107. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTSOAIN

Aldaketa Ordenantza fiskal orokorrean. Behin betiko onespena

Antsoaingo Udalak, 2025eko urtarrilaren 29an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ordenantza fiskal orokorra aldatzea.

Espedientea jendaurrean egon zen 30 egun baliodunean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita (2025eko 38. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 25ekoa), interes legitimoa dutenek azter zezaten, eta egoki jotako erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez zitzaten, jarritako epearen barnean; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez denez, zilegi da Ordenantza fiskal orokorraren aldaketa argitaratzea.

Antsoainen, 2025eko maiatzaren 2an.–Alkatea, Marta Díez Napal.

ORDENANTZA FISKAL OROKORRA

I. KAPITULUA.–PRINTZIPIO OROKORRAK

Xedea

1. artikulua. Honako Ordenantza fiskal orokor honen xedea da arauak eta oinarri orokorrak finkatzea udalerri honetako zerga araubidea osatzen duten ordainarazpen guztiendako. Ordenantza honen arauak ordenantza partikular bakoitzaren osagarritzat hartuko dira, azken horiek berariaz arautzen ez duten orotan.

Tributuen zein zuzenbide publikoko bertze diru-sarreren diru-bilketa ordenantza honen V. kapituluan ezarritakoarekin bat eginen da, betiere gainerako ordenantza fiskaletan eta prezio publikoen gaineko arauetan aurreikusitako berezitasunak kontuan hartuta.

Ordenantza honetan espresuki xedatua ez den orotan, edo, indarreko araudian aldaketak egitearen poderioz, artikulu batzuk indarrik gabe gelditzen badira, zuzenean aplikatuko dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen aginduak, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrarenak eta horiek garatzeko erregelamenduenak. Lege edo erregelamendu mailako aginduetara bidalita egindako oharrak arau horietan une bakoitzean indarrean dauden edukien gainekoak direla ulertuko da.

Zergaren orokortasuna eta interpretazio murriztailea.

2. artikulua. Tokian tokiko ordenantza fiskalek, eta bai toki ogasunei buruzko foru legeek ere –halakorik beharrezkoa ez izateagatik ordenantza partikularrik onetsi ez den kasuetan– agintzen duten bezala, zergak ordaintzeko obligazioa guztion betebeharra da, eta ukitzen ditu pertsona fisiko zein juridiko oro, eta bai eskubide eta betebehar fiskalak dituzten nortasun juridikorik gabeko subjektuak ere.

Ezin izanen dira aplikatu foru lege batean espresuki ezartzen diren hobari fiskalak baizik, eta, era berean, ez da onartuko inolako analogiarik, zerga-egitatearen edo zerga salbuespen edo hobarien eremua bere muga hertsietatik haratago hedatzeko.

Oro har, erreguzko zerga-onuren eragina hasiko da eskabidea aurkeztu eta hurrengo ekitalditik aitzin, eta ez du atzeraeragina izanen. Hala ere, zerga-onura likidazioa irmoa izan aurretik eskatzen bada, aplikatuko da, baldin eta tributuaren sortzapen egunean betetzen badira hura baliatzeko eskatutako baldintzak. Erreguzko zerga-onurak etorkizuneko aldietan aplikatua izan daitezen, behin onartuta, aplikatzen ahal den araudian eskatzen diren baldintzak une oro betetzen jarraitu beharko da.

Aplikazio-eremua

3. artikulua. Ordenantza fiskalak Antsoaingo udalerri osoan ezarriko dira, indarrean jartzen diren unetik beretik indargabetu edo aldatzen diren arte.

II. KAPITULUA.–TRIBUTU-HARREMANERAKO ELEMENTUAK

Zerga-egitatea

4. artikulua. Zerga-egitatea izaera juridikoa edo ekonomikoa duen betebeharra da, ordainarazpen bakoitza finkatzeko behar den ordenantzan zehaztutakoa, eta hura gauzatzeak zerga ordaintzeko betebeharra sorrarazten du.

Ordenantza fiskal partikular bakoitzak osatuko du zerga-egitatearen zehaztapena, aipatuz zein diren zergari ez atxikitzeko arrazoiak eta zerga ordaindu beharra zer baldintzetan sortzen den.

Ordainarazpenak erroldatu, matrikulatu edo erregistratu egin beharko dira, baldin eta, beren ezaugarriak direla medio, zerga-egitateak jarraitutasunez gertatzen badira.

5. artikulua.

1. Subjektu pasiboa pertsona natural edo juridikoa da, Legearen arabera zerga-prestazioak betetzeko obligazioa duena, zergaduna edo haren ordezkoa izateagatik.

Zergaduna pertsona natural edo juridikoa da, legearen arabera zerga-egitatetik sortutako tributuaren zama bere gain hartzen duena.

Zergadunaren ordezkoa da, legearen aginduaren ondorioz, haren ordez zerga betebeharren prestazio material eta formalak betetzera behartuta dagoen subjektu pasiboa.

2. Zerga-egitate bati titular bi edo gehiago batera egokitzeak berekin ekarriko du horiek elkarrekin beharturik izanen direla, Udal Ogasunari begira, salbu eta Legeak, tributua erregulatzean, kontrakoa ezartzen badu.

Zerga harremanaren aldaezintasuna

6. artikulua. Subjektu pasiboaren eta zerga betebeharraren gainerako elementuak ezin dira partikularren egintza edo hitzarmenen eraginpean aldatu.

Egintza eta hitzarmen horiek ez dute eraginik izanen udal administrazioan, ukatu gabe berekin dakartzaten ondorio juridiko-pribatuak.

Egoitza fiskala

7. artikulua. Pertsona fisikoendako zerga ondorioetarako helbidea beren ohiko bizitegia izanen da; pertsona juridikoendako, aldiz, beren egoitza soziala, bertan baldin badago zentralizatua haren administrazio kudeaketa eta negozioen zuzendaritza. Horrela ez bada, aipatu kudeaketa edo zuzendaritza kokatzen den tokia izanen da.

Udal administrazioak beren egoitza fiskala aitor dezaten eskatu ahal die subjektu pasiboei. Subjektu pasibo batek helbidea aldatzen duenean, tributu administrazioari jakinarazi beharko dio, horretarako aitorpen berezia eginez. Administrazioari dagokionean, helbide aldaketak ez du ondoriorik sortuko zerga aitorpen hori aurkezten ez deino. Administrazioak egiaztapen egokiaren bitartez zuzen dezake subjektu pasiboen egoitza fiskala.

Karga-oinarria

8. artikulua. Tributuei buruzko ordenantzetan, zorra zehazteko oinarritzat zerga-oinarriak hartzen direnean, horiek zehazteko behar diren bitartekoak eta metodoak ezarriko dira.

9. artikulua. Likidazio-oinarritzat hartuko da zerga-oinarrian, hala egokituz gero, eginiko murrizketen emaitza, murrizketa horiek tributua arautzen duen legean edo dagokion ordenantza fiskalean xedaturik daudenean.

Kuotaren zehaztapena

10. artikulua. Tributu-kuota hauetako bat izanen da, dagokion ordenantza fiskalaren arabera:

a) Horretarako ezarritako kopuru finkoa.

b) Tarifa bat aplikatu eta horren ondoriozko kopurua.

c) Bi prozedura horiek batera aplikatzearen ondoriozko kopurua.

d) Oinarriari karga-tasa bat aplikatu eta horren ondoriozko kopurua.

e) Kontribuzio berezietan, subjektu pasibo bakoitzari zerga-oinarriaren zati bat egotzi, hori arautzen duen ordenantzan jasotako banaketa irizpideei jarraituz, eta horren ondoriozko kopurua.

Tributu-zorra

11. artikulua. Tributu-zorra subjektu pasiboak udal administrazioari zor dion diru kopurua da. Kopuru horretan tributu-kuota sartzen da eta, hala behar denean, kontzeptu hauek gehitzen zaizkio:

a) Oinarrien edo kuoten gainean legez galdatzen ahal diren errekarguak.

b) Berandutze interesa, sorrarazten den aldi horretan indarrean dagoena.

c) Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 52. artikuluko 3. apartatuan ezarritako errekarguak.

d) Premiamendu-errekargua.

e) Diru bidezko zerga-zehapenak.

Erantzukizuna tributu-zorra ordaintzean

12. artikulua. Erantzukizuna tributu-zor osoari dagokiona izanen da, zehapenak kenduta. Aitzitik, premiamendu-errekargua bakarrik eskatzen ahalko zaio erantzuleari ordenantza honen 17. artikuluaren 1) apartatuan araututako kasuan.

13. artikulua. Tributuei dagokien arau-hauste baten egile edo laguntzaile diren pertsonek orok elkarrekin eta batera erantzun beharko diete tributu obligazioei.

14. artikulua. Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluak aipatzen dituen entitate juridiko nahiz ekonomikoen partaidekideek edo titularkideek elkarrekin eta batera erantzun beharko dute entitate horien tributu obligazioetan, bakoitzak duen partaidetzaren neurrian.

15. artikulua.

1. Pertsona juridikoek egindako arau-hauste arinen erantzule subsidiarioak izanen dira, bai eta, arau-hauste astunak direnean, tributu-zor osoaren erantzule ere, haien administratzaileak, baldin eta asmo gaiztoz nahiz axolagabekeriaz ez badituzte egin dagozkien egitekoak, hautsitako tributu obligazioak betetzeko, edota beren menpekoei utzi badiete arauak hausten, edota arau-haustea ahalbidetu duen erabakirik hartu badute. Halaber, administratzaileek erantzun beharko dute subsidiarioki, baldin beren jarduera bertan behera utzi duten pertsona juridikoek uzten badituzte ordaindu gabeko tributu obligazioak.

2. Porroten, lehiaketen, elkarteen, edo, oro har, edozein entitateren sindikoak, esku-hartzaileak edo likidatzaileak erantzule subsidiarioak izanen dira, baldin eta, asmo gaiztoz nahiz axolagabekeriaz, ez badituzte beharrezkoak diren gestioak egiten, egoera horien aurretik sorrarazi eta subjektu pasiboari egotz dakizkiokeen tributu obligazioak arras bete daitezen.

16. artikulua. Zor baten erantzule solidario edo subsidiarioak bi edo gehiago badira, zorra oso-osorik galdatu ahalko zaio horietako edonori.

17. artikulua.

1. Tributu-zorra ordaintzeko jardute administratiboa erantzuleengana bideratu ahal izateko, egintza administratibo bat egin beharko da, non erantzukizuna adieraziko baita eta horrek noraino hartzen duen zehaztuko, interesdunari entzutea eman eta gero. Egintza hori jakinaraziko zaie, likidazioaren funtsezko osagaiak adieraziz, eta une horrexetatik zordun nagusiaren eskubide guztien jabe eginen dira.

Erantzuleari borondatezko epe bat emanen zaio, ordaintzeko, eta behin hori iraganik ordaindu ez badu, erantzun beharko dio premiamendu bidezko diru-bilketak aurreikusten duen %20ko errekarguari ere, eta zorra aipatu bide hori erabiliz galdatuko zaio.

2. Jardute administratiboa erantzule subsidiarioengana bideratu ahal izateko, aurretik adierazi beharko da zordun nagusiari kobratu ezin izan zaiola, ezta gainerako erantzule solidarioei ere, hori guztia adierazi aurretik hartzen ahal diren kautelazko neurriak galarazi gabe.

Tributu-zorraren iraungipena

18. artikulua.

1. Pertsona fisikoen edo juridikoen ustiapen eta jarduera ekonomikoen ondorioz sortutako tributu-zorrak eta erantzukizuna, edo Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 25. artikuluan aipatzen diren entitateenak, eskatzen ahalko zaizkie haien titulartasunean edo jardunean (edozein kontzeptu dela bide) haien ondorengo direnei. Erantzukizun hori ezin zaio eskatu enpresa horien elementu solteak erosten dituztenei, salbu eta elementu solte horien erosketak (eroslea pertsona bakarra nahiz batzuk izanik) aukera ematen badio ustiapenari edo jarduerari jardunean segitzeko.

2. Eskuratzailearen erantzunbeharrak ez dio pagatu beharra kentzen eskualdatzaileari. Biak dira horren erantzule solidarioak. Erantzukizuna eskatzeko prozedura ordenantza honen 17.1 artikuluan ezarritakoa da.

3. Sozietateak edo entitateak deuseztatu eta likidatzen direlarik, haien tributu eginbehar burutu gabeak bazkide edo kapital-partaideei pasatuko zaizkie, eta haiek solidarioki hartuko dute erantzukizun hori, adjudikatu zaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

19. artikulua. Tributu-zorra arrazoi hauengatik iraungiko da:

a) Ordaindu edo bete delako.

b) Preskribatu duelako.

c) Ordainezintasuna frogatuta dagoelako.

d) Konpentsatu delako.

20. artikulua.

1. Betiere, lau urteko epean preskribatuko dute eskubide eta ekintza hauek:

a) Tributu-zorra likidazioaren bidez zehazteko eskubidea, eskubide hori sortu zen egunetik hasita.

b) Likidaturiko tributu-zorren ordainketa eskatzeko ekintza, non epea hasiko baita borondatezko ordainketaren epea amaitzen den egunean.

c) Tributu arau-hausteak direla medio zehapenak ezartzeko ekintza, non epea hasiko baita arau-hausteak gauzatu ziren egunean.

2. Orobat, lau urteko epean preskribatuko du beharrik gabe egindako ordainketa atzera jasotzeko zergadunek duten eskubideak, non epea hasiko baita ordainketa egiten den egunean.

3. Preskripzioa eteten denean, etendura gertatzen den egunean hasiko da lau urteko epea.

21. artikulua.

1. Aurreko artikuluaren 1. apartatuak aipatzen duen preskripzio epea honakoetan eteten da:

a) Edozein administrazio-ekintza egiten bada, subjektu pasiboa formalki jakinaren gainean dagoela, kreditu edo eskubide hori aitortzeko, erregularizatzeko, ikuskatzeko, segurtatzeko, egiaztatzeko, likidatzeko edo jasotzeko.

b) Edozein erreklamazio edo errekurtso paratzen bada.

c) Subjektu pasiboak tributu-zorra ordaindu edo likidatzeko edozein ekintza egiten badu.

2. Aurreko artikuluaren 2. apartatuaren kasuan, preskripzio epearen etendura etorriko da diru-sarrera bidegabea atzera jasotzeko xedez subjektu pasiboak egiten duen edozein egintza fedemailerekin, edo hori hala izan dela aitortzeko udal administrazioak egiten duen edozein egintzaren bidez.

22. artikulua. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da, subjektu pasiboak eskatu edo salbuespen gisa alegatu behar izan gabe.

23. artikulua. Subjektu pasiboaren eta gainerako erantzuleen kaudimengabezia egiaztatua delako ordaindu ezin izan diren tributu-zorrak behin-behinekoz iraungitzat deklaratuko dira, preskripzio epearen barrenean birgaitzen ez diren bitartean. Epe horretan zorra birgaitzen ez bada, behin betiko iraungita geldituko da.

Gerora etorritako kaudimena suertatuz gero, eta preskripziorik ez badago, exekuzio-prozedura irekiko da berriz. Erabaki hori aldi berean jakinaraziko zaio dagokion bulego kudeatzaileari, baja emanda dauden kredituen likidazio berria egin dezan, eta, honela, kasuan kasuko exekuzio-tituluak luza daitezen kobraezin deklaratu ziren unean zeuden kobrantza egoera berean.

III. KAPITULUA.–TRIBUTUEN ARLOKO ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

Tributuen arloko arau-hausteak

24. artikulua.

1. Tributu arloko arau-hausteak dira, bai ordenantza honetan bai toki entitateen ogasuna arautzen duten gainerako legezko xedapenetan azaldu eta zehatzen diren egiteak eta ez-egiteak. Arau-hausteak zabarkeria hutsezkoak badira ere zeha daitezke.

2. Subjektu arau-hausletzat joko dira legez arau-haustetzat hartutako egiteak eta ez-egiteak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, eta, bereziki, ondoko hauek:

a) Tributuen subjektu pasiboak, zergadunak nahiz ordezkoak izan.

b) Jarduteko gaitasunik ez duten subjektu pasiboen legezko ordezkaria.

c) Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluak xedatutakoari jarraikiz, Administrazioari informazioa edo laguntza eman beharrean dauden pertsona fisiko nahiz juridikoak.

3. Legez arau-haustetzat hartzen diren egiteek edo ez-egiteek honako kasu hauetan ez dute erantzukizunik sortuko:

a) Tributu gaietan obratzeko gaitasunik ez dutenek eginak direnean.

b) Ezinbertzeko kasuetan.

c) Erabakia anitzen artean hartua delarik, beren botoa gorde dutenendako edo erabakia hartu zeneko bileran egon gabeendako.

4. Aurreko zenbakiak aipatzen dituen kasuetan, subjektu pasiboen edo gainerako behartuen tributu egoera erregularizatzean, tokatzen diren kuota eta errekarguez gain, dagokion berandutze-interesa eskatuko da.

5. Toki administrazioak arau-hausteei Ogasun Publikoaren kontrako delituak izan daitezkeela deritzen kasuetan, jurisdikzio eskudunari jakinaraziko dio dagokiokeen errua, eta ez dio administrazio prozedurari segidarik emanen agintari judizialek epai irmoa eman, jarduketak largetsi edo artxibatu, edo Fiskaltzak espedientea itzultzen ez duen bitartean.

Agintaritza judizialak zigortzeko epaia emanez gero, ez da administrazio zehapenik izanen.

6. Deliturik antzematen ez bada, toki entitateak segida emanen dio zehapen espedienteari epaitegiek frogatutzat jo dituzten gertaerak oinarritzat harturik.

25. artikulua. Arau-hausteak bi motatakoak izan daitezke:

a) Arinak.

b) Astunak.

26. artikulua. Arau-hauste arintzat hartzen da tributuen kudeaketan edozein pertsonari, subjektu pasiboa izan ala ez, eskatzen zaizkion tributu obligazio edo betekizunak ez betetzea, arau-hauste astunak ez direnean, eta horiek zehapena graduatzeko osagai gisa hartzen ez direnean.

27. artikulua. Arau hauste astunak honako hauek dira:

a) Legeek edo behar den ordenantzak ezarritako epeetan ez ordaintzea zerga-zor osoa, edo haren parte bat.

b) Salbuespenak, zerga-onurak edo itzulkinak bidegabe baliatu edo erdiestea.

c) Toki entitateak autolikidazio jardunbidearen bidez eskatzen ez diren tributuak likidatu ahal izateko behar dituen aitorpen edo agiriak ez aurkeztea, epez kanpo aurkeztea edo modu osatugabe edo okerrean aurkeztea.

Zehapenak

28. artikulua. Arau-hausteak zigortzeko, diru bidezko isunak jarriko dira, finkoak edo proportzionalak. Diru bidezko isun proportzionala aplikatuko da zerga kuotaren, ordaindu gabeko kopuruen eta bidegabe lorturiko onuren edo itzulketen zenbatekoaren gainean.

29. artikulua.

1. Arau-hauste arin bakoitzak 6,01 eurotik 901,52ra bitarteko zehapena izanen du.

2. Ikuskatzaileen jardunari, beren eskumenak erabiltzen ari direlarik, kontra, uko edo traba egiten bazaio, 300,50etik 6.010,12 eurora bitarteko isuna ezarriko da.

3. Arau-hauste astunei diru-isun proportzionala jarriko zaie, kuotaren %50etik %150era bitartekoa, 31. artikuluan aipatutako murrizketa deusetan galarazi gabe.

Era berean, zilegi izanen da berandutze-interesak eskatzea ordainketarako borondatezko epea bukatu eta zerga-egoera erregularizatuko duen likidazioa egiten den egunera bitarteko denboragatik.

Zehapenen graduazioa

30. artikulua. Arau-hauste soilei dagozkien zehapenen mailakatzea.

1) Tributu zehapenak mailakatzeko honako hauek hartuko dira kontutan:

a) Tributu arloko arau-hausteak behin baino gehiagotan egin diren. Hori horrela ulertuko da subjektu arau-hauslea tributuzko arau-hauste soila egiteagatik zehatu dutenean, administrazio-ebazpen irmoaren bitartez, espedientearen xedea den arau-haustea noizkoa izan eta bortz urte lehenagoko aldian. Inguruabar hori gertatuz gero, gutxieneko zehapenaren portzentajea handituko da, zenbat eta aurreko bortz urteetan egindako arau-hauste soilengatik irmoki ezarritako zehapen bakoitzari dagokion gehieneko zehapenaren portzentaje jakin batek jotzen duen kopurua, irizpide hauekin bat:

–Aurretik arau-hauste bat izanez gero: %25.

–Aurretik bi arau-hauste izanez gero: %35.

–Aurretik hiru arau-hauste izanez gero: %45.

–Aurretik lau arau-hauste edo gehiago izanez gero: %50.

–Zehapen irmoa bertzelako tributu arau-hauste bat egiteagatik bada baina zehatzen denaren izaera berekoa, zehapenari %15 gehituko zaio, eta %10, mota bereko arau-hauste bakoitzeko bi edo gehiago badira, %50 gehienez ere.

b) Toki-entitatearen ikerketa-lanei trabak jarri, uko edo aurka egin zaien. Hori horrela ulertuko da zergapekoek, behar bezala jakinarazita eta ohartarazita, ez badiete erantzuten udal administrazioak tributuez bezainbatean garrantzia duten datu, txosten edo aurrekariak eskatzeko egindako errekerimenduei. Inguruabar hori gertatuz gero, ezarritako gutxieneko zehapenari gehieneko zehapenak zenbat jo eta horren %20tik %40ra bitartean gehituko zaio.

c) Arau-haustea egitean iruzurrezko bideak erabili diren edo bertze norbait tarteko egin den. Honi dagokionez, nagusiki honako hauek hartuko dira iruzurrezko bidetzat: kontabilitatean funtsezko irregulartasunak izatea eta faktura, frogagiri edo bertze agiri faltsu edo faltsutuak erabiltzea. Inguruabar hori gertatuz gero, ezarritako gutxieneko zehapenari gehieneko zehapenak zenbat jo eta horren %25 gehituko zaio.

d) Formazko edo laguntza emateko betebeharrak nork bere kabuz bete ez ote duen edo berandu bete ote duen. Inguruabar hori gertatuz gero, ezarritako gutxieneko zehapenari gehieneko zehapenak zenbat jo eta horren %5 gehituko zaio betebeharra betetzean hiru hilabetetik gora berandutu ez bada, %10 berandutzea hiru hilabetetik seira bitartekoa bada, eta %15 berandutzeak sei hilabetetik gora jotzen badu.

e) Zerga kudeaketarako zer-nolako munta duten eman gabeko datu, txosten edo aurrekariek eta, oro har, ez betetzeak eginbide formalak, kontabilitatekoak edo erregistrokoak, eta toki entitateari lagundu edo informatzekoak.

2) Mailakatze irizpideak aldi berean aplika daitezke. Ezarri beharreko zehapenak zenbat jotzen duen zehazteko, gutxieneko zehapenari aurreko apartatuetan aplikatzetik sortzen diren zenbatekoak gehituko zaizkio, hortik ateratako zenbatekoak ezin izanen dituelarik gainditu legeek ezarritako gehieneko zenbatekoak.

31. artikulua. Tributu arloko arau-hauste astunei dagozkien zehapenen mailakatzea.

1) Tributu arloko arau-hauste astunek eragindako zehapenak kasuan-kasuan mailakatuko dira, betiere irizpide hauekin bat:

a) Tributu arloko arau-hausteak behin baino gehiagotan egin diren. Hori horrela ulertuko da subjektu arau-hauslea tributu arloko arau-hauste astuna egiteagatik zehatu dutenean, administrazio-ebazpen irmoaren bitartez, espedientearen xedea den arau-haustea noizkoa izan eta bortz urte lehenagoko aldian. Inguruabar hori gertatuz gero, zehapenaren portzentajeari 10 puntu gehituko zaizkio tributu berari dagokion tributu arloko arau-hauste astuna egiteagatik ezarritako zehapen irmo bakoitzeko, eta 5 puntu, bertze tributuei dagokien tributu arloko arau-hauste astuna egiteagatik ezarritako zehapen irmo bakoitzeko. Zehapenaren portzentajearen gehikuntza ezin izanen da 10 puntu baino gutxiagokoa izan, ezta 50 baino gehiagokoa ere.

b) Toki-entitatearen ikerketa-lanei trabak jarri, uko edo aurka egin zaien. Horrelakotzat joko da zergapekoek, behar bezala jakinarazita eta ohartarazita, ez erantzutea udal administrazioak egindako errekerimenduei, haien tributu-egoera erregularizatzeko abiatutako egiaztapen- eta ikerketa-jarduketetan, baldin eta horietan agerian gelditzen bada arau-hauste astunak egin dituztela. Halako inguruabarrak gertatuz gero, zehapenaren portzentajea 10etik 50 puntura bitarte gehituko da, irizpide hauekin bat:

–Subjektu pasiboak behin eta berriz uko egiten badio prozeduran zehar eskatu dizkioten eta tributuez bezainbatean garrantzia duten datu, txosten edo aurrekariak aurkezteari, eta, horren ondorioz, udal administrazioak ezin badu eskatutako informazioaren berri izan, zehapenaren portzentajea 30etik 40 puntura bitarte gehituko da.

–Subjektu pasiboa ez bada dena delako organoaren aurrean agertzen, gutxienez horretara hiru aldiz deitua izan eta gero, zehapenaren portzentajea 20tik 30 puntura bitarte gehituko da. Baldin eta behin eta berriz ez agertzeagatik, egoera zergapekoa bertan egon gabe erregulatu behar bada, zehapenaren portzentajea 40tik 50 puntura bitarte gehituko da.

–Kontra, uko edo traba egiteari dagokionez aurrekoez bertzeko kasuetan, zehapenaren portzentajea 10etik 30 puntura gehituko da.

c) Arau-haustea egitean iruzurrezko bideak erabili diren edo bertze norbait tarteko egin den. Honi dagokionez, nagusiki honako hauek hartuko dira iruzurrezko bidetzat: kontabilitatean funtsezko irregulartasunak izatea eta faktura, frogagiri edo bertze agiri faltsu edo faltsutuak erabiltzea. Halako inguruabarrak gertatuz gero, zehapenaren portzentajea irizpide hauekin bat gehituko da:

  • 20tik 45 puntu bitartean, kontabilitatean funtsezko irregulartasunik izanez gero.
  • 25etik 40 puntu bitartean, faktura, egiaztagiri edo bertzelako agiri edo euskarri faltsurik edo faltsuturik erabiliz gero. Ez da halakorik kontuan hartuko frogagiri edo agiri faltsu edo faltsututakoen eragin bateratua ordaindu ez den tributu-zorrarekiko %10a baino gutxiago denean.
  • 35etik 50 puntu bitartean, arau-haustea bertze norbait tarteko dela egin bada. Irizpide horiek zein bere aldetik hartuko dira kontuan, eta zein bere kabuz aplikatuko dira zehapenaren portzentajean zenbat gehitu behar den zehazteko. Zehapenaren portzentajean gehitu beharreko zenbatekoa gehikuntza guztiak batuta zehaztuko da, hori, gehienez ere, 75 puntu izaten ahalko delarik.

d) Aitorpenik aurkeztu ez ote den edo aitorpen faltsu, osatugabe edo zehaztugabeak aurkeztu ote diren, horrek tributu-zorra gutxitzea badakar berekin. Horrelakotzat joko da horregatik udal administrazioari tributu-zorra zehazteko beharrezkoak diren datuak ezkutatzea, eta horrek zorra gutxitzea badakar berarekin, eta horrela ulertuko da, nahiz eta Administrazioak datu horien berri izaten ahal duen, dela hirugarrenen adierazpenen bitartez dela zehapenari dagokionaz bertzeko tributu-kontzeptuen gainean subjektu arau-hausleak egindako adierazpenen bidez, eta datuak kontabilitatean jasota egonda ere. Inguruabar hori gertatuz gero, arau-hauste astun baten kasuan, zehapenaren portzentajea 10 eta 25 puntu artean gehituko da, eta ezkutatutako datuek zenbatean gutxitu duten tributu-zorra, horren arabera zehaztuko da, irizpide hauekin bat:

  • %10 edo gutxiago gutxituz gero: igoerarik ez.
  • %10 baino gehiago eta %25 baino gutxiago gutxituz gero: 10 puntu gehiago.
  • %25 baino gehiago eta %50 baino gutxiago gutxituz gero: 15 puntu gehiago.
  • %50 baino gehiago eta %75 baino gutxiago gutxituz gero: 20 puntu gehiago.
  • %75 baino gehiago gutxituz gero: 25 puntu gehiago.

Ez da halakorik kontuan hartuko subjektu arau-hausleak bere aitorpenean tributu-zorra zehazteko beharrezkoak diren datu guztiak adierazi eta tributu-arauak oker aplikatu dituelako gutxitu bada zorraren zenbatekoa. Inguruabarra ez da, ezta ere, kontuan hartuko jokamoldea ordenantza honen 27. artikuluaren c) letran arau-hauste astuntzat tipifikatutakoa denean.

2) Mailakatze irizpideak aldi berean aplika daitezke. Ezarri beharreko zehapenak zenbat jotzen duen zehazteko, gutxieneko zehapenaren portzentajeari aurreko apartatuetan xedatutakoa aplikatzetik sortzen diren portzentaje-puntuak gehituko zaizkio. Mailakatzeko irizpideak gutxieneko diru-zehapenei aplikatuko zaizkie, hortik ateratako zenbatekoek ezin izanen dituztelarik gainditu legeek ezarritako gehieneko zenbatekoak.

3) Tributu arloko arau-hauste astunen zehapenen zenbatekoa %30 murriztuko da, subjektu arau-hausleak edo, bertzela, erantzuleak adierazten badu egiten zaion erregularizazio proposamenarekin ados dagoela. Murriztapenak %40 joko du, bat etortzen badira hala erregularizatze- nola zehapen-proposamenarekin.

Zehapen prozedura

32. artikulua. Tributu arloko zehapenak ezartzeko espedientea ez da izanen subjektu arau-hauslearen tributu-egoera egiaztatu eta ikertzeko instruitutako bera, baizik eta bertze bat, eta hartan interesdunari entzunaldia emanen zaio.

Zehapenak erabaki eta ezarriko dituzte tributuen behin-behineko edo behin betiko likidazioak burutzeko egintza administratiboak eman behar dituzten organo berberek.

Zehapena murriztea

33. artikulua.

1. Arau-hausteek sortzen duten erantzukizuna zehapena ordaindu edo betetzean iraungitzen da, edo preskripzioz.

2. Subjektu arau-hausleak hiltzean, gauzatu gabeko zerga-betebeharrak jaraunsle edo legatu-hartzaileei transmitituko zaizkie, legeria zibilean jaraunspena eskuratzeari buruz finkatzen dena ukatu gabe. Inoiz ez zaio zehapenik bertze bati transmitituko.

3. Sozietateak edo entitateak deuseztatu eta likidatzen direlarik, haien tributu eginbehar burutu gabeak bazkide edo kapital-partaideei pasatuko zaizkie, eta haiek solidarioki hartuko dute erantzukizun hori, adjudikatu zaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

IV. KAPITULUA.–KUDEAKETA ARAUAK

Tributu kudeaketa hasteko moduak

34. artikulua. Ordainarazpenen kudeaketa ondokoen bidez hasiko da:

a) Aitorpena, aitorpen-likidazioa edo autolikidazioa egitean, edo tributudunaren ekimenez.

b) Ofizioz.

c) Ikerketa bidez.

Zerga-aitorpena

35. artikulua.

a) Zerga-aitorpentzat hartuko da zerga-egitate baten inguruabarrak edo elementuak gertatu edo sortu direla adierazi edo aitortzen duen dokumentu oro. Halaber, aitorpen balioa emanen zaio zerga-egitatea biltzen edo eratzen duen dokumentua aurkezte hutsari.

b) Inondik inora ere ez da eskatuko zerga-aitorpenak zinpean egin daitezen.

c) Aurkezteko garaian, aitorpenaren hartu-agiria emanen zaie interesdunei; aitorpenaren kopiak ere horretarako balioko du.

d) Froga agiria aurkeztean, interesdunek eransten ahal diote kopia soil bat edo fotokopia bat, hain zuzen ere, udal administrazioak erkatu ondoren, jatorrizkoa itzul diezaien, non ez den erabakitzen ez dela itzuli behar prozedurari buruzko behin betiko ebazpena eman baino lehen, agiria pribatua izateagatik edo bidezkotzat jotzen den bertze arrazoiren batengatik.

Aitorpena nahitaez aurkeztu beharra

36. artikulua. Aitorpena nahitaez aurkeztu beharko da ordenantza partikular bakoitzean zehaztutako epeetan, eta, oro har, zerga-egitatea gertatzen den egunaren ondoko hogeita hamar egun balioduneko epearen barrenean. Epe horietan aurkezten ez bada, arau-hauste arintzat hartuko da eta dagokion zehapena ezarriko zaio.

Aurkezpenaren ondorioak

37. artikulua.

a) Aitorpena udal administrazioan aurkezteak ez du erran nahi zerga bidezkoa dela ontzat eman edo aitortzen dela.

b) Udal administrazioak aitorpenak eska ditzake, eta datu gehiago ematea ere bai, eta orobat aurkitu diren okerrak zuzentzea ere, ordainarazpenaren likidaziorako eta egiaztapenerako beharrezko den neurrian.

c) Aurreko zenbakian aipatzen diren betebeharrak ez egitea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.

Izapidetzeko epeak

38. artikulua.

a) Ordenantza partikularretan tramite bakoitza egiteko zein izanen diren bete beharreko epeak adieraziko da. Ordenantza horiek ez badituzte epeak finkatzen, oro har ulertuko da ez dela sei hilabete baino gehiago izanen administrazio prozedura hasten denetik prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren egunera arteko denbora, hori galarazteko behar bezala justifikatutako aparteko arrazoiak ez badira. Ikuskatze kasuan, epe hori bi urtekoa izanen da.

b) Administrazioak epeak betetzen ez baditu ere, horrek ez du erran nahi administrazio ekintza iraungi egiten dela, baina, hala ere, interesdunei kexa erreklamazioa aurkezteko baimena ematen die.

c) Izapidetze akatsen kontrako kexako erreklamazioak noiznahi egiten ahal dira, bereziki, akats horiengatik prozedura gerarazten bada, jarritako epeak hausten badira edo arazoa behin betikoz ebatzi aitzin konpon daitezkeen izapideak egiten ez badira. Kexa baiesten bada, erantzukizuna duen funtzionarioaren kontrako diziplina espedientea irekiko da, horretarako arrazoirik izanez gero.

Ikerketa eta ikuskapena

39. artikulua. Udal administrazioak ikertuko ditu zerga-egitatea osatzen edo baldintzatzen duten gertaera, egintza, egoera, jarduera, ustiapen eta gainerako inguruabarrak oro, eta egiaztatuko du karga-oinarriaren balorazioa.

40. artikulua. Ikerketa egiteko, aztertuko dira subjektu pasiboaren kontabilitate nagusiko edo osagarriko dokumentuak, liburuak, fitxategiak, fakturak, frogagiriak eta idazpenak, eta orobat ondasunak, elementuak, ustiapenak eta tributua zehazteko beharrezko diren bertze aurrekari guztiak, informazioa ematen badute.

41. artikulua. Subjektu pasiboak beharturik daude kontabilitate liburuak, erregistroak eta kasu bakoitzean eskatzen diren gainerako dokumentuak eraman eta kontserbatzera, bai eta ikuskatze lanetarako laguntza ematera ere, administrazioaren esku jarriz zerga-egitatearekin zerikusia duten datu, txosten eta aurrekariak edo frogagiriak.

42. artikulua.

a) Ikuskaritza jarduketak subjektu pasiboendako eragin ekonomikorik baldin badakar, aldez aurreko nahiz behin betiko eginbide, jakinarazpen eta akten bidez dokumentatuko dira. Dokumentu horietan ondoko hauek zehaztuko dira:

–Eginbidea norena den (izen-deiturak) eta bertan zeren kariaz edo ordezkaritzaz agertzen den.

–Zerga-egitatearen funtsezko elementuak eta hura subjektu pasiboari atxikitzekoak.

–Bidezko jotzen diren zerga-egoerak.

–Subjektu pasiboaren adostasuna edo desadostasuna, edo haren ordezkariarena.

b) Subjektu pasiboak akta izenpetu ez, edo izenpetu arren bertan bildutako inguruabarrekiko bere adostasuna adierazten ez badu, bai eta hartarako behar bezala baimendutako pertsonarik izenpetzen ez badu, dagokion espedientea irekiko da izenburutzat aipatu akta izanen duela, eta bertan subjektu pasiboari bere alegazioak aurkez ditzan hamabortz eguneko epea emanen zaio.

c) Espedienteari buruzko ebazpena handik ateratzen den likidazioan jakinaraziko da.

Salaketa

43. artikulua.

a) Toki entitateen ikerketa lanari salaketa batek ematen ahal dio hasiera. Salaketa paratzeak ez du galarazten Administrazioari laguntza emateko obligazioa, Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Salatzailea ez da interesduntzat hartuko salaketaren ondorioz hasten den ikerketan, eta salatzailea den aldetik ez du eskubiderik izanen errekurtso edo erreklamaziorik aurkezteko.

c) Nabarmenki funtsik gabeak diren salaketak bertzelako izapiderik gabe artxibatzen ahal dira.

Ordainarazpenen likidazioa

44. artikulua.

a) Zerga-oinarriak zehaztu ondoan, kudeaketak jarraituko du: likidazioa eginen da, tributu-zorra finkatzeko. Likidazioak behin-behinekoak edo behin betikoak izanen dira.

b) Behin betikotzat hartuko dira:

–Zerga-egitatearen ikerketa administratiboa egin ondoan eta karga-oinarria egiaztatutakoan egindakoak, tartean behin-behineko likidaziorik izan edo ez.

–Preskripzio epearen barrenean egiaztatu ez direnak.

c) Aurreko apartatuan adierazitako kasuetatik at, likidazioak behin-behinekoak izanen dira, kontuaren gainekoak, osagarriak, kauziokoak, partzialak edo osokoak izan.

45. artikulua.

a) Likidazioak egiterakoan administrazioak egiaztatuko ditu tributu aitorpenetan adierazitako egintza, elementu eta balorazio guztiak.

b) Aitorpenen emaitzaren gaineko tributu oinarria handitzen bada, subjektu pasiboari adierazi beharko zaio, handitze hori sorrarazten duten egitateak eta elementu gehigarriak zehatz azalduz, egiten den likidazioarekin batera.

46. artikulua.

a) Likidazioak subjektu pasiboei jakinaraziko zaizkie, honako hauek adierazita:

–Haien funtsezko elementuak.

–Erabil daitezkeen inpugnazio bideak, bai eta zer epetan eta zein erakundetan paratu behar diren ere.

–Tributu-zorra ordaindu behar den tokia, epea eta modua.

b) Subjektu pasiboari behar bezala jakinarazitako likidazio orok behartuko du subjektu pasiboa tributu-zorra ordaintzera.

c) Jakinarazpen akastunak eragina izaten hasiko dira subjektu pasiboak jakinarazi zaiola espresuki onartzen duenean, dagokion errekurtsoa aurkezten duenean edo tributu-zorraren ordainketa egiten duenean.

d) Dena den, subjektu pasiboei pertsonalki emandako jakinarazpenek sei hilabeteren buruan izanen dute eragina, baldin eta egintzaren testu osoa izanik, bertze edozein baldintza saihestu badute, salbu eta Administrazioak akatsa zuzen dezan eskatuz epe horretan arau bidezko protesta egin bada.

47. artikulua. Subjektu pasibo baten gaineko ordainarazpenen likidazioa eta diru-bilketa egintza bakarrean bateratzen ahal dira, eta kasu horretan ondokoak eskatuko dira:

–Likidazioan jaso beharko dira kontzeptu bakoitzeko oinarriak eta tasak edo kuotak, halako eran non bateratzen diren likidazioak oro zehazturik eta banakaturik geratuko baitira.

–Diru-bilketan bereizirik jaso beharko dira kontzeptu bakoitzari dagozkion zorrak, eta horiek batuz finkatuko da ordainarazi beharreko zor bateratua.

Autolikidazioa

48. artikulua.

1) Autolikidazioa aitorpen mota bat da non tributudunak, administrazioari tributua likidatzeko behar diren datuak eta bertze datu informatibo batzuk jakinarazteaz gain, tributu-zorra zehaztu eta ordaintzeko egin behar diren eragiketak –zorra nondik sortzen den nahiz zenbat egiten duen zehaztekoak– bere kabuz egiten baititu, edo, honela badagokio, itzuli edo konpentsatu behar zaion kopurua zehazten baitu.

2) Zergapekoek, baldin eta tributuen ordenantza partikularrek autolikidazio-sistema onartzen badute, tributu-zorraren aitorpen-likidazioa aurkeztu beharko dute, eta zenbatekoa ordaindu, entitate laguntzaile baimenduen bidez, dagokien ordenantzak zehazten duen epearen barnean.

3) Tributudunek aurkeztutako autolikidazioak behin-behinekoak izanen dira, eta egiaztatu eta ikuskatu ahalko dira. Udal administrazioak, beharrezkoa izatera, behar den likidazioa eginen du, aitorpenean adierazitako datuekin, horri erantsitako agiriekin eta administrazioak berak dituen aurrekariekin bat. Baldin eta subjektu pasiboak tributuzko arau-haustea egin badu, kasuan kasuko zehapen espedientea irekiko da.

4) Baldin tributudun batek uste badu autolikidazio batek bere interes bidezkoak nolabait kaltetu dituela, autolikidazio hori zuzentzeko eskatu ahalko du. Subjektu pasiboa likidatu behar zen kuota baino handiago bat ordaintzera bultzatu duen autolikidazioa zuzendu behar izanez gero, Udalak bidegabeko diru-sarrerak itzuliko ditu, bai eta berandutze-interesa ere.

49. artikulua.

1) Tributudunek autolikidazio osagarriak edo aitorpen edo jakinarazpen osagarri edo ordezkoak aurkeztu ahalko dituzte, horretarako ezarritako epean edo epe hori gainditu eta gero. Azken kasu horretan, garaiz kanpokotzat hartuko dira.

2) Tributudunek aitorpen edo jakinarazpen osagarri edo ordezkoak aurkeztu ahalko dituzte, lehenago aurkeztutakoak osatu edo ordezkatzeko, mota batekoak edo bertzekoak diren adierazita.

Zergadunen erroldak

50. artikulua. Ordenantza partikularrean berean zehazten diren kasuetan, udal administrazioak, interesdunen aitorpenak ikusirik, ezagutzen dituen datuen arabera eta, orobat, administrazio ikuskapenaren ondotik, dagozkion zergadunen erroldak prestatuko ditu. Zergadunen errolda, horrela prestatu eta gero, erregistro iraunkor eta publikotzat hartuko da, eta erabiliko da Udalak paratzen duen edonolako prozedura bidez, mekanikoa ere barne dela.

51. artikulua.

a) Zergadunen zentsua eratu ondoan, bertan gertatzen diren alta, baja eta aldaketa guztiak onesteko, egin beharko da erreklama daitekeen administrazio egintza bat, eta aldaketak subjektu pasiboei jakinarazi beharko zaizkie legeak agindu bezala.

b) Erroldan gerora zernahi alta, baja edo aldaketarik sor dezakeen gorabeheraren berri eman beharko dio zergadunak udal administrazioari, hura gertatu eta hogeita hamar egun balioduneko epean.

52. artikulua. Zergadunen erroldek zerga gaietarako agiri balioa izanen dute, haiek erabiliko baitira zerrenda, ordainagiri eta kobrantzako bertzelako agirietan, kasuan kasuko ordainarazpena gauzatzeko.

V. KAPITULUA.–DIRU-BILKETA

Printzipio orokorrak

53. artikulua. Diru-bilketaren kudeaketa da udal ogasunaren ondasunak osatzen dituzten kreditu eta eskubideak gauzatzera bideratutako eginkizun administratiboa betetzea.

54. artikulua.

a) Diru-bilketa egin daiteke:

–Borondatezko epean.

–Epe exekutiboan.

b) Borondatezko epean ordaintzera behartuta daudenek horretarako adierazitako epeen barrenean kitatuko dituzte beren zorrak. Epe exekutiboan, indarrean dagoen legeriari atxikiz, zerga ordaindu behar duenak borondatezko epean bere betebeharra betetzen ez badu, diru-bilketa nahitaez eginen da ondarearen gaineko premiamendu bidez.

55. artikulua. Udalaren baliabideen bilketa eginen da udal diruzaintzaren edo ezartzen diren banketxeen bidez, halako moduan non kontu-hartzaileak zerbitzuen fiskalizazioa betetzen ahalko baitu.

Borondatezko epean ordainketa geroratu, zatikatu edo konpentsatzeko eskaera aurkeztuz gero, espediente horiek bideratu bitartean ezin izanen da premiamendu aldia hasi. Isun baten kontra errekurtso edo erreklamazioa behar den moduan eta epean aurkeztuz gero, epe exekutiboa ezin izanen da hasi harik eta zehapena administrazio-bidean irmo bilakatu eta borondatez ordaintzeko epea bukatu arte.

Zorren sailkapena diru-bilketari dagokionez

56. artikulua.

a) Udal agintariek eginiko likidazioen ondorioz sortutako tributu-zorrak, diru-bilketari dagokionez, honela sailkatuko dira: jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenik gabekoak eta norberak likidatutakoak.

b) Jakinarazi beharrekoetan ezinbertzekoa da jakinarazpena igortzea, subjektu pasiboak tributu-zorraren berri izan dezan. Hortaz, legearen araberako jakinarazpenik gabe, zorra ezin izanen da eskatu.

c) Jakinarazpenik gabeko zorrak dira bana-banako jakinarazpenik behar ez dutenak, subjektuek aurretik ezagunak dituzten zergadun erroldetatik datozelako.

Konparaziora, epez epe ordainagiri bidez kobratu beharreko tributuetan, behin zentsu, errolda edo matrikula hartan alta hartu izanaren likidazioa jakinarazi denean, zilegi izanen da hurrengo likidazioak multzoka jakinaraztea, ediktu bidez horren berri emanez, baldin likidazio horiek lehengoen berdin-berdinak badira, edo izan diren aldaketak orokorrak badira.

d) Norberak likidatuak dira subjektu pasiboak, aitorpen-likidazio baten bitartez, tributu-zorra aldi berean ordaintzen duenean.

Ordainketa tokia

57. artikulua.

a) Udal administrazioaren aldeko zorren diru-sarrera bertako kutxan eginen da, non eta ordainarazpen bakoitzari dagozkion ordenantza partikularrak espresuki agintzen ez duen diru-sarrera udal zerbitzu ezberdinetan eratutako kutxetan egin daitekeela edo egin behar dela.

b) Era berean, bankuetan nahiz aurrezki kutxetan Udalaren alde irekitako kontuetan ere sartzen ahal da tributu-zorra, ordaindu behar duenak ordenantza honen 62. artikuluan aipatutako bitartekoren bat erabiliz.

Ordainketa epeak

58. artikulua. Tributu-zorrak honela ordainduko dira:

1. Jakinaraziak, jakinarazi eta hogeita hamar egun balioduneko epean.

2. Epez epe ordainagiri bidez kobratu beharreko tributuen kasuan, bana-banako jakinarazpena beharrezkoa ez dutenetan, aurreko zenbakian adierazitako epean; borondatezko ordainketarako epearen lehenbiziko eta azkeneko egunak zehaztuko dira, tributu horiei dagozkien kuotak onesten dituen ebazpenean.

Kobratzeko epea zein den multzoka komunikatuko da, eta horretarako beharrezko ediktuak argitaratuko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Herriko Etxeko iragarki-taulan.

3. Subjektu pasiboak berak autolikidatutako zorrak, dagozkien aitorpenak aurkezterakoan ordaindu beharko dira, tributu bakoitza arautzen duen ordenantzak seinalatzen dituen egun eta epeetan, eta hori egin ezean, hogeita hamar egun balioduneko epean, zerga-egitatea sortzen den egunetik aurrera.

Interesak eta errekarguak.

59. artikulua.

1) Epe exekutiboaren hasierak berandutze-interesak eta epeari dagozkion errekarguak sortuko ditu, borondatezko aldian ordaindu gabe gelditu den zorraren gainean.

2) Tartean eten, geroratze edo zatiketarik izan ez delarik ordaindu gabeko tributu-zorra ordaintzen baldin bada, betiere premiamenduzko probidentzia jakinarazi baino lehen, errekargua %5 izanen da.

3) Behin premiamenduzko prozedura hasita, zorra ordaintzeko ezarritako epea bukatu baino lehen ordainduz gero, premiamenduzko errekargu murritza aplikatuko da, hau da, %10.

4) Premiamendu errekargu arrunta %20 izanen da eta aurreko apartatuetan aipatu inguruabarretako bat ere ez denean aplikatuko da.

5) Berandutze-interesak eta premiamenduzko errekargu arrunta bateragarri izanen dira.

6) Halaber, zordunak premiamenduzko probidentziaren kostuak ordaindu beharko ditu.

60. artikulua.

1. Berandutze interesa galdatuko da egintzaren exekuzioa eteten den kasuetan, bai eta geroratzeetan, zatiketetan edo edozein motako luzapenetan ere.

2. Aitorpen-likidazioei edo autolikidazioei dagozkien diru-sarrerei, haiek epetik kanpo baina aldez aurretik errekerimendurik izan gabe aurkeztu badira, bai eta epetik at eta aurreko errekerimendurik gabe aurkeztutako aitorpenek eragindako likidazioei ere, %20ko errekargua ezarriko zaie; horiei bertze zenbait kasutan ezar zitezkeen zehapenak ez zaizkie paratuko, baina bai, ordea, berandutze-interesak. Hala ere, diru-sarrera edo aitorpenaren aurkezpena egiteko borondatezko epea amaitu eta ondoko hiru, sei edo hamabi hilabeteetan egiten bada diru-sarrera edo aurkezten bada aitorpena, errekargu bakarra aplikatuko da, hurrenez hurren %5, %10 edo %15ekoa, eta ez dira galdatuko bertze zenbait kasutan galda zitezkeen berandutze interesa eta zehapenak.

Errekargu horiek premiamendu errekarguarekin batera galdatzen ahalko dira, baldin eta tributua ordaintzera beharturik daudenek ez badute dirua sartzen aitorpen-likidazioa edo epetik kanpoko autolikidazioa aurkeztearekin batera.

Ordaintzeko modua

61. artikulua. Tributu-zorren ordainketa eskudirutan eginen da edo, bertzela, efektu tinbratuen bitartez, ordainarazpen bakoitzari buruzko ordenantzan xedatzen den bezala. Berariaz xedatzen ez bada, ordainketa eskudirutan eginen da.

62. artikulua.

1. Zerga-zorrak eskudirutan ordaindu behar dira honako bitarteko hauetako bat erabiliz:

a) Legezko dirua.

b) Posta edo telegrafia bidezko igorpena.

c) Banku txekea.

d) Kreditu eta aurrezki entitateetan toki entitateak horretarako irekitako kontuetan, transferentzia edo ordainketa gutunaren bidez.

2. Aurreko atalean erranagatik ere, zilegi da tributu-zorrak kreditu eta aurrezki entitateetan helbideratzea; horrela, azken hauek subjektu pasiboaren administratzaile lana eginen dute, hark baimendutako zorrak ordainduz. Helbideratze horretarako betebehar bakarra da toki-erakundeko diruzaintzari eta aurrekontu eta kreditu entitateari aldez aurretik idatziz jakinaraztea helbideratze hori zein zerga kontzeptutarako den.

Ordainketa geroratzea eta zatikatzea

63. artikulua. Geroratzea edo zatikatzea eskatzeko zer baldintza behar diren, haiek erdiesteko zer jardunbide segitu behar den, zer berme eta bertzelako baldintzari iritzi zaien beharrezko, hori dena, udal aurrekontua exekutatzeko oinarrietan jasoko da.

VI. KAPITULUA.–ERREKURTSOAK

64. artikulua. Ordenantzen behin betiko onespenaren kontra, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean udal ebazpenen aurka egiteko orokorrean ezarri diren errekurtsoak aurkezten ahal dira, ordenantzak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik hasita.

65. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritakoagatik ere, indarrean egonen da beti interesdunen eskubidea errekurtsoa aurkezteko Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean edo ordenantzetan ezarritakoa hausten duten ordainarazpenen gaineko xedapenak aplikatzen dituzten udal erabakien kontra, Udalaren ebazpenen kontrako errekurtsoak aurkezteko ezarrita dagoen prozedura orokorrari jarraikiz.

66. artikulua. Zergak ordaintzeko obligazioaren edo ordainarazpen bat dela-eta likidatutako kuota baten zenbatekoaren aurka errekurtsoren bat aurkezteko, galdatutako kopurua aurretik ordaintzerik ez da eskatuko, baina erreklamazioak ez du inolaz ere zor hori kobratzeko administrazioak egiten duena oztopatuko, interesdunak ez badu udal diruzaintzan uzten likidazioaren zenbatekoa, gehi %25, sor daitezkeen errekargu, kostu edo gastuak bermatu ahal izateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betiko onetsitakoan, ordenantza fiskal hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal orokor hau eta toki-erakunde honek onesten dituen ordenantza partikularrak aldatzeko, onespenerako egin diren izapide berberak eginen dira, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko hirugarren ataleko lehen kapituluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Hirugarrena.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira Ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztietan xedatzen direnak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

Iragarkiaren kodea: L2506410