Iragarkia
107. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 29a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
11E/2025 EBAZPENA, apirilaren 10ekoa, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita 2025erako, txikizkako merkatarien taldeak sustatu eta kudeatzeko. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 826446.
Hurbileko Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko Planaren (2022-2025) 3. helburu estrategikoak Nafarroako merkataritzaren irudia indartzea eta haren eskaintza sendotzea planteatzen du, tokiko merkataritzan konfiantza irudia areagotze aldera.
Bestalde, "Tokiko merkataritza eta sektorearen irudia indartzea" izeneko L.3.2 ildo estrategikoaren barruan, 3.2.2 neurriak tokiko merkataritzako eta bezeroen fidelizazio kanpainak egiteko laguntza aurreikusten du.
Merkataritzaren sektoreak egiturazko aldaketa sakonei egin behar die aurre, eta bere burua eraldatzeko erronka du, kontsumitzaileen erosketa-ohitura berriei erantzuteko. Horregatik, dirulaguntzen deialdi honen bidez, sustatu gogo da merkatarien elkarteen bidez egiten den merkataritzaren jarduera, eta, horretarako, enpresen integrazioa, sektoreko prestakuntza espezializatua eta sektoreko enpresarien elkarteen trantsizio digitala sustatuko dira.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak zehazten dira portzentaje bat aplikatuz jarduketa diruz lagungarrien zenbatekoari, oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideen arabera. Aurrekontuan dagoen dirua ez bada aski portzentaje horren ondoriozko dirulaguntzen guztirakoa ordaintzeko, onetsiriko jarduketen artean hainbanatuko da.
Adierazitakoarekin bat, eta Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 250/2023 Foru Dekretuak ezarritakoaren arabera,
EBAZTEN DUT:
1. Txikizkako merkatarien taldeak sustatu eta kudeatzeko dirulaguntzen 2025eko deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. 577.546,94 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorretako partida hauen kargura finantzatuko da:
AURREKONTUKO PARTIDAK | ZENBATEKOA |
830001 83100 4819 431400 Merkataritzako dirulaguntzak. Taldeak sustatu eta kudeatzea | 550000,00 |
830001 83100 4819 432104 Artisautzako dirulaguntzak. Azokak eta ekitaldiak | 12546,94 |
830001 83100 7819 431400 Merkataritzako dirulaguntzak. Inbertsio berritzaileetarako kolektiboak | 15000,00 |
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko apirilaren 10ean.–Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Pablo Ezcurra Fernández.
ERANSKINA.–TXIKIZKAKO MERKATARIEN TALDEAK SUSTATU ETA KUDEATZEKO DIRULAGUNTZEN 2025EKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea.
Oinarri arautzaile hauen xedea da dirulaguntza batzuk emateko araubidea erregulatzea, sektoreko enpresa txiki eta ertainen (ETEak) enpresa integrazioa eta haien arteko lankidetza sustatzearren. Helburua da hiriko eta hurbileko merkataritzarekin konprometiturik dagoen merkataritza ehuna bultzatzea.
Dirulaguntza honek dakarren onura publikoa da txikizkako merkataritzaren lehiakortasuna hobetzea, eta horretarako, laguntza ekonomikoa emanen zaie merkataritza elkarteei berariazko jarduera batzuk egin ditzaten, helburu hauekin:
–Merkatarien elkarteek hurbileko merkataritza dinamizatzeko eta sustatzeko garatzen dituzten jarduketak bultzatzea taldeko estrategiak garatzea posible den udalerrietan eta merkataritza zonetan.
–Txikizkako merkataritzako ETEen elkartegintza handitzea, elkartegintza horrek lehiakortasunean dituen abantailak indartzearren.
–Laguntza ematea merkatarien elkarteen kudeaketa profesionalizatzeko, proiektu komunak sortzeko eta enpresa elkartuei eta bezeroei ematen zaien zerbitzua hobetzeko.
–Teknologia berrien sarrera eta erabilera bultzatzea, txikizkako ETEen merkataritza-transakzioak hobetzeko eta sektoreko enpresarien elkarteen trantsizio digitala sustatzeko.
–Txikizkako merkataritzako langileen gaikuntza hobetu dadila sustatzea, prestakuntza espezializatuko jarduketen bidez.
2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.
Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 577.546,94 eurokoa da, honela zehaztuta, programa motaren arabera:
PROGRAMA MOTA | ZENBATEKOA | AURREKONTUKO PARTIDAK |
1) Merkataritza elkarteen egiturak sustatzea | 562.546,94 | 830001 83100 4819 431400 Merkataritzako dirulaguntzak. Taldeak sustatu eta kudeatzea 830001 83100 4819 432104 Artisautzako dirulaguntzak. Azokak eta ekitaldiak |
2) Merkataritza jarduketa | ||
3) Prestakuntza jarduerak antolatzea | ||
4) Tresna digitalak bultzatu eta kudeatzea | ||
5) Merkataritzari buruzko legeria garatzea | ||
6) Inbertsioak tresna teknologikoetan: webgunea eta app-a | 15.000,00 | 830001 83100 7819 431400 Merkataritzako dirulaguntzak. Inbertsio berritzaileetarako kolektiboak |
3. oinarria. Jarduketak gauzatzeko epea.
1. Diruz lagungarriak diren gastu eta inbertsioak 2024ko azaroaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitarte (biak barne) egin eta fakturatu beharko dira.
2. Ordainagiriek 2024ko azaroaren 1etik 2025eko azaroaren 10era artekoak izan behar dute, biak barne.
3. Gizarte aseguruei dagozkien 2025eko urriko gastuak onartu eginen dira baldin eta 2025eko azaroaren 30a baino lehen egiten badira dagozkien ordainketak, egun hori barne.
4. PFEZa dela bide egindako atxikipenei dagozkien 2025eko urriko gastuak onartu eginen dira baldin eta 2026ko urtarrilaren 31 baino lehen egiten badira dagozkien ordainketak, egun hori barne.
5. Ulertuko da jarduketak gauzatuta daudela adierazitako epeen barnean egin, fakturatu eta ordaindu direnean.
4. oinarria. Entitate onuradunak.
1. Onuradun izaten ahalko dira merkatarien elkarteak, merkatarien elkarte mistoak (merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak) eta merkatarien elkarteen batasunak, baldin honako baldintza orokor hauek betetzen badituzte:
1.1. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
1.2. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
1.3. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, eta merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen mendeko eskatzaileen kasuan, ez dira onuradun izaten ahalko lege horretan jasotako ordainketa epeak betetzen ez dituzten enpresak.
Honako agiri hauen bidez frogatuko da ordainketa epe horiek bete direla:
a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan: ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran adierazitako frogabideren bat ere erabil dezakete.
b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez frogatzen ahal dute:
1.–Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, jasoko duena auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, atal honetan zehaztutakoa, oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.
Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.
2.–Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako "Adostutako prozeduren gaineko txostena", non adierazten baita ezen, berrikuspena eginda sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bati (betetzea ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da), ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.
Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da baldin eta 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzeko maila baldin bada 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren adinakoa edo handiagoa.
1.3 atalean eskatzen den dokumentazioa telematikoki aurkeztuko da hilabeteko epean, dirulaguntza eman dela jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, aipatu hilabeteko epearen barruan eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, gehienez, bi hilabeteko epean aurkeztuko da eskaera egiten denetik hasita.
Gorago adierazitako epeak eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, organo eskudunak ebazpena emanen du, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzeko.
1.4. Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.
2. Eskatzaileek, gainera, baldintza hauek bete behar dituzte eskaera aurkezten duten egunean:
2.1. Beharrezkoa da eskatzailea 2025eko azaroaren 10erako, egun hori barne, inskribaturik egotea (edo ordurako inskribatzeko tramiteak hasiak izatea behintzat) bi erregistro hauetakoren batean: Sindikatuen eta Enpresaburuen Elkarteen Erregistroa (Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentukoa) edo Elkarte, Fundazio eta Lanbide Elkargoen Erregistroa (Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentukoa).
2.2. Helbidea Nafarroan duten merkatarien elkarteek eta merkatarien elkarte mistoek (betiere irabazi-asmorik gabeak) honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Bazkide diren saltokien kopurua gutxienez hau izatea:
–20 saltoki, jarduketaren eremua eskualdez gaindikoa bada (Iruñeko erdialdea), eskualdekoa bada (Lizarra, Tafalla, Sakana) edo tartekoa bada (Altsasu, Zangoza).
–15 saltoki gremio-elkarteentzat, merkataritzaren jardueraren sektore batentzat.
–10 saltoki, jarduketaren eremua udalekoa edo hurbilekoa duten gainerako merkatarien elkarteentzat.
–5 saltoki, jarduketa-eremua udal merkatu bat bada.
b) Merkatarien elkarte mistoetan (merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak), merkatari diren bazkideek, gutxienez, elkarteko kideen %30 izan behar dute.
2.3. Merkatarien elkarteen batasunak, helbidea Nafarroan dutenak eta irabazi-asmorik gabeak: gutxienez ere 4 merkatari elkartek (mistoak edo ez) osatuta egon beharko dute, eta horiek aurreko b) atalean ezarritako beharkizunak bete beharko dituzte.
2.4. Organo kudeatzaileak egiaztatu eginen du lehen betekizun espezifikoa betetzen dela, eskaera-orrian aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenean oinarrituta, eta, gainerako betekizun espezifikoak egiaztatzeko, 8. oinarrian ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko da.
5. oinarria. Diruz lagundu daitezkeen programa eta jarduera motak.
Honela sailkatzen dira programa diruz lagungarriak:
1. Merkataritza elkarteen egiturak sustatzeko programak.
Diruz lagungarriak izanen dira helburu hauek dituzten programak: merkatarien elkarteen, merkatarien elkarte mistoen edo merkatarien elkarteen batasunen antolamenduzko egiturak sendotu eta garatzea –sektoreko ETEen arteko lankidetza enpresariala areagotzearren–, egitura horien kudeaketa profesionalizatzea, barne funtzionamendua hobetzea eta enpresa elkartuei zein bezeroei zerbitzuak emateko gaitasuna indartzea.
Jarduera mota hauek izanen dira dirulaguntzaren xede:
a) ETE elkartuei zerbitzuak ematea.
a.1) Diruz lagungarriak izanen dira enpresaburuen elkartea modu profesionalizatuan kudeatzeko eta administratzeko egiten diren gastuak, helburu dutenak enpresaren egitura sendotzea eta ETE elkartuei zerbitzu gehiago ematea, bai eta beste zeregin batzuetarako gastuak ere, hala nola diseinu lan guztiak gauzatzekoak, plangintzakoak, antolaketakoak, koordinaziokoak, kudeaketakoak, abian jartzekoak, jarraipenekoak, gauzatzearen kontrola egitekoak, emaitzak aztertzekoak, aholkularitza teknikoa eta merkataritzakoa ematekoak, nahiz bestelakoak, zerikusia badute deialdiko edozein programatan sartutako jarduerekin.
Zeregin horiek jarduera hori betetzeko kualifikatuta dauden entitateek, enpresek edo profesionalek egin beharko dituzte, eta ez da horrelako gasturik onartuko baldin eta kasuan kasuko entitateak, enpresak edo profesionalak ezin badu inguruabar hori dokumentu bidez frogatu.
Enpresaburuen elkartearen kudeaketa eta administrazio arruntean zeregin hauek sartu behar dira, gutxienez:
–Enpresaburuen elkartearen organoen (zuzendaritza-batzordea, batzar nagusia) bilerak deitzea eta dinamizatzea (ohikoak eta bereziak) eta kasuan kasuko aktak egitea, entitatearen estatutuei jarraikiz.
–Dirulaguntzetarako eskaerak enpresaburuen elkartearen izenean kudeatzea, eta hala badagokio, ETE elkartuen dirulaguntzetarako eskaera partikularrak ere bai.
–Enpresaburuen elkartearen gastuen eta diru-sarreren aurrekontuen kudeaketa eta kontabilitate arrunta eramatea.
–Kuotak eta derramak kobratzea eta enpresaburuen elkartearen Diruzaintza kudeatzea, ahalmen hori eskuordetua baldin badu.
–Enpresaburuen elkarteak Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusitik edo bestelako administrazio edo entitate batzuetatik jasotzen dituen komunikazio guztiak kudeatzea, baita entitateak berak sortutako barne oharrak ere, eta horiek ETE elkartuei jakinaraztea eta helaraztea.
–ETE elkartuei informazioa eta aholkularitza ematea merkataritzako araudiari buruz, bezeroen kexa eta erreklamazioei buruz, sektorerako laguntza publikoei buruz, datuak babesteko lege organikoari buruz, saltokiak irekitzeari buruz eta abarrei buruz.
–Enpresa elkartea dagokion erregistroan inskribatzeko erregularizazioa, beharrezkoa bada.
Enpresaren edo profesionalaren eta elkartearen artean eginiko kontratuan jaso behar da egin beharreko lanen zerrenda zehatza, haien kostua eta zer epetan eginen diren.
a.2) Pertsonal-gastuak: onartzen dira kanpoko langile espezifikoak kontratatzeari dagozkion gastu guztiak edo bertako langileei edo, hala badagokio, kudeatzeari dagozkionak, baldin eta beharrezkoak badira aurreko atalean adierazitako zereginen bat gauzatzeko eta ezinbestekoak badira dirulaguntzaren xede diren jarduerak garatzeko.
b) Bezeroei zerbitzuak ematea.
Diruz lagungarriak dira saltoki elkartuetako bezeroei zenbait zerbitzu emateko xedez egindako kanpoko gastuak, baldin eta helburu badute bezeroak fidelizatzea, merkataritza zonako bezeroen fluxua areagotzea eta produktuak banatzeko prozesuari balio erantsia ematea. Elkarteak zerbitzua kudeatu besterik ez badu egiten (hots, bitartekari soila bada), kontzeptu hori ez da diruz lagungarria izanen.
Elkarte gisa balio erantsi bat ematen dela ulertuko da, eta, beraz, kontzeptu diruz lagungarria dela, baldin eta frogatzen bada elkarte horrek bere enpresa elkartuei eskaintzen dizkien zerbitzuak baldintza onuragarriagoetan eskaintzen zaizkiela banaka eskainiz gero baino, badelako zerbitzua ematen duen entitatearen eta elkartearen artean aldez aurreko kontratu bat, non eskaintzaren alderdi guztiak argi geratuko baitira.
Zehazki, honako gastu eta jarduketa hauek lagunduko dira diruz:
–Merkataritza zonaren irisgarritasuna.
–Bezeroentzako aparkalekua.
–Erosketa etxera eramateko zerbitzuak edo antzekoak.
–Balio erantsia ekartzen duten bestelako zerbitzuak, jarduketak eta prestazioak.
2. Merkataritza jarduketarako programak (PAC).
Diruz lagungarriak izanen dira hurbileko txikizkako merkataritzaren banaketa komertzialaren prozesuak dinamizatzeko programak, bai eta jarduera eremu edo sektore jakin batzuetan merkataritza suspertzekoak ere, baldin eta komunikazio kanpaina eta ekintza komertzialak, publizitatea, marketin digitala, salmenta sustapenak, aukera-azokak, erakusleihoekin lotutako jarduerak eta kontsumoa bultzatzeko bestelako ekintzak baliatuz egiten badira.
Merkataritza jarduketarako programa horiek sustatzen dituzten merkatarien elkarteentzat beharkizun hau izanen da: programa zer eremu edo gremiotan garatuko den, eremu horretan jardun behar dute.
2.1. Merkataritza jarduketarako programak, aplikazio-eremuaren arabera, honela sailkatzen dira:
a) Zonako programak. Kontuan harturik zer ahalmen duen zona bakoitzak taldeko estrategiak jarraitzeko, zein den jarduketa esparruaren hedadura, zer erakarpen eta eragin duten entitateek egiten dituzten jarduerek, eta zenbat saltoki dauden Nafarroako toki erakundeetan, honela sailkatuko dira:
–Eskualdez gaindiko merkataritza zonak: Iruñeko erdialdea.
–Eskualdeko merkataritza zonak: Lizarra, Tafalla, Sakana.
–Tarteko eremuak hartzen dituzten merkataritza zonak: Altsasu, Zangoza.
–Udal eremuko eta hurbileko merkataritza zonak: Iruñeko eta Tuterako gainerako toki erakundeak eta auzoak.
Zonako programa diruz lagungarriak dira atal honetan ezarritako udalerrietan edo udalerrietako hiriguneetan egiten direnak.
b) Udal azoketan garatzen diren programak.
c) Gremioen programak, merkataritzako jardueraren sektore baterako, Nafarroa osoan.
d) Merkatarien elkarteen batasunek garatutako programak.
2.2. Jarduera mota hauek izanen dira dirulaguntzaren xede:
a) Merkataritza dinamizatzeko kanpainak antolatzea.
Xedetzat salmentak sustatzea duten jarduketak edo dinamizazio kanpainak kontsumoa pizteko proiektu baten barnean garatu behar dira, non erakutsiko baita saltoki elkartuek zuzenean parte hartu dutela.
Dirulaguntza eskatzen duen entitateak antolatu eta sustatu behar ditu merkataritza dinamizatzeko jarduketa guztiak, eta horietan parte hartzeko aukera izan behar dute jarduketa eremuan dauden saltokiek, elkartekoak ez badira ere. Nolanahi ere, entitate antolatzaileak parte hartzeko baldintza ezberdinak jartzen ahal ditu kanpaina horietan parte-hartzaile motaren arabera.
Ez dira onartuko merkataritza dinamizatzeko gastuak baldin eta beste administrazio publiko edo toki erakunde batzuek antolatuak eta sustatuak badira.
Salbuespenez, onar litezke merkataritza animatzeko jarduketetan parte hartzeagatik entitate eskatzaileak egindako gastuak, nahiz eta jarduketa horiek aurretik aipatutakoak ez diren beste entitate batzuek antolatu eta sustatu, baina, horretarako, ezinbestekoa da jarduketa horiek kanpaina bereki bat indartu eta sendotzeko balio izatea, edo merkataritza-ardatz nagusietan eginak izatea eta merkataritza jarduera sustatzea modu argian, zuzenekoan eta egiaztatzeko modukoan.
Diruz lagungarriak dira hurbileko txikizkako merkataritza sustatu eta indartzen duten jarduketak egiteko beharrezkoak eta ezinbestekoak diren gastuak, bai eta hainbat hirigune edo jarduera sektoreren merkataritza bizkortzekoak ere, horretarako merkataritza sustatzeko jarduketa hauek egiten badira:
a.1) Salmentak sustatzeko kanpaina espezifikoak, berekin dakartenak aldez aurretik bezeroek erosketak egitea, parte hartzen duten saltokietan egin ere, baita honelakoak lortzea ere: zuzeneko deskontuak, deskontuetarako txartelak, zuzeneko sariak, opariak, promozio-opariak edo zozketetan parte hartzeko txartelak.
Gehienbat txikizkako eta hurbileko saltokietan kontsumoa sustatzeko helburua izanen dute, baita bezero eta kontsumitzaileen fidelizazioa sendotzekoa ere.
Poltsak sustapen opari gisa ematea onartzen da, soilik horiek biodegradagarriak edo berrerabilgarriak direnean eta plastikozko poltsen kontsumoa murrizteari buruzko maiatzaren 18ko 293/2018 Errege Dekretuarekin bat datozenean.
Ez dira entitate eskatzailearen jarduketak onartuko baldin eta horiek elkarlan edo babes lan hutsa edo bigarren mailako jarduera osagarria badira.
Enpresarien elkarte mistoen kasuan, merkataritza dinamizatzen duten jarduketak bideratu behar dira merkataritza enpresa elkartu guztiak sustatzera, eta ez da merkataritza dinamizatzeko jarduketa bakar bat ere onartuko, baldin txikizkako merkataritzako enpresak ez diren bazkideentzat soilik egiten bada.
Kanpainen xedea baldin bada zuzeneko deskontuak aplikatzea banku erakundeen txartelekin edo bestelako ordainbideekin eta kobrantza-bideekin ordaintzen duten bezeroei, horrelako kanpainak onargarriak izanen dira baldin eta ez bazaizkie bakar-bakarrik aplikatzen finantza erakunde bakar batek luzatutakoei; hots, beste banku erakunde batzuetako ordainbideak eta kobrantza-bideak dituzten bezeroek ere parte hartzen ahalko dute. Finantza erakunde bakar batek luzaturiko txartelen kanpainak onartuko dira soilik baldin eta Nafarroako merkataritza txartelaren erabilera esklusiboa xede badute.
a.2) Merkataritzako beste sustapen kanpaina batzuk (hala nola merkataritzaren eguna, erakusleihoen lehiaketak, stock azokak, liburu azokak eta antzekoak). Jarduketa hauen barnean sartuko dira, besteak beste, gremioko elkarteek egindako jardunaldiak, azokak edo ekitaldi tematikoak.
a.3) Marketin digitala, bezeroak fidelizatzeko sistemen bidez egindakoa, helburua izanik bezeroak kontserbatzeko estrategiak eduki eta garatzea, edo online salmentarako plataforma teknologikoen bidez (market place plataformak) edo gailu mugikorretarako aplikazio informatikoen bidez (apps) egindakoa.
a.4) Informazio-, publizitate- eta komunikazio-ekintza orokorrak.
a.5) Sentsibilizazio kanpainak, agerian jartzen dutenak zein garrantzitsua den hurbileko merkataritza, edo prestigioa ematen diotenak merkatariek jarduera ekonomikoan duten rolari.
b) Elkartegintza sustatzea.
Diruz laguntzen ahalko dira enpresen egitura hedatu eta sustatzeko gastuak, bai eta jarduketa horretarako bakarrik kontratatutako langileengatiko gastuak ere, baldin eta egitura zabaltzea eta enpresa elkartu berriak erakartzea badute xede, baita haien protagonismoa indartu edo beren tamaina eta ordezkagarritasuna handitzeko helburu hori duten kanpaina espezifikoak gauzatzeko behar diren gastuak ere, salbu eta gastu horiek prestakuntza ekintza bati badagozkie.
3. Prestakuntza jarduerak antolatzeko programak.
3.1. Diruz lagunduko da honako hauek antolatzea: prestakuntza espezializatuko ikastaroak (aurrez aurrekoa nahiz online izan), jardunaldi teknikoak, biltzarrak edo mintegi monografikoak, sakon aztertzen dituztenak txikizkako merkataritzarako interes berezia duten gaiak (belaunaldi erreleboa, ekintzailetza, trantsizio digitala, joera berriak, etab.), edo banaketa komertzialaren funtsezko alderdiak lantzen dituztenak.
3.2. Era berean, diruz lagundu daiteke jardunaldi edo saio espezifikoak antolatzea, helburua bada Nafarroako Foru Komunitateko Sustapen Ekonomikorako Eremuei buruzko abenduaren 13ko 18/2024 Foru Legean aurreikusitako SEEen figura (sustapen ekonomikorako eremuak) ezagutarazi, sustatu, informatu eta zabaltzea, edo horiek ezartzeko aukerak aztertu eta prospekzioa egitea.
SEEei buruzko jardunaldiak egiteko laguntza-eskaerak egiteko, beharrezkoa da 4.2 oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten merkatarien elkarteen talde baten eta merkatarien elkarte baten babesa, oniritzia eta adostasuna lortzea gutxienez.
3.3. Hauek dira gastu diruz lagungarriak:
–Irakasleen, prestatzaileen eta hizlarien ordainsariak.
–Koordinatzaileen ordainsariak, online prestakuntzaren kasuan.
–Irakasleen eta hizlarien joan-etorriak eta ostatua.
–Irakasleen eta hizlarien mantenua, Nafarroako administrazio publikoetako langileentzat 2025erako aurreikusitako mugekin.
–Jardueraren sustapena, publizitatea eta kanpo hedapena.
–Prestakuntza ekintzetan erabiltzen diren ondasun suntsigarriak.
–Prestakuntza jardueretan erabiltzen diren ikasmaterialak eta bestelako materialak editatu edo erostea.
–Ikasgelak alokatzea (fisikoak nahiz birtualak), baita tailerrak edo antzeko instalazioak ere, prestakuntza jardueretan erabiltzen badira.
Gastu horiek prestakuntza ekintzen arabera behar bezala xehakatuta aurkeztuko dira eta ekintzak dirauen aldirako egotziko dira.
Prestakuntza jarduera orok gutxienez 4 orduko iraupena izan behar du.
3.4. Prestakuntza espezializatuko ikastaroek betekizun espezifiko hauek bete behar dituzte:
–Eduki espezifikoa izan behar du honako honi buruz: merkataritza-enpresaren kudeaketa, sektoreko profesionalen espezializazioa edo oinarrizko enpresa-prestakuntza.
–Jardunean dauden 6 langilek, gutxienez, parte hartu behar dute. Txikizkako merkataritzaren sektoreko merkatariak beraiek edo besteren konturako langileak izan daitezke.
–Entitate eskatzaileko bazkideei ez ezik, interesa duten txikizkako merkataritzaren sektoreko langile aktiboei ere eskaini behar zaizkie eskaintzak, eta irekita egon behar dute parte hartzeko, baldin eta saltokiak entitate eskatzailearen jardun-eremuan badaude.
–Nolanahi ere, prestakuntza jarduerak antolatzen dituen entitate eskatzaileak parte hartzeko baldintza ezberdinak jartzen ahalko ditu parte-hartzaile motaren arabera. Jarduera irekia dela frogatu beharko da jarduketaren justifikazio memorian.
4. Tresna digitalak bultzatzeko eta kudeatzeko programa.
Diruz laguntzen dira online salmentarako plataforma teknologikoak (market place plataformak), fidelizazio-sistemak eta gailu mugikorretarako aplikazio informatikoak (apps) sustatzeko, estrategikoki garatzeko eta finkatzeko jarduketak, baldin eta bide ematen badiete enpresarien elkarteetan integratutako txikizkako merkataritzako ETEei merkatuan lehiatzeko gaitasuna handitzeko eta salmentak sustatzeko.
Gastu hauek dira diruz lagungarriak:
a) Market place plataformen, fidelizazio-sistemen eta gailu mugikorretarako aplikazio informatikoen (apps) funtzionamenduko, aholkularitza teknikoko eta mantentze-lanetako gastuak.
b) Sustapen-, publizitate-, komunikazio- eta hedapen-kanpainen gastuak, egiten direnak dela euskarri digitaletan dela beste bitarteko batzuetan, teknologia berriak erabiliz (market place plataformak, fidelizazio-sistemak edo gailu mugikorretarako aplikazio informatikoak). Gastu mota horiek a.3 ataleko jardueratzat hartzen dira (Marketin digitala), gehieneko dirulaguntzaren ondorioetarako.
5. Merkataritzari buruzko legeria garatzea.
Diruz lagungarria izanen da elkargokideei aholkularitza juridiko espezializatua kontratatzea, behar diren ekarpenak eta proposamenak egin ditzaten merkataritzari buruzko etorkizuneko foru legea izapidetzeko prozesuan.
Aholkularitza egiten ahalko da bai Parlamentu aurreko izapidetze fasean (merkataritzari buruzko foru lege proiektuaren azterketa eta analisia), bai Parlamentuko izapidetze fasean (aldaketen eta zuzenketen azterketa eta analisia).
Kontzeptu diruz lagungarri horretarako laguntza-eskaerak egiteko, beharrezkoa da 4.2 oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten merkatarien elkarteen talde baten eta merkatarien elkarte baten babesa, oniritzia eta adostasuna lortzea gutxienez.
6. Inbertsioak tresna teknologikoetan: webguneak eta aplikazioak.
6.1. Inbertsio hauek jaso dezakete dirulaguntza:
a) Web-orri berriak diseinatzea, sortzea eta ezartzea.
b) Lehendik dauden web-orriak eguneratzea eta egokitzea, baldin eta jarduketa horiek berrikuntza edo hobekuntza nabarmenen bat badakarte eta balio esanguratsua ematen badute egungo funtzionaltasunen gainean. Funtzionalitate horiek, adibidez, honako jarduketa hauek izan daitezke:
–Irudia hobetzea bideo edo argazki berrien bidez, eduki digitalak sortzea.
–Segurtasun eta irisgarritasun baldintzak egokitzea: web-orria irisgarri egitea desgaitasuna dutenentzat (entzuteko desgaitasuna, ikusteko desgaitasuna...), cookien tratamendua, jabetza intelektuala, aholkularitza juridikoa eta abar.
–Web-orriari bilatzaileetan kokapen hobea emateko planak (SEO, SEM ekintzak).
–Web-orria itzultzea.
c) Gailu mugikorretarako (telefonoak eta tabletak) aplikazio informatikoak diseinatzea, sortzea eta ezartzea.
6.2. Inbertsio diruz lagungarriek bete beharreko baldintzak.
Oraingo webguneak eguneratu eta egokitzea ezin da funtzionamendu-gastu soiltzat hartu, non ez den bilakaera-garapen nabarmena ekartzen.
Gutxieneko inbertsio diruz lagungarria 2.000 eurokoa da.
6. oinarria. Gastu diruz lagungarriak.
1. Honako hauek dira gastu diruz lagungarriak:
1.1. Publizitate espezifikoa eta publizitate materiala egitea, zabaltzea eta banatzea (merkataritza dinamizatzeko edo sentsibilizatzeko helburua dutenak eta arestian ezarritako jarduketei dagozkienak), bakar-bakarrik entitate eskatzaileak antolatzen dituenean jarduketa horiek. Ez da onartuko publizitate finkoa sartzea edozein euskarritan, baldin entitatearen izena eta logoa bakarrik agertzen badira, aipatu egin behar baitira merkataritza dinamizatzeko jarduketa eta kanpaina zehatzak eta jarduketa eremu bakoitzean entitateak egiten duen sustapen generikoa ere.
1.2. Marketin digitala, fidelizazio-sistemen, market place plataformen eta gailu mugikorretara (app-ak) egokitutako tresna informatikoen bidez egindakoa.
Diruz lagungarriak izanen dira puntu-trukeengatik edo zozketengatik emandako sariak, fidelizazio-sistemaren txartelak eta tresna digital horien bidez bezeroekin egiten diren komunikazio eta marketin ekintzak.
1.3. Informazio eta komunikazio ekintza orokorrak.
Diruz lagungarriak izanen dira entitate eskatzaileak sustatutako argitalpenak diseinatzeko, egiteko eta banatzeko gastuak, hala nola buletinak, aldizkariak, kartelak eta abar, edo bitarteko digitalen bidez egindakoak, bai eta antzeko beste edozein dibulgazio-material edo argitalpenetan edo komunikabideetan iragarkiak jartzeko gastuak ere, baldin eta horien edukiak bat badatoz hurbileko merkataritza sustatzearekin eta bezeroei zuzenduta badaude. Ez dira onartuko barne aldizkariak edo antzekoak, ezta enpresa elkartuen arteko komunikaziorako buletinak ere.
1.4. Animazio komertziala.
Diruz lagungarriak dira merkataritza dinamizatzeko jarduketak garatzeko behar den animazio komertzialaren gastuak –a1), a2) eta a5) apartatuetan ezarritako jarduketak–, baldin eta jarduketak salmenta orduetan egiten badira, merkataritzarako kale, gune edo zonetan betiere.
Animazio komertzialak hura osatu eta indartzen duen jarduera izan behar du, merkataritza sustatzeko kanpaina espezifiko baten barrenean, eta ez dira diruz lagungarriak funtsean horrelako jarduerak edo haiek bakarrik kontuan dituzten merkataritza sustatzeko kanpainak.
1.5. Merkataritza dinamizatzeko jarduerei dagozkien zuzeneko sariak, deskontuak, zozketak, opariak, sustapen-opariak, edo deskontu-txartelak –a1) eta a3) ataletan ezarritako merkataritza dinamizatzeko jarduketei dagozkienak–, eta erakusleihoak atontzeko lehiaketei dagozkien sariak. Azken kasu honetan, ez dira onartzen saltoki irabazleentzako sariak, baizik eta saltoki irabazleak hautatzeko prozesuan parte hartu duten pertsonek lortutakoak.
2. Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:
–Entitate eskatzailearen funtzionamendurako eta mantentze-lanetako gastu arruntak.
–Diruz lagungarriak diren jarduerei osorik zuzenean egotzi ezin zaien bulegoko materiala.
–Higiezinen ekipamendua, eta ekipamendu informatikoa eskuratzea.
–Langileentzako kalte-ordainak, dieta, mantenu edo garraio gastuetarako, salbu prestakuntza programetan jasotakoak.
–Higiezinak eta lokalak errentan hartzeko gastuak, salbu eta prestakuntza jardueretarako onarturikoak. Ez dira diruz lagungarriak inongo higiezin motaren amortizazioak.
–Web-orrien mantentze-lanetarako gastuak, domeinua edo hosting-a berritzekoak, etab.
–Edozein programa edo aplikazio informatikoren mantentze-lanetako gastuak, eta abar, salbu eta ezarrita daudenak online salmenta-plataformetarako, bezeroen leialtasuna lortzeko programetarako eta gailu mugikorretara (app-ak) egokitutako tresna informatikoetarako.
–Dastaketei dagozkien gastuak, salbu eta merkataritza sustatzeko kanpaina espezifikoen sariei dagozkienean, edo gremioko ekitaldi bat gauzatzeko egindako jarduketen kasuan. Ez da inola ere dirulaguntzarik emanen gastu mota hori besterik ez duten kanpainetarako.
–Dinamizazio edo sustapen kanpainei edo beste edozein jarduketari dagozkien gastuak, baldin eta haien helburu bakarra bada jarduera ludiko edo turistikoei edo antzekoei sostengua edo laguntza ekonomikoa ematea (ekarpena dirutan, gauzatan, erosketa-txarteletan edo antzeko jarduketetan), jarduera komertziala zuzenean sustatu gabe, eta saltoki elkartuen zuzeneko parte-hartzerik gabe.
–Balio erantsiaren gaineko zergak jaso dezake dirulaguntza, baldin eta entitate eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu ezin badu eta berarentzat kostu erreala bada. Entitateak hainbanatze arauaren mende badaude, kostua oinarrituko da dirulaguntza eman aurretik amaitutako azken ekitaldiko behin betiko hainbanaketan. Entitate eskatzaileak hainbanaketa hori frogatu beharko du.
7. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, diruz lagundu daitekeen gastuari edo inbertsioari honako ehuneko hauek aplikatuko zaizkio, gehieneko muga hauekin:
1. Merkataritza elkarteen egiturak sustatzeko programak.
a) ETE elkartuei zerbitzuak ematea:
MERKATARIEN ELKARTEAK: ELKARTEKO ENPRESA TXIKI | DIRULAGUNTZA | GEHIENEKO |
10 arte | 70 | 5.500 |
11 - 20 artean | 5.650 | |
21 - 30 artean | 5.950 | |
31 - 40 artean | 6.400 | |
41 - 50 artean | 7.000 | |
51 - 60 artean | 7.750 | |
61 - 70 artean | 8.650 | |
71 - 80 artean | 9.700 | |
81 - 90 artean | 10.900 | |
91 - 100 artean | 12.250 | |
100 baino gehiago | 13.750 | |
Merkatarien elkarteen batasunak | 70 | 12.000 |
Kontzeptu honengatik lortutako eta ordaindutako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa ezin izanen da, inola ere, merkataritza jarduketarako programetarako (NPB) eta prestakuntza jarduerak antolatzeko programetarako emandako eta ordaindutako dirulaguntzaren %60tik gorakoa.
b) Bezeroei zerbitzuak ematea:
ENTITATE ESKATZAILE MOTA | DIRULAGUNTZA | GEHIENEKO |
Merkatarien elkarte mistoak eta gremiokoak | 70 | 7.000 |
Merkatarien elkarteen batasunak | 9.000 |
2. Merkataritza jarduketarako programak (PAC).
a) Merkataritza dinamizatzeko kanpainak antolatzea.
ENTITATE ESKATZAILE MOTA | DIRULAGUNTZA | GEHIENEKO |
Eskualdez gaindiko merkatarien elkarteak | 70 | 70.500 |
Eskualdeko merkatarien elkarteak | 48.000 | |
Tarteko eremuak hartzen dituzten merkatarien elkarteak | 34.500 | |
Udal eremuko eta hurbileko merkatarien elkarteak | 18.000 | |
Udal azoketako merkatarien elkarteak | 30.000 | |
Gremioetako merkatarien elkarteak, 100 bazkidetik beherakoak | 18.000 | |
Gremioetako merkatarien elkarteak, 100 bazkidetik gorakoak | 33.000 | |
Merkatarien elkarteen batasunak | 70 | 73.000 |
Kasu espezifiko batzuetan bereziki, hauek dira dirulaguntzaren portzentajeak:
KASU ESPEZIFIKOAK | DIRULAGUNTZA |
Merkatarien bi elkartek edo gehiagok merkataritza sustatzeko elkarrekin antolatu eta egindako kanpaina espezifikoen kasuan | 75 |
Zuzeneko sariak, zozketa-sariak, opariak, sustapen-opariak, deskontu-txartelak, etab., salmentak sustatzeko kanpaina espezifikoei dagozkienak (a1 apartatua), erakusleihoak atontzeko lehiaketei dagozkienak (a2 apartatua) edo tresna digitalen bidez aplikatutako deskontuak (a3 apartatua) | 70 |
Gremio-elkarteen azokak, lehiaketak eta ekitaldiak, eta stock-azokak | 60 Gehieneko dirulaguntza ekitaldi bakoitzeko: 9.000 |
Merkataritza animatzeko jarduketetan parte hartzeagatiko gastuak, baldintza hauek betetzen direnean: jarduketak ez izatea entitate eskatzaileak edo administrazio publiko edo toki erakundeek antolatuak; kanpaina bereki bat indartu eta sendotzeko balio izatea; merkataritza-ardatz nagusietan eginak izatea, eta merkataritza jarduera bat sustatzea modu argian, zuzenekoan eta egiaztatzeko modukoan | 25 |
Kanpainetako bakoitzean, kanpaina horretako guztizko gastu diruz lagungarrien %60 izanen da honako hauetarako gehieneko gastu diruz lagungarria: salmentak sustatzeko kanpaina espezifikoen zuzeneko sariak, deskontuak, zozketak, opariak, sustapen-opariak, zozketak edo deskontu-txartelak, baita erakusleihoak atontzeko lehiaketen sariak edo fidelizazio-sistemetako deskontuak ere.
b) Elkartegintza sustatzea.
ENTITATE ESKATZAILE MOTA | DIRULAGUNTZA | GEHIENEKO |
Merkatarien elkarteak | 70 | 3.000 |
Merkatarien elkarteen batasunak | 5.000 |
3. Prestakuntza jardueren antolaketa.
JARDUKETA MOTA | DIRULAGUNTZA | GEHIENEKO |
Prestakuntza espezializatuko ikastaroak, jardunaldi teknikoak, kongresu edo mintegi monografikoak | 70 | 4.000 |
Sustapen ekonomikorako eremuei buruzko jardunaldiak | 75 | 5.000 |
4. Tresna digitalak bultzatzeko eta kudeatzeko programak.
GASTU MOTA | DIRULAGUNTZA (%) | GEHIENEKO |
Sustapen-, publizitate-, komunikazio- eta hedapen-gastuak | 70 | a3 atalean sartuta daude (marketin digitala) |
Market place plataformen funtzionamenduko, aholkularitza teknikoko eta mantentze-lanetako gastuak | 70 | 5.000 |
Fidelizazio-sistemen funtzionamenduko, aholkularitza teknikoko eta mantentze-lanetako gastuak | 70 | 5.000 |
Gailu mugikorretara (aplikazioak) egokitutako tresna informatikoen funtzionamenduko, aholkularitza teknikoko eta mantentze-lanetako gastuak | 70 | 5.000 |
5. Merkataritzari buruzko legeria garatzea.
JARDUKETA MOTA | DIRULAGUNTZA (%) | GEHIENEKO |
Aholkularitza juridiko espezializatua | 75 | 5.000 |
6. Inbertsioak tresna teknologikoetan: webgunea eta app-a.
INBERTSIO MOTA | DIRULAGUNTZA (%) | GEHIENEKO |
Webguneak sortzea edo eguneratzea | 70 | 3.000 |
Gailu mugikorretarako aplikazio informatikoak (app-ak) sortzea eta ezartzea | 70 | 7.000 |
8. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak aurkezteko modua.
Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvencion-para-el-fomento-y-gestion-de-colectivos-comerciales (hemendik aurrera, laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko.
Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko eta baliabide telematikoen bidez aurkezteko. Ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen eguntzat.
3. Entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb) eginen dira administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak. Jakinarazpen edo komunikazio horren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.
4. Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den orria erabiliz eginen dira, eta Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaizkio.
5. Eskaera-orriak honako adierazpen hauek ditu:
a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, frogatzeko betetzen direla 4.1 oinarrian eskatutako betebehar orokorrak.
b) Erantzukizunpeko adierazpen bat, jasotako beste dirulaguntza batzuei eta "de minimis" laguntzei buruzkoa (14. oinarrian aipatzen dira).
c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, deialdian aurkeztutako jarduketei aplikatzen zaien BEZaren gainekoa. Hartan adieraziko da ea eskatzaileak BEZa berreskuratzen edo konpentsatzen ahal duen. Gainera, hainbanaketa eginez gero, inguruabar hori frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena betetzen duela 4.2 oinarrian aurreikusitako erregistroren batean inskribatuta edo inskripzioa erregularizatzeko tramiteetan egoteko baldintza.
6. Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.
Agiriak eskaneatuta aurkeztu behar dira, behar bezala identifikatuta eta bereizita. Honako hauek dira:
6.1. Entitate eskatzailearen gaineko dokumentazioa.
a) Nortasuna egiaztatzen duten agiriak: merkatarien taldeak sustatu eta kudeatzeko dirulaguntzen deialdira lehen aldiz aurkezten diren entitateen kasuan, beren nortasuna frogatu beharko dute, gaurkotutako estatutuen kopia aurkeztuz.
b) Akta liburuaren kopia, behar bezala sinatua edo eginbidetua, non adieraziko baita batzarrak edo organo baliokideak honako atal hauek onetsi dituela:
–2024ko aurrekontuaren likidazioa.
–2025eko aurrekontuaren onespena.
–2025erako ezarritako hileko kuoten zenbatekoa, elkartutako ETE bakoitzeko.
c) Berariazko baldintzak betetzen direla frogatzeko, entitate eskatzailea nolakoa den, honako hau aurkeztuko da:
–Merkatarien elkarteen kasuan (mistoak edo ez): Bazkide diren enpresa txiki eta ertain guztien zerrenda eguneratua, eskaera aurkezten den egunekoa, 1. ereduaren arabera.
–Merkatarien elkarteen batasunen kasuan: Eskaera aurkezten den egunean talde hori osatzen duten elkarte guztien zerrenda eguneratua, 2. ereduaren arabera.
6.2. Jarduketa diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.
Jarduketa plan orokorra aurkeztuko da. Plan horretan, diruz lagundu daitekeen aldian egin diren eta egitekoak diren jarduera guztien zerrenda jasoko da, programaren arabera taldekatuta, baita haien gauzatze-egoera eta aurreikusitako kostua eta finantzaketa ere, 3. ereduaren arabera.
6.2.1. Merkataritza elkarteen egiturak sustatzeko programak.
–Enpresak berak edo entitate eskatzaileak kontratatutako profesional batek egindako edo egin asmo diren jarduketa guztien deskripzio-memoria, 5.1.a.1) oinarrian adierazitako zereginei dagokienez; informazioa emanen da aipatu zerrendan ageri diren baina egin ez diren jarduerei buruz, edo zerrendan jaso ez diren baina gauzatzen diren jarduerei buruz, baldin eta balio erantsia ekartzen badiete entitatearen kudeaketa eta administrazio zereginei.
–Zerbitzua ematen duen enpresaren edo profesionalaren identifikazioa.
–Kontratazio horren kostua dirulaguntza duen aldirako (deialdian ezarritakoa).
–Zeregin horietarako enpresa edo profesional espezializatuak kontratatzen badira: entitate eskatzailearen eta enpresa edo profesional horien artean formalizatutako kontratuen kopia.
–Zeregin horiek langile berekiekin edo kudeatzaileekin egiten baditu: erantzukizunpeko adierazpena, zehaztuta lanaldiaren zer portzentaje den eta zeregin horiek dakarten gastua.
–Lehen aipatutako dokumentazioa aurkeztu bazen merkatarien taldeak sustatu eta kudeatzeko 2024ko dirulaguntzen deialdian, ez da beharrezkoa izanen berriz aurkeztea. Kasu horretan, horren berri emanen da eskaera-orrian, eta adierazi beharko da, besterik ez, diruz lagundu daitekeen aldian zerbitzu horiek kontratatzeko aurreikusten den kostua, 4. ereduaren arabera.
6.2.2. Merkataritza jarduketarako programak (MJP).
Entitate eskatzaileak antolatu eta sustatutako kanpaina bakoitzerako, diruz lagundu daitekeen aldian eginak zein egitekoak egon, deskribapen-memoria bat aurkeztuko da, honako atal hauei buruzko informazio xehatuarekin:
–Kanpainaren izena.
–Kanpainaren deskribapena.
–Kanpainaren helburuak.
–Jarduera gauzatzeko datak eta zer egoeratan dagoen.
–Gastuen deskribapen xehatua, bereiz adierazita sarietako, oparietako, deskontuetako eta abarretako gastuak eta kanpainako gainerako gastuak.
–Diru-sarreren deskribapen xehatua.
–Parte hartzeko oinarriak, hala badagokio.
–Kanpainak elkarrekin antolatzea eta garatzea: jarduketak zenbait merkatari elkarteren artean batera egitekoak badira edo egin badira, horren berri eman beharko da, eta argi zehaztuko da zer lan eginen edo egin dituen elkarte bakoitzak, eta zer gastu eta diru-sarrera izanen diren kanpainaren ondorioz, eta, bestetik, haietatik zer parte dagokion elkarte bakoitzari.
6.2.3. Prestakuntza jarduerak antolatzeko programak.
Entitate eskatzaileak antolatu eta sustatutako prestakuntza jarduera bakoitzerako, diruz lagundu daitekeen aldian eginak zein egitekoak egon, deskribapen-memoria bat aurkeztuko da, honako atal hauei buruzko informazio xehatuarekin:
–Prestakuntza ekintzaren izena.
–Programa, deskribapena, edukiak eta helburuak.
–Iraupena.
–Bertaratutako kideen kopurua.
–Datak eta tokia.
–Irakasleak, hizlariak eta koordinatzaileak, eta haien lanbide kualifikazioa.
–Jarduera gauzatzeko behar diren baliabide materialak edo tresna teknologikoak.
–Gastuen deskribapen xehakatua.
–Diru-sarreren deskribapen xehatua.
6.2.4. Tresna digitalak bultzatzeko eta kudeatzeko programak.
Memoria bat, deskribatzen dituena diruz lagundu daitezkeen hiru tresna digitalen funtzionamenduko, aholkularitza teknikoko eta mantentze-lanetako gastuak, honako hauek zehaztuta: lortu beharreko helburuak, parte-hartze maila, atxikitako establezimenduen edo merkatarien elkarteen zerrenda, eta diruz lagundu daitekeen aldirako aurreikusitako gastuen eta diru-sarreren deskribapen xehatua, egindakoak nola egitekoak egon.
6.2.5. Merkataritzari buruzko legeria garatzea.
Egin beharreko gastuen memoria deskribatzailea, aholkularitza emanen duten elkargokideak identifikatuta eta lortu beharreko helburuak adierazita, baita diruz lagundu daitekeen aldiko gastu eta diru-sarrerei buruzko informazio xehatua ere, eginak nahiz egitekoak egon.
6.2.6. Inbertsioak tresna teknologikoetan: webgunea eta app-a.
Egin beharreko inbertsioak deskribatzen dituen memoria, lortu beharreko helburuak adierazita, bai eta diruz lagundu daitekeen aldiko gastu eta diru-sarrerei buruzko informazio xehatua ere, eginak nahiz egitekoak egon.
6.3. Beste agiri batzuk.
Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada aholkularitzako edo laguntza teknikoko enpresek ekipamendu ondasunen hornidura edo zerbitzu emate bat egiten duten kasuetan, eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu, eta aukeratutako eskaintzaren hautaketa justifikatu beharko du eskaera-orriko "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" atalean.
Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta gastu edo inbertsio diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua edo inbertsioa. Edonola ere, alderdi horiek aipatu orrian frogatu beharko dira.
Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.
6. Oinarri arautzaileetan adierazitako eredu guztiak laguntzaren fitxan daude eskuragarri.
7. Eskaerak betebehar horiek betetzen ez baditu edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
9. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak eskaerak ebaluatuko ditu, eta, hurrengo puntuan adierazitakoari jarraikiz, organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak. Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua da dirulaguntzak emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko kudeaketa organo eskuduna.
2. Azkenean onartzen diren eskaerei dagokien dirulaguntza honela zehaztuko da:
a) Diruz lagungarria diren jarduerei dagokien dirulaguntza kalkulatzeko, kontuan hartuko dira 7. oinarrian ezarritako gehieneko portzentajeak eta zenbatekoak –deialdiaren ondoriozko konpromisoak egotzi beharreko aurrekontu partida bakoitzarekin finantzatu beharrekoak–.
b) Aurrekontuko bi partidetako bakoitzean, aurrekontu erabilgarria aurreko puntuaren arabera eman behar diren dirulaguntzen zenbatekoa baino txikiagoa bada, hainbanaketa orokorra eginen da.
Hori kalkulatzeko, dagokion partidan baimendutako gastuaren zenbatekoa a) atalean adierazi bezala kalkulatutako dirulaguntzaren zenbatekoaz zatituko da.
Kasu horretan, dirulaguntzak eman ondoren ateratzen den benetako dirulaguntzaren ehunekoa aplikatuko zaio diruz lagundutako jardueren justifikazioari.
3. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia da.
Ebazpenean honako hauek jasoko dira gutxienez:
a) Entitate onuradunen zerrenda, jarduketa bakoitzeko, eta laguntzaren zenbatekoa.
b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda.
4. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
5. Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
Eskatutako dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, esanbidezkoak edo isilbidezkoak izan, entitate eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.
10. oinarria. Jarduketen justifikazioa.
1. Justifikazioa aurkezteko epea.
Egindako jardueren justifikazioa epe hauetan aurkeztuko da:
a) Lehenengo justifikazioa: 2024ko azaroaren 1etik 2025eko martxoaren 31ra bitartean (bi egunak barne) egindako, ordaindutako eta amaitutako jardueren justifikazioa dirulaguntzaren eskaerarekin batera aurkeztuko da.
b) Bigarren justifikazioa: 2025eko apirilaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitarte (biak barne) egindako jardueretarako, 2025eko azaroaren 10a baino lehen aurkeztuko da justifikazioa (egun hori barne).
c) Gizarte aseguruei eta PFEZa dela bide egindako atxikipenei dagozkien ordainketen justifikazioa –2025eko urrikoak biak– 2026ko otsailaren 10era arte aurkeztuko da, egun hori barne.
2. Justifikazioa aurkezteko modua.
Justifikazioa modu telematikoan aurkeztuko da, horretarako erabiliz laguntzaren fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko orria, eta Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaio.
Justifikazioa egiteko, laguntzaren fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora joateko.
3. Egindako jarduketak justifikatzeko dokumentazioa.
3.1. Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztu behar da, agiri bereizietan eta behar bezala identifikaturik. Hauxe da:
a) Azken memoria, egindako jarduera guztiak zehatz-mehatz deskribatzen dituena.
Bigarren epean justifikatu beharreko jardueren azken memorian, adieraziko da desbideratzerik izan den laguntza eskatzeko unean aurkeztutako memoriarekiko.
Elkarteko lehendakariak edo idazkariak sinatu behar ditu gauzatze memoriak; hark balioztatuko ditu eta ontzat emanen ditu egindako jarduketak.
b) Diruz lagundutako jarduera bakoitzeko (sustapen-kanpaina, prestakuntza jarduera, etab.), 5. ereduaren arabera aurkeztutako faktura guztien zerrenda xehatua eta sailkatua.
c) Egindako gastuei edo inbertsioei dagozkien fakturen kopia; fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, dirulaguntzaren entitate onuradunaren izenean jaulki beharko dira; ondorio horietarako, ordainagiriak ez dira onartuko.
d) Bankuko egiaztagiriak, fakturak ordaindu direla frogatzen dutenak.
Ordainketa honako hauen bidez eginen da: banku-transferentzia, bankuaren ordainagiria edo entitate onuradunaren kreditu edo zordunketa txartela. Faktura bakoitza bere ordainketa-agiriari lotua egonen da, eta faktura guztiak behar bezala ordenatuak aurkeztuko dira.
Eskudirutan ordaintzea onartuko da, baldin eta hornitzaileak sinatu eta zigilatutako hartu-agiri bat aurkezten badu entitate onuradunak, non fakturaren zenbakia, ordainketa eta data zehaztuko baitira (sinaduraren azpian, sinatzailearen izena eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia jarriko dira), edo hornitzailearen banku-kontu batean egindako eskudiruzko sarrera justifikatzen bada.
Eragiketaren batean parte hartzen duten alderdietako bat enpresaburu edo profesional gisa ari bada eta hango gastuak eskudirutan ordaindu badira, gastu horiek ez dira inoiz kontuan hartuko 1.000 eurokoak edo hortik gorakoak badira, edo balio bera badute atzerriko moneta batean, urriaren 29ko 7/2012 Legean ezarritakoari jarraituz (lege hori Tributu eta aurrekontu arloko araudia aldatzeari eta iruzurra prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko jarduketak indartzeko araudi finantzarioa egokitzeari buruzkoa da).
e) Adierazpen bat, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruzkoa: dirulaguntza honetaz aparte jarduketak finantzatu dituzten funtsen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa adierazi behar dira; funts berekiak, bestelako baliabideak, derramak, kuotak, kuoten itzulketak, parte hartzen duten elkartekideei egotzitako funtsak, bestelako dirulaguntzak edo diruz lagundutako jarduketak edo babesletzek sortutako diru-sarrerak izan daitezke. Adierazpen hori justifikaziorako orrian dago.
f) ETE elkartuei zerbitzuak ematearen kontzeptuan egindako jarduketen kasuan, zerbitzuak bertako langileekin edo kudeatzaileen bidez egin badira:
Nominak eta Gizarte Segurantzako kotizazio dokumentuak (langileen izen zerrenda eta kotizazio likidazioen zerrenda).
g) Bezeroei zerbitzuak emanez gero:
Parte hartu duten saltokien zerrenda eta aurkezturiko gastuaren zenbatekoa, merkatariei egozten zaiena jarduketa hori dela eta.
Merkataritza zonaren irisgarritasuna:
–Zerrenda xehatua, besteak beste honako datu hauek jasoko dituena: zerbitzua ematen duen enpresa (saltokietarako zerbitzua soilik), bezeroak merkataritza zonara eramateagatik egunero jaulkitzen diren tiketak, ibilbideak, maiztasuna, etab.
–Saltoki bakoitzak hilean trukatu eta ordaindutako garraio txartelen zerrenda. Aipatu txartelak gorde behar dira, zerbitzu kudeatzaileak eskatzen ahalko baititu, ausaz eta noiznahi.
–"Merkataritza zonaren irisgarritasuna" izeneko kontzeptuaren azkeneko justifikazioan, zerbitzu horren erabiltzaileak saltoki elkartuen bezero bihurtzeari buruzko konbertsio-tasa agertu behar da, honako hauen gaineko balorazioekin batera: aurreikusitako helburuak, lortutako emaitzak, zerbitzua mantentzearen merkataritza-interesa eta hori ekonomikoki bideragarri egiteko baldintzak, inguruabarrak edo aurreikusitako finantzaketa.
Bezeroentzako aparkalekua:
Eremu urdinean aparkatzeko txanponak banatu dituzten establezimenduen zerrenda (saltoki besterik ez diren establezimenduak), hilerokoa, edo, kasua bada, saltoki bakoitzak bezeroei hilean egindako ordainketen zerrenda.
Saltoki horietan erostearen ordainean bezeroei txanpon urdinak ematea sortu zuten erosketen agiri eta faktura guztiak gorde behar ditu entitate onuradunak.
Saltoki horietan erostearen ordainean bezeroei aparkalekua ordaintzea sortu zuten erosketen agiri era faktura guztiak gorde behar ditu entitate onuradunak.
Bi kasuotan, zerbitzu kudeatzaileak erosketa-agiriak eta -fakturak eskatzen ahalko ditu, ausaz eta noiznahi.
Erosketa etxera eramateko zerbitzua:
Entitate onuraduna osatzen duten establezimenduek (saltoki besterik ez diren establezimenduak) hilean egindako eramateen zerrenda.
h) Merkataritza jarduketako programen kasuan (PAC).
Merkataritza sustatzeko kanpaina espezifikoak:
–Erosketak egiten edo zerbitzuak kontratatzen bazaizkie saltoki elkartuei, horiek emandako fakturetan zehazki adierazi beharko da zer kanpainari dagozkion eta erositako produktuen edo kontratatutako zerbitzuen xehetasuna.
–Diruz lagundutako ekintza bakoitzari lotutako sustapen, publizitate eta komunikazio material guztien kopia bat: iragarkiak, irratiko iragarkiak, web-orrietan sartutako informazioaren estekak edo bitarteko digitalak, eta, oro har, egindako material edo komunikazio guztien lagin bat.
–Diruz lagungarriak diren kontzeptuei dagozkien zerbitzuak ez dituenean zuzenean kontratatu entitate eskatzaileak berak, baizik eta agentzia antolatzaile baten bitartez kontratatu baditu, agentzia horrek kontzeptu horiengatik jasotako fakturak eta ordainketaren frogagiriak.
–Kanpainarik egiten bada fidelizazio-sistemen, market place plataformen eta gailu mugikorretara (app-ak) egokitutako tresna informatikoen bidez egindako salmentak sustatzeko, memoriak honako hauei buruzko informazioa jaso beharko du: sistema horietara atxikitako saltokien edo merkatarien elkarteen kopurua, bezero-kopurua, egindako eragiketa-kopurua, salmenta-kopurua, egindako sustapenak, trukatutako puntuak eta abar, justifikatutako aldiari dagokionez.
–Entitate onuradunak sustatutako argitalpenak (aldizkariak, informazio-buletinak, saltokien planoak eta abar) prestatu diren kasuan, ale bat aurkeztuko da argitalpen bakoitzeko.
–Idatzizko hedabideetan publizitatea txertatzen bada, azalaren eta argitaratutako iragarkiaren kopia aurkeztuko da, eta, bitarteko digitalak badira, estekak, pantaila-argazkiak, etab.
i) Prestakuntza jarduerak antolatuz gero:
–Diruz lagundutako ekintza bakoitzarekin lotura duen sustapeneko, publizitateko eta komunikazioko material guztiaren ale bat, irrati iragarkiak, bestelako iragarkiak, webguneetan txertatuta dagoen informaziorako loturak, eta bitarteko digitalak.
–Prestakuntza espezializatuko ikastaroen kasuan, parte-hartzaileen zerrenda, 6. ereduaren arabera.
j) Aholkularitza juridikorik eman bada etorkizuneko merkataritzari buruzko foru lege baterako, egindako txostenak, memoriak, proposamenak edo azterketak entregatuko dira.
3.2. Hala badagokio, eskatzailearen inskripzioa dagokion erregistroan erregularizatzeko izapidea hasi izanaren frogagiriaren kopia, 4.2.1 oinarrian ezarritakoaren arabera.
11. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.
Justifikazio agiriak aztertuta, Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari, eta txosten bat gehituko zaio, frogatzen duena entitate onuradunak betetzen dituela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintza guztiak.
Frogagiriak aurkeztu, aztertu eta onartu ondoren emanen dira dirulaguntza ordaintzeko ebazpenak, justifikatzeko ezarritako bi epeetako bakoitzeko jarduketei dagozkienak, aurreko oinarri arautzailean ezarritakoari jarraikiz.
Ordainketen ebazpenak 2025eko abenduaren 31 baino lehenago emanen dira.
12. oinarria. Diruz lagundutako jarduketen publizitate betebeharrak.
1. Nafarroako Gobernuaren logo ofiziala agertu beharko da diruz lagungarriak diren jarduketek sortzen dituzten publizitate eta marketin euskarrietan, poltsa, kamiseta, kartel, argitalpen, iragarki, ikastaroetako gai zerrenda, material didaktiko eta abarretan, honako aipamen honekin batera: "Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduketa".
Marka hori ezin izanen da jarri aldez aurretik baimenik ematen ez badu Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak. Baimen hori eskatzeko, laguntzaren fitxan horretarako egonen den esteka erabiliko da, eta laguntzaren fitxako erabileraren eskuliburua beteko da markaren aplikaziorako.
2. Irrati-iragarki, marketin digitaleko eta sare sozialetako jarduketa eta abarretan agertu beharko du "Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduketa" aipamenak.
3. Erreportajeen, prentsa oharren edo elkarrizketen kasuan, ez da aski izanen iragartzen duen kartela jartzea, eta espresuki aipatu beharko da Nafarroako Gobernuak jarduketa hori diruz laguntzen duela.
4. Nafarroako Gobernuaren beste jarduera edo zerbitzu batzuk hedatzen dituzten publizitate-kanpainen kasuan, publizitateak zerbitzu horien berariazko informazioa jaso beharko du, dagozkien web-estekak barne.
5. Ez dira onartuko edozein sustapen materialetan entitate eskatzailearen logoa sartu besterik egiten ez duten publizitate gastuak, edo iragarkiaren edukiak zuzeneko loturarik ez duenean merkataritza dinamizatzeko kanpaina espezifiko batekin edo entitate eskatzailearen jarduketa eremutik hurbileko hiri-merkataritzaren sustapenarekin. Ez da inongo kasutan onartuko hesi finkoetako publizitatea, ez eta antzeko egitura eta euskarrietakoa ere.
6. Merkataritza sustatzeko, prestakuntzako eta komunikazioko ekintzetan, bereziki zainduko da erabiltzen diren irudi eta mezuak lagungarriak direla generoko estereotipoak gainditzeko. Bestetik, testuak idaztean zainduko da hizkera inklusiboa erabiltzen dela.
7. Web-orrietako eta aplikazioetako inbertsioen kasuan, 2025eko azaroaren 10erako Nafarroako Gobernuaren merkataritza-marka txertatu behar da, eta 2027ko azaroaren 10era arte mantendu, aipamen honekin batera: "Merkatarien elkarte honek dirulaguntza bat lortu du txikizkako merkatarien taldeak sustatzeko eta kudeatzeko 2025eko deialdian".
13. oinarria. Onuradunen beste betebehar batzuk eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntzen onuradun diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Gardentasunari buruzko adierazpena aurkeztea, telematikaz. Hilabeteko epea izanen dute adierazpen hori aurkezteko, dirulaguntza eman dela jakinarazi eta biharamunetik hasita. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).
b) 30.000 eurotik gorako laguntzen onuradunek, hilabeteko epean, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta biharamunetik hasita, aurkeztu behar dute 4.1.3 oinarrian adierazitako dokumentazioa, abenduaren 29ko 3/2024 Legean aurreikusitako ordainketa epeak bete dituztela egiaztatzeko. Bestela, 4.1.3 oinarrian aurreikusitako penalizazioa aplikatuko da.
c) Diruz laguntzen diren jarduketak oinarri hauetan ezarritako epeetan egin eta justifikatzea.
d) Diruz lagundutako ekintzetan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, haiek gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen diren ekintzen helburuak.
Salbuespen gisa, merkataritza sustatzeko kanpaina espezifiko bat egitea onartzen ahalko da dirulaguntzaren xede izan den beste baten ordez, aldez aurretik ematen bazaio aldaketa horren berri Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, horrexek egiaztatuko baitu ea kanpaina berriak betetzen dituen eskatzen diren beharkizunak eta deialdiaren xedea, eta aldaketa onartuko baitu, zein den kasua.
Nolanahi ere, diruz lagundutako jarduketak gauzatzean, amaierako zenbatekoetan programa mailan gertatzen diren desbideratzeak onartuko dira baldin eta dagozkien gauzatze memorietan arrazoituz frogatzen badira eta deialdiaren helburuak betetzen direla bermatzen bada.
e) Agerian jartzea, behar den bezala, dirulaguntza jaso dela, 12. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
f) Ez da erabiliko emakumeak diskriminatzen dituen irudirik diruz lagundutako jarduketetan, publizitate euskarrietan eta jarduerak zabaltzeko materialetan; emakumeen eta gizonen berdintasuna eta rolen pluraltasuna sustatuko da, eta hizkera inklusiboa erabiliko da. Halaber, ez da hizkera sexistarik erabiliko diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.
g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
2. Oinarri hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
Zehazki:
a) Gardentasun betebeharra duten onuradunek eskatutako informazioa aurkezteko betebeharrari dagokionez:
–Onuradunak informazioa emateko betebehar hori betetzen ez badu, ez zaio onartutako dirulaguntza ordainduko, eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.
–Informazio hori epez kanpo aurkezten badu, baina, betiere, 2025eko azaroaren 10era bitarte aurkezten badu (egun hori barne), ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Aurkeztu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.
b) Bigarren justifikazio epea justifikatzeko dokumentazioa 2025eko azaroaren 14ra arte aurkezten bada (egun hori barne), aldi horretan ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da, eta, egun horri baino geroago aurkezten bada, aldi horri dagokion dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
c) Dirulaguntzaren azken ordainketa egin ondoren, egiaztatu eginen da diruz lagundutako jarduketak gauzatzen ote diren aurreikusitako eta eskatutako prezioan baino merkeago, edo diruz lagungarriak ez diren dirulaguntza ematea eragin zutenak ez izateagatik, eta murrizketa hauek eginen dira:
–Programa bat gauzatzea, oro har, %75etik beherakoa izan bada, banaka egiaztatuko da programa osatzen duten jarduketak gauzatu diren ala ez.
–Jarduketa bat gauzatzea diruz lagundutako zenbatekoaren %50 eta %75 artekoa bada, jarduketa horren azken dirulaguntzaren ordainketa %50 murriztuko da.
–Jarduketa bat %50etik beherakoa bada edo gauzatzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren azken zenbatekotik kenduko da jarduketa horretarako emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.
Zerbitzu kudeatzaileari 2025eko urriaren 1a baino lehen jakinarazten bazaio diruz lagundutako jarduketaren bat ez dela egin edo aurreikusitakoa baino zenbateko txikiagoarekin gauzatu dela, jarduketa horiek ez dira kontuan hartuko gauzatze maila zehazteko orduan.
Gauzatze maila zehazteko, diruz lagundutako gastuaren zenbatekoa eta 2025eko azaroaren 10era arte onartutako gastu justifikatuaren zenbatekoa alderatuko dira. Gauzatze maila bereiz aplikatuko da diruz lagundutako programa bakoitzean.
d) Publizitatearen eta marketinaren euskarri, iragarki, irrati-iragarki, kartel, argitalpen eta abarretan ez badira betetzen diruz lagundutako jarduketen publizitateari buruzko betebeharrak, komunikazio euskarri horietarako gastutik ez da batere onartuko. Betebehar hori partzialki ez betetzeak euskarri horri dagokion dirulaguntzaren ordainketa %5 murriztea ekarriko du.
e) Kanpaina edo jarduketa batean ez bada aipatzen Nafarroako Gobernuaren laguntza duela, 12. oinarrian ezarritako publizitateari buruzko betebeharra ez dela bete ulertuko da, eta ez da onartuko kanpaina edo jarduketa horri dagokion gastua, edo, bidezko bada, galduko da kanpaina edo jarduketa horretarako onetsitako dirulaguntza ordaintzeko eskubidea.
f) 2025eko azaroaren 10erako gutxienez 20 establezimendu atxikita egoteko betebeharra konplitzen ez bada, online salmentako plataformen kasuan (market place plataformak), dagokion ordainketa %50 murriztea ekarriko du, edo, hala badagokio, ordaindutako dirulaguntzaren %50 itzultzea, berandutze interesekin batera.
g) 4.2 oinarri arautzailean adierazitako erregistroetako batean inskripzioa 2025eko azaroaren 10erako (egun hori barne) erregularizatzeko izapideak hasi izanaren betebeharra ez betetzeak emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du, eta, hala badagokio, ordaindutako dirulaguntza eta berandutze-interesak itzultzea.
14. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta "de minimis" laguntzen izaera.
1. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta beste administrazio publiko batzuek jarduketa berberetarako ematen dituzten beste edozein dirulaguntzarekin.
2. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.
Kontuan hartu beharreko hiru urteko aldia etengabe ebaluatu behar da, eta, "de minimis" laguntza bat ematen den bakoitzean, aurreko hiru urteetan emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoa hartuko da kontuan.
Horretarako, laguntzen eskatzaileek eskaera-orrian deklaratuko dute hiru urteko edozein alditan zehar jasotako beste edozein "de minimis" laguntza, baldin eta erregelamendu horren edo "de minimis" beste erregelamendu batzuen mende badaude.
15. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntza eta Laguntza Publikoen Publizitate Sistema Nazionalaren bitartez: https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/inicio.
Era berean, emandako dirulaguntzak laguntzaren fitxan argitaratuko dira eta honako hauek adieraziko dira: deialdia, zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, entitate onuradunak eta emandako diru kopurua.
16. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.
Iragarkiaren kodea: F2505672
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
