Puntu 1 titulu bakoitzeko, eta gehienez ere 2 puntu.

c) Bestelako prestakuntza: jarraian adierazten den moduan baloratuko da izangaiek (ikasle edo irakasle gisa) egindako prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaro bakoitza, baldin eta ikastetxe ofizialek edo behar bezala homologatuek eman badituzte, eta deialdiaren xede den lanpostuaren berezko eginkizunekin ikusteko duten gaiei buruzkoak badira: 0,05 puntu, ordu bakoitzeko. Honako baliokidetasun hau ezartzen da: kreditu 1 = 10 ordu. Ez da baloratuko 20 ordu baino gutxiagoko ikastarorik. Gehienez ere 13 puntu emanen dira, osotara, ikastaro guztiengatik.

d) Hizkuntzak: puntu bat gehienez. Frantsesa, ingelesa, alemana edo italiera menderatzeagatik, erakunde ofizial batek emandako tituluaren bidez egiaztatuta:

–Erdi maila (B2): 0,25 puntu.

–Goi maila (C1 edo goragokoa): 0,50 puntu.

e) Lanbide-esperientzia (gehienez ere 15 puntu): kulturako/jaietako teknikari gisa zerbitzu eman izana administrazio publikoko edozein erakundetan, deitutako lanpostuaren berezko eginkizunekin eta kategoria berean edo goragokoan, 4 puntu urte oso bakoitzeko. Osatu gabeko urteak hainbanatuko dira. Eremu pribatuan kultura-kudeatzaile gisa zerbitzu emateagatik, puntu bat emanen da lan egindako urte bakoitzeko, gehienez 3 punturaino.

Lehiaketaldian baloratu beharreko merezimenduak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eduki beharko dira. Lanbide-esperientziari dagokionez, deialdia argitaratzen den egunera artekoa baino ez da baloratuko.

Aipatutako merezimenduak honako agiri hauen bidez egiaztatuko dira:

–Tituluak, masterrak eta graduondokoak: kasuan kasuko tituluaren kopia.

–Administrazio publikoko erakundeetan emandako zerbitzuen denbora: kasuan kasuko erakundearen ziurtagiria. Ziurtagiri horretan honako hauek adierazi beharko dira: kategoria profesionala, lanpostuaren maila (baldin badu) eta lanpostuari esleitutako eginkizunak.

–Prestakuntza- edo hobekuntza-ikastaroak: gainditu izana egiaztatzen duen diplomaren fotokopia edo, hala badagokio, ikastaroak eman zituen akademiak edo zentroak emandako aprobetxamendu-ziurtagiria. Honako hauek agertu beharko dira: ordu edo kreditu kopurua eta ordu horien baliokidetasuna eta ikastaroaren programa.

–Hizkuntzak: HEOren edo Hezkuntza Ministerioak ofizialki onartutako erakundearen ziurtagiria. Ziurtagiri horretan, lortutako maila adieraziko da.

6.3. Oposizioaldia: 70 puntu, gehienez ere.

Hiru proba izanen ditu; haien bidez, baloratuko dira izangaiek lanpostuaren jardueren gainean dituzten ezagutza teoriko-praktikoak. Kanporatuta geratuko dira lehen bi ariketak gainditzen ez dituzten izangaiak, eta ezin izanen dute hurrengo ariketa egin.

6.3.1. Lehen ariketa:

Test motako galdetegi bat izanen da, ezagutza orokorrei buruzko 50 galderaz osatua, eta erantzun bakarra izanen da zuzena. Galderak II. Eranskinean (Gai-zerrenda orokorra) azaltzen diren gaiei buruzkoak izanen dira.

Proban 0 puntutik 25 puntura bitarte lortzen ahalko dira (gainditzeko gutxienez 15 puntu eskuratu beharko dira). Galdera guztiek balio bera izanen dute (0,5 puntu) eta 0,15 puntu kenduko dira oker emandako erantzunengatik.

Proba plika bidezko gutun-azal itxien bidez eginen da.

6.3.2. Bigarren ariketa:

Epaimahaiak proposatutako kasu praktiko bat edo batzuk ebatzi beharko dira, hala nola txosten, proiektu edo programazio bat egitea oinarri hauen II. eranskinean agertzen den gai-zerrendaren zati berezian jasotako gai espezifikoetan oinarrituta. Edonola ere, deialdiaren xedeko lanpostuaren prozeduren, zereginen eta ohiko eginkizunen berezko edukiei buruzkoa izan beharko du.

Aurreko ariketan eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duten izangaiek eginen dute ariketa hau.

0 eta 35 puntu bitarteko kalifikazioa emanen zaio, eta beharrezkoa izanen da gutxienez ere 20 puntu lortzea ariketa gainditzeko.

Proba plika bidezko gutun-azal itxien bidez eginen da.

6.3.3. Hirugarren ariketa:

Epaimahaiak proposatutako kasu praktiko bat ahoz defendatzea.

Aurreko bi ariketetan eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu dutenek eginen dute ariketa hau.

Edukiaz gain, honako hauek ere baloratuko dira: ahozko adierazpena, alderdi garrantzitsuak laburtzeko gaitasuna, ideiak argi adierazteko eta ordenatzeko gaitasuna, eta izangaiaren ekarpen pertsonala.

Defentsa bukatuta, epaimahaiak kasu horren edukiari buruzko argibideak eskatzen ahalko dizkio izangaiari.

Epaimahaiak bigarren ariketa egin den lokalean iragarriko du defentsaren hasiera, 4.6 oinarrian adierazitako bitartekoak erabiliz, gutxienez hogeita lau ordu lehenago.

Ariketa horrek 0 eta 10 puntu arteko kalifikazioa izanen du, eta ez da baztertzailea izanen.

6.3.4. Probetarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek proba egitera agertu beharko dute aldean daukatela nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat. Baztertuta geldituko dira agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak.

6.3.5. Hautaprobak egiteko, bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, eskabidean azaldutakoaren arabera.

6.4. Oposizioaldiko ariketak bukatu ondoren, epaimahaiak, 4.6 oinarrian aurreikusitako bitartekoak erabiliz, fase hori gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du, lortutako guztizko puntuazioa adierazita. Era berean, bide beretik, lehiaketaldiko merezimenduen balorazioa jasotzen duen zerrenda argitaratuko du, merezimendu bakoitzean lortutako puntuazioa eta horietan lortutako guztizko puntuazioa adierazita.

7. oinarria. Emaitzak.

7.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, Azkoiengo Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun alorrean, Enplegu Publikoaren atalean (https://peralta.sedelectronica.es/); halaber, puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen-proposamena igorriko dio alkate udalburuari. Proposamen hori loteslea izanen da, eta argitara emanen da Udalaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak batuko dira.

Berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiagoa lortu dutenen alde. Berdinketak bere horretan jarraituz gero, lehen ariketan puntuazio handiagoa erdietsi dutenen alde jokatuko da. Hala eta guztiz ere, berdinketak bere horretan jarraituz gero, lehiaketaldian puntuazio handiagoa lortu dutenen alde eginen da; eta, hala ere berdinketa izanez gero, izangai zaharrenaren alde.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak aurkeztu beharko ditu deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak, baldin lehenago aurkeztu ez badira, Azkoiengo Udalaren erregistro orokorrean; zehazki, honako hauek:

a) Osasun ziurtagiria, erakusten duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea, jarraikiz deialdiko lanpostuan gauzatu beharreko jardueretarako ezarritako osasun protokoloei. Ezin izanen dira kontratatu aipatutako osasun azterketan "gai" kalifikazioa ez duten izangaiak. Udalak bere osasun arloko prebentzio eta zaintza zerbitzuari eskatuko dio ziurtagiri hori.

Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

b) Zinpeko adierazpen edo adierazpen solemne bat, aditzera emateko pertsona ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiri bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko funtzio publikoan.

c) Zin egin edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko duela, Konstituzioari eta Legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

7.3. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, edo lanposturako gai ez bada, ez da izendatuko, eta jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, horrek galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna.

7.4. Arestiko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aitzineko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

8. oinarria. Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

8.1. Hautapen-prozesua bukatu ondoren, eta gainditu eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiak 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Azkoiengo Udaleko alkate udalburuak izendatuko du Azkoiengo Udaleko funtzionario, jardun dezan kulturako eta jaietako teknikari lanpostuan.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9. oinarria. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari jarraikiz, honako zerrenda hauek sortuko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen-prozesuan parte hartu ondotik lanpostua lortu ez duten izangaiekin:

a) Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez duten izangaien zerrenda.

b) Lehen ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.

9.2. Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta Azkoiengo Udalean kontratatzeko izangaien zerrenda.

Epaimahaiak espedientea igorri ondoren, Azkoiengo Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, eta horren bidez onetsiko dira probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta lehen ariketa gainditu dutenena; hori guztia, une oro indarrean dauden kudeaketa arauei jarraikiz. Zerrenda horiek argitara emanen dira Azkoiengo Udalaren iragarki-taulan eta gardentasun-atarian.

Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik gertatzen bada, hura ebazteko, aplikatuko dira deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela 2. oinarrian ezarritako baldintzak; izan ere, horiek frogatu beharko dituzte oinarri honetan adierazten den bezala.

Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, honako hauek beteko dira: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), Udalaren indarreko akordioa edo hitzarmena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko 2. oinarrian eskatzen den titulazioaren gaineko baldintzak betetzen direlako frogagiriak, kontratua formalizatzerakoan ekarri ere, horretarako aurkeztuz jatorrizko agiriak edo kopia behar bezala konpultsatuak.

Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik legozkiekeen eskubide guztiak, deusetan ukatu gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.

Probak gainditu baina lanposturik ez dutenen zerrendetan, hurrenkera hautapen-prozesuan ateratako puntuazio handienaren arabera erabakiko da.

Zerrenden indarraldia: zerrenda agortu arte. Hala ere, lehentasuna izanen dute probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrendek, halakorik eratzen eta onesten bada zerrenda honen ondoren, kasuan kasuko lanpostuan funtzionario edo lan-kontratudun langile finko gisa sartzeko prozeduretan.

9.3. Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

9.4. Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

Hautaprobak gainditzen dituztenak sartuko dira izangaien zerrendetan, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, aldi baterako betetzeko Azkoiengo Udalean hutsik gelditzen diren lanpostuak, edo izan daitezkeen beste behar batzuei erantzuteko.

Aldi baterako kontratatzeko prozesua arau hauen arabera kudeatuko da:

9.4.1. Izangaien zerrendak onesteko irizpide orokorrak.

9.4.1.1. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da zer dagoen ezarrita desgaitasuna dutenek enplegu publikoa eskuratzeaz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan, zeina onetsi baitzen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez. Aldi baterako kontratazioa eginen duen erakunde eskatzaileari dagokio egiaztatzea kasuan kasuko zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak.

9.4.2. Dei egiteko sistema.

Oinarri hauetan araututako oposizioa egin eta gero eratzen den zerrenda kudeatzeko, oinarriotan xedatuta ez dagoen orotan, jarraikiko zaio Nafarroako Gobernuaren kontratazio-zerrendei aplikagarri zaion araudiari (Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 10ean emandako 814/2010 Foru Agindua).

10. oinarria. Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Azkoiengo Udala da.

Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua: kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta, beharrezkoa izateagatik kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, eta DBEOren 6.1.c) artikulua: behar den tratamendua, nahitaezkoa dena bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikatzekoa zaion legezko betebehar bat.

Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), gardentasunaren atarian argitaratzea barne, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deusezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (dpd@aytoperalta.com).

Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, erreklamazioa aurkezten ahal diote Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

11. araua. Errekurtsoak.

11.1. Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

11.2. Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–PARTE HARTZEKO ESKABIDEA

(Horretarako sortutako tramitean sartuta dago, eta ez da beharrezkoa deskargatzea)

Izen-deiturak

NANa edo agiri baliokidea

Nazionalitatea

Jaioteguna

Helbidea (udalerria eta PK), probintzia eta herrialdea

Telefonoa

Helbide elektronikoa

AZALTZEN DUT:

–Betetzen ditudala honako deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak, behar den epean eta denboran: deialdia, kulturako eta jaietako teknikariaren lanpostua betetzeko Azkoiengo Udalean. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (zenbakia: _______; data: __________/_____/_____).

–Eransten dudala deialdian parte hartzeko eskatutako dokumentazioa.

  • NANa edo agiri baliokidea.
  • Eskatutako titulazioaren kopia.
  • Tasa ordaindu izanaren agiria.

Markatu hala badagokio bakarrik:

Merezimenduak baloratzeko ezarritako dokumentazioa erantsi dudala.

Desgaitasuna dut eta aurkeztu dut minusbaliotasuna dudala frogatzen duen agiria, erakunde eskudun batek emana.

Jarraian adierazten diren egokitzapenak eskatzen ditudala: ..................................................

Horrenbestez, ESKATZEN DUT onar nazatela aipatutako hautapen prozesuan.

(sinadura)

Azkoienen, ...........ko ………………………(a)ren ……………(e)(a)n

Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.Tratamenduaren arduraduna: Azkoiengo Udala. Helburua: deialdi bat kudeatzea, kulturako eta jaietako teknikariaren lanpostua lehiaketa-oposizio bidez betetzeko. Eskubideak: datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko eta informazio gehigarrian adierazitako bestelako eskubideak. Informazio gehigarria: eskuragarri dago deialdiaren 10. oinarrian eta Udalaren web-orriko pribatutasun politikaren atalean eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian. Aukera ere badago datu pertsonalak babesteko ordezkariarengana jotzeko helbide honetan: dpd@aytoperalta.com.

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda orokorra.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: atariko titulua; I. titulua. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak; IV. titulua. Gobernua eta Administrazioa; VIII. titulua. Estatuaren lurralde-antolaketa: Lehenengo kapitulua. Printzipio orokorrak, Bigarren kapitulua. Toki Administrazioa.

2. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: Atariko titulua. II. titulua. Nafarroaren ahalmen eta eskumenak.

3. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Atariko titulua. Xedapen orokorrak; I. titulua. Nafarroako toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa: I. kapitulua. Udalerriak, III. kapitulua. Nafarroako toki-korporazioetako kideak; II. titulua. Administrazioen arteko harremanak; III. titulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea; IV. titulua: Nafarroako toki entitateen ondasunak: I. kapitulua. Ondasunak, oro har: 1. atala: Xedapen orokorrak, 2. atala: Kalifikazio juridikoa. Aldatzea. Atxikitzea; 3. atala: Eskuratzea; IV. titulua: Jarduerak, zerbitzuak eta obrak: I. kapitulua. Administrazioaren esku-hartzea jarduera pribatuan, II. kapitulua. Zerbitzu publikoak, VI. kapitulua. Sustapena; VI. Titulua. Kontratazioa; VII. titulua. Nafarroako toki entitateen zerbitzuko langileak: I. kapitulua, xedapen erkideak.

4. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: I. titulua. Xedapen orokorrak; II. titulua. Udalerria; V. titulua. Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak.

5.gaia.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena: II. titulua. Toki erakundeen beharrezko antolaketa. I. kapitulua. Udalerriak; III. titulua. Lurralde mailako toki entitateen beharrezko organoen funtzionamendua; IV. Titulua. Lurralde mailako toki-erakundeen antolaketa osagarria.

6. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

7. gaia.–40/2015 Foru Legea, urriaren 1ekoa: Atariko titulua. Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua.

8. gaia.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

9. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

10. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: I. titulua. Xedapen orokorrak: III. kapitulua. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa, IV. kapitulua. Kontratu publikoen kontratu kudeaketaren printzipioak eta arauak, V. kapitulua. Publizitate-arauak eta esleipen-prozedurak: 1. atala. Xedapen orokorrak, 2. atala. Kontratazioaren plegu arautzaileak eta 3. atala. Adjudikazio-prozedurak; II. titulua. Administrazio Publikoek egiten dituzten kontratuen arau berariazkoak: I. kapitulua. Kontratazio organoak, II. kapitulua. Kontratua prestatzeko administrazio jarduketak.

11. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: I. titulua.–Xedapen orokorrak; II. titulua. Funtzionario publikoak: VII. kapitulua. Eskubideak eta betebeharrak.

12. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: I. titulua. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak: I. kapitulua. Baliabide motak; III. titulua. Aurrekontua eta gastu publikoa: I. kapitulua. Aurrekontu orokorrak eta II. kapitulua. Exekuzioa eta likidazioa.

13. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: II. titulua. Datu babesaren printzipioak eta III. titulua. Pertsonen eskubideak.

14. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: I. titulua. Xedapen orokorrak; II. titulua. Gardentasuna: III. kapitulua. Publizitate aktiboa; III. titulua. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: I. kapitulua. Arau orokorrak eta II. kapitulua. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabiltzeko prozedura.

15. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa: I. titulua. Xedapen orokorrak; II. titulua. Berdintasunerako erakundeen antolaketako sistema: 8. artikulua; III. titulua. Berdintasunerako eskubidea bermatzeko tresnak; IV. titulua. Berdintasuna sustatzeko politika publikoak: II. kapitulua. Ezagutza: hezkuntza, kultura eta komunikazioa: 2. atala. Kultura eta 3. atala. Hedabideak eta publizitatea.

Gai-zerrenda espezifikoa.

1.–Udalaren kultur politika: eskumenak, ezaugarri orokorrak, kulturaren definizioa, esparruak, eta kultur eta arte sektoreak.

2.–Kultura, udalerria garatzeko eragile. Kultura, lurraldea eta garapena. Kultura eta enplegua.

3.–Kulturaren kudeaketa administrazioaren esparruan. Kultur politiken oinarri juridikoak.

4.–1/2019 Foru Legea, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzkoa.

5.–Azkoienen jaiak antolatzea (plangintza, kontratazioak, baimenak...).

6.–Azkoiengo kulturaren alorraren plangintza estrategikoa: kudeaketa, ekipamenduak, programazioa, analisia, funtzionamendua eta ezaugarriak.

7.–Kultura-proiektuen ebaluazioa. Kultura-proiektuen marketina eta publizitatea.

8. gaia.–Azkoiengo kultura-ekipamenduen kudeaketa eta plangintza. Analisia, funtzionamendua eta ezaugarriak.

9. gaia.–Arte eszenikoak eta musikalak Nafarroan. Nafarroako Antzokien Sarea.

10.–Kultur mezenasgoa tokiko esparruan.

11.–Ikuskizunak kudeatzea. Ikuskizun publikoak eta aisialdiko jarduerak, zezen ikuskizunak eta ikuskizun piroteknikoak arautzen dituen araudia (2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituena; 33/2011 Foru Dekretua, maiatzaren 2koa, aisiako jardueretan sartzeko eta haietan egoteko baldintzak arautzen dituena eta sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza irizpideak eta eginkizunak ezartzen dituena; 201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra arautzen duena; 249/1992 Foru Dekretua, ekainaren 29koa, Zezen ikuskizunen araudia onesten duena; 44/1990 Foru Dekretua, martxoaren 8koa, Toki publikoetako ikuskizunen baimenetarako baldintzak arautzen dituena; 374/2012 Foru Agindua, maiatzaren 29koa, Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baitira zezen ikuskizun herrikoi tradizionalak, errekortatzaileen lehiaketak eta eusko-landatar zezenketak prestatzen diren tokien ezaugarriak eta baldintza teknikoak; 233/2014 Foru Agindua, zeinaren bidez arautzen baitira abelburuak identifikatzeko baldintzak eta instalazioek bete beharreko osasun baldintzak; 201/2013 Ebazpena, zeinaren bidez behin-behineko neurriak ezartzen baitira hesi perimetralak eta ezkutalekuak instalatzeko zezen ikuskizun herrikoiak egiteko prestatutako tokietan; 286/2013 Ebazpena, zeinaren bidez zuzentzen baita 201/2013 Ebazpenean atzemandako akats materiala: 374/2012 Foru Agindua, zeinaren bidez arautzen baitira zezen ikuskizun herrikoi tradizionalak; 201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra arautzen duena; 222/2016 Foru Agindua, ekainaren 16koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, zeinaren bitartez arautu baitzen sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili, oihaneko suteak prebenitzeko: 9. artikulua, kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak.

12.–Segurtasuna izaera publikoko jarduera kultural eta eszenikoetan: arriskuak identifikatzea eta prebenitzea eta gorabeherei erantzuteko metodoak.

13.–Kultur ondarea Azkoienen.

14.–Kulturaren ezaugarriak, esparruak eta sektoreak.

15.–Azkoiengo kultura-eragileak eta -elkarteak.

16.–Azkoienen kultur jarduerak eta jaiak programatzea.

Oharra: gai guztiak bat etorriko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediarekin.

III. ERANSKINA.–EGINKIZUNAK

–Haren ardura izanen da kulturarekin, jaiekin eta ondarearekin, elkarteen jarduerekin eta tokiko kolektiboekin lotutako udal programak planifikatzea, antolatzea, koordinatzea jarraipena egitea eta ebaluatzea; horrez gain, funts bibliografikoak kudeatzea, ekitaldien berri ematea eta komunikabideei arreta ematea, bai eta harremana izatea Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuarekin, Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionalarekin, Nafarroako Antzokien Sarearekin, kultura-taldeekin, tokiko elkarteekin eta abarrekin. Horien jarraipena eta ebaluazioa egiteko, oro har, ekitaldietan eta jardueretan parte hartu beharko du.

–Haren ardura izanen da behar diren baimenak eskuratzea bere arloan programatutako jaialdiak, zezen ikuskizunak, ikuskizun piroteknikoak eta kultur ikuskizunak programatzeko.

–Honako hauen plangintza, kudeaketa, gauzatzearen kontrola eta jarraipena egiteaz arduratuko da: udal dirulaguntzen plan estrategikoa kultura-proiektuetarako, tokiko elkarteei lankidetza-hitzarmenen bidez emandako dirulaguntza izendunak eta abar.

–Udaleko zerbitzuekin lankidetzan arituko da: Kontu-hartzailetza –fakturak kudeatzea–, Idazkaritza –lege-aholkularitza–, Lantaldea –instalazioen mantentze-lanak– eta abar, bere arloko zereginak gauzatzeko behar den guztian.

–Beste administrazio publiko batzuek kulturaren arloan emandako dirulaguntza guztiak tramitatuko ditu, planifikatutako proiektuen arabera Udalak eska baditzake.

–Planifikatutako helburuak gauzatzeko esleitu dioten aurrekontua aplikatuko du, jardueren urteko memoria bat eginen du eta aurrekontuarekin lotutako lehentasunak aurreikusiko ditu.

–Azkoiengo Kultur Etxea eta udalerriko gainerako kultur instalazioak eta jaiak kudeatu eta zuzentzea, kultura-eraikinetan zerbitzuak eman ditzaketen atezainak koordinatuz.

–Kultura eta festa batzordeetako idazkaria izanen da, eta batzordeetako gai-zerrenda eta aztertu beharreko espedienteak prestatzeaz arduratuko da, behar den laguntza teknikoa emanez eta bilkura bakoitzaren akta eginez.

–Araudi berria edo dagoenaren aldaketa proposatuko du.

–Planifikatuko du nola aplikatu eta nola kontrolatu behar diren laguntzak eta dirulaguntzak, halakoak udalerrian diharduten beste erakunde batzuei ematekoak direnean.

Eta, oro har, aipatutakoen gisako lan guztiak, lanpostuari dagozkionak, zerbitzua dela-eta bere gain utzitakoak.

Iragarkiaren kodea: L2418365