108. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERTZILLAKO PARTZUERGOA

Ertzillako Partzuergoaren kudeaketa-esleipena, honako obra hau egiteko: Hodiak aldatzea eta Ertzillako iturburuko araztegirako hargunea hobetzea eta sakoneko ponpa aldatzea

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3.b) artikuluan ezarritakoari jarraituz eta bi alderdiek 2024ko urtarrilaren 15ean sinatu ondotik, argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean Lekunberriko Udalaren eta Ertzillako Partzuergoaren arteko kudeaketa-esleipenaren hitzarmena.

HITZARMENA, ERTZILLAKO PARTZUERGOAK LEKUNBERRIKO UDALARI EGINDAKO KUDEAKETA-ESLEIPENARI BURUZKOA, "HODIAK ALDATZEA ETA ERTZILLAKO ITURBURUKO ARAZTEGIRAKO HARGUNEA HOBETZEA ETA SAKONEKO PONPA ALDATZEA" OBRA EGITEKO

Lekunberrin, 2024ko otsailaren 2an.

Alde batetik, Mikel Betelu Gorostegui, Ertzillako Partzuergoaren izenean eta hura ordezkatuz, entitatearen burua den aldetik. Horretarako ahalmena eman baitzitzaion Zuzendaritza-Batzordeak 2024ko otsailaren 1ean egin bilkuran hartutako erabaki baten bitartez.

Eta bertzetik, Arkaitz Goikoetxea Arriola, Lekunberriko Udalaren izenean eta hura ordezkatuz, entitatearen burua den aldetik. Horretarako ahalmena eman baitzitzaion Udalak 2024ko urtarrilaren 25ean egin osoko bilkuran hartutako erabaki baten bitartez.

KLAUSULAK:

Lehena.–Xedea.

Ertzillako Partzuergoak Lekunberriko Udalaren esku uzten du "Hodiak aldatzea eta Ertzillako iturburuko araztegirako hargunea hobetzea eta sakoneko ponpa aldatzea" obraren kontratazio espediente osoa gauzatzea.

Kontratazio espedientea, hasierako prestaketa-lanetatik amaierako obraren harrera-akta eta azken likidazioraino, gauzatu beharko da Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legean (aurrerantzean KPFL) ezarritako arau eta baldintzak betez.

Bigarrena.–Bi alderdiek adostu dute esleipenaren kudeaketa gauzatuko dela honako arauen bidez:

2.1. Prestatze-egintzak.

Ertzillako Partzuergoko organo eskudunak idatziko ditu eta aldez aurretik onetsiko ditu kontratazioaren baldintza-agiri arautzaileak (baldintza partikularren agiriak eta agindu teknikoen agiriak). Behin onetsirik Lekunberriko Udalari igorriko zaizkio, onets ditzan eta esleipen-prozesua has dezan.

Lekunberriko Udalak iritzi badu klausuletako baten bat aldatu behar dela, Partzuergoari itzuliko dio baldintza-agiria eta modu arrazoituan proposatu egokiak iruditzen zaizkion aldaketak.

2.2. Kontratuaren esleipena.

Kontratazio Mahaiak eginen ditu eskaintzen azterketa/balorazioak. Mahaia osatuko dute Partzuergoko buruak eta Zuzendaritza-Batzordeko kideetako hiruk gutxienez.

Era berean, Partzuergoko organo eskudunari dagokio izendatzea Mahaia osatuko duten edo hari aholkuak emanen dizkioten teknikariak, Zuzenbidean lizentziaduna barne (idazkari-lanak eginen ditu), eta Lekunberriko Udalak errespetatu beharko du, betiere aplikatu beharreko araudiari egokitzen bazaio.

Kontratazio Mahaiaren eginkizunak izanen dira KPFLren 51. artikuluan ezarriak direnak.

Azkenik, Lekunberriko Udalaren kontratazio organoaren adjudikazioa eginen da bat etorriz KPFLren 100. artikuluan xedatutakoarekin.

2.3. Lekunberriko Udalaren egintzen aurkako errekurtsoak.

Baldin eta esleipen honen baitako Lekunberriko Udalaren edozein administrazio-egintzaren aurkako errekurtsorik bada, honek Ertzillako Partzuergoari jakinarazi beharko dio lehenbailehen, hala badagokio ahalbidetzeko Partzuergoak administratiboki eta/edo judizialki bere eskubideak defenda ditzan, egin nahi den obraren benetako jabe gisa.

2.4. Kontratua gauzatzea.

2.4.1. Obraren zuinketa lanak egiaztatzea.

Obraren zuinketaren egiaztatze ekitaldira deitu beharko dituzte Ertzillako Partzuergoko organo eskuduna eta Iribasko Kontzejuko burua. Izan ere, obra gauzatuko da, gehien bat, entitate horretako lurretan.

2.4.2. Obra gauzatu bitarteko gorabeherak.

Kontratua gauzatu bitartean gertatzen den edozein gorabehera berehala jakinarazi beharko zaio Ertzillako Partzuergoko organo eskudunari (kontratuak hirugarrenei lagatzea, kontratu aldaketak, justifikaziorik gabe atzeramenduengatiko zehapenak ezartzea, hirugarrenei kalteengatiko erreklamazioak, prezioak enbargatzeko eskaerak, etab.). Lekunberriko Udalak errespetatu beharko du haren aburua eta/edo irizpena, betiere indarreko araudia betetzen duten bitartean.

2.4.3. Obra-ziurtagiriak onestea.

Obra-bukaerako eta ziurtagiri partzialei dagokionez, Udalak hilabetero bidaliko du Zuzendaritza Fakultatiboak aurkezturiko ziurtagiria, eta Partzuergoko organo eskudunaren txostena eta gero onetsiko du kontratazio organoak.

2.5. Kontratua azkentzea.

Obraren behin betiko harrera baino lehen, Lekunberriko Udalak jakinaraziko dio Ertzillako Partzuergoari lanen amaiera eta zuzendaritza fakultatiboarekin batera dei eginen dio, bisita egiteko, egiaztatzeko behar bezala burutu dela eta jasotzeko moduan dagoela.

Bertzalde, azkentzea ez bada gertatu obra behar bezala amaitu delako, hau da, azkentzea kontratua aurretiaz suntsiarazteko modua bada, indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen arrazoietako batengatik, Partzuergoko organo eskudunari jakinarazi beharko zaio dagokion espedientearen hasiera.

Hirugarrena.–Ertzillako Partzuergoari dagokion zatiaren ordainketa.

Hilabetero eta dagokion obra ziurtagiriaren bidalketarekin batera, Lekunberriko Udalak jakinaraziko dio ordaindu beharreko zenbatekoa Ertzillako Partzuergoari.

Ordaindu beharreko zenbateko partziala kalkulatzeko, ordaindu behar den diru kopuru guztiari kenduko zaio Nafarroako Gobernuak emanen duen dirulaguntzaren ehunekoa.

Ekarpen partzial oro konturako ordainketatzat hartuko da eta behin betiko ziurtagiriaren onespenetik aterako litzatekeenaren arabera doituko da.

Laugarrena.–Dirulaguntzen kudeaketa.

Nolanahi ere, kudeaketa agindu honek baimentzen du Lekunberriko Udalak eska ditzan jaso ahal diren dirulaguntza guztiak, hala Nafarroako Gobernuarenak nola bertze edozein entitate publiko edo pribaturenak, obraren kostua murrizten badute.

Nolanahi ere, bai dirulaguntzaren eskaera bai hori lortzea edo kobratzea bermatuko duten agiriak egiterakoan, aldez aurretik Ertzillako Partzuergoko organo eskudunaren oniritzia beharko da.

Bosgarrena.–Jarraipen Batzordea. Ertzillako Partzuergoko organo eskuduna.

Kudeaketa agindu hau osatzen duten jarduketak eraginkortasunez gauzatzeko, eta garatzeko eta betetzeko sortzen ahal diren eztabaidak ebazteko, Partzuergoak batzorde bat izendatu du. Entitatea ordezkatzeaz gain eta kudeaketa agindu honek esleitzen dizkion eginkizunak betetzeaz gain, arduratuko da Lekunberriko Udalarekiko hartu-eman guztietaz.

Seigarrena.–Indarraldia.

Kudeaketa agindu honen indarraldia berariaz duen xedeari mugatzen zaio ("Hodiak aldatzea eta Ertzillako iturburuko araztegirako hargunea hobetzea eta sakoneko ponpa aldatzea" obra gauzatzea). Ezin izanen zaio zabaldu inolaz bertze jarduketari edo lanari.

Zazpigarrena.–Hitzarmena aldatzea eta iraungitzea.

Kudeaketa agindua aldatzen ahalko da amaitu baino lehen, alderdiek berariaz hala erabakita.

Hitzarmen hau arrazoi hauetako batengatik azkenduko da:

a) Hitzarmenari ezarririko epea bukatuta, edo lanak bukatuta.

b) Bi alderdiek hala adostua, ezertan eragotzi gabe bere horretan irautea hitzarmenaren babesean hartutako betebeharrak.

c) Sinatzaileetako batek hartutako betebehar eta konpromisoak ez betetzea. Azkentzeko arrazoi hori gauzatzeko beharrezkoa da betetzea urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. eta 52. artikuluetan aurreikusitakoa (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

d) Epaile batek erabakia deuseza dela deklaratzea.

Zortzigarrena.–Auziak ebaztea.

Alderdien artean sortzen diren eztabaida eta auziak Ertzillako Partzuergoaren Zuzendaritza-kontseiluak ebatziko ditu, kudeatzeko esleipena ematen duen entitate gisa, eta, bidezko bada, administrazioarekiko auzien gaineko jurisdikzio ordenari jakinaraziko zaizkio eta haren eskumenean geldituko dira, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Mugiron, 2025eko maiatzaren 14an.–Partzuergoko burua, Mikel Betelu Gorostegui.

Iragarkiaren kodea: L2507282