2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Dirulaguntzak banakako ebaluazio-araubidean emateko deialdia, tokiko artista gazteak sustatzeko 2025ean
DDBN (Identif.): 833625.
Dirulaguntza orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan ezarritakoaren arabera, deialdiaren laburpena argitaratzen da. Horren testu osoa datu base nazionalean aurki daiteke. Dirulaguntzak (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/833625).
Lehenengoa.–Onuradunak:
Dirulaguntza ematea zertan oinarritzen den eta egoera horretan dauden pertsonak edo entitateak izan daitezke onuradun, baldin eta ondoren aurreikusten diren inguruabarretan badaude, eta betiere Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluan ezartzen diren ezein debeku-ziok ukitzen ez baditu, salbu deialdiaren izaera kontuan izanik azken baldintza horren salbuespena egiten bada eta apartatu honetan hala egin dela adierazten bada.
Berariazko betekizunak:
1.–Onuradun izaten ahalko dira elkarte bat eratzen duten gazteak, nortasun juridiko propioarekin edo gabe, bai eta banaka jarduten duten gazteak ere.
2.–Dirulaguntzaren onuradun izanen dira, Dirulaguntzei buruzko Ordenantzaren 8.3. artikuluan ezarritakoarekin bat, nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen taldeak -publikoak zein pribatuak izaki-, eta berariaz adierazi beharko dute, hala eskaeran nola dirulaguntza emateko ebazpenean taldekide bakoitzak betetzeko hartzen dituen konpromisoak eta horietako bakoitzari aplikatu behar zaion dirulaguntzaren zenbatekoa. Taldeotako kideak, bestalde, onuraduntzat joko dira. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar da, eta ahalorde askietsia eman behar zaio elkarteak onuradun gisa dituen betebeharrak bete ditzan. Taldea ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 47. eta 58. artikuluetan ezarritako preskripzio epea iragan arte.
3.–Nahitaez, elkarteetako kideen bi herenek, gutxienez, 14 eta 30 urte bitarte izan behar dituzte. Bi heren horien kalkulua egitean, lortzen den emaitza zenbaki oso bat ez denean, ondoren zehazten den moduan biribilduko da:
–Lehenengo zifra hamartarra 5 baino txikiagoa bada (1, 2, 3 edo 4), horren aurreko zenbaki osora biribilduko da.
–Lehenengo zifra hamartarra 5 edo handiagoa bada (5, 6, 7, 8 edo 9), horren hurrengo zenbaki osora biribilduko da.
Norbanakoen kasuan, 14-30 urte bitarte izan behar dituzte.
4.–Elkartea osatzen duten pertsonen erdiek, gutxienez, Iruñean erroldatuta egon behar dute edo, bestela, bizilekua bertan dutela egiaztatu behar dute, errentamendu-kontratu bidez. Indibidualki jarduten dutenen kasuan, Iruñean erroldatuta egon behar dute edo, bestela, alokairu-kontratuaren bidez egiaztatu behar dute egiazki bertan bizi direla.
5.–Elkartekide berak dituen talde bat ezin izanen da izen ezberdinekin aurkeztu; hala ere, pertsona bat aldi berean bi elkarte ezberdinetako kide izan daiteke, halakorik gertatuz gero.
Bigarrena.–Helburua:
Deialdi honen xedea da laguntza-sistema bat ezartzea Iruñeko gazteen sormen kultural eta artistikoa sustatzeko zenbait diziplina artistikotan, hala nola antzerkian, argazkigintzan, arte plastikoetan eta musikan, betiere oinarri hauetan ezartzen diren baldintzak eta betekizunak betetzen badituzte.
Hirugarrena.–Oinarri arautzaileak:
Dirulaguntzak banakako ebaluazio-araubidean emateko deialdia, tokiko artista gazteak sustatzeko 2025ean.
www.pamplona.es/eu
Laugarrena.–Zenbatekoa:
12.000 euro.
Bosgarrena.–Eskabideak aurkezteko epea:
Eskaerak aurkezteko epea 2025eko urriaren 10ean amaituko da.
Aipatutako epetik at aurkeztutako eskabideak ez dira onartuko.
Seigarrena.–Justifikazioa aurkezteko epemuga:
Azken eguna 2025eko abenduaren 31 izanen da, egun hori barne.
Dirulaguntza justifikatzeko agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Diruz lagundutako epeari dagozkion faktura originalak eta benetan ordaindu izanaren agiriak, hala nola banku ziurtagiria edo antzekoa aurkeztuta, ordaindu dela egiaztatzeko.
–Dirulaguntza jaso duen jarduera finantzatu duten beste diru-sarrerei edo dirulaguntzei buruzko adierazpena, horien zenbatekoa eta jatorria barne, VII. eranskinarekin bat.
–Justifikazio telematikoa egiteko, VI. eranskina aurkeztu beharko da gainerako dokumentuekin batera.
Ezarritako epearen barruan aurkezten ez diren fakturak eta ordainagiriak, ez dira onartuak izanen eta, hortaz, ez dira ordainduko.
Iruñean, 2025eko maiatzaren 15ean.–Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako Alorreko zinegotzi ordezkaria, Mikel Armendariz Barnechea.
Iragarkiaren kodea: L2507219