103. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Udal ordenantza, bizikidetza eta eremu komunen babesa arautzen dituena. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2024ko azaroaren 28an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Bizikidetza eta eremu komunen babesa arautzen dituen udal ordenantza.

Hasierako onespenari dagokion iragarkia 2024ko abenduaren 17ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (255. zk.) argitaratu ondoren, legez aurreikusitako jendaurreko epea igaro ondoren, eta aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, 2025eko apirilaren 30eko osoko bilkuran, ordenantza hori behin betiko onartu zen, eta dagozkion ondorioetarako argitaratu zen.

Argitara ematen da, jende orok jakin dezan.

Burlatan, 2025eko maiatzaren 2an.–Alkatea, Berta Arizkun González.

BIZIKIDETZARAKO ETA ESPAZIO KOMUNEN BABESA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xede hauek ditu:

1. Ondasun eta eremu publikoak eta hiriko hirigintza eta arkitektura ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak babestea, titulartasun publikokoak nahiz pribatukoak, gerta daitezkeen eraso, bestelakotze eta legez kontrako erabileretatik.

Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak udal titulartasuneko zerbitzu edo erabilera publikoko ondasunei buruzkoak dira, hala nola, plazak, pasealekuak, parkeak eta lorategiak, zubiak eta zaldainak, lurpeko pasabideak, aparkalekuak, iturriak eta urmaelak, eraikinak, kultur etxeak, ikastetxeak eta haien esparruak, hilerria, igerilekuak, kirol guneak eta kirol instalazioak eta haien esparruak, bankuak, kale-argiak, elementu apaingarriak, bide seinaleak, zuhaitzak eta landareak, paperontziak, hesiak, udaleko garraio elementu eta ibilgailuak, eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.

Halaber, eta apaintasun publikoari dagokionez, ordenantza honen babes neurrien xede dira beste administrazio publiko batzuen eta erakunde publiko edo pribatuen ondasunak eta instalazioak, baldin badira Burlata udalerriko hiri altzarien parte, herritarrentzat badira edo baldin badira zerbitzu publiko bateko ekipamenduak, instalazioak edo elementuak, hala nola markesinak, edukiontziak, garraioko elementuak, kale-argiak, estatuak, hesiak, kartelak, iragarkiak eta bestelako publizitate elementuak, trafikoko seinaleak, kioskoak, edukiontziak, terrazak eta beladoreak, eguzki-oihalak, jardinerak, objektuak ematen dituzten makina automatikoak, kutxazain automatikoak eta antzeko gainerako ondasunak.

Ordenantza honetan bildutako babes neurriek eraikinetako fatxadak eta beste hirigintza eta arkitektura elementu batzuk, azpiegiturak, eta titulartasun publiko edo pribatuko tresna edo instalazioak ere hartzen dituzte, hala nola atariak, merkataritzako galeriak, patioak, orubeak, igarobideak, lorategiak, heskaiak, landareontziak, kale-argiak, elementu apaingarriak, edukiontziak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak, eremu publikoan kokatuta badaude edo hartatik ikus badaitezke. Izan ere, hiriko ondare eta paisaiaren parte dira, apaindura publikoak eskatzen duen baldintza egokietan izan beharrekoak.

2. Kontzientzia eta jokabide zibikoak sustatzea, prebentzioaren, informazioaren, sentsibilizazioaren eta hezkuntza komunitarioaren bidez, herritarren bizikidetza nahasten duten jarduerak prebenituz.

3. Ordenantza honetan debekatu diren jarduerak zuzentzea, zehatzeko ahalmenaren bidez.

4. Bizikidetzako arauak hausten dituztenen errehabilitazioa sustatzea.

2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honetan aurreikusten diren uda-eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeen eskubide, ahalmen eta eginbeharrak, ezta beste administrazio publiko batzuen eskumenak ere.

2. Ordenantza honek ondasun eta zerbitzu publiko zein pribatuei dagokienez herritarren jarduerak eta ez-egiteak arautzen ditu, baita herritarren jokabide eta jarduerak ere.

3. Ordenantza hau Burlatako udal mugape osoan aplikatuko da.

3. artikulua. Bizikidetzarako printzipioak.

1. Herritarrak eskubidea eta betebeharra du pertsona guztiak errespetatzen dituen herritarren arteko bizikidetza izateko, eta eskubidea, berriz, ondasun eta zerbitzu publikoak haien helburuaren arabera erabiltzeko, gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea errespetatuta. Horren ondorioz, debeku dira herritarren arteko bizikidetza hautsi, trabak sortu eta pertsonei lotsa galtzen dieten portaerak, ordenantza honetan ezarritako ildoetatik.

2. Herritarrek eskubidea dute herriko bide eta eremu publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Besteen eskubideak eta askatasuna errespetatu beharrak, baita ondasun publikoen erabilera harmonizatzekoak ere, eskatzen ahal dute mugak ezartzea eskubide horren erabilera osoari.

3. Herritarrek atsedena hartzeko eskubidea dute, eta ez dago baimenduta atsedenaldi hori eragozten duten zaratak eragitea, Zaratari buruzko Estatuko Legeak (37/2003 Legea, azaroaren 17koa) arautzen duenez, kalean, plazetan, parkeetan, terrazetan eta establezimenduetako sarrera-irteeretan.

4. Herritarrak ez du eremu publikoan eginen abusuzko, bereizkeriazko edo larderiazko ekintzarik, ezta indarkeria fisikoa edo psikologikoa dakarrenik ere.

Inork ez du diskriminaziorik jasaten ahalko honako arrazoi hauengatik: jaiotza, arraza edo etnia, sexua, erlijioa, sinesmena edo iritzia, adina, desgaitasuna, sexu-orientazioa edo -identitatea, genero-adierazpena, gaixotasuna edo osasun-egoera, egoera serologikoa, hizkuntza, egoera sozioekonomikoa edo beste zeinahi baldintza edo inguruabar pertsonal edo sozial.

5. Burlatan dauden guztiek udal agintariei edo haien agenteei laguntza eman behar diete herritarren arteko bizikidetza trabatu, galarazi edo urratzen duten jokaerak ezabatzeko.

6. Ordenantza honetan jasotzen diren aginduak edozein motatako materiala erabiliz urratzen direnean, agintaritzaren agenteek kendu edo altxatzen ahalko dute aldi baterako.

7. Era berean, udalerriko leku jakin batzuetarako sarbidea husten edo mugatzen ahalko da, baldin eta egiaztatzen bada toki horietan une horretan bertan ordenantza honen aurkako arau-hausteak egiten ari direla edo erregulartasunez egiten direla.

II. TITULUA.–BURLATAKO ERABILERA PUBLIKOKO INSTALAZIO, ZERBITZU ETA ONDASUN BABESTUAK

4. artikulua. Erabilera publikoko instalazioak Burlatan.

Ordenantza honek babesten ditu erabilera publikoko instalazio eta zerbitzu guztiak, hala nola: eraikinak, kultur etxeak, ikastetxeak eta haien esparruak, hilerria, igerilekuak, kirol guneak, kirol instalazioak eta haien esparruak, eta izaera bereko edo berdintsuko bestelakoak.

5. artikulua. Instalazioen ordutegia.

Zerbitzu eta instalazio publikoek erabilera publikoko ordutegia bete beharko dute, eta ezarritako ordutegiaren barnean egiten diren jarduerak instalazioaren edo dagokion zerbitzuaren xedearen araberakoak izanen dira, bertan hondamenik edo kalterik sortu gabe.

Ordutegitik kanpo ezin da esparruan egon, horretarako baimena ez badago. Hala izatera, udaltzainek hori berehala uzteko eskatuko dute. Utzi nahi ez badute, arau-hausleen kontra egiten ahalko da, ordenantza honen IV. Tituluan aurreikusitakoarekin bat.

Kasu bakoitzean, horren gaineko eskumena duenak zehaztuko du erabilera publikoko instalazio edo zerbitzuen ordutegia.

6. artikulua. Instalazioen erantzuleak.

Erabilera publikoko instalazio eta zerbitzuek horretarako izendatutako arduradun bat izanen, eta udaleko agenteei jakinaraziko die, baldin eta horiek ez badira horren erantzukizuna dutenak, baldin eta kalteren bat edo narriadurarik eragiten duen jokabideren bat gertatzen bada.

7. artikulua. Prozedura.

Kalteak egiaztatu eta arau-hauslea edo arau-hausleak identifikatu ondoren, udaltzainek parte emanen diete udaleko zerbitzuei edo, hala badagokio, agintaritza judizialari, zehapenak ezartzeko edo, hala badagokio, birgaitzeko.

III. TITULUA.–HERRITARREN PORTAERA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

8. artikulua. Portaerak eta elkartasuna eremu publikoan.

1. Elkartasuna eremu publikoan.

1.1. Udalak elkartasun, bizikidetza eta errespetuko gizalegezko jokaerak sustatuko ditu. Printzipio horien arabera, Udalak herritarraren arteko elkartasuna bultzatuko du, herritarrek berek lagun diezaieten eremu publikoetan edo beste leku batzuetan ibili edo orientatu ahal izateko laguntza premian daudenei, istripuak izan dituztenei edo arrisku egoeran daudenei. Gehien behar dutenei bide emateko edo hiri altzariak uzteko ohitura bultzatuko da, hala nola desgaitasuna dutenei, mugikortasun murriztua dutenei, haurdun daudenei, adinekoei, gurpil-aulkian direnei edo haur-orgatxoak dituztenei..., bai eta beste elkartasunezko eta jendetasunezko beste jokabide batzuk bultzatuko ere.

1.2. Adingabeak, desgaitasunen bat duten pertsonak, galdutako pertsonak edo arazo fisiko edo psikiko nabarmenen bat duten pertsonak (kalteberatasun-egoeran daudenak) aurkitzen dituzten pertsona guztiek agintaritzaren agenteei jakinarazi behar diete, eta haiek arduratuko dira haien babesaz eta tutoretzaren arduradunei itzultzeaz.

1.3. Udal eremutik boluntariotzak eta auzolan komunitarioa sustatu eta lagunduko dira beharrezkotzat jotzen diren jarduera guztietarako (zirkulazioa arautzeko laguntza, natura-inguruneak garbitzea, abandonatutako animaliak zaintzea, katuen koloniak, etab.).

II. KAPITULUA.–ONDASUNAK HONDATZEA

9. artikulua. Hondatzea eta galerak.

Ez da jarduketarik egiten ahalko ordenantza honek babesten dituen ondasunetan, baldin haien erabileraren edo xedearen kontrakoa bada, haiek hondatzen baditu edo kalteak eragiten badizkie, edo haien estetika desitxuratzen badu, 1. artikuluan ezarritakoaren arabera.

1. Debeku da kartelak, iragarkiak, pankartak edo gisako gauzak urratu, erauzi eta bide publikora botatzea.

2. Ordenantza honek babestutako edozein ondasun pintatu, marratu edo kristalak hautsi, itsasgarriak dituzten kartelak itsatsi edo kentzea zailtzen duten edo hondatzen duen beste edozein ekintza egin bada, Udalak enpresari, erakundeari edo pertsona arduradunari egotziko dio garbiketa-, berritze-, egokitze- edo zaharberritze-fakturen kostua, dagokion zehapena alde batera utzita.

10. artikulua. Pintadak eta grafismoak.

1. Artikulu honetako arauen oinarria da herriko paisaiaz gozatzeko eskubidea, ezin baita bereizi hura behar bezalako baldintzetan atxikitzetik garbitasunaz, txukuntasunaz eta xahutasunaz den bezainbatean.

2. Ikuspegiaren kutsadura saihestea da ingurua ez zikintzeko, ez lohitzeko eta ez histeko betebeharraren funtsa, eta ez dago lotua ondare publiko nahiz pribatua babesteko helburua duten zehapenekin, zehapen penalak barne, eta beraz bateragarria da haiekin.

3. Debeku da ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetako edozeinetan pintadak, idazkiak, inskripzioak eta grafismoak egitea.

4. Aurreko atalean agertutako debekutik kanpo geldituko dira, Udalaren baimena izanda, egiten diren horma-irudi artistikoak.

Udal baimena ematea aukerakoa da; hura ematen denean erantsiko da zer baldintza eta beharkizun beteko dituen jarduerak.

5. Erabilitako materialak edo tresnak kentzen edo atzematen ahalko dituzte agintaritza-agenteek baldin jarduerak Udalaren nahitaezko baimenik gabe egiten badira.

11. artikulua. Arbolak eta zuhaixkak.

Arbolak eta zuhaixkak babesteko asmoz debekatuta dago horiek kaltetzen ahal dituen edozein jarduera egitea, hala nola: moztea, haustea, inarrostea, adarrak eta hostoak moztea, zuhaitzen azala grabatzea edo bertan arrastoak egitea, haiei edozein elementu itsatsi edo lotzea, Udalaren baimenik gabe, mota guztietako likidoak isurtzea, nahiz eta kaltegarriak ez izan. Halaber debekatuta dago zaborrak, obra-hondakinak edo hondakinak botatzea arbolen eta zuhaixken ondoan, bide publikoko landareetan eta txorkoetan, baita bide publikotik ikusten diren espazio pribatuetan ere.

Eragindako kalteen balorazioa Granada arauarekin eginen da.

12. artikulua. Parke eta lorategi publikoak.

1. Herritarraren eskubidea da udalerriko parkeez eta lorategiez gozatzea.

2. Parke, lorategi, landareontzi eta eremu edo leku publikoetan landatutako zuhaitzetako landare espezieak ongi zaindu eta mantentzeko, debeku dira ekintza hauek:

– Lorategi publikoetan baimenik gabe zuhaitzak, lorerik ez diren landareak landatzea.

–Loreak edo landareak ebatsi, errotik erauzi edo hondatzea, eta oro har, parkeak edo lorategiak, belardiak edo landaketak behar ez bezala erabiltzea.

–Soropila kaltetzea eta horren gainean kanpatzea, berariaz baimentzen diren parkeetako lekuetan izan ezik.

–Lagun egiteko animaliek txakurren aisialdirako eremuak dituzte, eta horietatik ere gorotzak jaso behar dira nahitaez.

–Horretarako prestatuta ez dauden espazioetan lagun egiteko animaliak aske uztea, baita parke eta lorategietan ere. Animaliak edukitzeari buruz une horretan indarrean dagoen udal ordenantzaren arabera, aisialdirako gune batzuetan animaliak aske ibiltzen ahalko dira. Gainerako espazioetan, animaliak bi metro baino gutxiagoko uhal batez lotuko dira.

–Lorategi guneetan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo haien gainean edozein motatako produktu toxikoak isurtzea.

–Berdeguneetan botatzea zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo beste zeinahi produktu, gune berdeak kaltetu ditzaketenak, gustu onari zein gune horien estetikari eraso egiten dietenak.

–Parke eta lorategietan sua egitea, baimen espresa izan ezik.

–Ibilgailuak lorategietan aparkatzea.

–Lorezaintzan erabilitako materiala lapurtu, hondatu edo manipulatzea (pardak, konposta, birrintzea, hesiak, geoehunezko tapakiak, ureztatzeko ekipoa, aspertsoreak, difusoreak, kutxeten estalkiak, euri sentsoreak eta abar).

3. Parkeak eta lorategiak bisitatzen dituzten pertsonek karteletan eta abisuetan jasotako jarraibideak bete beharko dituzte, bai eta lorategietako udaleko langileek edo udaltzainek egin ditzaketenak ere.

13. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.

1. Debeku da eremu publikoetan dauden paperontziak edo edukiontziak nolanahi erabiltzea, kalteak eragin, haien estetika andeatu edo erabilera oztopatzen bada. Bereziki debeku da haiek mugitu, erauzi, erre, iraultzea edo haien edukia lurrera botatzea.

2. Debeku da hiri hondakinetarako paperontzi eta edukiontzietan tresna edo objektu arriskutsu edo kaltegarriak botatzea.

Horri dagokionez, tresna edo objektu arriskutsu edo kaltegarritzat joko dira honako hauek: pertsonei edo ingurumenari kalte egin diezaieketenak, hala nola animaliak eta animalien hondakinak, xiringak eta sorgorkarien kontsumorako tresnak, eritasunak kutsatu edo barreia ditzaketen osasun laguntzako materialak eta mota guztietako droga toxikoak, sorgorkariak eta gai kimikoak, erradiaktiboak, piroteknikoak, leherkorrak eta su-eragileak, pilak eta bateriak, aparatu elektriko eta elektronikoak, pintura pote edo aerosolak, bonbillak edo fluoreszenteak:

3. Debeku da edukiontzietatik edo inguruetan zaborrak edo tamaina handikoak (altzariak, alfonbrak, sofa koltxoiak, etab.) eta etxetresna elektriko handiak kanpoan uztea, eta Mankomunitateak horretarako duen zerbitzua eskatu behar da.

4. Olioa, pilak, etxetresna elektriko txikiak, CDak eta abar horretarako prestatutako garbiguneetara eraman beharko dira.

14. artikulua. Iturriak eta lakua.

Debeku da urmael eta iturrietako instalazioetan edo elementuetan edozein manipulazio egitea, bainatzea, edozein objektu garbitzea, animaliak bainatzea, arrantza egitea, jolasak egitea edo dekorazio-iturrietan sartzea, baita ospakizun berezietarako ere, azken kasu horretan udalaren nahitaezko baimenik ez badago.

Bero-bolada edo muturreko tenperaturen kasuan, udalak aldi baterako baimenduko du, bandoen eta sare sozialen bidez, herriko iturriak erabili ahal izatea, beroaren efektuetatik babesteko.

Ez dago baimenduta iturri, ibai, errekasto eta urmaeletara edo bide publikora inolako zaborrik edo substantzia toxikorik botatzea edo botatzea, baldin eta usain txarrak eta oro har eragozpenak sortzen badituzte.

Erabat debekatuta dago edozein animalia iturrietan edo lakuetan sartzea.

III. KAPITULUA.–KARTELAK, PANKARTAK ETA ANTZEKOAK

15. artikulua. Publizitatea eta adierazpen-askatasuna.

1. Edozein euskarri eta edozein ezaugarri eta helburu izanda ere, kanpoko publizitatea soilik jar daiteke horretarako bereziki prestatutako lekuetan. Horretarako, Udalak helburu hori duten euskarriak gaitu ahalko ditu udalerrian, behar adina toki eta kopurutan. Establezimenduen titularrek ez dute eremu publikoan publizitatea edo propaganda duen inolako instalaziorik ezartzen ahalko, ez finkorik ez mugigarririk, baimenik izan ezean.

2. Alde horretatik, debeku da eraikin publiko edo pribatuko fatxadan, karrerapeetan, markesinetan, hiriko altzarietan, arboletan, harresietan, tuneletan, lurpeko pasabideetan eta oro har, berariaz prestatutako lekuetatik kanpo edozein iragarki mota paratzea, udal baimenik izan ezean.

3. Artikulu honen 1. eta 2. puntutik kanpo gelditzen da jendearen artean irabazi-asmorik gabeko jarduera sozial, politiko, sindikal, kultural, profesional, kirol arloko edo ekonomikoren bat edo kontsumorako produktu edo zerbitzuren bat ezagutarazteko Burlatan egiten den ekintza oro edo Burlatako Udalean erregistratutako kolektiboek zabaltzen duen ekintza oro; halakoetan, publizitatea egin duen pertsona edo kolektiboaren erantzukizuna izanen da informazioa zabaltzeko erabilitako elementuak kentzea, bai eta behar bezala uztea ere, xede horretarako erabilitako bideak, euskarriak, hiri-altzariak, etab.

Halaber, ordenantza honetatik kanpo geratzen da hauteskunde-kanpainetan publizitatea jartzea.

Salbuespen gisa, adierazitakoen artean sartzen ez diren zenbait kasutan, baimentzen ahalko da bide publikoan kartelak eta banderolak paratzea.

Esposizio-epea 7 egunekoa izanen da, eta ahalik eta esposizio-epe handiena betetzean edo iraungitzean kendu beharko dira, hauteskunde-kanpainei dagokiena izan ezik, horiek berariazko araudiaren bidez arautuko baitira.

Esposizio-epearen ondoren kentzen ez badira, lehenik eta behin, publizitatea egin zaion erakundea zigortuko da.

4. Berariaz debekatuta dago kolarik edo antzeko produktu itsasgarririk erabiltzea, kolak edo itsasgarri horiek kentzea zailtzen badu, kolak edo produktu horiek jartzen diren lekuetan, adierazpen libreko guneetan barne, non eta ez den berariazko baimenik ematen.

5. Kale-argietan edo argietan publizitatea jartzeko berariazko baimena eman behar da, eta gutxienez 24 ordu lehenago jakinarazi behar da, argien ikuskapen teknikoa egiten duen udal zerbitzuak berrikusi eta instalazioa kontrola dezan.

6. Adierazpen libreko panelak hilean behin garbituko dituzte udaleko langileek, hilaren 15ean edo 15etik hurbilen dagoen egun baliodunean.

16. artikulua. Liburuxkak eta eskuorriak.

1. Debeku da edozein motatako liburuxkak, panfletoak, propaganda- edo publizitate-paperak eta antzeko materialak zabaltzea eta botatzea bide edo erabilera publikoko guneetan.

Udal zerbitzuek eskuorri, liburuxka edo gisakoen banaketak zikindutako hiri eremua garbituko dute eta aparteko zerbitzuen kostua pertsona erantzuleei edo entitateei egotziko zaie, dagozkien zehapenak deusetan ukatu gabe.

2. Etxez etxeko publizitatearen banatzaileek ez dute propaganda paratzen ahalko eraikinetako atariaren eremutik kanpo.

Etxeetarako publizitatea banatzen duten enpresek postontzietan edo atarien kanpoaldean propagandarako berariaz jarritako ontzietan bakarrik utzi beharko dute.

3. Udalaren baimena beharko da, aldez aurretik, mahaiak jartzeko, propaganda banatzeko, informazioa emateko edo sinadurak biltzeko. Alkatetza da, polizia-buruaren oniritziarekin, kontzesioak arautzen dituena, honako hauek kontuan hartuta:

–Eremu berean beste jarduera batzuk dauden ala ez, eta jarduera horiei nola eragin diezaieketen haiek jartzen uzteak.

–Interesdunen osotasun fisikorako balizko arriskua.

–Segurtasun-kontuak edo agintaritzaren agenteek arrazoituta irizten dieten beste batzuk.

IV. KAPITULUA–HERRITARREN JARDUKETAK

1. ATALA.–ONDASUN EDO ZERBITZUEN ERABILERA ARRUNTAREN KONTRAKO JARDUERAK

17. artikulua. Bide eta eremu publikoen erabilera arruntaren kontrako jarduerak eta zerbitzu publikoen erabilera egokia.

1. Bide edo erabilera publikoko eremuek zer xede duten, haren arabera erabiliko dituzte herritarrek, eta ez dute eragozten ahalko horretarako prestatutako lekuetan oinezkoen edo ibilgailuen ohiko joan-etorria, legez aurreikusitako tokietan eta ezarritako baldintzak jarraituta izan ezik.

Debeku da bide edo eremu publikoetan jarduerak egitea baldin berekin ekartzen ahal badizkiete kalteak pertsona edo ondasunei, edo eragozpen nabariak eragiten ahal badizkiete herritarrei, kontuan harturik kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak.

Debeku da bide publikoan pixa egitea edo libratzea. Horretarako, herriko hainbat puntutan horretarako prestatutako bainu publiko finkoak erabili beharko dira, eta bainu eramangarriak jarriko dira jaietan edo pertsona asko biltzen dituzten ekitaldietan.

2. Erabilera publikoko eremuetan ezin da inolako elementurik paratu edo jarri, Udalaren baimenik izan ezean.

3. Debeku da zerbitzu publikoen erabilera desegokia dakarren portaera oro eta, bereziki, maltzurkeriaz eragitea larrialdi zerbitzuak mobilizatzea.

4. Udalak bizikidetzarako arauak ematen ahalko ditu eta halako eremu batzuetan erabilera berariazkoa edo debekatua zehaztu, kartelen eta/edo bandoen bidez.

5. Bizikleten, monopatinen eta patineteen zirkulazio-arauak Burlatako trafikoa eta zirkulazioa arautzen duen Udal Ordenantzan jasota daude, Zirkulazioko Erregelamendu Orokorrarekin eta Trafikoari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearekin bat etorriz. Testu arauemaile horiek ezartzen dutenez, debekatuta dago, oro har, mota guztietako ibilgailuak ibiltzea espaloietan eta oinezkoentzako gainerako guneetan.

Debeku hori ez zaie aplikatuko 14 urtetik beherakoei, galtzadatik zirkulatzeak arrisku ugari dakartzalako, betiere gainerako oinezkoei eragozpenik sortzen ez badiete. Nolanahi ere, inoiz ez dira 5 km/h-tik gorako abiaduran joanen.

Era berean, patinete "ez-elektrikoan" edo patinetan doazenek oinezkoen edo oinezkoen abiaduran zirkulatu beharko dute, hau da, 5 km/orduko abiaduran.

Halaber, ez zaie aplikatuko mugitzeko desgaitasuna duten pertsonei, baldin eta espaloitik motorrekin, gurpil-aulkiekin eta orgatxoekin zirkulatzen badute, eta horiek ere egokitu beharko dira gainerako oinezkoekin orduko 5 kilometroko bizikidetza-abiadurara.

6. Debeku da eremu horietan baloiarekin jolastea. Horren xedea da ondasunetan kalteak murriztea eta barneko plazetako bizilagunei, terrazetako erabiltzaileei trabarik ez eragitea, ezta merkataritzako lokaletan, eremu publikoetan eta lorategi guneetan ere. Debeku hori ez zaie aplikatuko 12 urtetik beheitikoei, betiere gainerako erabiltzaileei traba funtsatuak sorrarazten ez badizkiete.

Berariaz debekatuta egonen da udal parkean.

Nolanahi ere, ez da jolasten ahalko plazetan arauzko baloiekin. Horretarako, ikastetxeetako jolastokiak eta kirol-espazioak irekiko dira.

2. ATALA.–JARDUERA BERARIAZKOAK

18. artikulua. Suak, piroteknia eta festak.

1. Debeku da erabilera publikoko eremuetan sua piztu edo izatea, baita metxa piztuak eramatea edo petardoak, suziriak eta bengalak edo bestelako artikulu piroteknikoak erabiltzea ere udal mugape osoan, horretarako baimenik ez bada.

2. Adingabeek su artifizialak eta petardoak erabiltzea eta horiek saltzea zehatuko da.

3. Jai edo gertaera jakin batzuk direla eta, Udalak baimen orokorra ematen ahalko du, eta hartan finkatuko ditu baimentzen diren su edo jarduketek bete beharreko baldintzak.

4. Halako besta batzuetan baimena emanen da, bandoen bidez, orokorrean, karrikan koadrilek, taldeek edo gisakoek janaria prestatzeko eta hura jateko, betiere erabiltzen badira aparatu egokiak eta behar bezainbateko segurtasun neurriak hartzen badira, eta Udalari aitzinetik jakinarazten bazaio.

19. artikulua. Zarata.

Hots-kutsadura saihesteko, ordenantza hau Zaratari buruzko Estatuko 37/2003 Legearen bidez arautuko da.

1. Herritar guztiek errespetatu behar dituzte bizilagunen lasaitasuna eta atsedena, eta saihestu egin behar dute bizikidetza normala aldaraziko duten zaratarik sortzea, bai Zaratari buruzko 37/2003 Estatuko Legean ezarritakoaren arabera, bai jokabide zibikoak sustatzeko ordenantza honetan araututako berezitasun hauen arabera:

a) Ibilgailuetako gidariek ez dituzte potentzia handian jarriko haien musika-aparatuak, ezta klaxona ere, zirkulazio-arauak araututako kasuetan izan ezik.

Ozentzat joko da agintaritza-agenteek kanpotik modu gogaikarrian entzuten ahal dutenean.

b) Debeku da botatzea petardoak, suziriak, bengalak eta gai pirotekniko mota guztiak, asotsa ateratzen edo suteak eragiten ahal dituztenak, non ez duen Udalak horretarako baimenik ematen, eta non ez duten, halakoetan, material horiek beren ezaugarrien arabera erabiltzeko adina izaten.

c) Obrak astelehenetik ostiralera eginen dira, egunez, 08:00etatik 20:00etara bitartean, salbu eta, justifikatutako arrazoiengatik, Udalak ordutegi berezia baimentzen badu, betiere aldez aurretik tasak eskatu eta ordaindu badira eta obren udal baimena lortu bada.

Lurzati independenteetan egindako eraikuntzen kasuan edo eraikitzen eta/edo birgaitzen ari diren eraikin osoen kasuan, zaratak eragin ditzaketen lanak ez dira 07:30 baino lehen hasten ahalko, ezta 21:30 baino beranduago akitzen ahalko ere.

Ordutegi horretatik kanpo geratzen dira funtsezko zerbitzu publikoak, hala nola Udaleko garbiketa-zerbitzuak eta Mankomunitateko hondakin-bilketakoak, bai eta premiazkotzat jotzen diren beste batzuk ere, herritarrei sor dakizkiekeen eragozpenak minimizatzen saiatzeko.

d) Ez da bozgorailurik erabiltzen ahalko, ez eta paratzen ahalko ere, bide publikoan, eta ez da eraikin eta ibilgailuetatik bide publikora bozgorailurik zuzentzen ahalko, ez bada baimena jasota.

e) Oro har, ez dira baimenduko bizilagunak gogaitzen dituzten jarduerak, batez ere gauaz, ez bada jarduera horiek udalaren baimena dutela.

2. Ez da zaratarik egiten ahalko gaueko ordutegian eremu publikoetan (kaleak, plazak, parkeak, ataripeak...) , eta horietan egiten diren jarduerak (kantuak, dantzak, pilota jokoak eta abar) udan 00:00etan eta urteko gainerako egunetan 22:00etan bukatuko dira.

Pertsonen kontzentrazioa eta edarien kontsumoa bide publikoan.

Arau berak aplikatuko dira plazetako eta bide publikoetako leku egokietan egiten diren terraza eta mahaitxoetarako eta edarien kontsumorako; kontsumoa terrazak eta mahaitxoak ixteko ordutegi berean bukatu beharko da.

3. Irizpide berari segituko zaio, trabak nahita egiten direnean ibilgailuen motorra, ihes-hodia edo pneumatikoak erabiliz, edo zarata modu ez ohikoan gidatzeagatik edo tutua behar ez bezala erabiltzeagatik egiten denean trafikorako araututako kasuetatik kanpora. Orobat aplikatuko da zaratak lagun egiteko animaliek edo alarmek egiten dituztenean edo, azken batez, bestelako zaratak ateratzen direnean, horiek neurtzeko sonometroa erabiltzea eraginkorra edo egokia ez bada; nolanahi ere, nahita egiten ez denean, gertaera errepikatua dela frogatu beharko da.

Terrazak, beladoreak eta antzekoak.

Terrazek, beladoreek eta antzekoek honako ordutegi hauek izanen dituzte, jarraian arautzen diren egunen eta denboraldien arabera:

–Maiatzaren 1etik irailaren 30era arte:

  • Igandetik ostegunera, biak barne, ixteko eta husteko ordua 23:30ak izanen da.
  • Zuzeneko emanaldiak, aldez aurretik baimendu beharrekoak, 22:00etarako bukatu beharko dira.
  • Ostiral eta larunbatetan, baita jai-bezperan ere, ixteko eta husteko ordua 02:00ak izanen da.
  • Zuzeneko emanaldiak, aldez aurretik baimendu beharrekoak, 00:00etarako bukatu beharko dira.

–Urriaren 1etik apirilaren 30era arte:

  • Igandetik ostegunera, biak barne, ixteko eta husteko ordua 22:30ak izanen da.
  • Zuzeneko emanaldiak, aldez aurretik baimendu beharrekoak, 21:00etarako bukatu beharko dira.
  • Ostiral eta larunbatetan, baita jai-bezperan ere, ixteko eta husteko ordua 01:00ak izanen da.
  • Zuzeneko emanaldiak, aldez aurretik baimendu beharrekoak, 00:00etarako bukatu beharko dira.

Herriko jai ofizialetako ospakizunetan, Alkatetzaren Ebazpen bidez zehazten diren ordutegiak aplikatuko dira, eta ez dira inolaz ere aurrez aipatuak murrizten ahalko.

Terrazetan, beladoreetan edo antzekoetan ez da musikarik paratzen ahalko, ezta telebistarako, bideo-erreprodukziorako edo antzekoetarako aparaturik paratzen ahalko ere. Zuzeneko ikuskizun, emanaldi eta kontzertuak baino ez dira baimenduko, eta baimena gutxienez hamar egun naturaleko epean eskatu beharko da. Nolanahi ere, araudi orokorrak ezartzen dituen soinu-emisioen mugak errespetatu beharko dira.

20. artikulua. Kea eta usainak.

1. Herritar guztiek uko eginen diote udal mugapean kea eta usaina eragiten edo hautsa harrotzen duten jarduerak egiteari, lasaitasuna urratzen badute edo osasungarritasunaren eta apaindura publikoaren kontrakoak badira.

Aurreko debekutik kanpo daude aldez aurreko baimenik gabe gauza daitezkeen etxeko lanak, hala nola, zorua bernizatzea, hormak pintatzea, etab. Hala ere, lan horiek eginen dira kalera ahalik eta gehien aireztatuz eta ahaleginak eginez usainak gune komunetara ez joateko, hala nola eskailera, eskailera-burua eta patio txikietara.

2. Ibilgailuak ez dira egoten ahalko bost minutu baino gehiago aparkatuta eta motorrak piztuta, baldin eta bizitegietatik 10 metro baino gutxiagora badaude.

3. Errekuntzako motor gisa funtzionatzen duten sorgailu elektrikoak, pneumatikoak edo gisakoak eraikinen fatxadetatik 10 metrora jarri beharko dira gutxienez, eta haien keak bideratu beharko dira 2,5 metroko altueratik gora, baldin jendea distantzia hori baino hurbilago badago, Udalaren baimena izan ezean.

21. artikulua. Hondakinak eta zaborrak.

1. Debeku dira erabilera publikoko bide eta eremuak –orubeak, itxi gabeko finkak, ibaiertzak eta ibaien ibilguak barne– zikin ditzaketen jarduera edo eragiketa baimendu gabe guztiak. Batzuk aipatzearren, debeku dira aipatu bide edo eremuetan automobilak garbitu, konpondu edo olioztatzea ezinbesteko kasua izan ezean, zigarrokinak, bilgarriak, txikleak eta hondakin solidoak edo likidoak botatzea, hautsontziak eta ontziak hustea, botilak haustea, zaborrak edukiontzi edo paperontzi hutsen ondoan uztea, obra-hondakinak eta objektu handiak botatzea landa bideetan eta parkeetan, eta gisako beste ekintza batzuk.

2. Hiri-hondakinak paperontzietan, dagozkien edukiontzietan eta gaitutako birziklatze-espazioetan uzteko betebeharra dago.

Hondakin solido txikiak, hala nola zigarrokin itzaliak, pipen azalak, txikleak (paper batean bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak paperontzietan bota behar dira, birziklagarriak izan ezean; kasu horretan, eremu publikoan bilketa sailkaturako diren edukiontziak edo paperontziak erabiliko dira.

3. Espresuki debeku da beirazko edozein objektu, osorik edo hautsirik, utzi edo lagatzea erabilera publikoko edozein lekutan.

4. Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatako hondakinak atera eta barreiatzea.

5. Debeku da landareak baimenik gabe ureztatzea, baldin soberako ura eror badaiteke nolabait kaltetu daitezkeen etxebizitzetako objektu edo elementuen gainean edo kalteak eragiten ahal badizkiete bide publikoari edo haren erabiltzaileei.

6. Ez da eremu publikora astintzen ahalko pertsonei zikinkeria edo enbarazua eragiten dien zeinahi motatako alfonbra, arropa edo oihalik.

7. Debeku da ibilgailuetatik hondakin mota oro botatzea, abian nahiz geldirik egon.

8. Debeku da hondakin likidoak euri uren sarera edo zuzenean ugaldera, urmaeletara edo iturrietara isurtzea, natur inguruneari kalte egiten dioten xaboiak, garbikariak, koipeak edo gisako beste gai batzuk baitituzte.

9. Inausketen hondarrak, baratzeetakoak eta gisako bestelako hondakin organikoak edukiontzi egokietara joanen dira.

22. artikulua. Lurrak eta obra-hondakinak garraiatzea.

1. Lurrak eta obra-hondakinak garraiatzen dituzten ibilgailuek segurtasun-baldintza egokiak bete beharko dituzte, haien edukia bide publikoan ez isurtzeko. Era berean, enpresak edukiontzien bilketa puntuala eta aldizkakoa zainduko du, edukieraren gainetik betetzea saihestuz.

2. Istripua, iraulketa edo zama bide publikoan erortzea edo isurtzea eragiten duten bestelako inguruabarren bat gertatuz gero, eta horrek bide-segurtasuna arriskuan jar badezake, gidariek ahalik eta lasterren jakinarazi beharko diote udaltzaingoari, eta aldi berean, jasotzeari eta gordetzeari ekinen diote arrisku-eremutik kanpo, garbiketa-zerbitzuek eman diezaioketen laguntzaren zain. Nolanahi ere, ibilgailuaren edo ibilgailuaren gidariaren jabetzak ordaindu beharko du gorabehera horien kostua.

3. Lurrak edo obra-hondakinak garraiatzean bide publikoa zikintzen bada, zama hori ustekabean bota duenak berehala garbitu beharko du.

4. Halaber, baimenduta ez dauden lekuetan isuritako lurrak eta obra-hondakinak edozein unetan kendu beharko dituzte, betiere udal agintaritzak hala eskatzen badie. Horrek ez du esan nahi dagozkion zehapenak ezarriko ez direnik.

23. artikulua. Etxekoak ez diren animaliak eta basa-animaliak.

1. Animaliei ez zaie tratu txarrik eragiten edo eraso fisikorik egiten ahalko, Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteko martxoaren 28ko 7/2023 Legean araututakoaren arabera.

2. Ez dira elikatzen ahalko katuak, usoak, ahateak, gainerako hegaztiak eta arrainak, aplikatu beharreko babes-araudiaren arabera udalaren berariazko baimena izan ezean.

3. Animaliak ez dira lorategi eta parkeetan alhatzen ahalko, ez bada berariazko baimena dutela.

24. artikulua. Kanpaldiak eta aisia.

1. Ez da kanpatzen ahalko edo kanpadenda edo horretarako prestatutako ibilgailurik paratzen ahalko 226/1993 Foru Dekretuan aurreikusten ez diren lur publiko edo pribatuetan, horretarako baimenik izan ezean.

Agintaritzako agenteek amore emateko eskatuko diete kanpadenden, ibilgailuen edo eremu publikoa modu bidegabean okupatzen duen edozein materialen erabiltzaile eta jabeei, dagokien salaketa ukatu gabe. Uko egiten badiote edo ezin badira jabeak edo erabiltzaileak lokalizatu, agintaritzako agenteek haiek berehala erretiratzeko behar diren bitartekoak antolatzen ahalko dituzte eta, hala badagokio, arau-haustea egin dutenek edo, modu solidarioan, horien jabetza dutenek sortzen diren gastuak beren gain hartuko dituzte.

2. Ez da bide publikoan janaririk prestatzen ahalko, berariazko baimenik izan ezean.

3. Ez da biluzik egoten ahalko erabilera publikoko eremu eta bideetan, administrazioak horretarako prestatzen ahal dituen lekuetan izan ezik, horrek herritarren lasaitasuna edo beren eskubide eta eginbeharrak modu baketsuan erabiltzea trabatzen duenean. Nolanahi ere, eta oro har, inork ez du gutxiesten ahalko ez gainerakoen eskubidea ez jarduteko askatasuna bide edo eremu publikoetan duen portaerarekin, ezta laidoztatzen ahalko ere nagusiki ontzat jotzen diren konbikzioak eta bizikidetzako arauak; ez da zilegi exhibizionismoa, ezta ordenantza honetan edo beste araudi aplikagarri batean debekatuta dauden gisa bereko jokabide edo jarduketak ere.

25. artikulua. Apustuak.

Debekatuta dago erabilera publikoko eremuetan jokoak eskaintzea, horiek dirua edo ondasunak jokatzea ekartzen badute, ez bada berariaz baimenduta.

Arau-haustea (erabilera publikoko eremuetan apustuak eskaintzea) atzemanda, agintaritzaren agenteek erabilitako baliabideak kautelaz hartuko dituzte, baita arau-hauslearen jokabidearen ondoriozkoak ere.

3. ATALA.–BETEBEHAR BEREZIAK

26. artikulua. Merkataritza jarduerak.

1. Merkataritza-, industria- edo zerbitzu-jarduera batek inguruan edo baimendutako espazioan (terrazak eta antzekoak) maiz zikinkeria sortzen duenean, establezimenduaren titulartasuna edo kudeaketa duenak garbi eduki beharko du eragindako bide publikoaren zatia, eta sortutako zikinkeria jaso eta horretarako prestatutako edukiontzietan utzi beharko du.

2. Kioskoak, izozkitegiak, aisialdirako lokalak eta herriko azoka txikietan eta bide publikoko beste instalazio batzuetan terrazak, beladoreak edo salmenta-lizentziak/-baimenak dituzten establezimenduak dituztenek, okupatzen duten espazioa eta ingurune hurbila, instalazioak, garbi mantentzeko betebeharra dute, bai eta inguruan behar adina paperontzi jarri eta mantentzeko betebeharra ere.

Eremu horiek eta ingurua garbitzea behin betikotzat hartuko da, bide publikoan terrazak eta mahaitxoak jartzeko Burlatako udalerrian unean-unean indarrean dagoen xedapenean araututakoaren arabera.

Erakusleihoen, establezimenduen, salmenta-puntuen eta antzekoen garbiketa kontu handiz eginen da, bide publikoa ez zikintzeko, eta oinezkoei eragozpenik sortzen ez dien ordutegian eginen da, eta kaltegarriak eta korrosiboak ez diren produktuekin.

Establezimendu itxien jabe direnak fatxadaren apaindura mantentzeaz arduratuko dira.

3. Debeku da eremu publikoan ibilgailuak aparkatzea, salgai edo alokagai, edo publizitatetako, betiere enpresek egiten badute edo eremu publikoaren erabilera intentsiboa badakar, ezta biltegiratzeko helburu bakarrarekin ere.

27. artikulua. Diru-bilketak.

Ez da diru-bilketarako eskean ibiltzen ahalko, horrek herritarren lasaitasuna trabatzen badu edo beste pertsona batzuen legezko eskubideak erabiltzea eragozten badu.

Horri dagokionez, arau-hauste administratiboa izanen dira larderiaz egiten diren edo kalean barna askatasunean ibiltzea oztopatzen duten diru-bilketak, besteak beste.

28. artikulua. Establezimendu publikoak.

Jendearendako irekita dauden establezimenduen jabeek edo titularrek, beste xedapen batzuk errespetatzeaz gain, saiatuko dira lokal barnean, sarreran edo irteeran gerta daitezkeen bezeroen bezeroen gizalegerik gabeko ekintzak edo ekintza gogaikarriak eragozten.

Jokaera horiek ez direnean eragozten ahal, polizia deitu beharko dute ordena eta herritarren bizikidetza manten dezaten, eta laguntza eman beharko diete uneoro esku hartzen duten agenteei.

Tabernetako terrazak ixten direnetik aitzina ez da edaririk kontsumitzen ahalko eremu publikoetan: kaleetan, plazetan, ataripeetan, parkeetan edo lorategietan.

29. artikulua. Ekitaldi publikoak.

1. Eremu publikoetan ekitaldiak antolatzen dituztenek bermatu behar dute pertsonen eta ondasunen segurtasuna. Horretarako, segurtasunerako eta norbera babesteko baldintza orokorrak bete behar dituzte, kasu bakoitzean organo eskudunak zehaztuko baititu.

Eskaera 22 egun natural lehenago egin beharko da. Egiten ez bada, automatikoki ukatuko da.

Udalak ez du baimenik emanen jaialdietako ikuskizun publikoak edo kultura, kirol edo antzeko arloetakoak egiteko eremu publikoetan, baldin eta horietara joanen den jende kopurua, eremu publikoaren ezaugarriak edo behar bezala egiaztatutako bestelako inguruabarrak (espedientean arrazoituak) kontuan hartuta, ekitaldi horiek arriskuan jartzen ahal badituzte segurtasuna, elkarbizitza edo gizabidea. Hala, idatziz justifikatu beharko ditu pertsona edo erakunde eskatzaileei baimenik ez emateko arrazoiak, eta horiek ezezko horren aurkako errekurtsoa aurkezten ahalko dute dagozkien udal organoetan. Kasu horietan, ahal den guztietan, Udalak antolakuntzari ekitaldia egin ahal izateko aukerako espazioak proposatuko dizkio. Dena dela, laneko, politikako, gizarteko, erlijioko, sindikatuetako eta hezkuntzako arloetan oinarrizko eskubideak erabiltzea dakarten ekitaldi publikoak egiteko baimena eskuratzeko, indarrean dagoen araudiari jarraituko zaio.

Ekitaldiak, kontzertuak, jaiegunak edo antzekoak gune publiko hauetan egiteko baimena eman daiteke:

–Ermitaberriko patioa.

–Hilarión Eslavako pabilioia.

–Hilarión Eslavako patioa.

–Udaletxeko karpa.

–Erripagainako karpa.

–Plazak eta bide publikoak.

–Askatasuna pilotalekua.

2. Ekitaldi publikoen ondorioz zikinkeria sortzen bada edo kalte egiten bazaie hiri edo arkitektura elementuei, erantzuleak izanen dira antolatzaileak, eta administrazioak behartuko ditu erabili edo hondatzen diren ondasunak lehengoratzera.

3. Antolatzaileei komunak jartzeko eskatuko zaie, ekitaldira 100 pertsona baino gehiago joanen badira, eta fidantza bat eratzeko, garbiketa- eta ingurumen-lanetatik nahiz ekitaldia ospatzetik erator daitezkeen bestelako kalte-galeretatik eratorritako erantzukizuna bermatzeko. Kasuan kasuko eremu publikoa ederki geldituz gero, fidantza itzuliko zaie. Hala ez bada, hartatik kenduko da aparteko lanen zenbatekoa.

Fidantzaren zenbatekoa 300 eurokoa izanen da.

4. Betiere, ekitaldi publikoen antolatzaileek egin beharko dute kalteak bermatzeko erantzukizun zibileko aseguru-kontratu bat, ekitaldiaren izaera kontuan hartuta.

5. Udalak, nolanahi ere, eskatutako kokalekuaren egokitasuna baloratuko du, leku berean jarduerak behin eta berriz egiten direnean bizilagunen atsedena zaindu eta bermatzeko. Baztertu eginen dira astean bi ekitaldi edo gehiago leku berean kateatzea dakarten eskabideak. Udalaren erabakia apelaezina izanen da.

Kontzertuak eta emanaldiak bukatzeko ordutegiak ostalaritza-establezimenduetarako ezarritako berberak izanen dira.

30. artikulua. Arropa hedatua eta apaingarriak.

Ezin da arropa hedatu balkoi, terraza edo teilatu-lauetan, kaletik ikusteko maneran bada.

Kaletik nahitaez ikusten diren hedatokiak dituzten eraikinetarako, aurreko paragrafoan ezarritako debekua etenda geldituko da, Udalak eraikin horietarako berariazko araubidea baimendu arte.

Balkoi, leiho, terraza edo teilatu lauetan apaingarririk jarriz gero, hala nola loreontziak, babesturik egon beharko dute, inola ere eror ez daitezen, betiere bizilagunei edo oinezkoei eragozpenik sortzen ez bazaie.

IV. TITULUA.–ZEHAPEN ARAUBIDEA

31. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Zehatzeko ahalmena arlo honetan erabiltzeko legez eta erregelamenduz ezarrita dagoen prozedurari jarraituko zaio zehapenak ezartzeko.

2. Zehapen-prozedura abiatzeko eskumena duen organoak baldin badaki gertaerak izaten ahal direla, arau-hauste administratibo ez ezik, zigor-zuzenbideko arau-hauste ere, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio, eta geldiarazi eginen du zehapen-prozedura –hasita badago–, harik eta agintari judizialak erabakia hartzen duen arte.

Zehapen-prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

3. Arau-haustearen erantzulea haren ondorioz sortutako kalte-galeren erantzulea ere izanen da; haien ordaina Burlatako Udalak erabakitzen duen maneran eginen da, arau-hausteari dagokion zehapena aparte utzita.

4. Udalarenak ez diren ondasunak badira eta horiek eremu publikotik ikusten ahal badira, jarduteko ez da beharrezkoa izanen ukitutako alderdiaren salaketa.

32. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, izan egiteak nahiz ez-egiteak, joko dira oso astuntzat, astuntzat edo arintzat.

33. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Oso astunak dira honako hauek eragiten dituzten arau-hausteak:

a) Herritarren bizikidetza modu larri, berehalako eta zuzenean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez; herritarren segurtasunaren babesari buruzko araudian tipifikatutako arau-hausteetan sailkatu ezin diren jokaerak badira.

b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

c) Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak eta nabarmenak jartzea.

d) Larriki eta nabarmen hondatzea zerbitzu publiko baten ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak.

e) Eremu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea. Betiere, arau-haustea izanen da oinezkoei edo ibilgailuei nahita eta modu larrian galaraztea haientzat prestatutako tokian zirkulatzea, baimenik izan gabe.

f) Larriki eta nabarmen hondatzea bide publikoak, edo haietako edozein instalazio eta elementu, izan higigarri nahiz higiezin, ez baldin badira herritarren segurtasuna asaldatzeak eragindakoak. Nolanahi ere, arau-hausteak izanen dira jokabide hauek:

–Seinale publikoak hautsi, erauzi edo kaltetu edo haietan kalteak sortzea, baldin eta horrela seinalea ikustea edo ulertzea eragozten edo zailtzen bada.

–Zerbitzu publikoaren elementuak, zaborrak edo hondakinak erretzea, nahita edo erru larria izanda.

–Bide publikoan eta parke eta lorategietan kokatutako zuhaitz eta landareetan kalte oso larriak eragitea.

g) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak edo ez-egiteak, baldin arriskuan jartzen badute pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala.

h) Nahita itzaltzea argiteria publikoaren edozein sistema.

i) Urtebetean hiru arau-hauste astun edo gehiago egitea.

34. artikulua. Arau-hauste astunak.

Arau-hauste astunak honako hauek dira:

a) Herritarren bizikidetza modu larrian trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, herritarren segurtasunaren babesari buruzko legerian tipifikatu gabeko jokaerak badira.

b) Zerbitzu edo eremu publiko bat erabiltzeko eskubidea modu larrian trabatzea beste pertsona batzuei.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu larrian trabatzea.

d) Zerbitzu edo eremu publiko bateko ondasunak modu larrian hondatzea.

e) Bide publikoan eta parke eta lorategietan kokatutako zuhaitz eta landareetan kalte larriak eragitea.

f) Bide publikoan sua piztea, ondasun publiko edo pribaturen bat kaltetzen bada.

g) Osasungarritasun edo apaindura publikoa modu larrian trabatzea. Betiere, arau-hauste astuna izanen da:

1.–Estolderia-sarera edo eremu edo eremu publikoetara zaborrak edo hondakinak botatzea, ibiltzea eragozten dutenak edo osasungaiztasun arriskua sortzen dutenak. Halaber, txakurren gorotzak espaloietan uztea, espaloietatik ibiltzea oztopatzen badute.

2.–Bide publikoan janariak edo edariak saltzea, Udalaren baimenik gabe.

Ibilgailu bat eremu publikoan aparkaturik gelditzea salgai edo alokagai, edo funtsean publizitatetako.

h) Oinezkoen edo ibilgailuen ohiko joan-etorriak nahita eragoztea haientzat prestatutako lekuetan.

i) Arau-hauste arina egitea, espresuki debekatu denean baimentzeko idazkien edo beste batzuen bidez, edo baimen baten baldintzak ez betetzea eta horren ondorioz nahasmendu larria eragitea.

j) Edozein motatako eskaintza edo jokoa, dirua edo ondasunak jokatzea ekartzen badute.

k) Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

35. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Herritarren bizikidetza modu arinean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari zein mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, herritarren segurtasuna babesteari buruzko legedian tipifikatu gabeko jokaerak badira.

b) Zerbitzu edo eremu publikoa erabiltzeko eskubidea modu arinean trabatzea beste pertsona batzuei. Betiere, arau-haustea izanen da:

–Metxa piztuak edo gailu piroteknikoak eramatea, edo petardoak, suziriak edo gisakoak botatzea, baimenik gabe.

–Bide publikoan sua piztea, baldin eta ondasun publiko edo pribatuei kalterik eragiten ez bazaie.

–Baimenik gabe kanpatzea.

–Eremu publikoetan edozein elementu paratzea baimenik gabe.

–Eremu publikoetan autoak garbitu edo konpontzea.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu arinean trabatzea. Honako hau arau-haustea izanen da beti:

–Iturri edo urmael publikoetan bainatzea, muturreko beroa dela-eta horretarako baimenik izan gabe.

–Ikastegietara sartzea eskola-orduetan txakurrekin, salbu eta txakur gidariekin, patineteekin edo bizikletekin, baldin eta ikastetxearen berariazko baimenik ez badu edo ikastetxeak berak edo Udalak antolatutako jardueraren baten parte ez bada.

–Instalazioan, ekipamenduan edo eremu publikoan egotea ezarritako ordutegitik kanpo, udaltzainek handik ateratzeko eskatu badute.

d) Zerbitzu edo eremu publiko bateko ondasunak modu arinean hondatzea. Betiere, arau-haustea izanen da:

–Edozein ondasunetan edo eremu publikotan pintadak, grafismoak edo horma-irudiak egitea Udalaren baimenik gabe.

–Bide publikoan eta parke eta lorategietan kokatutako zuhaitz eta landareetan kalte arinak eragitea.

e) Osasungarritasun edo apaindura publikoak modu arinean trabatzea. Betiere, arau-haustea izanen da:

–Lagun egiteko animalien gorotzak eta pixak zikintzea eta ez garbitzea erabilera publikoko espazioetan.

–Propaganda edo publizitatea zabaltzea ordenantza honetan ezarritakoa hautsiz.

–Eremu publikoan pixa, kaka edo tu egitea.

–Eremu publikoan zaborra edo beste edozein elementu bota edo bertan uztea.

–Oihu edo zarata egitea, trabak sortzeko modukoa baldin bada.

–Ibilgailuak abandonaturik uztea, jendearen higiene, osasun eta segurtasunerako arriskutsuak izaten ahal badira.

f) Baimen baten baldintzak ez betetzea, betiere sailkapen larriagorik merezi ez badu.

g) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako eginak eta ez eginak, astun edo oso astun gisa sailkatu ez direnak.

36. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinei 60 eta 450 euro arteko isuna ezarriko zaie, 35. artikuluaren a) eta b) apartatuetan tipifikatutakoei izan ezik, halakoei 60 eta 150 euro arteko isuna ezarriko baitzaie.

Arau-hauste astunei 450 eta 900 euro arteko isuna ezarriko zaie.

Arau-hauste oso astunei 900 eta 1.800 euro arteko isuna ezarriko zaie.

Errekurtsoen araubidea: legez ezarritako errekurtsoak paratzen ahalko dira ordenantza honetan xedatutakoa hausteagatik paratutako zehapenen aurka.

37. artikulua. Kalteei ordaina ematea.

Gauzak arau-haustearen aitzineko egoerara lehengoratzeko egin beharreko jarduketak egin ahalko ditu Udalak, horretarako obligazioa duen pertsonaren kontura.

Udalak lehengoratzeko zein kalteak ordaintzeko eskaera tramitatuko du, antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera eta hondatutako ondasuna nolakoa den kontuan hartuta.

Nolanahi ere, ordenantza honetan adierazten diren bidezko zehapenak ezartzean, bestelakotu den egoera lehengoratzeko eskatuko zaio arau-hausleari. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konpondu edo ordainduko dituzte beti.

38. artikulua. Erantzuleak.

1. Ekitaldi publikoetan, antolatzailea edo sustatzailea izanen da erantzulea, eta nortasun juridikorik gabeko taldeak izanez gero, eskatzaile agertzen dena.

2. Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzuleak izanen dira arau-hausteen zuzeneko egileak.

3. Orokorrean, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidarioak, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteak prebenitzeko.

Erantzulea adingabea bada edo inputazioa egitea eragozten duen legezko arrazoiren bat badago, gurasoek, tutoreek edo legezko zaintza dutenek erantzunen dute.

4. Arau-haustea dakarten jarduketak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.

39. artikulua. Zehapenen mailakatzea.

Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren, ezarri beharreko zehapena mailakatzeko, honako inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

b) Errepikatzea, urtebetean astuntasun handiagoko arau-hauste bat edo astuntasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egin badira, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

c) Nahita egitea.

d) Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.

e) Zer kalte egin diren eta haien larritasuna.

f) Egindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.

40. artikulua. Kautelazko neurriak.

Nolanahi ere, arau-hausleak bizikidetzan eta eremu publikoen babesean eragin negatiboa duen jokabide bat gauzatzen jarraitzen badu eta jokabide horrek beste erabiltzaile batzuei eragozpenak sortzen badizkie, hori saihesteko beharrezkoak diren kautelazko neurriak hartzen ahalko dira.

Honi dagokionez, aldi baterako kendu edo altxatzen ahal diren ondasunak izanen dira hauek: ganibetak, labanak eta arma debekatu gabeak eta gauza sendoak, gai piroteknikoak, erremintak eta materialak, baita puntu honetan espresuki bildu gabeko beste edozein gauza ere, agintaritzako agenteen aburuz inork erabiltzen baditu ordenantza honetako aginduak urratzeko, eta komenigarria bada aldi baterako kentzea edo altxatzea.

V. TITULUA.–ERREHABILITAZIOA

41. artikulua. Betetzearen etendura eta bukaera hitzartua.

Udalak, lehen arau-hauste arinen kasuan, eskaintza egiten ahalko du zehapenaren ordainketa eteteko, betiere arau-hausleak bere jokabidea ez errepikatzeko konpromisoa hartuz dokumentu bat sinatzen badu, deusetan galarazi gabe arau-hausteak eragindako gastua bere gain hartzea, hala badagokio.

Orobat, arau-haustea astuna edo oso astuna denetan, bidezko zehapen ebazpena eman aitzin, aukera eskaintzen ahalko zaio espedientatuari, komunitatearendako zeregin edo lanak egiteko, ezar litekeen isun osoaren nahiz zati baten ordez; zein den arau-haustearen larritasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izanen litzateke, kalterik egin gabe eragindako ondasunak konpontzeak edo birjartzeak eragindako gastuei, halakorik balego.

Aukera hori errehabilitaziorako bidea izan dadin eskainiko da, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean baizik ez da aplikatuko:

–Arau-hausteak oso zehapen astuna ezartzea dakarrenean.

–Zehapen astuna dakarren arau-haustea izanda, aurretik arau-hauste astunak edo oso astunak egin direnean.

–Neurri hori hartzearen alde egiten duten baldintza bereziak ikusita, modu arrazoituan horrela erabakitzen denean.

Espedientatuak zer lan egiteko prest dagoen esanen dio Udalari, betiere Udalak aurreikusitako zerbitzuen barnean. Ahal dela, komunitatearen gainerakoaren onerako lan borondatezkoak izanen dira, gisako ekintzen ondoriozko kalteen ordaina ematen dutenak. Kasu bakoitzerako izendaturiko udaleko teknikariek kontrolatu eta bermatuko dute betetzen direla.

Espedientatuak eskaera egin ondoren, prozedura ebazteko epea eten eginen da, eta Udalak jakinarazi beharko dizkio egin beharreko zerbitzuaren baldintzak.

Udalak, prozedurari bukaera emateko, ebazpenaren ekitaldian zehaztuko ditu bai espedientatuak egin beharreko zerbitzua, baita isunaren zenbatekoa ere, zehapena zerbitzuarekin osorik ordezten ez denean.

Kasu bakoitzaren inguruabarrak ikusita, Udalak kautelazko neurriak hartzen ahalko ditu, bermatzeko zerbitzua betetzen dela behar den denboran eta moduan.

Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondoren, zehapen prozedura bukatutzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 85 eta 86. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

–Hasierako arau-haustearen sailkapen bera izanen du arau-hausteak.

Zehapena mailakatzeko, berariazko astungarria izanen da Udalarekin itundutako zerbitzua ez betetzea.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Lagun egiteko animaliek espaloi, fatxada edo hiri-altzarietan egindako pixak une horretan zaintzen dituzten pertsonek eraman beharko duten urarekin garbitzeko betebeharra ezartzen da.

Horiek ez betetzeagatik, Burlatako udalerrian animaliak edukitzeko Osasunari buruzko Udal Ordenantzan lagun egiteko animalien gorotzak ez jasotzeko arau-hausteagatik aurreikusitako baldintza eta zenbateko berberak ezarriko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenean indarrik gabe geldituko dira harekin bat ez datozen udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarri epea iragan ondoren.

I. ERANSKINA–HAUR-PARKEAK

Haur-jolasa tresna egokia da haurren eta nerabeen nortasuna modu harmonikoan garatzeko, eta, are gehiago, haien haurtzaroa ongizatearen eta zoriontasunaren etapa gisa ikus dezan.

Haurren eta nerabeen jolaserako eskubidea Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren (1989) 31. artikuluan dago aitortuta. Eskubide horrek haur eta nerabe guztiek beren adinera egokitutako jolasaz eta jolas-jarduerez gozatzeko aukera izatea bermatzen du, haien garapen fisikoa, emozionala eta soziala sustatuz. Nazioarteko itun guztiek bezala, Konbentzioak betebeharrak sortzen ditu estatu alderdientzat, eta horiek bermatu egin behar dituzte aldarrikatzen dituen eskubideak, besteak beste, eremu publikoetan jolasteko eskubidea.

Jolasa, jolas-jarduera izateaz gain, funtsezkoa da haurren ikaskuntzan eta ongizatean. Jolasaren bidez, haurrek eta nerabeek hazteko funtsezko mugimendu-trebetasun sozialak eta kognitiboak garatzen dituzte. Gainera, sormena, arazoen konponketa eta lankidetza sustatzen ditu.

Alde horretatik, Konbentzioaren 31. artikuluak hau ezartzen du:

1.–Estatu alderdiek aitortzen dute haurrek eskubidea dutela atsedenerako eta aisialdirako, jolaserako eta beren adinari dagozkion jolas-jardueretarako, eta askatasunez parte hartzeko kultura-bizitzan eta arteetan.

2.–Estatu alderdiek errespetatu eta sustatuko dute haurrek kultura- eta arte-bizitzan bete-betean parte hartzeko duten eskubidea, eta aukera egokiak emanen dituzte, berdintasun-baldintzetan, kultura-, arte-, jolas- eta aisialdi-bizitzan parte hartzeko.

Hala ere, haurren jolasak bere benetako funtzioa bete dezan, beharrezkoa da segurtasun- eta osasungarritasun-baldintza egokietan garatzea; izan ere, erabilera publikoko jolas-eremu eta -instalazioen kasuan, administrazio publikoek bermatu behar dituzte baldintza horiek.

Horrela, Haurren Eskubideen Konbentzioak ezarritako ildoari jarraituz, maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legeak, haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babestekoak eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoak, 21. artikuluan adierazten du. Kultura eta aisialdirako eskubidea eta harremanen sustapena.

1. Nafarroako Administrazio Publikoek sustatuko dute adingabeen eskubidea jolaserako, aisialdirako eta kultur zerbitzuak eta kirol, arte eta aisialdiko jarduerak erabiltzekoa, funtsezko osagaiak baitira haien garapenean eta sozializazio prozesuan; betiere, prozesu hori adingabe guztiengana iristen dela zainduko da eta neurriak sustatuko dira bakardadea ekiditeko eta zoriona lor dezaten laguntzeko.

2. Agintari eskudunek bermatuko dute jolas, aisialdi eta kirol jarduerak haien beharrekin eta garapenarekin bat etortzea, desgaitasunak dituztenentzat behar diren egokitzapenak eginda, eta adinaren arabera gune seguruak sustatuko dira bertan zuzeneko ikuskapenik gabe jolas daitezen eta haien autonomia eta gaitasunak gara ditzaten; nerabeentzat eskaintza bereizia egitea sustatuko da.

Era berean, hainbat erakundek, hala nola Arartekoak, jolas-gune seguruak, irisgarriak eta egokiak bermatu behar direla azpimarratu dute. Gainera, desgaitasuna duten haur eta nerabeen inklusioa sustatzen da, jolas-eremuak haien premia espezifikoetara egokitzen direla ziurtatuz.

2015ean, Arartekoak "Haurren jolas-eremuen segurtasuna eta irisgarritasuna" izeneko azterlana aurkeztu zuen. Bertan, arlo horretan araudia garatzeko beharra nabarmentzen zen, botere publikoen jarduera gidatu behar duten bi printzipiotan oinarrituta: adingabearen interesaren nagusitasuna eta haren garapen pertsonalari kalte egin diezaioketen egoera guztien prebentzioa.

Helburu horretarako da ordenantza hau, erabilera publikoko haur-parkeetan jolasa sustatzeko premisarekin, gure udalerriko haurrak gizarteratzen laguntzeko, eta, aldi berean, haurren osasuna eta osotasun fisikoa babesteko arauak ezartzeko.

1. artikulua. Xedea.

Haur-parkeek izan behar dituzten segurtasun-neurriak arautzea, adingabeen jarduera ludikoen garapena bermatzeko, haien osasunari eta osotasun fisikoari kalte egin diezaieketen arriskuak saihestuz.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Titulartasun publikoko haur-parkeak, bai eta erabilera kolektiboko titulartasun pribatukoak ere.

3. artikulua. Definizioa.

Haur-parketzat hartuko dira berariaz adingabeen jolaserako ekipamendua duten aire zabaleko espazioak, baldin eta berariazko araudirik ez badute.

4. artikulua. Kokapena.

Haur-parkeak ibilgailuen zirkulaziotik behar bezala bereizita egon beharko dira, gutxienez hogeita hamar metroko distantziara, baita adingabeak galtzadara berehala sartzearen ondoriozko arriskutik babesteko baliabide natural edo artifizialen bidez bereizita ere.

5. artikulua. Pertsona erabiltzaileak.

1. Haur-parkeak irisgarriak izanen dira desgaitasuna duten adingabeentzat, unean-unean indarrean dagoen Irisgarritasunari buruzko Araudi Autonomikoan aurreikusitakoaren arabera.

2. Haur-parkeek hainbat adin-tartetako adingabeentzat gordetako jolas-eremuak izaten ahalko dituzte, betiere 14 urtetik beherakoentzat.

3. Sei urtetik beherakoek, haurren jolas-eremuetan dauden bitartean, pertsona heldu batekin egon beharko dute etengabe, eta pertsona horrek zaintzeko ardura hartuko du.

4. Adin nagusikoek ez dituzte erabiltzen ahalko haur-parkeak osatzen dituzten jolas-elementuak.

5. Debekatuta egonen da haur-parkearen esparru osoan erretzea.

6. Erabat debekatuta egonen da haurren esparruan pipak jatea, haur txikientzat arriskutsua baita lurrean oskolak egotea, ahora eraman ahal baitituzte.

6. artikulua. Segurtasuna jolas-elementuetan.

1. Haur-parkeak osatzen dituzten jolas-elementuek adingabeei egokitutako dimentsioak izan beharko dituzte, haien erabilerarako, haien garapen ebolutiborako eta sozializazio-, integrazio- eta errespetu-prozesuak sustatzeko.

2. Jolas-elementuek material metalikoekin, toxikoekin eta elektrizitatearen eroaleekin egindakoak izan behar dute, eta behar bezala tratatuta egon behar dute, adingabeei kalte egin diezaieketen ezpalak edo hondarrak aska ez ditzaten, eta ez dute izanen erabiltzaileen osotasun fisikorako arriskutsuak diren ertzik, ertzik, puntarik edo angelurik. Jolas-elementuen ainguratzeak eta finkatzeak irmoak eta egonkorrak izanen dira.

Jolas-elementuek, halaber, UNE 147101, UNE-EN 1176 1etik 7ra eta UNE-EN 1177 arauetan aurreikusitako zehaztapen teknikoak bete beharko dituzte.

3. Jolas-elementuen erabileran adingabeek izan dezaketen azalera material bigunekoa izanen da, inpaktuak behar bezala xurgatzeko eta kolpeak arintzeko.

7. artikulua. Segurtasuna jolastean.

1. Bizikleten, patineteen eta kalte pertsonalak eragin ditzaketen beste jolas-elementu batzuen erabilera parke bakoitzean horretarako zehazten den zirkuitura mugatuko da, eta, nolanahi ere, gainerako jolas-eremuetatik aparteko eremu batean kokatu beharko da.

2. Haur-parkeetan debekatuta dago edozein ibilgailu motordunek zirkulatzea.

3. Bat-batean mugitu edo leku batetik bestera lekualdatu behar diren jolas-elementuek segurtasun-eremu bat izanen dute inguruan, behar bezala seinaleztatua, erabiltzaileak beste pertsona batzuekin talka egiteko arriskua saihesteko.

8. artikulua. Mantentze lanak.

Haur-parkeen titulartasuna izanen da parkeak mantentzeaz eta kontserbatzeaz arduratuko dena, eta teknikari eskudunek urtero ikuskapenak eta berrikuspenak egin beharko dituzte.

9. artikulua. Seinaleztapena.

1. Haur-parkeetan, gutxienez ere ohar hauek erakusten dituzten kartelak jarriko dira, erraz irakurtzeko moduan:

a) Hurbilen dagoen telefono publikoaren kokapena.

b) Osasun-zentrorik hurbilena non dagoen eta, istripurik izanez gero, osasun-larrialdietako telefono-zenbakia zein den.

c) Haur-parkeko kalteak mantentzeaz eta konpontzeaz arduratzen den zerbitzuaren telefono-zenbakia.

d) Ibilgailu motordunen zirkulazioa debekatuta dagoela eta bizikleten, patineteen eta antzekoen erabilera mugatua dagoela adierazten duen mezua.

e) Adin nagusikoek jolasak erabiltzea debekatuta dutela adierazten duen mezua.

f) Jolasak adin-tarteen arabera erabiltzeko gomendioa.

g) Heldu batek haurren jolas-eremuetan sei urtetik beherakoei etengabe lagundu behar diela adierazten duen mezua.

h) Ordutegia, eguneko orduetan erabiltzera mugatuz (22:30etik 08:00etara debekatuta).

i) Erretzea debekatuta dago. 42/2010 Legea, abenduaren 30ekoa, Tabakismoaren kontrako osasun neurriak finkatu eta tabako-produktuen salmenta, hornidura, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituen abenduaren 26ko 28/2005 Legea aldatzen duena. "Tabakoaren Aurkako Legea".

Araua oso argia da haurren osasuna babesteari dagokionez, eta Erretzeko Debekuan honako hauek sartzen ditu: "Haur-parkeen esparruak eta haurrentzako jolasguneak, hau da, adingabeen jolaserako eta aisialdirako ekipamendua edo egokitzapenak dituzten aire zabaleko espazio mugatuak".

Seinaleak nahitaez jarri behar dira gaztelaniaz eta euskaraz idatzitako karteletan, autonomia-erkidegoko arauek eskatzen dituzten hizkuntza koofizialak direlako.

2. Aurreko paragrafoko a) eta c) apartatuetan jasotako aipamenak, jabeen erkidegoen kasuan, haien ordezkari edo kide denari buruzkoak izan daitezke.

Zehapenak ezartzeko, zehapen-araubidea, IV. Titulua, Bizikidetzarako eta Eremu Publikoak Babesteko Udal Ordenantza (32. artikulua), arau-hauste oso astunak (33. artikulua), arau-hauste astunak (34. artikulua) edo arau-hauste arinak (35. artikulua) eta herritarren segurtasuna babesteko legerian tipifikatutako jokabideak aplikatuz zehapen-ahalmena erabiltzeko legez eta erregelamenduz ezarritako prozedura bete beharko da.

UDAL PARKEARI BURUZKO ERANSKINA

Hitzaurrea

Udal parkea hainbat adinetako pertsonen aisialdirako gune gisa erabili izan da hasieratik, eta pasealekua eta lorategiko egonaldia lehenesten dira.

Gaur egun, udal parkea da herriko birika berde nagusia eta Burlatako herritarren jolaslekua. Bertan egoteko eta paseorako eremu bat da, eta, bertan, lasaitasuna, bizikidetza eta belaunaldien arteko segurtasuna bermatu behar dira, bertako faunarekin eta florarekin elkarreraginean aritzeko naturgune batean, haren kontserbazioa, babesa eta garapena zainduz.

Aurrekoari kalterik egin gabe, parkea, gainera, ekitaldiak egiteko lekua da, hala nola kontzertuak, azokak, ezkontzak eta abar. Ekitaldi horiek behar bezala kudeatzea ezinbestekoa da parkearen helburu nagusia betetzen jarraitzeko.

Hori guztia dela eta, beharrezkoa da horren arauketa propioa egitea.

Irismena

Araudi hau udal parkeko esparru itxi osoari aplikatuko zaio, Palacete Jauregiko eta Udal Tabernako aretoen eta terrazaren erabilerari dagokion arauketari kalterik egin gabe. Arauketa hori eranskin honetatik kanpo geratzen da, eta bere arauen eta emakida-pleguen bidez arautzen da.

Irekitzeko eta ixteko ordutegia

Udal parkea urteko egun guztietan irekitzen da, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik. Justifikatutako arrazoiengatik beste egun batzuetan itxi behar izanez gero, eskumena duen udal organoak erabakiko du itxiera, eta zabalkundea eginen zaio, denek jakin dezaten.

Ordutegia hau izanen da: maiatzaren 1etik urriaren 31ra 10:00etatik 22:30era, eta azaroaren 1etik apirilaren 30era 10:00etatik 20:30era. Ordutegi horietatik kanpo, eremuak pertsonarik gabe geratu beharko du.

Palacete Jauregiko tabernaren ordutegira egokituko den ate nagusia ordutegi horretatik kanpo geratzen da.

Ezbeharrak, aurreikuspenak edo antzeko egoerak direla-eta herritarrak babesteko arrazoiek hala eskatzen badute, eteten edo murrizten ahalko da parkearen irekiera-ordutegia, eta horren berri behar bezala emanen zaie herritarrei.

Erabilerako arau orokorrak

Debekatuta dago esparru osoan bizikletaz eta patinete elektrikoz ibiltzea. Bizikleta-aparkalekua dago ate nagusian eta San Frantzisko kalean.

Lagun egiteko animaliak edukitzeari buruzko Udal Ordenantzan jasota dagoenez, debekatuta dago txakurrak edo lagun egiteko beste animalia batzuk parkera sartzea.

Debekatuta dago parkean futbolean jokatzea, bai eta pilotak edo bestelako jolas mugikorrak erabiltzea ere, baldin eta horien mugimendua une oro kontrolatzen ez bada, florari, faunari eta pertsonei kalterik ez eragiteko.

Hegaztiak eta beste animalia batzuk

Parkeko animaliak errespetatu beharko dira: debekatuta dago paumak jazartzea, urmaeleko animaliei objektuak botatzea eta haien lasaitasuna eragozten duen beste edozein ekintza egitea.

Debekatuta dago parkeko animaliei eta parkean egon daitezkeen basatiei jaten ematea.

Zarata

Parkea herritarren gozamenerako gune bat denez, debekatuta dago bozgorailuak eta musika-aparatuak erabiltzea, udalak baimendutako ekitaldietan izan ezik. Entzungailuak edo antzeko sistemak erabili beharko dira soinu-aparatu pertsonaletan musika entzuteko.

Tabernako terrazan ez da musikarik paratzen ahalko, behar bezala justifikatutako berariazko baimen puntuala izan ezean.

Nolanahi ere, soinu-mailak kasu bakoitzean aplika daitezkeen legezko mugetara egokituko dira.

Ekitaldiak eta ospakizunak

Ekitaldi eta ospakizun publikoek udalaren baimena izan beharko dute. Era berean, baimena eskatu beharko da izaera komertzialeko egintzetarako, hala nola grabazioetarako eta abarretarako.

Ez da ospakizun, bazkari, afari, askari edo antzekorik egiten ahalko, ez pertsonalak, ez familiakoak. Debekatuta dago mahaiak, aulkiak, karpak paratzea, janaria prestatzea...

Zuhaitzen eta berdeguneen babesa

Udal parkeko zuhaitzak babes bereziko elementuak dira, eta, beraz, debekatuta daude parkeari kalte egin diezaioketen jarduerak, hala nola: adarrak haustea, bertara igotzea, edozein motatako elementuak zintzilikatzea, slack-line...

Debekatuta dago karpak, eguzkitakoak eta, oro har, lorategietan iltzatu beharreko beste edozein elementu jartzea.

Lore-parterreak errespetatu beharko dira, eta debekatuta egonen da parterrak erauztea edo moztea.

Ez dira iturriak eta urmaelak pertsonak bainatzeko erabiltzen ahalko.

Ibilgailuen sarrera

Ibilgailuek parkera sartzeko berariazko baimena izan beharko dute beti, eta parkeak itxita dauden ordutegietan egiten saiatuko dira (10:00ak baino lehen).

Parkean egindako ekitaldiekin zerikusia duten ibilgailuek udal igerilekuetatik hurbilen dagoen sarreratik sartu beharko dute, eta ekitaldien gunera ezkerreko aldean itxituraren paraleloan doan ibilbidetik.

Bestelako gaiak

Debekatuta dago edozein jarduera komertzial, ekonomiko, artisau edo antzeko egitea, berariazko baimenik izan ezean. Baimen horretan, baimena garatzeko baldintzak ezarriko dira.

Parkeko instalazioak eta elementuak erabiltzeko jarraibideen arabera erabili beharko dira, adinari, formari, segurtasunari eta abarri dagokienez.

Zehapenak

Zehapenak ezartzeko, zehapen-araubidea, IV. Titulua, Bizikidetzarako eta Eremu Publikoak Babesteko Udal Ordenantza (32. artikulua), arau-hauste oso astunak (33. artikulua), arau-hauste astunak (34. artikulua) edo arau-hauste arinak (35. artikulua) eta herritarren segurtasuna babesteko legerian tipifikatutako jokabideak aplikatuz zehapen-ahalmena erabiltzeko legez eta erregelamenduz ezarritako prozedura bete beharko da.

Iragarkiaren kodea: L2506409