103. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GESALATZ

Larreen aprobetxamendua, biztanleendako zuzeneko adjudikazioaren bidez

1. Gesalazko Udalak arautzen du Biguriako larreen aprobetxamendua, jarraikiz Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamenduari.

2. Biguriako Kontzeju iraungiaren belarrak aprobetxatuko dira.

3. Biztanleak izanen dira onuradunak, larreen aprobetxamenduaren zuzeneko adjudikazioan, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

–Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

–Udal-erroldan biztanle gisa inskribatua egotea gutxienez urte bateko antzinatasunez.

–Bigurian bizitzea, benetan eta jarraian, urteko bederatzi hilabetean bederen.

–Zerga betebeharrak egunean izatea Gesalazko Udalarekin.

4. Lehentasuna izanen dute jarduera nagusi dutenak abeltzaintza edo nekazaritza, baldin azienda izena emanik badute Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko abeltzaintzako zentsuan, eta jasota badaude ustiategiaren liburuan.

5. Abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku dute azpierrentamenduan ematea edo lagatzea. Hori dela eta, Gesalazko Udalak interpretatuko du ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen baldin bizilagunek beren azienda kentzen badute Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko abeltzaintzako zentsuaren erregistrotik.

6. Gesalazko Udalak, aitzinetik ohartarazita, eraginik gabe utz ditzake aprobetxamendu horien adjudikazioak, baldin sustatzen badu herri-lurretan hobekuntzak egitea. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik. Inguruabar horrek berekin ekarriko du errematea gutxitzea, proportzioan, aprobetxatzeari utzitako azaleraren arabera.

7. Behin iragarkia argitaraturik Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eskubidea dutela uste duten biztanleek eska dezakete, hamabost egun balioduneko epean, larreak adjudikatzea, aurretik ediktua jarrita Udalaren iragarki-taulan.

8. Eskaerarekin batean aurkeztu beharko dira Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 182., 200. eta 204. artikuluetan aipatzen diren dokumentuak.

Gesalazko Udalak ahalmena du beharrezkotzat jotzen dituen agiriak eskatzeko.

9. Zortzi urterako adjudikatuko da: hasiko da Gesalazko Udaleko osoko bilkurak adjudikazioa onesten duenean, eta bukatuko da zortzi urte iragandakoan.

10. Hona hemen larreen balio erreala:

–Alanbre-hesiz mugatutako eremua: 2.515,97 euro.

–Alanbre-hesiz mugatu gabeko eremua: 1229,96 euro.

11. Larreen balio errealaren %80an egin daiteke adjudikazioa, hau da:

–Alanbre-hesiz mugatutako eremua: 2.012,78 euro.

–Alanbre-hesiz mugatu gabeko eremua: 983,97 euro.

Zenbateko hori izanen da adjudikatzeko oinarrizko prezioa.

12. Behin betiko adjudikazioa egin eta 15 eguneko epean, adjudikaziodunak behin betiko fidantza bat jarri beharko du, 600 eurokoa, eta adjudikazioaldia bukatutakoan itzuliko zaio.

13. Urteko ordainketa egiteko modua: adjudikazioaldia hastean urteko ordainketa eginen da. Bigarren urterokoa eta hurrengoak handituko edo txikituko dira, kontuan harturik kobratu aurreko urtean nola aldatu den Nafarroako kontsumoko prezioen indizea (KPI), Nafarroako Gobernuak argitaratzen duena.

14. Adjudikazioduna beharturik dago eskorta eta haren elementuak ezin hobeki zaintzera eta, adjudikazioa bukatutakoan, aurkitu zituen bezala itzultzera.

Fidantza honako kasu hauetan itzuliko da:

–Adjudikazioduna hiltzea.

–Erretiratzea.

–Jardueran aritzeko ezintasuna.

Adjudikazioaren epea bukatu baino lehen eskatzen bada aprobetxamendua deuseztatzeko (aurretik azaldutako kasuetan ez beste guztietan) Udalak fidantzatik kenduko du berriz ere adjudikazioa egin arteko denboran berak pairatzen dituen kalte ekonomikoak berdintzeko dirua; balorazioa osoko bilkuran erabakiko da.

Adjudikaziodunaren kargura izanen dira egiten diren kalte guztiak.

Udalak aprobetxamenduaren adjudikazioa deuseztatzen ahal du baldin ez bada errematea ordaintzen aipatutako datetan eta behar ez bezala erabiltzen badira putzuak edo askak.

Muetzen, 2025eko apirilaren 29an.–Alkatea, Juan Antonio Urra Caro.

Iragarkiaren kodea: L2506270