1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
531E/2024 EBAZPENA, abenduaren 4koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Noain Elortzibarko udal mugartean hondakinak kudeatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Productos Oppac SA da.
Egun abian den instalazio horrek lehendik du ingurumen baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 5.1 eta 5.2 taldeetan.
2024-09-06an, 2024-08-27an eta 2024-09-19an, hurrenez hurren, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen bateratuan jasotako baldintzak aldatzea, eta, zehazki, transferentzia-zentro gisa kudeatzen dituen hondakinen zerrendan, III. eranskinean, hondakin hauek sartzea:
PROZESUA | HONDAKINAREN DESKRIPZIOA | HONDAKINAREN EHZ KODEA |
R130107 Hondakinak biltegiratzea, bilketaren esparruan. Beste batzuk | Hondakin ez-organikoak, 16 03 03* kodean zehaztutakoez bestelakoak. | 160304 |
Hondakin organikoak, 16 03 05* kodean zehaztutakoez bestelakoak. | 160306 |
Ikatz aktibo erabilia. | 190904 |
2024ko abuztuaren 30ean, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aldatzea, eta, zehazki, ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean, zentroak kudeatzen dituen hondakinen zerrendan, beste hondakin mota bat sartzea, 120109* EHZ kodea duena: Mekanikazioko emultsioak eta disoluzioak, halogenorik gabeak: taladrinak.
PROZESUA | HONDAKINAREN DESKRIPZIOA | HONDAKINAREN EHZ KODEA |
D0901 Hondakin likido, solido eta oretsuen tratamendu fisiko-kimikoa, iragazketa, bahetze, koagulazio/malutatze, oxidazio/murrizketa, prezipitazio, dekantazio/zentrifugazio, neutralizazio, destilazio eta erauzketa bidez. | Mekanikazioko emultsioak eta disoluzioak, halogenorik gabeak. | 120109 * |
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du onargarria dela; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Onartzea Noain Elortzibarko udal mugartean hondakinak kudeatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Productos Oppac SA da.
Bigarrena.–Suteen aurkako segurtasuna dela eta (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua), instalazioan biltegiratutako hondakin kopuruak ez du handitu behar ingurumen baimen bateratua emateko espedientearen dokumentazio teknikoan kalkulatutako arrisku intrintsekoaren maila.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Productos Oppac SAri eta Noain Elortzibarko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko abenduaren 4an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2417820