1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
155E/2025 EBAZPENA, apirilaren 28koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez irizpena ematen baita oilo erruleen hegazti ustiategi bat aldatzeko proiektuari buruz, adieraziz aldaketa hori, helburu duena F eta G nabeetako ekoizpen sistema aldatzea –oilo erruleak kaioletan hazi beharrean lur gainean hazteko– eta ekipo elektrogeno berri bat, sei propano kanoi eta propano gaserako biltegi bat instalatzea, aldaketa ez-funtsezkoa eta ez-nabarmena dela. Instalazioa Abartzuzako udal mugartean dago eta haren titularra Huevos Guillen Navarra SL da.
Instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 30eko 887/2008 Ebazpenaren bidez emana, ondoren Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 31ko 134/2012 Ebazpenaren bidez aldatua, Ingurumenaren Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 19ko 371E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratua, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 18ko 412E/2021 Ebazpenaren bidez berrikusia eta, azkenik, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 3ko 304E/2024 Ebazpenaren bidez onetsitako irizpenaren bidez aldatua.
2025eko otsailaren 24an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen. Haren helburua da F eta G nabeetako ekoizpen sistema aldatzea, oilo erruleak kaioletan hazi beharrean lur gainean hazteko; horrela, nabe horietako bakoitza pasatuko da 55.600 oilo errule kaioletan izatetik 52.053 oilo errule lur gainean izatera. Orobat, ekipo elektrogeno berri bat, sei propano kanoi eta propano gaserako biltegi bat instalatuko dira.
Ikusirik industria-instalazioa aldatzeko proiektuari buruz aurkeztutako jakinarazpena eta egiaztagiriak, zerbitzu honen iritziz aldaketa hori ez-funtsezkoa eta ez-nabarmena da, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 34. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Izan ere, ez dakar berekin aipatutako erregelamenduaren artikulu horretan ezarritako inguruabarretatik bat ere, ez eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko eta Industriako isuriei buruzko Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako inguruabarretatik bat ere (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).
Nolanahi ere, aldaketa ez-funtsezko eta ez-nabarmen hori egiteko proiektuaren ondorioz, ingurumen baimen integratuaren testua aldatu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da, aplikatuz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 34. artikuluan ezarritakoa (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Beste alde batetik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, aldaketa-proiektuak ez du behar ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua, ez baita proiektu independente bat, dagoeneko egina dagoen jatorrizko proiektu baten aldaketa baizik, eta ulertzen delako proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez baitakar aipatu 7. artikulu horren 2. puntuko c) letran zehaztutako handitzerik ez ukipenik.
Aldaketa horren ondorioz, energia elektrikoaren urteko kontsumoa 650.000 kWh arte handituko da, eta propanoaren urteko kontsumoa 8.000 l arte. Igoera hori kontuan hartuko da etorkizuneko aldaketen ondoriozko ekoizpen ahalmena metatzearen ondorioetarako, aldaketa funtsezko bat gertatu delako irizpena emateari begira.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Irizpena ematea oilo erruleen hegazti ustiategi bat aldatzeko proiektuari buruz, adieraziz aldaketa hori, helburu duena F eta G nabeetako ekoizpen sistema aldatzea –oilo erruleak kaioletan hazi beharrean lur gainean hazteko– eta ekipo elektrogeno berri bat, sei propano kanoi eta propano gaserako biltegi bat instalatzea, aldaketa ez-funtsezkoa eta ez-nabarmena dela, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 34. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Instalazioa Abartzuzako udal mugartean dago eta haren titularra Huevos Guillen Navarra SL da.
Bigarrena.–Horrenbestez, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 29. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, titularrak aurreikusitako proiektua gauzatzen ahalko du, ezertan galarazi gabe dagokion obra-lizentzia edo behar diren beste baimen batzuk tramitatzea (aipatutako erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Hirugarrena.–Irizpen honek hamar hilabeteko balioa du ebazpen hau ematen denetik, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Laugarrena.–Instalazioaren ingurumen baimen integratuaren testua aldatzea, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketak sartuz.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, aplikatuz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 34. artikuluan ezarritakoa (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Zazpigarrena.–Ebazpen hau Huevos Guillén Navarra SLri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko apirilaren 28an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2506292