1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
181/2025 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Justiziako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Nafarroako Foru Komunitatearen mendeko Justizia Administrazioaren zerbitzuen 2025-2027 urteetarako Jarduketa Plana ezartzen baita.
Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 60 artikuluak xedatzen du, Justizia Administrazioari dagokionez, jurisdikzio militarra salbuetsiz, Nafarroari dagokiola Botere Judizialari buruzko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari buruzko Lege Organikoek Estatuko Gobernuari onartzen edo esleitzen dizkioten ahalmen guztiak erabiltzea. Ildo horretan, maiatzaren 14ko 812/1999 Errege Dekretuak Estatuko Administrazioaren eginkizunak eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzea onetsi zuen.
1978ko Espainiako Konstituzioak administrazio publiko ororen jardueraren printzipio gidari gisa ezartzen du administratuen interes orokorrak objektibotasunez zerbitzatzea. Halaber, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak aurreikusten du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak objektibotasunez zerbitzatuko dituela interes orokorrak, Konstituzioari bete-betean men eginez eta Nafarroako Gobernuaren zuzendaritzapean.
Printzipio gidari horren emaitza izan da etengabe ahalegindu izana administrazioen zerbitzuak eta, bereziki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarenak egokitzeko etengabe eraldatzen eta garatzen ari den gizartearen eskaera gero eta konplexuago eta ugariagoetara. Ahalegin hori ez zen egiten ahalko zerbitzari publikoen kolektiboen inplikaziorik eta parte-hartze aktiborik gabe.
Zehazki, Nafarroako Justizia Administrazioko langileen ordezkariekin izaniko elkarrizketaren ondorioz, apirilaren 17ko 156/2000 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitatearen mendeko Justizia Administrazioko zerbitzuen 2000. urterako Jarduketa Plana finkatu zen, abenduaren 29ko 1616/1989 Errege Dekretuaren 9. xedapen gehigarriaren esparruan, zeinak jarduketa-plan horiek ezartzeko aukera eta haien baldintzak ezartzen baititu.
Jarduketa Plan horrek Justiziaren zerbitzu publikoa nabarmen hobetzen lagundu zuen, Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileak hartzaile zituzten antolaketa-, prestakuntza- eta ekonomia-hobekuntzen bidez, zeinek kalitatezko zerbitzua emateko inplikazio-maila areago handitzen lagundu baitzuten. Planak bost lan-eremu zituen ardatz: lan-ordutegia betetzea eta langileak identifikatzeko eta eraikin judizialetara sartzeko eta haietan ibiltzeko sistema berriak ezartzea; justifikaturiko kausa egiaztatuek eragin ez duten lan-absentismoa desagerraraztea; bulego judizialak antolatzea; prozedura judizialak informatizatzea; eta etengabeko prestakuntza, lanaren eraginkortasuna hobetzeko oinarrizko tresna gisa.
Apirilaren 23ko 102/2001 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen mendeko Justizia Administrazioko Zerbitzuen 2001eko Jarduketa Plana ezarri zen, azaroaren 24ko 1909/2000 Errege Dekretuaren 12. artikuluaren esparruan, zeinean ezartzen baita jarduketa-programa zehatzak ezartzeko eta horien baldintzak arautzeko aukera abenduaren 29ko 1616/1989 Errege Dekretuaren araudiak bezala (hura indargabetu zuen).
2002. urterako jarduketa-planak (abuztuaren 5eko 178/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsia) eta 2003. urterako jarduketa-planak (abuztuaren 25eko 486/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsia) 2000. urtekoaren lan-eremu berak dituzte ardatz, baina azaroaren 24ko 1909/2000 Errege Dekretuaren 12. artikuluaren esparruan, eta konpentsazio ekonomikoa eguneratzea ekarri zuten.
Abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoak (zeinaren bidez Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatu baitzen) Justizia Administrazioari eta haren ordainsari-sistemarenari ekarririko erreforma sakonak eragina izan zuen hurrengo ekitaldietarako jarduketa-planen negoziazio-prozesuan. Hala, azaroaren 14ko 135/2005 Foru Dekretuaren bidez, aldi baterako osagarri baten zenbatekoa finkatu zen, Jarduketa Planeko ordainsariak gehitzeko konpentsazio ekonomikotik eratorririko zenbateko batekin. Aldi baterako osagarriaren zenbatekoa eguneratzen joan zen 2006., 2007. eta 2008. urteetarako, urriaren 16ko 70/2006 Foru Dekretuaren, martxoaren 19ko 19/2007 Foru Dekretuaren eta apirilaren 21eko 36/2008 Foru Dekretuaren bidez (hurrenez hurren).
2003. urtean aurreko Jarduketa Planaren aplikazio eraginkorra bukatu zenetik urte batzuk iragan ondotik, komenigarritzat jo zen haren xede izan ziren edukietako batzuk eguneratzea 2017. urterako. Horregatik, Nafarroako Justizia Administrazioaren Zerbitzupeko Kidegoetako Langileen Jarduketa Plan berri bat ezarri zen, uztailaren 17ko 157/2017 Ebazpenaren bidez; 2003ko Jarduketa Planaren laugarren eta bosgarren jarduketa-eremuak zituen ardatz (prozedura judizialak informatizatzea; eta etengabeko prestakuntza, lanaren eraginkortasuna hobetzeko oinarrizko tresna gisa), eta beste ordainsari bat langileei eskaturiko prestakuntza eta inplikazioa zehaztu zituen. Otsailaren 13ko 27/2018 Ebazpenak eta otsailaren 12ko 68/2019 Ebazpenak, biak Justiziako zuzendari nagusiak emanak, Nafarroako Foru Komunitatearen mendeko Justizia Administrazioko zerbitzuen jarduketa-plan bana onetsi zuten, eta haien konpentsazio ekonomikoa eguneratzen zuten, 2018ko eta 2019ko ekitaldietarako, hurrenez hurren.
Gaur egun, Justizia Administrazioa eraldaketa sakon bati aurre egiten ari zaio, eta ukitutako eragile guztien elkarlana galdegiten du horrek. Eraldaketa hori abenduaren 19ko 6/2023 Errege Lege Dekretua indarrean jartzean hasi zen (6/2023 Errege Lege Dekretua, abenduaren 19koa, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana betearazteko premiazko neurriak onesten dituena Justiziaren zerbitzu publikoaren, funtzio publikoaren, toki-araubidearen eta mezenasgoaren arloan). Horrek aldaketa handia ekarri zuen lan egiteko moduan, Justiziaren zerbitzu publikoa errealitate teknologiko garaikidera egokitu nahi baitzuen, herritarren eta organo judizialen arteko harreman digitalaren alde eginez. Horretarako, beharrezkoa da kategoria guztietako funtzionarioak inplikatzea herritarrek administrazio publikoetan duten konfiantza mantendu eta hobetzeko gaitasuna eta eraginkortasuna handitzeko, eta lehenbiziko lerrotzat jotzen ditu enplegatu publikoak Administrazio garaikidean edozein aurrerapauso emateko, proaktiboa, berritzailea eta aldaketa-prozesu orotan eta etengabeko ikaskuntzan inplikatua izan behar baitu.
Halaber, Justiziaren zerbitzu publikoaren efizientzia-neurriei buruzko urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoa indarrean jartzearen ondorioz, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa sakonki aldatzen baitu, berekin dakar egungo egitura judiziala desagertzea, auzialdiko auzitegiak eta udalerrietako justizia-bulegoak ezartzea, eta langileak eredu judizial berrira egokitzea. Horrek guztiak beste ahalegin bat galdeginen dio Nafarroako Foru Komunitateko Justizia Administrazioko kidego orokorreko langileei, lurralde-eremu honetako Justiziaren zerbitzu publikoaren funtzionamendu egokian duten inplikazio handiari gehiturik.
Azaroaren 24ko 1909/2000 Errege Dekretuaren 12. artikuluak (zeina indarrean ezartzen baitu uztailaren 20ko 1033/2007 Errege Dekretuaren xedapen indargabetzaile bakarrak eta errege-dekretu horren aplikazio-eremuan dauden Justizia Administrazioko langileei aplikatzekoa baita) xedatzen du aukera dagoela programa zehatzak ezar daitezen Justizia zerbitzua zerbitzu publiko gisa modernizatzeko eta hobetzeko, hau da, herritarrentzat hobekuntza hautemangarria lortzeko. Helburu horiek bete daitezen, hileko osagarri bat ezartzen ahalko da, eta, betetzen ez badira, eteten ahalko da osagarri hori jasotzea. Nafarroako Gobernuko Justizia Zuzendaritza Nagusiak zehaztuko ditu Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuko jarduketa-programa zehatz horiek.
Bestalde, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 516.B).2.a) artikuluak aurreikusten du produktibitate-osagarri bat ezartzea, funtzionarioak bere lana egiteko duen errendimendu berezia, aparteko jarduera eta interesa edo ekimena ordaintzeko, bai eta jarduketa-programa zehatzetan parte hartzea eta Justizia Ministerioak eta eskumenak bereganatuak dituzten autonomia-erkidegoek (zeinek bere eremuan) zehazturiko helburuak lortzen parte hartzea ordaintzeko ere.
Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen Negoziazio Mahai Sektorialean eta Nafarroako Foru Komunitateko Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen eta estatutupeko langileen Negoziazio Mahaian eginiko negoziazioen ondotik (2025eko apirilaren 15ean eta 16an eginak, hurrenez hurren), komenigarritzat jotzen da akordio hau onestea, 2025-2027 aldiko esparruan. Helburu nagusia da Nafarroako Foru Komunitateko herritarrendako Justiziaren zerbitzu publikoa hobetzea, eta, horretarako, ezinbestekoa da lurralde-eremu horretan Justizia Administrazioko kidego orokorrak osatzen dituzten langileak inplikatzea, ordainsarien, prestakuntzaren eta Justizia Administrazioa eraldatzearen testuinguru berrira egokitzeko neurrien bidez.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak,
EBAZTEN DUT:
1.a Onestea Nafarroako Foru Komunitatearen mendeko Justizia Administrazioaren zerbitzuen 2025-2027 urteetarako Jarduketa Planaren ezarpena. Akordio hori eranskin gisa gehitu zaio ebazpen honi.
2.a Justiziaren 2025erako Jarduketa Planeko akordioak betetzeagatiko banakako konpentsazio ekonomikoa arautzea, baldintza hauetan:
2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, produktibitate-osagarriaren bidez osatuko dira jarduketa-planean jasoriko langileen hilabete-sari arruntak, honako zenbateko hauetan:
–Kudeaketa Prozesal eta Administratiboa: 105,00 euro.
–Izapidetze Prozesal eta Administratiboa: 95,00 euro.
–Laguntza Judiziala: 85,00 euro.
Bitarteko funtzionarioek ere jasoko dituzte dagozkien zenbatekoak, plaza betetzen emaniko denboraren zati proportzionalean.
Zenbateko horiek funtzionario bakoitzaren kidegoaren arabera ere jasoko dira, legez gaiturik goragoko kidegoko edo mailako eginkizunak bete zein ez.
3.a Ebazpen hau sinatu eta biharamunean jarriko da indarrean, baina horrek ez du eragotziko ondorio ekonomikoek 2025eko urtarrilaren 1era arteko atzeraeragina izatea.
4.a Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 15ean.–Justiziako zuzendari nagusia, Maite Arenaza Sarasola.
NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAREN MENDEKO JUSTIZIA ADMINISTRAZIOKO ZERBITZUEN 2025-2027 URTEETARAKO JARDUKETA-PLANA
AKORDIOA
Lehenbizikoa.–Aplikazioa-eremua.
Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko eta Laguntza Judizialeko kidego orokorretako karrerako zein bitarteko funtzionarioei aplikatuko zaie akordio hau.
Bigarrena.–Xedea.
Akordio honek, berekin dakar, Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen Negoziazio Mahai Sektorialaren eskumenen barnean, zerbitzu publiko horren kudeaketa arruntari eta bertako langileen lan-baldintzei eragiten dieten gaiak eguneratzea, hala nola Justizia Administrazioko kidego orokorretako langileen produktibitate-osagarria handitzea.
Hirugarrena.–2025-2027 aldirako Jarduketa Plana.
2025-2027 urteetarako Jarduketa Planaren ardatza da Justiziaren zerbitzu publikoaren efizientzia-neurriei buruzko urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoa ezarri eta garatzeak eremu guztietan dakarren Justizia Administrazioaren eraldaketa sakoneko prozesua, ahalegin handia eskatzen baitu Justiziaren zerbitzu publikoa kudeatzen dutenen aldetik zein bertan zerbitzuak ematen dituzten langileen aldetik. Langileak antolaketa berrian eta kudeaketa-sistemari zein araudi prozesalari buruzko etengabeko prestakuntzan (oinarrizkoa, aurreratua zein espezializatua) benetan inplikatzea ezinbestekoa da gure Justizia modernizatzea zerbitzu publikoaren mesedetan.
Horregatik guztiagatik, Justizia Zuzendaritza Nagusiak jarduketa-programa zehatzak eginen ditu, erakunde sindikalekin negoziatu ondotik, konpromiso hauetan oinarriturik:
1.a Nafarroako Gobernuko Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuak behar diren ekintzak eginen ditu 2025., 2026. eta 2027. urteetarako produktibitate-osagarri gisa ezarririko konpentsazio ekonomikoa ordaintzeko, akordio honen zazpigarren puntuan jasotzen denaren arabera.
2.a Nafarroako Gobernuko Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuak behar diren ekintzak eginen ditu produktibitate-osagarria berariazko osagarriari gehitu eta osagarri horretan txerta dadin antolaketa-eredu berriaren ezarpenaren barnean onesten diren lanpostu-zerrendetan.
3.a Nafarroako Gobernuko Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuak eta erakunde sindikalek konpromisoa hartzen dute laguntzeko Nafarroan bete dadila Justizia Administrazioaren Negoziazio Mahaiaren esparruan 2025eko urtarrilaren 8an Presidentetzako, Justiziako eta Gorteekiko Harremanetako Ministerioak eta CSIF, STAJ, UGT eta CIG erakunde sindikalek sinaturiko akordioa. Administrazio publikoko langile guztietara hedatzen da akordio horren aplikazio-eremua.
4.a Justizia Zuzendaritza Nagusiak zein erakunde sindikalek zerbitzu hobea eman nahi diete Nafarroako herritarrei, horretarako justizia-bulegoak auzitegietako erabiltzaileei hurbilduz eta auzialdiko auzitegiak sortzen lagunduz, profesionalei zein, oro har, herritarrei zerbitzu hobea emate aldera, dagozkion zerbitzua hobetzeko adierazleen bidez berretsirik.
Laugarrena.–Behin-behinekotasun indize altuari aurre egiteko neurriak.
Kalitatezko zerbitzu publikoa emateko, beharrezkoa da enpleguaren egonkortasuna, besteak beste. Hala, enplegu publikoa egonkortzeko prozesuen egungo garapenaren helburua da administrazio publiko guztiek oro har jasaten duten behin-behinekotasun maila handia nabarmen murriztea. Ildo horretan, eta aldi baterako kontratazioari dagokionez, giza baliabideak eraginkortasunez eta efizientziaz kudeatuko dituen arau-esparru berri bat behar dugu. Horregatik, Justizia Zuzendaritza Nagusiak eta erakunde sindikalek konpromisoa hartzen dute bitarteko funtzionarioen kalitatean eta prestakuntzan eragina izanen duen aldi baterako kontratazio-sistema berri bat ezartzeko 2025ean.
Halaber, bi alderdiek konpromisoa hartzen dute urtero elkartu eta dauden plantillen edo lanpostu-zerrenden eta indarrean dauden errefortzuen egoera aztertzeko, bien dimentsionatzeari buruzko iritziak alderatzeko helburuarekin.
Bosgarrena.–Prestakuntzarako neurriak.
Justizia Administrazio eraginkor, efiziente eta egungoa eratzen duten ohiko erreforma prozesalek eta berrikuntza teknologikoek behar dute langileek etengabeko prestakuntza izan dezatela. Ildo horretan, erakunde sindikalek jarraituko dute sustatzen Justizia Administrazioko langileek parte har dezaten Justizia Zuzendaritza Nagusiak diseinatzen dituen prestakuntza-ekintzetan (langileak antolaketa judizial berrian sartzea errazteko eta baliabide teknologikoen erabilera hobetzeko zein erreforma prozesaletara egokitzeko helburua dutenak) zein Justiziaren zerbitzu publikoa ematearekin loturiko beste edozein prestakuntza-ekintzatan. Horretarako, bi alderdiek konpromisoa hartzen dute hiru hilabeteko epean lantalde bat eratzeko. Lantalde horrek ezarririko prestakuntza aztertuko du, sei hilean behin, eta, hala badagokio, indartzeko eta hobetzeko neurriak proposatuko ditu.
Seigarrena.–Prebentziorako eta osasuna babesteko neurriak.
Justiziaren zerbitzu publikoaren izaera konplexua onarturik (administrazio bat baino gehiago aritzen baita eremu horretan), Justizia Zuzendaritza Nagusiak eta erakunde sindikalek konpromisoa hartzen dute 2025. urtean gatazkak konpontzeko protokolo bat negoziatu eta lantzeko. Protokolo horren helburua izanen da lan-ingurunearen barneko gatazka-egoerak, jazarpen-egoerak eta beste indarkeria-mota batzuk prebenitu eta konpontzea eta haien jarraipena egitea.
Halaber, bi alderdiek konpromisoa hartzen dute Justizia Administrazioko arrisku psikosozialen ebaluazioa berrikusteko, arriskuen azken ebaluazioa bukatu zenetik gutxienez hiru urte iragan ondotik. Hortik eratorririko prebentzio-neurriak Justizia Ministerioarekin eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin koordinaturik landuko dira.
Zazpigarrena.–Konpentsazio ekonomikoa.
1.a 2025., 2026. eta 2027. urteetan, handitu eginen da Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko eta Laguntza Judizialeko kidego orokorrei egun ordaintzen zaien produktibitate-osagarria. Hala, aplikatzen den azken urtean, osagarri horrek 165 euroko igoera metatuko du Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko kidegoaren kasuan; 155 eurokoa Izapidetze Prozesal eta Administratiboko kidegoaren kasuan, eta 145 eurokoa Laguntza Judizialeko kidegoaren kasuan. Honela ezarriko dira zenbateko horiek:
A.–2025erako igoera.
Kidegoa, hileko zenbatekoa (eurotan).
Kudeaketa Prozesal eta Administratiboa 105,00.
Izapidetze Prozesal eta Administratiboa 95,00.
Laguntza Judiziala 85,00.
B.–2026rako igoera.
Kidegoa, hileko zenbatekoa (eurotan).
Kudeaketa Prozesal eta Administratiboa 30,00.
Izapidetze Prozesal eta Administratiboa 30,00.
Laguntza Judiziala 30,00.
C.–2027rako igoera.
Kidegoa, hileko zenbatekoa (eurotan).
Kudeaketa Prozesal eta Administratiboa 30,00.
Izapidetze Prozesal eta Administratiboa 30,00.
Laguntza Judiziala 30,00.
2.a Akordio honetan ezarririko ordainsari-handitzeak, aplikazio-urte bakoitzean kontsolidatu ondotik, 2025-2027 ekitaldietan dagozkien Nafarroako aurrekontu orokorren legeetan ezartzen diren eta langile publikoei aplikatzekoak zaizkien igoerekin eguneratuko dira.
Iragarkiaren kodea: F2507174