108. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

999/2025 EBAZPENA, maiatzaren 22koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez, agintzen da argitara dadila erabaki hau: "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoan ohorezko lankideak eta ohorezko irakasleak hartzeari buruzko arautegiaren aldaketa onesten duena".

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agintzen dut argitara dadila erabaki hau: "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoan ohorezko lankideak eta ohorezko irakasleak hartzeari buruzko arautegiaren aldaketa onesten duena".

"NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAN OHOREZKO LANKIDEAK ETA OHOREZKO IRAKASLEAK HARTZEARI BURUZKO ARAUTEGIA ALDATZEKO ERABAKIA

Nafarroako Unibertsitate Publikoan ohorezko lankideak eta ohorezko irakasleak hartzeari buruzko arautegia, hain zuzen, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2013ko urriaren 9an hartutako erabaki baten bidez onetsi zen, zeina 2013ko 215 zenbakiko NAOan argitaratu baitzen, azaroaren 7an.

Aipatutako arautegia aplikatu bitartean bilduriko esperientziak agerian utzi du arautegia eguneratu behar dela, ohorezko kategorien indarraldia ezartzeko eta haien eskubideak baliabide erabilgarriekin bat etorriz eguneratzeko.

Horiek horrela, honako hau da Gobernu Kontseiluak, Irakasleen Gaietarako errektoreordeak proposaturik, 2025eko maiatzaren 20an egindako bileran hartu duen,

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan ohorezko lankideak eta ohorezko irakasleak hartzeari buruzko arautegiaren aldaketa onestea, zeina honela geldituko baita idatzirik:

1.–Honela idatzirik geldituko da 2.3 artikuluko lehenbiziko paragrafoa:

"Sailek urte bakoitzeko ekainean eginen dituzte izangaiak ohorezko lankide edo ohorezko irakasle izendatzeko proposamenak. Horretarako, honako hauek bidaliko dizkiote irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzari:

a) Saileko kontseiluak eginiko aldeko txostena.

b) Izangaiaren curriculum vitaea.

c) Sail eskatzailearen kontseiluak onetsitako memoria bat, proposaturiko izangaiak garatu beharreko lankidetza-jarduerak zehaztuko dituena.

d) Izendapena zein ikasturteri dagokion.

e) Izangaiaren berariazko onarpena, non adieraziko baitu ados dagoela garatzeko proposatu zaizkion lankidetza-jarduerekin."

2.–3.1 artikulua honela geldituko da idatzirik:

Ohorezko lankidearen edo ohorezko irakaslearen izendapena berritzen ahalko da. Ohorezko irakasleen kasuan, bi aldiz berritzen ahalko da gehienez.

3.–Honela idatzirik geldituko da 3.2 artikuluko lehenbiziko paragrafoa:

"Berriztapena eskatzeko, sailak honako hauek bidali beharko dizkio irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzari urte bakoitzeko ekainean:

a) Saileko kontseiluak eginiko aldeko txostena.

b) Ohorezko lankide edo ohorezko irakasle izendatu zutenetik -edo, kasua bada, azken berritzetik- egindako jardueren memoria; memoria horrek jarduera horien balorazioa jasoko du.

c) Izangaiak berriztapena onartzen duela adierazten duen dokumentua."

4.–5.1 artikulua honela geldituko da idatzirik:

"Ohorezko lankideek eta ohorezko irakasleek ez dute bulego bat izateko eskubiderik izanen, eta zer saili dauden atxikita, sail horrek emanen die izendapena indarrean den bitartean lan egiteko espazio bat, izendapenetik edo berritzetik hiru hilabete balioduneko epean. Horrek ez du inola ere justifikatuko sailak espazio gehiago eskatzea."

5.–Indargabetu egiten dira lehenbiziko eta bigarren xedapen iragankorrak, edukirik gabe gelditzen baitira, eta beste xedapen iragankor bat gehitzen da, honela idatzirik:

Lehenbizikoa.–"edukirik gabe".

Bigarrena.–"edukirik gabe".

Hirugarrena.–Erabaki honen arabera arautuko dira 2025-26 ikasturteko eskabideak eta berriztapenak. Ohorezko irakasle bakoitzari bi berriztapen egiten ahalko zaizkio, eta haien artean lehenbizikoa izanen da 2025-26 ikasturterako eskatutako berriztapena.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratzea.

Hirugarrena.–Erabaki hau Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzari, sailen zuzendariei eta Giza Baliabideen Zerbitzuari jakinaraztea.

Laugarrena.–Erabaki honen aurka zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea Gobernu Kontseiluari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako maila bereko epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2025eko maiatzaren 22an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

Iragarkiaren kodea: F2507550