Iragarkia
108. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 30a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
SESMA
Ordenantza, ureztatzeko herri-lurraren aprobetxamendu berezia arautzen duena. Behin betiko onespena
Sesmako Udalak, 2024ko urriaren 9an egin osoko bilkuran, besteak beste eta legez behar den gehiengoarekin, hasiera batez onetsi zuen "El Monte" ureztatzeko herri-lurraren aprobetxamendu berezia arautzen duen ordenantza, egin zaizkion aldaketekin.
Jendaurrean jarri zen, eta jendaurreko aldia iragan da inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe; hala, Udalak behin betiko onetsi zuen, legez behar den gehiengoarekin, 2025eko otsailaren 12an egin osoko bilkuran. Ondotik, ordenantzaren testu osoa erantsi da, bat etorriz Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoarekin.
Sesman, 2025eko apirilaren 29an.–Alkatea, M.ª Rosario Echávarri Pinillos.
SESMAKO UREZTATZEKO HERRI-LURRAREN APROBETXAMENDU BEREZIA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da aprobetxamendu berezia arautzea ondoren aipatzen diren "El Monte" izeneko herri-finketako eremu ureztatuen lurretan, aintzat hartuz ezarririk dagoena:Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 174. artikuluan eta hurrengoetan eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretuaren 217. artikuluan eta hurrengoetan: 4-517, 5-12, 5-122, 5-129 eta 5-203, bai eta ureztatzeko herri-finka eraldatuak ere, EGA 3-XXVI. sektorea ureztalur bilakatzeko lurzati berrantolamenduan adjudikaturikoen ondoriozkoak (Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriaren 1. fasea handitzea). Finka horiek honako hauetan daude: 72. poligonoko 146. eta 147 lurzatiak; 73. poligonoko 377., 425. eta 452. lurzatiak, eta 74. poligonoko 472. eta 536. lurzatiak.
Lur horiek herri-lurrak dira, eta ordenantza honetan arautzen ez den guztian, Herri-ondasunen aprobetxamendua erregulatzen duen ordenantzak ezartzen duenari jarraikiko zaio (1989ko urtarrilaren 13an behin betiko onetsia eta 1989ko 69/89 Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ekainaren 5ean).
2. artikulua. Erabilera eta xedea.
1. Aprobetxamendu horren xedeko lurzatiak ureztatzeko nekazaritza-ustiategietarako bakarrik erabiliko dira, edozein modalitatetan.
2. Sesmako "El Monte" ureztatzeko herri-lurraren barneko finketarako, bermatu egiten da berotegi-ustiategiek erabateko lehentasuna izanen dutela uraren aprobetxamenduan, beste edozein ustiategi-motaren aurretik.
3. Loteak ureztatzeko edozein modalitatetan ustiatzen ahalko dira, eta 8 eta 25 urte bitarteko epeetan adjudikatuko dira. Bost urteko epeetan luzatzen ahalko dira, baldin eta landaketak edo instalazioak behar bezala ustiatzeko moduan badaude. Udalak osoko bilkuran eginen ditu adjudikazioak, eta, orobat, baldintzak zehaztuko ditu.
4. Baimentzen dira, gainera, ustiategi horren mendeko edo horrekin zuzenki lotutako gainerako jarduerak, baldin eta lurzatietan bertan kokatu behar badira edo lurzatietatik urrun kokatzea oso kaltegarria bada.
3. artikulua. Onuradunak.
1. Oro har, aprobetxamendu honen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.
–Sesmako Udalaren biztanle erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 2 urte lehenagotik, gutxienez.
–Bertan bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen, egiazki eta jarraian.
–Sesmako Udalarekin zerga-betebeharrak egunean izatea.
2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat.
3. Onuradun izaten ahalko dira, halaber, 1. puntuan eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten nekazari gazteak, nahiz eta loteren baten adjudikaziodun den familia-unitateko kide izan. Ordenantza horren ondorioetarako, nekazari gaztea da Nafarroako araudiak norbait nekazari gaztetzat hartua izateko baldintzak betetzen dituzten pertsonak.
4. artikulua. Eredu-lotea.
1. Sesmako "El Monte" herri-lurreko finketarako, Udalak osoko bilkuran erabakiko du –lurren eskuragarritasunaren, eskaeraren eta lurraren ezaugarrien arabera– finken tamaina zenbatekoa izanen den, eta, beharrezkoa bada, eredu-lotea finkatuko du. Udalak zehaztuko ditu loteak eta haien ezaugarriak.
2. EGA 3-XXVI. sektorea ureztalur bilakatzeko lurzati berrantolamendutik (Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriaren 1. fasea handitzea) datozen Sesmako ureztatzeko herri-finketarako, eredu-lotearen azalera izanen da eraikuntza proiektuan zehazturiko oinarrizko azaleraren parekoa edo handiagoa, horretarako oinarri harturik Nafarroako Gobernuak eremu horretan jarduteko dekretuan finkatzen duena; halaber, Udalak haren tamaina zehaztuko du hamabost urteko gutxieneko epean, ureztatzeko deklaraziotik zenbatzen hasirik.
5. artikulua. Epea.
Lurzatiak baliatzeko epea 8 urtetik 25 urtera bitartekoa izanen da, eta bost urteko epeetan luzatzen ahalko da, baldin eta landaketak edo instalazioak behar bezala ustiatzeko moduan badaude. Errentariak uzten badio Sesmako udal erroldan inskribatua egoteari edo udalerri horretan urtean bederatzi hilabetez gutxienez bizitzeari, Udalak bukatutzat emanen du kontratua, inolako kalte-ordainik gabe.
Errentariak baja ematen ahalko du ezarritako epea bete badu, eta udalak baja ematen ahalko dio, baldin uste badu landaketek edo instalazioek ustiaketa-baldintza onik ez dutela. Horretarako, Udalak txosten bat prestatuko du, nekazaritza-teknikari batek egina.
6. artikulua. Finken erreserba.
Udalak ureztatzeko laborantza-eremu libre bat izanen du nekazari gazteei eta sartu berriei adjudikatzeko, ureztatzeko herri-lurrez goza dezaten. Udalak, urtero, eskuragarri dagoen eremua eta baldintzak ezarriko ditu.
7. artikulua. Onuradun izateari uzteko arrazoiak.
Hauek dira, oro har, onuradun izaera, eta ondorioz, aprobetxamendurako eskubidea galtzeko arrazoiak:
1. Onuradunak uko egitea.
2. Epea bukatzea.
3. Heriotza.
4. Zehapena.
5. Onuradun izateko eskatzen diren baldintzetako bat ez betetzea.
8. artikulua. Zuzeneko laborantza pertsonala.
1. Onuradunek, edo familia-unitateko edozein kidek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste eraren baten bidez ustiatu.
Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza zenbaiten artean egitea ere zuzeneko lan pertsonaltzat hartuko da, kooperatibetan edo lantaldeetan elkartzen badira eta kide guztiek 3. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.
2. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da adjudikaziodunak edo haren familia-unitateko kideek zuzenean egitea laborantza lanak, ordenantza honen 3. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik. Soldatapekoak erabiltzen ahalko dira, ekoizpenak hala eskatzen duenean.
3. Alabaina, zuzeneko laborari pertsonalaren izaera ez da galduko soldatapekoak hartzen badira gerora sortutako eritasun bat edo aldi baterako beste arrazoi bat gertatzeagatik, udal honen iritziz lurra norberak lantzea eragozten duena.
4. Egindako inbertsioa kontuan hartuz, onuradun izaera lotearen jatorrizko onuraduna ez den beste pertsona batengana pasatuko da, onuradun izaera lortzeko unean, gerora sortutako honako arrazoi hauek gertatzen direnean:
4.1. Onuradunaren heriotza. Kasu honetan, ustiategia lantzen segitzen ahalko dute, bai zuzenean, bai errentamenduaren bidez, hildakoaren gurasoek, seme-alabek, alargunak edo bigarren gradura arteko familiakoek. Era berean, edozein unetan subrogatu ahal izanen dira pertsona horiek elkarren artean ustiategian, etenik gabe, betiere adierazitako denbora mugaraino. Ordenantza honetan ezarritako epeak bete beharko dira.
4.2. Erakunde ofizial eskudunek ofizialki deklaratzea onuraduna lan egiteko ezindua dagoela. Kasu horretan, onuradunak lurzatia ustiatzen ahalko du lan pertsonalaz bestelako formula bat erabiliz. Edonola ere, ordenantza honetan ezarritako epeak bete beharko dira.
4.3. Banantze judizialaren edo dibortzioaren kasuan, banatutako edo dibortziatutako ezein kide izanen da onuradun, banantze edo dibortzio ebazpenak ezarritakoaren edo alde biek erabakitakoaren arabera.
5. Lurra aprobetxatzen segitzeko eskubide hori, aurreko puntuetan xedatutakotik datorrena, titularrak berak edo kausadunek baliatu beharko dute 6 hilabeteko epean, eta horretarako eskaera egin beharko diote Udalari. Epea zenbatzen hasiko da egitate sortzailea gertatzen denetik aurrera.
Epe hori iraganda eskubide hori baliatu ez bada edo Udalari ez bazaio eman atzerapen horretarako arrazoirik, lurzatia Udalaren esku geratuko da bete-betean.
Onuradunaren ordez beste pertsona bat ari bada lurra zuzenean lantzen, pertsona horrek onuradun izateko baldintzak bete beharko ditu, salbu eta hori ezinezkoa bada hari leporatzen ezin zaizkion arrazoiak direla kausa. Udalaren onarpena beharko dute arrazoi horiek.
6. Zuzeneko laborantza pertsonala ez da nahitaezkoa izanen baldin eta eskaera guztiei erantzuteko nahikoa lur libre badago.
9. artikulua. Urteko kanonaren prezioa.
1. Sesmako "El Monte" ureztatzeko herri-lurreko finketarako, Udalak aurrekontuak onetsitakoan ezarriko du urteko kanonaren prezioa. Prezioak, hain zuzen, estaliko ditu ureztatzeko instalazioak egokiro funtziona dezaten beharrezkoak diren kostu zuzenak zein zeharkakoak. Kostuak lurraren alokairua oinarri hartuta banatuko dira. Ur kontsumoak ez dira errentamenduaren kostuan sartuko, eta, edonola ere, faktore zuzentzaileak aplikatzen ahalko dira, hori egiteko arrazoiak daudenean (sozialak, ongintzakoak, kulturari lotutakoak, interes publikokoak...), bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 32.2 artikuluan ezarritakoarekin.
2. EGA 3-XXVI. sektorearen (Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriaren 1. fasea handitzea) barneko Sesmako ureztatzeko herri-finketarako, Udalak ezarriko du honako hauek barne hartzen dituen kanon bat:
–Errentamenduaren oinarrizko prezioa + azpiegitura orokorren kanona (Ebroko Konfederazio Hidrografikoarentzat eta Canasarentzat) + emakidadun enpresarentzako kanona, EGA 3 sektoreko azpiegitura mantentzeko gastuagatik + Nafarroako Ubideko Ureztatzaileen Komunitate Orokorraren funtzionamendu gastuak + Oinarriko Ureztatzaileen Komunitatearen funtzionamendu gastuak + ur-kontsumoaren gastuak.
–Errentamenduaren oinarrizko prezioa: Udalak arautuko du aurrekontuak prestatzean, faktore gisa aintzat hartuz inguruneko errentamendua eta kontsumoko prezioen indizeak (KPIak). Lehen urte honetarako, ezarririk dago erreguko 43 euro.
–Azpiegitura orokorren kanona: Ebroko Konfederazio Hidrografikoak (CHE) eta Canasak fakturatzen dute.
–Tokiko azpiegiturak mantentzeko kanona: emakidadun enpresak fakturatzen du.
–Oinarriko Ureztatzaileen Komunitatearen eta Nafarroako Ubideko Ureztatzaileen Komunitate Orokorraren funtzionamendu-gastuak.
–Ur-kontsumoak dakartzan gastuak. Udalak edo ureztatzaileen komunitateak fakturatuko dizkio adjudikaziodunei benetako kontsumoen ordainagiriak, multzoka tarifaturik:
- 1. multzoa, edo ureztatzaileak ordaindu beharreko oinarri finkoa, Udalak kalkulatua, kontsumitutako metro kubiko bakoitzaren prezio gisa. Prezio horretan fakturatuko dira adjudikaziodunak izandako kontsumoak, harentzat finkatutako kontsumoak edo gutxiagokoak badira, edo handiagoak izanez gero, gehienez ere %10 handiago badira.
- 2. multzoa, edo adjudikaziodunak egiten dituen kontsumoak aldez aurretik harentzat ezarritakotik gora, horiek %10etik %20ra bitartera gainditurik; berarentzat ezarritako kontsumotik gorakoari zehapena ezarriko zaio, I. multzoan prezio kubiko bakoitzeko ezarritako prezioan %300eko gehikuntza eginik.
- 3. multzoa, non sartzen baitira adjudikaziodunak egiten dituen kontsumoak aldez aurretik harentzat ezarritakoak %20 baino gehiago gainditurik. Kasu honetan, berarentzat ezarritako kontsumotik gorakoari zehapena ezarriko zaio, I. multzoan ezarritako prezioan %500eko gehikuntza eginik.
Udalak, ureztatzaileen komunitatearekin adosturik, ureztatze kanpaina bakoitzean ezarriko du kontsumitutako metro kubiko bakoitzaren prezioa, 1. multzoari dagokiona.
Adjudikaziodunek nahi badute Udalak egin diezaien barneko ureztatze-instalazioa, Udalak finantzatu eginen ditu hasiera batean. Dirulaguntzarik ez duen instalazio-zatiaren kostua pixkanaka itzuliko dute adjudikaziodunek 15 urtean, %2ko interesarekin, urteko kuota finkotan.
10. artikulua. Kontribuzioak eta tasak.
Lurzatien adjudikaziodunek, Udalak beharrezko iritziz gero, tasak ordaindu beharko dituzte udal zerbitzuek poligonoan ematen dituzten zerbitzuengatik, hala nola bideen mantentze-lanengatik.
11. artikulua. Adjudikatzeko prozedura.
1. Sesmako "El Monte" ureztatzeko herri-lurreko finketarako, onuradunek bete beharko dituzte ordenantza honen 3. artikuluan ezarritako baldintzak.
Eskaerari erantsiko zaio honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazio bat:
a) Sesmako bizilaguna izatea, gutxienez ere bi urte lehenagotik, eta udalerrian egiazki bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen.
b) Udal honekiko zerga-betebehar egunean izatea.
c) Familia-unitatea osatzen duten kideak.
Osoko bilkura batetik beste batera bitarteko aldian jasotako eskaeren artean, honako hauek izanen dute lehentasuna lote baten adjudikazioa lortzeko:
–Adjudikatutako loterik ez daukaten nekazari gazteak.
–Baldintzak bete arren, loterik ez daukaten bizilagunak.
–Eskaera aurkeztu duten bizilagunen artean, errentan hartuta hektarea gutxien dauzkatenek izanen dute lehentasuna.
–Baldintzak bete eta loteren bat daukaten gainerako bizilagunak.
Bizilagun batek lote oso bat daukala ulertuko da 2,5 hektarea gutxienez baldin badauzka errentan hartuta.
Udalak osoko bilkuran hartuko du behin betiko adjudikazioaren gaineko erabakia, eta iragarki-taulan paratuko du.
2. EGA 3-XXVI. sektorea ureztalur bilakatzeko lurzati berrantolamendutik (Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriaren 1. fasea handitzea) datozen Sesmako ureztatzeko herri-finketarako, eskaerari erantsiko zaio honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazio bat:
a) Sesmako bizilaguna izatea, gutxienez ere bi urte lehenagotik, eta Sesmako udalerrian egiazki bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen.
b) Udal honekiko zerga-betebehar egunean izatea.
c) Familia-unitatea osatzen duten kideak.
d) Lehentasunezko ustiategi batekoa izanez gero, eta hura Lehentasunezko Ustiategien Erregistroan inskribaturik badago, horren frogagiria aurkeztea.
e) Nekazari gaztea eta lehentasunezko ustiategi batekoa izanez gero, horren frogagiria aurkeztea.
2. apartatuan, hauek izanen dute lehentasuna:
1. Familienak diren lehentasunezko nekazaritza-ustiategiak, nekazari gazte batek zuzentzen baditu edo bertan aritzen bada. Behar den erregistroan inskribaturik egon beharko dute.
2. Lehentasunezko nekazaritza-ustiategiak, baldin ogibide nagusia nekazaritza dutenek osatuak badira. Behar den erregistroan inskribaturik egon beharko dute.
3. Udalak zuzenean ustiatzea, hark egoki baderitzo.
4. Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamendua, onuradun izateko baldintzak betetzen dituzten bizilagunentzat. Indarreko araudiarekin bat eginen da.
5. Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamendua, onuradun izateko baldintzak betetzen dituzten bizilagunentzat.
6. Loterik gelditzen bada sobera, enkante publikoa eginen da.
12. artikulua. Ustiatzen hastea.
Udalak, osoko bilkuran, lurzatia behin betiko adjudikaturik, onuradunak urtebete izanen du ureztalurra ustiatzeari ekiteko, aldez aurretik eskuratuta horretarako behar den obra-lizentzia edo eskatzen den gainerako baimen oro. Horrela jokatu ezean, Udalak, osoko bilkuran, deklaratuko du iraungia dela onuradunak aprobetxamendurako zeukan eskubidea, eta ez du kalte-ordainik jasoko. Dena den, aldez aurretik entzunaldia emanen zaio.
13. artikulua. Onuraduna: arriskua eta mentura. Lurrak udalaren esku geratzea.
Onuradunak bere gain hartuko ditu ustiaketaren arriskua eta mentura, eta hortaz hura arduratuko da ustiaketarako beharrezko irizten dion instalazioa jartzeaz. Udalak ez dio ezer ordaindu beharko lurzati, landaketa edo uztetan egindako hobekuntzengatik.
Udalak, egoki iritziz gero, beharrezko jotzen dituen inbertsioak egiten ahalko ditu loteak adjudikatu aurretik, baina horrek eragina izanen du loteen prezioan.
Ordenantza honetan ezarritako edozein arrazoi dela-eta ustiaketarako eskubidea iraungitzen denean, lurzatia udalaren esku geratuko da bete-betean, eta hark erabakiko du, kasu bakoitzean, zer egoeratan utzi behar den lurzati edo lote hori.
14. artikulua. Segurtasuna eta higienea.
Segurtasunaren, higienearen, ingurumenaren babesaren eta antzekoen aldetik bete beharreko baldintzak izanen dira ezarrita daudenak aplikatzekoa den sektore-araudian, bai eta udalak baldintza-agirian jarritakoak ere, halakorik jarriz gero.
15. artikulua. Arau-hausteak.
Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:
a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea, nahitaezkoa denean.
b) Aprobetxamenduen kanonak udalak ezartzen dituen epeetan ez ordaintzea.
c) Herritarrentzako dena delako aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea.
d) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.
e) Herri-lurrak lantzea Udalak adjudikatu gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.
f) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.
g) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.
16. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:
–a), c) eta d) arau-hausteengatik emakida azkenduko da, horrek galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea, bidezko bada.
–Gainerako arau-hausteengatik 200 eurotik 2.000 eurora bitarteko isunak ezarriko dira.
17. artikulua. Fidantzak.
Adjudikaziodunek behin betiko fidantza bat eratu beharko dute: ezarritako kanona adinakoa.
Behin betiko fidantza hori eratzeko, 15 egun egonen dira. Eskudirutan ematen ahalko da, edo Espainian eragiketak egiteko baimena duen banku, kreditu kooperatiba edo elkarrekiko bermerako sozietate batek emandako abal baten bidez, arauz ezarritako moduarekin eta baldintzekin, uztailaren 21eko 205/1988 Foru Dekretuari jarraikiz.
18. artikulua. Erantzukizunak.
Ureztatzaileren batek instalazioak gaizki erabili eta kalteak sortzen baditu, hark izanen du erantzukizuna; bereziki, erabiltzen badu eremu baterako eta ohiko laborantzetarako ezarritako erreferentziako ur kantitatea baino gehiago.
Kaltearen arrazoia ezin denean argitu eta ezin zaienean halako ureztatzaile bati edo gehiagori leporatu, Udalak bere gain hartuko du erantzukizuna, eta ezin izanen dio inola ere egotzi Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.
19. artikulua. Ureztatzaileen betebeharrak.
Ureztatze kanpaina bakoitzean, ureztatzaileek eskualdean sartutako laboreen edo sartu gogo direnen gaineko datu aipagarrienak emanen dizkiete Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari edo haren enpresa publikoei, horiek hala eskatuta. Bestela, Udalak izanen du informazio hori eman beharra.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Udalak, osoko bilkuran, ordenantza hau garatze aldera, baldintza orokorren oinarrizko agiri bat onesten ahalko du, adjudikazio zehatz bakoitzari aplikatzekoa. Oinarrizko baldintza-agiri horren edukiak ezinen dio inola ere kontra egin ordenantza honetan ezarritakoari. Hain zuzen, ordenantza honekin bat ez datorren klausula edo baldintza oro baliogabetzat joko da. Oinarrizko baldintza-agiria onesteko erabakiak gehiengo osoa beharko du.
Iragarkiaren kodea: L2506313
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
